Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2025eko urriaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4420

189/2025 DEKRETUA, urriaren 7koa, diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunei aplikatzeko enplegu-pizgarriak arautzen dituena.

Errenta Bermatuen Euskal Sistemak, sortu zenez geroztik, aurreikusita dauka norberaren lanetik edo norberaren konturako jarduera ekonomikotik datozen diru-sarrera batzuk ez zenbatzeko aukera, saihetsi egin nahi baita prestazioa eragozpen izatea enplegua lortzeko eta enplegua izaten jarraitzeko. Aurreikuspen hori, ondoko lege-testuetan errepikatua, erregelamenduz garatu zen, azkenik Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2001eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez; agindu horrek lanean hasteko pizgarriak ezarri zituen oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat.

Hura onartu zenetik hogei urte baino gehiago igaro direla, beharrezkoa da haren edukia berrikustea eta eguneratzea, kontuan hartuta, batetik, aldi horretan gertatu diren aldaketa normatiboak, ekonomikoak eta sozialak, eta, bestetik, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren ebaluazio-txostenetan jasotako ebidentziak. Horietan, frogatuta geratu da ereduak arrakasta izan duela, erakutsi baitu onuragarria izan dela, bai enplegurako bidean egoteko probabilitateari begiratuta, bai lortzen den enpleguaren kalitateari begiratuta. Aldi berean, hobetu beharreko eremu batzuk ere detektatu dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira pizgarriak indibidualizatzeko formulak garatzea, familia-egituren bilakaera kontuan hartzea –guraso bakarreko familien egoera, bereziki–, eta sistema hobeto ulertaraztea.

Araudiari dagokionez, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari buruzko abenduaren 22ko 14/2022 Legeak 40. artikuluan jasotzen du, aurreko legeek egin zuten bezala, aukera ematea –erregelamenduz ezarriko diren mugekin– bateragarri izan daitezen, batetik, diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioaren aitortza, eta, bestetik, prestazioaren eskatzaileek eta onuradunek norberaren zein besteren konturako lanetik lortzen dituzten diru-sarrerak, nahiz eta errotik aldatzen duen pizgarri horiek ulertzeko modua, ezartzen baitu pizgarri horien aplikazioa mugagabea izango dela; horrela, pizgarriok aldi baterakoak izateari utzita, lan-merkatuan irauteko zegoen oztopoa kendu du. Delako aukera hori, kasu honetan, dirulaguntza erako prestazio ekonomiko ez-aldizkakoekin lotutakoa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretuaren 13.2 artikuluak jasotzen du.

Norberaren edo besteren konturako lanetik datozen diru-sarrerei tratamendu bereizia ezartzea justifikatzeko, badira bi arrazoi, gutxienez. Lehenengoa: luze dirauen fenomeno bati heldu beharra, zeina baita diru-sarrera txikiak izateagatik pobreziaren muga gainditzea lortzen ez duten pertsona landunen egoera. Bigarrena: enplegua lortzeko dagoen oztopo jakin bat gainditu beharra, zeina baita lanetik datozen diru-sarrerak handitu ahala prestazioa proportzioan murriztea.

Dekretu honetan arautzen den bateragarritasun-eredu berriak helburu nagusi hauek ditu: a) diru-sarrera apalak dituzten langileei laguntzeko politikarekin jarraitzea eta politika hori familia handiei dagokienez hobetzea, ereduaren estaldura handituz; b) diru-pizgarrien ardatzean egotea enpleguan parte hartu edo ez norberak erabakitzea eta lan egiteko ordu kopurua norberak aukeratzea; c) genero-ikuspegia ezartzea, bikoteetako bigarren kideek –gehienetan emakumeak– enpleguan parte hartzeko pizgarrien bidez eta guraso bakarreko familiak –gehienetan emakumeak direla buru– lan-merkatuan sartzeko laguntza ekonomikoa emanez, eta d) sarbiderik ezaren egoerak murrizten laguntzea, bateragarritasun-ereduaren gardentasuna eta ulergarritasuna areagotuz.

Helburu horiek direla-eta, bateragarritasun-eredu berria hobari orokor baten inguruan antolatzen da. Hobari hori ehuneko bat da, bizikidetza-unitateak lanetik lortzen dituen diru-sarreren gainekoa, eta horri hobari indibidual bat gehitzen zaio, zenbateko finkoa duena. Hobari indibidual horren zenbatekoa desberdina izango da pertsonaren lan-intentsitatearen arabera.

Horren osagarri, guraso bakarreko familien kasuan, hobari bat ezartzen da, hori ere zenbateko finkokoa, seme-alaben hazierarekin lotuta dagoen aukera-kostua dela-eta. Hobari horien guztien baturak zehaztuko du zer laneko diru-sarrera ez diren zenbatuko diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa kalkulatzeko.

Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta norberaren edo besteren konturako lanetik datozen diru-sarreren bateragarritasuna –dekretu honetan ezarritako terminoen arabera– nola aplikatzen den ikusteko, jarraipena eta aldizkako ebaluazioa egingo dira, eta horren emaitzak aipatutako hobarien zenbatekoak aldatzea ekar dezake, hala badagokio.

Dekretua elkarrekin izapidetu dute diru-sarrerak bermatzearen eta gizarte-larrialdietarako laguntzen arloan eskumena duten sailek, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 145.1.g) artikuluan ezarritakoa betez.

Azaldutakoaren arabera, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko urriaren 7an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren araudian jasotako enplegu-pizgarriak nola aplikatu arautzea. Neurri horrek ahalbidetzen du diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa eta gizarte-larrialdietarako laguntzen prestazioa bateragarriak izatea prestazio horien eskatzaile eta onuradunek norberaren konturako lanetik edo jarduera ekonomikotik lortzen dituzten errentekin.

Horretarako, zenbateko jakin batzuk deskontatu egiten dira norberaren edo besteren konturako lanetik datozen diru-sarreren zenbaketan, dekretu honetan ezartzen diren balditzetan eta moduan.

2. artikulua.– Kanpo utzitako diru-sarreren zenbatekoa.

1.– Norberaren edo besteren konturako lanetik datozen diru-sarrerak lortzen diren hilean, diru-zenbateko bat deskontatutako da horietatik, zeina izango baita hobari orokorraren, hobari pertsonalen batukariaren eta seme-alaben hazieragatiko kostuaren hobariaren arteko batura, formula honen arabera:

Deskontatu beharreko zenbatekoa = hobari orokorra + hobari pertsonalaren ? + seme-alaben hazieragatiko kostuaren hobaria

2.– Ezarritako hobarien edukia eta kalkulatzeko modua hauek dira:

a) Hobari orokorra: bizikidetza-unitatean, norberaren edo besteren konturako lanetik datozen hileko diru-sarrera propioen % 20.

Ondore horietarako, laneko diru-sarrera propiotzat hartuko dira norberaren edo besteren konturako lanetik datozen guztizko diru-sarrerak, bat etorriz Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onartzen duen azaroaren 21eko 173/2023 Dekretuaren 37. eta 38. artikuluetan ezarritakoarekin.

b) Hobari pertsonala: diru-sarrerak bermatzeko errentaren oinarrizko zenbatekoaren % 12 edo % 22, bizikidetza-unitateko langile bakoitzaren lan-intentsitatearen arabera, hurrenez hurren, lan-intentsitatea txikia edo handia izatearen arabera.

Pertsona batek lan-intentsitate txikia duela joko da baldin eta norberaren edo besteren konturako lanetik datozen diru-sarrerak lortu ziren hilean Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan 20 egun oso baino gutxiago alta emanda egon bada; lan-intentsitate handia duela, berriz, hil horretan 20 egun osoz edo gehiagoz alta emanda egon bada.

Alta emanda egondako egun osoak zenbat diren kalkulatzeko, denbora partzialean lan egindako egunak lanaldi horrek lanaldi osoarekiko erakusten duen ehunekoaren arabera zenbatuko dira.

c) Seme-alaben hazieragatiko kostuaren hobaria: diru-sarrerak bermatzeko errentaren oinarrizko zenbatekoaren % 25, zeina deskontu osagarri gisa aplikatuko baitzaie 14/2022 Legearen (Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena, abenduaren 22koa) 34.3 artikuluan ezarritakoaren arabera eratutako guraso bakarreko bizikidetza-unitateei, baldin eta haien kargura dauden pertsonek hamalau urte baino gutxiago badituzte edo desgaitasuna badute.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Bateragarritasun-eredu berriaren ebaluazioa.

Bateragarritasun-eredu berriaren funtzionamenduari diseinu-, funtzionamendu- eta emaitza-ebaluazio bat egingo zaio, antzeko helburuak dituzten beste politika publiko batzuekin duen elkarreragina kontuan hartuta. Ebaluazioan, ereduaren funtzionamendua hobetzeko gomendioak jasoko dira. Ebaluazioa enplegu- eta inklusio-politikak ebaluatzeko organoak egingo du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ere parte hartuko duela.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Prozeduren erregimen iragankorra.

1.– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa onartzeko, berriz jasotzeko eta zenbatekoa eguneratzeko prozeduretan, baldin eta dekretu hau indarrean jarri eta oraindik izapide-bidean badaude, enplegurako pizgarriak aplikatuko dira, bat etorriz Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2001eko otsailaren 14ko Aginduarekin, zeinak lanean hasteko pizgarriak ezartzen baititu oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat.

2.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak garatzen duen gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko erregelamenduzko xedapena indarrean jarri artean, gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko prozeduretan 2001eko otsailaren 14ko Agindua aplikatuko da (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuarena, lanean hasteko pizgarriak ezartzekoa oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat).

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2001eko otsailaren 14ko Agindua, lanean hasteko pizgarriak ezarri zituena oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aldatzeko ahalmena.

Diru-sarrerak bermatzearen eta gizarte-larrialdietarako laguntzen arloan eskudun diren Eusko Jaurlaritzaren sailetako titularrek ahalmena dute 2. artikulua elkarrekin aldatzeko, lan-intentsitatea zehazteko kontuan hartzen diren portzentaje-balioei eta egun-kopuruari dagokienez, araututako prozedurari jarraituz eta Inklusiorako Euskal Kontseiluak txostena eman ondoren, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 145.1.g artikuluaren arabera. Ahalmen hori zenbait egoeratan soilik baliatuko da, baldin eta, ebaluazioa egin ondoren,,zehaztu bada zioen adierazpenean aurreikusitako helburuetako bat edo batzuk ez direla betetzen.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau 2026ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 7an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala