Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2025eko urriaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4447

191/2025 DEKRETUA, urriaren 7koa, baimen hauek ematen dituena: SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematen zaio Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen zaie sozietate horren estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietate publikoaren kapital sozialean parte hartzen du, eta haren akziodun nagusia da.

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen helburu soziala hau da: industria-arloko ekimena eta inbertsioa sustatu eta bultzatzea, industria-pabiloien konplexu bat eraikiz eta hura kudeatuz, lokalak eta zerbitzuak sustatuz eta merkaturatuz eta konplexuan ezarri nahi duten enpresak gonbidatuz eta hautatuz; enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak egin beharko dituzte, produktu, prozesu eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren arloan (hardwarea eta softwarea) bereziki.

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietateak kapitala zabaldu beharra dauka, sozietateak egin beharreko hainbat inbertsio finantzatzeko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak baimena eskatu du Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Baimen hori beharrezkoa da, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina); izan ere, artikulu horrek ezartzen du enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar dela, dekretu bidez emana.

Sozietatean egitekoa den kapital-zabalkuntzan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia enteak guztira 1.492.182 euroko zenbatekoarekin parte hartuko luke, hau da, proposatutako zabalkuntzaren % 74,61ekin. Hala, % 74,61ekoa izango da aurrerantzean hark Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SAren kapitalean izango duen partaidetza.

Kapital-zabalkuntzak berekin dakar kapital-sozietateen estatutuen artikulua berridatzi beharra. Horrenbestez, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 111.2 artikulua aplikatu behar da (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina), zeinak ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek, sozietate-estatutuak onartzearen edo aldatzearen alde egiteko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dutela, eta ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak biek batera proposatu behar dutela baimena ematea.

Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2025eko urriaren 7an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Milioi bat laurehun eta laurogeita hamabi mila ehun eta laurogeita bi (1.492.182) eurokoa izango da parte hartzea, hau da, zabalkuntzaren % 74,61. Eragiketa horren ostean, % 74,61eko partaidetza izango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak sozietate horretan.

2. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-zabalkuntzaren ondorioz Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena eman dezaten. Artikulu horren idazketan, sozietatearen kapitalaren zenbateko berria adieraziko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 7an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala