
197. zk., 2025eko urriaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (369 KB - 24 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4358
AGINDUA, 2025eko irailaren 24koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzetarako deialdia egiten baita 2025eko ekitaldirako.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –2025eko otsailaren 14an onetsi zuen Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta sail horretako sailburuak– eta Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontuaren Memoriak bere horretan mantentzen dituzte aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroak, eta gizarte-ekonomiako enpresen ekintzailetza bultzatzen dute eta gizarte-ekonomiako enpresen gizarte-oinarria indartzen jarraitzearen alde egin, 2025eko ekitaldian; horretarako, bide ematen dute zuzenean inskribatzeko lau talde jakinen nahitaezko ekarpena, lehentasuna emanez beti langabeei. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzaren web-orrian, «www.euskadi.eus»-en, hain zuzen ere sailari eskainitako espazioaren barruan, «Plan estrategikoa» atalean.
Laguntza-lerro honek gizarte-ekonomiaren sektorean ekintzailetza bultzatzeko konpromisoari, egungo gizarte-ekonomiako enpresak indartzeko konpromisoari helduta jarraitzen du, preskriptoreen eta aholkularitza-zerbitzuen sarea hobetzeko. Sozietate-sare zabalagoa sortzen laguntzeak eta sare hori osatzen duen giza kapitala handitzeak (desgaitasuna duten pertsonei, langabeei, nekazaritza- eta elikadura-kooperatibetan sartzeari edo besteren konturako lanetik datozen pertsonei laguntzen jarraituz) gizarte-ekonomiaren sektorea eta haren abantailak ikusarazten laguntzen du, eta, azken batean, enpleguaren garapena bultzatzen du.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Laguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea.
Gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko 2025eko laguntzen oinarriak onartzea, eta laguntza horien deialdia egitea. Agindu honen eranskinean jaso dira oinarriak eta deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, arau hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuei dagokienez (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 24a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
ERANSKINA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko emango dituen laguntzen deialdirako oinarriak onartzea eta 2025erako deialdia egitea.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak 3 kapitulu bereizitan multzokatutako 7 lerrotan banatzen dira:
a) II. kapitulua: gizarte-ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema bati eusten jarraitzeko laguntzak (Ekintzailetza kolektiboa sustatzea):
– 1. ildoa. Ideia-lehiaketa.
– 2. ildoa. Preskriptoreen sarea.
– 3. ildoa. Planifikatutako lurralde-sustapena:
b) III. kapitulua: gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko laguntzak.
– 4. ildoa. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea.
– 5. ildoa. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea helburu duten sustatzaileak.
– 6. ildoa. Krisian edo belaunaldien arteko erreleboan dauden enpresen bideragarritasun-azterketak.
c) IV. kapitulua: gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak.
– 7. ildoa. Sozietate kooperatibo edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan bazkide langile edo iraupen mugagabeko lan-bazkide gisa sartzea, lau kolektibotan:
1) Langabetuak.
2) Besteren konturako langile ez bazkideak.
3) Desgaitasuna duten pertsonak.
4) Nekazaritzako elikagaien kooperatibetako bazkide bihurtzen diren pertsonak.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, adjudikatzeko prozedura eta emateko mugak.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, lau milioi eta hogeita bost mila euro bideratuko dira (4.025.000).
2.– Aurreko zenbakian jasotako zenbateko orokorra honela banatzen da:
a) II. kapituluaren xedea betetzeko, zazpiehun mila (700.000) euro erabiliko dira, honela banatuta: bostehun eta hirurogei mila (560.000) euroko ordainketa-kreditua 2025eko ekitaldirako, eta ehun eta berrogei mila (140.000) euroko konpromiso-kreditua 2026ko ekitaldirako.
b) III. kapituluaren xedea betetzeko, bi milioi bostehun eta hogeita hamar mila (2.530.000) euro erabiliko dira, honela banatuta: bi milioi eta hogeita sei mila (2.026.000) euroko ordainketa-kreditua 2025eko ekitaldirako, eta bostehun eta lau mila (504.000) euroko konpromiso-kreditua 2026ko ekitaldirako.
c) IV. kapituluaren xedea betetzeko, zazpiehun eta laurogeita hamabost mila (795.000) euroko zenbatekoa bideratzen da, osorik 2025eko ekitaldiari lotuta.
3.– Laguntzak esleitzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitako lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Kapitulu bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoak badira eskabideei erantzuteko, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa emango zaio, agindu honetan zehaztutako gehieneko portzentaje-mugak eta muga-kuantitatiboak eta oinarri honen 4., 5. eta 6. apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta:
4.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz, 1.2 oinarriaren a) eta b) paragrafoetan zehaztutako kapituluetan zerrendatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:
a) Baiespen-ebazpen guztiak asetzeko adinako baliabideak dituzten kapituluak autonomoki ebatziko dira.
b) Ondoren, dagoeneko ebatzitako kapituluetan soberako saldorik ote dagoen egiaztatuko da eta, halakorik badago, saldo horiek funtsik gabeko kapituluetara bideratuko dira, hasiera batean kapitulu bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzioan banatuta.
c) Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak hasiera batean aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko adinakoak ez badira, zenbateko horiek murriztuko dira, eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, banan-banan, kapitulu bakoitzerako.
5.– Esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura nahikoa bada 1.2 oinarriaren c) puntuaren arabera aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiei erantzuteko, zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira Horrela ez bada, ordea, honela jardungo da:
– Nahikoa bada 1.2 oinarriko c) puntuaren 1 azpiapartatuaren babesean (langabeak) aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei erantzuteko, lehenengo eta behin, haiei guztiei erantzungo zaie. Sobera geratzen den zenbatekoarekin, proportzionalki murriztuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.
– 1.2 oinarriaren c) puntuaren 1 azpiapartatuaren babesean aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa ez bada, proportzionalki murriztuko zaie oinarri horren babesean aurkeztutako eskabide guztien artean kalkulatutako zenbatekoei. Aipatutako beste hiru kolektiboen eskabideei –1.2 oinarriaren c) puntuaren 2., 3. eta 4. azpiapartatuak– ezezkoa emango zaie, 2.2.c) oinarrian jasotako zuzkidura agortzeagatik.
6.– 2.2.c) oinarriko (IV. kapitulua) eskaerei erantzun ondoren, soberakinik geratzen bada kapitulu horretan, II. eta III. kapituluetako saldo defizitarioei erantzuteko erabili ahal izango da, oinarri honen 4. apartatuko jarraibideei jarraituz.
3. oinarria.– Onuradun izateko betekizun orokorrak:
1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntzak. Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak beteta edukitzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.
c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
d) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari jakinarazi izana beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuei helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero.
e) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, baldin eta beharrezkoa bada Estatuko araudiaren arabera. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
f) Hitzematea ez duela enpresa deslokalizatuko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
g) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.
h) Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen du agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.
2.– Aurreko ataleko eskakizunak bete behar dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.
3.– Agindu honen IV. kapituluan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango dituzte 2023ko uztailaren 1etik agindu honetako eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte (biak barne) bazkide mugagabe bihurtu diren pertsonek, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2024ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez laguntza horien onuradun izan direnek izan ezik. Agindu horren bidez, gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzen deialdirako oinarriak onartzen dira, eta 2024ko deialdia egiten da (EHAA, 2024ko ekainaren 27koa). Laguntzen onuradun izateko, oinarri honen a), b), d) eta g) letretan jasotako baldintza orokorrak bete behar dituzte eskatzaileek.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko lantokiren batean sartu beharko dira bazkide gisa, eta entitate horrek bertan izan beharko du egoitza sozial eta fiskala.
5.– 3. apartatuko baldintzak bete behar dira, bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.
4. oinarria.– Eskabideak aurkeztea eta betekizun orokorrak egiaztatzea.
1.– Eskabideak eta horien izapideak eskabide normalizatu bidez egingo dira, bitarteko elektronikoak erabiliz. Eskabide normalizatua egoitza elektronikoan dago eskuragarri. Hala ere, IV. kapituluko laguntzak interesatzen zaizkienek (bazkideak sartzea) bide presentziala edo elektronikoa erabili ahal izango dute, eta bata zein bestea erabil dezakete prozeduraren hurrengo izapideetan ere.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Pertsona edo entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten hizkuntzan. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu daitezkeenean (IV. kapituluko eskabideak), Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko lurralde-ordezkaritzetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoetan aurkeztuko dira, behar bezala eta osorik betetako eskabide normalizatuaren bidez.
5.– Eskabide-eredua eta deialdian dauden izapidetze elektronikoari buruzko zehaztapenak helbide elektroniko honetan ere eskuragarri daude:
II. kapitulua - Gizarte-ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema bat sortzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217912
III. kapitulua - Gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217913
IV. kapitulua.– Gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/servicios/1217914
6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
7.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektrikoan onartutako sinadura elektronikoa eta ziurtagiria eduki beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
8.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
9.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela, salbu eta berariaz ukatzen badu baimen hori. Kasu horretan, pertsona edo entitate eskatzaileak Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskumendunek igorritako dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun izaten jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.
10.– Erantzukizunpeko adierazpen bidez, zeina eskabideari erantsiko baitzaio, entitate onuradunek adieraziko dute betetzen dituztela 3. oinarriko 1. puntuan zerrendatzen diren betekizun orokorrak.
11.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea badaitezke.
12.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan aukera emango da pertsona edo entitate onuradunak espresuki uko egin diezaion organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak eskuratu edo egiaztatzeari. Halakoetan, entitate eskatzaileak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko dokumentuak.
5. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez bada edo nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada, hamar eguneko epea emango zaio eskatzaileari (pertsona zein entitate) akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.
2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
6. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publiko edo pribatuk xede eta helburu bererako ematen dituen laguntzekin.
2.– Dirulaguntzak beste lurralde-administrazio batzuetatik edo haien mendeko ente publikoetatik edo entitate pribatuetatik datozenekin uztartzen badira, horien baturak ondoz ondo 17., 22. eta 28. oinarrietan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza murriztuko.
3.– Laguntza-agindu honetako jardueren bateraezintasun-araubidea era egokian aplikatzeko, berezitasun hauek hartuko dira kontuan:
a) 1. oinarriaren 2.b) apartatuko 4. ildoan (gizarte-ekonomiako enpresen eraketa) jasotako jarduera diruz lagungarriari dagokionez, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka arau honen xede eta helburu bera.
b) 1. oinarriaren 2.b) apartatuko 5. ildoan (gizarte-ekonomiako enpresak eratzea helburu duten sustatzaileak) jasotako jarduera bateraezina izango da Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko 2025eko ekitaldirako deitzen dituen laguntzekin.
c) Enpresetan bazkideak sartzeko ematen diren laguntzak –agindu honetako 1. oinarriaren 2.c) apartatua– eta ordainketa bakarreko langabezia-prestazioa (langabeziaren kapitalizazioa) aldi berean jasotzen direnean, eskatzailea salbuetsita egongo da aurretik langabe-izaera egiaztatzetik (26. oinarriaren 1.a) apartatuan ezartzen da betekizun hori) edo 26. oinarriaren 1.b) apartatuan adierazten den antzinatasuna egiaztatzetik, hori guztia Gizarte Ekonomiaren martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 10. artikuluarekin bat etorriz (urtarrilaren 10eko 1/2023 Legegintzako Errege Dekretuak sartutako aldaketagatik).
7. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bat egin eta jakinaraziko du oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzen ildo bakoitzeko. Ebazpen horren bidez ebatziko da prozedura, eta erabakiko da zer laguntza eman eta ukatu. Ebazpen horiek banaka jakinaraziko zaizkie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
Ebazpen horiek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
Ebazpenek, dirulaguntza zein eskatzaileari emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko dute, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere.
3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, Aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo behar dute eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. apartatuan adierazi den gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenen bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitate eta pertsonek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer entitate eta pertsonari aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpenak espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios/).
8. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Pertsona eta entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, onartu egin duela joko da.
b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.
c) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea idatziz Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
d) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
f) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
g) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.
h) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea eta publizitate egokia egitea jardueraren finantzaketa publikoari edo eska daitekeen beste edozein betebeharri, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Gainera, entitateek betebehar hauek ere izango dituzte:
i) Dirulaguntza zertarako eman zaion, jarduera hori egitea.
j) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
m) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Halaber, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
n) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.
Gainera, onuradunek betebehar hauek ere izango dituzte:
o) Bazkide denetik hiru urte igarotakoan, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du bazkide izaten jarraitzen duela sartu zen entitatean, salbu eta onuradunaren borondatearen aurkako arrazoiak egiaztatzen badira, edo justifikatzen bada hark sozietatearen kapitalerako egindako ekarpenak (diruz lagundutako zenbatekoa gutxienez) enpresan jarraitzen duela. Horretarako, bazkide egin eta hiru hilera, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
p) Justifikatu beharko du eusten diola hasiera batean egindako ekarpenari, eta aurreko apartatuan adierazitako epe berean egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, hori egiaztatzen duena. Pertsonak horrek nahita murriztu badu hasierako ekarpen hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio honako zenbateko hau: hasierako ekarpenaren ehuneko zenbat jaso zuen dirulaguntzatan, ehuneko hori azken ekarpenari aplikatu, ateratzen den zenbatekoa dirulaguntza modura jasotako zenbatekotik kendu, eta geratzen den zenbatekoa itzuli beharko du.
9. oinarria.– Ordaintzeko modua.
1.– Dirulaguntzen ordainketa honela egingo da:
a) II. eta III. kapituluetako jardueretarako, lehenengo ordainketa dirulaguntza osoaren % 80 izango da, eta dirulaguntza esleitu eta hamabost eguneko epean ordainduko da berariazko ukorik izan ez bada; eta bigarren ordainketa, gainerako % 20a, diruz lagundutako ekintza edo ekintzak amaitu ondoren, eta, betiere, 2026an.
b) IV. kapituluko jardueretarako dirulaguntzak, berriz, ordainketa bakarrean emango dira, onuradunak dirulaguntza onartu ostean, edo, bestela, dirulaguntzari idatziz uko egin gabe 15 eguneko epea igaro ondoren.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Pertsona edo entitate onuraduna erregistratuta ez badago, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
3.– Ez da inolako ordainketarik egingo pertsona edo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
10. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honen edo beste edozein administrazioren edo ente publiko edo pribatu baten dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, agindu honetan entitate edo pertsona onuradun izateko ezarri diren betekizunak bete behar dira; era berean, bete behar dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluak zerrendatzen dituen betekizunak. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate edo pertsona onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.
11. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Entitate edo pertsona onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezar daitezkeen baldintzak, dirulaguntza galduko du, eta jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari, bi hilabeteko epean. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 80 gutxienez exekutatzen duenean, exekutatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe. Aurreikuspen horrek II. eta III. kapituluetako eskaeretarako balio du.
3.– Ez-betetze partziala gertatuz gero, eta baldin eta bazkideak gutxienez 18 hilabete iraun badu bazkide gisa, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan, hori baita dirulaguntza jasotzeko ezarri den betekizuna. 18 hilabete baino gutxiago iraun badu, dirulaguntza osoa itzuli beharko du. Aurreikuspen horrek IV. kapituluko eskaeretarako balio du.
4.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.
12. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak laguntza jaso duen pertsona interesdunari edo entitate onuradunari prozedura hasi dela eta prozedura oinarritzen duten arrazoiak zein diren jakinaraziko dio, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
b) Alegazioak jasotakoan, edo epea igaro eta alegaziorik jaso ez bada ere, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, eta horren bitartez xedatuko du, hala badagokio, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion; horretako epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.
13. oinarria.– Datuen babesa.
1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide hauetara jo daiteke:
a) II. kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217912
b) III. kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217913
c) IV. kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217913
II. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK SORTZEN LAGUNDUKO DUEN EKOSISTEMA BATI EUSTEN JARRAITZEKO LAGUNTZAK (EKINTZAILETZA KOLEKTIBOA SUSTATZEA)
14. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Kapitulu honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak dira:
a) 1. ildoa: ideien lehiaketak diseinatzea eta egitea, gizarte-ekonomian espiritu ekintzailea sustatzeko eta enpresetan gizarte-ekonomiaren arloko kultura zabaltzeko.
b) 2. ildoa: gizarte-ekonomiako ereduaren preskriptoreen sarea optimizatzea eta osatzea, ekintzailetza kolektiborako ibilbideetan «sartzeko ate» izan daitezen tresnak emanez (informazioa eta ezagutza). Hauek joko dira diruz laguntzeko moduko ekintzatzat:
1.– Informazio eta prestakuntzako saioak egitea Lanbideko zentroetan, prestakuntza presentzial eta birtualeko eskuliburuekin, langileentzat.
2.– Gizarte-ekonomiako ereduak indarrean jartzeko proposamenak egitea LH, Institutu eta Unibertsitateko zentroetako orientazio-zerbitzuetan, inplikatutako agenteekin aztertuz nola eman dakiokeen presentzia handiagoa Gizarte Ekonomiari Urrats bat eta Ikasenpresa bezalako programetan eta graduondoetan. Era berean, lurraldeko eragileen artean (tokikoak, eskualdekoak, foralak, bis) eta ekintzailetzarekin lotutako beste eragile batzuen artean (merkataritza-ganberak, aholkularitzak, banku-fundazioak) eta eraldaketa-, ondorengotza- eta birmoldaketa-prozesuak goiz detektatzeko antenaren mantentze-jardueren artean, preskriptoreen informazioan oinarrituta.
c) 3. ildoa: gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako urteko jarduera-plana egin, garatu eta betetzea, inguruko hezkuntza-entitateen nahiz eskualdean oinarritutako lurralde-eremuan finkatutako enpresen partaidetza duten entitateek, hain zuzen, ahal dela gizarte-ekonomiakoak. Jarduketa-planak eduki hauek izan beharko ditu:
• Helburu kuantitatiboak, gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzkoak, eta, hala badagokio, gizarte-ekonomiako enplegu asoziatiboa sortzekoak.
• Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko behar diren gastuak, finantzaketa zehaztuta, eta barne direla xedea lortzeko atzerriko erakundeekin edo entitateekin lotu behar izan diren harremanetatik eratorritako gastuak.
• Enpresa-jardueran arituko diren pertsonei etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa emango dieten hezkuntza-entitateen berariazko lankidetza edukitzea.
• Gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek lurralde-sustapeneko urteko planean parte hartzen dutela bermatzea, etorkizuneko proiektuei estaldura eman badiezaiekete. Proiektu bakoitzerako, planean zehaztu behar da laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila.
15. oinarria.– Entitate onuradunak.
Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:
a) 14.a) eta 14.b) oinarriko jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresen asoziazio-entitateak eta helburu sozialen artean gizarte-ekonomiako enpresak sustatzea eta eratzea duten enpresa-lankidetzarako egiturak edo taldeak, beren jardueren esparruan, gutxienez, bi urteko eskarmentua dutenak.
b) 14.a) eta 14.c) oinarriko jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea duten pertsona juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko entitateen esku bada (hemendik aurrera, entitate sustatzaileak).
c) Lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik egiten, eskaintzen edo hornitzen duen nahikoa entitate, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada; kasu horretan justifikatu egin beharko da. Hiru eskaintza jaso direla laguntza justifikatzean egiaztatuko da.
16. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaerekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) 14.a) eta 14.b) oinarriko jardueretarako: aurreikusitako jarduerak zergatik eta zertarako egin nahi diren zehatz-mehatz azaltzen duen memoria. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:
– Giza baliabideak eta baliabide materialak.
– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.
– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.
– Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.
– Programaren entitate laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.
b) 14.c) oinarriko jardueretarako:
– Jarduketa-plana, agindu honetako 14.c) oinarrian ezarritako baldintza eta eskakizunekin.
– Lurraldeko hezkuntza-entitateen egiaztagiriak, eta entitate horiek proiektuan duten inplikazioaren frogagiria.
– Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria.
17. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:
a) 14.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 50.000 euro jaso ahal izango ditu.
b) 14.b) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.
c) 13.c) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 60.000 euro jaso ahal izango ditu.
17.bis oinarria. Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko –9. oinarriaren 1.a) apartatuan jaso da–, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:
a) 14.a) eta 14.b) oinarriko jardueretarako:
– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.
– Memoria ekonomikoa, jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasotzen duena. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da. Egindako gastuaren egiaztagiriak jatorrizko fakturak edo kopia autentikoak izango dira.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi behar dira.
b) Diruz lagundu daitezkeen 14.c) oinarriko jardueretarako: egindako sustapen-jardueraren urteko aldiari buruzko memoria xehatua, non berariaz jasoko baitira egindako jarduera osoa, bai gizarte-ekonomiako entitateen sustapena, bai, hala badagokio, hedapen-jardueratik eratorritakoak ez diren beste batzuk, eta egindako gastuaren justifikazio-dokumentazioa, jatorrizko fakturak edo kopia autentikoak aurkeztuta.
2.– Justifikazioan, barne-gastuak, entitate onuradunaren langile-gastuak sartzen badira, proiektua gauzatu den hilabeteei dagozkien Gizarte Segurantzako LZI eta KLO ereduen kopia aurkeztu beharko da, jardueran parte hartu duten langileak KLO ereduan identifikatuz. Enpresaren edo entitatearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.
III. KAPITULUA
GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
18. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Kapitulu honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak dira:
a) 4. ildoa: gizarte-ekonomiaren arloko enpresak eratzea 2024ko irailaren 16tik agindu honetako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna bitartean, biak barne.
– Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira lan-sozietateak eta lan elkartuko kooperatiba-sozietateak, bai eta beste mota batekoak izanik lan-bazkideekin eratzen diren kooperatibak ere.
– Gizarte-ekonomiako enpresen eraketatzat hartuko dira, halaber, lehendik dauden enpresa-jarduera duten entitateak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzen diren kasuak, bai eta nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibak eratzen diren kasuak ere.
b) 5. ildoa: gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea, osteko jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barne direla, enpresaren jarraipena sustatzeko eta horri eusteko helburuarekin, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.
c) 6. ildoa: 2025ean, honako azterketa hauek egitea, gizarte-ekonomiako enpresa bat sustatzea helburu izanik:
– Honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomiaren eta finantzen bideragarritasunaren azterlana egitea: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak areagotzea, gehiegizko gaitasuna izatea, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zor gehiago izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.
– Azterketa juridiko eta ekonomiko-finantzario baten bidez aztertu behar da ea bideragarria den langileek beren gain hartzea lanean ari diren enpresaren jabetza, belaunaldi-aldaketarik gabe.
19. oinarria.– Entitate onuradunak.
Honako hauek jaso ditzakete kapitulu honetan bilduriko laguntzak:
a) 18.a) oinarriko jardueretarako: 2024ko irailaren 16tik agindu honetako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna bitartean, biak barne, hurrenez hurren kooperatiben erregistroan edo merkataritza-erregistroan inskribatuta dauden kooperatibek edo lan-sozietateek. Ondorio horietarako, inskripzio-eskabidea dagokion erregistroetan aurkeztutako data hartuko da erregistroan inskribatu izanaren datatzat.
b) 18.b) oinarriko jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea duten pertsona juridikoek, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko entitateen esku bada (hemendik aurrera, entitate sustatzaileak).
c) 18.c) oinarriko jardueretarako: enpresa-bideragarritasunari buruzko azterketak egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresek. Aholkularitza-enpresa horien partaidetzan gehiengoa izan behar dute gizarte-ekonomia ordezkatzen duten erakundeek, edo kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten aholkularitza-enpresek, gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakunderen batekiko lotura badute.
20. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak eta bete direla egiaztatzeko modua.
1.– Diruz lagundu daitezkeen 18.b) oinarriko jarduerak egiteagatik onuradun izan diren kooperatiba-sozietateek eta lan-sozietateek honako betebehar hauek dituzte:
a) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostu kopuruari eustea dagokion erregistroan inskribatutako data osteko urtean zehar, horren arabera zehaztu baita dirulaguntzaren zenbatekoa.
Aldi horretan, bazkideen artean, baja edo sarrera berririk izan bada, sarrera horiek hasierako sarreren baldintza soziolaboral berberetan egin behar dira.
Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko erabili zen bazkide langileen edo lan-bazkideen kopuruari eusten ez bazaio, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, mantendutako bazkide-kopuruaren proportzioan.
b) Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen asoziazio-egitura batean integratuta jarraitzea, gutxienez dagokion erregistroan inskribatu eta hiru urte bete arte.
c) Agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzentzea; erreserba hori banatu ezinekoa izango da, harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; ukatu gabe, dirulaguntza jasotzen duen enpresak galerarik badu, galera horiek zenbateko horrekin konpentsatzeko aukera.
d) Gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitzea dagokion erregistroan inskribatu zenetik hiru urte betetzen direnean.
2.– Honela egiaztatuko da aipatutako betebeharrak betetzen direla:
a) 20.1.a) oinarrian jasotakorako: entitate onuradunak bazkideen liburuaren kopia autentikoa igorri beharko dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hileko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia autentikoaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita entitatea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaio entitateari aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro, eta eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, hala badagokio, haren erdia baino handiagoa bada.
b) 20.1.b) oinarrian jasotakorako: dirulaguntza eman duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du betebeharra betetzen dela, dagokion sozietate-elkartean integratuta jarraitzen duela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatuta. Bi unetan egiaztatuko da: urtebete betetzen denean eta sozietatea dagokion erregistroan inskribatu zenetik hiru urte betetzen direnean.
c) 20.1.c) eta 20.1.d) oinarrian jasotakorako: dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu, sozietatea erregistroan inskribatzen denetik hiru urte igarotakoan, aipatutako betebeharrak; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaie horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro eta konturik aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.
Onuradunak lan-sozietateak direnean, dirulaguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiete kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Bestela, lehen deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.
3.– Entitate onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, eratutako lan elkartuko kooperatibak edo lan-sozietateak ez badio eusten asoziazio-egitura baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari hiru urtez, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du, gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan, eta onuradunak jaso duen gehiegizko kopurua itzuli beharko du.
4.– Entitate onuradunak justifikatzen badu sozietatea galerengatik azkendu edo likidatu dela, sozietateak 18.a) oinarrian adierazitako betebeharrak bete dituela ulertuko da, emandako dirulaguntzari dagokionez behintzat.
21. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaerekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) 18.a) oinarriko jardueretarako:
– Enpresa-proiektuari buruzko enpresa-plana edo -planak, lehen ekitaldi osoan burutuko diren jarduerak azaltzen ditu(zt)ena(k).
– Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori emango duen entitatearen izena adieraziz.
– Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz.
– Bazkide-liburuaren kopia autentikoa, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.
– Sustatutako entitatearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia autentikoa, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.
– Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo horretarako eskabidea aurkeztu izana ziurtatzen duen agiriaren kopia.
– Legez eratutako gizarte-ekonomiako asoziazio-egitura batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Hala badagokio, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, minusbaliotasun-maila adieraziz.
– Hala badagokio, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa, edo espetxeak emandako ziurtagiria.
– Hala badagokio, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu bere kargura duela ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago, baldin eta kontratatutakoek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago.
– Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, egoera hori etxeko indarkeriaren biktimak babesteko aginduaren bidez egiaztatzen duen agiria.
– Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, edo Fiskaltzaren txostena, non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.
– Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.
– Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, horren gaineko eskumena duen organoak emana.
b) 18.b) oinarriko jardueretarako:
– Entitate sustatzailearen eta sustaturiko entitatearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria.
– Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzaketa-planari buruzko memoria zehatza.
– Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, non aurreikusitako metodologia adieraziko baita.
c) 18.c) oinarriko jardueretarako:
– Bideragarritasun-azterketaren proiektuaren memoria.
– Enpresa 18.c) oinarrian jasotzen diren egoeretako batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.
22. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:
a) 4.000 euro, lan-kontratu mugagabearekin sartzen den bazkide langile edo lan-bazkide bakoitzeko.
– Halakotzat joko dira gizarte-ekonomiako enpresa eratzen denetik agindu honetako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den arte (egun biak barne) gizarte-ekonomiako enpresan sartzen diren bazkide langile edo lan-bazkide guztiak.
– Aurreko paragrafoan bazkide langileak eta lan-bazkideak aipatzen direnean, eskubide osoko bazkideak direla ulertuko da nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatiben kasuan.
b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehituko zaizkio kasu hauetako bakoitzarengatik:
• Emakumeak izatea, entitateko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.
• Desgaitasuna duen pertsona izatea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat izatea, eta gutxienez % 45eko desgaitasun onartua.
• Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena aintzat hartuta, hirugarren gradua duten pertsonak edo baldintzapeko askatasuna dutenak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartzea.
• Guraso bakarreko familiako aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk edukitzea haren mende.
• Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dagoela ulertzeko: pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan dira, betiere modu egiaztatu batean bai genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren bidez, bai Fiskaltzaren txostenaren bidez –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat–, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.
• Araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu duten pertsonak, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan gertatzen bada. Laneratze-enpresa horien kalifikazioa azaroaren 11ko 162/2008 Dekretuan arautzen da, eta horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitu eta berehala egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.
• Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak izatea, azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuak (terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duenak) VIII. kapituluan horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak izatea, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.
• Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.
– Pertsona bera bada aurreko egoera batean baino gehiagotan dagoena, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaio egoera bakoitzeko, baina dirulaguntza gehienez ere 6.000 eurokoa izango da sartzen den bazkide langile bakoitzeko edo laneko bazkide bakoitzeko.
c) Dirulaguntzak, a) eta b) letren arabera kalkulatuta, ezin izango du inola ere gainditu sozietateko bazkide-langileek harpidetutako kapitalaren kopurua, eta 30.000 eurotik gorakoa ere ez da izango.
2.– 18.a) oinarriko jarduerak egiten dituzten entitate onuradunentzat: aurreko apartatua aplikatuta ateratzen den kopuruaren % 100.
3.– 18.b) oinarriko jarduerak egiten dituzten entitate onuradunentzat: oinarri honen 1. apartatua aplikatuta ateratzen den kopuruaren % 30. Lurralde-sustapen planifikatuko jardueragatik onuradun den entitate baten kasuan (13.c) oinarria), 18.b) oinarrian araututako jarduerarako diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa 20.000 euro izango da.
4.– 18.c) oinarriko jarduerak egiten dituzten entitate onuradunentzat: bideragarritasun-azterketaren kostu garbiaren % 100, eginiko azterketa bakoitzeko 5.000 euroko mugarekin.
23. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko –9. oinarriaren 1.a) apartatuan jaso da–, frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu entitate onuradunak:
1.– 18.a) oinarriko jardueretarako: agindu honen 20.1.b) oinarrian aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia autentikoa edo entitatearen ziurtagiria.
2.– 18.b) oinarriko jardueretarako: Egindako jarduerak justifikatzen dituen memoria orokorra. Egindako gastuen justifikazio ekonomikoa jaso beharko da, bai eta egindako ordainketak egiaztatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa ere. Era berean, enpresa-planaren bilakaerari eta lortutako emaitzei buruzko azalpen-memoria erantsi beharko da, dirulaguntza ekonomikoa jaso duen entitate bakoitzeko banakakoa.
3.– 18.c) oinarriko jardueretarako: egindako azterketaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.
24. oinarria.– Minimis laguntzak.
1.– Agindu honen 18.a)1 eta 18.c) oinarrien babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023/12/15ekoa).
2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu beharko ditu erantzukizunez, minimis laguntza berriak Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.
IV. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESETAN BAZKIDEAK SARTZEKO LAGUNTZAK.
25. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta honako jarduketa hauek finantzatzeko erabiliko dira:
a) Langabeak kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.
b) Besteren konturako lan-kontratua duten eta bazkideak ez diren jarduneko langileak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.
c) Desgaitasuna duten pertsonak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.
d) Nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak sartzea nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetako bazkide mugagabe gisa.
26. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– 3. oinarrian (3., 4. eta 5. puntuak) adierazitako betekizun orokorrez gain, kapitulu honetan deitutako laguntzen onuradun izateko, eskatzaileek betekizun espezifiko hauek bete beharko dituzte xede-taldeen arabera:
a) Langabeak:
• Langabe gisa inskribatuta egotea enplegu-zerbitzu publikoan, eta gutxienez hiru hileko antzinatasuna izatea. Antzinatasun horrek etenik gabekoa izan beharko du, eta bazkide gisa sartu aurrekoa. Betekizun hori bete behar izanez gero, probaldia hasteko egunean bete beharko da –probaldia Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean dago araututa–.
b) Besteren konturako langileak:
• Inoren konturako langileak onuradunak izan daitezke, baldin eta bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako entitatean sartu aurreko lan-kontratua sei hiletik gorako antzinatasuneko kontratua izan badute enpresan bertan. Ez da dirulaguntzarik emango, baldin eta lan-kontratu mugagabea egiten bada goi-zuzendarien lan-harreman berezia arautzen duen abuztuaren 1eko 1382/1985 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean.
• Langileak entitate bat gizarte-ekonomiako entitate bihurtu delako sartzen badira langile edo lan-bazkide gisa, baldintza izango da bazkide egin berriak besteren konturako langile izandakoak izatea, eta sartu aurretik zuten lan-kontratua mugagabea izatea eta sei hilabete baino gehiagoko antzinatasuna izatea eraldaketa egin zuen enpresan.
• Legezko subrogazio baten haritik eta gizarte-ekonomiako entitatea esleipendun suertatu den zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida baten ondorioz, langileak bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartzen badira gizarte-ekonomiako entitatean, ezinbesteko baldintza izango da sartutako bazkide horiek kontratu mugagabea izan duten inoren konturako langileak izatea jatorrizko entitatean.
c) Desgaitasuna duten pertsonak:
• Desgaitasuna duten pertsonak badira, enplegu-zentro berezietatik badatoz eta gizarte-ekonomiako entitate batean era iraunkorrean sartzen badira, betiere kontuan hartuta gizarte-ekonomiako entitate hori izan daitekeela desgaituek zerbitzuak ematen zituzten enplegu-zentro berezi bera. Euskal Autonomia Erkidegoko lantoki batean enpresaratu behar dira.
• Ondorio horietarako, desgaitasuna duten pertsonak izango dira: urritasun fisiko, psikiko edo sentsorialak izan eta gutxienez % 33ko minusbaliotasuna onartua dutenak.
d) Nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetara sartzea:
• Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta jarduera mistoetan diharduten ustiategien titularrak izatea, betiere euren kasa eta zuzenean egiten badituzte ustiategirako behar diren jarduerak, denbora osoan edo partzialean.
• Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetan bazkide gisa sartzea.
• Ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute.
• Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatiba bateko bazkideak badira, bazkide izaten gutxienez 5 urte daramatela, justifikatutako arrazoi objektiboak direla medio nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibaz aldatzen badira, arrazoi horiek egiaztatu beharko dira nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen entitateak emandako aldeko txostenaren bitartez.
27. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Oro har.
– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den iraupen mugagabeko eta eskubide osoko bazkide-izaera.
– Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotaren eta hasierako ekarpenaren kopuruak.
– Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:
• Eskatzailea beste laguntzarik edo dirulaguntzarik jasotzen ari den xede eta helburu bererako administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik.
• Eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penalik edo administratiborik, galarazten dionik dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea.
• Eskatzaileak ez duela legezko debekurik ezgaitzen duenik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko.
• Bete egiten dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.
• Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.
b) Langabeak.
– Langabe gisa inskribatuta egondako aldiei buruzko ziurtagiria, enplegu-zerbitzu publikoak emana.
– Dagokion enplegu-zerbitzu publikoaren ziurtagiria, non egiaztatu behar baita, hala badagokio, zenbat aitortu zaion ordainketa bakarreko langabezia-prestazioan.
c) Besteren konturako langileak.
– Lan-bizitzaren txostena, lan-kontratua hasi den egunetik aurrerakoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, non agertu behar baita kontratu horrek sei hiletik gorako antzinatasuna duela.
– Epemugarik gabe eta eskubide osoarekin bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartu aurretik eskatzaileak entitatearekin zeukan erlazioari buruzko ziurtagiria, enpresak emana. Hau da, langilearekiko erlazioari dagokionez, argitu behar du ea besteren konturako langilea zen edo bazkide langilea edo iraupen mugatuko lan-bazkidea zen.
– Legezko subrogazio baten ondorioz sartuz gero, zerbitzu-kontratua edo administrazio-emakidarena, legezko subrogazioa egiaztatzeko.
d) Desgaitasuna duten pertsonak.
– Minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, non adieraziko baita zein den minusbaliotasun-maila.
e) Nekazaritza eta elikagaigintzako kooperatibetara sartzea:
– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien erregistroaren ziurtagiria, dagokion foru-aldundiak emana, non adieraziko baita nor den ustiategiaren titularra, hala badagokio; nekazaritza-araubideko lan-bizitzaren agiria, edo nekazaritzako besteren konturako langileen araubide berezikoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emana.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibaren bateko bazkideak badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: baja hartuko duten kooperatibaren ziurtagiria (kooperatiba horretan igarotako aldia azaldu beharko da), eta aldaketa hori egiteko premia objektiboaren aldeko txostena, nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen entitateak emana.
– Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu zer dedikazio-erregimen daukan (partziala edo osoa) nekazaritza-ustiategian.
f) Hala badagokio, hauek:
– Espetxe-egoera egiaztatzen duen agiria: Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa / Espetxeak emandako ziurtagiria.
– Bizikidetza-ziurtagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita ordaindutako jarduerarik ez duen seme edo alaba bat edo gehiago dituela bere kargura, baldin eta sartzen diren pertsonek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik gabeko ondorengo bat edo gehiago.
– Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, edo Fiskaltzaren txostena, non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.
– Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.
– Toxikomano ohien kasuan, onuraduna errehabilitazio-programan sartzea onartzen duen Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren jakinarazpenaren kopia.
28. oinarria.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.
1.– Dirulaguntza-lerro honen kargura emandako dirulaguntzei dagokienez, onuradunek bazkide langile bihurtzeko kapital sozialean egin behar dituzten ekarpenak ordaintzen laguntzeko finantzaketarako erabiliko dira kooperatiba-sozietate edo lan-sozietatean sartzeko unean, eta, edonola ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan xedatutakora egokituko dira.
2.– Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak zenbateko hauek emango ditu dirulaguntza gisa:
a) 25.a) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: 3.000 euro.
b) 25.b) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.
c) 25.c) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: 2.500 euro.
d) 25.d) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.
3.– Kopuru horiei hirurehun (300) euro gehitu ahal izango zaizkie apartatu hauetan adierazitako kontzeptu bakoitzeko, zeinak metagarriak izango baitira:
a) Emakumea izatea.
b) Desgaitasunena duen pertsona izatea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko minusbaliotasuna onartua izatea.
c) Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako esparru-hitzarmena kontuan hartuta, hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea kooperatiba- edo lan-sozietateren batean bazkide gisa sartutakoak.
d) Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duen seme-alabaren bat edo batzuk ardurapean izatea.
e) Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dagoela ulertzeko: pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izatea, betiere modu egiaztatu batean, bai genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren bidez, bai Fiskaltzaren txostenaren bidez –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat–, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.
f) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu dutenak urriaren 31ko 162/2023 Dekretuan araututako laneratze-enpresa batean, baldin eta kooperatiba-sozietate edo lan-sozietatean sartzen badira aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan (162/2023 Dekretua, zeinaren bidez laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen baita, eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen baitira).
g) Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluak horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.
h) Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.
4.– Ematen den dirulaguntzak ez ditu gaindituko, inola ere, pertsona onuradunak harpidetutako kapitalari (gehi, sarrera-kuota edo jaulkipen-prima) dagozkion portzentajeak dagokion kooperatiba-sozietatean edo lan-sozietatean bazkide gisa sartzerakoan:
a) 25.a) oinarrian aurreikusitako kasuetan: % 100.
b) 25.b) oinarrian aurreikusitako kasuetan: % 50.
c) 25.c) oinarrian aurreikusitako kasuetan: % 75.
d) 25.d) oinarrian aurreikusitako kasuetan: % 75. Lanaldi partziala eginez gero, ehunekoa harpidetutako kapitalaren % 50era murriztuko da.
5.– Edonola ere, kapital-harpidetza horrek eskatzaileak egindako benetako diru-ekarpena izan behar du; izan ere, ez da kontuan hartuko lagapen, dohaintza edo doako bestelako formularen baten bidez egindako ekarpenik edo ekarpen-zatirik. Horrela, kapitala langabeziaren kapitalizaziotik datorrenean, harpidetutako hasierako kapital-ekarpenaren eta langabeziaren kapitalizazioaren zenbatekoaren arteko aldea izango da diruz lagunduko den zenbatekoa, 28.2.a) eta 28.2.b) azpiapartatuetan adierazitako mugarekin.
RSS