Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2025eko urriaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4492

EBAZPENA, 2025eko irailaren 19koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta istripua izandakoen anbulantziako errepide bidezko garraio sanitarioaren hitzarmen kolektiboaren Batzorde Parekidearen erabakia erregistratu, argitaratu eta gordailutzen duena (hitzarmen-kodearen zenbakia: 865100365012019).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Batzorde Parekideak onartu duen erabaki horri buruzko dokumentazioa 2025eko irailaren 18an aurkeztu da REGCON erregistroan.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Lehenengoa.– Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila sortu zuen 2. artikuluan, eta, 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, sail horrek lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritu behar du, besteak beste.

Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Hirugarrena.– Aurkeztu den akordioa inskribatu beharreko egintza bat da, 2010eko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak; beraz, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroari eta gordailuari buruzko 2011ko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuak (2023ko otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuaren bidez aldatuak) 9. artikuluan xedatutakoarekin, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 19a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

MARÍA VICTORIA PORTUGAL LLORENTE.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO GAIXOEN ETA ISTRIPUA IZANDAKOEN ANBULANTZIAKO ERREPIDE BIDEZKO GARRAIO SANITARIOAREN II. HITZARMEN KOLEKTIBOAREN BATZORDE PAREKIDEAREN ERABAKIA, SEKTOREKO HITZARMEN KOLEKTIBOAREN 31. ARTIKULUKO TAULAN ETA ERANSKINEKO TAULETAN DAUDEN AKATS MATERIALEN ZUZENKETARI BURUZ

2025eko irailaren 10ean bildu dira Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitza birtualean, EOGE enpresa-elkartea eta ELA, UGT eta CCOO erakunde sindikalak, Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta istripua izandakoen anbulantziako errepide bidezko garraio sanitarioaren II. hitzarmen kolektiboaren sinatzaile diren heinean, eta erabaki hau hartu dute aho batez:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta istripua izandakoen anbulantziako errepide bidezko garraio sanitarioaren II. hitzarmen kolektiboaren 31. artikuluan dagoen taula zuzentzea. Akats materialak zuzenduko dira, eta artikulu hori beste honekin ordeztuko da ondorio guztietarako.

31. artikulua.– Dietak.

Langileak eskubidea izango du dietak jasotzeko. Honako hauek dira zenbatekoak:

a) Gosariko dieta: Zerbitzu bat dela-eta langilea goizeko 06:00ak baino lehen lanean hasten denean ordainduko da. Goizeko 06:00ak ondoren itzultzen denean ere ordainduko da.

b) Bazkarirako dieta: oro har, bazkaltzeko tartea 13:00etik 16:00etara izango da.

– Goizeko txandetan: langileak bere lanaldia 13:00etik 16:00etara bitartean amaitzen badu, ez da inola ere bazkari-dietarik sortuko. Bai, ordea, 16:00ak baino beranduago amaitzen bada, eta enpresak horretarako ezarrita duen prozeduraren arabera eskatu beharko du.

– Arratsaldeko txandetan: langileak bere lanaldia 13:00etik 16:00etara bitartean amaitzen badu, ez da inola ere bazkari-dietarik sortuko. Aitzitik, 13:00a baino lehen sartzen bada, bazkari-dieta sortuko du, eta enpresak horretarako ezarrita duen prozeduraren arabera eskatu beharko du dieta hori jasotzea.

c) Afariko dieta: Langileak, zerbitzu bat dela-eta lanaldia 23:00ak baino geroago amaitzen duenean ordainduko da.

d) Gaua kanpoan pasatzeagatiko dieta: Ibilbide luzeko zerbitzu bat dela-eta langileak gaua etxetik kanpo igaro behar duenean ordainduko da.

Nolanahi ere, ostatuaren erreserba (zenbatekoaren baimena) eta ordainketa enpresaren kontura izango dira beti.

Afariagatik, gauagatik eta gosariagatik dieta jasotzetik salbuetsita daude gaueko lan espezifikoa egiten duten langileak.

Dieta guztiak jasotzetik salbuetsita daude oinarrizko bizi-euskarriko eta/edo bizi-euskarri aurreratuko taldeetako larrialdi-zerbitzuetako langileak, baldin eta lantokian behar den ekipamendua badago langileak lan-eremuan jan ahal izateko (mikrouhin-labea, harraska, hozkailua, mahaia eta aulkiak), bai eta zerbitzuen arteko itxaronaldietan behar bezala atseden hartzeko tresnak ere.

Dieten zenbatekoa honakoa izango da:

(Ikus .PDF)

2027. urterako, dieten igoera EAEko 2026ko KPI + % 1,5 izango da, guztizko gehieneko muga % 3,75 izanik eta gutxienekoa % 3,5.

2028. urterako, dieten igoera % 4koa izango da, 2027ko balioaren gainean.

Nolanahi ere, enpresak dieta ordaintzearen ordez gastua zuzenean ordain dezake. Atzerrira joanez gero, dieta horiek % 35 handituko dira.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta istripua izandakoen anbulantziako errepide bidezko garraio sanitarioaren II. hitzarmen kolektiboaren eranskineko taula zuzentzea. Dieten kontzeptuekin lotutako akats materialak zuzenduko dira, eta eranskin hori beste honekin ordeztuko da ondorio guztietarako:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Emilia Málaga Pérez Lan Harremanen Kontseiluko presidenteari eskatzea lan-agintaritzari aurkeztu diezaiola Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta istripua izandakoen anbulantziako errepide bidezko garraio sanitarioaren II. hitzarmen kolektiboaren 31. artikulua eta eranskineko taula zuzentzeko erabaki hau, erregistratu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ofizialki argitara dadin.

Euskadiko Osasun Garraioko Elkartea (EOGE), ELA, UGT eta CCOO.


Azterketa dokumentala