
192. zk., 2025eko urriaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (158 KB - 5 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4259
EBAZPENA, 2025eko irailaren 9koa, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, UPV/EHUko Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboa aldatzeko akordioa, lanaldi osoko dedikazioa duten ordezko irakasleen kontratazioari buruzkoa, erregistratzen, argitaratzen eta gordailutzen duena (hitzarmen-kodearen zenbakia: 86100290012010).
AURREKARIAK
2025eko uztailaren 24an, REGCON erregistroan aurkeztu dute UPV/EHUk eta sindikatuen ordezkariek sinatutako hitzarmen kolektiboa aldatzeko akordioari buruzko dokumentazioa.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, bere 2.artikuluan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila sortzen du, eta bere 7.artikuluan, sail honen funtzioen artean, jasotzen du lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea.
Bigarrena.– Prozedura honetan aplikagarri den araudi sustantiboa honako arau hauetan jasotzen da: batetik, maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailutzeari buruzkoan; bestetik, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuan, Euskadiko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistro eta gordailutzeari buruzkoan (otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuak aldatua).
Hirugarrena.– Aurkeztu den akordioa inskribagarria da aipatutako maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 2. artikulua aintzat hartuta. Horrenbestez, inskripzio eskaera eta atxikitako agiriak aztertuta, egiaztatu da eskaerak betetzen dituela legezko baldintzak, eta beraz, Euskadiko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistro eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9 /2011 Dekretuaren 9. artikulua aintzat hartuta (otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuak aldatu zuen aipatutako dekretua), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Akordioa Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun-Planen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 9a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA VICTORIA PORTUGAL LLORENTE.
UPV/EHUKO LAN KONTRATUDUN IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN II. HITZARMEN KOLEKTIBOA ALDATZEKO AKORDIOA, LANALDI OSOKO DEDIKAZIOA DUTEN ORDEZKO IRAKASLEEN KONTRATAZIOARI BURUZKOA
Kontutan hartuta USLOk irekitako irakasleak ordezteko aukerak, 80. artikuluan, unibertsitate eremuko lan kontrataziorako modalitate espezifiko bat sortu gabe, baina onartuz lanaldi osoko dedikazioa irakaskuntza jarduera hutsaz lortzeko aukera, modu holistikoan interpretatuta, irakaskuntza bera eta eskolarik gabeko irakaskuntza eta ikerkuntza lanak ulertzeko modu askotariko eta konplexuez gain, barne hartzen baitu irakaskuntzara eta irakastorduetatik kanpoko irakaskuntzara bideratutako ikerketa, koordinazio eta kudeaketa jarduerak, akordio honen laugarren puntuan adierazitakoarekin bat etorrita.
Kontutan hartuta Euskal Herriko Unibertsitateak eta ordezkaritza sindikalak hitzarmen kolektiboa aldatzeko lortutako adostasuna, USLOren gaitasun erregulazio berrira egokituta, honetara, honako baldintza hauetara aldatzen da UPV/EHUko Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboa:
Lehenengoa.– Aldatu egiten da UPV/EHUko Lan Arloko Irakasle eta Ikertzaileen Hitzarmen Kolektiboaren 7. artikuluko 2. puntua eta honela idatzita geratzen da:
«7. artikulua.– Kontratu figurak.
2.– Aldi baterako kontratuak. Irakaskuntza eta, hala balegokio, ikerkuntza zerbitzuak eskaintzeko aldi baterako kontratuak formalizatuko dira, honako figura hauetakoren batean: laguntzailea, irakasle atxikia, irakasle lankidea, irakasle elkartua, irakasle bisitariak, irakasle emeritua eta ordezko irakasleak.»
Bigarrena.– Aldatu egiten dira UPV/EHUko Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen Hitzarmen Kolektiboaren 16. artikuluaren 2., 3., 4. eta 5. atalak eta honela idatzita geratzen dira:
«16. artikulua.– Ordezko irakasleak.
2.– Era berean, irakasle funtzionarioaren lanpostu hutsari dagokion irakaskuntza aldi baterako betetzeko ere kontratatu ahal izango da, aurrekontu zuzkidura izanik, behin betiko betetzea arauz aurreikusitako moduan izapidetzen den bitartean.
3.– Horiek kontratatzeko, eduki beharko da graduatu, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto baliokidearen titulu akademikoa, edo, hala balegokio, diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo baliokidearen titulua.
4.– Kontratu horien iraupena luzatuko da lanpostua arauz bete arte edo ordeztutako pertsona lanera itzuli arte, eta arduraldi erregimen bat izango dute, ahal dela lanaldi osokoa, eta lanaldi osokoa izango da beti lanaldi osoko langileak ordezten direnean, aldi baterako absente badaude (gaixotasunagatiko, amatasunagatiko eta aitatasunagatiko bajak edo lizentziak, arduraldi osorako karguak, zerbitzu eginkizunak, zerbitzu bereziak, lizentzia sabatikoak, liberazio sindikalak, familia bateragarritasuneko eszedentziak, etab.) edo irakaskuntza betebeharretatik salbuestea dakarten kargu akademikoak betetzeko izendatzen direnean, unibertsitatearekin lotzen dituen lan harremanaren izaera edozein dela ere, funtzionarioak barne. Ez da inola ere ordeztuko lanaldi osoko irakasle bat lanaldi partzialeko erregimeneko bi ordezko irakasle kontratatuz. Irakaskuntza ahalmenaren murrizketa partzialen ondoriozko ordezkapen premien kasuan, kontratazioa, oro har, lanaldi partzial baliokidearen araberakoa izango da.
5.– Sail berean ordezkapen bat baino gehiago egiteko beharrak.
Aldi berean, arduraldi partzialeko ordezko irakasle bat baino gehiago kontratatu behar badira edo, lehenago, sailean arduraldi partzialeko ordezko irakaslerik balego, honela jokatuko da:
a) Sail/arlo/atal batean lanaldi osoko, zerbitzu berezietako eta ordezkaritza politiko edo sindikaleko karguak betetzearen ondorioz ikasturte bat baino gehiagoko iraupena izango duen ordezkapen beharra aurreikusi beharko balitz, aztertu egingo da, hala balegokio, UIBak proposatuta, sailak irakaskuntzarako hizkuntza ofizialen arloan epe ertainera izango duen egoera, irakasle laguntzaile doktoreen (edo irakasle elkartuen, irakaskuntza unitateen kasuan) kategoriako LPZko plaza bat hornitzeko.
b) Era berean, sail/arlo/atal batean aurreikusi beharko balitz lanaldi osoko, arduraldi partzialeko kargu akademikoen ondorioz, ikasturte bat baino gehiagoko iraupena izango duen ordezkapen beharra, aztertu egingo da, hala balegokio, UIBak proposatuta, sailak irakaskuntzarako hizkuntza ofizialen arloan epe ertainera izango duen egoera, irakasle laguntzaile doktoreen (edo irakasle elkartuen, irakaskuntza unitateen kasuan) kategoriako LPZko plaza bat hornitzeko.
Bi kasuotan, irakasleen errektoreordetzak eta UIBak irizpide orokor hauek erabiliko dituzte:
– Ordezkapenari aurreikusitako iraupena urtebetetik gorakoa bada eta sailean irakasle oso bat balego, zeinaren baja edo erretiroa, nahitaezkoa edo konprometitua, bost urtetik beherako aldian aurreikusiko balitz, honen plaza oinarri harturik, irakasle doktore laguntzaileen plaza berri bat sortuko da, baldin eta sailaren edo arloaren arduraldi edo ahalmen ratioa % 90etik beherakoa ez bada. Analisi honek ez ditu tamaina txikiko sailak diskriminatuko.
– Sailean ordezkapen beharra sortzen bada eta ez balitz hiru eta bost urte bitarteko epean erretirorik aurreikusiko, irakasle laguntzaile doktoreen plaza bat sortu ahal izango da, baldin eta kasuan kasuko jakintza ataleko eta arloko arduraldi ratioa % 95etik gorakoa bada eta sail osoko arduraldi ratioa % 90etik beherakoa ez bada, betiere sortuko delarik indarreko unibertsitate planarekin lerrokatuta, behar adina aurrekontu zuzkidurarik izanik.
Plazak sortzeko proposamenek oro bete beharko dute edozein plazaren sorrerarako ohiko izapidea. Plaza sortu eta arauz bete arte, ordezko irakasleek bete ahal izango dute, 80.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz; deialdia egiterakoan errespetatuko delarik ordezkapen poltsetan langileek betetzen duten ordena, bai eta ordezkapen poltsak kudeatzeko erregelamenduan ezarritakoa ere.
Beren espezifikotasunagatik, ez dira ordezkapen partzialen multzoan sartuko elkartu plazekin erlazionatutakoak.
c) Hautabidean, sail berean arduraldi partzialeko ordezkapen kontraturen bat badago eta, plantillako lanpostuak betetzen dituzten pertsonak lanaldi partzialean ordezkatzeko behar berriak sortzen badira, ez da arduraldi partzialeko beste kontraturik formalizatuko; aitzitik, dedikazio osoko ordezkapen kontratu bat formalizatuko da. Horrelakoetan, bermatu egingo da, une guztietan oro, deia egiterakoan, lan poltsaren hurrenkerari jarraitzea.»
Hirugarrena.– Aldatu egiten da UPV/EHUko lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen hitzarmen kolektiboaren 19. artikulua eta honela idatzita geratzen da:
«19. artikulua.– Lanaldi osoko erregimeneko irakasle ordezkoak, sortu berri den lanpostu hutsa edo gerora sortutako lanpostu hutsa betetzen dutenak.
Lanaldi osoko plaza berriak 80.2 artikuluaren arabera sortu ondoren, lanaldi osoko ordezko irakasleak kontratatu ahal izango dira, gehienez 24 kredituko arduraldiarekin, plaza hori arauz bete arte, gehienez ere hiru urteko epean.»
Laugarrena.– Aldatu egiten da UPV/EHUko lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen hitzarmen kolektiboaren 27.3 artikulua eta honela idatzita geratzen da:
«27. artikulua.– Asteko lanaldia.
3.– Irakasle lankideak eta ordezko irakasleak.
Lanaldi osoko erregimena duten irakasle lankideen eta ordezko irakasleen asteko irakaskuntza betebeharrak, nolanahi ere, gehienez zortzi eskola orduko eta astean sei tutoretza edo asistentzia orduko, hau da, urtean 24 eskola kreditu izango dituzte.
Lanaldi partzialeko erregimena duten ordezko irakasleen asteko irakaskuntza betebeharrak, nolanahi ere, gutxien dela, 3 eskola orduko eta astean 3 tutoretza edo asistentzia ordu izango dira, hau da, urtean 9 eskola kreditu eta gehienez sei eskola ordu eta astean 6 tutoretza edo asistentzia ordu, hau da, urteko 18 eskola-kreditu.
Eskolaz kanpoko irakaskuntza lanak dira, besteak beste, ikasleei laguntzeko tutoretzak, curriculum praktiken eta borondatezko praktiken tutoretza, eskolak prestatzea, tarteko eta amaierako ebaluazio lanak egitea, GRALak zuzentzea, irakaskuntza gidak egokitzea eta premia bereziak dituzten kolektiboei arreta ematea (dibertsitate funtzionala, goi mailako unibertsitate kirolariak...), etab.
Ordezkapen kontratuak lanaldi osoko erregimenean betetzen dituzten ordezko irakasleen asteko irakaskuntza betebeharrak, nolanahi ere, ordeztutako irakasleari dagozkionak izango dira. Zehazki, kontratazioaren hasierako unean izango dira ordezkatutako pertsonari une horretan esleitutakoak, master ofizialeko irakaskuntzan izan ezik; eta kontratuak hurrengo ikasturtean jarraituz gero edo, indarrean dagoen bitartean irakaskuntza berrantolatzeko beharra sortuz gero, irakaskuntza esleitzeko arautegian jasotako irizpideen arabera esleituko zaio irakaslana, gehien dela, 24 kreditu eta saileko gainerako kideen proportzio berean.
Irakatsi beharreko irakaskuntzari zuzenean lotutako irakaskuntzako eta eskolaz kanpoko lanez gain, ordezko irakasleen asteko lanaldiak barne izanen ditu irakasteari lotutako kudeaketa eta ikerketa lanak.
Horrela, irakaskuntzari loturiko egituraz besteko kudeaketa lanak izango dira, mintegi, ikasgelako eta laborategiko praktika gisa, irakaskuntza lanak egiteko gelak eta espazioak erreserbatzea; irakaskuntza lana garatzeko behar diren aktak eta gainerako administrazio-dokumentuak betetzea; hala eskatzen duten ikasleen gomendio dokumentuak eta banakako txostenak prestatzea; irakatsi beharreko irakasgaiak koordinatzeko lanak; GRALeko epaimahaietan parte hartzea; atal, sail edo ikastegiko bileretara joatea; irakatsitako irakasgaiaren, ikasturtearen edo graduaren koordinazio eta jarraipen lanetan parte hartzea.
Bestalde, irakaskuntzari lotutako ikerketa lan gisa hartzen dira jakintza espezializatu handia lortzeko behar diren ikerketa lanak, irakasgaia kalitate baldintza egokietan irakasteko aukera errazten dutenak, hala nola, bibliotekan eta dokumentuak eskuratzeko beste bitarteko batzuetan unean uneko gaian espezializatutako argitalpenak eta materialak kontsultatzea, irakatsiko den gaiarekin lotutako irakaskuntza eta ikerketa gaiei buruzko sailetako mintegietan parte hartzea, irakaskuntza materialak eskuliburu moduan prestatu eta idazteko lanak, ikerketa tekniketara bideratutako tutoretza, hezkuntza berrikuntzako proiektuetan (HBP, I3Lab,...) edo irakaskuntza aldatzeko eta berritzeko proiektu instituzionaletan parte hartzea eta lankidetzan aritzea, etab.
Irakaslana egin ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza eta eguneratze jarduerak egitea, irakatsi beharreko gaiarekin zerikusia duten irakasleen jakite maila eta trebetasunak mantentzeko. Honako jarduera hauek dira, besteak beste: ikastaroetara, hitzaldietara eta biltzarretara joatea; informazioa bilatzea, liburuak irakurtzea, artikulu akademikoak, laborategi edo tailerretarako prestakuntza ikerketa egitea praktikak prestatzeko, irakaskuntza materialak egokitzea; kongresu, jardunaldi eta mintegietan komunikazioak egitea; prestakuntza programa espezifikoetan parte hartzea, hala nola zeharkako gaitasunak garatzekoetan, berdintasun eta genero arloen ingurukoak, garapen jasangarriko helburuekikoak eta beste.
Arestian aipatutako jarduerak, irakaskuntzarekin lotutako prestakuntza eta eguneratze jarduerak, irakaskuntzakoak eta eskolaz kanpokoak, kudeaketa eta ikerketa jarduerak, beharrezkoak dira irakaskuntzan ondo jarduteko, eta ordezko irakasleek asteko lanaldia osatzeko behar besteko arduraldia eskatzen dute, kasuan kasuko arduraldia osoa zein partziala delarik.»
Bosgarrena.– Aldatu egiten da UPV/EHUko lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen hitzarmen kolektiboaren 39. artikulua eta honela idatzita geratzen da:
«39. artikulua.– Doktore izateagatiko osagarria.
1.– Irakasle laguntzaileek, ordezko irakasleek eta irakasle elkartuek osagarri hori jasoko dute doktore titulua dutenean.»
Seigarrena.– Ikasturte bakoitzean, horri buruzko azterketa eta negoziazio sindikala egin ondoren, UPV/EHUk Eusko Jaurlaritzarekin adostuko du akordio hau aplikatzetik sortutako irakasle laguntzaile doktoreen gehieneko plaza kopurua. 2025-2026 ikasturtearen kasuan, hasierako beharrak 20 plazatan zehazten dira.
Zazpigarrena.– 1. xedapen gehigarria.
Sei hilabeteko epean, sindikatuekin negoziatuko dira partzialtasuna murrizteko neurriak lanaldi partzialeko bi ordezkapen kontratu edo gehiago dituzten sailetan.
Zortzigarrena.– 2. xedapen gehigarria.
Sei hilabeteko epean, hasiko da negoziatzen sindikatuekin lanaldi partzialeko kontratuen ordainsarien hobetzea, 27. artikuluan aipatutako beharrezko jarduerak kontuan hartuta.
Honekiko guztiarekiko adostasuna adierazteko, dokumentu hau sinatu dute Leioan, 2025eko maiatzaren 14an.
LAB, STEILAS, ELA
CCOO, UGT, UPV/EHU
RSS