Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2025eko urriaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4553

AGINDUA, 2025eko irailaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzen deialdia egiten baita, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden partaidetza-proiektuak gauza ditzaten 2025-2026ko ikasturtean.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, EAEko botere publiko guztien lehentasunezko zeregina da osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien intzidentzia deuseztatzea eta osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea Euskal Autonomia Erkidegoan, egokitzat jotzen dituen gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboak taxutzea bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du Osasunaren alorreko EAEko Administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, zein bere sektoreko ikuspuntutik, elkarlanean arituko direla heziketa sanitarioaren eremuan ekintzak sistematikoki egiteko, funtsezkoak baitira banakoen eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna sustatzea eskola-mailako jarduketetan eta sektore sanitariokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen horrek jarraitzen ditu Europar Batasunaren «Osasuna politika guztietan» estrategian adierazitako gomendioak, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Osasunaren Gizarte Determinatzaileen Batzordearen txostenean jasotako gomendioak ere. «Osasuna politika guztietan» estrategiaren oinarrian dagoen egiaztapena da osasun-sektorearen eraginpeko eremutik kanpoko faktoreek eragiten dutela, batez ere, osasunean.

Jarduera fisikoaren sustapenerako Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela, eta ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.

2030eko Osasun Planaren helburuetako bat da haurrak eta nerabeak beren osasun-potentzial guztiarekin hazi eta gara daitezen lortzea, eta haien garapen fisiko eta emozional osasungarria bultzatuko duten bizi-ohiturei mesede egitea, hiri-ingurunean osasuna sustatzeko espazioak sortuz, ahalbidetzeko jolasa, aisia osasungarria, jarduera fisiko eta ludikoa eta naturarekiko kontaktua.

Osasun Sailaren 2024-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak eranskinaren 3.1.4 epigrafean jasotzen ditu «Elkarte eta kooperatibentzako laguntzak, ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa gutxitzeko parte-hartze bidezko proiektuetarako (mugikortasun aktiboa)», «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» arloaren barruan. Laguntzei buruzko agindu hau bat dator plan estrategiko horrekin, bai eta Osasun Sailaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntzen Urteko Planarekin ere. Plan hori Osasuneko sailburuaren 2025eko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu zen, eta, bertan, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da. Bi plan horiek organo sustatzailearen bulegoetan kontsulta daitezke, hau da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzan, edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteen eta irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiarazten laguntzea; ildo horretan, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako proiektuak gauza ditzakete.

Eskola-bideak sustatzeko proiektuen xedea da, esaterako, ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea.

Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko proiektuek, berriz, ikasleen jolas-aukerak handitzen dituzte, mugimendua eta jarduera fisikoa bultzatzeko eta berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak sustatzeko.

Familian jarduera fisikoa erregularki egiteak, familia-harremanak sendotzeaz gain, ongizatearen estimulu positiboak dakartza, eta, horren eraginez, jarduera fisikoa egitea ondo sentitzearekin lotuko dute haurrek etorkizunean.

Eskola-giroan jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea tresna eraginkor bat izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz. Eskola-adinean jarduera fisikoa egiteak, osasun fisikoari dakarkion onuraz gain, ikasleen memoria eta errendimendu akademikoa hobetzen ditu, eta ongizate psikikoari eta pertsonen arteko harremanei mesede egiten die.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntza-deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden partaidetza-proiektuak gauza ditzaten 2025-2026ko ikasturtean; I. eranskineko baldintzen arabera emango dira laguntzak, lehiaketa bidezko norgehiagoka araubidean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudia eta izapidetzea.

Agindu honen bidez iragartzen den deialdia eta hura garatzeko egingo diren jarduketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean bildutako oinarrizko araudiaren mende egongo dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

Deialdia Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren mende egongo da (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindu hori).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu diezaiokete entitate interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 30a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Agindu honen helburua da laguntza ekonomikoak iragartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden parte hartzeko proiektuak gauza ditzaten 2025-2026ko ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

2.– Laguntzen xedea da finantzatzea 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era egiten diren jarduketa hauetako bat edo batzuk biltzen dituzten proiektuak:

a) Partaidetza-proiektuak gauzatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatuz.

Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatzak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta antzekoak erabiliz), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.

b) Partaidetza-proiektuak gauzatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikasteko, jolasteko eta mugitzeko espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta (kultura, etnia, adin, sexu, funtzionaltasun eta bestelako aniztasuna) eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.

Proiektuek hau egin beharko dute:

1) Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.

2) Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.

3) Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.

c) Eskola-orduetatik kanpo familian jarduera fisikoa erregularki egitea bultzatzeko jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.

2. oinarria.– Entitate onuradunak eta haien betekizunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteak eta halako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratuta egotea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan ezarritako ezein egoeratan ez egotea.

d) Beteta izatea, bai Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak, bai dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin –Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa berau–.

e) Ez egotea trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako inguruabar eragozleetako batean.

2.– Aurreko ataleko datuak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahal izango da, eskaera-inprimakian jasota dagoena, edo, bestela, dagokion dokumentazioa.

3.– Laguntza eskatzeko inprimakian, baimena eman ahal izango zaio instrukzio-organoari ofizioz egiazta dezan egunean daudela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baimen hori espresuki ukatuz gero, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion egiaztagiriak, laguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehen.

4.– Deialdi honen bidez emandako dirulaguntzetan ez bada gainditzen 5.000 euroko muga –entitate hartzaile eta urte bakoitzeko–, egiaztagirien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahal izango da egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela. Aurreko atalean adierazitakoa gorabehera, organo emaileak egiaztatu ahal izango du betebehar horiek betetzen direla.

5.– Elkarte eta kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoko dagokien erregistroan inskribatuta dauden egiaztatzeko behar diren datuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eskuratuko ditu zuzenean administrazio-erregistrotik; izan ere, zuzendaritza hori da organo kudeatzailea.

3. oinarria.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura eta organo kudeatzailea.

1.– Deialdiaren zenbatekoa berrehun eta laurogeita hamar mila eta zortziehun eurokoa da (290.800 euro).

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era sortutako eta ordaindutako gastuak, zuzenean lotuta badaude proiektua garatzeko egin behar diren dinamizazio-, koordinazio- eta exekuzio-jarduerekin. Honako hauek eragindako gastuak sartzen dira:

a) Partaidetza-prozesuak dinamizatzea prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, ikastetxeko langile ez-irakasleak, familiak eta bestelakoak) egungo egoerari eta proiektuaren diseinuari eta garapenari buruzko gogoeta-faseetan.

b) Abiapuntuko egoera aztertzea:

1) Eskola-inguruneko mugikortasuna.

2) Espazio fisikoa eta haren erabilera.

3) Familien jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren mailak eta haien beharrak eta lehentasunak.

c) Espazioak egokitzea.

d) Behar den materiala eskuratzea.

e) Hitzaldiak, lantegiak edo bestelako jarduerak antolatzea, baldin eta agindu honen xedearekin zerikusia badute eta bideratuta badaude ikasleen eta haien familien jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera.

f) Boluntarioen istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren zenbatekoa.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoek ez dute gaindituko diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren % 100, eta emandako laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoaren % 100 ere. Gisa honetako gastuak lagundu daitezke diruz: materiala eskuratzea (jarduerak, lantegiak, egokitzapenak, obrak eta abar egiteko eta prestatzeko direnak), obrak diseinatu eta egitea, zerbitzuak kontratatzea (garraioa, egoeraren analisia, alokairuak eta abar) eta proiekturako beharrezkoak diren beste gastu batzuk.

3.– Honako gastu hauek, berriz, ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Kontuen interes zordunak.

b) Finantza-gastuak.

c) Inbertsio-gastuak.

d) Administrazio-lizentziak.

e) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak; besteak beste, hauek berandu ordaintzeagatik edo ez ordaintzeagatik ezartzen direnak: zergak; tributuak; tasak; Gizarte Segurantzako kuotak; prozedura judizialen gastuak, edo gatazkak ebazteko borondatezko beste prozedura batzuek eragindakoak.

f) Hauen ondoriozkoak:

– Kirol- eta kultura-arloko ekitaldi eta programazioak.

– Jarduketa isolatuak, izan puntualak nahiz ezarritako aldizkakotasunekoak, osasuna sustatzeko proiektu zabalago batean sartuta ez daudenak, hala nola...ren eguna, ...ren astea eta...ren jardunaldia.

4.– Oinarri honetan zehaztu ez diren gaiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, oinarrizko legedi gisa.

5. oinarria.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Oinarri hauen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo entitate pribatuek helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin. Dirulaguntzen zenbatekoa –bera bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabideei gehituta– inoiz ez da izango diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Kostu hori gainditzen bada, oinarri hauen babespean emandako dirulaguntza murriztu egingo da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

Entitate onuradunek hitzeman beharra daukate ez dela gainfinantzaketarik egongo. Horretarako, eskaera-inprimakian jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango dute.

6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

1.– Dirulaguntzaren hasierako zenbatekoak ez du muga hauetako bat ere gaindituko:

a) Eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz laguntzeko moduko gastuen % 100.

c) Proiektu bakoitzeko 5.000 euro.

2.– Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta deialdi honetarako zehaztutako aurrekontu-zuzkidura osoa ez bada agortzen, proiektu bakoitzaren gehieneko dirulaguntza handituko da, 5.000 eurotik 6.000 eurora. Halere aurrekontua agortzen ez bada, proiektu bakoitzari 1.000 euro gehituz joango zaio, deialdi honetako 3.1 oinarrian adierazitako aurrekontua osorik esleitu arte.

7. oinarria.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Hezkuntza-komunitate bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio. Hezkuntza-komunitate batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, bakarrik hartuko zaio kontuan modu elektronikoan aurkeztu duen azkena. Lehendik eskaera bat erregistratuta duenak beste eskaera bat aurkezten badu, automatikoki joko da aurreneko eskaeran atzera egindakotzat, eta prozedura horri bukaera emango zaio, legez ezarritakoaren arabera atzera-egitearen ebazpena egin ondoren.

2.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Bilera-aktaren kopia arrunta, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.

b) Proiektua toki-erakunderen batekin edo komunitateko beste eragileren batekin koordinatuta egiten bada, sinatutako dokumentu bat edo akta bat erantsi beharko da, eragileek proiektua egiteko konpromisoa hartzen dutela jasoko duena.

c) Dirulaguntzaren xede den aurrekontuari buruzko informazioa. Aurrekontu horrek jardueren eta gastuen zerrenda jaso behar du, gastu mota banakatuta. Informazio hori eskaera-inprimakian dagokion atalean aurkeztuko da.

d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Elkarte edo kooperatiba bakoitzari eskabide bakarra onartuko zaio.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (20. oinarrian adierazia).

4.– Eskabidea aurkezten duenak bere burua identifikatu behar du ziurtagiri elektroniko baten bidez:

a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.

b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko du (20. oinarrian adierazia), edo entitate eskatzaileak deialdi honetarako espresuki emandako baimena aurkeztu beharko du.

5.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek aukeratu behar dute zer hizkuntza ofizialetan aurkeztu eskabidea eta gainerako dokumentazioa. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

9. oinarria.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidean datuak falta badira edo nahitaezkoa den agiriren bat falta bada, Administrazioak hamar egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Era berean adieraziko dio ezen, hori egin ezean, ukatutzat joko dela eskabidea. Administrazioak, berriz, eskabide horiei buruzko ebazpen espresu bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

10. oinarria.– Datuak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak identitate-datuak kontsultatuko edo bilduko ditu dagokion Administrazio Publikoan, eta egiaztatuko du ea betekizunak betetzen diren. Eskabidean, jaso daiteke kontsulta horiei espresuki uko egiten zaiela. Hala eginez gero, entitateak berak aurkeztu beharko ditu egiaztagiriak.

Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7.2 oinarrian adierazitako dokumentuen bidez egiaztatu behar diren betekizunak eta baldintzak; entitateak dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar ditu.

2.– Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso behar ditu:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.

– 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan adierazitako egoeretako batean ere ez egotea.

– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotakoak edo ente publiko edo pribatutakoak, izan estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko erakundeetakoak. Halakorik eskatu edo jaso bada, kopurua adierazi behar da.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan izapidetzen hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta egotea edo ez egotea. Erantzuna baiezkoa bada, prozedura identifikatzea.

– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako inguruabar eragozleetako batean ere ez egotea.

3.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.

4.– Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztugabetasun, faltsutze edo ez-egiteren bat hautematen bada, entitate eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.

Halaber, egoera horien berri ematen duen administrazio publikoaren ebazpenak xeda dezake entitate interesdunak itzuli egin behar duela dirulaguntzaren zenbatekoa, hala badagokio, bai eta denbora-tarte jakin batean ezingo duela abian jarri ere helburu berbererako beste prozedura bat; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin bat eginez.

11. oinarria.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kontuan hartuta zer haztapen zehazten den kasu bakoitzerako:

a) Proiektuaren deskribapen teknikoa. 20 puntu, gehienez.

1) Ikastetxearen abiapuntuko egoera. 5 puntu, gehienez.

a) Egoera fisikoa (ikastetxearen kokapena, instalazioak, irisgarritasuna, etab.): 1. puntu.

b) Ikasleen ezaugarriak: inguruabar sozioekonomikoak, hezkuntza-premia bereziak, ikastetxean duten jarraitutasuna, kultura-aniztasuna edo bestelakoak: 2 puntu.

c) Ikastetxeko ikasleen jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren maila. Generoaren, desgaitasunaren, adinaren edo bestelakoen araberako aldeak: 1. puntu.

d) Ikastetxeko eta haren inguruneko espazioen erabilera, desberdintasunaren, hezkidetzaren, jolas librearen eta bizikidetzaren testuinguruan: 1. puntu.

2) Aginduaren xedearekin lotutako helburuak (1. oinarria). 5 puntu, gehienez.

a) Proiektuak helburuak aipatzen ditu: 2 puntu.

b) Proiektuak helburuak azaltzen ditu: 3 puntu.

3) Garapen-faseak. 5 puntu, gehienez.

a) Faseak izendatzen ditu: 2 puntu.

b) Fasean faseko edukiak garatzen ditu: 3 puntu.

4) Ebaluazio-proposamenak azaltzen du nola egingo diren honako hauek: 5 puntu, gehienez.

a) Proiektuaren jarraipena egitea: 3 puntu.

b) Baloratzea ea erdietsi diren ezarritako helburuak: 2 puntu.

b) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa. 22 puntu, gehienez.

1) Partaidetza-dinamikak: hezkuntza-komunitateak proiektuan parte hartzea. 12 puntu, gehienez.

a) Proiektua diseinatzeko fasea. 4 puntu, gehienez.

Azaltzen du nola parte hartu duten honako hauek:

1) Irakasleek: 1 puntu.

2) Ikasleek: 2 puntu.

3) Hezkuntza-komunitateko gainerako eragileek (irakasleak ez diren langileek, familiek eta bestelakoek): 1 puntu.

b) Proiektua ezartzeko fasea. 4 puntu, gehienez.

Azaltzen du nola parte hartu duten honako hauek:

1) Irakasleek: 1 puntu.

2) Ikasleek: 2 puntu.

3) Hezkuntza-komunitateko gainerako eragileek (irakasleak ez diren langileek, familiek eta bestelakoek): 1. puntu.

c) Proiektua ebaluatzeko fasea. 4 puntu, gehienez.

Azaltzen du nola parte hartu duten honako hauek:

1) Irakasleek: 1 puntu.

2) Ikasleek: 2 puntu.

3) Hezkuntza-komunitateko gainerako eragileek (irakasleak ez diren langileek, familiek eta bestelakoek): 1. puntu.

2) Proiektuaren diseinua eta garapena ikastetxearen prestakuntza-programan sartzea. 10 puntu, gehienez.

a) Azaltzen du nola lantzen diren proiektuaren helburuak eta, hala badagokio, zer irakasgaitan: 3 puntu.

b) Azaltzen du zer eduki lantzen diren ikasleekin: 5 puntu.

c) Aurreikusten da: ikastetxeko familiei eta langileei proiektuarekin zerikusia duten hitzaldiak eta prestakuntza-saioak ematea 2 puntu.

c) Tokiko komunitatearen inplikazioa. Konfirmatuta dago koordinaturik lan egingo dela proiektuan inplikatuta dauden udalerriko antolakunde edo taldeekin. 15 puntu, gehienez.

1) Udala. 10 puntu, gehienez.

a) Udalak sinatutako dokumentu baten bidez justifikatzen da zein fasetan edo jardueratan parte hartzen duen: 5 puntu.

b) Azaltzen da zein eratara parte hartzen duen udalak: 5 puntu.

2) Auzo-elkarteak eta bestelakoak, beste ikastetxe edo kolektibo batzuk. 5 puntu, gehienez.

a) Sinatutako dokumentu bidez edo akta bidez justifikatzen da zer fasetan edo jardueratan parte hartzen duten: 2 puntu.

b) Parte hartzeko modua azaltzen da: 3 puntu.

d) Desberdinkeria sozioekonomikoetan, genero-desberdinkerietan, jatorri-desberdinkerietan, desberdinkeria funtzionaletan eta bestelakoetan arreta berezia jartzea. 38 puntu, gehienez.

1) Proiektua hartzen duen ikastetxearen ezaugarriak nolakoak diren, puntuazio hauek dagozkio:

a) Eraldatzen programan parte hartzen badu: 30 puntu.

b) Ez badu Eraldatzen programan parte hartzen:

– Ikasleen % 59 baino gehiago bekadunak badira: 30 puntu.

– Ikasleen % 50 eta % 59 artean bekadunak badira: 20 puntu.

– Ikasleen % 40 eta % 49 artean bekadunak badira: 10 puntu.

2) Proiektuak deskribatzen du nola lortu neskek jarduera fisikoarekin inplikazioa izatea eta jarduera fisiko gehiago egitea: 4 puntu.

3) Proiektuak deskribatzen du nola lortu desgaitasunen bat duten ikasleek jarduera fisikoarekin inplikazioa izatea eta jarduera fisiko gehiago egitea: 4 puntu.

e) Hizkuntza-normalizazioa eta euskararen erabilera bermatzeko estrategiak: 5 puntu, gehienez.

1) Proiektua euskaraz zabaltzea eta komunikatzea: 2 puntu.

2) Euskararen erabilera proiektuarekin lotutako jardueretan: 3 puntu.

2.– Bestalde, 0,90eko haztapen-faktorea aplikatuko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen mugikortasun aktiboa 2024-2025eko ikasturtean sustatzeko partaidetza-proiektuak gauzatzeko laguntzen deialdian esleipendun izan ziren elkarteek edo kooperatibek aurkeztutako proiektuen hasierako puntuazioari.

3.– Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa da 8 puntu izatea, gutxienez, 1.a) irizpideari dagokion atalean eta, guztira, 50 puntu izatea gutxienez.

12. oinarria.– Eskaerak balioestea, eta dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak finkatzeko prozedura.

1.– Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kide:

a) Batzordeburua: Guillermo Ignacio Herrero Alaña, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria.

b) Batzordekideak: Hiru izango dira; lurralde historiko bakoitzeko bat.

– Juan Carlos Fernández Crespo, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arabako zuzendariordea.

– Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko zuzendariordea.

– Elena Albisua Cortazar, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako zuzendariordea.

2.– Batzordeburuak izendatuko du, batzordekideen artean, nor izango den kide anitzeko organoko idazkaria.

3.– Balorazio-batzordeak, berriz, eskaerak baloratuko ditu dagokion oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

4.– Laguntzen organo kudeatzaileak edo balorazio-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei, hobeto ulertzeko aurkeztutako proiektua.

5.– Balorazio-batzordeak zehaztuko du zenbat puntu lortu dituen proiektu bakoitzak eta zenbateko dirulaguntza jaso dezakeen.

6.– Hau da eskaerak balioesteko eta zenbatekoak zehazteko prozedura:

a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaera bakoitzari esleituko zaio 11. Oinarrian ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa.

b) 11.3 oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskaerak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Puntuazio osoan berdinketarik gertatuz gero, lehenik, nagusituko da 11.1 oinarriaren d) apartatuan lortutako puntuazioa, eta c) eta b) apartatuetan lortutakoa gero, hurrenkera horretan. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, aintzat hartuko da zein den eskabideen sarrera-ordena kronologikoa.

d) Hurrenkera hori kontuan hartuta zehaztuko da banakako zenbatekoa, aintzat hartuta zer muga aurreikusten diren 6. oinarrian eta zein den eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa, harik eta 3. oinarrian aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

7.– Behin zenbatekoak zehazturik, balorazio-batzordeak txostena idatziko du aditzera emateko zein den balorazioaren emaitza, eta organo kudeatzaileak txosten horren arabera egingo du ebazpen-proposamena; proposamen horrek alderdi hauek zehaztu beharko ditu, banakako proposamen bakoitzari dagokionez:

a) Emateko proposamena bada: entitate onuradunaren identitatea, proiektuaren espediente-zenbakia, lortutako puntuazioa eta zenbatekoa.

b) Ukatzeko proposamena bada: entitate eskatzailearen identitatea, proiektuaren espediente-zenbakia, lortutako puntuazioa eta dirulaguntza ukatzeko arrazoia.

8.– Proiektu bati laguntza esleitzeak ez du salbuesten obra-lizentzia eskuratzetik, lizentzia hori beharrezkoa baita obrak edo erreformak egiten badira.

9.– Balorazio-batzordearen osaera aldatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da osaera berria.

13. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak ebatziko du laguntzen deialdia, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak proposatuta, laguntzen organo kudeatzailea den heinean.

2.– Ebazpenean zehaztuko da ea eman edo ukatu diren eskatutako dirulaguntzak. Emandako dirulaguntzen kasuan, honako hauek adieraziko dira: elkarteen identitatea, balorazioan lortutako puntuazioa eta haietako bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan zehaztutako alderdiak ere. Ukatzen direnean, zein den balorazio-prozesuan lortutako puntuazioa eta zergatik ukatu den dirulaguntza.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitateek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskabidea.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko zaie elkarte eta kooperatibei.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, entitate interesdun bakoitzak 11. oinarriko balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazio xehatua kontsultatu ahal izango du izapidetze elektronikoaren bidez (20. oinarrian adierazia).

6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.

14. oinarria.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko justifikazio telematiko bat bete beharko da. Datu horiek nahitaez adierazi beharko dira 20. oinarrian aipatzen den «Nire Karpeta» atalean eskuragarri dagoen inprimakian.

2.– Justifikazioetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Elkartearen edo kooperatibaren izena.

b) Proiektuaren izenburua, espediente-zenbakia, harremanetarako pertsonaren izena eta proiektuan parte hartzen duen ikastetxearen izena eta kodea.

c) Proiektuaren garapenari buruzko memoria:

1) Gauzatutako jarduketak:

a) Egindako jarduketen deskribapena.

b) Ebaluazio-arloa.

2) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan:

a) Dinamika parte-hartzaileak (azaldu nola parte hartu duten irakasleek, ikasleek eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideek, hala nola irakasle ez diren langileek, familiek eta bestelakoek):

– Diseinua.

– Ezarpena.

– Ebaluazioa.

b) Prestakuntza-programa.

3) Tokiko komunitatearen inplikazioa proiektuan (azaldu nola parte hartu duen):

a) Udalak.

b) Auzo-elkarteak eta bestelakoak, beste ikastetxe edo kolektibo batzuk.

4) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea (azaldu neskek eta desgaitasuna duten ikasleek jarduera fisikoarekin inplikazioa izatea eta jarduera fisiko gehiago egitea lortzeko modua). Datuak generoaren arabera bereizita aurkeztea.

5) Hizkuntza-normalizazioa eta euskararen erabilera bermatzeko estrategiak (azaldu nola egin den):

a) Proiektua euskaraz zabaltzea eta komunikatzea.

b) Euskararen erabilera proiektuarekin lotutako jardueretan.

d) Proiektuaren memoria ekonomikoa, banakatuta, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena; hala badagokio, zehaztuko du zer beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera jaso diren helburu bererako. Diruz laguntzeko modukoa ez den ekarpen propiotzat justifika daiteke langile boluntarioen lanaren balioztapena, orduko 20 euroko gehieneko mugarekin. Langile boluntarioak balioztatzeko, elkarte edo kooperatibaren inguruan dabiltzan pertsonek proiektuaren xedeak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egiten da. Gastu horiek proiektuaren zenbateko osoaren % 20 izango dira gehienez ere.

e) Gastua egiaztatzeko agirien zerrenda. Zerrenda horretan, gastu-egiaztagiri guztien zerrenda jaso beharko da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren zenbateko osoa egingo duena, eta honako hauek adierazi beharko dira: dokumentuaren izaera, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egotzitako ehunekoa. Gastuak justifikatzeko agiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) fakturen eta haien justifikazioen kopia arruntak, egiaztatzen dutenak dirulaguntzaren xede den proiektua 2026ko uztailaren 1a baino lehen ordaindu dela.

b) Proiektua gauzatu dela egiaztatzen duten dokumentu osagarriak, material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo sortutako beste dokumentuak barne. Entitate onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, entitatearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Datu hauek azalduko dira bertan: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NANa), ordu-kopurua, orduko kostua, zenbateko osoa eta boluntarioaren sinadura.

4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek izan behar dute dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak. Hauek izango dira behar bezala justifikatutako gastuak:

a) Erakunde onuradunaren izenean egindako fakturak eta horien ordainketa-egiaztagiriak.

b) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak. Ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute.

c) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanen kasuan, enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, entitate onuradunak idazki bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

d) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioen aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: antolakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren zenbateko osoa.

5.– Dirulaguntza jaso aurretik egindako gastuak dirulaguntzaren kontura justifika daitezke, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintzen eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era sortu eta ordaindu badira.

6.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2026ko uztailaren 20an bukatuko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.

7.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 20. oinarrian (izapidetze elektronikoari buruzkoa) azaltzen den moduan.

8.– Gizonen eta emakumeen egoeran duen eraginaren berri izateko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.

9.– Oinarri honetan zehaztu ez diren gaiei 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

15. oinarria.– Aurkeztutako justifikazio-agirietako akatsak zuzentzea.

Justifikazio-agirietan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, entitateari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo dokumentazioa aurkezteko, jakinarazpena jaso, eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean.

Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, ulertuko da egiaztatu gabe dagoela dagokion eskakizuna, eta agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. oinarria.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) % 75, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 oinarrian ezarritako epean.

b) Gehienez % 25eko mugarekin, 2026an ordainduko da gainerako zenbatekoa, egindako gastuen justifikazioa likidatu ondoren dagokiona, agindu honen 14. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Onuradunei emandako funtsekin sortutako finantza-etekinek ez dute handiagotuko dirulaguntzaren zenbatekoa 16.1 oinarrian jasotako zenbatekoak direla eta.

2.– Ordainketak egin baino lehen, egiaztatuko da ea entitateak beteta dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta ea ordaindu dituen dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ere.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak erregistratuta egon behar du Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistroan. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da; erregistro hori Eusko Jaurlaritzak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

17. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte, indarrean dagoen araudiak adierazitako betebeharrez gain:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ulertuko da Erakunde onuradunek dirulaguntza onartu dutela baldin eta espresuki uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean, esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia bideratzea horretara.

3.– Eskatu eta kontuan hartu den eskakizunen batean aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematean, horren berri ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko baldintzak eta eskakizunak bete direla justifikatzea.

6.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea, egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jardueren mende jartzea.

7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea eskaera aurkezten denetik 5 urtez, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.

8.– Osasun Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan, baita egiten den publizitate guztian ere. Aipamen hori egingo da Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz zeina eskuragarri baitago helbide honetan: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/

9.– Osasun Sailari lagatzea aurkeztutako dokumentazioan dagoen informazio tekniko eta grafiko editagarria erabiltzeko eskubidea, mugarik gabe, doan eta era ez-esklusiboan, dokumentazio hori Osasun Sailaren informazio-sistemetan sartu eta erabiltzeko, bai eta hura zabaldu edo argitaratzeko ere edozein formatu bibliografiko, informatiko edo ikus-entzunezko erabiliz edo teknika erabiltzen uzten duen beste edozein bide baliatuz.

10.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zer informazio eskatzen dieten, informazio hori ematea.

11.– Bi arau hauetan ezarritako printzipioak eta betebeharrak betetzea: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea –martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.

12.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan agindutakoa betetzea.

18. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Ebazpena aldatzeko, Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak aldaketa-ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko desbideratzea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

b) Proiektuaren aurrekontu osoa 5.000 eurokoa edo handiagoa bada, eta gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko desbideratzea % 25ekoa edo txikiagoa bada, eta betiere hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

Kasu batean zein bestean, entitate onuradunak behartuta egongo dira itzultzera soberan jaso dituzten zenbatekoak, 21. oinarrian xedatutakoaren arabera.

c) Proiektuaren aurrekontu osoa 5.000 euro baino txikiagoa bada, eta hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, honela jokatuko da:

– Gastuen justifikazioan gertatzen den beheranzko desbideratzea % 15ekoa edo txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da murriztuko, betiere diruz lagundutako zenbateko osoa proiektuan erabili bada.

– Gastuen justifikazioan gertatzen den beheranzko desbideratzea % 15etik gorakoa bada edo diruz lagundutako zenbateko osoa proiektuan erabili ez bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

2.– Dirulaguntza jasoko duen proiektua bere puntuazioagatik esleitu daitekeen azken proiektua bada, eta horregatik dirulaguntzaren zenbateko osoa baino gutxiago jasotzen badu, erakundeak aukera izango du soilik justifikatzeko diruz lagundutako zenbatekoaren gastua.

19. oinarria.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko ikusten dituen alde guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, bermatzeko betetzen direla xedapen honetan ezarritako arau guztiak. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz –eta ez bestela– egin beharko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan dago eskuragarri ahalordeen (ordezkarien) erregistro elektroniko orokorrari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Elkarteak eta kooperatibak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan daude eskuragarri laguntzak izapidetzeko jarraibideak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091506

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzultzeko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. oinarrian adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Oinarri horretan aurreikusi gabekoari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kausak aplikatuko dira.

3.– Agindu honen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, soberako kostua eta dagozkion berandutze-interesak soilik itzuli beharko dira.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren 18. oinarriko baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da; betiere, hasiera batean aurreikusitako helburu guztiak bete badira eta entitateak egiaztatzen badu irmo ahalegindu dela bere konpromisoak betetzen. Nolanahi ere, aldaketak ezin izango du sekula eragin gauzatutako jarduerak lotura galtzea deialdiaren 1. oinarrian adierazitako xedearekin, ezta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzea ere. Halakorik gertatzen bada, dirulaguntza-eskubidea galdu, eta jasotako kopuru guztiak itzuli beharko dira.

Laguntzaren parte bat itzuli behar bada, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. oinarrian aipatzen diren eskaerak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da.

5.– Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzultzeko prozedura, ez-betetzeari buruzko espedientea ireki eta entitate interesdunari entzun ondoren. Espediente horretan, administrazio-ebazpen bidez adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola jasotako zenbatekoak, baita dagozkion berandutze-interesak ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean itzulketari, horren kausei eta jarraitu beharreko prozedurari buruz ezarritakoarekin, 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin eta arlo horretan indarrean dagoen legeriarekin.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

22. oinarria.– Datu-babesa.

Datuak babesteko ordezkariak Tratamendu Jardueren Erregistroan aurreikusitako «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerarako prestatutako klausuletan oinarrituta, ezartzen da datu pertsonalak tratatu egingo direla eta Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa:

– Arduraduna: Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Xedea: osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egin beharreko eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: bankuak eta kutxak; ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; autonomia-erkidegoko bestelako organoak.

– Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, baita informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml

Datu-babesari buruzko arauak:

– 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.


Azterketa dokumentala