Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2025eko urriaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4288

EBAZPENA, 2025eko irailaren 25ekoa, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ematen baitira Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2024ko irailaren 17ko Aginduaren bidez iragarritako laguntzak. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateetan lankidetzaren bidez berrikuntza sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta 2024ko deialdia egin zen (Kooperazio programa).

2024ko urriaren 9an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (197. zk.) argitaratu ziren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2024ko irailaren 17ko Aginduaren bidez egindako deialdiaren oinarriak. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateetan lankidetzaren bidez berrikuntza sustatzeko 2024rako laguntzen oinarriak onartu ziren NPEPE 2023-2027ren esparruan (Kooperazio programa), 2024ko ekitaldirako.

Deialdi horren babesean, eta horretarako ezarritako epearen barruan, 17 laguntza-eskaera aurkeztu dira guztira.

Balorazio Batzordeak horiek aztertu eta deialdi-aginduaren 13. oinarriaren 3. puntuan jasotako nahitaezko ebaluazio-txostena egin ondoren, ondorioztatzen da 17 eskabideak hartu direla kontuan, ebazpen honen eranskinean jasotzen den bezala.

Onartutako eskaerei dagokienez, Elikagaien Politika eta Industriako eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek nahitaezko txostena bidali dute. Txosten horretan, 7. oinarrian ezarritako baldintzak eta 2024ko irailaren 17ko Aginduan ezarritako gainerako irizpideak betetzen direla egiaztatzen da, eta onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzen da.

NPBren 2023-2027 programazioan, EIBko talde eragileen lankidetzako esku-hartzerako nekazaritzako produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloan, 7161 fitxan jasotzen den bezala, dirulaguntzaren ehunekoa proiektuaren kostu hautagarrien % 40 eta % 80 artekoa izango da.

7162 fitxan, berrikuntzarako lankidetzako taldeen esku-hartzeak garatzen dira, AEI Agrirekin loturarik ez dutenak. Fitxa horretan, dirulaguntzaren ehunekoa proiektuaren kostu hautagarrien % 40tik % 80ra bitartekoa izango da.

Aginduaren 13. oinarriaren 2. puntuan ezarritako eskumena aplikatuz, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena egin du, eta, bertan, dirulaguntza ematea proposatzen zaien erakunde eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa jaso ditu.

Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio deialdia ebazpen bakar baten bidez ebaztea. Ebazpen horretan, eskatutako laguntzak eman edo ukatuko dira.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean agertzen diren eskabideak onartzea, eranskin horretan adierazitako helbururako eta zenbatekorako.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Ebazpen honen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari.

Aurkezteko epea: hilabete bat, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 25a.

Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala