Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2025eko urriaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4274

AGINDUA, 2025eko irailaren 18koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalek Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko izan behar duten lehen laguntzetako prestakuntzari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 17. artikuluaren arabera, lege honetan araututako lanbideren batean jarduten duten pertsonek, kirol-jarduera gauzatzen den tokian bertan egoteko betebeharra badute, lehen laguntzetako prestakuntza dutela egiaztatu beharko dute. Gaineratzen duenez, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak erregelamendu bidez ezarriko ditu aipatutako prestakuntza egiaztatzeko baldintzak eta prozedura, dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Agindu honen aplikazio-eremuari buruz esan beharra dago, legearen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera, lege honetan araututako jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideren batean jarduten duten boluntario guztiek, kirol-jarduera gauzatzean bertan egoteko betebeharra badute, lehen laguntzetako gutxieneko prestakuntza egiaztatu beharko dutela.

Agindu honek erabaki du hasierako prestakuntza eskatuko duela, bai eta hasierako prestakuntza horren eguneratzea ere. Horretarako, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalen jarduerarako beste lurralde-eremu batzuetan eskatzen diren prestakuntzen edukia izan da inspirazio-iturri. EAEn milaka direnez lehen laguntzetako prestakuntza egin behar duten profesional eta boluntarioak, araudi errealista ezartzea erabaki da, bai prestakuntzaren gutxieneko edukian, bai hura emateko aukeretan (aurrez aurre nahiz online). Horrenbestez, ahalegina egin da, Legebiltzarraren agindua betez, prestakuntza-eskaintzetan aurreikusten den eskariari erantzun ahal izateko aukeretatik urruntzen diren eskakizunak saihesteko.

Agindu honetan lehen laguntzetako prestakuntza egiaztatzeko azaltzen den sistema erantzukizunpeko adierazpenaren figuran oinarritu da (lege honen 17.2 artikuluan berariaz aurreikusten den sistema sinplea).

Aginduak prestakuntza egiaztatzeko sistema ugari aitortzen ditu eta, era berean, lehen laguntzetako prestakuntzak (bai hasierako prestakuntza, bai eguneratzekoa) eman ditzaketen zentroak aitortzeko gutxieneko araudia ezartzen du, proportzionaltasun-kanona errespetatzeko ahalegina eginez eta horretarako betebeharra duten zentroei karga gehiegi ezarri gabe.

Horri jarraikiz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aginduaren helburua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 17. artikuluan eskatzen den lehen laguntzetako prestakuntza egiaztatzeko baldintzak eta prozedura arautzea da agindu honen helburua.

2.– Agindu honen eremutik kanpo dago lanbide-heziketako ziurtagiri edo tituluetan edo beste hezkuntza-titulu batzuetan jasota dauden lehen laguntzekin lotutako konpetentzia-estandarrak egiaztatzeko beharrezkoa den prestakuntza arautzea.

2. artikulua.– Lehen laguntzetako hasierako prestakuntzaren eskakizuna.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan ekainaren 30eko 8/2022 Legean araututako kirol-lanbideren batean jarduten duten pertsona guztiek, kirol-jarduerak gauzatzen den tokian bertan egoteko betebeharra badute, boluntarioak barne, gutxienez sei orduko hasierako prestakuntza teoriko-praktikoa egiaztatu beharko dute lehen laguntzetan, agindu honetan aurreikusitako baldintzen arabera eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia eta programa jasota.

2.– Lekuan bertan egotea eskatzen duen lanbideren batean jardun nahi duen pertsonak ez badauka ekainaren 30eko 8/2022 Legean eskatzen den lanbide-kualifikazio orokorra, baina gaikuntza egokia badu haren lehenengo eta bigarren xedapen iragankorretan deskribatutako egoeraren batean dagoelako, orduan ere lehen laguntzetako hasierako prestakuntza egiaztatu beharko du, agindu honetan aurreikusitako baldintzen arabera.

3. artikulua.– Prestakuntza egiaztatzea lanbidera sartu izanaren ziurtagiriaren edo tituluaren bidez.

1.– Lehen laguntzetako hasierako prestakuntza egiaztatzeko, era berean, kasuan kasuko lanbidean jarduteko gaikuntza ematen duen titulazio akademiko, diploma edo ziurtagiria aurkeztu ahalko da.

2.– Egiaztapen-sistema hori egokitzat joko da, baldin eta gai honetan gutxienez sei prestakuntza-ordu jaso direla egiaztatzen bada, dagokion ikasketa-planaren arabera.

4. artikulua.– Prestakuntza egiaztatzea lanbidera sartu izanaren ziurtagiriak edo tituluak ez badu prestakuntza hori jasotzen.

1.– Lanbidean sartu eta jarduteko gaikuntza ematen duen titulazio akademiko, diploma edo ziurtagiriak ez badu berariaz jasotzen lehen laguntzetako hasierako prestakuntza, lehen laguntzetan eskatzen den prestakuntza egiaztatutzat joko da egoera hauetakoren bat betetzen bada:

a) Lanbide Heziketako hainbat ziurtagiri eta titulutan jasotzen den «MR0272_2 – Lehen laguntzak» prestakuntza-modulua gainditu da.

b) Konpetentzia-unitate hau egiaztatu da, lanbide-heziketaren araudian aurreikusitakoaren arabera, lan-esperientziaren edo beste bide ez-formal edo informalen bidez eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko prozedura baliatuta: «UC0272-2, Istripu edo larrialdietan lehen parte-hartzaile gisa aritzea».

c) Agindu honen babespean aitortutako zentroek emandako prestakuntza-ikastaroa gainditu dela egiaztatu ahal da, betiere gai honetan gutxienez sei ordu egiaztatuta.

2.– Pertsona batek lehen laguntzetan gutxienez sei orduko hasierako prestakuntza egiaztatuta duela ulertuko da, baldin eta osasun-adarreko lanbide-heziketako edo unibertsitateko tituluren bat badu eta, bertan, lehen laguntzei buruzko sei orduko edo hortik gorako prestakuntza-edukia jasotzen bada.

5. artikulua.– Lehen laguntzetako hasierako prestakuntza teoriko-praktikoa eguneratzeko eskakizuna.

1.– Kirolaren arloko profesionalek eta ekainaren 30eko 8/2022 Legean aipatzen diren boluntarioek aldian-aldian prestakuntza-ekintzetan parte hartu beharko dute lehen laguntzetako hasierako prestakuntza teoriko-praktikoa eguneratzeko.

2.– Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera egin beharko da eguneraketa hori, agindu honetan ezarritakoaren arabera aitortzen diren zentroetan.

3.– Prestakuntza-ekintza horiek gehienez ere hiru urtean behin egin beharko dira, gutxienez bi orduko iraupena izango dute, eta II. eranskinean zehazten diren edukia eta programa jasoko dituzte. Hiru urteko epea honela zenbatuko da:

a) Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera egindako ikastaroetan, egiaztagirian agertzen den prestakuntza amaitu den datatik aurrera zenbatuko dira hiru urteak.

b) Agindu hau indarrean jarri aurretik egindako prestakuntzetan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira hiru urteak.

4.– Prestakuntza eguneratu izana aitortzen duen agiria elektronikoki aurkeztu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Profesionalen Erregistroan. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, agindu honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dena.

6. artikulua.– Lehen laguntzetako prestakuntza gainditu izanaren erantzukizunpeko adierazpena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan jardun nahi duten pertsonek, baldin eta jarduera gauzatzen den bitartean bertan egon behar badute, berariaz adierazi beharko dute lehen laguntzetako gutxieneko prestakuntza dutela. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, elektronikoki, Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Profesionalen Erregistroan, agindu honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako egoitza elektronikoan eskuragarri jartzen diren eredu normalizatuen bidez.

Printzipioz, ez da erantzukizunpeko adierazpen independenterik beharko lehen laguntzetako prestakuntza egiaztatzeko. Lanbidean jarduteko erantzukizunpeko adierazpen orokorrean atal bat egongo da lehen laguntzetako prestakuntzari buruz.

Hala ere, datuen aldaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredu zehatz bat egongo da prestakuntza eguneratu izana egiaztatzeko.

2.– Hasierako erantzukizunpeko adierazpenean, interesdunak bere erantzukizunpean adierazi beharko du betetzen dituela agindu honek lehen laguntzetako prestakuntzarako ezarritako betekizunak, baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa, Erregistroaren esku jarriko duela hark hala eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko baliatze horri dagokion denbora guztian.

3.– Erantzukizunpeko adierazpenean informazio aski jaso beharko da agindu honen 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako horietatik aitortzaileak duen kasu zehatzari buruz.

4.– Boluntarioek ere erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute Erregistroan, baina beren datuak ez dira ez inskribatuko ez argitaratuko.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legea garatzen duen uztailaren 28ko 161/2025 Dekretuan adierazikoa bete beharko du erantzukizunpeko adierazpenak, agindu honetan aurreikusi ez diren gaietan.

6.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan jarduten duten pertsona guztiek, araubide profesionalean nahiz boluntarioan, erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztu beharko dituzte, horretarako sortutako plataforma elektronikoaren bidez. Bitarteko elektroniko bidez aurkezteko izapide hori norberak egin dezake, edo ordezkarien edo horretarako gaitutako entitateen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legea garatzen duen uztailaren 28ko 161/2025 Dekretuaren arabera. Era berean, pertsona horiek harreman elektronikoak izan ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirolaren arloan eskumena duen zuzendaritzak beren esku jartzen dituen bitartekoen edo kanalen bidez.

7. artikulua.– Agindu hau indarrean jarri ondoren lehen laguntzetako prestakuntza emateko aitortuta dauden zentroak.

1.– Lehen laguntzetako hasierako prestakuntza edo haren eguneraketa egiaztatzeko ikastaroak eman nahi dituzten zentroetako titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoek, agindu honen arabera, elektronikoki aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirolaren arloko eskumena duen zuzendaritzan, agindu honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den ereduaren bidez. Adierazpen horretan honako datu hauek jaso beharko dira, gutxienez:

a) Zentroaren izena.

b) Zentroaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoaren izen-abizenak edota sozietatearen izena.

c) Posta-helbidea.

d) Posta elektronikoa.

e) Telefono-zenbakia.

f) Zentroko zuzendaria.

g) Prestakuntza emateko giza baliabideak eta baliabide materialak.

h) Zentroaren prestakuntza-plana lehen laguntzen gainean.

i) Zentroaren edo lehen laguntzetako prestakuntzaren beste edozein aitorpen ofizial, hala badagokio.

2.– Aurreko datuak aldatzeko beharrezkoa izango da beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea.

3.– Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak aukera emango du zentroa bera aitortzeko, agindu honen ondoreetarako, hura aurkezten den egunetik aurrera. Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirolaren arloko eskumena duen zuzendaritzak egoera egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko ahalmenak baliatu ahalko ditu.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirolaren arloko eskumena duen zuzendaritzak edozein unetan errekeritu ahal izango du aurkez dadila aipaturiko betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa, eta aurkeztu egin beharko du interesdunak.

5.– Erantzukizunpeko adierazpenean jasotzen den funtsezko datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo ez bada aurkezten deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, zentroaren aitorpena galdu egingo da, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirolaren arloko eskumena duen zuzendaritzak inguruabar horiek aitortzeko ebazpena ematen badu, orduan interesduna behartu ahalko du egoera juridikoa aitorpena baino lehenagora itzularaztera, eta aldi jakin batez gauza berbererako beste prozedurarik ez eskatzera.

6.– Agindu honen lehen xedapen iragankor bakarrean zerrendatutako zentroek ez dute erantzukizunpeko adierazpen hori aurkeztu beharko.

8. artikulua.– Ikastaroak jakinarazteko betebeharra.

1.– Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan jarduteko beharrezkoak diren lehen laguntzetako prestakuntzak emateko aitortutako zentroek elektronikoki jakinarazi beharko dute ikastaroak egin izana, gutxienez hilabete lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirolaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren aurrean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskolaren bidez. Ez da beharrezkoa izango prestakuntza emateko aldez aurretik berariazko baimena izatea.

2.– Jakinarazpen hori banan-banan egin beharko da ikastaroen edizio bakoitzerako. Jakinarazpen berean bi edizio edo gehiago bildu ahalko dira.

3.– Jakinarazpenean datu hauek jaso beharko dira, egokitzat jotzen diren agiriak edo datuak eskatu ahalko diren arren:

a) Aitortutako zentroaren izena.

b) Zentroaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoaren izen-abizenak edota sozietatearen izena.

c) Ikastaroaren izena.

d) Ikastaroaren arduradunaren izen-abizenak.

e) Ikastaroa egiteko data eta lekuak, hala badagokio lineako prestakuntzara sartzeko plataforma elektronikoa jasota.

f) Aurreikusitako gehieneko ikasle kopurua, hala badagokio.

4.– Jakinarazpenak hutsuneren bat badu, pertsona fisiko edo juridiko interesdunari errekerimendua egingo zaio gehienez 10 egun balioduneko epean hutsunea zuzen dezan.

5.– Gehienez 10 egun balioduneko epean, ikastaroa amaitu eta hurrengo egunetik hasita, prestakuntza-zentroek aipatu zuzendaritzari jakinarazi beharko diote, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskolaren bidez, informazio hau: matrikula egin duten eta gai diren ikasleen izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren edo pasaportearen zenbakiak, baldin eta pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Profesionalen Erregistroarekin datuen interkonexiorako datu pertsonal horiek lagatzeko baimena eman badute.

6.– Zuzendaritzak prestakuntza-jarduera aitortzeko ebazpena igorriko du, eta hura horretarako sortutako fitxategian inskribatuko du. Azken hori Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Profesionalen Erregistroarekin interkonektatuta egon beharko da.

9. artikulua.– Ziurtagiriak.

1.– Agindu hau indarrean jarri ostean emandako prestakuntzak gaindituz gero, prestakuntza-zentroak ikastaroa egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria entregatuko du, agindu honen III. eta IV. eranskinetan agertzen den ereduaren arabera.

2.– Prestakuntza ematen duten entitateek edo pertsonek barne-erregistro bat eduki beharko dute egindako ikastaroen eta igorritako ziurtagirien gainean.

3.– Agindu honetan aipatzen den prestakuntza egiaztatzeko, baliozkotasun berdina izango dute beste autonomia-erkidego batzuetan edo Europar Batasuneko beste estatu-kide batzuetan antzeko ikastaroak ematen dituzten entitate edo pertsonek igorritako ziurtagiriek. Ikastaroen antzekotasuna justifikatzeko erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du prestakuntza hori eskuratu duen pertsonak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Administrazio Publikoari lotutako heziketa fisikoko irakasleen prestakuntza.

1.– Administrazioko edo laneko zuzenbidean araututako zerbitzu-harremanaren bidez Administrazio Publikoarekin lotuta dauden heziketa fisikoko irakasleen lanbidea soilik betetzen duten pertsonen kasuan, lehen laguntzetako prestakuntzarik ez badute, prestakuntza-jarduera hori egin ahalko dute, agindu honen arabera aitortutako zentroen bidez edo Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren gaineko eskumena duen sailak ezartzen duen irakasleen prestakuntza-planaren arabera.

2.– Ekainaren 30eko 8/2022 Legearen hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako epean, hots, 2026ko urtarrilaren 1era arte prestakuntza hori eskuratzeko betebeharra ez betetzea lanpostutik aldatzeko arrazoitzat hartu ahal izango da Euskal Herriko Autonomia Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen babesean, eta, horrez gain, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52. artikuluko a) letran aipatzen den ondoren agertutako gaitasunik ezaren kasutzat.

3.– Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalek Erregistroan aurkeztu beharko duten lehen laguntzetako prestakuntzaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena ez zaie eskatuko profesionalei, baldin eta administrazioko edo laneko zuzenbidearen arabera araututako zerbitzu-harreman bidez Administrazio Publikoarekin lotuta dauden heziketa fisikoki irakasleak badira soilik. Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean hezkuntzaren gaineko eskumena duen sailak agindu honetan eskatutako gutxieneko prestakuntza, hasierako prestakuntza edo prestakuntzaren eguneraketa egiaztatu duten irakasleen zerrenda igorri beharko du, hiru hilean behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Profesionalen Erregistrora.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Informazio eta dokumentazio eskuragarria.

1.– Jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenen ereduak eta gainerako ereduak euskaraz eta gaztelaniaz eskuratu ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko esteka honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/kirolaren-euskal-eskola/.

2.– Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua une oro egongo da eguneratuta eta interesdunek erraz eskuratzeko moduan.

3.– Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalen esku dagoen informazioan eta dokumentazioan bermatu egin beharko da bete egiten direla Sektore publikoko gailu mugikorretarako webguneen eta aplikazioen irisgarritasunari buruzko irailaren 7ko 112/2018 Errege Dekretuan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Genero-ikuspegia.

Prestakuntza-ikastaroen edukiak diseinatzean eta ikastaroak ematean genero-ikuspegia txertatuko da, eta sexu eta genero desberdinetako pertsonen presentzia kontuan hartuko da, bai artatutako pertsonen artean, bai jarduleen artean.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hizkuntza-normalizazioa.

Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskolak lehen laguntzetako prestakuntza-ikastaroak eta materialak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egotea sustatuko du.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Konpetentzia-unitatearen ordez konpetentzia-estandarra jartzea.

UC0272-2 konpetentzia-unitatea (Istripu edo larrialdietan lehen parte-hartzaile gisa aritzea) automatikoki izango da, ondore guztietarako, dagokion konpetentzia profesionalaren estandarraren pareko.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Lehen laguntzetako prestakuntzak, agindu hau indarrean jarri aurrekoak.

Agindu hau indarrean jarri aurrekoak diren eta titulazio akademiko ofizialak lortzeko prestakuntzetan jasota ez dauden lehen laguntzetako prestakuntzen kasuan, emandako prestakuntzen ziurtagiriak baliozkoak izango dira soilik honako hauek igorri badituzte:

a) Administrazio Publiko orokor edo instituzionaleko zentroek.

b) Administrazio publiko ez diren sektore publikoko entitateen zentroek.

c) Ikastetxe ofizial publiko edo pribatuek.

d) Lanbide-heziketako ikastetxeek.

e) Gurutze Gorriaren zentroek, eta osasun-eremuko prestakuntzen arloan homologazio, aitorpen edo egiaztapen ofizialen bat izan duten entitate pribatu guztien zentroek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gaitzea.

Eusko Jaurlaritzan kirolaren gaineko eskumena duen zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak igor ditzan, bereziki eranskinak egokitze aldera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Lehen laguntzetako prestakuntza gainditu izanari buruzko informazioa jasotzen duten erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko betebeharrak, agindu honen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoak, bete egin beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legea garatzen duen uztailaren 28ko 161/2025 Dekretuan aurreikusitako epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 18a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

I. ERANSKINA
HASIERAKO PRESTAKUNTZAREN GUTXIENEKO EDUKIA

Iraupena, guztira: 6 ordu.

1.– Bat-bateko heriotza kardiakoa.

Helburua: bat-bateko heriotza kardiakoa zer den eta arazoaren dimentsioa zein den jakitea.

Edukiak: bat-bateko heriotza kardiakoaren epidemiologia. Zer den, zein den haren kausa, non gertatzen den eta zein intzidentzia duen. Bizitzak salbatu edo kalteak gutxitzeko erabilgarriak izan daitezkeen maniobra eta jarduerak.

2.– Biziraupen-katea.

Helburua: biziraupen-kateko lau mailak ezagutzea.

Edukiak: zer den biziraupen-katea, zein mailak osatzen duten eta zein garrantzia duen. Nola aktibatzen den.

3.– Helduen eta adingabeen bihotz-biriketako bizkortzea.

Helburua: bihotz-geldialdi bat identifikatzeko eta heldu nahiz adingabeei kalitate altuko bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) egiteko teknikak eta gaitasunak ezagutzea.

Edukiak: konorterik gabeko biktimari eman beharreko arreta. Alboko segurtasun-posizioa. Gasping edo arnasketa agonikoa identifikatzea. Teknikak: bihotz-masajea eta ahoa-ahoa eta ahoa-ahoa/sudurra aireztapena. Heldu eta adingabeei aplikatzeko teknikak. Noiz geratu BBB bat.

4.– Kanpoko desfibriladore automatiko eta semiautomatikoen (KDA) erabilera.

Helburua: desfibriladore automatiko eta semiautomatikoak erabiltzeko teknika ezagutzea.

Edukiak: fibrilazio bentrikularra eta KDAen erabilera. KDA motak. KDAren eta bihotz-birikak bizkortzeko maniobren erabilera koordinatua.

5.– Gorputz arrotzaren ondoriozko aire-bidearen buxadura (GAABB) helduen eta adingabeen artean.

Helburua: aire-bidea buxatuta dagoen identifikatzeko eta buxadura garbitzeko teknikak ezagutzea, bai helduen bai adingabeen kasurako.

Edukiak: nola behatu arnasketa eta identifikatu aire-bidearen buxadura. Noiz deitu 112ra. Buxatutako aire-bideak garbitzeko teknikak. Bihotz-geldialdia gorputz arrotzaren ondorioz aire-bidea buxatuta dagoenean.

6.– Ebaluazio-proba.

II. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA EGUNERATZEKO SAIOAREN PROGRAMA

Iraupena: 2 ordu.

1.– Teoria.

Helburua: kontzeptuak finkatzea.

Edukiak: berrikuspen teoriko laburra eta zalantzen azalpena bat-bateko heriotza kardiakoari, biziraupen-kateari, bihotz-biriketako bizkortzeari, heldu eta adingabeen arteko KDAren erabilerari eta GAABBi buruz.

2.– Helduen eta adingabeen bihotz-biriketako bizkortzea.

Helburua: ikasleen artean eta manikiekin entrenamendu praktikoak egitea bihotz-geldialdia identifikatzeko eta zuzen artatzeko gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko.

Edukiak: konorterik gabeko biktimari eman beharreko arreta. Alboko segurtasun-posizioa. Gasping edo arnasketa agonikoa identifikatzea. Teknikak: bihotz-masajea eta ahoa-ahoa eta ahoa-ahoa/sudurra aireztapena. Heldu eta adingabeei aplikatzeko teknikak. Egoera desberdinen simulazioa.

3.– Kanpoko desfibriladore automatiko eta semiautomatikoen (KDA) erabilera.

Helburua: ikasleen artean eta manikiekin entrenamendu praktikoak egitea KDAen eta bihotz-birikak bizkortzeko maniobren erabilera koordinatua praktikatzeko.

Edukiak: KDA motak. KDAren eta bihotz-birikak bizkortzeko maniobren erabilera koordinatua heldu eta adingabeen artean. Egoera desberdinen simulazioa.

4.– Gorputz arrotzaren ondoriozko aire-bidearen buxadura (GAABB) helduen eta adingabeen artean.

Helburua: ikasleen artean eta manikiekin entrenamendu praktikoak egitea heldu eta adingabeen aire-bideak garbitzeko tekniketan.

Edukiak: nola behatu arnasketa eta identifikatu aire-bidearen buxadura. Teknikak: heldu edo adingabeak konorterik gabe daudenean eta aire-bidean buxadura dutenean esku jartzeko sekuentzia. Eskapula arteko zapladak. Heimlich maniobra. Toraxeko konpresioak bularreko haurrengan. BBBren hasiera konorterik gabe dagoen biktimarengan.

5.– Ebaluazio-proba.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala