
190. zk., 2025eko urriaren 7a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 13 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
4211
EBAZPENA, 2025eko irailaren 18koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatearen artean sinatutako hitzarmena, entitate gaitutzat jarduteko transakzio elektronikoak egiten Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioekin lotutako prozeduretan interesdunen izenean eta haien kontura.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatearen artean sinatutako hitzarmena, entitate gaitutzat jarduteko transakzio elektronikoak egiten Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioekin lotutako prozeduretan interesdunen izenean eta haien kontura. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 18a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2025EKO IRAILAREN 18KO EBAZPENARENA
HITZARMENA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOAREN ETA GAZTAROA-SARTU KOOP. ELK. GIZARTE-EKIMENEKO ENTITATEAREN ARTEKOA, ENTITATE GAITUTZAT JARDUTEKO TRANSAKZIO ELEKTRONIKOAK EGITEN, PERTSONA INTERESDUNEN IZENEAN ETA HAIEN KONTURA, DIRU-SARRERAK BERMATZEKO EUSKAL SISTEMAREN PRESTAZIOEKIN LOTUTAKO PROZEDURETAN
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Francisco Pedraza Moreno jauna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusi eta legezko ordezkari, entitate horren izenean eta hura ordezkatuz, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuen 14.1 artikuluaren arabera.
Miren Karmele Artaraz Etxeberria andrea Euskadiko zuzendari ahalduna, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatekoa, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatearen legezko ordezkaria, haren izenean eta hura ordezkatuz.
Hitzarmena sinatzeko beste gaitasun juridiko badutela aitortu diote bi alderdiek elkarri; eta, horrenbestez, honako hau
AZALTZEN DUTE:
I.– Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legeak zioen azalpenean bertan jasotzen du garrantzitsua dela euskal herritarrak Sistemaren erdigunean kokatzea eta ziurtatzea pertsona guztiak berdinak direla administrazio eskudunekiko jarduketa juridikoan dabiltzanean.
Hala, 9. artikuluan, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen, laguntzen, tresnen eta zerbitzuen titularren eta onuradunen eskubideak ezartzen ditu, honako hauek barne: informazio osoa, egiazkoa, jarraitua, ulergarria, irisgarria, eta nahikoa lortzeko eskubidea; gauzak ondo ulertzea eta ondo ulertaraztea, komunikazio guztietan hizkera argia, erraza eta ulerterraza erabiliz; arreta pertsonalizatu espezializatua, integratua, goiztiarra eta malgua jasotzeko eskubidea, bai eta iradokizunak eta erreklamazioak egiteko eskubidea ere.
Legearen 70. artikuluan ere pertsonen eskubideak jorratzen dira; zehazki, artikulu horrek ezartzen du harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubidea duela jendeak, zerbitzu elektronikoen eskuragarritasuna ziurtatuta edukiko dutenez, eta bazterketa digitalik ez jasateko eskubidea. Gainera, bidea irekitzen du Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitateak gaitzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko, interesdunen ordezkari izanik.
Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 79. artikuluak xedatzen duenez, administrazio publikoek, oro har edo berariaz, baimendutako pertsona fisiko edo juridikoak gaitu ditzakete transakzio jakin batzuk bitarteko elektronikoen bidez egiteko, interesdunen ordezkari. Artikulu horren 2. zenbakiak dio, gainera, gaikuntza hori herritarrei arreta emateko eskumena duen administrazio-organoaren titularrak emandako ebazpenaren edo formalizatutako hitzarmenaren bidez taxutuko dela.
Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatearen estatutuek honako helburu hauek identifikatzen dituzte, besteak beste: inklusioa, pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borroka, zaurgarri diren pertsonei laguntzea, pobreziak eta bazterkeriak eragindako taldeen adierazpena eta parte-hartzea bultzatzea.
Diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren prestazioekin lotutako prozeduren kudeaketa arintzeko, mekanismo zeharo egokia da entitateei gaitasuna ematea, interesdunen izenean eta haien kontura, transakzio elektroniko jakin batzuk egiteko, eta, aldi berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidearen eraginkortasuna ziurtatzeko (eskubide hori Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 70.1 artikuluan aitortzen da).
2024an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza izenduna eman zion EAPN Euskadi – Pobreziaren eta Giza Bazterketaren Aurkako Europar Sarea elkarteari, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Sistema hobetzeko proiektu jakin bat garatzeko, hain zuzen, herritarrei prestazioen inguruan eman beharreko informazioari eta laguntzari buruz.
Emandako dirulaguntza horren harira, proiektu pilotu bat abian jarri zen Euskadiko hirugarren sektoreko hiru entitaterekin batera, lurralde historiko bakoitzeko bana. Proiektu horren bidez, hiru hitzarmen sinatu ziren entitate horiek (Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. Gizarte-ekimeneko entitatea haietako bat izanik) gaitzeko, interesa duten herritarren ordez jarduteko, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioekin lotutako prozeduren izapidetze elektronikoan. Proiektu pilotu hori apirilean amaitu zen.
Aipatutako hitzarmenek tresna eraginkorra direla erakutsi dute Sistemaren prestazioei dagokienez herritarrei informazioa eta laguntza emateko eremuan sarbidea sustatzeko. Hitzarmena indarrean egon den bitartean, lankidetza arina eta eraginkorra sortu da aldeen artean, eta, horri esker, aurrera egin da planteatutako helburuetan, eta emaitza oso positiboak lortu dira.
Hala ere, hitzarmenaren indarraldi laburra ez da nahikoa izan esperientzia probatzeko eta hirugarren sektoreko entitateak oro har gaitzeko betekizunak, baldintzak, betebeharrak eta izapideak arautzen dituzten oinarri orokorrak ezartzeko, ezta aurreikusitako ekintza guztiak ezartzeko ere. Hori dela eta, egindako aurrerapenak sendotzeko eta hasitako lanaren jarraipena bermatzeko, beharrezkotzat jotzen da entitate horiekin hitzarmen berriak sinatzea, aurreko hitzarmena indarrean egon zen bitartean erdietsitako lorpenek berretsi egiten baitute hartutako ikuspegiaren egokitasuna eta ezarritako lankidetzaren sendotasuna.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Hitzarmen honen xedea da Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatea gaitzeko konpromisoak eta betebeharrak ezartzea, interesdunen izenean eta haien kontura, transakzio elektroniko hauek egin ditzan:
a) Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren prestazioak aitortzeko eskaera, bai eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea edo entzunaldi-izapide batean alegazioak aurkeztea ere, eskaeraren izapideetan.
b) DSBEaren zenbatekoa eguneratzeko prozeduretan interesdunaren ordez jardutea, baita DSBE, EPO edo BGDSa kontrolatzeko eta berrikusteko prozeduretan ere.
c) Zehazki, honako izapide hauek egitea izango du, betiere, ondorengo, a) eta b) letretan aipatzen diren prozedurekin lotuta:
1. Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztea, bai eta eskabideko akatsak zuzentzea ere.
2. Lanbideri jakinaraztea, baldin zerbait aldatu bada DSBE, EPO edo BGDS prestazioak jasotzeko eskubidea aldatzea, etetea edo azkentzea eragin dezakeena, edo DSBE prestazioaren zenbatekoa hiru hilean behin eguneratzeko garrantzitsuak diren baldintzak eta betebeharrak betetzeari eragiten diona.
3. Lanbideri jakinaraztea prestazioen ordainketan eragina izan dezakeen edozein gorabehera garrantzitsu.
4. Alegazioak egitea eta dokumentuak edo bestelako froga-elementuak aurkeztea.
5. DSBE, EPO edo BGDS itzultzeko hasitako prozedurei alegazioak egitea, eta prestazio horien zorren ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskaera bideratzea.
6. Zuzendaritza Nagusiaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurkako errekurtsoak jartzea, non eta, lege-xedapenei edo erregelamendu-xedapenei jarraituz, haiek emandako ebazpenek eta administrazio-egintzek ez dieten amaiera ematen administrazio-bideari.
7. Eskaera bertan behera lagatzea eta DSBE, EPO edo BGDS jasotzeko eskubideari uko egitea.
8. Jakinarazpenak eta jakinarazpen-abisuak jasotzea.
2.– Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateak ez du gaikuntzarik izango interesdunen izenean eta kontura jarduteko aurreko paragrafoan adierazitakoez bestelako inongo eskaera, izapide edo jarduketatan.
Bigarrena.– Arau-oinarria.
Lehenengo klausulan aipatzen den gaikuntza honako hauetan xedatutakoaren arabera egingo da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5.7 artikulua; Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 70.3 artikulua; Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamenduaren 60.3 artikulua; eta Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa Emateko eta Zerbitzu Publikoak Bitarteko Elektronikoen bidez Eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 79.3 artikulua.
Hirugarrena.– Ahal publikoak erabiltzeko erreserba.
Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatea gaituta egongo bada ere interesdunak ordezkatuz haien kontura transakzio elektronikoak egiteko, ezingo ditu ahalmen publikoak baliatu, ez eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edozein organori esleitutako eskumenak baliatu.
Laugarrena.– Prozeduran interesa dutenen parte-hartzea.
1.– Lehenengo klausulan aipatzen diren prozeduretan interesa duten pertsonek gaitutako entitateari ordezkaritza ematen badiote, aurrerantzean administrazio-jarduketak entitateak eginak izango dira.
Horretarako, ordezkaritza eskatzen duten pertsonen zerrenda jakinaraziko dio Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateak Prestazioko Zuzendaritzari.
2.– Nolanahi ere, interesdunek badute beren kabuz agertzerik dagokien prozeduran, edozein unetan, eta, halakoetan, aurrerantzean, jarduketak agertu den horrekin egingo dira, entitate gaituak aldez aurretik egindako izapideei kalterik egin gabe.
3.– Interesdunak prozeduran agertzeak ez du eraginik izango gaitutako entitateari emandako ordezkaritzan; balekoa izango da halere, eta indarrean egongo da.
Bosgarrena.– Kaudimen-betekizunak.
1.– Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateak kaudimen-baldintza hauek betetzen ditu:
a) Betekizun orokorrak:
i) Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko entitateen erroldan erregistratuta egotea. Ondo bete beharko dituzte Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitateen erroldari buruzko martxoaren 7ko 33/2023 dekretuko betekizunak.
ii) Interes orokorreko gizarte-jarduerak garatzea, bere estatutuetan ezarritakoaren arabera.
iii) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
iv) Ez egotea bere jarduerarekin lotutako delituengatik epai irmo bidez kondenatuta, ezta entitatearen ordezkaria ere.
v) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:
1.– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik edo askotariko diskriminazioa eragiteagatik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan edo Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan jasotakoaren arabera.
2.– Zehapen osagarriren bat edukitzeagatik, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsiriko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera, ebazpen irmo bidez.
vi) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legez ezarritako inongo kausatan ez egotea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:
1.– Ez edukitzeagatik berdintasun-planik indarrean, nahiz horretara behartuta egon Estatuko araudiaren arabera.
2.– Ez edukitzeagatik neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edo indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
vii) Erantzukizun zibileko aseguru bat sinatuta izatea, izapideren bat oker bat egin duten interesdunei sor dakizkiekeen kalteak estaltzeko, baldin akatsa gaitutako entitateari egotz badakioke. Polizak indarrean jarraitu beharko du entitate gaitutzat diharduen bitartean.
b) Entitatearen esperientziarekin eta gaikuntzarekin lotutako betekizunak:
i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren entitate laguntzailea izatea, gutxienez duela 3 urtetatik, edo, hala bada, Eusko Jaurlaritzako beste sail batekin edo foru- edo toki-administrazio publiko batekin gutxienez hiru urteko lankidetza egiaztatzea, zehazki, gizartean zaurgarri diren edo izan daitezkeenei gizarteratzen eta/edo laneratzen laguntzeko prozesuetan.
ii) Gutxienez 3 urteko esperientzia izatea orientazio espezializatuan bereziki zaurgarri diren kolektiboekin: gutxiengo etnikoak, asilo-eskatzaileak, etxerik gabeko jendea, baztertuta daudenak, etab.
iii) Era berean, entitateak zerbitzua EAEko bi hizkuntza ofizialetan ematea ziurtatu beharko du.
c) Baliabide materialak eskura izateari lotutako betekizunak:
i) Entitateek lokalen eta ekipamenduen azpiegitura egokia izan beharko dute, helbide edo kokapen jakin batean, jarduera hasten denetik bertatik, gizarte-entitateak gaitzeko esperientzia pilotuan garatuko diren ekintzak bertan lantzeko. Honako baliabide hauek izan beharko dituzte gutxienez:
1.– Lokal egokitua, irisgarritasuna sustatzeko arloko legeriaren araberakoa (20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak), honako baldintza hauek behintzat betetzeko moduan:
a) Oztoporik ez izatea lokalera sartzeko.
b) Oztoporik ez izatea zerbitzuak eskaintzen dituzten lekura iristeko.
c) Komun egokituak izatea, zerbitzuko hartzaile guztiek erabiltzeko modukoak.
d) Bulego bat izatea, gainerako ataletatik bereizia, banakako arreta eskaintzeko, eta proiekturako erabiltzeko. Bulegoak 6 metro koadroko azalera izan beharko du gutxienez, eta altzari eta ekipamendu egokiak (Interneterako konexioa duen ordenagailua, inprimagailua erabiltzeko modua, etab.).
2.– Jarduerari ekiteko unean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemara konektatzeko banda zabaleko Interneterako sarbide eraginkorra izango duen azpiegitura.
d) Gizarteratzearen eta laneratzearen arloko profesional kualifikatuekin lotutako betekizunak:
i) Jarduerak hasten direnerako, jendeari arreta emateko langile propioak izatea.
ii) Denak ere dagokien hitzarmenaren arabera kontratatuta egon behar dute; dagokien titulazioa edukita: gizarte-hezkuntza, gizarte-lana, psikologia, pedagogia edo antzekoa.
iii) Bai eta hiru urtetik gorako esperientzia eta curriculum egiaztatua gizarte- eta lan-laguntza eta -orientazioko eginkizunetan.
iv) Ofimatikari eta Interneten erabilerari buruzko ezagutzak ere izan behar dituzte.
2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateak, hitzarmen hau sinatzean, erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (hitzarmen honen I. eranskina), erantzukizun zibileko aseguruari eta dituen giza baliabideei, baliabide materialei eta segurtasun-baliabideei buruzko datuen egiazkotasunari buruzkoa, eta adierazteko denak ere eskuera jarriko dituela, hitzarmen hau gauzatzeko aldera.
Seigarrena.– Betebeharrak.
1.– Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateak honako betebehar hauek izango ditu:
a) Interesdunen eskabideak telematikoki aurkeztea eta lehen klausulan DSBE edo BGDSarekin lotuta aipatzen diren izapideak burutzea.
Horiek burutzeko, arreta handiz jardun behar dute entitatearen aldetik jardungo dutenek, eta legez ezarritako epeen barruan. Interesdunari egotz dakiokeen atzerapenik gertatzen bada izapideen egiaztapenean, horren berri emango zaio eta ekar ditzakeen ondorioen berri ere bai.
b) Interesdunen dokumentuak eskura edukitzea, eta haien izenean jarduteko ordezkaritza ematea, dokumentuok gordetzea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Prestazioko Zuzendaritzari eta entitate horren ikuskaritzari helaraztea, baldin eta eskatu egin bazaizkio Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemari buruzko abenduaren 22ko 14/2022 Legeak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onartzen duen 173/2023 Dekretuak esleitzen dizkieten eskumenak baliatuz.
Halaber, dokumentazio hori Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko Zuzendaritzaren eskura jarriko da, edonoiz eska dezake-eta.
c) Interesdunei beren izenean egindako izapideen berri ematea eta jakinarazpenen edukia helaraztea, ahalik eta azkarren.
d) Entitatearen kontura jardungo duten pertsonen zerrenda bidaltzea, hurrengo klausulan xedatutakoaren arabera.
2.– Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatea izango da erantzule, inongo intzidentziarik gertatzen bada oker parte hartu duelako izapideren batean, eta haren erruz izapideetan atzerapenen bat gertatu bada, edo izapideren bat bete gabe geratu bada, baldin eta:
a) Egiaztatuta badago interesdunak informazio zuzena eman duela, garaiz eta behar bezala, eta
b) Egiaztatuta badago, behar bezala aurkeztu izan balitz, interesdunaren mesedetan litzatekeela edo diru-sarrerak bermatzeko errentarekin lotutako kalte ekonomikoa saihestuko lukeela.
Zazpigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua eta konfidentzialtasuna.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, entitateak honakoak bete beharko ditu: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuak babesteko erregelamendu orokorra), eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa. Ondorio horietarako, aipatutako Erregelamenduaren 28. artikulua betez, Lanbide -Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren kontura dabilen tratamendu-eragiletzat hartuko da entitate gaitua. Horregatik, hitzarmen honetan aurreikusitako datuen tratamenduei ekin aurretik, datuen babesaren arloan dagokion konpromisoa sinatu beharko du.
Entitateak enkargua bete beharrez eskuratu duen informazio guztia konfidentziala denez, sekretu profesionala gorde beharraz babestuta dago, aplikatzekoa den araudiaren arabera; beraz, ezingo dio informazio hori hirugarrenei jakinarazi, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aldez aurretik eta berariaz baimena eman ezean.
Zortzigarrena.– Gaitutako entitatearen kontura jardungo dutenak zein diren adieraztea.
1.– Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Prestazioko Zuzendaritzari jakinaraziko dio entitatearen kontura zeintzuk jardungo diren: zerrenda bat prestatuko du, zerrenda hori eguneratuta edukiko du, eta jarduleei ere egindako aldaketa guztiak azalduko zaizkie.
2.– Klausula honetan aipatzen diren komunikazioak II. eranskinean jasotako eredu normalizatuaren arabera burutuko dira.
Bederatzigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren betebeharrak.
1.– Lehenengo klausulan aipatzen diren izapideak egiteko gaikuntza Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatzeko eskatuko du Lanbidek. Erregistro hori Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 80. artikuluan dator araututa.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak erraztasunak emango dizkio Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateari, lehen klausulan aipatzen diren transakzio elektronikoak egiteko dauden aplikazioetara sartzeko.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dokumentazio teknikoa eta prestakuntza egokia emango dizkie Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateak izendatutako langileei, eta arreta-zerbitzu telefonikoa ere ezarriko du, gaikuntzari eta izapideei lotutako kontuekin laguntzeko.
Gainera, aipatutako entitateari jakinarazpenak eta abisuak helaraziko dizkio, baldin eta lehenengo klausulan aipatutako izapideekin lotuta badaude abisuok eta horretarako eskaera egin badu, laugarren klausulan aurreikusitako baldintzetan.
Hamargarrena.– Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateari emandako gaikuntza baliogabetzea.
1.– Entitatearen gaikuntza baliogabetzeko arrazoi izango dira, eta, hortaz, hitzarmena azkentze arrazoi, honako hauek:
a) Bosgarren klausulan ezarritako kaudimen-betekizunak ez betetzea, edonoiz.
b) Seigarren eta zazpigarren klausuletan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Baliogabetzea Lanbidek erabakiko du, eta kontraesaneko prozedura bat izapidetu beharko du horretarako, administrazio-prozedura erkidearen bide orokorren bidez arautuko dena, urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.
Baliogabetze-erabakian agertuko da baliogabetzeak ze ondorio izango dituen, baina inola ez dira hedatuko akordio hura eman aurretik entitate gaitu gisa egindako izapideetara.
Hamaikagarrena.– Jarraipen Batzordea.
1.– Hitzarmen hau kudeatzeko, gainbegiratzeko eta kontrolatuta edukitzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honela osatuko da: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak izendatutako bi kide, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateak izendatutako kide bat eta Red Europea de Lucha Contra la Pobreza y la Exclusión Social en Euskadi elkarteak izendatutako kide bat. Sare horretako kide da Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatea, eta koordinazio-eginkizunak beteko ditu batzordean.
2.– Batzordeak ohiko bilkura bat izango du hilean. Horrez gainera aparteko kasuetan bildu liteke, alderdiren batek eskatzen duenean.
3.– Jarraipen Batzordeari dagokio hitzarmen honek sortutako konpromisoak interpretatzeari eta betetzeari buruzko arazoak ebaztea, bai eta alde sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.
Hamabigarrena.– Kontratua suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau azkendu egingo da bere xede diren jarduketak betetzean edo suntsiarazteko arrazoiren bat gertatzean; hala dio Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.1 artikuluak.
Honakoak dira hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoiak (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan ezarritakoaren arabera):
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, eta luzatzeko erabakirik ez hartzea.
b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
c) Sinatzaileetakoren batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
d) Erabaki judizial batek hitzarmena deusez deklaratzea.
e) Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.
Hamahirugarrena.– Araubide ekonomikoa.
Hitzarmen honek ez dakarkie betebehar ekonomikorik alde sinatzaileei.
Hamalaugarrena.– Indarraldia.
Hitzarmenaren indarraldia urte batekoa izango da, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko Zuzendaritzaren ebazpenaren datatik zenbatzen hasita. Ebazpen horren bidez, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitateari baimena ematen zaio hitzarmen honetan aurreikusitako transakzioak bitarteko elektronikoen bidez egiteko, interesdunen ordezkari gisa.
Nolanahi ere, hitzarmena indarrean egon dadin, aurreko paragrafoan aurreikusitako baimena dagokionari emanda izan beharko du herritarrak artatzeko eskumena duen administrazio-organoak.
Hitzarmen hau amaitu baino lehen luzatu ahal izango da, sinatzaileek aho batez hala erabakitzen badute, beste urte batez. Indarraldia luzapenik adostu gabe igarotzen bada, amaitutzat joko da.
Hamabosgarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, hala xedatzen baitu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluak.
Hamaseigarrena.– Gatazkak ebaztea.
Alderdiek konpromisoa hartu dute hitzarmena betetzean sor daitezkeen gorabeherak elkar hartuta konpontzeko.
Hitzarmena garatzen eta betearazten dihardutela, alderdiek auzigairen bat baldin badute eta hamaikagarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzordeak ezin badu gatazka hori konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legean (uztailaren 13ko 29/1998) xedatutakoarekin bat etorriz.
Eta ados daudela adierazteko, alderdiek elektronikoki sinatzen dute hitzarmen hau, eta azken sinatzailearen data hartuko da formalizazio-datatzat.
Egoitza elektronikoa, 2025eko uztailaren 23a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren izenean.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatearen izenean.
Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-ekimeneko entitatearen zuzendari ahalduna,
MIREN KARMELE ARTARAZ ETXEBERRIA.
RSS