
206. zk., 2025eko urriaren 28a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 1 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4550
EBAZPENA, 2025eko urriaren 20koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Zerbitzu zuzendariarena, zeinaren bidez entzunaldia eman eta jendaurrean jartzen baita jabari publiko hidraulikoko urtegietan planta fotovoltaiko flotatzaileak instalatzeko araubidea ezartzen duen Dekretu-proiektua.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuaren 2025eko abuztuaren 11ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko barruko arroetan jabari publiko hidraulikoko urtegietan planta fotovoltaiko flotatzaileak instalatzeko araubidea ezartzen duen dekretu-proiektua egiteko prozedura hastea erabaki zen.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legeak 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrei entzunaldia emango zaie; halaber, jendaurrean jarriko dira, xedapenen ezaugarriek hala gomendatzen dutenean.
Era berean, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuaren 2025eko abuztuaren 11ko Aginduaren arabera, jabari publiko hidraulikoko urtegietan planta fotovoltaiko flotatzaileak instalatzeko araubidea ezartzen duen dekretu-proiektuari entzunaldia eman behar zaio, legez aitortzen diren eta ukitutako herritarrak batzen edo ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarteen bidez, baldin eta horien xedeek harreman zuzena badute xedapenaren helburuarekin, organo honen ustez, arau-xedapenaren izaera kontuan hartuta, hori delako egiteko modurik onena. Era berean, dekretu-proiektua jendaurrean jarriko da.
Horregatik, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 7.h) artikuluak zuzendari kargua duten pertsonei ematen dien eskuduntzaz baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Entzunaldia eman eta jendaurrean jartzea jabari publiko hidraulikoko urtegietan planta fotovoltaiko flotatzaileak instalatzeko araubidea ezartzen duen dekretu-proiektua, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondoreetarako, eta alegazioak aurkezte aldera, jabari publiko hidraulikoko urtegietan planta fotovoltaiko flotatzaileak instalatzeko araubidea ezartzen duen dekretu-proiektuaren testua eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hasiera) eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus).
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 20a.
Zerbitzu zuzendaria,
IÑAKI ALDEKOGARAI LABAKA.
RSS