
200. zk., 2025eko urriaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (193 KB - 10 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4426
EBAZPENA, 2025eko urriaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez adierazten baita zer ingurumen-inpaktu izango duen AAI.1/AÑ.03.1 jarduketa integratuko eremua urbanizatzeko proiektuak (AÑ.03.1 Añorgako Geltokia). Donostian dago, eta Gailur Residencial SLk sustatu du.
AURREKARIAK
2025eko ekainaren 9an, Donostiako Udalak eskatu zuen, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan eskabidea aurkeztuz, ea hasiko ginen ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa sinplifikatua egiten jarduketa integratuko eremu hau urbanizatzeko proiekturako: AAI.1/AÑ.03.1 (AÑ.03.1 Añorgako Geltokia). Donostian dago, eta Gailur Residencial SLk sustatu du. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen eskabidea, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek araututako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko ekainaren 26an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak hasi zuen ukitutako pertsona interesdun eta administrazio publikoentzako kontsulta-izapidea. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikaturako prozedura jarraitu beharko du proiektuak Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko E7 taldeko 7b) epigrafearekin bat datorrelako, «Bizitegietarako eta merkataritza-guneetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak, eremu urbanizatuetatik kanpo, baldin eta hektarea bateko edo gehiagoko azalera hartzen badute»; bai eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 7.b taldearekin ere, «Urbanizatze-proiektuak, merkataritza-guneak eta aparkalekuak eraikitzea barne».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, beraz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea AAI.1/AÑ.03.1 (AÑ.03.1 Añorgako Geltokia) jarduketa integratuko eremua urbanizatzeko proiekturako. Donostian dago, eta Gailur Residencial SLk sustatu du. Honela dio txostenak:
A) Proiektuaren xedea da Donostiako AAI.1/AÑ.03.1 (AÑ.03.1 Añorgako Geltokia) jarduketa integratuko eremua urbanizatzea.
B) Ebazpen honen bidez egin dugu ingurumen-inpaktuaren txostena AAI.1/AÑ.03.1 (AÑ.03.1 Añorgako Geltokia) jarduketa integratuko eremua urbanizatzeko proiekturako, Donostian (aurrerantzean, proiektua deituko diogu). Bada, horretarako, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertu dugu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Donostiako AAI.1/AÑ.03.1 (AÑ.03.1 Añorgako Geltokia) jarduketa integratuko eremuaren urbanizazio-proiektuaren xedea da AÑ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia garatzea (2024ko irailean onartu zen), hau da, definitzea ea zer urbanizazio-lan beharko diren Donostiako udalerrian dagoen eremu horretako bizitegi-zona berriari sarbideak eta azpiegiturak emateko.
Proiektuaren helburu nagusia da 5 etxebizitza-eraikin jasotzea, parketarako eremu bat atontzea Añorga errekaren bazterrean, aparkalekutarako eremu bat, eta oinezkoentzako aisialdi-eremuak.
Ikus dezagun zer beharko den helburu hori lortzeko:
– Añorga etorbidea erabat berrurbanizatzea, espaloi zabalagoak, aparkaleku ordenatuak eta zoladura eta hiri-zerbitzu berriak jarriz.
– Sartzeko biribilgunean, lehendik txirrindularientzat dagoen pasabidean beste pasabide bat atontzea oinezkoentzat, eta oinezkoentzako bide berri bat sortzea, oraingo lorategiekin lotzeko.
– Eremurako sarbidetik Amasorrain ikastetxea amaitzen den lekuraino dagoen antolamenduari bere horretan eutsiko zaio, eta akaberak berrituko dira.
– Tailer zaharrak okupatutako espazioa Añorga etorbidearen kotaraino jaitsiko da, plaza handi bat sortzeko.
– Azken eraikinen alboetan eta atzealdean plaza eta aisialdirako espazioak sortzen dira, eta banaketa berri bat Euskotrenen geltokira sartzeko.
– Azken eraikinaren ondoren, aparkaleku-eremu bat ezarriko da.
– Añorga etorbidearen gainerako zatia berrurbanizatu egingo da, amaiera-zaku gisako biribilgunea barne, urbanizazio berriaren irizpideei eutsiz eta dagoen antolamenduari ere eutsiz.
Eremu horretan egingo diren beste jarduketa batzuk, proiektu honen parte ez badira ere, Añorga erreka lehengoratzea eta hiri-igogailu bat instalatzea dira.
Urbanizazio-proiektuak 3 fase izango ditu:
1. fasea: Bi gauza egingo dira: C eta D etxebizitza-blokeak; eta Añorga etorbidearen berrurbanizazioa, etxebizitza-bloke berrietatik hasi eta hiribidearen amaierara arte. Bertan biribilgune bat proiektatu da, bidearen amaiera-zaku gisa.
Lehenengo fasea hasi aurretik, behar diren desbideratzeak egin beharko dira:
– ETS geltokirako behin-behineko sarbidea. Gaur egun dagoen lekuaren ezkerraldean egitea aurreikusten da, III. faseko lur gaineko aparkalekua izatekoa denaren gainean. Nolanahi ere, irisgarritasun-araudia ere bete beharko du.
– Behin-behineko sarbide bat, mantentze-ibilgailuek ETSko trenbideetara iristeko modua izan dezaten. II. faseko okupazio-orbanaren gainean egingo da.
– Energia elektrikoa desbideratzea, obrek iraun bitartean estazioa energiaz hornitzen dela bermatzeko.
– Gas-sarearen desbideraketa.
2. fasea: Bigarren fasean, E etxebizitza-blokea egingo da, eta, beraz, alboko urbanizazio-lanak ere egingo dira, Añorga etorbidea barne, hasi Añorga Txikira sartzeko dagoen biribilgunetik eta aurreko fasean gauzatutako zatiaren gainera iritsi arte. Fase hori hasi aurretik, ur beltzen kolektore nagusia desbideratu egin beharko da.
3. fasea: Hirugarren fasean, babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza tasatuen blokeak egingo dira, baita inguruko urbanizazioa ere, geltokirako sarbidea berreraikitzea barne.
Obra egiteko epea 18 hilabetekoa da, baina faseka egingo denez, eraikuntza-obrekin koordinatuta, benetako epea luzeagoa izango da.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren eremuak 39.416 m2ko azalera du. Añorga Txiki hirigunean dago (AÑ.03 Añorga Txiki eremua), Donostiako udal-mugartearen hego-mendebaldeko muturrean, Añorga-Errekalde auzoan. Zehazki, aztertu behar dugun eremua Añorga hiribidearen eta Euskotren trenbidearen artean dago.
Añorga Txikiko herrigunearen zatirik handiena gehienbat bizitoki modura dago garaturik, zerrenda bat izan ezik: barruko sarbidearen eta Euskotren trenbidearen artean dagoena. Zerrenda hori, hain zuzen ere, Añorgako Geltokia (AÑ.03.1) azpieremuan dago (eta horretarako da proiektua), eta zatika dago okupaturik: Amasorrain ikastola, industria-eraikinak eta familia bakarreko etxe batzuk.
Proiektuaren eremua mugatzeko orduan, ebaluatu behar den urbanizazio-proiektuak eraginpean dituen eremuetara lotu gara, proiektuak berekin dakartzan jarduketek, izatekotan ere, hor eragingo baitute inpaktua. Bestalde, elektrizitate-linea lur azpian sartu behar dela-eta, tinkaketa bat egitea dago proiektaturik; bada, tinkaketa horrek ukitzen duen lurraldea ere eragin-eremuaren barruan da.
Proiektuaren eremua bailara baten azpian da, Añorga errekaren bidean. Lurra oso antropizatuta dago. Eraikinak dauden lurzatietan, komunikazio-bideetan, eta trenbide-azpiegituretan ia aldaparik ez dago.
Haizearen kalitatea kontrolatzeko estaziorik hurbilena Añorgakoa da. Haizearen kalitate-indizea oso ona da. Alde horretatik, helburuak beteta daude SO2-rako, NO2-rako, PM10-rako eta PM2,5-erako. Donostialdeko unitateak % 84,93ko iraunkortasun-adierazlea du.
Aztertutako eremuan ez dago interes geologikoko arlo edo gunerik. Eremua bera ez dago geologia-intereseko ezein lekutan. Ikuspegi geomorfologikotik, sistema antropogeniko batez hitz egin daiteke: ekialdean, dentsitate urriko hiri-zatiak ditu; eta dentsitate handikoak mendebaldean (Añorga Txiki auzoa). Mendebaldeko horietan, bereziki ugariak dira komunikazio-bideak eta trenbide-azpiegiturak. Linea lurperatzeko tinkaketa egingo den maldan bakarrik geratuko da jatorrizko lurzorua.
Gipuzkoako Mota Agrologikoen Maparen arabera (GFA, 1988), esku hartu behar den eremuan lurzoruak, nagusiki, VIII. motakoak dira, hau da, oso balio agronomiko txikia edo hutsa duten hiri-garapenek edo bizitegi-garapenek okupatutako lurzoru ekoizpen gabeak. Linea elektrikoa lurperatzeko tinkaketaren irteera VII. motako lurzoruetan dago, hau da, lurzoru horietan oso hertsapen gogorrak daude eta baso-aprobetxamendua mugaturik dago.
Kantauri Ekialdeko Demarkazioko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) lurpeko ur-masen mugaketari dagokionez, azterketa-eremua «Zumaia-Irun» (ES017MSBTES111S000015) masaren gainean dago. Haren egoera kuantitatiboa ona da eta egoera kimikoa ere ona da, eta, beraz, egoera globala ere ona da.
Azterketa-eremua Urumeako Unitate Hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Azpieremutik igarotzen delarik, Añorga errekaren ibai-sistema gogotik dago eraldaturik. Han eta hemen obrak eginak dira, bai ibilgua aldatzeko bai lur azpira eramanak ziren zati batzuk azalera ekartzeko. Gutxi gorabehera 575 m-an Añorga erreka trenbidearekiko paraleloan doa azpieremuan barrena, hego-mendebaldetik ipar-ekialdera. Gaur egun, 175 m-ko lehen tarte batean bideratuta dago, eta lurperatuta dago bere garaian Miko eta Firestone enpresei loturik zeuden lurzatien azpian (197 metro) eta, azken 200 metroetan, ibilgua berriro lurrazaletik doa bideratuta.
Uraren Euskal Agentzia orain ari da tramitatzen AÑ.03.01 Añorgako Geltokia eremuan Añorga errekastoaren ingurumena lehengoratzeko obren baimena. Lan horiek Añorgako geltokia 1/03.1 Egikaritze Unitatearen Hitzarmen Batzordeak gauzatzen ditu.
Landarediari dagokionez, harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa dagokio berez. Baina lurraldea hain egonik eraldaturik, ez da ezer asko geratzen: eremuaren hego-mendebaldeko muturrean arbola hostozabal eta baratze batzuk, eta etxeetako lorategiak. Urbanizatu behar den plataformaren zatirik handiena artifizializatuta dago, eta, gainerakoan, landaredi erruderal edo nitrofiloa dago.
Ibaiertzeko landaredia eremuaren azaleraren % 1 da. Errekastoa txukuntzeko egin ziren obren ondoren egindako landaketetatik dator. Zer dagoen: sahatsa, hurritza, haltza (Alnus glutinosa), lizarra, astigarra eta abar.
Ingurumen-kartografiaren arabera, eremuaren iparraldean eta ekialdean bada habitat bat Batasunaren Intereseko: «altitude baxuko sega-belardi pobreak» (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) (6510). Baina joan gara hara, eta ez dugu ikusi ez habitat hori, ez mehatxatutako flora-espezierik.
Eremuan dagoen fauna gizatiartze-mailak eta landare-estalkiaren sinplifikazio-mailak baldintzatzen dute; gauzak horrela, ez dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasotako espezieen habitat bereizgarririk, eta, beraz, ez dirudi eremuan egongo direnik. Ibai-ibilguei loturiko espezieei dagokienez, Gipuzkoan onartutako eta lauki-sarean aipatutako kudeaketa-plana dutenei dagokienez (bisoi europarra eta desman piriniotarra), eremuan dago espezie horietarako Interes Bereziko Eremurik eta, ibilguaren egoera dela eta (lurperatuta eta bideratuta dauden zatiak txandakatzen dira), ziurrenik ez dago halako espezierik bertan.
Ez hirigintzako esku-hartze eremua, ez haren ingurune hurbila, ez dira ez eremu babestuak, ez inbentariatutako interes naturalistikoko beste leku batzuk ere (EAEko espazio esanguratsuen katalogo irekiko espazioak, LAGetako interes naturalistikoko eremuen zerrenda irekia eta EAEko hezeguneen inbentarioa). Ez dago EAEko korridore ekologikoetako batean edo azpiegitura berdeetako batean; eta ez dago onura publikoko mendirik, ez aztertutako eremuan, ez haren ingurune hurbilenean.
Begira dezagun «EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoa» aurreproiektuan, eta ikusiko dugu proiektuak ukitzen duen eremua Ondarretako ikus-arroan dagoela (433), eta 1.534 ha-ko azalera duela. Inguru geografiko atlantikoan dago, paisaia oso ohiko gisa dago iritzita, eta kalea da nagusi. Paisaiaren aldetik oso balio txikia dauka aitorturik, balio eszeniko gutxikoa eta dibertsitate handikoa.
Eremuko paisaia hiri-paisaia da, Donostiako hirialdearen hego-mendebaldean kokatua, Añorga Txiki auzoan, dentsitate handiko bizitegia, eta komunikazio-azpiegiturez inguratua. Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoaren eta Zehaztapenen arabera, aztergai den azpieremua paisaia artifizial gisa sailkatzen da, Oria eta Urumea arteko aldirietako espazioen unitatean sartzen da, berezko hauskortasuna baxuaren eta ertainaren artekoa du, ikus-irisgarritasun kontenplatibo txikia eta egunerokotasun oso handia. Azpieremua helburu honen barruan dago: hiri-kokaguneetara doazen komunikazio-azpiegiturak dituzten erreka-bazterrak hobetzea. Azterketa-eremua eta haren ingurunea ez daude Paisaia-interes bereziko eremuetan (PIBE).
Ez da ondare arkeologiko edo arkitektoniko babesturik identifikatu, ez Añorgako Geltokiaren azpieremuan ez inguruan.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, etorkizuneko hirigintza-garapena egingo den eremuan, leku gehienetan, higadura-maila eskasa dago; eta, leku txiki batzuetan, ez da litekeena higadura-prozesurik jasatea. Plan Bereziaren eremua 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneetatik kanpo dago, eta, ondorioz, lehentasunezko fluxu-guneetatik kanpo.
Eremuaren hegoaldean bada leku bat industriatarako erabili izan dena eta kutsatuta egon daitekeena (20069-00265 kodea), bere garaian Miko eta Firestone enpresei lotutako lurzatietan (3.406 m2).
Euskal Autonomia Erkidegoko akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasunaren maparen arabera (1:25.000), eremua bera eta inguru osoa dauden lekuak oso urrakortasun txikia du akuiferoen kutsadurarekiko.
Zaratari dagokionez, begiratu dugu zer jartzen duen AÑ.03.1 Añorgako Geltokia Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren inpaktu akustikoari buruzko azterlanean, eta, aztertutako hiru denbora-tarteetan (egunez, arratsaldez eta gauez), ekialdean bai gainditzen dira mugak, trenbidea dela-eta. Gauez, trenak ez ezik, Añorga hiribideko zirkulazioak ere muga gainditzen du azterketa-eremuaren mendebaldean. Antiguako babes akustiko bereziko eremuaren barnean dago eremu hori.
Plan berezi horretan bada bibrazioen azterlana ere. Haren arabera, etorkizuneko etxebizitzek lursailaren kotan duten bibrazio-mailak ez ditu gainditzen eraikinen barrualdeari aplika dakizkiokeen kalitate akustikoko helburuak.
Salgai arriskutsuen garraioari dagokionez, azterketa-eremua GI-21 errepideari lotutako 200 metroko afekzio-bandaren barruan sartzen da, baina oso arrisku txikikoa da eta mendebaldetik igarotzen da. Trenbideari dagokionez, hurbilen dauden lineak nahiko urrun daude, eremuak arrisku hori jasan ez dezan bezain urrun.
Klima-aldaketari dagokionez, Planaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, uste da azpieremua giza osasunaren gaineko bero-boladen arriskuaren eta hiri-ingurunearen gaineko ibai-uholdeen arriskuaren eraginpean egon daitekeela.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira.
Planaren garapenak izan ditzakeen ondorio kaltegarriak honako jarduketa hauek gauzatzeari lotuta daude:
– Eraikinak eta instalazioak eraistea.
– Landaredia soiltzea.
– Lur-mugimenduak.
– Urbanizazio-lanak (espaloiak, bideak, bestelako azpiegiturak eta zerbitzuak).
– Sestra gainean eta azpian eraikinak eraikitzea.
– Obren eraginpean dauden azalerak leheneratzea.
Proiektuaren garapenaren ondoriozko jarduketak dira sastrakak kentzea eta landareak moztea, eta betelanak eta hondeaketak egitea.
Landare-mozketak eta -garbiketak landare erruderal eta nitrofiloa dagoen lekuetan egingo dira (3.028 m2). Urbanizazio-jarduketen eraginpeko gainerako azalera jada artifizializatutako azalerak dira. Linea elektrikoa lurperatzeko, zulaketa eta tinkaketa egingo da.
Indusketa-bolumena 15.802 m2-koa da, baina 546 m3 obran bertan berrerabiltzen dira betelan gisa.
Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, etba hondakinak sortu ahal izango dira.
Bestalde, bere garaian Miko eta Firestone (3.406 m2) enpresak egondako lurzatietan bizitegi-eraikinak eraikitzea aurreikusten da; bertan, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak daude. Ondorioz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (lurzoruaren kalitatea deklaratzeko kasuak), beharrezkoa da lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozedurarekin hastea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluaren b) eta d) kasuetan egoteagatik, 31.4 artikuluarekin bat etorriz. Gainera, 23.2 artikuluarekin bat, beharrezkoa izango da Indusketa Selektiboko Plan bat prestatzea, eta hori ingurumen-organoak onartu beharko du, aurreikusitako indusketak hasi aurretik.
Obren ondoren, bertan jendea biziko da, jarduera osagarriak etorriko dira, hala nola hirugarren sektorekoak eta ekipamenduetakoak, eta horregatik, trafiko gehiago, hondakin gehiago, baliabide-kontsumo handiagoa eta eragozpen gehiago.
Eremuaren uholde-arriskuari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak 2025eko irailaren 23ko txostenean adierazitakoaren arabera, kontuan hartuta zer informazio dagoen eremu horretan Añorga erreka leheneratzeko proiektuan jasotako azterketa hidraulikoan, ondorioztatzen da errekaren ertzetan proiektatutako urbanizazioak eta eraikuntzak uholde-arriskuko eremutik kanpo daudela.
Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak hartuko dira inpaktu haiek ekidin edo murrizteko, baita ingurumena zaintzeko programa martxan jarri ere, neurri haiek era egokian betetzen direla eta xede izan dutena lortzeko egokiak eta nahikoak direla bermatzeko.
Esparruaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat lur kutsatuei, hondakinei eta isuriei eta kalitate akustikoari buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta AAI.1/AÑ.03.1 (AÑ.03.1 Añorgako Geltokia) jarduketa integratuko eremuaren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langileen kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan txertatu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Natura-ondarea babesteko neurriak:
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripu-afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.
– Landaredi autoktonoa kentzea edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusi ez den eremuetan. Horretarako, lanak hasi baino lehen, proiektuaren ingurunean dauden zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak zehatz mugatuko eta zedarrituko dira.
– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Buddlelia davidii, Cortaderia selloana edo beste batzuk).
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:
– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta lantegiko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko, behar diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorura, lurpeko uretara eta lurrazaleko uretara substantzia kutsagarriak ez isurtzeko.
– Uraren Euskal Agentziaren 2025eko irailaren 23ko txostenean adierazten den bezala, proiektuak, baimena emango bazaio, zehaztu beharko du akabera iragazkorren ehunekoa zein izango den espazio libreetan.
Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak:
– Proiektua gauzatzekoa den lekua bera –eta hau kontuan hartu beharra dago– lurra kutsa dezaketen jarduerak dauzkaten edo eduki dituzten lurren bilduman dago (20069-00265 kodea), eta, ondorioz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (lurzoruaren kalitatea deklaratzeko kasuak), beharrezkoa da lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozedurarekin hastea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluaren b) eta d) kasuetan egoteagatik, 31.4 artikuluarekin bat etorriz. Gainera, 23.2 artikuluarekin bat, beharrezkoa izango da Indusketa Selektiboko Plan bat prestatzea, eta hori ingurumen-organoak onartu beharko du, aurreikusitako indusketak hasi aurretik.
Kaltetutako eremuak lehengoratzeko eta paisaia babesteko neurriak.
– Berroneraketan erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak.
Ahalik eta hauts gutxien sortuko da obrek irauten duten bitartean, batez ere lurrak mugitzen eta garraiatzen direnean. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
– Sarrerako bideak aldiro-aldiro garbituko dira, eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera onean egon beharko dute une oro, lokatzik gabe.
– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:
– Zarata jatorrian murrizteko jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatu eta uzteko eragiketetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztean, makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzean, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzean eta abarretan ere.
– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
– Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkia-printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie.
– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarna berririk aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela-eta, ez da beharrezkotzat jotzen AAI.1/AÑ.03.1 (AÑ.03.1 Añorgako Geltokia) jardun integratuko eremua urbanizatzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea. Proiektua Gailur Residencial SL, sustatu du, Donostian.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 1a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS