
207. zk., 2025eko urriaren 29a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4571
AGINDUA, 2025eko urriaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Zarauzko (Gipuzkoa) «Monte Albertia» Lanbide Heziketako Ikastetxe Publiko Integratuaren izen espezifikoa aldatzea.
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatutako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 111. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izen generikoa eguneratzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 4ko Aginduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera, lanbide-heziketako heziketa-eskaintza guztiak ematen dituzten ikastetxeei ikastetxe integratu deituko zaie.
Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 13. artikuluak ezartzen duenez, ematen dituzten irakaskuntzei dagokien izendapen generikoaz gain, ikastetxeek izen espezifikoa izango dute, eta hezkuntza-administrazio eskudunaren mendeko erregistro publiko batean inskribatuko dira. Hezkuntza-administrazio horrek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari helarazi beharko dizkio erregistro-idazpenak, gehienez ere hilabeteko epean. Ikastetxeek ezin izango dute erabili dagokion erregistro-inskripzioan agertzen ez den identifikaziorik.
Zarauzko (Gipuzkoa) «Monte Albertia» Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren izen espezifikoa aldatzeko eskaera aztertu da. Ikastetxe horretako Ordezkaritza Organo Gorenak 2025eko otsailaren 7an erabaki zuen aldaketa hori egitea, bera baita ikastetxearen funtzionamenduaren azken arduraduna autonomia-esparruan, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatutako dokumentazioa erantsi zaio, eta Hezkuntzako Ikuskaritza eskudunak aldeko txostena eman du, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren 4. artikuluak emandako eskumenak baliatuz.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Zarauzko (Gipuzkoa) «Monte Albertia» Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren izen espezifikoa aldatzea onartzea; aurrerantzean, «Irudika» izango da. 2025-2026 ikasturtetik aurrera EAEko Unibertsitateaz Kanpoko Ikastetxeen Erregistroan inskribatuta geratuko da, erregistro-datu hauekin:
Zentroaren kodeak: 012291 (EAE) eta 20005890 (unibertsala).
Izen generikoa: Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua.
Izen espezifikoa: «Irudika».
Helbidea: San Inazio 25.
Udalerria: Zarautz.
Lurralde historikoa: Gipuzkoa.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 17a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS