Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2025eko urriaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
4212

EBAZPENA, 2025eko irailaren 25ekoa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinak bigarrenez aldatzen baitu 2025eko martxoaren 12ko Ebazpena, emisio gutxiagoko ibilgailuetan inbertsioak egiteko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onesten, haien deialdia egiten eta haiek argitaratzen dituena.

EEEko zuzendari nagusiaren 2025eko martxoaren 12ko Ebazpenaren bidez, emisio gutxiagoko ibilgailuetan inbertsioak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi ziren, haien deialdia egin zen, eta argitara eman ziren.

Emisio gutxiagoko ibilgailuetan inbertsioak egiteko laguntza-programaren 3. oinarriak ezartzen du laguntza-programara bideratutako zuzkidura ekonomikoa bost milioi eurokoa dela (5.000.000), Energiaren Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituaren arabera. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen bidez onetsi ziren.

Laguntza-programa horren barruan izan den eskaera gero eta handiagoari erantzun egokia emateko, handitu egin da hasieran aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura. Horretarako arrazoia da bermatu behar dela ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera gehiagori erantzuteko modua, laguntza eskatzen dutenak ez daitezen onuradun izan gabe geratu aurrekontu-arrazoi hutsengatik. Esandako guztiagatik, gomendagarritzat eta justifikatutzat jotzen da oinarriak aldatzea eta hasiera batean aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura handitzea, programak jarraipena izan dezan eta maila handiagoan bete daitezen EEEren 2025-28ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako helburuak.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2025eko martxoaren 12ko Ebazpena aldatzea –emisio gutxiagoko ibilgailuetan inbertsioak egiteko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onesten, haien deialdia egiten eta haiek argitaratzen dituena–.

3. oinarriaren («Aurrekontu-zuzkidura eta eskabideak aurkezteko epea») lehen apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«3.1. Laguntza-programa honetara bideratutako zuzkidura ekonomikoa zazpi milioi eurokoa da (7.000.000), Energiaren Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituaren arabera. Kreditu hori abenduaren 20ko 8/2024 Legearen bidez ezarri zen, zeinaren bidez onetsi baitziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak.

Programaren aurrekontua % 70 handitu ahal izango da, salbuespenez, dirulaguntzaren xede diren jarduketen eskaeraren eta garapenaren arabera, baldin eta xede bererako aurrekontu erabilgarririk badago eta programaren indarraldia amaitu ez bada».

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke EEEko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Efikazia.

Ebazpen honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Bilbao, 2025eko irailaren 25a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.


Azterketa dokumentala