
203. zk., 2025eko urriaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (403 KB - 13 orri.)
- EPUB (249 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4490
AGINDUA, 2025eko urriaren 13koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzen baita, monumentu kategoriarekin, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre Baserria.
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa bereganatu zuen kultura-ondarearen arloan. Eskumen hori baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kulturako sailburuordeak, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserriaren ondare-interesa ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, eta aplikatu beharreko araudian xedatutakoari jarraikiz, 2024ko azaroaren 26ko Ebazpenaren bidez (abenduaren 10eko EHAA, 239. zk.), hasiera eman zion Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserria babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, monumentu kategoriarekin.
Espediente horren administrazio-izapidearen ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera, espedientea jendaurrean jarri zen eta interesdunei entzunaldia eman zitzaien.
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, alegazioak aurkeztu dituzte, garaiz eta behar bezala, María Beatriz Maguregi Larruskain andreak, jabe gisa, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko Berrikuntzarako eta Bideen Kudeaketarako Zuzendaritza Nagusiak.
Beatriz Maguregi Larruskain andreak aurkeztutako idazkien eztabaida-ardatza da instalazio fotovoltaiko batzuk daudela Iparragirre baserriaren inguruan eta horrek baserrian eta haren inguruan eragiten duen ingurumen-inpaktua. Bestalde, Berrikuntzarako eta Bide Kudeaketarako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako alegazioak Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailari atxikitako Interbiak Bizkaia, S.A. sozietate publikoak egindako zenbait jarduketaren berri ematen du.
Alegazio horiei erantzuteko, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak txosten tekniko bat egin du, idazki horietan planteatutako gai bakoitzari erantzun bat emateko. Txosten horrek ondorioztatzen du apartatu gehigarri bat gehitu behar zaiola lehen aipatutako ebazpenaren III. eranskineko 14. artikuluari, eta xedatzen du landare-itxiturako pantaila bat jarri behar dela babestutako kultura-ondasunaren ertzean, ingurumen-inpaktua xurgatzeko elementu gisa. Gainerako gaiei dagokienez, ondorioztatzen da ez dela beste aldaketarik egingo espedientea hasteko testuan.
Horregatik guztiagatik, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoen aldeko txostenak ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak 2025eko urriaren 9ko bilkuran egindako deklarazio-proposamenaren aldeko txostena emanda, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilua arautzen duen urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, eta Kulturako sailburuordeak proposatuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Kultura-ondasunaren babes-maila.
Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserria babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzea, monumentu kategoriarekin, eta agindu honen III. eranskinean jasotako babes-araubide partikularra aplikatzea.
Bigarrena.– Babestutako kultura-ondasunaren mugaketa.
Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserriaren mugaketa agindu honen I. eranskinean agertzen dena izango da, eranskin horretan bertan ematen diren arrazoiengatik.
Hirugarrena.– Kultura-ondasunaren deskribapen formala.
Markina-Xemeingo (Bizkaia) Iparragirre baserriaren deskribapen formala egitea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren ondorioetarako, agindu honen II. eranskinean adierazitako moduan.
Laugarrena.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.
Markina-Xemein eta Etxebarriako (Bizkaia) udalei eskatzea ondasun higiezin hori babes dezatela, udalaren hirigintza-plangintzako tresna egokituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Bosgarrena.– Argitaratzea.
Deklarazio-agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua jakinaraztea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die Markina-Xemeingo Udalari, Etxebarriako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Sailari, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari, bai eta mugaketa-eremuak eragindako higiezinen jabeei ere.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza Erregistroa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio Jabetza Erregistroari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko baimena.
Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio, oro har, agindu honen bidez babestutako kultura-ondasunean esku-hartzeak egiteko baimenak ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hirigintza-lizentziak eman aurretik, nahitaezkoa izango da aurreko apartatuan aipatutako baimenak lortzea monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduketak egiteko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 13a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
A) Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak, alde batetik, baserriaren eraikina bera eta labearen eraikin osagarria hartzen ditu, eta, bestetik, haren ingurua. Horrenbestez, eremuak muga hauek ditu:
Ipar-mendebaldean, +120 kota topografikoa eta 48-060-007-00025 eta 48-060-007-00031 nekazaritza-lurzatien ertza; hego-ekialdean, honakoek osatutako poligonalak zehaztutako muga: eraikin nagusiaren fatxadarekiko paraleloa, 25 metrora trazatua; eta labetxe eraikin osagarriaren fatxadarekiko paraleloa, 20 metrora trazatua.
Ipar-ekialdean, baserriaren ipar-ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 35 metrora trazatua; hego-mendebaldean, baserriaren hego-mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 35 metrora trazatua.
B) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Iparragirre baserriaren eta haren eraikin osagarri eta antuzanoaren inguruneko ingurumen- eta ikuste-balioak babestu behar direlako. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da deklaratutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berekin dakar ondoko espazioak babestea, hau da, eraikin nagusiaren eta eraikin osagarriaren inguruko lurrak babestea, baserriaren aurrealdearekin eta Iparragirre muinoaren zati mugatuarekin batera, eraikinaren berezko izaerari eta ingurune horretako paisaia-balioei eusteko. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik, haren ingurua ere hartzen du.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Baserriak bi isurkiko estalkia du, eta ipar-hego norabideko gailurra, 40 gradu inguru ekialderantz biratua, gaur egun familia bikoa. Markina-Xemeinen dago, Iparragirre mendilerroaren gainean, 130 eta 125 koten arteko plataforma batean, 540622,967-4790117,512 koordenatuetan.
Oinplano angeluzuzenekoa da (18,00 m zabal eta 22,00 m sakon), eta atal bat du atxikita hego-mendebaldeko fatxadaren zatian (8,00 m zabal eta 12,00 m sakon). Baserriaren jatorrizko estalkiaren hego-mendebaldeko isurkiaren luzapenaren azpian dago, eta, beraz, 26 metro inguruko fatxada-aurrealdea du atzealdean.
Eraikin nagusiaren estalkia bi isurkikoa da. Atzeko isurki txiki bat du, miru-buztan formakoa, eta hego-ekialdeko fatxada nagusian, hegalkin handi bat, zurezko beso espresiboek eutsia.
Hego-ekialdeko orientazio horretan, baserriak antuzano-espazio bat hartzen du, Iparragirre baserriak berak eta eraikin osagarri batek osatua. Eraikin horrek 7,00 m zabal eta 11,00 m sakon dituen oinplano angeluzuzena du, bi isurkiko estalkia du, jatorrian ogia egiteko labe bat (labetxea) hartzeko eraikia, eta gaur egun biltegi eta garaje gisa erabiltzen da.
Ipar-ekialdeko orientazioan, baserriak bere egitura funtzional eta eraikitzaile zaharrenak mantentzen ditu, lehen solairura sartzeko kanpoko eskailera, beheko solairurako sarbidea (burualde monolitiko handi batekin egina) eta ukuilurako sarbidea barne, burudun ate dobelatu dotorearen bidez. Orientazio horretan, landa-inguruneko zerbitzari-erabileretarako kanpo-espazio batzuk kontserbatzen dira, hala nola lastategia, eskorta, garbitokia duen aska eta baserriari lotutako baratzetarako lurzatiak.
Baserriaren atzealdea ipar-mendebaldeari dagokio, eta harlangaitzezko horma bat du, eraikinaren aparailu zaharrenaren zati bat kontserbatzen duena, kareorez aglomeratua, eta zati bat harlangaitz garaikideaz egina.
Hego-mendebaldeko orientazioan, eraikinak bolumen atxikia du, eta, horrekin batera, harrerarako eta baserrirako alboko sarbiderako espazio bat, eraikinaren bolumetriarekin bateragarria eta haren funtzionaltasuna hobetzen laguntzen duena.
Eraikin nagusiaren fatxada simetrikoki ordenatuta dago, beheko solairua, lehen solairua eta ganbara hartzen dituen eraikuntza-profilaren barruan. Beheko solairuak erdiko ataripea du, arku eskartzano zabala eta alde bakoitzean bao dinteldua dituena.
Lehenengo solairua harlangaitz zarpiatuz eta egurrezko bilbaduraz egina dago. Erdian, zurezko balkoi bat du, erdiko arkuaren gainean, zabalera osoan. Balkoira sartzeko bi ate daude, eta fatxada-zati horrek, gainera, beste lau bao ditu, bi balkoiaren alde banatan, guztiak konposizio simetrikoaren arabera kokatuta.
Apaingarri gisa, XVI. mendearen erdialdeko gargola bat nabarmentzen da, iparraldeko fatxadan (ipar-ekialdera begira). Estalkiak burdina forjatuzko haize-orratz bat du, flordelis-gurutzearekin.
Eraikuntza nabarmentzen da materialen kalitate onagatik, batez ere hareharrizko eta kareharrizko harlanduzko harriagatik, fatxada nagusiko beheko solairuaren zatia horrekin lotuta geratzen baita. Nabarmentzekoa da kareharrizko harlanduz eraikitako arku beheratu zabaleko ataripea, bai eta ipar-ekialdeko orientazioan dauden bi sarbideak ere, zaharragoak eta egikaritze dotorekoak.
«Labetxea» eraikin osagarriari dagokionez, ogi-labe bat hartzeko eraikia, gaur egun desagertuta dago, eta eraikuntza tradizionaleko eraikina da. Harrizko harlangaitzezko hormak ditu, kareharrizko harlanduzko eskantzuak, eta bi isurkiko teila zeramikozko estalkia, zurezko jatorrizko pilareen eta gatzarien gainean.
Iparragirre XVI. mendearen lehen herenean dokumentatutako jatorrizko kokaleku batetik abiatuta eraikitako multzo historikoa da. Ez da identifikatu garai hartako elementurik. Gaur egungo egitura, zeharkako lau hormarte eta luzetarako hiru hormarte dituena, XVII. mendearen bigarren herenean egindako esku-hartzean zehaztu zen. Ondoren, XIX. mendearen hasieran, eraikina bi bizitzako eraikin bihurtu zen.
Markina-Xemeingo Erdotza auzoko paisaian integratutako baserria da, monumentu-proportzioak dituena, eta bere ingurunean interes handia hartzen du arkitektura-, eraikuntza- eta paisaia-balioengatik.
Bai eraikin nagusiak, bai eraikin osagarriak, bien artean mugatzen duten antuzanoarekin batera, balio kulturalen multzo eramaile bakarra osatzen dute. Multzo horrek egiazkotasun-ondare-printzipioari eusten dio kokapenari, diseinuari, eraikuntza-sistemei, instalazioei, materialei, estetikari eta erabilerari dagokienez, bai eta osotasunaren printzipioari ere, multzoaren jatorrizko egoeraren kontserbazio-neurriari dagokionez.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA: XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako premian oinarrituta justifikatzen da, eta Iparragirre baserria, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera eman zaiolako.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Jarraian zehaztuko den babes-araubide partikularra I. eta II. eranskinetan, hurrenez hurren, ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.
3. artikulua.– Balio kulturalak.
1.– Iparragirre baserriaren kultura-baliotzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari izaera garrantzitsua ematen diotenak, eta, ondorioz, interesgarritzat jotzen direnak belaunaldien arteko aitorpenerako eta transmisiorako.
2.– Iparragirre baserriaren kultura-balioak honako hauek dira:
2.1.– Balio historiko-antropologikoa eta ingurumenekoa:
Ikuspegi historiko-antropologikotik, XVI. mendean dokumentatutako eraikina da, eta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerari lotutako erabilera jarraitua du gaur arte.
Haren kokapenak, izena daraman muinoan eta Iturretara sartzeko bide historikoaren ondoan, ingurumen-balioa gehitzen dio eraikinari.
2.2.– Balio artistiko eta arkitektonikoa:
Ezaugarri aipagarriak:
– Tipologia: Bizkaiko atari nagusiaren tipologiari eta zurezko goiko itxiturei erantzuten die kanpotik, estalkiaren hegal zabalarekin.
– Konposizio bolumetriko berezia: eraikin nagusiak eta erantsitako labeak osatzen dute, antuzanoarekin batera.
– Haritz-zurezko egitura-armazoia, bai egituran, bai estalkian.
– Espazioaren eta funtzioen antolaketa: oinplano simetrikoa eta etxebizitza iraunkorreko eremua, beheko solairuaren aurrealdera murriztuta (ukuilu gisa erabiltzen den beheko solairuaren gainerakoa), eta bi familiako etxebizitzaren erabilerari lotutako birbanaketa.
– Kanpoko elementu estetikoak eta konposiziozkoak: osaera simetrikoki antolatua, beheko solairua, lehen solairua eta ganbara dituen eraikuntza-profil baten barruan. Maila artistikoan, landutako besoak eta ipar-ekialdeko altxaerako bi ateak aipatu behar dira.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-araubide partikular honen preskripzioak lotesleak dira, eta higiezina araubide horri lotuta kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte. Tresna horiek araubide honi egokitu beharko zaizkio, eta kultura-ondasun babestuaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak aurreikusten duen bezala. Aipatutako lege-agindua betetzeko, tresna horiek Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute.
5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.
1.– Babes-araubide partikular honi atxikitako ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren mende egongo da baimenari, erabilerari, jarduerari, defentsari, zehapenei, arau-hausteei eta gainerako alderdiei dagokienez.
2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluak ezartzen duenez, babes-araubide partikular honi atxikitako ondasunaren jabeak, edukitzaileak eta haren gaineko eskubide errealen gainerako titularrak behartuta egongo dira hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak betetzera, haren osotasuna ziurtatzeko eta haren galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.
3.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek agintaritza eskudunei edo funtzionario arduradunei eman beharko diete Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko beharrezkoa den informazioa eta sarbidea, eta Bizkaiko Foru Aldundiak berariaz baimendutako ikertzaileei hura aztertzen utzi beharko diete, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.2 artikuluan adierazitako baldintzetan. Era berean, babestutako kultura-ondasunaren jabe edo edukitzaile legitimoak diren pertsonek hura publikoki bisitatzeko baimena eman beharko dute, aipatutako legearen 32.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Babestutako ondasuna osorik edo partzialki eraisteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
II. KAPITULUA: BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
1. ATALA. ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBATZEKO IRIZPIDE KOMUNAK
6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honi atxikitako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen organoaren baimena beharko dute. Era berean, eta lege horren 46. artikuluak ezartzen duen bezala, baimena nahitaezkoa izango da hirigintza-lizentziak eman aurretik.
7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.
Babestutako ondasunaren gaineko esku-hartzeek haren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea bermatuko dute, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, haren balioa nabarmentzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide partikular honetan zehaztu ez den guztian.
8. artikulua.– Erabilera baimenduak eta debekatuak.
1.– Monumentuaren edozein kultura-ondasun babesturen erabilerak haren kontserbazioa eta balioa bermatu beharko du, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.
2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, erabilera onargarritzat joko dira, oro har, ondasunaren balioa behar bezala nabarmentzea ahalbidetzen duten erabilera guztiak. Hala ere, honako hauek jotzen dira Iparragirre baserriaren lehentasunezko erabileratzat: bizitegia, hirugarren sektorea, ekipamendua, eta turismoarekin eta landa-ostatuarekin lotutako erabilerak.
3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunean kalteak eragiten dituzten erabilerak, ez eta 3. artikuluan definitutako kultura-balioren baten aurka egiten dutenak ere.
9. artikulua.– Sektoreko araudiaren eta irisgarritasun-araudiaren aplikazioa.
1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduketa-mugekin, eta, betiere, babestutako ondasunaren kultura-balioak ez kaltetzea bilatuko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluak ezartzen duen bezala.
2.– Irisgarritasunaren arloan, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16.g) eta 32.4 artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk aurreikusten dira mugikortasun urriko pertsonak modu autonomoan sartu ahal izateko, betiere egiten diren jarduketak bateragarriak badira ondasunaren balio kultural babestuekin.
Horri dagokionez, Iparragirre baserrira eraikinaren beheko solairutik sar daiteke. Sartu nahi den erabileraren arabera dagokion irisgarritasuna bermatu behar bada, irisgarritasuna bermatzeko laguntza mekanikoak instalatzea proposatu ahal izango da, betiere jatorrizko egitura-armazoia mantentzearekin bateragarriak badira eta eraikinaren estalkiaren profilaren gainean kasetoiak altxatzea sortzen ez bada.
10. artikulua.– Esku-hartzearen proiektua eta memoria.
1.– Babes-araubide partikular honi atxikitako ondasunaren xede-balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasunaren eta esku-hartzearen beraren izaerara egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari aurkeztu beharko dio, onar dezan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, hura egiaztatu eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak dagokion memoria aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen sailean.
3.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Esku-hartzearen proiektua eta memoria profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, eta profesional eta enpresa horiek egiaztatu beharko dute proiektua ahalik eta berme handienekin gauzatzeko behar den gaitasun teknikoa dutela. Esku-hartzearen izaerak hala eskatzen duenean, ondasunaren beharretara egokitutako diziplinarteko talde bat ere sartu beharko da.
2. ATALA: ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK
11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betez, babes-araubide honi atxikitako ondasunean egiten diren esku-hartzeak eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzeko izango dira.
Era berean, edozein erabilera-aldaketa onartuko da, baldin eta ondasunaren balio babestuei eragiten ez badie eta kontserbatzeko eta balioa emateko baldintza hobeak badakartza, babes-araubide partikular honen 8. artikuluan ezarritako baldintzetan.
12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunetik zaindu beharreko elementuak.
Babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatutako balio kulturalak kontuan hartuta, babestutako kultura-ondasunetik zaindu beharreko elementuak honako hauek dira:
– Egungo bolumenaren konfigurazioa: eraikin nagusia eta erantsitako labea, solairu, fatxada eta estalki guztiekin.
– Eraikinaren lerrokadurak, sestrak eta kokapena.
– Fatxaden egungo osaera eta estetika: dauden baoen kopurua eta kokapena, materialak, baliabide estetikoak eta konposiziozkoak, apaindura, kromatismoa eta jatorrizko arotzeriak.
– Zurezko egitura-armazoia.
– Eraikinaren jatorrizko banaketa eta antolaketa espazio-funtzional orokorra, lehen solairura mandio bidez sartzeko kanpoko eskailera barne.
13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.
1.– Oro har, ezin izango dira egin higiezinaren eta zaindu beharreko elementuen balio kulturalei kalte egiten dieten esku-hartzeak, ez eta babes-araubide partikular honetako beste edozein xedapenen aurka doazenak ere. Aitzitik, baimendutako esku-hartzeak eraikinaren elementu tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatzen dituztenak izango dira.
2.– Horretarako, jarraian, babestutako ondasunean aplikatu beharreko esku-hartze araubidearen zehaztapen espezifikoak aipatzen dira, baita babestu beharreko elementuak ere, babes-araubide partikular honen 12. artikuluan definituak:
a) Ez da onartuko eraikinaren bolumena aldatzea (baserria eta eranskina), ez eta azalera aldatzea ere, baldin eta aldaketa horiek jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea badakarte, edo oinaren luzera edo zabalera handitzea badakarte. Estalkiaren jatorrizko antolamendua ere ezin da aldatu.
b) Fatxaden egungo osaera eta materialak, osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadetan dauden baoen kopurua mantendu behar dira, eta horien jatorrizko formak, tamainak eta proportzioak mantendu behar dira. Fatxadetan egiten den esku-hartze orok fatxadak eta horien konposizio- eta apaindura-elementuak berreskuratzea eta zaharberritzea izan behar du helburu. Hala ere, fatxadetan aldaketa partzialak egitea onartuko da, betiere konposizio orokorrean funtsezko aldaketarik eragiten ez badute eta balio estilistiko berezia duten elementuak errespetatzen badira. Fatxada nagusian bao berriak irekitzea salbuespenezko esku-hartzea izango da, eta, organo eskudunak baimentzen badu, itxituraren bilbadura-egitura errespetatu beharko da. Beharrezko bizigarritasun-baldintzak justifikatu ondoren, bao berriak ireki ahal izango dira alboko fatxadetan, baldin eta lehendik daudenen antzeko tamaina, ezaugarriak eta materialak badituzte eta zurezko arotzeria erabiltzen bada.
c) Eraikinaren kanpoko akaberen egitura edo osaera modu berreskuraezinean aldatzen duten garbiketa-tratamenduak ez daude baimenduta.
d) Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritu behar da, bai fatxadako baoetan, bai ateetan. Arotzeria ordezteko jarduketak egin behar izanez gero, jatorrizkoaren material generiko berarekin egin beharko dira (egur industrializatuarekin eta ijeztuarekin onargarria), salbu eta elementuaren kultura-balioak, Bizkaiko Foru Aldundiko kontrol-agintaritzak aitortua, ezartzen badu elementua arotzeria tradizionaleko tekniken eta materialen bidez berreskuratu behar dela.
e) Kultura-ondasunaren egiturazko antolaketa orokorrari eutsi behar zaio, zurezko egitura-armazoiak osatua. Egoera txarrean dauden egitura-elementuen ordez berriak jartzea onartuko da, bai eta egituraren eta zimenduen osaeran egonkortasuna eta segurtasuna handitzea dakarten beste eragiketa batzuk egitea ere, betiere eraikinaren egitura orokorrari eusten bazaio egituraren material generikoari eta tipologiari dagokienez. Halaber, sendotze- eta indartze-jarduketak onartuko dira, baldin eta, kontrol-agintaritzaren iritziz, materialaren aldaketa partzialak, material beraren klase-aldaketak edo merkatuan eskuragarri dauden eta ondarearekin bateragarriak diren teknika berezien aplikazioa behar badituzte.
f) Barne-berrantolaketa espazio-funtzionala onartzen da, erabilera berrien beharretara egokitzeko, betiere eraikinaren jatorrizko antolaketa orokorraren ezaugarriak, kanpoko sarbide-sistema, egitura, fatxadak, bolumetria eta jatorrizko elementu artistiko eta arkitektonikoak errespetatzen badira.
g) 3. artikuluan definitutako kultura-balioak eta 12. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestutik babestu beharreko elementuen balioak kaltetzen dituzten elementu degradatzaileak ezabatzeko esku-hartzeak baimenduko dira. Era berean, higiezinak kontserbatzeko betebeharrari buruz aplikatu beharreko hirigintza-legeriak baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.
h) Behar diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.
14. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren ingurunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.
1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 49. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, babes-ingurunea deklaratutako kultura-ondasunaren parte da. Horri dagokionez, I. eranskinean definitu eta mugatutako babes-ingurunerako babes-araubide espezifiko hau gehitu da.
2.– Inguruaren landa-izaera zaintzeko eta indartzeko esku-hartzeak baimentzen dira. Higiezinaren jarduerarekin lotutako altzariak edo instalazio berriak instalatu behar badira, horiek inguruneko landa-ingurunearekin harmonizatu beharko dira, eta ez diete kalterik egingo babestutako ondasunaren kultura-balioei, baldin eta ez badaude artikulu honen 3. puntuko kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementuen zerrendan.
3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, baldin eta monumentua ikustea eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badute eta haren testuinguru-balioak degradatzen badituzte.
Horri dagokionez, I. eranskinean mugatutako ingurune babesturako, kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren nahasmendu bisuala edo akustikoa eragiten duten kasuetan:
– Eraikin berriak babestutako ondasunaren inguruan.
– Altueragatik, bolumetriagatik edo distantziagatik monumentuaren pertzepzioa nahas dezaketen aldi baterako edo behin betiko eraikuntzak edo instalazioak.
– Hornidurarako, energia-sorkuntza eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.
– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, beren ezaugarri eta kokapenagatik babes-araubide partikular honi atxikitako ondasunaren kultura-balioak kaltetzen dituztenak.
– Hiri-altzari handiak jartzea, babestutako ondasuna eta haren ingurunea desitxuratu dezaketenak.
– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, duten tamaina handiagatik (zabor-edukiontziak) eta kokapenagatik babestutako kultura-ondasunaren pertzepzioa zaildu dezaketenak.
– Babestutako kultura-ondasuna ikustea zailtzen edo desitxuratzen duten zarata-maila handiak sortzen dituzten edo ibilgailu astunen trafikoa sortzen duten jarduerak edo instalazioak.
4.– Babestutako kultura-ondasunaren inguruko ertzean dagoen energia hornitzeko, sortzeko eta kontsumitzeko instalazioa onartuko da, baldin eta landare-itxitura bat badu, ereinotzez edo ingurune horretako beste espezie autoktono batez egina. Behar bezala mantendutako heskai tapitu bat osatuko du, hesi baten altuera berekoa, eta instalazio fotovoltaikoak monumentuan eta haren ingurune osoan duen inpaktuaren zati bat xurgatuko du: instalazioaren aurrean, baserrirantz, eta hego-mendebaldeko alboko aurrealdean.
5.– Eremu horretan kokatuta dauden eta inolako babesik behar ez duten elementuen kasuan (egurra, hego-ekialdeko eraikina, baserriaren aurreko errepidea, etab.), elementu horiek beren lekuan mantentzen badira, elementu horietan egin beharreko edozein esku-hartzek nahitaez lagundu beharko du dagokien eta zerbitzua eman behar dioten landa-ingurunearekiko elkarrizketa hobetzen, haien akaberak, materialen kalitatea, bolumetriaren egokitzapena, etab., hobetuz.
RSS