Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2025eko urriaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4356

AGINDUA, 2025eko urriaren 14koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako 2025eko ekitaldiko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta horiek arautzen dituen 2025eko maiatzaren 6ko Agindua aldatzen duena.

AURREKARIAK

Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko maiatzaren 6ko Aginduak, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia egin eta horiek ematea arautzen duenak, bere 1.2 artikuluan zortzi milioi zortziehun eta hogeita zortzi mila (8.828.000,00) euroko guztizko zuzkidura ezartzen zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.1 artikuluak aurreikusten du dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko dela beti.

Bigarrena.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.2.b) artikuluak xedatzen duenez, ofizioz hasteko, organo eskudunak onartutako deialdia egin beharko da beti. Deialdi horretan, besteak beste, deialdiko dirulaguntzen gehieneko zenbateko osoa jaso beharko da, kreditu erabilgarrien barruan, edo, halakorik ezean, dirulaguntzen zenbateko zenbatetsia.

Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.f) artikuluan xedatzen denez, dirulaguntzak emateko arauetan, gutxienez, honako hauek jasoko dira, besteak beste: «dirulaguntzaren banakako zenbatekoa edo zenbateko hori zehazteko irizpideak, eta, hala badagokio, dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko osoa».

Hirugarrena.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 9.1 artikuluarekin bat etorriz, «Oro har, erakunde autonomoetako lehendakariak edo zuzendariak dira beren eremuetan dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak onartzeko organo eskudunak».

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 14.1.e) artikuluan ezarritakoa ikusita, Jaurlaritzaren lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dagokio agindua onartzeko eskumena, bai eta agindu horren funtsezko edukian egiten diren aldaketak ere.

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Milioi bat ehun eta laurogeita hamasei mila laurehun eta hamar euro eta hogeita hemezortzi zentimo (1.196.410,38) gehitzea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko maiatzaren 6ko Aginduan ikus-entzunezko ekoizpenerako 2025eko ekitaldirako dirulaguntzak emateko deialdia egin eta hura arautzen duena. Gehikuntza hori osorik izango da jatorrizko bertsioa euskarazkoa duten proiektuetarako.

Beraz, ikus-entzunezko produkziorako deialdiaren Aginduaren 1.2 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbateko osoa hamar milioi hogeita lau mila laurehun eta hamar euro eta hogeita hemezortzi zentimokoa (10.024.410,38) izango da, eta horietatik 7.266.410,38 euro euskarazko produkziora bideratuko dira.

Bigarrena.– Maiatzaren 6ko Aginduaren II. kapituluan aurreikusitako film luzeen modalitateak milioi bat euroko (1.000.000) igoera izango du, eta agindu horren 19.1 artikuluan aurreikusitako bost milioi laurehun mila euroko (5.400.000) zuzkidura sei milioi laurehun mila eurokoa (6.400.000) izango da.

Hirugarrena.– Maiatzaren 6ko Aginduaren III. kapituluan aurreikusitako film laburren modalitateari ehun eta laurogeita hamasei mila laurehun eta hamar euro eta hogeita hemezortzi zentimo (196.410,38) gehituko zaizkio, eta agindu horren 32.1 artikuluan aurreikusitako laurehun eta hogeita zortzi mila euroko (428.000,00) zuzkidura seiehun eta hogeita lau mila laurehun eta hamar euro eta hogeita hemezortzi zentimokoa (624.410,38) izango da.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 14a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala