
194. zk., 2025eko urriaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (426 KB - 46 orri.)
- EPUB (1012 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4297
92/2025 EBAZPENA, urriaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, erabaki hau argitaratzea xedatzeko: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Hezkuntza Sailaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, EAEko langabeei eta landunei zuzendutako 2025-2026 prestakuntza-programazioa egiteko.
Gobernu Kontseiluak, irailaren 16an egindako bilkuran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Hezkuntza Sailaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, EAEko langabeei eta landunei zuzendutako 2025-2026 prestakuntza-programazioa egiteko, eta behar bezalako publizitatea emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Hezkuntza Sailaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, EAEko langabeei eta landunei zuzendutako 2025-2026 prestakuntza-programazioa egiteko. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCIA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 3KO 92/2025 EBAZPENARENA
KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKO AKORDIOA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAREN ETA HEZKUNTZA SAILAREN ARTEKOA, 2025-2026KO PRESTAKUNTZA-PROGRAMAZIOA EGITEKO EAEKO LANGABEENTZAT ETA LANDUNENTZAT
Batetik, Francisco Pedraza Moreno jauna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusi den aldetik, ente horren izenean eta hura ordezkatuz, bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 94/2025 Dekretuaren 14.1 artikuluarekin.
Eta, beste aldetik, Begoña Pedrosa Lobato, Hezkuntza Saileko sailburua.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan lanerako lanbide-heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar dira hainbat lanbidetan modu kualifikatuan jarduteko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeria egin gabe.
Laneratzea da langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren helburu nagusia. Horretarako, prestakuntza-eskaintzak bete beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen banakako beharrizanak: lan egiteko moduan dauden pertsonei konpetentziak eman behar dizkie, lan-proiektua egikaritzeko behar baitituzte, eta, halaber, haien enplegagarritasuna hobetu behar du. Prestakuntza-eskaintza honen oinarri nagusia prestakuntza egiaztagarriak eta prestakuntza ez-egiaztagarriak osatzen dute.
Landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzan, berriz, helburu nagusia da erantzuna ematea enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, ekoizpen-sisteman izandako aldaketetara egokitzeko beharrizanei eta langileek lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako dituzten aukerei. Prestakuntza-eskaintza horrek bete beharko ditu enpresek programatutako prestakuntzan bete gabe dauden beharrizanak, eta prestakuntza-programen bidez garatuko da. Programa horiek barnean hartuko dituzte sektoreko nahiz zeharkako beharrizanei erantzungo dieten prestakuntza-ekintzak. Halaber, moduluka antolatutako prestakuntza-eskaintza sustatuko da, egiaztapen partzial metagarria egin ahal izateko, bai eta lan-esperientziaren bidez lortutako konpetentzien egiaztatze eraginkorra ahalbidetuko duten prozedurak ere.
Bigarrena.– Lanerako lanbide-prestakuntzaren arau-esparruaren osagarri ditugu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.
1/2013 Legeak nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin behar dela, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai lanerako lanbide-prestakuntzan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du ildo horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak ere jasotzen baititu. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du prestakuntza-sistema malguak eratu behar direla, oinarri hartuta emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegia. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, bide emango dutenak dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia egikari dadin. Horrez gain, sailarteko organo bat eratzen du, bermatzeko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta lanerako lanbide-prestakuntzaren arloko eskumenak koordinatuko direla.
Hirugarrena.– Akordio honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketak, halaber, bat etorri behar du aplikatzekoa den estatu-araudiarekin. Ildo horretatik, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, nabarmentzekoa da arau hauen bidez hasitako erreforma garrantzitsua: martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzekoa; uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua, Lanbide Prestakuntzaren Sistemaren Antolaketa garatzen duena, eta dekretu hori partzialki aldatu zuen uztailaren 9ko 658/2024 Errege Dekretua.
Arauketa berri horren helburua da Lanbide Heziketako sistema bakar eta integratu bat antolatzea, helburu hauek lortzeko besteak beste:
– Lanbide Heziketa biztanleria osoari irekitzea, barne hartuta lan-mundura lehen aldiz sartzeko prestakuntza, lanbide-prestakuntza jarraitua eta lanbide-berregokitzapena, pertsona bakoitzak behar duen lanbide-orientazio eta laguntzarekin.
– Prestakuntza-eskaintza antolatu, metagarri eta egiaztagarrien bidez lanbide-ezagutzak eta -trebetasunak eskaintzea, beharrezkoak baitira lan-mundu aldakor batean kalitatezko lanbide-jarduera egikaritzeko.
– Bermatzea langileen lanbide-prestakuntza, barne hartuta hala lanpostuan gertatutako aldaketetara egokitzera bideratzen dena nola langilearen enplegagarritasuna areagotzeko plan eta prestakuntza-ekintzen garapenera bideratzen dena, bat etorriz Langileen Estatutuaren 4.2.b) artikuluarekin.
– Lanbide-trebetasun eta -konpetentziak eskuratzea, mantentzea, egokitzea edo zabaltzea, eta karrera profesionalean aurrera egitea.
– Birmoldaketa profesionala eta ibilbide profesionala beste jarduera-sektore ezberdin batera berbideratzea, beste lanbide-sektore batean jardun behar edo nahi duten langileen kasuan.
Funtsezko hiru elementuk osatzen dute sistema berri hau: Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionala, Katalogo Modularra eta Lanbide Heziketako Eskaintzen Katalogo Nazionala (antolamenduaren indarraldia jasoa dago1128/2003 Errege Dekretuan).
Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuta. C gradua lanbide-ziurtagiriei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E Graduak bat datoz hezkuntza-sistemako oinarrizko eta erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.
3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. Aurten, 2025 urtean, otsailaren 4ko 69/2025 Errege Dekretua argitaratu da, zeinaren bidez garatzen baitira Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala osatzen duten elementuak eta kudeaketa-tresnak, eta aldatzen baita martxoaren 5eko 375/1999 Errege Dekretua, Kualifikazioen Institutu Nazionala sortu zuena.
Lanerako lanbide-prestakuntzari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso esakune generikoa erabilita, aipatzen du indargabetuta geratzen direla lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango litzatekeena baina oraindik egin ez dena.
Lanbide-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Hala ere, lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, zeinaren testua uztailaren 9ko 658/2024 Errege Dekretuak aldatu baitu, 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrarekin lotuta, hau ezartzen da:
«– Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du lanbide-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, lanbide-ziurtagiri izenarekin.
– Aurreko apartatuan aurreikusitako ondorioetarako, "prestakuntza-modulu", "gaitasun" edo "prestakuntza-unitate" kontzeptuei egindako ezein erreferentzia "lanbide-modulu", "ikaskuntzaren emaitza" eta "prestakuntza-bloke" kontzeptuei egiten zaiela ulertuko da, hurrenez hurren.
– Behin Seigarren Xedapen Iragankorrean aipatzen den aldi iragankorra agortuta, lanekoak ez diren lanbide-praktiken modulua, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-ziurtagirien antolaketa iraungiaren parte zena, ezabatu egingo da, errege-dekretu honen 71 eta 72 artikuluetan aipatzen diren erregimen dualetako baten alde. Horretarako, lanekoak ez diren lanbide-praktiken moduluaren iraupena proportzionalki banatuko da lanbide-ziurtagiria osatzen duten gainerako lanbide-moduluen artean, prestakuntza-ekintzaren guztizko iraupenari eutsiz. Enpresan edo pareko organismo batean jardun beharreko ehunekoak kalkulatzeko, lehengo lanbide-ziurtagiriaren iraupen osoa hartuko da kontuan.
– Nolanahi ere, enpresako edo pareko organismo bateko egonaldia hasi baino lehen, bermatu beharko da ikasleek dagokion prestakuntza-ikastaroa egin dutela laneko arriskuen prebentzioaren arloko lehen mailako eginkizunak –Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluan ezartzen direnak– egikaritzeko behar diren konpetentziak lortzeko, hargatik eragotzi gabe errege-dekretu honen 153.2.d) artikuluan ezarritakoa. Horretarako, antolatu zirenean lan-arriskuen arloko lanbide-modulu edo prestakuntza-blokerik ez zuten lanbide-ziurtagirien kasuan, errege-dekretu honen V. eranskineko Ikaskuntzaren Emaitzak 2 sartu beharko da, gainerako lanbide-moduluetako edozeinetan (lanbide-heziketako zentroak erabakiko du zeinetan).»
Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean eta 659/2023 Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta erregelamendu bidez garatu arte Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa. Berdina aurreikusten da Katalogo Modularrerako. Ildo beretik, otsailaren 4ko 69/2024 Errege Dekretuak, zeinaren bidez garatzen baitira Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala osatzen duten elementuak eta kudeaketa-tresnak, bere lehenengo xedapen gehigarrian adierazten du ezen Lanbide Kualifikazioen Katalogoan sartutako konpetentzia-unitateak, 1128/2003 EDaren babesean ezarritakoak, automatikoki eta ondorio guztietarako parekatuko direla konpetentzia profesionalen estandarrekin.
Aintzat hartuta erabaki honen indarraldia, erabakiaren klausuletan islatzen da prestakuntza egiaztagarriari dagokionez gaudeneko egoera iragankor hau.
Laugarrena.– Bestalde, akordio honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintza kudeatzeko orduan, aintzat hartu beharko da urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege-dekretu horrek malgutu egiten du hala lanbide-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanbide-heziketako eskaintzak emateko eskatzen diren eskakizunak nola lanerako lanbide-prestakuntzako eta hezkuntza-sistemako zentroetako lanbide-heziketako eskaintza.
Horrela, hezkuntza-administrazioak lanbide-heziketako tituluak edo espezializazio-ikastaroak emateko zentro, espazio eta ekipamenduei ezartzen dizkien eskakizunak egokitzat eta nahikotzat joko dira lanbide-ziurtagiriak emateko, bai eta lanbide-kualifikazio berak osorik edo partez egiaztatzeko diren lanerako lanbide-prestakuntzako beste prestakuntza-ekintza batzuk emateko ere.
Bosgarrena.– Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen, bere 7.1.d) artikuluan Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta lanerako lanbide-prestakuntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetzarekin, ente horri dagozkion arduren barruan, hargatik eragotzi gabe Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketaren zuzendaritzari, antolamenduari eta plangintzari lotuta oro har esleitu zaizkion eginkizunak betetzea.
Aipatutako dekretuaren 12.1.b) artikuluak Hezkuntza Sailari esleitzen dizkio «lanbide-heziketaren arloko zuzendaritza-, antolamendu- eta plangintza-eginkizunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta nekazaritzako eta itsasketa- eta arrantza-arloko lanerako lanbide-prestakuntzaren eta arautu gabeko lanbide-prestakuntzaren arloan eskumena duten sailen eta organismoen laguntzarekin».
Seigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoak, zeina Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago, bere egitekoen artean dauka, besteak beste, enpleguaren, lanerako prestakuntzaren eta autoenplegu-sustapenerako programen kudeaketa eta enpresen sorrera, bat etorriz apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuak onartutako estatutuen 4.f) artikuluarekin.
Halaber, lanerako lanbide-prestakuntza arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan lanerako lanbide-prestakuntza programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak ezartzen du hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren, lanerako lanbide-prestakuntzaren eta nekazaritza-arloko arautu gabeko lanbide-prestakuntzaren arloan eskumena duten sailek eta organismoek egingo dutela, nork bere eskumenen esparruan, lanbide-heziketaren programazioa eta kudeaketa.
Lanerako prestakuntzaren arloko ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea.
Zazpigarrena.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 13. artikuluan berariaz xedatzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emango duela lanerako lanbide-prestakuntza, bai Eusko Jaurlaritzaren zentro propioen bidez, bai kudeaketa-gomendioetarako akordioak izenpetzearen bidez. Xede horretarako, zentro propiotzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako zentro integratuak.
Xedapen horrekin bat etorriz, eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, eta lanbide-heziketaren arloan esleitutako eskumenak eta egitekoak baliatuz –lehenago azaldutakoak–, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Hezkuntza Sailak prestakuntza-ekintzen programazioa bultzatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek jarduera-sektoreetan dituzten kualifikazio-beharrizanei erantzuteko.
Horretarako, garrantzitsua da prestakuntza-ekintzen programazioa malgutzeko elementuren bati eustea, hain zuzen ere eskaintza langabeen eta landunen kolektiboek dituzten beharrizanetara egokitzeko, bai eta pertsona kualifikatuak eta lan-merkatuak eskatutako gaitasunak dituztenak ere hartzeko enpresek dituzten beharrizanetara egokitzeko. Horren guztiaren helburua da aurre egitea digitalizazioaren, garapen jasangarriaren, pertsonen zaintzaren, nazioartekotzearen eta merkatu berrien ondoriozko egungo erronkei, baita produkzio-teknikak etengabe eguneratzea ere. Hartara, gomendioak ez du zuzenean identifikatu eta planifikatzen zer prestakuntza-ekintza eman behar diren 2025-2026 aldi honetan, baizik eta aurrekontu-kreditu bat esleitzen dio Hezkuntza Sailaren mendeko prestakuntza-zentro bakoitzari, berak egikaritu ditzan aldi horretan eman beharreko prestakuntza-ekintzak.
Zentro bakoitzak egikaritu beharreko aurrekontu-kreditua esleitzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Hezkuntza Sailak adierazle batzuk adostu dituzte, kontuan hartuta zein izan diren aurreko urteetan zentroek garatutako prestakuntzaren emaitzak, kalitatea eta eragina, argituta zein izan diren beste enplegu-politika aktibo batzuekin lotutako jarduketa osagarriak, eta kontuan izanda zer prestakuntza-gaitasun duten zentroek lanbide-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-eremuan.
Azaldutakoa oinarri hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, langabeentzako eta landunentzako lanerako prestakuntza-eskaintza programatu eta kudeatzeko EAEko organo eskuduna den aldetik, eta Hezkuntza Sailak, prestakuntza hori emateko zentroak dituen aldetik, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau adostu dute. Hona hemen akordioa arautuko duten
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Akordio honi dagokion kudeaketa-gomendioaren xedea da Hezkuntza Sailak 2025-2026 aldian prestakuntza-ekintzak egitea, akordio honen laugarren klausulan aurreikusitako moduan programatuta. Langile langabeei eta landunei zuzendutakoak izango dira, eta sail horren mendeko zentro publikoetan egingo dira. I. eta II. eranskinetan zerrendatuta daude zentrook, bai eta prestakuntza-planak egikaritzeko zentro bakoitzari esleitutako baliabide ekonomikoak ere.
2.– 2025eko ekitaldian hasi beharko dira egikaritzen prestakuntza-planak, gomendio honen helburu den programazioa osatzen dutenak, eta 2026ko azaroaren 16a baino lehen amaitu beharko dira, barne hartuta, hala behar izanez gero, enpresako edo pareko organismo bateko prestakuntza.
Bigarrena.– Finantzaketara bideratutako baliabide ekonomikoak.
Gomendio honen xede den prestakuntza-programazioa (2025-2026) finantzatzeko, guztira, hamalau milioi seiehun eta berrogeita hiru mila zazpiehun eta berrogeita hamar euroko (14.643.750) kreditua bideratuko da, honela banatuta:
1.– 10.250.625 euro honako hauentzako prestakuntza-ekintzetarako, batez ere: langabeak eta lan-esperientziaren edo bestelako bide ez-formalen edo informalen bidez lortutako lanbide-konpetentziak egiaztatzeko prozeduretan parte hartzen dutenak. Kopuru horretatik, 4.100.250 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 6.150.375 euroak 2026ko konpromiso-kredituari.
2.– 4.393.125 euro, berriz, honako hauentzako prestakuntza-ekintzetarako batez ere: landunak eta lan-esperientziaren edo bestelako bide ez-formalen edo informalen bidez lortutako lanbide-konpetentziak egiaztatzeko prozeduretan parte hartzen dutenak. Kopuru horretatik, 1.757.250 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 2.635.875 euroak 2026ko konpromiso-kredituari.
3.– Prestakuntza-ekintzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantza daitezke, 2021-2027ko EGF+Euskadi Programaren esparruan.
Hirugarrena.– Prestakuntza-ekintzen tipologia eta haiek emateko baldintzak.
1.– Gomendio honetako prestakuntza-eskaintza garatuko da I. eta II. eranskinetan jasotako lanbide-arloetan, langabeei eta landunei zuzendutako eskaintzako prestakuntza-ekimen bakoitzerako.
2.– Tipologia honetako prestakuntza-ekintzak programa daitezke:
a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak edo, hala badagokio, Lanbide Konpetentzien Estandarren Katalogo Nazionalari lotutakoak, helburu dutenak konpetentzia-egiaztapen partzialak, konpetentzia-ziurtagiriak eta lanbide-ziurtagiriak lortzea. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.
C Gradua (lanbide-ziurtagiria) lortzeko prestakuntza-ekintzak prestakuntza-entitateek emango dituzte, baldin eta Hezkuntza Sailaren baimena badute prestakuntza-ekintza horiek integratzen dituen D Gradua emateko.
Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-ekintzak Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak egiaztatutako prestakuntza-entitateek emango dituzte.
b) Prestakuntza ez-egiaztagarria: Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasota dauden eta eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-ekintzak dira. Bi motatakoak izan daitezke:
b.1.– Ez-kualifikatzaileak. Funtsezko eta zeharkako konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak, aukera ematen dutenak maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Hau da:
– Zeharkakoak: hizkuntzen, osasunaren, lan-arriskuen, ingurumenaren, kalitatearen, ekintzailetzaren, ofimatikaren, informazioaren teknologien eta komunikazioaren gaineko zeharkako ezagutza-eremuekin lotutako konpetentziak (arrakala digitala murrizten laguntzen dutenak) eta enplegu-eskatzaileentzat esanguratsuak izan daitezkeen bestelakoak eskuratzeko helburua izango dute. Prestakuntza-ekintza horiek prestakuntza-ekintza ez-egiaztagarrien tipologiakoak izango dira.
– Konpetentzia gakoak: ekintza ez-egiaztagarrien tipologia honen xedea izango da ezagutza instrumentalak eskuratzea, titulazio akademikorik edo lanbide-ziurtagirirako prestakuntza-betekizunik ez duten pertsonek aukera izan dezaten lanbide-ziurtagiri bat –edo horren moduluak– probetxuz egiteko. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: batetik, 2. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, eta, bestetik, kualifikazioko 3. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak.
b.2.– Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak: Ekintza horien xedea produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrak asetzea edota aurreikustea da; batez ere, sektore berritzaileenak edota enplegu-aukera onenak dituztenak garatzeko kualifikazio-beharrizanak edo berariazko erregulazioak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrizanak (txartel profesionalak).
3.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko-praktikoa baino ez da finantzatuko. Ez dira finantzatuko ekintza egiaztagarrietako enpresako prestakuntza edo prestakuntza ez-egiaztagarrietako enpresako praktika ez-lanekoak.
4.– Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko du (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Jarraitzen dutenen ehunekoa txikiagoa bada, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, gomendio honen hamazazpigarren klausulan eta III. eta IV. eranskinetan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, zenbat pertsonak parte hartzen duten prestakuntza-ekintzaren lehen egunean, pertsona-kopuru hori hartuko da prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat.
Laugarrena.– Prestakuntzaren programazioa eta prestakuntza-ekintzen eskaintza.
1.– Gomendio hau egikarituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-ekintzen eskaintza bat izango du eskura, langile langabeen eta landunen kualifikazio-beharrei erantzuteko. Ekintza horiek prestakuntza-ekintzen eskaintzan sartuko dira, bai I. eta II. eranskinetan zerrendatutako prestakuntza-zentroek, zeinak Hezkuntza Sailekoak baitira, hala eskatuta, edo baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak atzemandako beharrizanei erantzuteko ere, hurrengo apartatuetan deskribatzen den moduan.
2.– Prestakuntza-zentro baimenduak, prestakuntzarako LanF informatika-aplikazioaren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraziko dio programatzeko prest dagoen prestakuntza-ekintzen zerrenda, behar bezala adierazita prestakuntzaren espezialitatea, ordu-kopurua, tokia eta hasierako eta amaierako data; helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dituen enplegu-bulegoek informazioa izatea jakiteko zer prestakuntza-ekintza agindu ahal dizkieten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden langileei. Zentroak prestakuntza-ekintzak eskatu ahal izango ditu, betiere aurrekontu-gerakinik badu.
Xede horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lurralde-bulegoek egiaztatuko dute prestakuntza-baliabideak esleituak dituzten prestakuntza-zentro guztiek behar den garaian eta moduan aurkeztu dituztela beren proposamenak, eta proposamen bakoitzak bere baitan biltzen duela urte oso bati dagozkion prestakuntza-baliabide baimenduen zati proportzionala. Proportzionaltasuna aldatuz gero, behar bezala arrazoitu beharko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 10 egun baliodun baino lehen proposamena egiaztatu eta baimendu ondoren, zentroak bere urteko programazioari ekin ahal izango dio.
3.– Prestakuntza-ekintzak ordezteko aukera egongo da, ekintza berriak prestakuntza-eskaintzan sartzeko eskatuz, baldin eta bi baldintza hauetako bat betetzen bada:
a) Proposatutako prestakuntza-ekintzak hobeto erantzuten dio laneratze-estrategia bati, zeina prestakuntza-zentroak landu eta sustatzen baitu kontuan hartuta zer aukera ematen zaien enplegua lortzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden pertsonei.
b) Prestakuntza-ekintzak, bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren behar hauei erantzuten die: prestakuntza-kontuaren ustiapenetik eratorritako prestakuntza-aholkularitzaren bidez atzemandako beharrak, aintzat hartu gabe daudenak prestakuntza-zentroak bere gain hartu eta urtero eskuragarri jartzen duen eskaintzan.
4.– Programazioan bateraezintasunik sortuz gero Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak proposatutako prestakuntza-ekintzak egikaritzeko orduan, Lanbideren proposamenak lehenetsiko dira, eta ez prestakuntza-zentroen proposamenak.
5.– Baldintza hauek bete beharko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-ekintza bat sar dezan eskaintzaren barruan:
a) Prestakuntza-ekintza lotua duen prestakuntza-espezialitatea alta emanda egotea Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan, edo Prestakuntza Eskaintzen Katalogo Nazionalean sartutako prestakuntza-eskaintza gisa.
b) Prestakuntza-zentroak espazio eta ekipamenduei buruzko arauak betetzea, zehazki lanbide-ziurtagiria erregulatzen duen araudian zehaztutakoak edo espezialitateko prestakuntza-programan jasotakoak. Edo, bestela, betetzea lanbide-heziketako tituluen eta espezializazio-ikastaroen curriculuma ezartzeko eskumena duen hezkuntza-administrazioak eskolak emateko eskakizun gisa zehaztutakoak, lanbide-ziurtagiriak eta lanerako lanbide-prestakuntzako beste prestakuntza-ekintza batzuk ematen direnean, baldin eta titulu edo espezializazio-ikastaro horietan sartutako lanbide-kualifikazio berberak egiaztatzen badira osorik edo partzialki.
c) Eskualde eta lurralde historikoetan eman beharreko lanbide-arloei dagozkien prestakuntza-espezialitateak behar bezala banatu behar dira gomendio honetako programazio-aldian zehar, enplegu-eskatzaileen beharretara eta erabilgarritasunera egokitzeko, eta lan-merkatua ez gainezkatzeko lanekoak ez diren praktikekin; horretarako, handitu egin behar da eman beharreko espezialitateen kopurua.
d) Prestakuntza-zentro berak urteko lauhileko berean emandako espezialitate kualifikatzaile bateko prestakuntza-ekintza berri bat gehitu ahal izango da eskaintzan, baldin eta espezialitate horretako azken ekintza ikasle-talde osoarekin hasi bada.
Bosgarrena.– Zentroen prestakuntza-plana eta diru-zuzkidura.
1.– Prestakuntza-zentro berberak eman beharreko prestakuntza-ekintzek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute deialdi honen egikaritze-aldirako, eta plan hori oso-osorik finantzatuko da.
2.– Zenbat parte-hartzailek parte hartu eta zenbat kostatzen den prestakuntza-ordua, hainbat diru emango da prestakuntza-ekintza bakoitza finantzatzeko; beti ere, III. eta IV. eranskinetan zehazten diren modulu ekonomikoen arabera, eta kontuan hartuz prestakuntza-ekintza lehentasunez langile langabeei ala landunei zuzentzen zaien, hurrenez hurren.
3.– Prestakuntza-zentroren batek prestakuntza-ekintzaren bat egikaritzeko zailtasunak baditu eta esleitutako finantzaketaren zati bati uko egin behar badio, hurrengo urtearen hasieran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak lurralde bereko prestakuntza-zentroari esleituko dio askatutako zenbatekoa, baldin eta, dauden sektore-beharrizanen eta zentroaren egikaritze-emaitzen arabera, lehentasuna badu esleipenean. Horretarako, prestakuntzaren emaitzen, kalitatearen eta eraginaren adierazle-multzo bat erabiliko da, hasierako aurrekontu-esleipena egiteko erabili zen bera, alegia.
Seigarrena.– Prestakuntza Erakundeen Erregistroan eta Lanbide Heziketako Ikastetxeen Erregistro Orokorrean alta ematea.
C graduen eskaintzaren programazioan parte hartzen duten zentroek gradu horiek integratzen dituen D Gradurako Hezkuntza Sailak ematen duen baimena behar dute.
Gainerako prestakuntza egiaztagarriaren eta ez-egiaztagarriaren eskaintzaren programazioan parte hartzen duten zentroek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez egiaztatuta edo inskribatuta egon beharko dute emango den prestakuntza-espezialitatean. Datuok Estatuko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan edo Lanbide Heziketako Ikastetxeen Erregistro Orokorrean sartuko dira, hala badagokio.
Lanerako lanbide-prestakuntzako ekintzak emateko gaur egun baimenduta eta egiaztatuta dauden zentro eta entitateek bere horretan mantenduko dituzte 3/2022 Lege Organikoan Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzak emateko jasotako baimen-baldintzak, harik eta erregelamendu bidez arautzen den arte Lanbide Heziketako Ikastetxeen Erregistro Orokorrean inskribatzeko prozesua, bat etorriz, betiere, 3/2022 Lege Organikoaren lehen xedapen iragankorrean xedatutakoarekin.
Zazpigarrena.– Harreman zuzena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta lanbide-heziketako ikastetxeen artean, eta ordaintzeko modua.
1.– Prestakuntza-programazio hau egikaritzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak zuzeneko harremanak izango ditu programazioan aritzen diren prestakuntza-zentro guztiekin.
2.– Hezkuntza Sailaren antolaketa ekonomiko-finantzarioaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontuan sartuko du prestakuntza-plan bakoitza emateagatik esleitutako zuzkidura.
Guztira 2 ordainketa egingo dira, aldi hauetan:
a) Lehen ordainketa, hots, langabeentzako eta landunentzako prestakuntza-plan bakoitzaren guztizko zenbatekoaren % 40, 2025eko ordainketa-kredituaren kargura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak lehen prestakuntza-ekintzaren hasiera baimendu eta gero.
b) Bigarren ordainketa (prestakuntza-plana finantzatzeko esleitutako gainerako baliabideen zenbatekoa), 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, plan horretako prestakuntza-ekintza guztiak amaitzen direnean egingo da, lehenengo klausulan ezarritakoaren arabera, egindako jarduerak justifikatu ondoren, hamaseigarren klausulan –1.2.s) apartatuan– eta hamazazpigarren klausulan aurreikusitako baldintzetan.
Zortzigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.
1.– Honako hauek parte har dezakete programazio honetako prestakuntza-ekintzetan:
1.1.– Prestakuntza egiaztagarrietako ekintzetan, langabeek zein landunek.
EEE eta ABEEEn daudenek beti izango dute lehentasuna.
Urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren administrazio publikoko langileek prestakuntza-ekintza egiaztagarrietan parte hartu ahal izango dute, urriaren 30eko EFP/1189/2023 Aginduaren arabera –EFP/1189/2023 Aginduak hainbat artikulu aldatzen ditu uztailaren 20ko EFP/705/2022 Aginduan, zeinak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako prestakuntza-ekintzak, langileei zuzendutakoak, finantzatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen baititu.
1.2.– Langabeei zuzendutako prestakuntza ez-egiaztagarrietako ekintzetan parte hartu ahal izango dute, lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek, edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren Fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langile langabeek ere parte hartu ahal izango dute. EEEn daudenek beti izango dute lehentasuna.
Horrez gain, lehentasunik gabe, lanean ari diren langileek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30 gainditu gabe. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan. Aldizkako langile finkoen kasuan, lanik egiten ez duten aldietan, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta daudenen kasuan, ez dira landuntzat hartuko lehen aipatutako ehunekoa kalkulatzeko.
Ondorio horietarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.
1.3.– Lehentasunez langile landunei zuzendutako prestakuntza ez-egiaztagarrietako ekintzetan parte hartu ahal izango dute EAEko lantokietan lan egiten duten langile guztiek, baldin eta dagokion eskabidea aurkezten badute. Mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek ere parte hartu ahal izango dute ekintza horietan, zehazki mendetasuna duten pertsonentzako arretarekin lotutako prestakuntza-eskaintzan. Administrazio publikoetako langileek ere landunei zuzendutako ekintzetan parte hartu ahal izango dute, baina zeharkako ekintzetan soilik, eta gehienez parte-hartzaileen % 10eko mugarekin. ABEEEn daudenek beti izango dute lehentasuna.
Ekintza horietan, langabezia-egoeran dauden langileen parte-hartzea gehienez % 30ekoa izango da prestakuntza-ekintza bakoitzeko. Pertsona horiek enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon behar dute, enplegu-zerbitzu publikoren batean. Aipatutako ehuneko hori programatutako parte-hartzaile guztiei dagokie, edozein dela ere prestakuntza-ekintzan hasi diren ikasleen kopurua. Langile langabetzat jotzeko, kontuan hartuko da zer egoeratan dauden prestakuntza hasten den unean, eta lehentasuna emango zaie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden pertsonei.
Parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko eskaera egin diezaiekete entitate onuradunei; horretarako, parte hartzeko eskabide- eta konpromiso-agiri bezala deialdi honetarako diseinaturiko agiri normalizatua erabiliko dute, Lan-F kudeaketarako aplikazio informatikoan dagoena. Parte hartzeko eskabide- eta konpromiso-agiri horren kopia bat parte-hartzaileari emango zaio.
Aipaturiko agiria, parte-hartzailearen jatorrizko sinadurarekin edo sinadura elektronikoarekin, entitate onuradunaren esku egon beharko da prestakuntza-ekintza amaitzen den unean, eta entitate onuradunak gorde beharko du, Lanbidek edo beste kontrol-organismo batzuek eskura izan dezaten egiten dituzten egiaztapen-jardueretan.
Parte hartzeko eskabide/konpromisoetan jasotako datuak Lanbideri jakinarazi beharko zaizkio ezarritako epeetan, LanF-prestakuntzaren kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez.
1.4.– Lan-esperientziaren bidez edo beste bide ez-formal eta informal batzuen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak egiaztatzeko prozeduran parte hartzen dutenei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan, prozedura honetan parte hartzen duten edo parte hartu duten EAEko pertsonek parte hartu ahal izango dute lehentasunez. Era berean, nahiz eta konpetentzia profesionalak egiaztatzeko prozeduran parte hartu ez, lanbide-ziurtagiria osatzeko lanbide-modulu edo prestakuntza-blokeren bat falta zaien pertsonek ere parte hartu ahal izango dute.
2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek haietan sartzeko eskakizunak bete beharko dituzte.
Bederatzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko dutenak hautatzea.
1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:
a) Enplegu-eskatzaileak (eta DSBE-Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta BGDS-Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintzaren bat egiteko agindu badiete beren prestakuntza-ibilbidearen barruan.
b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, haien prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deitutako enplegu-eskatzaileak, parte har dezaten lan-merkatuan eskaria duen lanbide-ziurtagiri bat osatzeko falta dituzten moduluez eratutako prestakuntza-ekintza batean.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena eman gabe dauden langile landunak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren sareko bulego batean aurrez aurre aurkeztu badute eskabidea, edo eskabidea zuzenbide pribatuko ente publiko horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus); webgune horretan argitara emango dira prestakuntza-ekintzak, izena emateko epea eta eskatzaileek haietan sartzeko eskakizunak, eta, orobat, prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak.
f) EAEn lan-esperientziaren eta prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen edo parte hartu dutenak, prestakuntza-zentroetatik igorri badituzte.
2.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dira.
3.– Prestakuntza-zentroak hautatuko du zer ikaslek parte hartuko duten ikastaroetan. Pertsona horiek, berriz, aurrez izena eman duten hautagaien artean hautatuko ditu. Ondorio horietarako, prestakuntza emango duen zentroak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren LanF-prestakuntzaren kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar besteko aurrerapenarekin eta behar diren bermeekin.
4.– Langabeen artetik, kolektibo batzuek lehentasuna izango dute, honako hurrenkera honi jarraituz:
1. Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona hauek:
– Kualifikazio-maila baxua dutenak.
– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.
– Langabeak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGDS) jasotzen dutenak.
– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
– Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko, edo ezinbesteko kausen ondorioz, EEE-Enplegua Erregulatzeko espedienteen, ABEEE-Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak, ondorio horietarako langabetzat hartuko direnak.
– Lan-esperientziaren eta EAEko prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen edo parte hartu dutenak.
Emakumeen ehunekoak langabeen artean duten pisuaren araberakoa izan behar du. Beraz, emakumeak langabeen % 57 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeek gutxienez % 57 izan behar dute, ahal dela.
2. Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.
5.– Lehentasunez langile langabeei zuzendutako ekintza ez-egiaztagarrietan, landunek, ez direnez lehentasunezkoak, soilik parte hartu ahal izango dute baldin eta ikastaroan plaza hutsik badago sartzeko eskakizunak betetzen dituen langabe nahikorik ez dagoelako.
Lehentasunez langile landunei zuzendutako ekintza ez-egiaztagarrietan, langabeek, ez direnez lehentasunezkoak, soilik parte hartu ahal izango dute baldin eta ikastaroan plaza hutsik badago sartzeko eskakizunak betetzen duen landun nahikorik ez dagoelako.
6.– Pertsona berak ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaroan sartzeko eskakizunak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.
7.– Hautaketa bukatu ondoren, prestakuntza-zentroek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, LanF-prestakuntzaren kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak berariaz emandako jarraibideak.
8.– Gutxienez prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago, prestakuntza-zentroek beren instalazioetan ikusgai jarri beharko dituzte hautatutakoen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Bestalde, toki horretan zehaztu beharko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.
Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.
9.– Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi hamar partaidek baino gutxiagok eman badute izena.
Salbuespen moduan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aldez aurretik baimena emanda, lehentasunez langabeei zuzendutako ekintzetan, parte-hartzaileen kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten kolektiboei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan, edo kalitatea bermatzeko parte-hartzaileen kopurua txikia izatea beharrezkoa dela egiaztatzen den prestakuntza-ekintzetan; kasu horietan, 10 parte-hartzaile baino gutxiago daudenean ere egin ahal izango dira ekintzak.
Lehentasunez landunei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan 8 parte-hartzaile baino gutxiagoarekin ekintza abiarazteko, beharrezkoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena ematea.
Hamargarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagunduko ditu, eta, hala badagokio, Europako Gizarte Funtsak ere bai.
2.– Ikasleek estalita dute ikastaroetara joateak dakarren arriskua.
Prestakuntza ez-egiaztagarriaren barruan enpresetan egiten diren lanekoak ez diren praktiken kasuan, egonaldiak eta enpresetarako joan-etorriak ere estalita dituzte, Eusko Jaurlaritzak istripuetarako eta erantzukizun zibilerako sinatutako polizaren bidez.
Prestakuntza egiaztagarriaren barruan enpresan edo pareko organismo batean egiten diren prestakuntza-moduluen kasuan, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 52. xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko da.
3.– Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko agiria jasoko dituzte, eta jaso izanaren agiria sinatuko dute.
4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta etekina atera beharko diete prestakuntza-ekintzei. Ondorio horietarako, prestakuntza-zentroak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Lanbide-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da modulu bakoitzeko.
5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, honako kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren barengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.
Hamaikagarrena.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
a) Langabeen kasuan, justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta edo gehiago egitea.
b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.
c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu publikoak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko gertaerak azalduko dira erabaki horretan, eta ikasleak bost egun baliodun izango ditu alegazioak aurkezteko. Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak hamabost eguneko gehieneko epean ebatzi beharko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedura hasteko erabakian, prestakuntza-ekintza behar bezala garatzen dela bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkez daitekeen.
Asteren batean ikasleren batek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuru osoaren % 25 baino gehiago huts egiten badu, edo justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta baino gehiago egiten baditu hilabetean, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.
Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta hutsegiteen % 25eko muga gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.
Hamabigarrena.– Prestakuntza-ekintzak egikaritzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.
1.– Prestakuntza-zentroek gomendio honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako ereduak aintzat hartuta egikaritu beharko dituzte prestakuntza-ekintzak. Halaber, prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko dute jakinarazteko prestakuntza hasi dela (hasiko den eguna baino zazpi egun lehenago gutxienez), gerora aldaketaren bat gertatu dela (gertatu eta berehala) eta prestakuntza-ekintzak bukatu direla; hala jakinaraziko dute, orobat, parte-hartzaileen asistentzia-kontrola.
Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epearen barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.
2.– Langile langabeen ekimenaren kasuan, profesionaltasun-ziurtagiri edo lanbide-ziurtagiri bati edo C Gradu bati lotutako prestakuntza-ekintzak honela programatu ahal izango dira: ziurtagiri osoen arabera, lanbide-moduluen arabera eta C Gradu osoen edo B Graduen arabera; langile landunen ekimenaren kasuan, berriz, honela: B Graduen arabera, prestakuntza-blokeen arabera, A Graduen arabera edo ikaskuntzaren emaitzen arabera.
Prestakuntza-planean sartzen bada profesionaltasun-ziurtagiri edo C Gradu oso bat ematea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak lanbide-ziurtagiriak edo C Graduak dituen lanbide-modulu edo B Gradu adina prestakuntza-ekintzatan bereiziko ditu.
Ikastetxe batek C gradu bat edo lanbide-ziurtagiri bat, horiek osatzen dituzten B gradu guztiak edo lanbide-modulu guztiak jasotzen dituena, programatzen badu, zentroak nahitaez jaso beharko du enpresan edo pareko organismo batean 80 orduko prestakuntza-aldi bat egiteko eskaintza, B graduak metatuz C Gradua edo lanbide-moduluak metatuz lanbide-ziurtagiria lortu nahi duten pertsona guztientzat, bat etorriz uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 60.2 artikuluarekin.
3.– Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek egikaritzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
– Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.
– Lanbide-ziurtagirien kasuan, lanbide-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira moduluak.
– Modulu batean hasten diren pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbidea osatu ahal izateko. Horietaz gain, entitateak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta beraietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte.
– Entitateak prestakuntza eskaini behar die lanbide-ziurtagiria bukatzen dutenei, enpresan edo pareko organismo batean, baldin eta prestakuntza-ekintza horrekin aipaturiko lanbide-ziurtagiria amaitzen bada.
4.– Hasieran onartutako ikasleez gain, beste bi gehiago bertaratu ahal izango dira prestakuntza-ekintzara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, baldin eta prestakuntza-zentroek hala eskatzen badute hasierako komunikazioan, betiere instalazioak eta ekipamenduak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatu ondoren emango da baimena; lanbide-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.
5.– Langile langabeek ezingo dituzte egunean 7,5 ordu baino gehiago igaro prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira izango 37,5 ordu baino gehiago. Muga horien barruan sartuta egongo dira, egin behar direnean, lanbide-ziurtagiri bakoitzari dagozkion enpresako prestakuntza-orduak, edo lanekoak ez diren praktikak, ziurtagiri horiez kanpoko ekintzenak.
6.– Prestakuntza-zentroek ahaleginak egingo dituzte prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzeko; bereziki, gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Horretarako, prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzea ahalbidetzen duten ordutegiak ezarriko dituzte.
Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez burutuko da, eta prestakuntza-zentroak ezingo du aldi baterako eten, salbu ezinbesteko kasuan; betiere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari behar bezala justifikatuta eta hark onartuta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.
7.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baliozkotu beharko ditu prestakuntza-zentroak jakinarazitako alderdi hauek, zeren, baliozkotu ezean, ezingo baita ekintzarik hasi:
a) Prestakuntza-ekintzaren hasieran, zentroak prestakuntza-ekintzaren egutegi (modularra) oso bat emango die ikasleei.
b) «Ebaluazioaren plangintza» dokumentua, LanF prestakuntzaren kudeaketarako aplikazioan emandako ereduaren arabera.
c) Prestatzaileek indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, eta kontuan hartu zer xedatzen den urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuaren 4. artikuluan.
8.– Ikastaroa hasten denean, prestakuntza-zentroek honako material hau emango diete, gutxienez, prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten guztiei:
– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan,
– ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala, eta
– beharrezkoak diren babes-elementuak.
– eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua, prestakuntza-ekintzaren hasieran Lan-Fra igotakoa.
Zentroek berariaz jakinarazi behar dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuk Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu dituela, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu.
Era berean, ikasleei zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete, eta zein diren kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak.
9.– Entitate onuradunek egunero kontrolatu beharko dute laguntza, Lanbidek eskura jartzen dituen euskarrietan. Euskarri horiek parte-hartzaileek eta prestatzaileak sinatu beharko dituzte.
Entitateek txartel grafikoko periferiko bat erabili ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarako konexioa duen sinadura digitala jasotzeko, STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin bateragarria dena eta haren espezifikazio teknikoak betetzen dituena, ezarritako prozeduraren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dagokion instrukzioa argitaratzen duen unetik.
10.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Ordezkapena onartuko da prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 eman aurretik egiten bada.
Bereizita eman beharreko prestakuntza egiaztagarria programatzen denean, eta parte bakoitzera sartzea errazteko, programatutako parte eta modulu bakoitza hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan aukera egongo da ikasleak sartzeko, baldin eta, betiere, modulu horien iraupenaren % 25 gainditu ez bada.
Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, hartara ikastaroari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen, hura normaltasunez egikaritzea oztopatu gabe. Beraz, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuan irizpide batzuk ezarri beharko dira, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eskatzen den gutxieneko maila badutela bermatzeko.
11.– Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten zentroek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, egoera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.
12.– Prestakuntza egiaztagarriaren kasuan, ikasleen ebaluazioa moduluka egingo da, ikaskuntzaren emaitzak egiaztatzeko eta, horrenbestez, lanerako konpetentziez jabetu direla bermatzeko. Amaierako ebaluazio-probara aurkeztu ahal izateko, ikasleek frogatu beharko dute ikastaroak izandako ordu guztien % 75ean gutxienez parte hartu dutela.
Ebaluazioa sistematikoki egingo da, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 57., 63. eta 78. artikuluetan ezarritakoari eta aldez aurreko plangintza bati egokituta. Plangintza horretan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta haien aplikazioak iraungo duen denbora. (LanF aplikazio informatikoan emandako ikaskuntzaren ebaluazioa planifikatzeko ereduaren arabera).
13.– Egiaztapen-diploma bat eman beharko zaio aldeko ebaluazioarekin prestakuntza gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako ereduaren araberakoa, eta, hor, hauek agertuko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, iraupena eta emate-aldia. Halaber, prestakuntza-ekintza aldeko ebaluaziorik gabe amaitu duten parte-hartzaileei ikastaroan parte hartu dutela ziurtatzeko bertaratze-ziurtagiri bat emango zaie. Diploma eta bertaratze-ziurtagiria entregatzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, amaitzen dutenetik aurrera.
Entitate onuradunak diploma edo bertaratze-ziurtagiri horren kopia gordeko du, Lan-Fra igoko duena ikaslearen hartu-agiriarekin batera, non eta ziurtagiriok ez diren Metapostaren edo antzeko beste entitate baten bidez kudeatu. Teleprestakuntzako modalitatean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ondoren, diploma eta/edo ziurtagiria teleprestakuntzako plataformatik deskargatzeko moduan izango da.
Hamahirugarrena.– Enpresako edo pareko organismo bateko prestakuntza eta lanekoak ez diren lanbide-praktikak.
1.– Prestakuntza egiaztagarrian, enpresako edo pareko organismo bateko prestakuntza uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 60.2 artikuluaren arabera garatuko da; hala, zentro batek C Gradu bat osatzen duten B Gradu guztiak proposatzen dituenean, aurreikusi beharko du, nahitaez, enpresako edo pareko organismo bateko 80 orduko prestakuntza-aldi bat eskaintzea beren prestakuntzaren barruan C Gradu bat lortu nahi dutenei B graduen metaketaz.
Nolanahi ere, enpresako edo pareko organismo bateko egonaldia hasi baino lehen, bermatu beharko da ikasleek dagokion prestakuntza-ikastaroa egin dutela laneko arriskuen prebentzioaren arloko lehen mailako eginkizunak –Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluan ezartzen direnak– egiteko behar diren konpetentziak lortzeko, hargatik eragotzi gabe uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 153.2.d) artikuluan ezarritakoa.
Horretarako, antolatu zirenean lan-arriskuen arloko lanbide-modulu edo prestakuntza-blokerik izan ez zuten lanbide-ziurtagirien kasuan Ikaskuntzaren Emaitzak 2 sartu beharko da garatu beharreko prestakuntza-moduluetan, 659/2023 Errege Dekretuaren V. eranskinekoa eta FCOS02–Laneko Arriskuen Prebentziorako Oinarrizko Ikastaroa espezialitatean jasoa.
2.– Prestakuntza ez-egiaztagarrian, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko 2 hilabeteko gehieneko epean hasi beharko dira.
3.– Enpresako prestakuntza egiteko, enpresaren eta prestakuntza-zentroaren arteko akordio bat sinatuko da, eta praktikak egingo dituen pertsonari emango zaio horren berri; gainera, hauek azaldu beharko dira hartan: praktiken edukiaren deskribapena, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.
4 – Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak daudenean izan ezik, eta aldez aurretik Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak baimendu behar du.
5.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 7,5 ordutik gorakoa izan..
Hamalaugarrena.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.
2.– Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez egikaritzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.
3.– Plan horri, Europako araudiak ezartzen duen bezala, in situ egiaztapen-jarduketak gehituko zaizkio, egiaztatzeko ea betetzen diren Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketatik eratorritako betekizunak.
Hamabosgarrena.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE), zeinak argitaratzen baititu lanerako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.
Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.
Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.
Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, hamazazpigarren klausulan aurreikusitako baldintzetan likidatuko da dirulaguntza.
Hamaseigarrena.– Zer betebehar dituzten alderdiek prestakuntza-planak egikaritzeko orduan.
1.– Gomendio honen xede diren prestakuntza-planak egiteko, alderdiek honako baldintza eta betebehar hauek izango dituzte:
1.1.– Hezkuntza Sailak:
a) Bermatzea ea egiazkoak diren prestakuntza-zentroek emandako datu guztiak.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari baimena ematea behar duen informazioa egiaztatzeko eta horri buruzko kontsultak egiteko edo eskatzeko, zentro bakoitzaren prestakuntza-planaren gaineko datuak egiaztatzearren.
c) Aplikatzea urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria.
1.2.– Prestakuntza ematen duten lanbide-heziketako ikastetxeek:
a) Onartutako prestakuntza-ekintzak egikaritzea aurreikusitako ordutegi eta datetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
b) Prestakuntza-ekintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan-F prestakuntzaren kudeaketarako aplikazio informatikoa bidez kudeatzea.
c) Lan-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea noiz hasten diren prestakuntza-jarduerak.
d) Lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ematea prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, argitu dezaten zer prestakuntza-premia duten eta zer aukera duten programatutako diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko.
e) Ikasleei eta irakasleei jakinaraztea prestakuntza-ekintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatzen dituztela, eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu. Europar Batasunaren (EB) ikurra, «Europar Batasunak kofinantzatutakoa» formularekin batera, nabarmen agertu beharko da sortutako material didaktiko guztietan eta bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jarduketen komunikazio-, hedapen- edo publizitate-ekintzetan ere.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko teknikariekin lankidetzan aritzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatzea ea aukeratutako izangaiek betetzen dituzten ikastaroetara sartzeko eskakizunak.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko teknikariei ikastaroen garapenari buruz eskatzen dieten informazio guztia ematea.
h) Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio sumatiboa egitea, bat etorriz indarreko araudiarekin, eta LanF aplikazioaren bidez jakinaraztea bai plangintza bai banakako ebaluazioa.
i) Puntualki jakinaraztea, Lan-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, ikastaroetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
j) Erreserban daudenei jakinaraztea ikastaroan plaza hutsak daudela.
k) Aurreikustea prestakuntza-ekintza egiaztagarrietan parte hartzen dutenen % 100ek enpresako prestakuntza egin dezaten, gai horri buruz erregelamendu bidez ezartzen diren salbuespenekin.
l) Akordio edo hitzarmenak egitea, ikastaroetan parte hartzen dutenek prestakuntza praktikoko modulua enpresan eta pareko organismo batean behar adinako bermeekin egin ahal izateko.
m) Tutore bat izendatzea, lantokiko edo pareko organismo bateko prestakuntza praktikoko modulurako. Haren ardura izango dira enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horretarako, prestakuntza-programaren barruan, ebaluazio-irizpide behagarriak eta neurgarriak jasoko dira.
n) Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratzea kontrolatzea.
o) Ikastaroan zehar, ikasleei baja ematea, baldin eta ikastarotik kanpo uzteko lehenago aipatutako egoeraren batean badaude.
p) Ikasleei gogoraraztea ezen, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, telematikoki bete beharko dituztela prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.
q) Ekintza ez-egiaztagarrietako parte-hartzaile bakoitzari bertaratze-ziurtagiria edo diploma ematea, bat etorriz hamabigarren klausulako 12. puntuan jasotakoarekin.
r) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko teknikariei laguntzea, ikastaroak bisitatzen dituztenean egon litezkeen intzidentziak egiaztatzeko eta konpontzeko.
s) Justifikatzea zer ekintza egin diren kudeaketa-gomendioaren barruan eta zertan aplikatu diren haiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak, hamazazpigarren klausulan ezarritako moduan eta dokumentazioarekin; horretarako, 15 eguneko epea izango dute prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitza amaitzen denetik aurrera, hala ezarrita baitago aipatutako klausularen 4. apartatuan.
t) Egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea, zehazki Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarenak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarenak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak; baita Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketarekin lotutako kontrol-instantzienak ere (EGFren Unitate Administratzailea, Europako Batzordea eta Kontuen Auzitegia). Hala, lagundu egingo diete lokal eta instalazioetarako sartzen eta harremanak izaten prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin.
Horren haritik, Europar Batasuneko araudiak xedatzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak in situ egingo dira, Europako funtsetatik eratorritako eskakizunak betetzen diren aztertzeko.
u) Diruz lagundu daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten, prestakuntza-zentroek identifikatu beharko dute zein diren laguntzarekin lotutako transakzioak; horretarako, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat erabiliko dute.
v) 2032ko abenduaren 31ra arte gordetzea eta zaintzea ikastaroen emaitzen aktak eta jarduera finantzatuari buruzko dokumentu guztiak, egiaztatu ahal izan dadin ea betetzen diren honen ondorioz zentro prestatzaileek hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak; zentroen arduradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emango dizkiote zentroen arduradunek, LanF aplikazio informatikoaren bidez.
w) Tratamendu-eragileak diren aldetik, prestakuntza-programazioa hasi aurretik sinatzea Lanbidek emango dion datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa, arlo hau arautzen duen indarreko araudian aurreikusitako baldintzetan.
1.3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldetik:
a) Kudeaketa-gomendiorako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatzea.
b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman beharko du izena eman duten hautagaien zerrenda, prestakuntza-zentroak LanF prestakuntza-kudeaketako aplikazioaren bidez sarbidea izanik, eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa errazteko; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.
c) Ikastaroetan gertatzen diren intzidentziak konpontzen laguntzea ikastaroak ematen dituzten zentroei.
Lanbidek konpromisoa hartzen du, EGIF+ laguntzaren zuzeneko onuradun den aldetik, funtsezko betebehar hauek betetzeko:
a) Bereizitako kontabilitate-sistema bat mantentzea laguntzaren xede diren jarduketekin lotutako transakzioetarako edo, gutxienez, kontabilitate-kodifikazio egoki bat edukitzea, transakzio horiek eta horien trazabilitatea modu argian identifikatzeko modua ematen duena.
b) Aitortutako gastuak estatuko laguntzei buruzko arau aplikagarrien araberakoak direla eta gastuaren finantzaketa bikoitzik ez dagoela (erkidegoko eta estatuko beste araubide batzuekin) bermatzea, eta Europako Gizarte Funtsaren programako beste aldi batzuekin bat egiten ez duela ziurtatzea.
c) Kudeaketa-agintaritzan edo, hala badagokio, bitarteko organismoan jarduera egin dela egiaztatzea, eta laguntzaren xede den operazioa behar bezala egikaritzen dela bermatzeko egiaztapenak ematea. Horretarako, egiaztapen administratiboa egiteko eskatzen zaizkien agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte, bai eta egiten ari diren jardueren eta eragiketen multzo adierazgarri bati buruzkoa ere.
d) Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitateak, Ogasun eta Finantza Saileko Politika Ekonomiko eta Europar Kohesiorako Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusia, Kontuen Auzitegiak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Europako Batzordeko kontrol-organoek edo Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten finantza-egiaztapeneko eta -kontroleko jarduerak onartzea, EBko funtsekin batera finantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera, eta, horretarako, eskatzen zaion informazio guztia ematea.
e) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren ((XKE) 49. artikuluan jasotako webgunean argitaratutako dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrendan sartzea onartzea.
f) Jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak gordetzea, edo oro har onartutako datu-euskarrietan gordetzea, bereziki jatorrizko agirien bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan bakarrik dauden agiriak; egindako jarduketa eta jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke. Agirien eskuragarritasuna 2021/1060 Erregelamenduaren (EB) 82. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da. Halaber, onuradunek Kudeaketa Agintaritzari jakinarazi beharko diote agiri horiek zein helbide fisikotan gordetzen diren.
g) Eragiketa bakoitzerako tokatzen den erregistro sistema erabiltzea, kudeaketa-agintaritzak edo, hala badagokio, bitarteko organismoak, proposatutakoa, eta zorrotz ziurtatzea datu horiek sistema horretan jaso, erregistratu eta biltegiratzen direla eta adierazleei buruzko datuak EB Erregelamenduetan ezarritakoaren arabera banakatu direla, bermatuz jarduketen azken hartzaileen datuak mikrodatu-mailan erabiliko direla.
h) Webgune ofizialean eta hedabide sozialetako kontuetan eragiketaren deskribapen labur bat egingo dute, laguntzaren mailaren, helburuen eta emaitzen araberakoa, eta Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute. Europar Batasunaren (EB) ikurra, «Europar Batasunak kofinantzatutakoa» formularekin batera, nabarmen agertu beharko da sortutako material didaktiko guztietan eta bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jarduketen komunikazio-, hedapen- edo publizitate-ekintzetan ere.
Hamazazpigarrena.– Finantzaketa justifikatzea eta likidatzea.
1.– Prestakuntza-planak egiteko esleitutako baliabideak justifikatzeko eta likidatzeko, kontuan hartuko da zenbat pertsonak parte hartu duten prestakuntza-ekintzetan eta zenbat eskola-ordu hartu dituzten benetan; betiere, III. eta IV. eranskinetan ezarritako modulu ekonomikoen arabera, eta aintzat hartuta ea ekintzak lehentasunez langile langabeei ala landunei eskaini zaizkien.
Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana egikaritzeko hasiera batean onartu zen diru-zuzkiduraren zenbatekoa.
2.– Kalkulu hori egiteko, ez da aintzat hartuko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo enpresako edo pareko organismo bateko prestakuntza praktikoa ezarritako epeetan amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.
3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:
– Lehentasunez langabeei zuzendutako ekintzetan: A modulua, III. eranskinaren arabera, bider 15 ikasle –baldin eta, gutxienez, 10 ikaslek hasi bazuten prestakuntza, eta gehienez ere 20k– eta bider emandako prestakuntza-orduak.
– Lehentasunez landunei zuzendutako ekintzetan: A modulua, IV. eranskinaren arabera, bider 12 ikasle –baldin eta, gutxienez, 8 ikaslek hasi bazuten prestakuntza, eta gehienez ere 25ek– eta emandako prestakuntza-orduak.
– Aurretik aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren (lehentasunez langabeei edo landunei zuzendutako ekintzei buruzko III. eta IV. eranskinen arabera) eta ekintzaren ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar dituzten langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan, B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.
Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.
– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuengatik.
Baldin eta, ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.
4.– Prestakuntza-zentroak prestakuntza-ekintza guztiak justifikatzeko, justifikazio-memoria aurkeztu beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari Lan-F aplikazio telematikoaren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ekintzaren ebaluazioa baliozkotu, eta gehienez hamabost eguneko epean.
Ezarritako epeak igaro, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu ezean, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio prestakuntza-zentroari dokumentazio hori aurkez dezan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
Hamazortzigarrena.– Kudeaketa-gomendioaren bidez, Hezibi eta Lehen Aukera programak sustatzea.
Langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroek txandakako prestakuntza sustatuko dute gazteentzat; horretarako, prestakuntza-ekintza egiaztagarriak Hezibi Proiektu bihurtuko dituzte –proiektu horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduak arautzen ditu, zeinak ezartzen baititu prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako Hezibi programaren oinarri arautzaileak.
Proiektu horiek Agindu horretan eta gomendio honetan ezarritako baldintzak aintzat hartuta kudeatuko dira.
Era berean, prestakuntza-zentroek 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko dute Lehen Aukera programaren bidez.
Hemeretzigarrena.– Europaren kofinantzaketatik eratorritako gardentasun-betebeharrak.
Kudeaketa-gomendio honi dagozkion datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan aipatzen den web-gunean jasoko dira.
Hogeigarrena.– Gomendioaren indarraldia.
Noiz arte luzatzen diren enkargatutako jarduerak eta noiz justifikatu beharko diren, halako indarraldia izango du kudeaketa-gomendioak.
Hogeita batgarrena.– Eskumena.
Kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin ez eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere, eskumen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baititu esleituta; beraz, zuzenbide pribatuko ente publiko horren ardura izango da egintza edo ebazpen juridikoak ematea, oinarria emango diotenak kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari, edo jarduera material zehatz hori beren barnean hartzen dutenak.
Bi alderdiek adierazten dute ados daudela edukiarekin, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko dokumentu hau sinatu dute.
Hogeita bigarrena.– Gomendio honetan jasotako ehunekoen kalkulua.
Gomendio honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.
Egoitza elektronikoa, 2025eko irailaren 23a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS