
199. zk., 2025eko urriaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (364 KB - 36 orri.)
- EPUB (1102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4405
EBAZPENA, 2025eko irailaren 11koa, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita «Rothenberger S.A.U enpresaren 2024-2027 aldirako Hitzarmen Kolektiboa» erregistratzea, gordailutzea eta argitaratzea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2025eko uztailaren 18an, REGCONen, aipatutako hitzarmenari lotutako dokumentazioa aurkeztu da.
Bigarrena.– Aipatutako hitzarmeneko sinatzaileek erregistro, gordailutze eta argitalpenerako izapide-eskaria egingo duen pertsona izendatu dute.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, bere 2. artikuluan Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila sortzen du, eta bere 7. artikuluan, sail honen funtzioen artean, jasotzen du lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea.
Aipatutako sailaren barruan, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da organo eskuduna, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 232/2024 Dekretuaren 13.1.i) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa zuzendu eta kudeatzeko.
Bigarrena.– Prozedura honetan aplikagarri den araudi sustantiboa honako arau hauetan jasotzen da: batetik, maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzeari buruzkoan; bestetik, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuan, Euskadiko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistro eta gordailutzeari buruzkoan.
Hirugarrena.– Aurkeztu den akordioa egintza inskribagarria da, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713 /2010 Errege Dekretuak bere 2.1.a) artikuluan ezartzen duenaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Errege Dekretu Legegileko 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunei jarraikiz sinatu da.
Behin inskribatze eskaria eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legezko betekizun guztiak betetzen dituela, eta beraz, Euskadiko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistro eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuak 9. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun-Planen Erregistroan inskribatu eta gordailutzea, alderdiei jakinaraziz.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 11.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA VICTORIA PORTUGAL LLORENTE.
ROTHENBERGER S.A.U. ENPRESAREN 2024-2027 ALDIRAKO HITZARMENA
I. KAPITULUA
BALDINTZA OROKORRAK
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Eremu pertsonala, eremu funtzionala eta lurralde-eremua.
Hitzarmen kolektibo honek Rothenberger S.A.U enpresak Abadiñon (Bizkaia) eta Vitoria-Gasteizen (Araba) dauzkan lantokietan zerbitzuak ematen dituzten langile guztiengan izango du eragina.
Nolanahi ere, Hitzarmen Kolektibo honen aplikazio-eremutik kanpo geratuko dira lan-arloko legeriak araututako eremutik kanpo dauden langileak (Langileen Estatutuko 1.3.c) artikulua) eta goi-zuzendaritzako langileak (abuztuaren 1eko 1382/1985 Errege Dekretuaren bidez araututakoak).
2. artikulua.– Indarraldia, iraunaldia eta luzapena.
Hitzarmen kolektibo hau sinatzen den egunetik hasi eta 2027ko abenduaren 31ra bitartean egongo da indarrean, dagokion aldizkari ofizialean argitaratzen deneko data gorabehera.
Hitzarmen honetako artikulu guztien ondorio ekonomikoak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dira atzeraeraginez, sinatu eta hilabeteko epean.
2027ko abenduaren 31n automatikoki baliagabetuko da Hitzarmen Kolektibo hau, eta 2028ko urtarrilean hasiko dira hura ordezteko Hitzarmen Kolektibo berriaren negoziazioak. Enpresaren Hitzarmen Kolektibo berri bat onartzen ez den bitartean, Hitzarmen Kolektibo honen eduki guztiak aurreraeragin-erregimenean jarraituko du, denbora mugarik gabe.
3. artikulua.– Osotasunari atxikitzea eta ordezko araubidea.
Bi alderdiek berariaz adostu dute hemen zehaztu diren arauak aplikagarriak izango direla horietako guzti-guztiek indarrean dirauten bitartean.
Hitzarmen honetan araututako gai guztiek osotasun orekatu, organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, beraz, klausularen batean funtsezko aldaketarik eginez gero, hitzarmena osorik berrikusi beharko litzateke.
Hitzarmen Kolektibo honetan arautzen ez diren gaietan, Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2023-2026 Hitzarmen Kolektiboaren egungo testuan (aurrerantzean, Gipuzkoako Metalgintzaren 2023-2026 Hitzarmena) jasotakoa beteko da.
Era berean, hitzarmen honen eraginpean dauden langileei ordezkagarritasunez ezarriko zaizkie Gipuzkoako Metalgintzaren etorkizuneko Hitzarmen Kolektiboan txertatu daitezkeen gai berriak, betiere, hitzarmen horrek sektore horretan 2023-2026 aldirako onartutako azkena ordezkatzen badu, baldin eta gai horiek Gipuzkoako Metalgintzaren 2023-2026 aldirako Hitzarmen Kolektiboan edota Hitzarmen Kolektibo honetan araututa edo zehaztuta ez badaude, dieta, kilometraje eta bosturtekoen prezioen kopuruei dagozkien gaiak izan ezik; izan ere, kontu horiek eguneratu egingo dira, gai berritzat hartu ez arren. Aipatutako eguneratzeak Hitzarmen Kolektibo honen indarraldian eta aurreraeragin-aldian izango du eragina, halakorik gertatzen bada.
Hitzarmen Kolektibo honek oso-osortik eta ondorio guztietarako ordezkatuko du orain arte indarrean egon den Enpresaren 2020-2023 Hitzarmena.
Kontratazio-modalitateei dagokienez, enpresaren jarduera-sektorearen (Metalgintza) ohiko araudian xedatutakoa hartuko da kontuan.
4. artikulua.– Lekualdatze-plusa eta joan-etorriak garraio kolektiboz.
1976ko apirilaren 28an sinatutako lekualdatze-itunean oinarrituta eta 1988ko uztailaren 14ko lekualdatzeari buruzko Enpresa Itunean oinarrituta, Enpresak garraio kolektiboa jarriko du langileen esku, beren herrietatik Abadiñoko lantegira joateko. Garraio kolektiboa erabiltzeko eskubide horri dagokionez, baita horren ondorioz sor daitezkeen atzerapenei dagokienez ere, 1976an eta 1988an sinatutako lekualdatze-itunek indarrean jarraituko dute Eibar, Elgoibar, Mutriku eta Elorrioko lantokietatik datozen eta itun horiei atxikitako langileen lan-harremana amaitu arte, hau da, 2026ko martxoaren 1era arte.
Autobusaren ordutegiak eta geltokiak I. eranskinean adierazi dira.
Lanpostuko lanaldia osorik bete dadin, behar izanez gero, ordutegiak berrikusiko dira.
II. KAPITULUA
LAN DENBORA
5. artikulua.– Lanaldia, lan-ordutegia.
Lanaldi zatitua eta jarraitua duten langileen benetako urteko lanaldiaren iraupena, Hitzarmenaren hasierako indarraldiaren ondoren adierazten diren urteetarako, hau izango da:
– 2024ko urteko lanaldia: 1.657 ordu.
– 2025eko urteko lanaldia: 1.657 ordu.
– 2026ko urteko lanaldia: 1.657 ordu.
– 2027ko urteko lanaldia: 1.657 ordu.
Abadiñoko lantegiko lanaldi zatitua halakotzat hartuko da, nahiz eta bazkaltzeko eguneko etenaldia 45 minutukoa izan.
Txanda biko edo gehiagoko lanaldia, lanaldi zatituaren berbera izango da, urteko benetako ordu kopuruari begira. Txanda biko edo gehiagoko lanaldi horretan, lanpostuan eman beharreko 8 orduetan, eguneko 15 minutuko atsedenaldia ezarriko da, eta hori aipatutako benetako lanaldien parte izango da, eta, beraz, ordaindutakoa izango da.
Hauek izango dira goizeko, arratsaldeko eta gaueko lan-txanden ordutegiak:
– 6:00etatik 14:00etara, goizeko txanda.
– 14:00etatik 22:00etara, arratsaldeko txanda.
– 22:00etatik 06:00etara, gaueko txanda.
Etengabe benetan lan egindako 6 lanordutik gorakoak ez diren eguneko lanaldietan, ez da 15 minutuko eguneko atsedenaldia egiteko eskubiderik egongo.
Enpresako langileek lanaldi osoa beteko dute lanpostuan, bai eguneko lanaldiaren hasieran, bai amaieran: sarrerak/irteerak, bazkaltzeko aldiarekin lotutako sarrerak/irteerak barne. Hortaz, lanerako jantziak jantzi eta eranzteko erabilitako denbora eta norbera garbitzeko erabilitakoa ez dira benetako lan-denboratzat hartuko.
Lanaldi zatitua duten langileek lanegunaren baitan ordutegi malgura batzeko aukera izango dute. Hori aplikatuko da Enpresaren beharren arabera posible bada eta arloko zuzendariak hala erabakitzen badu.
Adierazitako baldintzak betetzen badira, ordutegi malguak hauek izango dira:
– Astelehenetik ostegunera: sarrera-ordutegi malgua 7:30etik 9:30era izango da, eta irteera malgua, 16:15etik 18:15era. Bertaratzeko ordutegi finkoa eta nahitaezkoa, 9:30etik 12:30era eta 14:00etatik 16:15era, jantokiko txanden arabera: 1. txanda, 12:30etik 13:15era eta 2. txanda, 13:15etik 14:00etara.
– Ostiralean: sarrera-ordutegi malgua 7:30etik 9:30era izango da, eta irteera malgua, 13:30etik 15:30era.
Lanaldi zatituan lan egiten duten langileei, lana eta familia uztatu behar izateagatik lan-ordutegia murriztu behar izan zaienei, lanaldi zatituan lan egiten duten langileen malgutasun-tarte bera aitortuko zaie.
Ordutegi malgua arestian adierazitako baldintzetan aplikatzeak ez du esan nahi, inola ere, 8 ordutik beherako lanaldia egin daitekeenik astelehenetik ostegunera bitarteko lanpostuan, eta 6 ordutik beherakoa, ostiraletan.
6. artikulua.– Lan-egutegiaren malgutasuna edo ordu-erabilgarritasuna.
Lan-egutegi malgua ezarri da 2024., 2025., 2026. eta 2027. urteetarako. Malgutasun hori 10 egunekoa izango da gehienez, eta egun horiek urtero aldatu ahal izango dira, ekoizpen-ahalmena merkatuaren eskarira egokitzeko. Malgutasun hori hitzarmenaren aurreraeragin-aldian ere aplikatuko da.
Baldintza hauen arabera aplikatuko da malgutasuna:
a) Langile interesdunei eta langileen legezko ordezkariei 5 egun lehenago jakinarazi beharko zaie (ezinbestean izan ezik), eta hori justifikatzen duten arrazoien berri idatziz eman.
b) Larunbateko lanaldia ez da 14:00etatik aurrera luzatuko.
c) Malgutasun hori erabiltzen bada, egutegian aldatzen diren egunetako lanaldia eguneko 7 ordukoa izango da.
d) Zuzendaritzak erabakitzen badu ez dela lan egin behar egutegian lanegun diren egun jakin batzuetan, Zuzendaritzak berak erabakiko du zein egunetan lan egin beharko den horiek konpentsatzeko.
e) Zuzendaritzak erabakitzen badu lan egin behar dela egutegian lanegun ez diren egun jakin batzuetan, horiei dagozkien konpentsazio-egunak langileek eskatu beharko dizkiote ataleko edo saileko arduradunari, beren irizpidearen arabera, egutegiko edozein egunetan, 5 egun natural lehenago, ordubete eta 8 ordu artean, 7 egun natural lehenago, 2 eta 3 egun artean, eta 15 egun natural lehenago, 3 egun baino gehiagorako.
f) Hitzarmena urratzen edo okertzen ez duen orori dagokionez, Gipuzkoako Metalgintzaren 2023-2026 aldirako Hitzarmenean xedatutakoa hartuko da kontuan.
Egun horiek ezin izango dira hartu norberaren aukerako egunetarako salbuetsitako egunetan.
7. artikulua.– Aparteko orduak.
Zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkariek erabaki dute enpresako aparteko orduak ezinbesteko gutxienekora murriztea, eta egiten direnak irizpide hauen arabera egingo dira:
a) Mantentze-lanetarako egin beharreko aparteko orduak ordu arruntaren balioaren % 150 ordainduko dira, eta langileek ezin izango dute urteko 80 orduko legezko gehienekoa gainditu. Ordu kopuru hori gaindituz gero, astialdiarekin konpentsatuko da, eta 1,5 ordu emango dira lan egindako ordu bakoitzeko.
b) Aparteko ordu gisa egin beharreko gainerako lanak astialdiarekin konpentsatuko dira, eta 1,5 ordu emango dira lan egindako ordu bakoitzeko.
c) Salbuetsita geratuko dira abenduaren azken egunetan biltegian lan egindako orduak, egun horiek lanegun gisa aurreikusten dituen egutegian sartuta ez dauden langileek egindakoak, ekitaldiaren amaierako premiei aurre egiteko egiten direnak. Ordu horiek konpentsatzeko, lan egindako ordu bakoitzeko 1,5 ordu ordainduko dira, edo langile interesdunekin adostuko dira aurreko egunetan baliatzeko, ezin izango baitira konpentsatu urte bateko aparteko orduak hurrengo urteko orduekin.
d) Aparteko orduei buruzko edozein gai aztertzeko, batzorde paritario bat eratuko da lantoki bakoitzean. Batzorde hori hauek osatuko dute: langileen legezko ordezkaritza-organoetan ordezkaritza duen sindikatu bakoitzeko kide bat eta, enpresaren aldetik, langile kopuru bera. Batzorde horretan, bereziki, beste atal batzuetako langileek egin ditzaketen mantentze-lanen kasuak aztertuko dira. Batzorde horretan jorratu beharreko kasu guztietan, hartu beharreko edozein erabakiri buruzko akordioa lortzen saiatuko da.
e) Era berean, akordio horrek ez die eragingo ezinbesteko arrazoiengatik egiten diren aparteko orduei, eta halakoetan Langileen Estatutuaren 35. artikulua aplikatuko da.
8. artikulua.– Urruneko lana.
Arrazoi pertsonalak, lana eta familia uztartu beharra edo beste arrazoi batzuk direla eta, denbora jakin batez (ondoz ondoko egunak ala aldizkakoak izan daitezke) urruneko lana egin behar dutenentzat, enpresak urruneko lana erraztuko du, lanpostuaren zereginak eta erantzukizunak urrunetik egin badaitezke.
Enpresa, urruneko lana eskatzen duena eta horren zuzeneko arduraduna ados jarri beharko dira. Arduraduna arduratuko da urruneko lanaren aldian zereginak behar bezala egiten direla egiaztatzeko jarraipena egiteaz eta Zuzendaritzari horren berri emateaz. Errendimendua kaskarra dela antzematen bada, aldi baterako akordioa automatikoki baliogabetuko da.
III. KAPITULUA
LIZENTZIAK
9. artikulua.– Lizentziak.
Ordaindutako lizentziak Gipuzkoako Metalgintzaren 2023-2026 aldirako Hitzarmenean jasotakoak izango dira, jarraian adieraziko diren lizentzien salbuespenekin, zeinen araubide juridikoa artikulu honetan xedatutakoak bakarrik arautuko duen:
a) Bost lanegun, pertsona hauen istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik: ezkontidea, izatezko bikotekidea, odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideak, izatezko bikotekidearen odol-ahaidetasunezko senidea barne, baita aurrekoez bestelako beste edozein pertsona barne, baldin eta langilearekin etxebizitza berean bizi bada eta benetan zaindu behar bada.
Lizentzia hori parametro hauen arabera ordainduko da:
•Ezkontidea, izatezko bikotekidea, aita, ama, arreba, ahizpa, anaia, neba, alaba eta semea bada, egiazko soldata osoa jasoko da ordainsarian, baina produkzio-sariari dagokion ordainsariaren zatia lehenengo hiru lanegunetan bakarrik sartuko da.
•Aitite-amamak badira, ezkontzagatik ala odolkideak, egiazko soldata osoa jasoko da ordainsarian, baina produkzio-sariari dagokion ordainsariaren zatia lehenengo bi lanegunetan bakarrik sartuko da.
b) Bost egun natural, ezkontidea, izatezko bikotekidea, semea edo alaba hiltzeagatik. Egiazko soldata osoa jasoko da ordainsarian, saria barne.
c) Bi lanegun, odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideak hiltzeagatik, aurrekoak kanpoan utzita. Egiazko soldata osoa jasoko da ordainsarian, saria barne.
b) eta c) idatz-zatietan adierazitako arrazoiei dagokienez, langileak bere bizilekutik 300 kilometrotik gorako bidaia egin behar badu, aurreko epea bi egunez luzatuko da. Bi egun gehigarri horien ordainsariak egiazko soldata soilik hartuko du, produkzio-saririk gabe.
d) Langileak eskubidea izango du lanera ez bertaratzeko, urtean lau lanegunen baliokide diren orduei dagokien iraupenaz, ezinbesteko arrazoiengatik, baldin eta beharrezkoa bada ahaideekin edo bizikideekin lotutako premiazko familia-arrazoiengatik, gaixotasun edo istripuren bat izanez gero, eta, ondorioz, ezinbestekoa bada langilea berehala bertan egotea.
Langileek eskubidea izango dute egiazko soldataren arabera ordain diezazkieten, produkzio-saria kontuan hartu gabe, paragrafo honetan aurreikusitako arrazoien ondorioz langilea lanetik kanpo dagoen orduetan soilik, hau da, urtean lau eguneko iraupenaren baliokideak direnetan.
e) Seme-alaben jaiotzagatik, adopzioagatik, adopzio aurreko zaintzagatik edo harreragatik, une bakoitzean indarrean dagoen araudian xedatutakoa beteko da.
Lizentzia horiek edo beste edozein erabiltzeko, ezinbestekoa da gutxienez 24 ordu lehenago jakinaraztea, zoritxarreko edota ustekabeko gertakaririk izan ezean, eta, kasu guztietan, behar bezala justifikatuta, dagokion egiaztagiriaren bidez.
Hitzarmen kolektibo honen indarraldian, testu hau indarrean sartu aurretik bete beharreko lan-legerian ezarritako baimen ordainduen iraupena luzatzen edo katalogoa zabaltzen duen edozein lege-aldaketa egiten bada, hobekuntza horien barruan ordainsarian egiazko soldata bakarrik sartuko da, produkzio-saririk gabe.
IV. KAPITULUA
SOLDATA BALDINTZAK
10. artikulua.– Soldata-taulak eta soldata-igoera.
II. eranskinean, 2024ko eta 2025eko soldata-taulak jaso dira. III. eranskinean, produkzio-lanpostuei lotutako saria kalkulatzeko jarduera-taulak jaso dira, lanpostuaren kategoriaren/makinaren eta jarduera-mailaren arabera.
600 euroko ordainsaria adostu da 2024. urterako igoera lineal gisa, iraunaldiarekiko proportzionala, eta 2025. urtean ordainduko da. Igoera hori 2025. urteko ordainsari gordinean kontsolidatuko da.
2025. urterako soldata-igoera, Hitzarmenaren eraginpeko langile guztientzat, 2024ko Estatuko KPI erreala izango da (% 2,8).
2026. urterako soldata-igoera, Hitzarmenaren eraginpeko langile guztientzat, 2025eko Estatuko KPI erreala izango da.
2027. urterako soldata-igoera, Hitzarmenaren eraginpeko langile guztientzat, 2026ko Estatuko KPI erreala izango da.
KPIa negatiboa bada, soldata igotzeko erreferentziazko oinarria 0 izango da. Estatuko erreferentziazko KPI erreala % 3 baino handiagoa bada, soldata-igoerak % 3 izango dira gehienez. Hitzarmenaren indarraldia amaitu ostean, 2025., 2026. eta 2027. urteetako soldata-igoeretarako erreferentziazko KPIak urte horietako batean % 3 baino handiagoa bada, aldea 2028. urteko soldata-taulei aplikatuko zaie.
Soldata-igoera guztiak urte bakoitzerako bateragarriak dira.
11. artikulua.– Txanda-plusa.
Txanda-plusa hilabeteka bermatzen da, hilabete horretan txandaka lan egindako egun kopurua edozein dela ere.
Txanda-plusa 2025,2026 eta 2027. urteetako soldaten ehuneko berean igoko da.
Hitzarmenaren indarraldia amaitu ostean, 2025., 2026. eta 2027. urteetako soldata-igoeretarako erreferentziazko KPIa % 3 baino handiagoa izan bada horietako urteetako batean, aldea 2028. urteko txanda-plusari aplikatuko zaio.
12. artikulua.– Gaueko lanaren plusa.
Gaueko lanaren plusa ordaintzeko erabilitako formula erreferentziatzat hartuta, Gipuzkoako Metalgintzaren Hitzarmenean (2023-2026) ezarritako egungo ehunekoa (% 20) % 25era igo da. Gaueko lanaren plus hori txanda-plusaren baliokidetzat hartuko da, eta hileko aldika ordainduko da, aldi horretan gauez lan egiten den egun kopurua edozein dela ere.
13. artikulua.– Antzinatasunagatiko saria.
2025., 2026. eta 2027. urteetan, sarien zenbatekoa soldaten ehuneko berean igoko da.
Hitzarmenaren indarraldia amaitu ostean, 2025., 2026. eta 2027. urteetako soldata-igoeretarako erreferentziazko KPIa % 3 baino handiagoa izan bada horietako urteetako batean, aldea 2028. urteko antzinatasungatiko sariei aplikatuko zaie.
14. artikulua.– Soldata-kostuen banaketa.
Hilekodunak ez diren langileek egunsari moduan jasotzen duten urteko soldataren kostua, hamalau zati berdinetan banatuko da: hots, hamabi hilabete natural gehi aparteko bi ordainsari. Sariak eta beste soldata-kontzeptu batzuk orain arte bezala banatuko dira.
15. artikuluak.– Aurrerakinak.
400 euroko aurrerakina ordainduko da nominaren kontura hil bakoitzaren 15ean, betiere, langileak eskatzen badu.
V. KAPITULUA
ONURA SOZIALAK
16. artikulua.– Familientzako laguntza.
Enpresak urteko hamabi ordainsariren bidez ordainduko ditu jarraian adieraziko diren kopuruak, familia-laguntza gisa, Enpresa Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean:
– Ezkontide edo izatezko bikotekideko: 8,77 euro gordin hilean.
– Seme edo alabako: 5,29 euro gordin hilean.
17. artikulua.– Etxebizitza erosi edo birgaitzeko laguntzen funtsa.
80.000 eurorainoko funtsa ezarri da langileei etxebizitza erosten edo birgaitzen laguntzeko (altzariak, jabeen erkidegoaren aparteko gastuak eta ibilgailua konpondu edo erosteko gastuak barne).
Birgaitze- edo konponketa-faktura edo salerosketa-kontratua aurkeztu ondoren, enpresak 5.000 euroko zenbatekoa emango dio maileguan eskatzaileari gehienez, zeina nominatik (aparteko ordainsariak barne) hilean 100 euro kenduta itzuliko duen, interesik sortu gabe. Kontratua azkentzen bada, langileak itzuli gabe dagoen zenbateko osoa itzuli beharko du lan-harremana amaitu aurretik.
Langileei legezkoa baino interes txikiagoan maileguak emateak gauzen bidez ordaintzea dela dioen (legezko interesarekin dagoen aldearen zenbatekoagatik) irizpide fiskalaren arabera, langileek ordaintzen ez dituzten interes horiek, enpresak gauzen bidez egindako ordainketa gisa agertuko dira diru-sarreren eta atxikipenen ziurtagirietan (10T modeloa).
18. artikulua.– Istripu- eta gaixotasun-bajak.
Enpresak soldata osoa (saria barne) osatuko du baja-kasu hauetan:
a) Laneko istripuagatik edo lanbide-gaixotasunagatik, ospitaleratzerik gabeko in itinere istripuetan izan ezik. Osagarritik kanpo geratuko dira, halaber, arloko buruak edo lanpostuaren arduradunak idatziz jakinarazitako segurtasun-arauak ez betetzeagatik edo norbera babesteko ekipamenduak behar bezala ez erabiltzeagatik gertatutako istripuak.
b) Gaixotasun arruntagatik, bajaren laugarren egunetik hogeigarren egunera arte, baldin eta enpresako absentismo osoa % 5etik gorakoa ez bada.
Absentismo-indize hori hiru hilean behin hartuko da kontuan enpresa osorako.
19. artikulua.– Gabonetako saskia.
Abenduan, enpresako langile guztiei «Gabonetako saski» bat emango zaie. Horren balioa, 2024. eta 2025. urteetarako, 118,66 euro eta 121,98 euro ingurukoa izango da, hurrenez hurren, eta 2026. eta 2027. urteetan, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, soldaten ehuneko berean igoko da.
Hitzarmenaren indarraldia amaitu ostean, 2025., 2026. eta 2027. urteetako soldata-igoeretarako erreferentziazko KPIak urte horietako batean % 3 baino handiagoa bada, aldea 2028. urteko Gabonetako saskiari aplikatuko zaio.
20. artikulua.– Automobil-bermeak.
Langile batek zirkulazio-istripu bat badu bere ibilgailuarekin enpresarentzat zerbitzu bat egiten ari dela, enpresak ordainduko ditu aseguruak estaltzen ez dituen konponketa-gastuak.
Era berean jokatuko da Batzordearen joan-etorrietan, baldin eta horren gastuak enpresaren kontura badira.
Enpresako egutegiko lanegunetan lantokira ibilgailu partikular batean joatea ez da «enpresarentzat egindako zerbitzutzat» hartuko, enpresak berak langileari berariaz eskatu ez badio behintzat.
VI. KAPITULUA
SAILKAPEN PROFESIONALA, KONTRATAZIOA ETA LAN ETA BABES JANTZIAK
21. artikulua.– Lanpostuen balorazioa.
2002-2004 aldiko Itunari erantsitako eskuliburuan zehaztutako irizpideen arabera eta Balorazio Batzorde baten bidez baloratuko dira lanpostuak. Batzorde horren osaera eta erabakiak hartzeko modua hau izango da:
– Teknikari kalifikatzailea.
– Lantegiko burua, Saileko burua edo haiek izendatutako pertsona.
– Baloratu beharreko lanpostuaren arduraduna, taldeburua edo haiek izendatutako pertsona.
– Baloratu beharreko lanpostuko langilea.
– Langileen Legezko Ordezkaritzako kidea.
Kasu bakoitzean balorazioaren emaitza erabakitzeko, Batzorde horretako kideek boto hauek izango dituzte:
– Baloratu beharreko lanpostuko langileak, boto indibidual 1.
– Langileen Legezko Ordezkaritzako kideak, boto indibidual 1.
– Lantegiko buruak, Arloko buruak, Arduradunak, taldeburuak eta teknikari kalifikatzaileak, 2 boto guztira.
Bozketan berdintasuna dagoelako adostasunik lortzen ez bada, teknikari kalifikatzailearen irizpidea nagusituko da.
Balorazioan lortutako 200 puntu bakoitzeko, kategoria bat igoko da Abadiñoko lantegian balioetsitako lanpostua.
22. artikulua.– Lan- eta babes-jantziak.
Enpresak lan- eta babes-jantziak emango dizkie langileei, indarrean dagoen araudiaren arabera. Araudi hori interpretatzean sor daitezkeen zalantzak Enpresako Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeetan aztertuko dira.
23. artikulua.– Langileak mailaz igotzea.
Sortuko diren lanpostu hutsak betetzeko langileak hautatzea Enpresa Zuzendaritzaren eskumen esklusiboa da.
Lanpostu huts horiek langile guztiei jakinaraziko zaizkie, betekizunak betetzen dituztenek lanpostu horiek betetzeko aukera izan dezaten.
Konfidentzialtasuna dela-eta salbuespenen bat egin behar ez bada, artikulu honek enpresako lanpostu guztiak hartuko ditu eraginpean, hauek izan ezik: presidentea, zuzendariak, saileko buruak edo baliokideak eta saileko arduradunak edo baliokideak.
24. artikulua.– Arrisku psikosozialak.
Enpresak arrisku psikosozialen ebaluazioa egin beharko du hitzarmenaren indarraldian, adostutako teknika kuantitatibo edo kualitatiboen bidez. Horretarako, lantalde paritario bat eratuko da (Segurtasun Batzordea edo espezifikoa), eta horrek ebaluazioaren fase guztietan parte hartuko du (diseinua, landa-lana, emaitzak interpretatzea edo prebentzio-neurriak proposatzea, besteak beste).
25. artikulua.– Txanda-kontratuak.
Enpresak konpromisoa hartzen du txanda-kontratuak formalizatzeko, interesdunak aldez aurretik eskatuta, manufaktura-industria gisa sailkatutako enpresentzat gaur egun aurreikusitako erregulazioari eta baldintzei dagokienez txanda-kontratua egitearekin batera erretiro partziala hartzeko legezko betekizunak betetzen dituzten langileei dagokienez. Interesdunak eskatzen duenetik eta enpresak langileak legezko betekizunak betetzen dituela egiaztatzen duenetik, gehienez ere 6 hilabeteko epean formalizatu beharko da txanda-kontratua 2025. urtean kontratuari hel diezaioketenentzat eta 3 hilabeteko epean, 2026. eta 2027. urteetan hel diezaioketenentzat.
Alderdiek itundu ahal izango dute interesdunak erretiro osoa hartu arte egin beharreko ordu-kopurua metatzea, urteko aldi jakin batean osorik eta jarraian gauzatzeko.
Konpromiso hori manufaktura-industriako erretiro partzialaren arloko egungo legedia eta baldintzak egoteak baldintzatzen du.
VII. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA
26. artikulua.– Euskara ikastea.
Euskara-eskolak jaso nahi dituzten langileentzako irakasleen gastuen % 75 ordainduko du enpresak. Dirulaguntza hori jasotzeko, zenbatekoaren % 75eko faktura aurkeztu beharko da enpresaren izenean.
VIII. KAPITULUA
BESTE BATZUK
27. artikulua.– Gatazkak konpontzeko prozedurak.
Bi alderdiek gatazka kolektiboak konpontzeko borondatezko prozedurei buruz 2000ko otsailaren 16an onartutako eta 2000ko apirilaren 4ko EHAAn (66. zk.) argitaratutako erabakia hartzen dute euren gain.
Bitartekaritzarako eta arbitrajerako prozedura ezartzeko, ezinbestekoa izango da bi alderdiak hori egiteko ados egotea.
Alderdietako batek Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoan (ORPRICCE, gaztelaniazko sigletan), Hitzarmen Kolektiboen arloko Negoziazio Kolektiboaren Batzordean (CCNCC, gaztelaniazko sigletan) edo antzeko organo batean zehaztutako arbitraje-prozedurara jo nahi badu, ezinbestekoa izango da bi alderdiak ados egotea.
28. artikulua.– Lan-baldintzak ez ezartzea.
Enpresako Hitzarmen honetan eta Gipuzkoako Metalgintzaren Hitzarmen Kolektiboan hitzartutako lan-baldintzak ezarri beharko ditu nahitaez enpresak, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan zehaztutako gaiak eta bertan xedatutakoa kontuan hartuta.
Nolanahi ere, enpresak atal honetan adierazitako konpromisoa eta 26. eta 28. artikuluetan xedatutakoa betetzen ez baditu, neurriak deusez izango dira zuzenbide osoz.
29. artikulua.– Batzorde paritarioa.
Batzorde paritarioa sortuko da, hauek osatuta: Enpresa Batzordean ordezkaritza duen sindikatu bakoitzeko kide bat eta Enpresaren aldetik pertsona-kopuru bera. Bertan, hain zuzen ere, hitzarmen honen indarraldian hitzarmenaren beraren interpretazioari eta ezarpenari buruz sortu daitezkeen desadostasunak izango dituzte eztabaidagai. Eztabaida sortu zenetik hasita hamabost laneguneko epean batzordea batzartu ondoren desadostasunak bere horretan badirau, PRECO zerbitzura (Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzu publiko, doako eta borondatezkoa) jo ahal izango dute alderdiek.
Bitartekaritzarako eta arbitrajerako prozedura ezartzeko, ezinbestekoa izango da bi alderdiak hori egiteko ados egotea.
Batzorde paritarioan bertan erabakiak hartzeko orduan, alderdi bakoitzaren gehiengoa lortu beharko da: enpresa eta alderdi soziala.
Batzorde paritarioen bilera guztiak amaitu ondoren, aktak idatzi eta sinatuko dira.
IX. KAPITULUA
BERDINTASUNA ETA DISKRIMINAZIORIK EZA
30. artikulua.– Berdintasuna eta diskriminaziorik eza.
Alderdiek badakite adierazpideek ez dutela ilundu behar, nahigabe bada ere, emakumeek berdintasunaren arloan eduki beharreko agerpena.
Hori dela eta, Hitzarmen hau idaztean uste sendo hori benetan gauzatzen saiatu arren, berariaz adierazten dute izaera, jarduera, eginkizuna edo talde profesionala zehazteko erabilitako adierazpide guztiek bi sexuetako pertsonak hartzen dituztela kontuan.
Alderdiek gizonen eta emakumeen diskriminaziorik ezaren alde lan egiteko borondate hauskaitza dute enplegua eskuratzeko aukeraren, mailaz igotzearen, prestakuntzaren eta ordainsarien arloan. Hala, hori lortzeko beharrezkoak diren neurriak zein jarduketak zehaztu dira, eta sexuagatiko laneko diskriminazioa ekiditen da une oro.
RSS