
203. zk., 2025eko urriaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (375 KB - 31 orri.)
- EPUB (1044 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4493
197/2025 DEKRETUA, urriaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta organismo autonomoetako funtzionario eta lan-kontratuko langileentzako lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuak aldaraztekoa.
Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionario eta lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbat aldiz aldatu da, eta aldaketa horien artean ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez eta maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez egindakoak daude, funtzionario eta lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatzen dituztenak, hurrenez hurren; bi kolektiboen analisi funtzionalen prozesuen ondoriozko aldaketak dira. Bestalde, maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretua ere dago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzekoa.
Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak; beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetuta, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak, aldian-aldian, sartu behar dira lanpostuen zerrendetan, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluan agindutakoa betetzeko.
Horiek horrela, Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko urriaren 14an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ontzat ematea funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak, zeinak dekretu honen eranskinean baitaude eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez onartu baitziren.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 14an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS