
206. zk., 2025eko urriaren 28a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSASUN SAILA
4547
AGINDUA, 2025eko urriaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzako goi-kargudunaren idazkari lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez hornitzeko deialdi publikoa.
Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostua hutsik dagoenez –520010 kodea, 149 dotazioa–, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena eman duenez, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askeko sistema erabiliz hornitzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko Administrazio Orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, baldin eta lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdian, honako egoera hauetan izan ezik:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
– Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora (2 urte).
2.– Orobat, deialdian parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada lanpostu-zerrendan langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabideak.
EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: Funtzio Publikoa – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus
Gainerako izangaiek erregistro elektronikoaren bidez bidaliko dituzte eskabideak, helbide honetara: Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Honen eranskinean ezartzen dira lanpostu-zerrendan goi-kargudunaren idazkari lanpostua betetzeko eskatzen diren baldintzak.
Era berean, lanpostuaren eginkizun eta zereginei dagokienez balora daitezkeen merezimenduak eta konpetentziak ezartzen dira.
Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste datu hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan eta sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-gaitasunak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta egoteagatik, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko Administrazio Orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuaz jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute jabetu esleitutako lanpostuaz.
Laugarrena.– Ebazpena.
Osasuneko sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu hori EHAAn argitaratu beharko da.
Lanpostua lortzen duen pertsonak esleipen-aginduan ezarritako datan jabetu beharko du lanpostuaz, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 13a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
ERANSKINA
Lanpostuaren datuak:
Deitutako lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.
Kodea: 520010.
Dotazioa: 149.
Kidegoa eta eskala: Administrarien eskala edo Administrari Laguntzaileen eskala.
Destino-osagarria: 18.
Berariazko osagarria: VI-A.
Kokapena: Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.
Herria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 2.
Derrigortasun-data: 2002-12-31.
Lanpostu-zerrendako betekizunak edo berariazko ezagutzak: –
RSS