
192. zk., 2025eko urriaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (192 KB - 13 orri.)
- EPUB (178 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4260
88/2025 EBAZPENA, irailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, osasun-laguntzaren arloan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, osasun-laguntzaren arloan. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 29a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 29KO 88/2025 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA GAZTELA ETA LEONGO ERKIDEGOAREN ARTEKOA, ASISTENTZIA SANITARIOARI BURUZKOA
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Imanol Pradales Gil jauna, Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa, Eusko Legebiltzarrean 2024ko ekainaren 20an egindako inbestidurako osoko bilkuran lehendakari izendatua, Konstituzioaren 152.1 artikuluan, Autonomia Estatutuaren 33.1 artikuluan, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 4. eta 5. artikuluetan eta Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren 165. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta ekainaren 21eko 586/2024 Errege Dekretuaren bidez izendatua (ekainaren 22ko BOE, 151. zk.), Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz hitzarmen hau izenpetzea onartzen duen Gobernu Kontseiluaren Erabakia betez.
Eta, bestetik, Alfonso Fernández Mañueco jauna, Gaztela eta Leongo Juntako presidente gisa, apirilaren 12ko 282/2022 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Konstituzioaren 152.1 artikuluan eta Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuaren 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera; autonomia-erkidegoak izenpetzen dituen lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak izenpetzeko eskuduntzekin, aipatutako Autonomia Estatutuaren 27.1.d) artikuluaren eta Gaztela eta Leongo Erkidegoko Gobernuaren eta Administrazioaren uztailaren 3ko 3/2001 Legearen 6.5 artikuluaren arabera.
Beren karguak betez eta eman dizkieten ahalmenak baliatuta esku hartzen dute.
Hitzarmen hau izenpetzeko elkarri nahikoa gaitasun aitortuta, alderdiek honako hau
AZALTZEN DUTE:
Administrazio publikoek, beren harremanak garatzean, lankidetza-printzipioari jarraitzen diote, eta beren jardueretan, eraginkortasuna bermatzeko eta herritarrei zerbitzua emateko irizpideei, eta gainerako administrazioei eskumenak eraginkortasunez baliatzeko eskatzen dituzten lankidetza eta laguntza aktiboak eman behar dizkiete, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 3.1.k) artikuluan xedatutakoaren arabera.
1978ko abenduaren 27ko Konstituzioak, 43. artikuluan, osasuna babestu beharreko eskubidetzat aitortzen du, eta botere publikoei ematen die hura antolatzeko eta zaintzeko ardura.
Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutua aldatzen duen azaroaren 30eko 14/2007 Lege Organikoaren 60.1 artikuluak honako hau xedatzen du: «Gaztela eta Leongo Erkidegoak lankidetza-harremanak ezarri ahal izango ditu interes komuneko gaietan beste autonomia-erkidego batzuekin; bereziki, mugakideekin eta berarekin historia- eta kultura-loturak dituztenekin».
Era berean, 74. artikuluaren arabera, Gaztela eta Leongo Erkidegoaren eskumen esklusiboa da, Estatuari erreserbatutako ahalmenak ezertan eragotzi gabe, osasungintzaren eta osasun publikoaren arloko eginkizunak betetzea, eremu guztietan osasuna sustatzea, baliabide sanitario publikoen plangintza egitea, sistema sanitario pribatua sistema sanitario publikoarekin koordinatzea eta prestakuntza sanitario espezializatua eskaintzea.
EAEko Autonomia Estatutuak honako hau ezartzen du 22. artikuluan:
«1.– Autonomia Erkidegoak hitzarmenak egin ditzake beste autonomia-erkidegoekin beren bakarreko eskumeneko zerbitzu propioak kudeatu eta emateko. Esandako hitzarmen horiek egiteko, Gorte Nagusiei jakinarazi behar zaie indarrean jarri aurretik. Gorte Nagusiek, ala ganberetako batek, jakinarazpena hartu eta hogeita hamar egunen barruan eragozpenik azalduko balu, hitzarmenak artikulu honetako hirugarren apartatuan ezarritako izapideei jarraitu beharko lieke. Epe hori igaro eta gero, hitzarmenari eragozpenik azaldu ez bazaio, indarrean jarriko da.
2.– Autonomia Erkidegoak hitzarmenak egin ditzake beste foru-lurralde historiko batekin beren eskumeneko gaiei buruzko zerbitzu propioak kudeatu eta emateko; Gorte Nagusiei jakinarazi behar zaie hori. Jakinarazpena egin eta hogeigarren egunean jarriko dira indarrean hitzarmenok.
3.– Autonomia Erkidegoak lankidetza-akordioak ere egin ahal izango ditu beste autonomia-erkidego batzuekin Gorte Nagusien aldez aurreko baimenarekin».
Aipatutako estatutuaren 18.1 artikuluak, bestalde, barne-osasuneko legeak garatzeko eta Estatuko oinarrizko legedia garatu eta betearazteko eskumena aitortzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari. Hori garatzeko eta aplikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikuluak hau ezartzen du: «Herritarren osasun-babesarekiko eskubidea aitortzeak EAEko botere publikoei zenbait betebehar ezarri dizkie; betebehar horiek direla eta, EAEko administrazio sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, prebentzio-neurrien eta osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia bermatzea, hots, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko baliabide-dispositibo egokia bermatzea, batez ere titulartasun publikoko baliabideen zuzkidura, mantenu eta antolamendu-hobekuntzaren bidez».
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak eta Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak egungo osasun-sistema nazionalaren zutabeak ezartzen dituzte (osasun-sistema nazionala: OSN aurrerantzean). Lege horietan xedatutakoaren arabera, unibertsala, doakoa, bidezkoa eta ororentzako eskuragarria izan behar du osasun-sistemak, eta osasun-zerbitzuak emateko tratu-berdintasuna bermatuko duen osasun-politika finkatzen da, lurralde- eta gizarte-desoreken gainetik.
Bi erkidegoetako osasun-zerbitzuak historikoki lankidetzan aritu dira. Lehen mailako arreta EAEko osasun-zerbitzuek eman izan diete (aurrerantzean, Osakidetza), beren baliabide asistentzialen bidez, Burgosko Valpuesta (Berberanako udalerria), Donemiliaga San Zadornil, Arroyo de San Zadornil eta San Zadornil (San Zadornilgo udalerria) herri mugakideei eta Baxauri, Obekuri eta Moratza herriei (Trebiñuko Konderriko udalerria). Era berean, Arabako Arluzea, Faidu, Markinez eta Urarte herrietan (Bernedoko udalerria) bizi diren pertsonek, baita Tuyokoek ere (Erriberagoitiko udalerrikoak), Osasun Saileko Eskualdeko Osasun Gerentziak (aurrerantzean, SACyL) ematen duen osasun-arreta jaso izan dute.
Bestalde, ospitale-asistentziari dagokionez, Gaztela eta Leongo erkidegoko Burgosko probintziako herri mugakide jakin batzuetako lehen mailako arretako medikuen kupoetako zerbitzu sanitarioak betidanik Euskal Autonomia Erkidegoko espezialitate-zentro batzuei atxiki zaizkienez (Bizkaiko Areiltza Doktoreko eta Zallako espezialitate-zentroei eta Arabako Olagibelgo espezialitate-zentroari), Areiltza Doktoreko eta Zallako espezialitate-zentroetan jaso izan dute arreta Burgosko Merindadeen eskualdeko Vivanco de Mena, Villasante de Montija, Villanueva de Mena, Villasana de Mena, Las Machorras, Espinosa de los Monteros, El Crucero, Montija, Merindad de Sotoscueva, Cornejo eta Nava de Ordunte herrietako biztanleek, eta Olagibelgo espezialitate-zentroan, berriz, Trebiñuko Konderria (Baxauri, Obekuri eta Moratza barne), Argantzon, Valpuesta, Donemiliaga San Zadornil, Arroyo de San Zadornil eta San Zadornil herrietakoek (Areiltza Doktoreko espezialitate-zentroa Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuari atxikia dago –aurrerantzean, ESI–; Zallakoa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIari, eta Olagibelgo espezialitate-zentroa, Arabako ESIari).
Egoera horrek bere horretan jarraitu zuen Estatuko Osasun Institutuari asistentzia sanitarioaren arloan zegozkion Gizarte Segurantzako eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkionean ere, abenduaren 30eko 391/1987 Dekretuaren bitartez.
Geroago, 2002ko martxoaren 13an, Eusko Jaurlaritzak, Trebiñuko Konderriko Udalak eta Argantzongo Udalak lankidetza sanitariorako hitzarmena izenpetu zuten. Hitzarmen hark lankidetza-arlo hauek biltzen zituen, besteak beste: uren osasungarritasuna; elikadura-segurtasuna, eta ospitale-asistentzia sanitarioa ematea. Hitzarmen hau izenpetzen duten alderdien asmoa horri eustea da, bere hartan.
Era berean, 2012ko urtarrilaren 23an, Lankidetzarako Protokolo Orokorra izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Gaztela eta Leongo Juntak. Lehenengo klausulan, bi gobernuek osasun-laguntzaren arloan izan duten lankidetzari eusteko konpromisoa hartzen dute, bai eta zabaltzea aztertzekoa ere.
Orain arte metatutako informazioari eta esperientziari esker, zehaztasun handiagoz zedarritu daitezke autonomia-erkidegoen arteko lankidetzaren nondik norakoak, bietan elkarren osagarri izanik arta egokia eman dadin.
Orain arte eman den asistentziaren irismena, behar berrien zehaztapena eta lankidetzarako eta konpentsaziorako mekanismoak jasoko dituen berariazko akordio bat egin nahi dute bi alderdiek, osasun-arloan sortzen diren arazoei modu koordinatu batean heldu ahal izateko; horretarako, asistentzia sanitarioaren arloan lankidetza-hitzarmen berri bat izenpetzeko borondatea adierazten dute.
Hitzarmen horrek iraun dezan, egoki kudeatu eta eguneratu beharra dago, hura izenpetu duten alderdien beharren eboluzioa kontuan izanik.
Horiek guztiak kontuan izanik, hitzarmen hau izenpetzen dute bi alderdiek, honako hauek oinarri harturik:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoa, Osakidetza euskal osasun zerbitzuaren bidez, eta Gaztela eta Leongo Erkidegoa, SACyL Osasun Sailari atxikitako Eskualdeko Osasun Gerentziaren bidez, asistentzia sanitarioa emateko lankidetzan aritzea. Lankidetza horrek asistentzia-maila hauei eragingo die: lehen mailako arreta, arreta espezializatua, urgentziak, larrialdiak, garraio sanitarioa, ezagutzaren kudeaketa, historia kliniko elektronikoa eta osasun publikoa.
Bigarrena.– Eremu mugakideetako pazienteei asistentzia sanitarioa ematea.
A) Lehen mailako arretan:
1.– Osakidetzak osasun-arreta emango die Trebiñuko barrendegiko herrietan (besteak beste, Baxauri, Obekuri eta Moratza) eta Valpuestan (Berberanako udalerria), Donemiliaga San Zadornilen, Arroyo de San Zadornilen eta San Zadornilen (San Zadornilgo udalerria) osasun-txartel indibiduala (OTI) dutenei, bai arreta medikoa, bai erizaintzako arreta (errezeta bidezko farmakoak preskribatzea barne), Arabako erakunde sanitario integratuan (aurrerantzean, ESI).
Era berean, Osakidetzak urgentziazko arreta sanitarioa eman ahal izango die Aostri Lausa, Hozalla, Llorengoz eta Mambriga herrietan (Lausa Haraneko udalerria) edo Mijalan, Murita, Villaño, Villota eta Zaballan (Villalba Lausa udalerria) OTIa duten pertsonei ere. Arreta hori Espejoko etengabeko arreta gunean (EAG) emango da, Araban, Arabako ESIan. Herri horien lehen mailako arreta arrunta Quincoces de Yusoko (Burgos) osasun-zentroan ematen jarraituko da.
2.– Bestalde, SACyLek arreta sanitarioa emango die Arabako Bernedoko udalerriko Arluzea, Faidu, Markiz eta Urarte herrietan OTI txartela dutenei, bai eta Erriberagoitiko udalerriko Tuyoko biztanleei ere. Arreta hori Trebiñuko Konderriko osasun-zentroan emango da, mediku-arreta eta erizaintzako arreta (farmakoak errezeta bidez preskribatzea barne).
B) Arreta espezializatuari dagokionez, arreta sanitario hau emango da:
1.– Osakidetzak arreta sanitario espezializatua emango die Burgosko Barruti Sanitarioko oinarrizko osasun-eremu (aurrerantzean, OOE) hauetako biztanleei:
– Mena Haraneko OOE.
– Espinosa de los Monterosko OOE.
– Trebiñuko Konderriko OOE.
– Lausa Haraneko OOE.
– Tobalina Haraneko OOE.
2.– Osakidetzak artatuko ditu Miranda Ebroko Santiago Apostol Ospitalera adskribatutako herritarrak (Trebiñuko Konderria, Miranda, Lausa Harana eta Tobalina Harana), ospitale horrek zerbitzu sanitario eta prestazio hauetara deribatzen dituenean:
– Neurokirurgia.
– Medikuntza intentsiboa.
– Sindrome koronario akutua / Infartu-kodea (hemodinamika barne).
– Politraumatismo larria.
– Iktus iskemikoa eta hemorragikoa / Iktus-kodea (garuneko neuro-interbentzionismo baskularra barne).
Bi osasun-zerbitzuek biztanleria hori beste espezialitate batzuetan artatzea adostu ahal izango dute, beharrezkoa izanez gero, hitzarmen honi eranskin bat gehituta. Horietako bakoitzean, ezarritako deribatze-irizpideen arabera jardungo da.
3.– Villarcayo de Merindad de Castilla la Vieja OOEko eta Medina de Pomar OOEko populazioarentzat Osakidetzak honako zerbitzu sanitario eta prestazio hauek emango ditu:
– Toraxeko kirurgia.
– Bihotzeko kirurgia (Gurutzeta).
– Aurpegi-masailetako kirurgia.
– Minaren Unitatea.
Gaztela eta Leongo Osasun Zerbitzu Publikoaren Arreta Espezializatuko Erreferentziazko Zentro eta Zerbitzuen Sarearen funtzionamendua eta antolamendua arautzen dituen ekainaren 18ko SAN/697/2018 Aginduan ezarritako prozedurari jarraikiz, Burgosko Barruti Sanitarioko pazienteak Burgosko Unibertsitate Gune Asistentzialeko Harrera Zerbitzuaren edota Burgosko Eremuko Osasun Gerentziaren bidez deribatuko dira Osakidetzaren ospitaleetara.
C) Asistentzia sanitarioa besteren bitartekoekin eman behar bada, itunpeko zentroen bidez, bai proba diagnostiko eta terapeutikoetarako, bai ebakuntza kirurgikoetarako, SACyL arduratuko da baimena emateaz (kostua bere gain hartuta) eta komeni zaion itunpeko zentrora sanitario deribatzeaz.
Prestazioa ematen duen osasun-zerbitzuari dagokio hitzarmen honen babesean emandako arreta sanitariotik eratorritako kexak, erreklamazioak edo iradokizunak izapidetzea eta ebaztea.
Hirugarrena.– Ospitaleetarako garraio sanitarioa.
Garraio sanitarioaren arloan, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute zeinek bere erkidegoan garraio sanitarioari buruzko koordinazio-protokoloak aplikatzeko, hurbileko eremuetan bereziki garrantzitsua den zerbitzu bat optimizatzeko, bi norabideko paziente-zirkulazio berezikoa eta eragin asistentzial handia duena.
Ospitaleko altetan garraio sanitarioa behar bada etxera joateko, jatorrizko autonomia-erkidegoak adierazitako garraiobideak erabili beharko dira; pazientearen osasun-txartel indibidualak zehaztuko du zein erkidego den. Pazienteak arrazoi medikoengatik baino ez dira lekualdatuko.
Laugarrena.– Urgentziazko asistentzia sanitarioaren koordinazioa.
Hitzarmenean jasotako herrietan gertatzen diren larrialdi sanitarioak irizpide hauen arabera ebatziko dira:
a) Bi erkidegoetako larrialdiak koordinatzeko zentroek (LKZ) koordinatuko dituzte larrialdi medikoetako zerbitzuen baliabideak, honako hau kontuan hartuta:
– Intzidentearen kudeaketa globala hura gertatu den erkidegoko LKZren kontura izango da, eta pazientearen hasierako arreta emateko egokiena den baliabidea eskatuko dio hark beste LKZri.
– LKZ bakoitzak bere baliabideen gaineko aginpideari eutsiko dio.
– Zuzeneko komunikazioa egongo da bi LKZetako arduradunen artean gertakariari buruzko informazioa trukatzeko.
– Bi koordinazio-zentroek adostuko dute pazientea osasun-zentrora eramatea, pazientearen jatorria, patologia eta baliabide erabilgarriak kontuan hartuta.
b) Arreta jaso ahal izateko eta ospitaleko altetan garraio sanitarioa behar bada etxera joateko, jatorrizko autonomia-erkidegoak –osasun-txartel indibidualean ageri dena– adierazitako garraiobideak erabili beharko dira.
c) Bi erkidegoek, pazienteen informazio kliniko-administratiboa trukatzeko eta, beraz, emandako arreta optimizatzeko, behar diren neurri informatikoak abian jarriko dituzte; bitartean, txosten kliniko-asistentzialaren bidez egingo da hori.
Bosgarrena.– Pazienteak autonomia-erkidegoen artean deribatzeko sistema.
1.– Arreta espezializatuaren mailan, hitzarmen hau betez bi autonomia-erkidegoetako osasun-sistemen artean pazienterik deribatu behar bada, dagokion asistentzia sanitariorako aginduaren bidez deribatuko da, Osasun Sistema Nazionalean (SNS) indarrean den araudian jasotakoaren arabera (Kohesio Sanitariorako Funtsa erregulatzen du araudi horrek), eta SIFCO informazio-sistemaren bidez izapidetuko da.
Kohesio Sanitariorako Funtsaren barruan konpentsatu beharreko asistentzia sanitarioa funts hori arautzen duen urriaren 20ko 1207/2006 Errege Dekretuan jasotakoa izango da; zehazki, SIFCOren I. eranskinean (ospitaleratzea behar duten prozesuak), II. eranskinean (prozedura anbulatorioak) eta III. eranskinean (SNSren erreferentziazko zentro, zerbitzu eta unitateetan artatutako patologiak, teknikak, teknologiak eta prozedurak) jasotakoa.
2.– Lehen Mailako Arretan emandako asistentziak (farmazia-prestazioa barne) Asistentzia Bermatzeko Funtsean (FOGA) ezarritakoaren arabera konpentsatuko dira. Funts hori komuna da SNSko erkidego guztientzat.
Seigarrena.– Aldameneko autonomia-erkidegora joandako pazienteentzako arreta.
Aldameneko erkidegora aldi baterako joaten diren pazienteen asistentzia sanitarioa edozein erkidegotako herritarrei emandakoa bezalakoa izango da, eta, nolanahi ere, jatorrizko autonomia-erkidegoan izango lituzketen baldintza berberak eta zerbitzu-zorro berbera izango ditu.
Lehen mailako arretan emandako laguntzak konpentsatu egingo dira, farmazia-prestazioa barne, SNSko erkidego guztietarako komuna den Asistentzia Bermatzeko Funtsean (FOGA) ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Osasun publikoko gaiak.
Hil den paziente batean Creutzfeldt-Jakob-en gaixotasunaren susmoa badago, zendua Arabako Unibertsitate Ospitalera (Txagorritxuko egoitza) eta, zehazki, Anatomia Patologikoko Zerbitzura deribatu ahal izango da, horretarako ezartzen den protokoloaren arabera, post mortem azter dezaten, Gaztela eta Leonen azterketa hori egiteko erreferentziazko zentrorik ez dagoen bitartean.
Hirugarren klausulan bezala, alderdiek, Jarraipen Batzordearen bitartez, elkarri proposatuko dizkiote protokoloa egin beharko duen talde teknikoa osatuko duten pertsonak.
Zortzigarrena.– Lankidetza ezagutzaren kudeaketan.
Asistentzia sanitarioa emateko asmoz, Osakidetzak eta SACyLek konpromisoa hartzen dute entitate bakoitzak sortu dituen eta beste entitateari baliagarri suerta dakizkiokeen protokoloak, jardute-gidak edota softwarea partekatzeko. Nolanahi ere, jabetza intelektual eta industriala errespetatu beharko da beti.
Bederatzigarrena.– Historia klinikoetarako sarbidea.
1.– Hitzarmen honen bidez hitzartutako asistentzia sanitarioa emate aldera, Osakidetzak eta SACyLek informazio klinikoaren truke elektronikoa erraztuko dute, bai eta asistentzia sanitarioa jasotzen duten pertsonen historia klinikoetarako sarbidea ere (edukia bigarren klausulan jasotako udalerri guztiei buruzkoa izango da). Bi erkidegoetako langileak, historia klinikoetan sartzean, datuen babesari eta informazioaren segurtasunari buruzko legediaren mende egongo dira, eta, bereziki, osasun-zerbitzuetan indarrean dagoen informazioaren segurtasunari eta datuen babesari buruzko politikaren mende.
2.– Administrazio elektronikoaren esparruan Estatuko Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 13. artikuluaren arabera, organismoen artean informazioa eta zerbitzuak trukatzeko, SARA Sarea erabiliko da, Espainiako administrazio publikoen komunikazio-sare gisa.
3.– Historia klinikoetan sartzeko, estatu mailan nahiz bi autonomia-erkidegoetan indarrean dagoen araudia bete beharko da. Sartzea informazioaren segurtasunari eta konfidentzialtasunari buruzko guztia bermatuz egingo da, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
4.– Osakidetzak eta SACyLek bestearen historia klinikoetara sartzeko behar diren mekanismo teknikoak ezarriko dituzte. Mekanismo horiek eta horien koordinazioa hitzarmen honi gehitutako eranskin baten bidez zehaztuko dira.
Hamargarrena.– Jarraipen Batzordea.
1.– Hitzarmen honetan adostutakoa kudeatzeko eta kontrolatzeko eta hari jarraipena egiteko, Jarraipen Batzordea eratuko da. Lau pertsonak osatuko dute batzordea: Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Saileko titularrak izendatutako bi pertsonak eta Gaztela eta Leongo Erkidegoko Eskualdeko Osasun Gerentziakoak izendatutako beste bik.
Jarraipen Batzordearen lehendakaritza eta idazkaritza erkidego bakoitzeko sail eskudunetako titularren ordezkariei egokituko zaizkie, urtebeteko txandakako aldietan.
2.– Jarraipen Batzordeak sei hilean behin egingo ditu ohiko bilerak, baina ezohikoak ere egin ahal izango ditu bi alderdietako batek hala eskatuz gero.
3.– Jarraipen Batzordeak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan jasotako arauetara egokituko du bere funtzionamendua.
4.– Hitzarmen hau izenpetu eta hogeita hamar eguneko epean eratuko da Jarraipen Batzordea.
5.– Jarraipen Batzordearen eginkizunak:
a) Hitzarmen honen jarraipena egitea.
b) Urtero hitzarmenaren parekotasun asistentziala aztertzea eta, beharrezkoa bada, neurriak hartzea.
c) Espezializazio handietarako deribatzeen protokoloak zehaztea, bai eta haien xede diren prestazioak ere.
d) Hitzarmen hau interpretatzea eta hitzarmena aplikatzean sortzen diren desadostasunak arautzea.
e) Hitzarmena amaitzea edo aldatzea proposatzea.
f) Urtero txosten bat bidaltzea bi sailetara, hitzarmena aplikatzean izandako intzidentziei buruzkoa.
g) Hitzarmen honetako bigarren, hirugarren eta zazpigarren klausuletan adierazitako protokoloak ezarriko dituzten talde teknikoetako kideak proposatzea.
h) Hitzarmen honen harira agindutako beste edozein eginkizun.
Hamaikagarrena.– Araubide ekonomikoa.
Hitzarmen hau gauzatzeak ez du betebehar ekonomikorik ekarriko alderdietako bakar batentzat ere. Hitzarmen honetako Jarraipen Batzordea parekotasun asistentziala bilatzen saiatuko da, eta hitzarmena aplikatzeak bi alderdietako bakar bati ere desoreka asistentzialik edo ekonomikorik sor ez diezaion ahaleginduko da.
Hitzarmen hau aplikatzean gertatzen diren deribatze guztiek dagokien balorazio ekonomikoa izango dute, Osasun Sistema Nazionalean Kohesio Sanitariorako Funtsa edo Asistentzia Bermatzeko Funtsa kudeatzeko ezartzen den moduan, dagokionaren arabera.
Hamabigarrena.– Eraginkortasuna eta indarraldia.
Hitzarmen hau eraginkorra izan dadin, Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko du, eta Gaztela eta Leongo Gorteek onartuko beharko dute, eta Gorte Nagusiei jakinarazi beharko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 22. artikuluan eta Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuaren 60. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hitzarmen hau Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 22. artikuluan (30 egun) eta Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuaren 60.2 artikuluan (60 egun) ezarritako epeen arabera jarriko da indarrean, salbu eta Gorte Nagusiek erabakitzen badute, edukia dela eta, lankidetza-akordio gisa kalifikatu behar dela; kasu horretan, akordio gisa izapidetu beharko da eta haiek baimendu beharko dute.
Hitzarmena lau urterako da, indarrean jartzen denetik. Hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu dezakete hura beste horrenbeste urterako luzatzea.
Dena dela, alderdiek hitzarmena amaitu ahal izango dute, beste alderdiari idatziz jakinarazita, hitzarmena amaitutzat jo nahi duten eguna baino hiru hilabete lehenago, gutxienez.
Hamahirugarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-esparrutik kanpo geratzen da, lege horretako 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Dagokion autonomia-estatutuan eta Espainiako Konstituzioan jasotakoa aplikatuko da, bai eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 33. artikuluan eta Gaztela eta Leongo Erkidegoko Administrazioaren Lankidetza Tresnen Erregistro Elektronikoa arautzen duen maiatzaren 18ko 6/2023 Dekretuan ezarritakoa ere.
Hamalaugarrena.– Datuen babesa, konfidentzialtasuna eta gardentasuna.
Gai horietan, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari eta datuen zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua –Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra– indargabetzekoa), eta hura garatzen edo aldatzen duen ondorengo araudian jasotako xedapenak aplikatuko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoa eta Gaztela eta Leongo Erkidegoa tratamenduaren erantzukideak izango dira, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera; beraz, biek bete beharko dituzte hitzarmen honetan hartutako konpromisoetatik eratorritako betebeharrak.
Alderdiek hitzarmena garatzerakoan eta aplikatzerakoan biltzen edo lortzen dituzten datu pertsonalak indarrean dagoen araudia betez tratatu eta erabiliko dira.
Zehazki, alderdiek hitzematen dute hitzarmen honen xede diren jardueretan eskuratzen duten edozein informaziori buruzko sekretu-betebeharra beteko dutela eta, hala badagokio, aplikatu beharreko araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituztela, honako hauetan ezarritakoaren arabera publikoa izan behar duen informazioan izan ezik: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 7. eta 8. artikuluak; Gaztela eta Leongo Gardentasunari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko martxoaren 4ko 3/2015 Legearen lehen tituluaren lehenengo kapitulua, eta Gobernu Kontseiluaren 2015eko urtarrilaren 13ko Erabakia, informazio publikoa eskuratzeari, publizitate aktiboari eta gardentasunaren eta gobernu onaren kulturan aurrera egiteari dagokienez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren funtzionamendu-neurriak onartzen dituena.
Hitzarmen honetako datuen tratamendua aipatutako araudiaren eta une bakoitzean indarrean dagoenaren mende dago.
Hamabosgarrena.– Gatazkak ebaztea.
1.– Bi alderdiek hitzematen dute ados jarrita konponduko dituztela hitzarmen hau aplikatzean sortzen diren gorabeherak.
2.– Hitzarmena garatzean eta gauzatzean alderdien arteko auziren bat sortzen bada eta hamargarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzordeak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
Hamaseigarrena.– Aldatzea, azkentzea eta ondorioak.
1.– Hitzarmena aldatzeko, aho batez onartu beharko dute izenpetzen duten alderdiek.
2.– Hitzarmen hau bere xedeko jarduerak betetzeagatik edo suntsiarazteko arrazoiren batengatik azkenduko da.
3.– Luzatzea erabaki gabe indarraldia igarotzea azkentzeko arrazoia izango da.
4.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoi izango dira:
a) Alderdiek aho batez eta idatziz hala erabakitzea.
b) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat egin ahal izango dio betebeharrak edo konpromisoak bete ez dituen alderdiari, bete gabekotzat jotzen diren betebehar edo konpromiso horiek bete ditzan hiru hilabeteko epean. Errekerimendu hori alderdiei eta Jarraipen Batzorde mistoari jakinaraziko zaie.
Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez betetzeak iraunez gero, errekerimendua igorri zuen alderdiak gainerako alderdi izenpetzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko kausa dagoela.
c) Alderdietako batek berariaz hura salatzea.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzea erabaki judizial batek.
e) Legez jasotako beste edozein arrazoi.
Hitzarmena azkentzeko edo suntsiarazteko kausetako bat gertatzean jardueraren bat martxan bada, alderdiek, Jarraipen Batzorde mistoak proposatuta, erabaki ahal izango dute martxan diren jardueren artean egokitzat jotzen dituztenek jarraitzea eta horiek amaitzea, amaitzeko epe luzaezin bat ezarrita. Epe hori igaro ostean, likidatu egin beharko dira.
Ados daudela erakusteko, alderdiek hitzarmen hau izenpetzen dute.
Egoitza elektronikoa, 2025eko uztailaren 28a.
Eusko Jaurlaritzaren izenean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gaztela eta Leongo Juntaren izenean.
Presidentea,
ALFONSO FERNÁNDEZ MAÑUECO.
RSS