
194. zk., 2025eko urriaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (263 KB - 24 orri.)
- EPUB (290 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4301
EBAZPENA, 2025eko irailaren 24koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez ahalbidetzen baita «Elkartu» laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzea, argitaratzea eta deialdia egitea 2025erako.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia («SPRI») Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Eraldaketa eta Iraunkortasuna Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan, arduratzen da honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.
Horrekin lotuta, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatu ditu Euskadiko enpresetan nazioartekotzea bultzatzeko. Jarduera horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak aipatu behar dira.
Zehazki, Laguntza Programa hau diseinatzean, lehentasunezko helburua izan da nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak lankidetzan babestea, baita nazioartekotze-prozesuan garapen iraunkorra sustatzea ere.
Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («20/2023 Legea») 7.2.a) artikuluan eskatzen du hainbat printzipioren arabera egiteko lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena; besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak.
Hori guztia dela eta
HONAKO HAU EBATZI DUT:
Lehenengoa.– «Elkartu» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, 2025. urterako. Haien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea «Elkartu» programaren oinarri arautzaileak 2025erako onartzen dituen ebazpen hau.
Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKOA
Ebazpen honek ondorioak izango ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
Bilbao, 2025eko irailaren 24a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
NAGORE BONILLA GABARAIN.
ERANSKINA
2025. URTERAKO ELKARTU LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
XIII. agintaldiko Gobernu Programaren bigarren ardatzak, «Hazkunde- eta ongizate-eredua» izenekoak, enpresen nazioartekotzearen aldeko konpromisoa jasotzen du.
Konpromiso hori zehaztuta dago 2030eko Industria Planean, eta joan den 2025eko ekainaren 11n aurkeztu zen. Plan horretan, politika publikoaren etapa berri bat taxutzen da, aurreko legegintzaldietan hasitakoa, eta, besteak beste, kanpoko merkatuetarako sarbidea beste enpresa batzuekin batera lantzearen aldeko apustua egiten duten euskal enpresei zuzenduta dago.
Elkarturen laguntzak atontzen dira itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoetan, eta haien helburua da nazioartekotzearekin lotutako proiektuetan enpresa-lankidetza eta aliantzak babestea
2030 Agendaren helburuen ildotik, sustatzen da ikustaraztea zer konpromiso duten euskal enpresek jasangarritasunarekiko, giza eskubideekiko errespetuarekiko, inklusibotasunarekiko eta aniztasunarekiko nazioartekotze-prozesuetan, eta hari balioa ematea, eta agerian uztea zer eragin duten emakumeek nazioarteko jardueran. Horrela, euskal ekonomiaren eta enpresen irudia lotu nahi da ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasunarekin.
2025eko Elkartu Programak aurrekontu-kreditu nahikoa du, eta SPRIren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak 2025eko urtarrilaren 24ko emandako Aginduaren bidez onartu zen, eta Gardentasunaren Atarian argitaratu. Haren xedea da planaren helburu hau lortzen laguntzea: «Lankidetzan diharduten enpresen nazioartekotzea sustatzea, besteak beste, Sektoreko Elkarteena, Esportazio Partzuergoena eta Euskal Autonomia Erkidegoko salmenta-taldeena».
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen helburua da dirulaguntzak ezartzea nazioartekotze-jarduerak egiteko enpresa-lankidetzara bideratzeko 2025ean, eta deialdia egitea haiek gauzatzeko hurrengo artikuluetan jasotzen diren baldintzetan.
Horrela, Elkartu programak bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren helburuekin (jasota daude XIII. legegintzaldiko gobernu-programan), eta egokituta dago nazioarteko merkataritza-trukeei eragiten dien aldakortasun eta ziurgabetasun handieneko testuingurura eta hori garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetara. Programaren helburua da lankidetzan egiten diren nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak babestea, eta nazioartekotze-prozesuan garapen iraunkorra sustatzea.
2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta laguntzen izaera.
1.– Laguntza horiek izapidetuko dira behar bezala aurkeztutako laguntzen ondoz ondoko lehiaren arabera. Ondorioz, laguntzak banaka eta ordenan ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin dagozkien eskaerak osatu diren unetik aurrera.
2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzak jotzen dira garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntzatzat, zeinek, beraz, bete behar baitute Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBren 2023/2831 Erregelamendua).
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak joko dira itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 1.000.000 eurokoak dira, eta etorriko dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuak sartuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan.
2.– Funtsak mugatuak direnez, programak ahalik eta gehien laburtu nahi du laguntzak eskatu eta eman arteko epea. Ondorioz, laguntzak modu ordenatuan esleituko dira, espedientea osatzen den unearen arabera, eta laguntzak ukatu egingo dira programarako gehieneko zuzkidura gainditzen dutenean.
3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta SPRIren Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du www.spri.eus web orrian eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta; hori dela eta, eskaerak ezetsiko dira, baldin eta aurkeztuta baina ebazteke badaude.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Onuradun izan daitezke enpresa-lankidetzako elkarteak eta taldeak, kategoria horretan sartuta daude artean esportazio-partzuergoak, salmenta-taldeak eta kanpo-merkatuetan elkarrekin jarduteko konpromisoa duen beste edozein figura juridikoki baliozko.
Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, eskaeran espresuki adierazi beharko dira taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako egikaritze-konpromisoak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere. Haiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, ahalmen nahikoarekin onuradun gisa taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea ezin izango da desegin harik eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen (DEAL) 43, 44 eta 45. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.
2.– Oinarri hauetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, elkartetzat hartuko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten erakundeak:
a) Irabazi-asmorik gabeko erakundea izatea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.
c) Bazkideen artean gutxienez 10 enpresa edo jarduera-zentro bat izatea EAEn.
d) Helburu nagusietako bat enpresa elkartuen nazioartekotzea izatea eta horretarako plangintza bat izatea.
3.– Bestalde, enpresa-lankidetzako taldeek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Gutxienez 2 enpresak osatu beharko dituzte. Independenteak eta loturarik gabekoak izango dira, eta eragiketa-sinergiek eragindako abantailen elkarrekikotasunak bultzatuta; konpromisoa hartuko dute kanpoko merkatuetan batera jarduteko, arriskuak eta kostuak partekatuz. Era berean, kontuan hartu ahal izango dira sozietatea EAEtik kanpo duten enpresak. Enpresa horiek taldean duten partaidetzak ezin izango du izan gehiengoa, eta EAEtik kanpoko enpresak ezin izango dira ETE ez diren enpresak izan.
b) Enpresa onuradunak enpresa handiak eta ETEak izan daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta daudenak edo ekoizpen-instalazioak dituztenak, baldin eta ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik eratu badira.
c) Enpresa handiek parte hartzen duten lankidetza-taldeetan, enpresa horiek trakzioa egin beharko dute, eta gutxienez ETE bat sartu beharko dute.
d) Lankidetzan garatu beharreko jarduerak oinarritu beharko dira enpresen eta/edo erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen batean, kontratu moduan edo alderdien arteko konpromisoa zalantzarik gabe egiaztatzen duen beste edozein dokumentutan.
e) Jarduera-plan bat edo nazioartekotze-estrategia bateratu bat izan beharko dute, honako hauek jasoko dituena: enpresa parte-hartzaileen deskribapena, haien produktu edo zerbitzuak, helburu eta igurikimen komertzialen definizioa, xede merkatuen, bezeroen eta segmentuen identifikazioa, garatu beharreko jardueren definizioa, erantzukizunak eta epeak ezarriz.
4.– Esportazio-partzuergoek, enpresa-lankidetzako taldeen kategoria espezifiko gisa, 3. paragrafoko baldintza orokorrekin batera, betekizun berezi hauek bete beharko dituzte:
a) Nortasun juridiko propioa izatea, berau osatzen duten enpresa edo erakundeekiko independentea.
b) Partzuergoa kudeatzeko kontratatutako pertsona bat izatea, lanaldi osoan.
5.– ETEen definizioa aplikatzen da 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Batzordearen Gomendioan zehaztutakoaren arabera.
6.– Onuradun izateko baldintzari beharko zaio laguntza-eskaera aurkezten den unetik azken ordainketa egin arte eutsi.
7.– Ezingo dituzte jaso deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak:
a) Bitartekaritza-lanak egiten dituztenek eta/edo hirugarrengoen produktuak soilik banatzen dituztenek; hau da, bitartekaritzako merkataritza-jardueran edo onuradun ez diren enpresen produktuak banatzeko jardueran, negozio-bolumen osoaren % 50etik gorako negozio-bolumena dutenek.
b) Era berean, honako hauek ezin izango dira Elkartu programaren onuradun izan:
b.1.– DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoera baztertzaileren batean ez daudenak.
Zehazki, aintzat hartuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela baldin eta betetzen badituzte Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, aintzat hartuko da eguneratuta daudela dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan baldin eta zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta badituzte edo adostu bada hura etetea itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnatu delako.
b.2.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituztenek.
b.3.– Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte direnek, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.
b.4.– Europako Batzordeak erabaki ondoren laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.
b.5.– LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
b.6.– Hiru urteko edozein alditan 300.000 eurotik gorako de minimis laguntza jaso duten enpresek.
b.7.– Armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan aritzen direnek, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.
c) Ez zaie eskaerei erantzungo, baldin eta enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatu badituzte lan-osasunaren aurkako delituak egiteagatik edo zehapen irmo bat jaso badute arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik deialdi honen egunaren aurreko 5 urteetan.
d) Azkenik, kanpoan geratuko dira EBrekin zorrak dituzten enpresak, baldin eta laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende badaude, Europako Batzordeak erabaki ondoren laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, bai eta krisian dauden enpresak ere, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (EBAO, C 249, 2014-07-31).
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak eta gastuak.
Elkartu programaren esparruan, laguntza jaso ahal izango dute eskatzaileak sortutako gastuek; betiere, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatuko diren ekintza hauek egiteko badira:
1.– Eratze-gastuak: kanpoko aholkularitza alderdi juridiko, fiskal eta finantzarioetan, erabakiak hartzeko eta partzuergoak edo bestelako enpresa-elkarteak eratzeko.
2.– Nazioarteko Ekintza Plana edo Estrategia garatzeko gastuak: Baterako jarduera-plana egiteko kanpoko aholkularitzako gastuak.
3.– Gastu-eragileak: Gainera, diruz lagundu ahal izango dira xede-merkatuan jardun ahal izateko beharrezkoak diren gastuak:
3.1.– Merkatuen prospekziorako aholkularitza-zerbitzuak. Xede-merkatu bakoitzeko azterlan bakarra lagunduko da diruz.
3.2.– Jabetza industrialari lotutako gastuak eta homologazioak:
a) Patenteen eta marken erregistroa: Kudeaketa-gastuak diruz lagunduko dira, bai eta helmugako herrialdeko erregistro ofizialetan izena emateko tasak ere.
b) Homologazioa eta ziurtagiria: Xede-herrialdean eskatzen diren nahitaezko homologaziotik eratorritako gastuak, horretarako akreditatutako erakundeek egindakoak, bai eta kanpoko bezero handien aurreko ziurtagiriak eta aurrekalifikazioak ere.
3.3.– Taldearen funtzionamendu operatiboarekin lotutako gastuak: zeharkakotzat hartzen diren gastuak izango dira: bulegoen alokairua, hornidurak, gastu logistikoak edo taldearen sustapen-jarduerarekin lotutako beste edozein gastu partekatu.
3.4.– Xede-merkatuko ordezkaria edo merkataritza-agentea hautatzeko gastuak.
4.– Sustapen-gastuak: Sustapenarekin lotutako gastuak ere sartuko dira:
4.1.– Erakusketari gisa parte hartzea nazioarteko azoketan, foro espezializatuetan eta/edo nazioarteko kongresuetan (estatuan zein atzerrian). Kasu honetan, espazioaren alokairua, erakutsi beharreko produktuaren garraio-gastuak eta standaren dekorazioa lagundu daitezke diruz, eta, atzerrian egindako azoken kasuan, azoka bakoitzeko bidaia-poltsa bat gehituko da, I. eranskinaren arabera.
Kanpoan geratzen dira nazioarteko azoka, foro espezializatu eta/edo kongresuetan parte hartzearekin lotutako gastuak, baldin eta partaidetza hori Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein erakundek, beste administrazio publiko batzuek, EAEko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberek eta/edo euskal klusterrek antolatzen badute eta, gainera, finantzaketa publikoa badu.
Nazioarteko azokak Estatuan egiten direnean, 2025eko nazioarteko merkataritza-azoken egutegi ofiziala onartzen duen Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren 2025eko urtarrilaren 27ko Ebazpenean jasotakoak baino ezingo dira lagundu.
4.2.– Atzerriko kongresuetan, foro espezializatuetan eta nazioarteko azoketan bisitari gisa parte hartzea: izena emateko kuotarentzako jaso daiteke laguntza eta bidaia-poltsa bat gehituko da, I. eranskinaren arabera.
4.3.– Online kongresu, espezializatutako foro eta nazioarteko azoketan parte hartzea: izen-emateko kuotaren eta horiekin lotutako bestelako gastu batzuen dirulaguntza jaso daiteke.
Laguntza jaso dezaketen elementutzat hartzen dira hauek: espazioa alokatzea, standaren dekorazioa (erakutsi beharreko produktuak garraiatzeko kostua barne), izena emateko kuota, eta azoka eta enpresa parte-hartzaile bakoitzeko bidaia-poltsa bat.
a) Elkarteen kasuan: gutxienez EAEn kokatutako hiru enpresa elkartu edo ordezkatu beharko dituzte.
b) Enpresa-lankidetzako taldeen azoketako partaidetza: erakusketari gisa, taldearen eskaintza bateratua egin beharko da.
Kasu hauetan, ezinbestekoa izango da Euskadi Basque Country marka (Euskadi Basque Country markaren, SPRI Taldearen eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren logoak) ikusaraztea standetan eta azokan erabilitako sustapen materialetan.
4.4.– Zuzeneko Misioak: Merkatuak aztertzeko eta/edo bezero izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko eta/edo azokak bisitatzeko eta/edo kongresu edo foro espezializatuetan parte hartzeko nazioarteko prospekzio-bidaiak.
a) Elkarteen kasuan: gutxienez EAEn kokatutako hiru enpresa elkarturi lagundu edo ordezkatu beharko dituzte.
b) Enpresa-lankidetzako taldeetan, partzuergoko gerenteak edo dagokion zuzeneko misioaren ondorioetarako enpresa-lankidetzako taldearen ordezkari gisa jarduten duen pertsonak egindako bidaiak lagunduko dira.
Gehienez ere 3 misio zuzen diruz lagunduko dira helmugako herrialde bakoitzeko, eta haietako bakoitzean bidaia-poltsa bat erakunde parte-hartzaile bakoitzeko.
4.5.– Alderantzizko misioak, bezero izan daitezkeenak edo atzerriko preskriptoreak gonbidatzea.
a) Elkarteen kasuan: gonbidatuek elkartea bisitatu beharko dute, eta, gutxienez, EAEn kokatutako hiru enpresa elkartu.
b) Enpresa-lankidetzako taldeetan: partzuergoko edo taldeko enpresak bisitatzeko gonbidapena.
Gehienez ere, herrialde bakoitzeko alderantzizko 3 misio lagunduko dira diruz, misio bakoitzeko 10 gonbidapen gehienez, 1. eranskineko bidaia-poltsen arabera kalkulatuta.
4.6.– Sustapen- eta hedapen-elementuak. Baterako sustapenerako materiala bakarrik onartuko da, eta, bertan, parte hartzen duten enpresak identifikatu beharko dira. Partzuergoen kasuan, horien izena bakarrik onartu ahal izango da. Sustapen-elementuak herrialde horretako hizkuntza ofizialean edo ingelesez egin beharko da.
5.– Azterlanak egitea:
a) Nazioartekotze-planak berriz egitea eta lankidetzako kontingentzia-planak idaztea.
b) Ikuspegi sektoriala edo taldekatua duten global supply chain aukerak eta birdiseinu-azterlanak egitea.
c) Nazioarteko e-commerce estrategia bat lantzea.
6.– Egitura-gastuak: Langileak hautatzeko kanpo-kontratazioko gastuak eta/edo kudeatzailearen soldata-kostu gordina, esportazio-partzuergoen kasuan.
7.– Lankidetzan gauzatzen diren nazioarteko lizitazioen esparruan eskaintzak kudeatzea eta prestatzea.
8.– Ez da dirulaguntzarik emango prezio publikoen mendeko erakunde publikoek eskainitako azterketa eta zerbitzuentzat.
9.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea:
a) Azpikontratazioa edo hirugarren batzuekin egindako kontratazioa. Hirugarrenekin kontratatzea edo azpikontratatzea onartzen da, % 100era arte; nolanahi ere, DEALen 31.1 artikuluan adierazitakoa bete beharko da. Onuradun batek azpikontratatzen edo kontratatzen duela ulertuko da hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo geratuko da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Baldin eta hirugarrengoekin hitzartutako jarduera diruz lagundutako zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada eta zenbateko hori 60.000 euro baino altuagoa bada, kontratazioak bete beharko ditu DEALen 31.3 artikuluko baldintzak.
Edonola ere, azpikontratutako erakundeak ezin izango du eduki zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren erakunde eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan; era berean, ezingo du eduki erabakitzeko gaitasunik haren gobernu-organoetan.
b) Diruz lagun daitezkeen gastuak DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, baldin eta diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko. Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, kontuan hartuko dira efizientzia- eta ekonomia- irizpideak, eta, abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, espresuki justifikatu beharko da memoria batean.
10.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) ezingo da diruz lagundu, eta, oro har, zerga, tasa edo ekarpen bat bera ere ez.
11.– DEALen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da izan inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa.
12.– Onuraduna enpresa denean, ez da gasturik kontuan hartuko baldin eta gastuek ez badituzte betetzen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak.
6. artikulua.– – Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.
1.– Laguntzak ehuneko hauetara irits daitezke, jasangarritasunaren arloan hartutako konpromisoaren arabera:
– Onartutako aurrekontuaren zenbatekoaren % 80, erakunde onuraduneko buruak egiaztatzen badu Global Compact edo Munduko Ituneko bazkide dela.
– % 60, erakunde onuradunaren burua ez bada Global Compact edo Munduko Ituneko bazkide.
2.– Gainera, eskaerako, gehienez ere dirulaguntza hauek ezarri dira:
– Partzuergoen kasuan, onuradun bakoitzeko 66.000 euro gehienez, eta partzuergoan parte hartzen duen enpresa bakoitzeko 22.000 euro gehienez.
– Gehienez, 60.000 euro elkarte bakoitzeko.
– Enpresa-lankidetzako taldeen kasuan, onuradun bakoitzeko, 52.500 euro gehienez, eta 17.500 euro gehienez enpresa bakoitzeko.
3.– 1. eranskinean zehazten da zein den bidaia-poltsen zenbatekoa.
7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskuratu ahal izango dituzte, betiere errespetatzen badute diruz lagun daitezkeen gastuetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea.
Nolanahi ere, dirulaguntza horiek bateraezinak dira Klusterren Elkarte Dinamizatzaileei Laguntzeko Programako laguntzekin.
8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2025eko azaroaren 17(a)n edo, 3. artikuluan adierazitakoaren arabera, eskuragarri dauden funtsak agortzean bukatuko da. Hala ere, publikoarentzako arreta 2025eko azaroaren 17an, 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).
2.– Eskaerak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendu beharko zaizkio, eta deialdi honetatik etorritako ondorengo izapide guztiak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Komunari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezarritakoaren arabera.
3.– Betetako eskaerarekin batera, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.
4.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legean, azaroaren 24koan, ezarritakoaren arabera.
5.– Dirulaguntza eskatzean eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, eskatzaileak espresuki uko egin diezaioke baimenari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko ziurtagiria entregatu beharko du, eskatzen zaion aldiro.
6.– Eskaera bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko.
9. artikulua.– Eskaeren edukia eta erantsitako dokumentazioa.
1.– Erakunde eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta ahalmen nahikoa duen erakunde eskatzaileko legezko ordezkariak sinatua. Eskaera horren barruan, erakundeari buruzko datuak eta jarduketei buruzkoak gehitu beharko dira, balorazio egokia egiteko oinarria izango baitira.
b) Eskriturak eta erakunde eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena. Eraketa-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezteko unean, kanpoko zerbitzuaren kostuaren kontratua eta/edo aurrekontua erantsi beharko dira.
c) Eskatzaileak ordainketak egiteko emandako bankuko kontu korrontearen titulartasun-ziurtagiria.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen direla egiaztatzeko ziurtagiriak, organo esleitzaileari ez bazaio baimenik ematen dokumentu horiek eskuratzeko.
e) Oinarri Arautzaile hauen Eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.
f) Alderdi hauei buruzko informazioa:
– Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda. Bertan, adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa, 4. eranskinaren arabera.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa, 4. eranskinaren arabera.
– Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozioaren bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko ekitaldiei dagokienez, 3. eranskinaren arabera.
g) Enpresei emandako 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, ziurtatu beharko da bete direla merkataritza-eragiketen berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak, Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez edo Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean (ROAC) izena emandako auditorearen ziurtagiriaren bidez.
h) Hainbat hornitzaileren eskaintzak, DEALen 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
i) Memoria eta aurrekontua, euren gain dirulaguntzaren xede diren jardueren zerrenda zehaztuta eta helburuaren araberako gastu motaren banakapenarekin.
j) Bazkide izanez gero, Global Compact edo Munduko Ituneko bazkide izatearen egiaztagiria.
2.– Enpresa-lankidetzako taldeen kasuan, aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaz gain, honako hauek ere aurkeztu behar dira:
a) Enpresen eta/edo erakundeen arteko lankidetza-akordioa, kontratua edo beste edozein dokumentu, zalantzarik gabe alderdien arteko konpromisoa egiaztatzen duena. 2. eranskina bete beharko da.
b) Enpresa-lankidetzarako taldearen jarduera-plana. Eraketa-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezteko unean kanpoko zerbitzuaren kostuaren kontratua eta/edo aurrekontua erantsi beharko dira.
3.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazio eta/edo informazio osagarri oro eskatu ahal izango dio eskatzaileari aurkeztutako eskaera behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta tramitatzeko; arau honetan aurreikusita ez dauden kasuetan, aplikagarria izango da Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunen Legea. Zehaztutako epean entregatu beharko du dokumentazio hori, eskatzen zaion aldiro.
10. artikulua.– Zuzenketak.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak ikusten badu ezen aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat, hutsegiteren bat edo zehaztasun-faltaren bat dagoela, enpresa eskatzaileei jakinaraziko die, eta 10 eguneko epea emango die akatsa zuzentzeko, eta ohartaraziko die ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin dutela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-prozedura. Erakunde laguntzailea.
1.– Organo kudeatzaileak ebaluatuko eta ebatziko ditu laguntza-eskaerak, ordenan, espedientea osorik dagoen unetik aurrera.
2.– Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakundeak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan-materialak eta dagozkien txosten teknikoak. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Laguntza emateko, bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea eta dagokion txosten teknikoa prestatzea.
b) Laguntza likidatzeko:
– Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatzen direla kontrolatzea.
– SPRIri gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea.
Txosten teknikoek honako hauek jasoko dituzte: baliozkotzearen xehetasuna eta eskaera bakoitzari dagozkion gastu hautagarriak.
3.– Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakundearen txosten teknikoetan jasotako proposamenak ikusita, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak laguntza-eskaerak ebatziko ditu, aurkeztu diren ordenaren arabera, osorik daudenean eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
4.– Ebazpenak eduki hau izango du gutxienez:
– Erakunde onuraduna.
– Aurkeztutako eta onartutako gastuen aurrekontua.
– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
– Justifikazioa egiteko modua.
– Ezesteko arrazoiak, hala badagokio.
– Zer errekurtso jar daitezkeen aurka, zein administrazio- edo epaitegi-organori aurkeztu behar zaizkion eta zein epetan jarri behar diren. Hala ere, interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez dezakete.
5.– SPRIren Nazioartekotze zuzendariak emandako eskaeraren baiespen- edo ezespen-ebazpen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio modu telematikoan; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Onuradunari esleipenaren ebazpenaren berri ematean, de minimis laguntza bat dela jakinarazi behar zaio.
6.– Ebazpen hori gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaio enpresari, espedientea osorik dagoen unetik zenbatzen hasita, oinarri hauetako 2. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ulertuko da ezetsi egin dela.
7.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
12. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta justifikazioa.
1.– Dirulaguntzaren ordainketa bi ordainketatan egingo da, honela:
– Dirulaguntzaren % 50, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.
– Beste % 50.ª, lagundutako ekintzak egitean izandako gastuak justifikatu ostean.
2.– Justifikazio-dokumentuak telematikoki aurkeztu beharko dira helbide honetan: www.spri/elkartu. Enpresa onuraduneko legezko ordezkariak sinatu beharko ditu, dokumentuak eta dirulaguntzaren esleipenaren ebazpena jaso, eta 2026ko otsailaren 28ra bitarteko epea izango du.
Hala ere, jendearentzako arreta 2026ko otsailaren 27ko 15:00etan amaituko da.
3.– Hauek dira justifikazio-dokumentazio horretan jaso beharrekoak:
– Diruz lagundutako jarduerak egin izanaren justifikazio-memoria.
– Gastuen sailkapen-zerrenda, jarduera eta zenbateko bakoitzaren arabera.
– Onartutako gastuen fakturak, banakatutako kostuekin, igorpen-datarekin eta hornitzailearen identifikatzailearekin, baita ordainketen ziurtagiriak, haien zenbatekoa eta ordainketa data ere.
– Egindako bidaien justifikazioaren kasuan, beharrezkoa izango da garraio-txartelak edota ostatu-txartelak aurkeztea, benetako kostuarekin, eta bidaien egiaztagiria ere gehitzea. Ibilgailu propioa edo taxia erabiltzea ez da barne hartuko.
4.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusiz gero enpresak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, jakinarazi egingo da, eta enpresak 10 eguneko epea izango du haiek zuzentzeko.
5.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariak emango du aurkeztutako likidazioaren inguruko ebazpena, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio organo berari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.
6.– Ez da gasturik kontuan hartuko, baldin eta gastuok ez badituzten betetzen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Deialdi honen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak lotuta daude DEAL legeko 14 eta 42 artikuluetan ezarritako betebeharrei, eta, zehazki honako hauei:
a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso, eta hamar eguneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki eta idatziz uko egiten, ulertuko da onartuta geratu dela.
b) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
c) Justifikatzea betetzen direla dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean eskakizunak eta baldintzak, eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea. Jarduera hori pertsonei buruzkoa denean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.
d) Onartzea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eskatu ahal izango duela eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ahal izango dituztela bere edozein instalaziotan. Horien guztien helburua izango da egiaztatzea ea gauzatu den emandako laguntzaren xede den proiektua eta ea bete diren eskatutako baldintzak.
e) Esleipenaren ebazpena emateko proposamena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean daudela egiaztatzea, ogasunaren arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren saileko titularrak emandako aginduan ezartzen den moduan.
f) Faktura osoak gordetzea eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, faktura egiten den unetik aurrera.
g) Erakundearen izaera juridikoa dela-eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea, pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan; baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egitea bermatzeko.
h) Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
i) Jasotako funtsak Itzultzea, edo garatutako jardueraren edo jarduketari diruz lagundutako kostuaren soberakina, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
j) Dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan, hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea, eta, batez ere, kontuan hartzea sexu- eta genero-genero ikuspegia.
k) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta, batez ere, euskararen erabilera.
l) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organismo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) aditzera ematea laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio.
m) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea ea laguntzarik edo dirulaguntzarik edota beste edozein diru-sarrerarik edo baliabiderik eskatu edo jaso duten xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
n) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari jakinaraztea aldatu egin dela laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera.
ñ) Elkartu programak ematen duen laguntza publikoaren xede diren sustapen-euskarri guztietan, modu egokian adierazi beharko da zein den programaren bidez emandako dirulaguntzaren jatorria.
o) Halaber, azoketan parte hartzeko laguntza jasoz gero, ezinbestekoa izango da Euskadi Basque Country marka (Euskadi Basque Country markaren, SPRI Taldearen eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren logoak) ikusaraztea standetan eta erabilitako sustapen materialetan.
14. artikulua.– – Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, galdu egingo dute emandako laguntza eskuratzeko eskubidea, eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen diru kopuruak gehi dirulaguntzen gaian dagozkien berandutze-interesak, eta, behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako, honako hau ez-betetzea izango da:
a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako eskaeraren baldintzak aldaraziko dituen ekintzak gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Horrek, eragin hauetarako, ez-betetzea eragingo du. Aldaketak baimendu ahal izango dira, haiek SPRIri eskatu bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatu baditu (ahal den neurrian), proiektuan aplikatu aurretik, eta baldin eta Programaren helburu diren jardueren eta xedeen izaera hutsaltzen ez bada.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Ez onartzea programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak, edo haien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea, edo ez betetzea laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.
g) DEALen aurrez ikusitako kausak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALeko 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, ez-betetze espedientea irekiko da, eta, gero, dirulaguntza ezeztatuko da, eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio abiarazi eta ebaztea dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta, betiere, egiaztatzen bada onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela, dirulaguntza partzialki ordainduko da edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta, kalkulatzerakoan, kontuan hartuko da jardueraren zer proportzio egin den, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
Hala, onartutako proiektuen justifikazioan % 30 baino gutxiago beherantz desbideratzen bada dirulaguntza esleitzeko onartutako aurrekontuari dagokionez, dirulaguntza berriro kalkulatuko da, hasierako esleipena kalkulatzeko erabilitako irizpide berdinekin.
Halaber, % 30 edo gehiago desbideratzen bada beherantz, dirulaguntzarako eskubidea gal daiteke, salbu egiaztatzen bada bete direla dirulaguntza jasotzeko helburuak. Bigarren kasu horretan, aurreko atalean adierazitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
6.– Halaber, gainfinantzatzen bada ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso direlako, itzuli beharko da programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean, zehaztuko da zenbat itzuli behar den.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– Aplikagarri denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
3.– Europako Batzordearen EB 2023/2831 Erregelamendua, abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO-L-2023-81820).
4.– Enpresa berrien ekosistema sustatzeko 2022ko abenduaren 21eko 28/2022 Legea (2022ko abenduaren 22ko BOE).
5.– 2022ko irailaren 28ko enpresen sorrera eta hazkundeari buruzko 18/2022 Legea.
6.– Administrazio Publikoen Administrazio prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskaeran oinarritua, da kudeatzea eskatutako laguntzaren espedientea. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori laga ahal izango zaie gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo ez izateko tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
ERANTZUNKIZUNPEKO ADIERAZPENA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea; Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa duen erakunde eskatzailearen zentro bat adierazi behar da gutxienez] helbidean duena, eta adierazten du:
HONAKO HAU ADIERAZTEN DU BERE ERANTZUKIZUNPEAN
I.– Betetzen dituela programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak; zehazki, honako hauek:
(i) Dagokion eranskinean, alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:
a) Aurreko hiru urteetan jasotako de minimis laguntzak. Bertan, adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Zer laguntza eskatu eta lortu diren beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik proiektu hori bera gauzatzeko, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
c) Enpresaren tamaina zehazteko informazioa.
(ii) Konpromisoa hartzen duela enpresa ez deslokalizatzeko, DEALen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.
(iii) Konpromisoa hartzen duela ez gainfinantzatzeko, DEALen 9.4h) artikuluan adierazitako baldintzetan.
(iv) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea, hau da:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatua izatea, edo prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.
b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende egotea edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, horren erruduntzat jo direlako.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek edukitzea Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren bat, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.
g) Ordainduta ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
h) ebazpen irmo baten bidez zigortua egotea lege honen edo beste batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana edukitzera behartuta egonda ere ez daukatenek, ez eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurririk ezarri ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.
i) Administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, pertsona fisikoa edo juridikoa –publikoa edo pribatua– zigortuta egotea Ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte.
j) Bete ez izana desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota, edo martxan jarri ez izana kuota hori betetzeko neurri alternatiboak.
(v) Ez egotea 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.
(vi) Europako Batzordeak erabaki ondoren laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela, ez egotea laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende.
(vii) LGTBIfobia ez egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
(viii) Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
II.– Adierazpen honek bere barnean eskatzailearen konpromisoa hartzen duela, Programaren oinarrietako 5.2.e) artikuluan adierazitakoa betez, enpresa ez deslokalizatzeko (DEALen 49. artikuluan jasotako baldintzen arabera) eta ez gainfinantzatzeko (DEALen 9.4.h) artikuluaren arabera).
III.– Betetzen ditu indarrean dagoen araudian jasotako eskakizunak.
IV.– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.7 artikuluak xedatutakoaren arabera, neure gain hartzen dut dagokidan erantzukizuna.
IV.– Erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batean gehitutako edozein datu edo informazio guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo Administrazio eskudunari halakorik aurkezten ez bazaio, ezingo da gauzatu eraginpeko eskubidea edo jarduera, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.
[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.
RSS