Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2025eko urriaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4282

EBAZPENA, 2025eko irailaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Oyón-Oiongo (Araba) udalerrian baterietan energia biltegiratzeko «Zapata» BESS proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2025eko maiatzaren 28an, Oyón-Oionen (Araba) baterietan energia biltegiratzeko Butroe SL enpresak sustatutako «Zapata» BESS proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskatu zuen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak.

Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko ekainaren 25ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak hasi zuen ukitutako pertsona interesdun eta administrazio publikoentzako kontsulta-izapidea. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraituta.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 a) artikuluan eta ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskineko 4. taldean n) epigrafean jasotako proiektuei: «Stand-alone motako energia-metatzea, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, beraz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oionen (Araba) baterietan energia biltegiratzeko Butroe SL enpresak sustatutako «Zapata» BESS proiektua dela eta, ingurumen-inpaktuaren txosten hau formulatzea:

A) Biltegiratzeko instalazioa Oiongo udalerriko (Araba) La Choza Alta parajean proiektatzen da, zehazki 63.988 m2-ko azalera duen landa-partzela batean, honako erreferentzia hauek dituena: 3. poligonoa, 568 partzela, Oiongo udal-mugartea (Araba). Biltegiratze-instalazioak okupatutako partzelaren azalera 417 m2-koa da. Majadahondako Bidetik (043-000-14) egingo da sarbidea, ezarpen-partzelaren ekialdean. Bateriak biltegiratzeko «Zapata» BESS sistemak stand-alone moduan jarduten du (sortze-zentral batean integratuta egon gabe), eta haren energia 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez hustuko da. Linea hori instalazioko babes- eta neurketa-zentrotik (PKyM) abiatuko da, eta 997,17 metro inguru luzatuko da sekzionamendu-zentro bateraino. Sekzionamendu-zentro horretatik, dagoen erdi-tentsioko linearekiko interkonexio-linea bikoitza ezarriko da, zehazki 1. linea, Oion-Casablanca, 13,2 kV-koa.

Biltegiratze-instalazioaren sarbide-ahalmena 2 MW-koa da. Instalatutako potentzia 2 MW-koa da eta energia nominala 8,52 MWh-koa.

B) Ebazpen honen bidez, Oionen (Araba) baterietan energia biltegiratzeko Butroe SL enpresak sustatutako «Zapata» BESS proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen da, eta proiektu horren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Biltegiratzeko instalazioa Oiongo udalerriko (Araba) La Choza Alta parajean proiektatzen da, zehazki 63.988 m2-ko azalera duen landa-partzela batean, honako erreferentzia hauek dituena: 3. poligonoa, 568 partzela, Oiongo udal-mugartea (Araba).

Biltegiratze-instalazioak okupatutako partzelaren azalera 417 m2-koa da. Majadahondako Bidetik (043-000-14) egingo da sarbidea, ezarpen-partzelaren ekialdean.

BESS «Zapata» bateriak biltegiratzeko sistemak stand-alone moduan jarduten du (sortze-zentral batean integratuta egon gabe), eta haren energia 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez hustuko da. Linea hori instalazioko babes- eta neurketa-zentrotik (PKyM) abiatuko da, eta 997,17 metro inguru luzatuko da sekzionamendu-zentro bateraino. Sekzionamendu-zentro horretatik, dagoen erdi-tentsioko linearekiko interkonexio-linea bikoitza ezarriko da, zehazki 1. linea, Oion-Casablanca, 13,2 kV-koa.

Biltegiratze-instalazioaren sarbide-ahalmena 2 MW-koa da.

Instalatutako potentzia 2 MW-koa da eta energia nominala 8,52 MWh-koa.

Baterien bidezko biltegiratze-sistema (BESS) honako azpisistema hauek osatzen dute nagusiki:

– Bateria-sistema: banakako gelaxkaz osatuta dago. Gelaxkak modulutan multzokatzen dira, eta moduluok, aldi berean, rack izeneko armairuetan. «Zapata» proiektuak 20 bateria-rack barne hartzen ditu, guztira 8,52 MWh-ko edukiera instalatuarekin. Racken barruan tenperatura- eta aireztapen-sistema bat dago, bai eta suteak itzaltzeko sistema automatiko bat ere. Bateria bakoitzak bateriak kudeatzeko sistema (BMS) integratu bat du. Sistema horrek baterien egoera monitorizatzen du, funtzionamendua kontrolatzen du, lineako orekatzea eta gelaxken kudeaketa termikoa kudeatzen ditu eta larrialdietan babesteko mekanismoak aktibatzen ditu.

– Potentzia bihurtzeko sistema (PBS): bi norabideko inbertsoreak dira, baterietako korronte zuzeneko energia elektrikoa sarerako korronte alterno bihurtzen dutenak, eta alderantziz. 10 inbertsore instalatuko dira, guztira 2.000 kVA-ko potentzia nominala dutenak.

– Transformazio-, babes- eta neurketa-zentroa: hormigoizko etxola prefabrikatua da, erdi-tentsioko eta behe-tentsioko tresneria duena, 2.000 kVA-ko (13.200/690 V) potentzia-transformadore bat eta 20 kVA-ko (690/420 V) zerbitzu osagarrietarako transformadore bat barne. Erdi-tentsioko gelaxkak eta behe-tentsioko koadroak ere baditu.

– Erdi-tentsioko ebakuazio-linea: 13,2 kV-ko lurpeko linea bat, 997,17 metro ingurukoa, babes- eta neurketa-zentroa eta sekzionamendu-zentroa lotzen dituena.

– Plantako zerbitzu osagarriak: instalazioaren eragiketa jarraitu eta segururako beharrezkoak diren elementuak, baterientzako eta PBSentzako aireztapen eta hozte likido integraleko sistemak barne.

– Sekzionamendu-zentroa: teleagindutako zentro bat, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresarena, 17. euskarritik gertu dagoen erdi-tentsioko linearekiko (1. linea, Oyón-Casablanca, 13,2 kV-koa) interkonexioa errazten duena.

– Lur-konexioko sistema: instalazioaren elementu metaliko guztiak lurrera konektatzeko, segurtasun elektrikoa bermatuz.

– Suteen aurkako babes-sistema: proiektuak suteen aurkako plan bat eta bateria-armairuetako detekzio- eta itzaltze-sistema integratuak barne hartzen ditu, bai eta instalazioan banatutako su-itzalgailuak ere.

– Zarata murrizteko sistema: instalazioaren perimetroan, landarezta daitezkeen pantaila akustikoak diseinatu dira, inpaktu akustikoa minimizatzeko.

– Kontrol-sistemak: horien artean daude energia kudeatzeko sistema, biltegiratutako energiaren erabilera optimizatzen duena eta hainbat energia-iturri kudeatzen dituena, eta instalazioa kontrolatzeko sistema, instalazioa konexio-puntuan kontrolatzen duena.

«Zapata» BESS proiektua eraikitzeko fasean, hainbat lur-mugimendu aurreikusten dira. Besteak beste, lurra egokitzea, 30 cm inguruko gainazaleko geruza garbituz eta hondeatuz; horren ondorioz, 96,3 m3 lur inguru sortuko dira. Halaber, hondeaketak egingo dira transformazio-zentroa zimendatzeko, 40,53 m2-ko azaleran, eta lurpeko linea elektrikoen zangetarako, zeinak 600 m3 inguruko mugimendua eragingo baitu, 1.000 metroko luzera, 0,6 m-ko zabalera eta 1 m-ko sakonera lortzeko. Lur-mugimenduen bolumen zenbatetsia 729,66 m3 da guztira, eta horietatik 360 m3 balorizatzea eta gainerako 369,66 m3 ezabatzea aurreikusten da, berrerabili ezin badira. Kendutako landare-lurra gehienez 1,5 metroko altuera duten kordoietan pilatuko da instalazioen perimetroan, ondoren landareztatze-lanetan erabiltzeko.

Zangak betetzeari dagokionez, hondeaketako lurrak erabiliko dira, ahal den neurrian. Hondoan, bahetutako hareazko zolata bat jarriko da, eta zabor-legar natural edo artifizialez beteko da, Proktor normalaren % 95ean trinkotuta. Azkenik, landare-lurrezko geruza bat edo egiturazkoa ez den hormigoizko zoru bat gehituko da, 0,10 metro inguruko lodierakoa, jatorrizko zoladura birjarri aurretik. Zangak ahal bezain laster itxiko dira, eroanbideak instalatu ondoren. Bide publiko edo ibaiekin gurutzatze bereziak egiteko, zulaketa horizontal gidatuaren teknika erabiliko da. Bertan, kableak hartuko dituzten hodiak diametro handiagoko hodien barruan babestuko dira, eta sarrera hormigoiarekin zigilatuko da, hezetasuna sartzea saihesteko.

Drainatze-sistemari dagokionez, proiektuaren diseinuaren helburua da jariatze-ur berrien sorrera minimizatzea, lurzoruaren azalerak eta maldak ahalik eta gutxien aldatuz. Lurpeko zangak eraikitzeak ez du aldatuko ur-ibilguen ibilbidea, eta betelana material trinkotuekin egingo da, lurzoruaren konposizio kimikoa edo iragazkortasuna alda dezakeen elementurik gabe. Makinek eraiki bitartean edo BESSak funtzionatu bitartean istripuz isurtzeko arrisku txikia dagoen arren, euste-sistemak ezarriko dira (transformadoreentzako atxikipen-kubetak, adibidez), eta kudeatzaile baimenduek kudeatuko dituzte eragindako lurzoruak. BESSaren kokapena eta hesia uraren fluxu naturala kontuan hartuta diseinatu dira, drainatzea errazteko eta metatzea saihesteko.

Obra-faseak 12 hilabete inguru irautea aurreikusten da.

Aztertutako aukerak bloke hauetan bildu ziren:

a) Zero aukera edo proiekturik eza: aukera horrek berekin zekarren energia biltegiratzeko proiektua eta hari lotutako azpiegiturak ez gauzatzea. Baztertu egin zen; izan ere, nahiz eta ingurune fisikoan edo biologikoan zuzeneko aldaketarik eragin ez, energia berriztagarriak erabiltzearen eta berotegi-efektuko gasak murriztearen ingurumen-onurei uko egitea ekarriko luke. Proiektua bat dator plan nazionaletan (EKPNI 2021-2030) eta Europako zuzentarauetan ezarritako deskarbonizazioko eta trantsizio energetikoko helburuekin. Eraikuntza ingurunearekin bateragarritzat jo zen.

b) Teknologiaren araberako aukerak: ioi-litioan oinarritutako biltegiratze elektrokimikoko hainbat teknologia aztertu ziren, hala nola NMC (nikel-manganeso-kobaltoa), LFP (litio-ferrofosfatoa) eta NCA (nikel-kobalto-aluminioa). Litio-Ferrofosfato (LFP) teknologia hautatu zen, segurtasun handiagoa duelako, tenperatura altuekiko sentikortasun txikiagoa duelako eta gainberotze-, sute- edo leherketa-arriskua murrizten duelako. Gainera, egonkortasun kimiko handia dute, eta, horren ondorioz, epe luzera oso degradazio arina dute (karga nominalaren % 80 mantentzen dute 3.000 zikloren ondoren), eta ekoizpen-kostu txikiagoa dute, lehengaien ugaritasunagatik (burdina eta fosfatoak). Proiektuak LFP baterien 20 rack aurreikusten ditu, guztira 8,52MWh-ko edukiera instalatuarekin, 20 oineko edukiontzietan.

c) BESS biltegia kokatzeko aukerak: aukera guztietan, lehenagotik zegoen sekzionamendu-zentroan hustu behar zen energia, Oion-Casablanca 1. lineako 17. euskarria (13,2 kV) egokituz.

– 1. aukera (hautatua): nekazaritzako landa-partzela batean dago (3. poligonoa, 568. partzela), lotunetik hurbil eta sarbide onekin. Ingurune fisikoan eta sozialean eragin orokor txikiena izateagatik aukeratu zen, landa-lur antropizatua delako; horrela, eremu naturaletako ingurumen-inpaktua minimizatzen da eta ingurune naturalizatuenak zaintzen dira.

– 2. aukera: 3. poligonoko 443. partzelan proposatua. Errepide batetik oso hurbil dago eta mahastiak ditu. Baztertu egin zen, ikusizko-inpaktu handia eta nekazaritzan eragin handiagoa zuelako.

– 3. aukera: lotura-puntutik urrunen dagoena (3. poligonoa, 392. partzela). Horrek sarbide okerragoak, ebakuazio-linearen trazadura handiagoa, lur-mugimendu handiagoa eta herritarrei eragozpen gehiago eragingo lizkieke.

d) Ebakuazio-linearen tipologiaren araberako aukerak: ebakuazio-linea aireko edo lurpeko linea gisa eraikitzea ebaluatu zen. Lurpeko linea aukeratu zen, 997 metro inguruko luzerakoa. Nahiz eta irtenbide horrek lur-mugimendu handiagoa eskatzen duen eraikuntzan, lan horiek puntualak dira eta batez ere bideetatik egiten dira, ingurumen-eraginak nabarmen murriztuz. Gainera, euskarri handien beharra saihesten du, eta ikus-inpaktua eta abifaunaren gaineko eragina minimizatzen ditu (talka-arriskua eta hesi-efektua). Aireko aukerak, kostu txikiagoa izan arren, inpaktu handiagoak sortuko lituzke paisaian eta abifaunan.

2.– Proiektuaren kokapena.

Baterietan biltegiratzeko «Zapata» sistema Oiongo (Araba) La Choza Alta inguruan dago.

Partzelaren azalera osoak 63.988 m2 hartzen ditu guztira, eta horietatik 417 m2 inguru «Zapata» izeneko biltegiratze-instalazioak okupatzen ditu.

Majadahondako Bidetik (043-000-14) egingo da sarbidea, ezarpen-partzelaren ekialdean.

Aztertutako ingurumen-faktoreak honela banatzen dira: ingurune fisikoa, ingurune biologikoa eta ingurune sozioekonomikoa eta kulturala.

Ingurune fisikoa:

– Geologia eta geomorfologia: eremua Ebroko sakonunearen hegoaldeko ertzean dago, tertziarioko eta kuaternarioko materialekin. Material sedimentarioen arteko kontaktu diskordanteak ditu, eta 410 eta 440 metro arteko altuera-aldea. Oro har, malda gutxi daude hesitutako esparruan, baina nabarmenak dira Majadahonda errekaren ertzetan.

– Lurzoruak: lurzorua, nagusiki, «Inescensols» motakoa da; alubioi-materialetatik eta hondakin-materialetatik eratorritako lurzoru gazteak. Higadura hidrikoa izateko arriskua handia da (50-100 Tn/ha/urte) ebakuazio-linean, eta ertaina (12-25 Tn/ha/urte) BESS sistemaren kokalekuan. Buztinak hedatzeko arriskua txikia edo ertaina da.

– Hidrologia: eremua Ebroko arro hidrografikoan dago, akuiferoen kalteberatasun oso txikiarekin, eta ez dago nitratoz kutsatzeko arriskua duen eremu batean. BESS sistemaren kokalekua eta ebakuazio-linearen zati bat Majadahondako errekaren polizia-eremu teorikoaren gainean daude, eta interkonexio-linea ere Majadahonda errekatik gertu dago.

Ingurune biologikoa:

– Landaredia eta lurzoruaren erabilerak: hesitutako esparrua eta ebakuazio-linea «goldatzeko moduko lurren» gainean daude oso-osorik (laborantza-lurrak), eta lineak zuhaixka-larreak eta mahastiak ere zeharkatzen ditu, neurri txikiagoan bada ere. Eremuko landaredi potentziala artearen serieari dagokio (Quercus rotundifolia).

– Fauna: azterketa-laukian 210 espezie identifikatu dira, anfibioak, hegaztiak, ornogabeak, ugaztunak, arrainak eta narrastiak barne. Mehatxu-kategoria duten bi espezie erregistratu dira: bisoi europarra (Mustela lutreola, galzorian), eta mirotz urdina (Circus pygargus, kaltebera). Erregistratutako espezieen % 57,62 Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrendan sartuta daude.

– Naturagune babestuak: proiektua ez dator bat naturagune babestuekin, Natura 2000 Sarearekin, batasunaren intereseko habitatekin, onura publikoko mendiekin, biosferaren erreserbekin, RAMSAR hezeguneekin, interes geologikoko lekuekin, ezta hegaztientzako garrantzizko eremuekin ere. Hala ere, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren (Nekazaritza eta Basozaintzako LPS) arabera «balio estrategiko handia» duten eremuetan dago, eta ingurumen-sentikortasun txikia duten eremuetan Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren arabera; baina sentikortasun hori maximoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren arabera (nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoruaren balio estrategikoa dela eta).

– Paisaia: eremua «Arabako Errioxako mahastiak» paisaia-unitatean dago. Bi paisaia-unitate identifikatu dira: «Laboreen paisaia» (ikusizko kalitate baxua) eta «Larreak eta sastrakak» (ikusizko kalitate ertain-baxua). Eremuaren berezko ikusmen-hauskortasuna ertaina da, batez ere lursail lauak direlako, non nekazaritza-jarduerarekin zerikusirik ez duen edozein elementuk paisaiaren jarraitutasuna hautsi baitezake.

Ingurune sozioekonomikoa eta kulturala:

– Hirigintza: proiektuak eragindako partzelak «Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Intereseko Zona» (J.25) gisa sailkatuta daude Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera, eta mota horretako instalazioetarako «onargarria» den erabilera dute. Nekazaritza eta Basogintzako LPSaren arabera, «balio estrategiko handiko» eremuetan ere badaude.

– Ondarea: ez da aurreikusten kultura-ondareari edo Donejakue Bideari zuzenean eragitea.

– Azpiegiturak: sarbide nagusia Majadahondako bidea da. Ebakuazio-lineak lurpean gurutzatuko du Laguardiako errepidea (A-3226). Goi-tentsioko bi linea elektriko eta Las Norias-eko zentral hidroelektrikoa ere badaude, 1,4km hegoaldera. Proiektua ez dago baso-suteak izateko arrisku handiko eremuetan, ezta eremu sismikoetan ere, eta kalteberatasun txikia du bi kasuetan.

Proiektuak istripu larri edo hondamendien aurrean duen kalteberatasunaren azterketa:

Analisi honek arrisku naturalak eta teknologikoak ebaluatzen ditu. Arrisku naturalei dagokienez, ondorioztatzen da «Zapata» BESS proiektuak kalteberatasun txikia duela, oro har, zenbait gertakariren aurrean, hala nola baso-suteak (berriki jazotako gorabeherarik ez dagoelako eta arrisku handiko eremuetatik kanpo dagoelako), jarduera sismikoa (eremuaren arriskugarritasun txikiagatik eta inguruan failarik ez dagoelako), lurzoruaren higadura (proiektuko eremu guztien arrisku txikia eta ertaina kontuan hartuta) eta fenomeno meteorologiko kaltegarriak, hala nola izozteak, elurteak edo tenperatura altuak (probabilitate txikia eta arrisku onargarria). Gainera, uholdeekiko kalteberatasuna txikitzat jotzen da, zenbait eremutan erreka batetik hurbil egon arren. Arrisku teknologikoei dagokienez, proiektua ez da arrisku kimiko edo nuklear handiko instalaziotzat hartzen, arrisku-iturriekiko distantziak eta maneiatutako substantzien kantitateak kontuan hartuta. Proiektuak berak eragindako arriskuak, hala nola talka elektrikoak, suteak edo leherketak, eta kutsatzaileen emisioak onargarritzat edo inpaktu txikikotzat jotzen dira babes-sistema integratuak eta segurtasun-protokolo sendoak ezartzearen ondorioz; besteak beste, suteak itzaltzeko sistema automatikoak, presioa arintzeko balbulak eta baterien eta PBSen edukiontzien diseinu suarekiko erresistenteak. Laburbilduz, ingurumen-dokumentuak ondorioztatzen du proiektua «onargarria» dela ingurune horretan, baldintzei, babes- eta zuzenketa-neurriei eta proposatutako zaintza-planari esker.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Inpaktuak proiektuaren faseen arabera aztertzen dira ingurumen-dokumentuan:

Eraikuntza-fasea:

Atmosfera: aurreikusten da airearen kalitatea aldatuko dela, lur-mugimenduak eta makineriak partikula solidoak (hautsa) eta kimikoak isurtzearen ondorioz, eta zarata-mailak handituko direla. Inpaktu horiek kaltegarriak, aldi baterakoak eta bateragarriak dira, eta baliteke esanguratsuak ez izatea zenbait neurri erraz aplikatuta, hala nola ureztatzea eta makineria mantentzea.

Sistema hidrologikoa: akuiferoak kargatzeko fluxuekiko eta drainatze-sarearekiko interferentzia ez da esanguratsutzat jotzen, instalazioak txikiak direlako eta ibilguekiko gutxieneko distantziak errespetatzen direlako. Istripuzko isurien ondorioz kutsadura sortzeko arrisku bateragarria dago, baina bilketa- eta tratamendu-neurriak aurreikusten dira.

Lurzorua: makinen ustekabeko isurien ondorioz kutsadura sortzeko arrisku bateragarria dago, eragindako lurzorua kenduz eta tratatuz arinduko litzatekeena.

Landaredia eta fauna: kontserbazio-balio txikiko landaredia kenduko da. Eragozpenak sortuko zaizkio faunari (hautsa, zarata, gizakien presentzia), baina inpaktua bateragarria da ingurunea zorrotz behatzearekin eta babes-neurriak hartzearekin. Ez da izango Batasunaren intereseko habitaten aldaketarik edo galerarik.

Paisaia: inpaktu bisuala bateragarria da, instalazioen ikuspen eskasagatik eta ingurunearekiko mimetismoagatik. Ebakuazio-lineak, lurpekoa denez, fase horretan bakarrik izango du inpaktua.

Biztanleria eta Giza Osasuna: inpaktu negatiboak aldi baterako eragozpenak dira (zarata, hautsa, trafikoa), eta bateragarritzat jotzen dira iraupen mugatuagatik eta hiriguneekiko distantziagatik. Ondorio positiboak nabarmentzen dira, hala nola enpleguak sortzea, partzelak alokatzea eta udal-bilketa handitzea. Zaratak eta hautsak gizakien osasunean duten eragina bateragarria da arintze-neurriekin.

Ustiapen-fasea:

Atmosfera eta kutsadura elektromagnetikoa: ez da aurreikusten airearen kalitatean eragin nabarmenik izango duenik. Zarata-mailak bateragarriak izango dira akustika murrizteko neurriei esker (adibidez, pantaila begetalizagarriak). Kutsadura elektromagnetikoa bateragarritzat jotzen da, lurpeko kableen maiztasun txikiko eremuak azkar arintzen baitira distantziarekin.

Sistema hidrologikoa eta lurzorua: ez da aldaketa handirik espero akuiferoen birkargan, ezta drainatze-sarean ere. Istripuzko isurien arriskua oso txikia da euste-sistemen ondorioz, eta inpaktu bateragarria du uraren eta lurzoruaren kalitatean. Landaredia kontrolatzeko teknika alternatiboak erabiliko dira (sastrakak eskuz kentzea), agrokimikoak saihestuz.

Landaredia eta fauna: BESS biltegiratzerako lurzoruaren erabilera-aldaketa arindu egingo da zuzenketa- eta konpentsazio-neurriekin, eta, beraz, inpaktua bateragarritzat jotzen da.

Paisaia: BESSa nekazaritza-ingurunean bisualki integratuta egoteak eta landare-hesietan, lurpeko linearekin batera, ikusizko inpaktua bateragarria izatea ekarriko du.

Biztanleria eta Giza Osasuna: pertzepzio soziala positiboa da, trantsizio energetikoari egiten dion ekarpenagatik. BESSaren eta lurpeko linearen kokapenak inpaktuak minimizatzen ditu, eta bateragarria da. Proiektuak, energia garbiaren iturri denez, giza osasunerako kaltegarriak diren agenteak murrizten ditu.

Abandonu-fasea (eraistea):

Atmosfera, hidrologia eta lurzorua: lur-mugimendu gutxi egingo dira. Zaratak, isurtzeko arriskuak eta lurzorua trinkotzeak eragindako inpaktuak bateragarriak eta aldi baterakoak dira.

Landaredia eta fauna: makinen joan-etorriak linearen inguruko landaredia degradatu dezake, baina BESSa eraisteak ez du eragin nabarmenik izango haren hiri-eremuko landaredian edo faunan.

Paisaia: azpiegitura artifizialak kentzeak aldaketa onuragarria ekarriko du paisaiaren pertzepzioan.

Biztanleria eta giza osasuna: eraispena ondo hartuko da gizartean, erabilera tradizionaletara itzuliko delako, baina eragin negatiboa izango du tokiko ekonomian. Aldi baterako eragozpenak bateragarriak izango dira.

Metatze eta sinergia ondorioak: azterlanak proiektuaren metatze- eta sinergia-ondorioak ebaluatzen ditu. Eremuak lehendik dauden azpiegitura elektrikoengatik sinergia txikiak baditu ere, proiektuaren ezarpenak ez du ingurunea nabarmen aldatuko, eta sinergiak maila ertainean mantenduko dira. Horrek esan nahi du ingurunea ez dela aldatuko eta inpaktu orokorra bateragarria izango dela.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezarri dira, Oiongo udal-mugarteko baterien bidez energia metatzeko «Zapata» BESS proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ondorengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langileen kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan txertatu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:

Osasun publikoa babesteko neurriak:

– Etxebizitzak dituzten eremuak eremu garrantzitsutzat sartu beharko dira, eta ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu beharreko funtsezko alderdiak aztertu, Planaren ekintza garrantzitsuenak edo esanguratsuenak adierazita (eragin-eremuko biztanleengan duten eragin negatibo/positiboaren arabera). Deskribatu egin beharko dira zaratak, airerako emisioek, eremu elektromagnetikoek eta abarrek eragindako populazioa eta eragin horien aurreko zuzenketa-neurriak, eta identifikatu eraikin kalteberak (ikastetxeak, osasun-zentroak eta zentro soziosanitarioak) eta pertsonak egon ohi diren eremuak (parkeak, aire zabaleko jolas-eremuak, eta abar).

– Proiektuaren alderdi guztien garapena bateragarria izan behar da inguruko biztanleriaren ongizatea eta osasuna babestearekin, eta aplikagarri zaion araudi juridiko edo administrazio-xedapen orori heldu behar dio.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Proiektuko lan osagarriak egiteko baliatzen diren eremuak, hala nola makineria eta ekipo osagarrien parkea, materialen bilketa eta abar, landaredi naturaleko lurretatik kanpo kokatuko dira.

– Ebakuazio-linearen trazadura, ahal den neurrian, lehendik dauden bideen ertzetara egokitu beharko da, dagoen landaredi naturalari ez eragiteko.

– Obrak hasi aurretik prospekzio bat egin beharko da, instalazio guztien inguruko gutxieneko 50 metroko eremu batean, habiak, etzalekuak edo babeslekuak identifikatzeko. Landa-lana gaian adituak diren teknikariek egin beharko dute. Babestutako espezieen habiarik edo alerik antzemanez gero, horren berri eman beharko zaio organo eskudunari, neurri egokiak ezar ditzan ukitutako espeziearen arabera.

– Bateria-sistemaren hesia elementu oso ikusgarriekin seinaleztatuko da, hegaztiek talka egin ez dezaten.

– Instalazioen perimetroko hesiak faunarekiko iragazkorra izan beharko du, ehiza-sarekoa izango da, 15 cm-tik gorako sare-argia izango du, ez du elementu zorrotzik edo ebakitzailerik izango, eta ez da lurperatuko.

– Hesi perimetral osoaren inguruko landare-pantailaren zabalerak 5 metro izan behar ditu, ekologiari dagokionez egitura funtzionala errazteko, eta ez paisaiari dagokionez bakarrik.

– Landaketa perimetrala egiteko, inguruneko landaredi potentzialarekin bat datozen flora-espezieak erabiliko dira. Hori esanda, lehengoratzeko proposamena birplanteatu behar da, garriga-seriearen berezko zuhaitz- edo zuhaixka-espezieak sartzeko. Landare-pantailarako espezie hauek gomendatzen dira: artea (Quercus ilex), zarakarra (Quercus coccifera), ipurua (Juniperus sp.), erromeroa (Salvia rosmarinus), ezkaia (Thymus vulgaris).

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak:

– Kutsagarria izan daitekeen instalazio bati dagokion proiektu bat denez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

Urak babesteko neurriak:

– Zortasun-eremuak ez du inolako eraikuntza-jarduketarik izango, eta ur bazterreko landaredia errespetatuko da une oro. Instalaziorako sarbideari dagokionez, aipatu zortasun-eremua libre utzi beharko du.

– Uholde-arriskuari dagokionez, nahitaezko obra-baimenaren esparruan eta arrisku horri dagokionez, baliteke justifikazio bat edo azterketa hidrauliko bat aurkeztu behar izatea. Justifikazio horrek aztertuko du baterietarako plataformak eta ekipamenduek ez diotela eragingo korronteen erregimenari, eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak direla Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduari buruzko araudian xedatutakoarekin.

– JPHan edo JPHaren babes-eremuen barruan (zortasuna eta zaintza) egiten diren jarduketa guztiek Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Baimen hori Uraren Euskal Agentzian izapidetuko da.

Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Proiektua garatzean, eraginpeko eremuan ez dira gaindituko, obrek sortutako zarataren ondorioz, kalitate akustikoko helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzkoa) ezarriak. Horri dagokionez, obren aurreikusitako iraupena kontuan hartuta (sei hilabetetik gorakoa), aipatutako dekretuaren 35. bis artikuluan ezarritakoa aplikatu behar da, eta, beraz, obrak hasi aurretik, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da; hor zehaztuko dira obrak egin bitartean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko kontuan hartu beharreko neurriak.

– Baterien bidez energia metatzeko instalazioak bete egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan ezarritako zarata-foku akustiko berriei aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak, eta kontuan hartuko ditu, hala badagokio, aipatutako 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2. zatiko osagai tonalei (Kt) eta maiztasun txikikoei (Kf) dagozkien zuzenketak.

Landa-ingurunea babesteko neurriak:

– Obra- eta funtzionamendu-fasean, erregistratutako zenbait landa-bidek afekzioak izango dituzte.– Erregistratutako mendi-bideetan edozein jarduketa gauzatu aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatuko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari, eta Arabako Lurralde Historikoko Mendi Bideen Erabilpen, Kontserbazio eta Zaintzari buruzko 6/1995 Foru Araua aplikatuko da.

– Proiektuaren inguruan Oiongo Ureztatzaileen Komunitatea dago. Enpresa sustatzaileak definitu beharko du ureztatzaileen komunitate horretako gorabeherei eta bertan izan daitezkeen inpaktuak prebenitzeko hartuko diren neurriei buruzko proiektu zehatza.

– Beharrezkoa da lurpeko ebakuazio-linearen nekazaritza-lurzoruaren gaineko zortasunaren ezaugarriak identifikatzea; izan ere, zortasunak nekazaritza-izaerari eragin diezaioke, eta laborantza-aukerak eta nekazaritza-jarduerari lotutako balizko eraikinak mugatu.

Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak:

– Funtzionamendu-fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babes-neurri sanitarioak ezartzen dituen erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketa horiek saihesteko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (A–EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek, eta 9/2005 Errege Dekretuan TPHrako ezarritako 50 mg/kg-ko balioaren azpitik ere egon beharko dute.

– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioak beteko dira; lehentasuna emango zaio material horiek balioztatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortutako olio erabilia arau hauetan xedatutakoaren arabera kudeatuko da: apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak:

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea:

– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

a) Obraren okupazio-mugen kontrola.

b) Hondakinik ez isurtzea eta lurzorua eta ura ez kutsatzea olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz.

c) Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

d) Proiektuak afekzio-eremuko herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripu-afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.

– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Obra-zuzendaritzak onetsi beharko ditu kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak.

– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.

Garbiketa eta obra-akabera:

– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Jarduera uztea:

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira instalazioak desmuntatzeko lanetarako; hain zuzen, eraikitze-lanetarako ezarritakoen antzekoak izango dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Oro har, kutsagarria izan daitekeen edozein elementu desmuntatu eta kendu beharko da, eta dagokion kudeatzaile baimenduari eman beharko zaio, indarrean dagoen legeriaren arabera dagokion tratamendua egin dezan, eta eraiste-prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratu egingo dira.

– Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu, lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela instalazioak, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

– Garatu nahi den jarduerak lurzorua kutsa dezakeenez, jarduera behin bukatuta, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.c apartatuak ezarritakoaren arabera.

Ingurumen-aholkularitza:

– Obra amaitu arte eta haren berme-aldian, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.

– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts- eta zarata-sorrera, hondakin-kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Oiongo udal-mugartean baterien bidez energia metatzeko «Zapata» BESS proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria Gasteiz, 2025eko irailaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala