Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2025eko urriaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4421

ERABAKIA, 2025eko urriaren 9koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, Unibertsitateko katedradunen, irakasle osoen eta ikerketako irakasleen kidegoko plazak sortzeko Arautegia onartzeko dena.

Unibertsitateko irakasleen promozioa beren karrera akademikoaren zati da, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren 71.2 artikuluaren arabera, eta unibertsitateen betebeharra da promozio programa horiek ezartzea, lege horren 46.2 i) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Arautegi honen xedea da prozedura bat arautzea unibertsitateko katedradunen, irakasle osoen eta ikerketako irakasleen kidegoko plazak hornitzeko, egungo lege esparruaren barruan erabat sartuta, azken helburua barne promoziorako eskubidea bermatzea delarik.

Hori erregelamendu honen bidez egingo da, prozedura berri bat ezartzen baitu katedradunen, irakasle osoen eta ikerketako irakasleen (UK/IO/II) kategorietako plazak sortzeko, ondoren irakasle eta ikertzaileen promozioa ahalbidetzeko, irakasle eta ikertzaileak kudeatzeko egungo arautegiak arlo honetan ezarritakoa ordeztuz.

Promozio prozedura horrek hainbat une desberdin ditu. Alde batetik, plaza berriak sortzeko proposamena egiteko unea dago. Bestetik, onartutako proposamenak antolatu eta hautatzeko unea dago, eta, ondoren, Gobernu Kontseiluari bidaltzeko unea, ondoren izapidetu ahal izateko.

Lanpostu horiek sortzeko proposamenak IRIen kudeaketarako zirkularrean adierazitako epean egiten dira sailetan.

Unibertsitateko Irakasleen Batzordean (UIB) antolatu eta hautatuko dira promozioko plazak, arautegian ezarritako irizpide objektiboen arabera. Gobernu Kontseiluari helarazi eta behin betiko onartu aurretik, irakasle eta ikertzaile funtzionarioen eta lan kontratudunen Plangintza Batzordeari jakinaraziko zaio.

Plaza berriak sortzeko proposamenak antolatzeko eta hautatzeko prozesuan, sartuko dira bai katedradunen eta irakasle osoen plazak zein ikerketako irakasleenak.

Sailetako plaza proposamenak ordenatu eta hautatu ondoren, Gobernu Kontseilura bidaliko dira, aurrekontu baliabideen eta Eusko Jaurlaritzaren gastu baimenaren arabera onartuak izan daitezen.

Horregatik guztiagatik, Irakasle ikertzaileen errektoreordeak proposatuta eta Irakasleen Batzordearen ontziarekin, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Unibertsitateko katedradunen, irakasle osoen eta ikerketako irakasleen kidegoko plazak sortzeko Arautegia onartzea, Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren irizpenarekin bat etorrita.

Bigarrena.– Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabaki baten bidez.

Leioa, 2025eko urriaren 9a.

UPV/EHUko errektorea,

JOSÉ RAMÓN BENGOETXEA CABALLERO.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

LEIRE GARMENDIA ARRIETA.

ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO KATEDRADUNEN, IRAKASLE OSOEN ETA IKERKETAKO IRAKASLEEN KIDEGOKO PLAZAK SORTZEKO ARAUTEGIA

Unibertsitate irakasleen promozioaren beren karrera akademikoaren zati da, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren 71.2 artikuluaren arabera, eta unibertsitateen betebeharra da promozio programa horiek ezartzea, lege horren 46.2 i) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Arautegi honen xedea da prozedura bat arautzea unibertsitateko katedradunen, irakasle osoen eta ikerketako irakasleen kidegoko plazak hornitzeko, egungo lege esparruaren barruan erabat sartuta, azken helburua barne promoziorako eskubidea bermatzea delarik.

Hori erregelamendu honen bidez egingo da, prozedura berri bat ezartzen baitu katedradunen, irakasle osoen eta ikerketako irakasleen (UK/IO/II) kategorietako plazak sortzeko, ondoren irakasle eta ikertzaileen promozioa ahalbidetzeko, irakasle eta ikertzaileak kudeatzeko egungo arautegiak arlo honetan ezarritakoa ordeztuz.

Promozio prozedura horrek hainbat une desberdin ditu. Alde batetik, plaza berriak sortzeko proposamena egiteko unea dago. Bestetik, onartutako proposamenak antolatu eta hautatzeko unea dago, eta, ondoren, Gobernu Kontseiluari bidaltzeko unea, ondoren izapidetu ahal izateko.

Lanpostu horiek sortzeko proposamenak IRIen kudeaketarako zirkularrean adierazitako epean egiten dira sailetan.

Unibertsitateko Irakasleen Batzordean (UIB) antolatu eta hautatuko dira promozioko plazak, arautegian ezarritako irizpide objektiboen arabera. Gobernu Kontseiluari helarazi eta behin betiko onartu aurretik, irakasle eta ikertzaile funtzionarioen eta lan kontratudunen Plangintza Batzordeari jakinaraziko zaio.

Plaza berriak sortzeko proposamenak antolatzeko eta hautatzeko prozesuan, sartuko dira bai katedradunen eta irakasle osoen plazak zein ikerketako irakasleenak.

Sailetako plaza proposamenak ordenatu eta hautatu ondoren, Gobernu Kontseilura bidaliko dira, aurrekontu baliabideen eta Eusko Jaurlaritzaren gastu baimenaren arabera onartuak izan daitezen.

1. artikulua.– Sailaren proposamena.

1.1.– Plazak sortzeko prozedura ofizioz hasiko da, interesdunek horrela eskatuta zeinek bere sailaren bidez. Sailek irakasleen kudeaketarako urtero onartuko den zirkularrean adierazitako epean izapidetuko dituzte katedradunen, irakasle osoen eta ikerketako irakasleen plazen eskaerak.

1.2.– Sailetako kontseiluaren erabakiek bermatuko dituzte sailen proposamenak, kontuan hartuta artikulu honetako laugarren atalean adierazitakoa betetzen duten pertsonek egingo dituzten eskaerak.

1.3.– Saileko kontseiluaren erabaki hau modu frogagarrian jakinaraziko zaie interesdun guztiei, eta adieraziko zaie beren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearen legerian ezarritako baldintzak eta betebeharrak aintzat hartuta.

1.4.– Nolanahi ere, sailak proposamen bakoitzarekin batera justifikatu beharko du sailean, gutxien dela, hautagai bat duela, unean uneko sarbide lehiaketan parte hartzeko behar den akreditazioarekin.

2. artikulua.– Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak esleitzeko irizpideak, ordenatzeko unibertsitateko katedradunen, irakasle osoen eta ikerketako irakasleen kidegoko plaza berriak.

2.1.– UBIk honako irizpide hauen arabera ordenatuko ditu sailen eskaerak, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserbak alde batera utzi gabe:

a) Handienetik txikienera, formula honen emaitzaren arabera:

0,5X + Y

Non:

X = UPV/EHUn irakasle ikertzaile gisa emandako zerbitzu urteak (funtzionario zein lan kontratudun moduan)

Y = promoziorako aukera ematen duen lehenengo akreditazioaren antzinatasun urteak

b) Berdinketa gertatuz gero, unibertsitateko goragoko kategorietan ordezkaritza txikiena duen sexuaren araberako pertsonaren eskaera; kategoria horiek dira, hain zuzen, katedradunak, irakasle osoak, ikerketako irakasleak edo irudi baliokideak.

c) Berdinketa mantentzen bada, seiurteko gehien dituen pertsonaren eskaera.

2.2.– Proposatutako plazak ordenatu ondoren lehenengo ataleko formularen arabera, bost zerrendetan banatuko dira, bost jakintza adarrei dagozkienak –1) Arteak eta Giza Zientziak, 2) Zientziak, 3) Osasun Zientziak, 4) Gizarte eta Lege Zientziak, eta 5) Ingeniaritza eta Arkitektura–, hurrengo atalean adierazitakoari jarraituta.

2.3.– Plazak modu proportzionalean banatuko dira bost jakintza adar handien artean, kasuan kasuko urteko Lan Eskaintza Publikoaren amaiera egunean unibertsitateko irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artean duten pisuarekin bat etorrita, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

Non:

UK = unibertsitateko katedraduna

IO = irakasle osoa

UEK= unibertsitate eskolako katedraduna

AG = agregatua

UT= unibertsitateko titularra.

ID = ikertzaile doktorea.

II = ikerketako irakaslea

UET = unibertsitate eskolako titular doktorea

SHEE = SHEEko irakasle doktorea

UELK = unibertsitate eskolako lankide doktorea

Irizpide hori aplikatzeko, irakasle doktore iraunkorren arduraldi partzialak haztatuko dira.

2.4.– Adar bakoitzeko kupoko plazen erdia unibertsitateko goi-mailako kategorietan ordezkaritza txikiena duten sexuko pertsonentzat izango da nahitaez, katedradunak, irakasle osoak, ikerketako irakasleak edo figura baliokideak izanik.

2.5.– Sailetako plaza proposamenak ordenatu eta hautatu ondoren, UIBk plazak sortzeko proposamena egingo du eta Gobernu Kontseilura bidaliko da, aurrekontu baliabideen eta Eusko Jaurlaritzaren gastu baimenaren arabera onartuak izan daitezen.

2.6.– Urteren batean ez badago proposamen nahikorik erabilgarri dauden aurrekontu baliabidetarako, soberakina hurrengo urteari gehituko zaio.

2.7.– Ordenatu diren baina aurrekontu baliabiderik ez dagoelako Gobernu Kontseiluari aurkeztu ez zaizkion proposamenak lehentasunez gehituko dira hurrengo urteko antolamenduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango sailak proposamena berriro egitea.

2.8.– Irakasle-ikertzaileen Plangintza Batzordeari jakinaraziko zaio zeintzuk plaza aurkeztuko diren Gobernu Kontseiluak eta zeintzuk ez. Desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonek egindako proposamenak aplikatu beharreko lege aurreikuspenen arabera aztertuko dira.

2.9.– Gobernu Kontseiluak Unibertsitateko Irakasleen Batzordearen esku uzten du batzordeak proposatu arren Gobernu Kontseiluan aurkezten ez diren plazei buruzko erabakia hartzeko ahalmena, eta horren modu frogagarrian emango die horren berri interesdunei. Erabaki horren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote batzordeari berari, hilabeteko epean, jakinarazten denetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazten denetik aurrera.

3. artikulua.– Gobernu Kontseiluak plazak onartzea.

3.1.– Gobernu Kontseiluari dagokio onartzea UIBk arautegi honen arabera proposatutako plazen sorrera.

3.2.– Gobernu Kontseiluak atzera botako balu plaza bat sortzeko proposamenen bat, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernu Kontseiluari berari, hilabeteko epean, jakinarazten denetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazten denetik aurrera.

3.3.– UIBk edo Gobernu Kontseiluak plaza bat onartu ondoren, posible izango da UIBri hura aldatzeko eskatzea, deialdi publikoa egin baino lehen, baldin eta proposamena babesten duen pertsonak katedradun akreditazioa lortzen badu. Aldaketa hori Gobernu Kontseiluak onartu beharko du.

4. artikulua.– Plazak amortizatzea.

Hautaketa prozesuaren ondorioz dotazio berriko plaza deialdia egin duen saileko kide batek betetzen badu, pertsona horrek ordura arte betetzen zuen plaza amortizatu egingo da. Plaza sailekoa ez den kide batek betetzen badu, sail horretan hutsik geratuko den lehenengo plaza amortizatuko da, eta ezingo da proposatu dotazio berririk amortizazio hori gertatu arte.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aldi baterako neurriak.

UIBk 2025eko martxoaren 27an onartutako proposamenak, arautegi hau indarrean sartu aurretik, ez badira aurkezten Gobernu Kontseiluak aurrekontu baliabiderik ez dagoelako, lehentasuna izango duen itxarote zerrena batean sartuko dira, eta zerrenda horri gehituko zaizkio, amaieran, hurrengo urteetako plaza eskaera berriak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Jakintza arloei buruzko behin-behineko araubidea.

Uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorrari jarraikiz, jakintza espezialitateen zerrenda indarrean sartu arte, plazen profila jatorrizko jakintza arloei legokiekeena izango da.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Irakasleen Kudeaketarako Arautegiko VII. titulua.

Indargabetu egiten da Gobernu Kontseiluaren 2010eko otsailaren 11ko erabakiaren bidez onartutako Irakasleen Kudeaketarako Arautegiko VII. titulua (2010eko martxoaren 15eko EHAA, 50. zk.), bai eta arautegi honetan ezarritakoaren aurka doan beste edozein arau ere.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala