
194. zk., 2025eko urriaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
4296
AGINDUA, 2025eko urriaren 2koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, 2025eko ekitaldia ixteko eragiketei buruzkoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen 2025eko ekitaldiko aurrekontuak likidatzeko lanak eta urteko kontuak egitekoak bizkortzeko eta kontabilitate-prozesuan parte hartzen duten organoen artean koordinatzeko, ekitaldia ixteko eragiketak arautu behar dira.
Ondorioz, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau aplikatuko zaie honako erakunde hauek 2025eko ekitaldia ixteko egin behar dituzten eragiketei: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundea (HABE), Administrazio Publikoaren Euskal Institutua (IVAP), Estatistikako Euskal Erakundea (Eustat), Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde), Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (Osalan), Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, Kontsumoko Euskal Institutua (Kontsumobide), Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide), Lehiaren Euskal Agintaritza eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora) organismo autonomo administratiboak.
2. artikulua.– Kontabilitate-agiriak hartzeko datak.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak data hauetan hartuko ditu, beranduenez, 2025eko ekitaldiari dagozkion kontabilitate-agiriak:
1.– 2025eko urriaren 24ra arte:
a) Aurrekontu-aldaketen agiriak, salbu eta I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak, eta kontabilitate-egozpena doitzeko beharrezkoak diren aldaketa teknikoak.
b) «A» agiriak, kudeaketa-fase bereizietan exekutatu behar diren gastuen baimenei dagozkienak; salbu eta I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.
2.– 2025eko azaroaren 11ra arte:
a) «D» eta «AD» agiriak, II. eta VI. kapituluetara egotzi behar diren kontratuenak, abenduaren 31ra arte exekutatu behar diren kontratu txikienak barne, zeinak fase bereizietan izapidetu beharko baitira nahitaez. Salbuetsita geratzen dira funts aurreratuen araubidearen bidez izapidetutako kontratu txikiak.
b) «ADO» agiriak, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzen gastu-kontuetarako funts-bidalketei eta funts aurreratuen birjartzeei dagozkienak.
3.– 2025eko azaroaren 25era arte:
a) «AD», «D» eta «DO» agiriak, IV. eta VII. kapituluetara egotzi behar diren dirulaguntzei dagozkienak, bai eta kapitulu horietako «A osagarri negatiboa» eta «A» agiriak ere; salbu hileroko ordainketei dagozkienak eta ikasturteari (2025-2026) erreferentzia egiten dioten dirulaguntzen deialdiak.
b) Gastu-espedienteak «aurrez izapidetzeko A» agiriak.
c) Organismo autonomoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei, sozietate publikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei egindako transferentzien «AD», «D», «O» eta «DO» agiriak, IV. eta VII. kapituluetara egotzi behar diren transferentzienak, eta organismo autonomoetan kapitulu horietara egotzi behar diren «R», «RI» eta «MI» agiriak, salbu eta diru-sarrerak bermatzeko errentari eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerei dagozkien transferentzienak.
d) «D», «O», «DO» eta «ADO» agiriak, VIII. kapitulura egotzi beharreko gastuenak salbu eta langileentzako maileguei dagozkienak.
e) «DO» agiriak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren desjabetze-kontuaren funtsak birjartzeari dagozkionak.
4.– 2025eko abenduaren 11ra arte:
a) Gastu-espedienteak «aurrez izapidetzeko D» agiriak eta «aurrez izapidetzeko AD».
b) Nomina-aurrerakinen eta langileentzako maileguen «ADO» agiriak. Ondoren izapidetzen direnak hurrengo ekitaldira egotziko dira.
c) «D» eta «DO» agiriak, ikasturteari (2025-2026) erreferentzia egiten dioten dirulaguntzen deialdietako IV. eta VII. kapituluei egotz dakizkiekeen dirulaguntzei dagozkienak.
d) Txeke bidezko diru-sarrerei dagozkien «RI» eta «RE» agiriak. Ondoren jasotzen direnak hurrengo ekitaldira egotziko dira.
5.– 2026ko urtarrilaren 20ra arte:
a) «AD», «D», «DO», «O», eta «ADO» agiriak, aurreko apartatuetan berariaz aipatu ez direnak; salbu eta artikulu honen 6. apartatuan adierazten direnak.
b) Nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.
c) Funts aurreratuen kargurako ordainketetarako kontu delegatuak ixteko dokumentazioa, bat etorriz Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuarekin eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2022ko uztailaren 4ko Aginduarekin, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako funts aurreratuen araubideari buruzkoa baita.
d) Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren desjabetze-kontua ixteko dokumentazioa, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekainaren 20ko 2/2006 Zirkularraren arabera.
e) 2025eko abenduaren 31ra arteko eskubide onartuak eta, hala badagokio, haien sarrerak likidatzeko agiriak, jasanarazitako BEZa duten eragiketei dagozkienak, eta haien kontabilitate-agiriak.
6.– 2026ko urtarrilaren 30era arte:
a) «O» agiriak, VI. kapitulura egotzi behar diren obra-ziurtagiriei dagozkienak.
b) Hezkuntza Sailaren autonomia finantzarioa duten ikastetxeen gastuak eta sarrerak likidatzeko agiriak, bat etorriz Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 1999ko azaroaren 25eko 4/1999 eta 2000ko urriaren 19ko 2/2000 zirkularretan ezarritakoarekin.
c) Hezkuntza Saileko ordezkaritzen gastuetarako kontu baimenduak ixteko agiriak, bat etorriz Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2007ko urtarrilaren 30eko 2/2007 Zirkularrean ezarritakoarekin.
d) 2025eko abenduaren 31ra arteko eskubide onartuak eta, hala badagokio, haien sarrerak likidatzeko agiriak, bai eta egun horretara arte jasotako fidantzak eta gordailuak likidatzekoak ere, eta haiei dagozkien kontabilitate-agiriak.
e) Artikulu honen apartatuetan berariaz jasota ez dagoen kontabilitate-agiri oro.
f) 2025erako programatutako helburuen betetze-mailari buruzko memoria.
3. artikulua.– Ordainketen eta sarreren itzulketak.
1.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2025eko eta lehenagoko ekitaldiei dagozkien ordainketen itzulketa guztiak uneko aurrekontuko sarreratzat joko dira, eta, beraz, 332.00 kontzeptura («Itzulketak») egotziko dira.
2.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2025eko eta lehenagoko ekitaldiei dagozkien sarreren itzulketa guztiak uneko aurrekontuko gastutzat joko dira.
4. artikulua.– Urteko kontuak egiteko dokumentazioa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen urteko kontuak egiteko, Kontrol Ekonomikoko Bulegora bidali behar da, 2026ko otsailaren 1a baino lehen, «Aribideko ibilgetu materialak», «Ibilgetzeetarako aurrerakinak» edo «Bestelako entitateentzat eraikitako edo eskuratutako aktiboak» kontzeptuetan erregistratuta dauden eta 2025eko abenduaren 31 baino lehen amaitu diren obra-espedienteei buruzko dokumentazio elektroniko hau:
– Inbertsioen behin betiko harrera-akta, edo, hala badagokio, inbertsioak amaitu izanaren justifikazio-memoria, organo eskudunak sinatua; kasu batean zein bestean, harrera-eguna eta hartutako inbertsioaren zenbatekoa adierazi beharko dira. Obra-proiektuak izanez gero, dokumentazio hori ez da bidaliko obra bera amaitu arte, salbu eta obra egiten ez bada; halakoetan, horren berri eman beharko da.
– Behin betiko ibilgetuaren zenbakia eta azpizenbakia, egindako inbertsioa horra egozteko.
– Obrak amaitzeko aurreikusi den data berria, baldin eta 2025eko abenduaren 31n inbertsioak amaitu gabe badaude.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 2a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
RSS