
192. zk., 2025eko urriaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (126 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA
4269
EBAZPENA, 2025eko irailaren 30ekoa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarena, «Euskal Trenbide Sareko Zumaia eta Aginaga arteko ezpondak sendotzeko eta birgaitzeko eraikuntza-proiektua» onartzen duena.
Proiektu hau Zumaiako eta Aginagako geltokien arteko tartean garatuko da, Bilbo-Donostia trenbide-linearen barruan. Ezponden Inbentarioaren Eguneratzearen eta Elementu Geoteknikoen Aldizkako Ikuskapenen esparruan, zenbait ezponda identifikatu dira, gaur egun indartze- eta hobekuntza-jarduketak egin behar dituztenak, trenbide-zerbitzuak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko.
Proiektu honen xedea da ukitutako ezpondak indartzeko eta egonkortzeko 13 jarduketa espezifiko definitzea eta diseinatzea, ezponden ezaugarri geoteknikoak, kontserbazio-egoera eta egindako ikuskapen teknikoetan ikusitako arazoak kontuan hartuta.
Egikaritze materialaren aurrekontua bi milioi eta hirurogeita hamasei mila bederatziehun eta berrogeita zortzi (2.076.948,00) eurokoa da.
Kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua, % 6ko mozkin industriala eta % 13ko gastu orokorrak gehituta, 2.471.568,12 eurokoa da.
«Euskal Trenbide Sareko Zumaia eta Aginaga arteko ezpondak sendotzeko eta birgaitzeko eraikuntza-proiektuko» obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, dagokion % 21eko BEZa gehitu ondoren, bi milioi bederatziehun eta laurogeita hamar mila bostehun eta laurogeita hamazazpi euro eta berrogeita hiru zentimokoa (2.990.597,43) da.
Obrak egiteko aurreikusitako epea hamabost (15) hilabetekoa da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektuak bere xedeari erantzuten diola, Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 11. artikuluan (abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretua), Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 233. artikuluan eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorraren 126-132 artikuluetan (urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretua) adierazitako dokumentuak biltzen dituela, eta kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen dituela. Beraz, aldeko txostena eman dute.
Organo honek Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren eskumeneko trenbide-azpiegituren eraikuntza-proiektu jakin batzuk onartzeko eskumena du, organoak Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez eskuordetuta.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatzekoak direnak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
«Euskal Trenbide Sareko Zumaia eta Aginaga arteko ezpondak sendotzeko eta birgaitzeko eraikuntza-proiektua» onartzea, bi milioi bederatziehun eta laurogeita hamar mila bostehun eta laurogeita hamazazpi euro eta berrogeita hiru zentimokoa (2.990.597,43) izanik lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne. Obrak egiteko epea hamabost (15) hilabetekoa izango da.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta beronen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horretarako, idazkia bidali beharko diote organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, 2 hilabeteko epean. Nolanahi ere, aldez aurretik errekerimendua egin ahal izango dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Guztiek jakin dezaten ematen da horren berri.
Bilbao, 2025eko irailaren 30a.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia,
ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.
RSS