Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2025eko urriaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4208

AGINDUA, 2025eko irailaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, 21/2022 Legeak (21/2022 Legea, urriaren 19koa, Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funts bat Sortzekoa) 6.2 artikuluan aurreikusten duen eta Euskal Autonomia Erkidegoan lan egingo duen amiantoaren biktimen balorazio-taldea sortzen duena, balorazio-taldeko kideak izendatzen dituena eta amiantoaren eraginpean egoteak sortutako patologien ziurtagiria emateko prozedura arautzen duena.

21/2022 Legeak (urriaren 19koa, Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funts bat Sortzekoa) amiantoaren biktimak konpentsatzeko mekanismo gisa eratu zuen funts hori, eta, horretarako, erregelamendu bidez onuradunentzako konpentsazio ekonomikoak ezartzea aurreikusi zen bertan, guztiz konpontzeko lan-eremuan, etxean edo ingurumenean amiantoaren eraginpean egoteak estatuan edonoren osasunean eragindako kalte-galerak.

Legearen 6.2 artikuluan, balorazio-taldeei ematen zaie gaixotasuna diagnostikatzeko eta haren balorazioa egiteko zeregina, gaixotasuna kalifikatzekoa eta berrikustekoa, bai eta haren kausa edo heriotzarena zehaztekoa ere; talde horiek erregelamenduz zehaztuko dira.

Ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuaren bidez, biktimei konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea aitortzeko baldintzak ezarri dira, eta prozedura arautu da. Balorazio-taldeei dagokienez, 6.1 artikuluak agintzen du Osasun Sailean edo dena delako autonomia-erkidegoko antzeko organoan horretarako berariaz ezartzen diren unitateek eratu behar dituztela taldeok, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak aldez aurretik hala erabakita. Hor, taldeak nork osatuko dituzten ezarriko da –osasun publikoan, lan-osasunean eta ingurumen-osasunean espezializatutako langileak izango dira–, eta jarduketa-protokolo komunak aurreikusi beharko dira, estatu osoan taldeon jarduera homogeneoa dela bermatzeko.

Balorazio-taldearen zeregin nagusia hau da: organo autonomiko eskudunaren oinarri izango den irizpena egitea, hark ziurtagiria eman dezan funts horren kontura laguntzak eskatzen dituztenei amiantoaren eraginpean egoteak eragin dizkien patologiak egiaztatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan, Osasungintza Osasun Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskudun hori, izendatzen dutenean, eta izendatu bitartean, behin-behinean, Osasun Publikoko zuzendaria.

Agindu honen bidez, amiantoaren biktimen balorazio-taldea zer administrazio-unitatek osatuko duten ezartzen da, bai eta amiantoaren esposizioak eragindako patologien ziurtagiria emateko zer prozedura bete behar den ere, Konstituzioak administrazio publikoei beren burua antolatzeko aitortzen dien printzipioan oinarrituta. Balorazio-talde hori arduratuko da 483/2025 Errege Dekretuaren 8. artikuluan adierazitako irizpena emateaz Euskal Autonomia Erkidegoan. Balorazio-taldea osatzeko, artikulu horretan eskatzen diren profilak hartuko dira kontuan.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Amiantoaren biktimen balorazio-taldea osatzen duten administrazio-unitateak ezartzea. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan, talde horrek emango du amiantoaren esposizioak eragindako patologien ziurtagiria egiteko behar den irizpena. Balorazio-taldeak, gutxienez, hiru administrazio-unitate izango ditu.

Bigarrena.– Balorazio-taldeko kideak izendatzea. Hona osaera:

a) Lehendakaria: Idoia Camarón Echeandía andrea. (Osasun Publikoko teknikaria).

b) Bokala, idazkari-lanak ere egingo dituena: María Asunción Muruaga Infante andrea (Osalaneko lan-osasuneko unitateko medikua, lan-osasuneko aditua), Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak proposatuta izendatua.

c) Bokala: Iván García Angulo jauna. (Osasun Publikoko teknikaria, ingurumen-osasuneko aditua).

Hirugarrena.– Hauek izendatzea aurrekoen ordezko:

a) Lehendakariaren ordezkoa: Idoia López Echaniz andrea. (Osasun Publikoko teknikaria).

b) Idazkari-lanak egiten dituen bokalaren ordezkoa: María Jesús Martín Díez andrea (Osalaneko lan-osasuneko unitateko medikua, lan-osasuneko aditua), Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak proposatuta izendatua.

c) Ingurumen-osasuneko aditua den bokalaren ordezkoa: Jesus Ángel Ocio Armentia jauna. (Osasun Publikoko teknikaria, ingurumen-osasuneko aditua).

Laugarrena.– Eskabideak elektronikoki aurkez daitezke, euskadi.eus atariaren bidez, eskabidea beteta eta ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuaren 7. artikuluan adierazitako dokumentuak erantsita (483/2025 Errege Dekretua, ekainaren 17koa, Amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikorako eskubidea aitortzeko baldintzak ezarri eta prozedura arautzen duena), eskabidean bertan ezarritako dokumentu-ereduei jarraituz.

Aurrez aurre ere aurkez daitezke eskabideak eta eskatutako dokumentuak, Zuzenean zerbitzuaren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako leku eta erregistroetan ere, aurreko paragrafoan adierazitako dokumentu-ereduen arabera.

Bosgarrena.– Balorazio-taldeak eskabidea eta aurkeztutako dokumentuak aztertuko ditu, dokumentuok 483/2025 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aipatutakoak direla egiaztatzeko (483/2025 Errege Dekretua, ekainaren 17koa, Amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikorako eskubidea aitortzeko baldintzak ezarri eta prozedura arautzen duena), eta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabideak edo dokumentazioak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun igaro baino lehen akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta, epe horretan hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela iritziko zaio.

Seigarrena.– Balorazio-taldeak, eskabidea eta aurkeztutako dokumentuak aztertu ondoren, irizpena emango du, eta, gero, Osasungintza Osasun Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak, izendatuta badago, edo Osasun Publikoko zuzendariak, hura oraindik izendatuta ez badago, erabakia hartuko du 483/2025 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aipatzen den ziurtagiria emateari buruz (483/2025 Errege Dekretua, ekainaren 17koa, Amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikorako eskubidea aitortzeko baldintzak ezarri eta prozedura arautzen duena).

Zazpigarrena.– Prozedura izapidetzeko epea sei hilekoa da, eskaera ziurtagiria emateko eskumena duenaren erregistroan sartzen den egunetik hasita, eta epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaera baietsi egingo da.

Zortzigarrena.– Ziurtagiria emateko ebazpenaren aurka, edo hura ematea onartzen ez duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan adierazitakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 30a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.


Azterketa dokumentala