
193. zk., 2025eko urriaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (225 KB - 10 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4283
EBAZPENA, 2025eko irailaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez ingurumen-inpaktuaren txostena egin baita, Zumarragako (Gipuzkoa) 1 Altzairutegiko Z5.1 eremura sartzeko proiektuari buruz, Sprilurrek sustatuta.
AURREKARIAK
2025eko maiatzaren 16an, Zumarragako Udalak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Zumarragako 1 Altzairutegiko Z5.1 eremura sartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean araututa dago).
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2025eko maiatzaren 28an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren mende dago, aipatutako Legearen II.E. eranskineko 7. taldeko a) epigrafean (Industrialdeetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak) deskribatutakoarekin pareka daitekeelako.
Sarbide-biribilgune berria egitea ezin da parekatu abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskinean aipatzen diren proiektuekin, eta, berez, ez litzateke ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende egongo. Kasu honetan, industrialdeetarako lurzoru baten urbanizazio-proiektu baten parte da, nahiz eta urbanizazio hori fase desberdinetan eta proiektu indibidualizatuen bidez garatu, eta horregatik behar du ingurumen-inpaktuaren txostena.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zumarragako 1 Altzairutegiko Z5.1 eremura sartzeko Sprilurrek bultzatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako alderdi hauek aintzat hartuta:
A) Proiektuaren helburua da diseinatzea eta zehaztea Zumarragako Z5.1 eremura sartzeko behar diren obra guztiak.
B) Zumarragako 1 Altzairutegiko Z5.1 eremura sartzeko proiektuan (aurrerantzean, Proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da sarbide berri bat egitea GI-2632 errepidetik Zumarragako Z-5.1 1 Altzairutegia eremura.
Sarbide berriak biribilgune bat izango du, 31 metroko barne-diametroa eta 44 metroko kanpo-diametroa izango dituena, egungo errepidearen ardatzean. Mendebaldeko adarretik, Arcelor Zumarragako eta Kaminpeko sarbidea bideratzen da, eta ekialdeko adarretik, altzairutegiaren hegoalderako eta etorkizuneko industrialderako sarbidea.
Biribilguneak 138 metroko luzera eta 124, 85 eta 40 metroko 3 adar ditu.
Biribilgunea egokitzeko, lurrak mugitu beharko dira; aurreikusitako hondeaketa-bolumena 11.467,27 m3-koa izango da, eta betelan-bolumena, 5.457,38 m3-koa.
Euri-urak Urola ibaira isurtzeko behin-behineko puntu berri bat ezarri da. Ibaia berriz bistaratu ondoren, Altzairutegiaren Eremuko Plan Bereziak aurreikusten duen bezala, behin betiko isurketa-puntua egingo da. Puntu horrek sifoi-kutxatila bat izango du solidoak eta hidrokarburoak dekantatu ahal izateko, ibaira isuri ez daitezen. Biribilguneko saneamendu-sareak hainbat kutxatila izango ditu, PVCzko hodietako ura biltzeko.
Proiektuak harri-lubetazko horma bat egitea barne hartzen du, Urolaren ibilgutik gertu, 2. adarreko lursailari eusteko. Guztira 50,5 metroko luzera du, eta gehienez ere 6 metroko altuera, bistan.
Ibaia bistarazteko proiektua ez da aurkeztu fase honetan.
Alternatibei dagokienez, aztergai dugun proiektuak Z-5.1 Zumarragako altzairutegia eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziko zehaztapenak garatzen ditu. Plan horretan, kanpoko eremu osagarri gisa, GI-2632 errepidetik Z-5.1 Altzairutegia eremurako sarbide berria aurkezten da. Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin zitzaion, eta prozedura horretan hainbat antolamendu-aukera aztertu ziren.
Urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-dokumentuetan adierazten den bezala, alternatiba bideragarri bakarra aipatutako Plan Berezian aurreikusitako antolamendua garatzen duena da.
0 alternatiba ezin da teknikoki bideragarritzat hartu; izan ere, aurreikusitako esku-hartzea egin ezean, Plan Bereziaren eremua garatu gabe geratuko litzateke.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektuaren xede den eremua Zumarragako hirigunearen hego-mendebaldean dago, Urretxuko udal-mugartearekiko mugan, zehazki, Z-5.1 Altzairutegia 1 eremuaren hegoaldean.
Plana altzairugintzako industria-jarduerak erabat aldatutako lurzoruetan garatzen da.
Urola ibaia bideratuta eta lurpean doa altzairutegiko instalazioen azpitik. Halaber, proiektuaren eremuaren albo batean, Txakoli erreka dago, hori ere Urola ibaia bezala lurpean igarotzen dena.
Litologiari dagokionez, eremua kare-lutita beltzen gainean dago, hareharrien lerroak ere badituzte kare-lutita horiek, iragazkortasun txikikoak, eta akuiferoak kutsatzeko oso kalteberatasun txikia dute.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-eremuek, landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek eta landaredirik gabeko guneek osatzen dute, eta aurkeztutako dokumentazioak ere horrela berresten du. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.
Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagorik edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera abifauna babesteko ezarritako eremurik ere. Dirudienez, eremuan dagoen fauna hiri-eremuetara egokitutako espezie arruntek osatzen dute.
Eremua ez dago Natura 2000 Sareko espazioetan, ezta inbentarioan jasotako beste naturagune babestu edo interesgarri batzuetan ere, ez eta Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementuen barruan ere.
Eremuak ez du paisaia-katalogorik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren arabera. Hala ere, Legazpiko ikus-arroaren barruan dago, eta gune antropogenikoko hiri-paisaia da. Eremua ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo irekia; aurreproiektua – Eusko Jaurlaritza, 2005).
Proiektuaren eremuan ez dago kultura-ondareko elementu babesturik edo Euskal Kultura Ondarearen Zentroak babesteko proposatutako elementurik.
Eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioan sartutako 20080-00036 kodeko lurzatian dago.
Proiektuaren eremua ez da lehentasunezko fluxu-eremu bat, eta ez dago uholde-arriskuko orbanen eraginpean.
Beste ingurumen-arrisku batzuei dagokienez, eremua Seveso motako enpresetan sortutako istripu larrien arrisku-eremuetatik kanpo dago; halaber, ez da identifikatzen salgai arriskutsuen garraiotik eratorritako arrisku handirik ere. Era berean, eremuan ez da identifikatzen arrisku sismikorik, baso-suteagatiko arriskurik edo akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handi edo oso handiagatiko arriskurik.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Proiektua garatzearen ondoriozko jarduketek lur-mugimenduak, eraikinak eraistea eta harri-lubeta bat eraikitzea eskatuko dute.
Jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da giza habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo Urola ibaiaren urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean istripuz gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortuko dira. Hori guztia eremu nabarmen urbano batean.
Nabarmendu behar da eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzati bat dagoela, 20080-00036 kodea duena eta industriaren arlokotzat jo dena, eta horrek ekainaren 25eko 4/2015 Legea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa, betetzea dakar.
Ustiapen-fasean, eremuko mugikortasuna handitzearekin lotutako eraginak espero dira.
Aurrekoez gain, obra-fasearekin lotutako beste inpaktu batzuk egongo dira, baina, orokorrean, guztiak bateragarritzat jotzen dira.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zumarragan (Gipuzkoa) Z5.1 Altzairutegia 1 eremura sartzeko proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langileen kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan txertatu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:
Jarduketa-esparrua mugatzea:
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo uste gabean afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.
– Kontratistaren instalazioguneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen, landare-lurren eta garbiguneen behin-behineko pilaketa-eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, 10, 100 edo 500 urteko errepikatze-denborako uraldien ondoriozko uholde-arriskuguneak okupatzea eta drainatze-sare naturalari eragitea saihestuko da.
Eremu horiek ezin izango dira inola ere Urola ibaiaren ibaiertzetik gertuko lurretan kokatu.
Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko neurriak:
– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan dauden espezie inbaditzaileak identifikatzeko eta, hala badagokio, desagerrarazteko kanpaina bat egingo da.
– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe geratu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
– Horrez gain, landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.
– Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
– Zebra-muskuiluak arroa koloniza ez dezan, ibilguen inguruetan erabiltzen diren makinek eta elementu osagarriek Arro Organismoak onartutako desinfekzio-protokoloak bete beharko dituzte. Protokolo horiek Uraren Euskal Agentziaren web-orrian eskura daitezke.
Natura-ondarea eta urak babestera bideratutako neurriak:
– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ibaiaren aldameneko obra-lekuetan hesi edo euste-sistema egokiak jarriko dira.
Une oro bermatuko da ibaiko uren kalitatea.
– Obra-eremuetan, jalkitzeko luzetarako barrerak, dekantatzaileak, jalkinentzako tranpak, iragazkiak edo beste sistema batzuk jarriko dira, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta tratatzeko. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko. Nolanahi ere, isuriek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dute. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe.
– Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzean geratzen den ura garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztuak jarriko dira, kanaleten garbiketa-urak jaso eta dekantatu ahal izateko. Edukiontzi horietan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoia garbitzearen hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea.
– Obrako makinen parkerako eta horien mantentze-lanetarako azalera drainatze naturaleko eremutik isolatuta utziko da; zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, lurzorua eta urak olio eta erregaiekin ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak:
– Eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioan sartutako 20080-00036 kodeko lurzatian dago. Horren ondorioz, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenaren arabera, lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko dira, baita ingurumen-organoak beharrezkotzat jotzen dituen edo eskatzen dituen guztiak ere.
– Hondeaketa-lana egin behar bada eta ateratako materialak 500 m3-ko bolumena gainditzen badu, nahitaezkoa izango da gaika hondeatzeko plan bat aurkeztea, lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko baimena duen entitate batek egina. Planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean deskribaturiko edukia jaso beharko du eta ingurumen-organoak onartu beharko du lanei ekin aurretik.
– Lur-soberakinak hondakindegira eraman beharra badago, karakterizazioa dekretu hauetan xedatutakoaren arabera egin beharko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Lur-soberakinak hondakindegira eraman nahi badira, karakterizazioa dekretu hauetan xedatutakoaren arabera egin beharko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Soberako materialak instalazio berean berrerabiltzeko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, entitate egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta analisia, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitateak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta entitate horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.
– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako A-EBA ebaluazioko balio-adierazleak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.
– Hala ere, lurra kutsatu izan duten jardueren beste kokalekuren bat edo instalazioren bat aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:
– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.
– Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa. Alde horretatik, sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
– Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Erabilitako olioak baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da –amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori–, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere –amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek–.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak:
– Sarbideak aldizka garbituko dira, eta lehentasuna emango zaio eskuzko metodoak edo erratz-makinak erabiltzeari azalerak ureztatu beharrean; izan ere, solido esekiz betetako jariaketak sor daitezke, eta horren ondorioz, Urola ibaiko uren kalitatean eragina izateko arriskua dago. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.
– Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Euskal Kultura Ondarearen Zentroak babestea proposatutako altzairutegi zaharrarekin lotutako kultura-ondareko elementuei dagokionez, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aldatzen duen azaroaren 30eko 14/2023 Legean xedatutakoa beteko da.
– Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2025eko uztailaren 8ko txostenarekin bat, gomendatzen da babesteko proposatu diren elementuei dagozkien esku-hartzeek erreferentziatzat esku-hartze kontserbatzailea deitutako esku-hartze kategoria izatea, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren «Birgaitzeko esku-hartzeak» I. eranskinean zehaztu bezala.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak:
– Proiektuak «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenarekin bat datorren loreztatze-proposamena izango du. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko eta eremuko landaredi potentzialaren berezko espezieak erabiltzeari lehentasuna emateko.
– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilgura solidoak arrastatzea ekiditeko, eta espezie autoktonoak erabiliz; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.
– Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta aurkeztutako leheneratze-proiektuan agertu ez arren obrak bukatzean kaltetuta daudenetan ere.
– Lur-mugimenduek dirauten artean, landare-lurrari dagozkion geruzak modu selektiboan kenduko dira, eta landare-lurra bereizita metatu eta zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazteko. Landareztatzea berriz egitean, ez dira erabiliko flora inbaditzaileko espezieekin [hala nola budleia (Buddleja davidii), panpa-lezka (Cortaderia selloana), sasiakazia (Robinia pseudoacacia)] kutsatuta egon litezkeen lurrak, jatorria obran bertan edo kanpoan izan.
– Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.
Jardunbide egokien sistema bat hartzea:
Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:
– Obraren okupazio-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitakoa baino eremu handiagoa.
– Hondakinak isurtzea saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.
Garbitzea eta obra amaitzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak aholkularitza bat izan beharko du, hain zuzen ere ingurumenaren eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan gaitua dagoena.
Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Zumarragako 1 Altzairutegiko Z5.1 eremura sartzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa egitea. Sprilurrek sustatu du proiektu hori.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Zumarragako Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 23a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS