Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2025eko urriaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4513

AGINDUA, 2025eko urriaren 24koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako kautelazko neurriak hartzen baitira.

Dermatosi Nodular Kutsakorra (DNK) gaixotasun biriko emergente bat da, batez ere bektoreek transmititzen dutena. Gaixotasun honen ezaugarriak dira hedatzeko gaitasun handia duela eta abereei eta truke komertzialei kalte larriak eragiten dizkiela. Hurbileko herrialde eta eskualdeetako egoera epidemiologikoak berriki izan duen bilakaera eta Espainian foku aktiboak agertu direla ikusita, nabarmen areagotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-arriskua, batez ere Autonomia Erkidegoan animalien mugimendu handia dagoelako eta abeltzaintzako ustiategi asko daudelako.

Egoera horren aurrean, eta prebentzioko neurri egokiak eta koordinatuak aplikatzeko helburuz, beharrezkoa da abere-kontzentrazioak aldi baterako etetea eta animalia-mugimenduen kontrola indartzea. Jarduketa horien helburua da animalien osasuna zaintzea, sektorearen estatus sanitarioa eta komertziala bermatzea eta interes orokorra babestea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamenduak, 2016ko martxoaren 9koak, animalien gaixotasun kutsakorrei buruzkoak arautzen ditu, animalien osasunaren arloko zenbait egintza aldatu edo indargabetu ditu.

Bere aldetik, 779/2023 Errege Dekretua, urriaren 10ekoa, nahitaez aitortu beharreko animalia-gaixotasunen komunikazioa ezarri du eta haren jakinarazpena arautu. Halaber, irailaren 24ko 507/1991 Dekretuak, nahitaez aitortu beharreko abere-gaixotasunei eta horiek jakinarazteko arauei buruzkoak, 5. artikuluan ezarri duenez, fokuren bat agertzen dela susmatuz gero, nekazaritza-gaietan eskumena duen sailari dagokio foru-organoek hartzen dituzten neurrien osagarri diren kautelazko neurriak hartzea, baldin eta justifikatuta badaude neurriok aplikatzeko lurralde-eremua Lurralde Historikoa baino handiagoa izateagatik.

Horregatik guztiagatik, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-aldundiei kontsultatu ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.9 artikuluan eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 538/2024 Dekretuan ezarritakoaren babesean, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Espezie guztietako animalien (txakurrak eta katuak izan ezik) presentzia etetea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, feria, lehiaketa, herri kirol, erromeria, azoka eta aldi baterako ekitaldi orotan.

Hala ere, foru-aldundiek, salbuespen gisa, gizartean errotuta dauden eta animalia-espezie bakarra duten ekitaldiak egiteko baimena eman ahal izango dute, behi-azienda izan ezik. Ekitaldi horiek desinfektatzeko eta desintsektatzeko osasun-plan espezifikoaren arabera antolatuko dira, eta Lurralde Historikoko abeltzaintza-zerbitzuak baliozkotu beharko du plan hori.

Bigarrena.– Mugimendua baino 24 ordu lehenago Euskal Autonomia Erkidegoan sartu edo irten diren abeltzaintzako garraio-ibilgailu guztiak desinfektatzeko eta desintsektatzeko betebeharra ezartzea. Partidekin batera aurkeztu beharreko agirien artean, desinfekzio- eta desintsektazio-ziurtagiria eskatuko da, horretarako zentro batek emana, edo, bestela, garraiobidea eta animaliak desinfektatu eta desintsektatu dituela dioen erantzukizunpeko adierazpena. Berariaz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegora doazen edo Erkidegotik ateratzen diren abere-mugimendu guztien dokumentazioan garraiolariaren ATES (Animalia Biziak Garraiatzeko Baimen Kodea) berariaz adierazten dela.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea debekatzea Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako gune mugatutzat jotako ustiategietatik datozen animaliak, agintari eskudunek hala adierazten badute.

Laugarrena.– Badaezpadako 21 eguneko berrogeialdia ezartzea, agindu hau argitaratu aurreko 21 egunetan eremu mugatuetatik animaliak jaso dituzten abeltzaintza-ustiategiko behi-espezieko animalia guztientzat.

Berrogeialdia bete beharko dute, halaber, eremu libreetatik etorri arren, lekualdatzean eremu mugatuetatik ibili diren animaliek.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoan behi-aziendaren mugimenduek zuzenekoak izan beharko dute jatorrizko ustiategiaren eta helmugakoaren artean, eta ibilgailua desinfektatu eta desintsektatu egingo da kargatu aurretik. Inola ere ez da onartuko zama eta deskarga partzialik animaliak garraiatzean.

Seigarrena.– Animaliak kontzentratu eta gizentzeko zentroei dagokienez, sartzen diren animaliak desintsektatu egingo dira sartzen diren unean. Tratamenduak maiztasuna izango du, sendagaiarentzat ezarritako erabilera baldintzen arabera.

Zazpigarrena.– Jatorri edo helburu Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategiak dituzten zaldi-mugimenduetarako txartelaren baliozkotasuna etetea. Neurriok indarrean dauden bitartean, zaldi-aziendaren mugimenduetarako abelazkuntza-mugimenduaren dokumentazioa ere eskatuko da.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen bidez hartutako neurriak 2025eko azaroaren 30era arte egongo dira indarrean, eta epe hori luzatu ahal izango da agindu espresu baten bidez, Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) bilakaera epidemiologikoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Agindu hau betetzen ez bada, zehapena ezarri ahal izango da Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe egon litezkeen izaera zibil edo penaleko beste erantzukizun batzuk.

Hamargarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean.

Hamaikagarrena. Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusian, agindua argitaratu eta bi hileko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 24a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala