Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2025eko urriaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4491

AGINDUA, 2025eko urriaren 14koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresa eta entitateen egitura asoziatiboak finkatzeko laguntzak emateko oinarriak onartzen dira, eta laguntza horien deialdia egiten da 2025. urterako.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak onartu zuen plan hori 2025eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez– eta Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontuaren memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete, eta, horrela, EAEko gizarte-ekonomiako, lan autonomoko, enplegu-zentro berezietako eta ekonomia solidarioko egitura asoziatiboei laguntzeko konpromisoa berresten dute. Sare asoziatibo sendo batek gizarte-ekonomiako enpresa eta entitateetan ondorio onuragarriak areagotzen dituela uste dugu, bai aukerei dagokienez bai emaitzei dagokienez, eta horregatik prestatu da dirulaguntzen agindu hau. Dirulaguntzen plan estrategiko hori argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzako, «www.euskadi.eus» web-orrian, sailari eskainitako espazioaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Laguntzen deialdia egitea eta oinarriak onartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresa eta entitateen egitura asoziatiboak finkatzeko 2025eko laguntzen oinarriak onestea –agindu honen eranskinean jaso dira oinarriak–, eta laguntzen deialdia egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzek arau hauetan xedatutakoa beteko dute: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 14a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da, oinarri hauetan jasotakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresa eta entitateen egitura asoziatiboak finkatzeko laguntzen 2025eko deialdia egitea. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak emango ditu, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bidez.

2. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Nortasun juridiko propioa duten entitate asoziatiboek jaso ahal izango dituzte agindu honetan ezarritako laguntzak, baldin eta, guztien interesak ordezkatzeko eta defendatzeko, hauek elkartzen badituzte:

a) Lan-sozietateak eta lan elkartuko kooperatibak.

b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibak, entitate asoziatibo konfederatuak eta gizarte-ekonomiako entitatez osatutako antolakundeak.

c) Ekonomia solidarioko entitate asoziatiboak eta enplegu-zentro berezien elkarteak.

d) Langile autonomoen sektorearteko antolakundeak, gutxienez bi urteko antzinatasuna dutenak.

2.– Agindu honen ondorioetarako, a) eta b) letretako kasuetan aipatzen diren kooperatiba-sozietateen egitura asoziatibotzat joko dira Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 164. artikuluan aipatzen diren kooperatiben entitate asoziatiboak.

3.– Era berean, laguntza-agindu honetaz baliatu ahal izango dira kooperatiba gisa beren bazkideak defendatzeko eta sustatzeko sortu eta erregistratu diren entitate asoziatiboak, aipatutako 11/2019 Legearen 163.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Entitate horiek kooperatiba mota bat baino gehiago eta beste sozietate mota batzuk biltzen badituzte, dirulaguntzaren kalkulua egiteko gizarte-ekonomiako entitateei dagozkien babes- eta sustapen-jarduerak baino ez dira kontuan izango, legeak aurreikusten duenarekin bat etorriz.

4.– Agindu honen ondorioetarako, ekonomia solidarioaren egitura asoziatiboak izango dira Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluan jasotzen diren gizarte-ekonomiako entitateak gehiengo moduan dituztenak.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan bildutako laguntzak 2. oinarrian aurreikusitako entitate asoziatiboak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, entitate horiek lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak bete ditzaten.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira diruz laguntzen den jardueraren izaera argi eta garbi dutenak, beharrezkoak direnak eta ezarritako epean egiten direnak. Eskaeran aurkeztutako aurrekontu-plangintza egiaztatzeaz Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza arduratuko da, aurkeztutako jardueretara egokitzen ote den zehazte aldera.

2.– Egitura-gastu hauek lagundu daitezke diruz:

a) Entitate asoziatiboko langileen gastuak, lanpostuarekin eta lanpostutik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.

b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta entitate ordezkarietan parte hartzen duenean, haiei ordaindutako kuotak.

c) Ordezkaritza handieneko entitate asoziatiboek Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren partaidetza instituzionaleko organoetan parte hartzeagatik izandako bertaratze- eta ordezkaritza-gastuak, betiere gastu horiek instituzioak berak ordaintzen ez baditu.

d) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.

e) Entitatearen jabetzako ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.

3.– Ez dira egitura-gastutzat hartuko berariazko finantzaketa duten programa zehatzak gauzatzetik eratorritakoak, entitatearen berezko funtzionamenduari dagozkionekin zuzeneko harremana ez dutenak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

5.– Egindako gastutzat hartuko dira dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan ezarrita dagoen justifikazio-epea bukatu aurretik benetan ordaindu direnak.

6.– Lagundu daitekeen d) letrako gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik egiten, eskaintzen edo hornitzen duen nahikoa entitate, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada; kasu horretan justifikatu egin beharko da. Hiru eskaintzak laguntza justifikatzen denean egiaztatu beharko dira.

7.– d) letran jasotzen den gastua diruz laguntzeko modukoa izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Ondasunak erosteko ez balio izana dirulaguntzak.

b) Amortizazioa oro har onartutako kontabilitate-arauekin bat etorriz kalkulatzea.

c) Kostua diruz lagun daitekeen aldikoa soilik izatea.

8.– Tributuak diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, dirulaguntzaren entitate onuradunak benetan ordaintzen baditu eta diruz lagundu daitekeen jarduerarekin zerikusia badute. Zeharkako zergak inoiz ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko, berreskuragarriak baldin badira.

9.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak entitate bakoitzaren eskaerari erantsitako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuan aurreikusitako gastuak indarrean dagoen araudiarekin bat datozela egiaztatuko du.

5. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, zazpiehun eta berrogeita hamabost mila eta zortziehun (755.800) euro bideratuko dira gehienez, honela banatuta: bostehun eta hirurogeita sei mila zortziehun eta berrogeita hamar (566.850) euroko ordainketa-kreditua, 2025eko ekitaldirako; eta ehun eta laurogeita zortzi mila bederatziehun eta berrogeita hamar (188.950) euroko konpromiso-kreditua, 2026ko ekitaldirako.

2.– Aurreko apartatuan jasotako guztizko zenbatekoa honela banatuko da entitate-taldeetan:

a) 2.1.a) oinarriari dagokionez, laurehun eta berrogeita hamabost mila eta zortziehun (455.800) euroko kopurua gehienez, honela banatuta: hirurehun eta berrogeita bat mila zortziehun eta berrogeita hamar (341.850) euroko ordainketa-kreditua 2025eko ekitaldirako, eta ehun eta hamahiru mila bederatziehun eta berrogeita hamar (113.950) euroko konpromiso-kreditua 2026ko ekitaldirako.

b) 2.1.b) oinarriari dagokionez, ehun mila (100.000) euroko kopurua gehienez, honela banatuta: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2025eko ekitaldirako, eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2026ko ekitaldirako.

c) 2.1.c) oinarriari dagokienez, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko kopurua gehienez, honela banatuta: ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euroko ordainketa-kreditua 2025eko ekitaldirako, eta hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko konpromiso-kreditua 2026ko ekitaldirako.

d) 2.1.d) oinarriari dagokionez, berrogeita hamar mila (50.000) euroko kopurua gehienez, honela banatuta: hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko ordainketa-kreditua 2025eko ekitaldirako, eta hamabi mila eta bostehun (12.500) euroko konpromiso-kreditua 2026ko ekitaldirako.

3.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, eskabide bakoitzari zer zenbateko dagokion kalkulatuko da, aintzat hartuta zein diren eranskin honetako 10. oinarrian aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

4.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 2. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada 10. oinarrian adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, kalkulatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

5.– Hornidura ekonomikoa ez bada aski hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, eta 2.1. oinarrian zehaztutako kolektiboetakoren batean entitate onuradunen kolektiboa artatzeko saldoa sobratzen bada eta bestean ebazpen positibo guztiak estaltzeko baliabideak falta badira, sobera dagoen saldoa beste taldearen beharrizanak estaltzeko erabiliko da.

6.– 2.1.a) oinarriari dagokionez murrizketa proportzionala egin behar bada, 10.a.3) oinarrian ezarritako irizpidea beteko da; beraz, ordezkaritza txikiena duen entitatearen kopurua halako hiru emango zaio, gehienez, ordezkaritza handiena duen entitateari, 10. oinarrian ezarritako parametroen arabera.

6. oinarria.– Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:

Egiaztatzea egunena dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hori guztia, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

Ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo horretarako ezgaitzen duen debekurik.

Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

Jakinaraztea eskatu direla eta, hala badagokio, eskuratu direla beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Ez izatea krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).

Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

2.– Aurreko apartatuko baldintzak bete behar dira, bai entitate onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizunak bi unetan egiaztatuko dira: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

7. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztuko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri:

● 2.1.a) oinarriko entitate asoziatiboak: https://www.euskadi.eus/servicios/1233009

● 2.1.b) oinarriko entitate asoziatiboak: https://www.euskadi.eus/servicios/1233010

● 2.1.c) oinarriko entitate asoziatiboak: https://www.euskadi.eus/servicios/1233011

● 2.1.d) oinarriko entitate asoziatiboak: https://www.euskadi.eus/servicios/1233012

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek eskabideak eta dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten hizkuntza hautatuta. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak 1. apartatuko helbide elektronikoetan ere egongo dira eskuragai.

5.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektrikoan onartutako sinadura eta ziurtagiri elektronikoak eduki beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela, salbu eta berariaz ukatzen badu baimen hori. Kasu horretan, pertsona edo entitate eskatzaileak Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskumendunek igorritako dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

8. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) 2025. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.

b) Hauen inguruko egiaztagiriak:

– Enpresa elkartuen zerrenda, 2025eko kuotekin.

– Ordezkatuta dagoen bazkide kopuruaren zerrenda enpresa bakoitzeko, sozietatearekin duten harreman motaren eta horren izaeraren arabera bereizita.

c) Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– Aitortu dituela administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede edo helburu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzak.

– Ez duela ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

– Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.

– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Konpromisoa hartzen duela agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.

– Indarrean duela berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak ditu, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

– Bete egiten dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.

– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere hamabost (15) eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela 8.1.c) oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

9. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar (10) eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide elektronikoa erabiliz aurkeztu den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

10. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, zenbateko hori zehazteko irizpideak eta aplikagarri zaion muga.

1.– Eranskin honetako 2.1.a) oinarrian jasotako lan-sozietateen eta lan elkartuko kooperatiben entitate asoziatiboetarako, 4. apartatuan jasotako kasuan izan ezik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak ordezkagarritasunaren arabera emango ditu laguntzak; hau da, 50.000 euroko oinarria izanik, entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen eta enpresa kopuruaren arabera, baremo honekin bat etorriz:

a) Eskala honen arabera entitate eskatzaile onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen kopurua:

1. Lehenengo bazkide langiletik 5.000. bazkide langilera, zazpi euro (7) emango dira bazkide langile bakoitzeko.

2. 5.001. bazkide langiletik aurrera, 10.000. bazkide langilera bitarte, sei euro (6) emango dira bazkide langile bakoitzeko.

3. 10.001. bazkide langiletik aurrera, bost euro (5) emango dira bazkide langile bakoitzeko.

b) Entitate eskatzaile onuradun bakoitzak ordezkatzen duen enpresa kopurua; laurogeita hamar euro (90) emango dira ordezkatutako enpresa bakoitzeko.

2.– 2.1.a) oinarriko entitate eskatzaile onuradunek hauek egiaztatu beharko dituzte: ordezkatzen dituzten bazkide langileen kopurua, entitateari atxikitako enpresen kopurua eta parte hartzen duten saioen kopurua.

3.– 2.1.a) oinarriaren 1. eta 2. apartatuen arabera eskaera egin duen entitate onuradun batek, gehienez ere, oinarri horren arabera gutxien dagokion entitateak jasotzen duenaren hirukoitza jaso ahal izango du. Zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak.

4.– 4.2.c) oinarrian adierazitako ordezkaritza gehien duten entitate asoziatiboetan, gehienez ere hirurogeita hamar mila euro (70.000) emango dira entitate onuradun guztiengatik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren partaidetza instituzionaleko organoetan izandako bertaratze-eta partaidetza-saioen kopurua egiaztatuz.

5.– 2.1.b), 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietan jasotako entitate asoziatiboetarako: Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak, baina inola ere berrogeita hamar mila euro (50.000) baino gehiago entitate eskatzaile bakoitzari.

11. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate publiko batzuek xede eta helburu bererako emandakoekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu entitate asoziatibo onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu helburu eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 10. oinarrian jasotako muga aplikagarriak gainditzen baditu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

3.– Eman beharreko zenbatekoak zehazterakoan, horien kalkulua egiteko kanpoan utziko dira, berariaz, beste administrazio edo entitate publikoek emandako dirulaguntzak.

12. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du Agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bat egin eta jakinaraziko du dirulaguntza-lerro bakoitzeko, prozedura ebazteko eta emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen horiek banaka jakinaraziko zaizkie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horiek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Ebazpenek jaso beharko dute dirulaguntza zein entitatek jasoko duten; horrez gainera, espresuki adierazi beharko dute, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere.

3.– Prozeduraren ebazpenak emateko eta ebazpenak jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak sortzen dituenetik. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo behar dute eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. apartatuan adierazi den gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen baten bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da. https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

13. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira: % 75, 2025eko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, 14.a) oinarrian adierazitako epea igaro ondoren dirulaguntzari uko egin ez bazaio; gainerako % 25a 2026ko ekitaldiaren kargura ordainduko da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduerek eragindako gastu guztiak justifikatu direla egiaztatu ondoren.

2.– Justifikatzeko sistema.

Dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, emandako dirulaguntzaren justifikazioko kontua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, zeinetan hauek jaso beharko baitira: aitortzailearen erantzukizunpean, dirulaguntzaren bidez finantzatu diren jardueren aitorpena, eta haien kostua, egindako gastu bakoitza banakatuta, eta gutxienez:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen azalpen-memoria teknikoa.

b) Jardueraren gastu guztiak justifikatzen dituen memoria ekonomikoa, zenbatekoa, hartzekoduna eta ordainketa-data adierazita.

Justifikazioko kontuaren zati gisa jaso beharreko dokumentazioari dagokionez, hauek:

– Fakturak guztiak eta egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentu baliokideak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan balioa edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, ordainketa-frogagiria dutela.

– Justifikazio-dokumentazioan, diruz lagundutako jardueraren gastuaren zenbateko osoa (% 100) jaso beharko da, eta ez soilik emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda, halakorik bada. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.

e) Diruz lagundutako jardueren publizitatean Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren finantzaketa jaso dela egiaztatzen duten agiriak.

f) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sail honetako partaidetza instituzionaleko organoetara bertaratu izana eta horietan benetan parte hartu izana egiaztatzeko, nahikoa izango da bertaratze-saioen kopurua ziurtatzen duen agiria.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera, eta, betiere, 2026ko uztailaren 31 baino lehen.

4.– Eskabidean azaldutako gastuak dira justifikatu beharko direnak. Justifikazio-memoria ekonomikoan, dirulaguntza-eskabideetan aurkeztutako aurrekontuarekiko izan diren desbideratzeak adierazi eta justifikatuko dira.

5.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino gutxiago gertatzen bada, edo gastua egiaztatzeko dokumentuen bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino gutxiago bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du. Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/.

7.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen baten bidez erabakitzen bada zorduna dela.

14. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Entitate onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, dirulaguntza onartu duela joko da.

b) Dirulaguntzaren xede zehatza betetzeko egitea jarduera.

c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

e) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

f) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso badituzte xede bererako, horren berri ematea Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Aldaketa gertatu bezain laster bidali beharko da horri buruzko jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

i) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko behar badira ere.

j) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

k) Gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzea, eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso badira organo kudeatzaileari jakinaraztea, bai eta gainfinantzaketa gerta daitekeela konturatuz gero, berehala jakinaraztea ere.

l) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

m) Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

n) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

o) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagunduko diren edozein motatako jarduera publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia egitea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

p) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

15. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena ere alda daiteke; nolanahi ere, bete egin beharko dira jarraian adierazten diren eskakizunak, zeinak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin lotuta baitaude:

a) Dirulaguntza interesdunak eskatuta aldatzen bada, onuradunak, 14.g) oinarrian adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster jakinaraztea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa handitu beharrik ez izatea.

c) Oinarri hauen xedearen barruan aurreikusita egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

16. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitate onuradunak Agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak horretarako irekitako espedientea izapidetu eta entitate interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, eta jasotako zenbatekoak (osorik edo partzialki) eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio bi hilabeteko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 75 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Administrazioko arau-hausteen kasuetan, dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboen araubidea aplikatuko da, zeina Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan arautzen baita.

17. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak entitate onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, zeinetan, horrela badagokio, dagozkion zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola adieraziko baitu, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.

18. oinarria.– Datuak babestea.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide hauetara jo daiteke:

● 2.1.a) oinarriko entitate asoziatiboak: https://www.euskadi.eus/rgpd/1233009

● 2.1.b) oinarriko entitate asoziatiboak: https://www.euskadi.eus/rgpd/1233010

● 2.1.c) oinarriko entitate asoziatiboak: https://www.euskadi.eus/rgpd/1233011

● 2.1.d) oinarriko entitate asoziatiboak: https://www.euskadi.eus/rgpd/1233012


Azterketa dokumentala