Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2025eko urriaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4205

AGINDUA, 2025eko irailaren 17koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez gizarte-ekonomiako prestakuntza, dibulgazio eta ikerketarako laguntzetarako deialdia egiten den 2025eko ekitaldirako.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak onartua 2025eko otsailaren 14an– eta Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontuaren Memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete eta, horrez gain, EAEko enpresei emandako laguntza eta bultzada indartzen dute, Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza-jarduerak egin ditzaten. Dirulaguntzen plan estrategiko hori argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzako, «www.euskadi.eus»web orrian, sailari eskainitako espazioaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren bidez, Gizarte Ekonomiak hartzen dituen forma desberdinetan agertzen diren errealitate eta balioak bultzatu, defendatu eta zabaltzeko eskumen esklusiboa. Hona hemen Gizarte Ekonomiaren forma desberdinak: kooperatibak, mutualitateak, fundazioak, jarduera ekonomikoa duten elkarteak, lan-sozietateak, laneratzeko enpresak, enplegu-zentro bereziak, arrantzale-kofradiak, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak eta bestelako entitate bereziak (Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikulua).

Era berean, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak azken urteetan egindako hausnarketa estrategikoek funtsezko zutabe gisa nabarmendu dituzte, alde batetik, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza hezkuntza-etapa guztietan eta inplikatutako eragileen artean erraztea eta integratzea, eta, bestetik, gizarte-ekonomiaren ereduaren ikusgarritasuna hobetzea, hura hedatzea eta finkatzea errazteko bitarteko gisa, haren jardueraren hedapena bermatuz.

Ildo horretan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak gizarte-ekonomiaren prestakuntza eta zabalkunderako jarduerak sustatuko ditu. Bazkideei tresnak emango zaizkie beren enpresak eta jarduerak hobeto ezagutu ditzaten, erakundeen balio demokratiko eta solidarioak gizartean zabaltzeko. Aurten, bereziki, 2025ean Kooperatiben Nazioarteko Urtea ospatzeko arrazoi izan diren kooperatiben rola ikusarazi nahi da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak «Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute» lelopean.

Zentzu hertsian gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako ildoekin eta gizarte-ekonomiaren kontzeptuaren barruan sartzen diren entitate eta enpresen izaera bereziaren zabalkunderako jarduketekin batera, 2025eko ekitaldi honetan gizarte-ekonomiaren arloko unibertsitate-ikerketak egitea babesten jarraituko da, eta, horretarako, baliabide ekonomiko nahikoak jarriko dira ikerketa horiek gizartean zabalkundea izan dezaten. Unibertsitate-artikulu eta -liburu asko daudenez eta zenbait unitate didaktiko ere diseinatu direnez, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak esfortzu handiagoa egin behar izan du oinarrizko irakaskuntzatik hasita hedapen nabarmena lortzeko.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartzea.

Gizarte-ekonomia arloan prestakuntza, dibulgazio eta ikerketarako laguntzetarako oinarriak onartzea 2025eko ekitaldirako, eta haien deialdia egitea. Agindu honetako eranskinean daude jasota oinarri horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzak hauen mende egongo dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka -administrazio bidea bertan amaitzen baita- aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 17a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, gizarte-ekonomiari buruzko prestakuntza-, dibulgazio- eta ikerketa-jarduerak egiteko emango dituen laguntzen deialdia egitea 2025eko ekitaldirako, honako oinarri hauetan jasotako baldintzetan.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

1.– Prestakuntza-jarduerak:

a) Erakundeetako organoetako kideei, bazkideei eta langileei gizarte-ekonomiako prestakuntza espezifikoa eta bereizia emateko ekintzak. Helburua kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko ezagutza hobetzea da, enpresetan bertan parte hartzeko gaitasunak eta tresnak emanez.

b) Gizarte-ekonomiako unitate didaktikoak eta horien esperientzia pilotuak diseinatu, landu eta burutzea, euskal hezkuntza-sistemaren egituran ezartzeko (derrigorrezko hezkuntza-mailak, batxilergoa, lanbide-heziketa eta unibertsitate-eremua).

«Unitate didaktiko»tzat hartzen da ikasleei gizarte-ekonomiari buruzko ezagutza- eta ikaskuntza-prozesua errazten dieten irakaskuntza-ekintzen eta -jardueren multzo antolatua: helburuak, metodologia, jardueraren eduki tematikoa, ebaluazio-tresna, balorazio-irizpideak, jarraipena eta baliabide didaktikoak.

c) Gizarte-ekonomiaren arloko enpresak identifikatzea, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek haietan prestakuntza dualeko programak eta praktikak gauza ditzaten.

2.– Gizarte-ekonomiari zabalkundea emateko-jarduerak:

a) Kooperatiben eta lan-sozietateen gaineko aldizkako argitalpenak editatzea, unibertsitate-argitalpenak izan ezik.

b) Aldian behingo jardunaldiak egitea.

c) Gizarte-ekonomiako enpresak eta entitateak ikusarazteko ekitaldi bereziak egitea, hala nola 2025eko kooperatiben nazioarteko urtea, urteko oroitzapenak, sarien banaketa eta aintzatespenak edo gizarte-ekonomiaren balioak bistaratzen laguntzen duten antzeko jarduerak.

d) Gizarte-ekonomiako zabalkunde-jarduerak egitea. Esate baterako: gizarte-ekonomiako informazio-jarduerak eta beste lurralde-eragile batzuekiko kontrastea, eta zabalkunde-jarduerak hainbat formatu eta euskarri grafikotan: irratia, prentsa, telebista, Internet eta multimedia. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko ditu jarduera horiek, betiere jarduerok, praktikara eramanda, izan dezaketen benetako eragina kuantifikatuz eta zenbatetsiz.

3.– Gizarte-ekonomiako ikerketa-jarduerak, gizarte-ekonomia honako gai hauen inguruan lantzen dutenak:

a) Ingurumen- eta gizarte-jasangarritasuna eta garapen ekonomikoa: Gizarte-ekonomiako enpresak bultzatzen lagunduko duten azterlanak eta ikerketak, Inpaktu Hirukoitza kudeaketa-ereduaren zati bihur dadin eta azterketa-kasuak eta jardunbide egokiak partekatzeko eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko aukera eman dezan.

b) Lankidetza-espazio bat sortzea, gizarte-ekonomiari buruzko ezagutzak elkar-trukatzeko, sinergiak sortzeko eta berrikuntza bultzatzeko.

c) Gizarte-ekonomian espezializatutako unibertsitate-argitalpenak.

4.– Agindu honen arabera laguntza jaso dezaketen prestakuntza-, zabalkunde- eta ikerketa-jarduerak aurten hasi beharko dira, eta 2026ko ekainaren 30a baino lehen bukatu.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, erabat beharrezkoak direnak eta ezarritako epean egiten direnak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izan ahalko dira:

a) Barruko gastuak: Enpresaren edo erakunde onuradunaren berezko langileei egotz dakizkien gastuak, baldin eta esku-hartzaileek diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartzen dutela eta horretarako trebakuntza dutela egiaztatzen bada. Kasu horretan, barruko langileen ordainsariak egotzi ahalko dira, onartutako jardueran emandako denboraren arabera.

b) Kanpoko gastuak. Diruz lagunduko dira diruz lagundu beharreko jarduerak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak, aholkularitzak eta abar egiteko kontratazio-gastuak.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

4.– Proiektuari egotz dakizkiokeen kostuek, hain zuzen ere aurkeztutako jardueren gastu orokortzat edo egitura-kostutzat jotzen direnek, inola ere ezingo dute gainditu diruz lagun daitekeen jardueraren gehieneko zenbatekoaren % 10.

5.– Egindako gastutzat hartuko da oinarri hauetan zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindutakoa.

6.– Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira, baldin eta dirulaguntzaren erakunde onuradunak benetan ordaintzen baditu eta dirulaguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia badute. Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura daitezkeen zeharkako zergei dagozkienak.

7.– Gastu hauek ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartuko:

a) Diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zerikusirik ez dutenak.

b) Agindu honetan adierazitako moduan behar den bezala justifikatzen ez direnak.

c) Bazkideentzako, langileentzako, ikasleentzako edo boluntarioentzako prestakuntza-ikastaro, jardunaldi, ekitaldi eta askotariko aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, bai eta protokolo-arreta, catering, harrera, opari edo antzekoen gastuak ere.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, bederatziehun eta hamar mila (910.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta laurogeita bi mila (582.000) euroko ordainketa-kreditua 2025eko ekitaldirako, eta hirurehun eta hogeita zortzi mila (328.000) euroko konpromiso-kreditua 2026ko ekitaldirako.

2.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko muga portzentual eta kuantitatiboak hartuko dira kontuan.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleitu egingo dira, baldin eta oinarri honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, onuradunen artean murrizketa proportzionala aplikatuko da deialdian bideratutako gehieneko zenbateko osoan, zuzkidura hori eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa izan arte.

4.– Ezin izango da guztira 60.000 euro baino gehiago bideratu 2.2.a) oinarriko aldizkako argitalpenak editatzeko. Onargarritzat jotzen diren jarduera guztiak artatzeko aski ez bada, horien guztien artean murrizketa proportzionala aplikatuko da.

5.– 2.2.d) oinarriko jarduerek orotara ezin izango dute gainditu 50.000 euroko zenbatekoa; horretaz gainera, jarduera bererako ezin izango da laguntza bikoiztu, eskabide bera plan bitan aurkeztuta.

5. oinarria.– Erakunde onuradunak.

1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) Fakultateak, eskolak, unibertsitate-institutuak eta unibertsitateko ikerketa-erakundeak: jarduera guztietan, 2.2.c) oinarrian adierazitakoetan izan ezik.

b) Federazioak, kooperatiba-konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako Gizarte Ekonomiako enpresen beste elkartze-egitura batzuk, Gizarte Ekonomiako bigarren graduko elkarte-entitateak eta lan-sozietateen taldeak: jarduera guztietan, 2.1.b) eta 2.3.oinarrietan adierazitakoetan izan ezik.

Agindu honen ondorioetarako, «Gizarte Ekonomiako bigarren graduko elkartetzat» joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte-egiturak: Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, alegia, eta euren kideak ere bai.

c) Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura zein -taldeen edo lan-sozietateen mende daudenak eta helburu sozialtzat Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza ematea dutenak.

6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

a) 2.1.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu, bitarteko propioen bidez egiten denean; bestela, muga 50.000 eurokoa izango da.

b) 2.1.b) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jasotzerik izango du.

c) 2.1.c) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jasotzerik izango du.

d) 2.2.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso jasotzerik izango du.

e) 2.2.b) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jasotzerik izango du.

f) 2.2.c) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso jasotzerik izango du.

g) 2.2.d) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jasotzerik izango du.

h) 2.3.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jasotzerik izango du.

i) 2.3.b) eta 2.3.c) oinarrien arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 60.000 euro jasotzerik izango du.

2.– Kooperatiba-egitura zein -taldeen edo lan-sozietateen mende dauden Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroen kasuan, 2.2.a) eta 2.2.b) oinarrietan bildutako jardueren kostu garbiaren % 50ekoa izango da ehunekoa.

3.– 2.3 oinarriko jardueretarako, ehunekoa kostu garbiaren % 45 izango da Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren iritziz Euskadiko Gizarte Ekonomiaren errealitatean zuzenean inplementatzekoak ez diren ikerketetarako.

7. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hau guztia Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebehar horiek bete direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorrita.

b) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, edo horretarako ezgaitzen duen debekurik ez izatea.

c) Sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalik ez izatea.

d) Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu direla eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea.

e) Hala badagokio, jasotako minimis laguntzak erantzukizunez deklaratzea, agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenagokoak. Baterako eskabideak badira, enpresa edo erakunde bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

f) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

h) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

2.– Aurreko ataleko eskakizunak bete behar dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaerari eusteko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizunak bi unetan egiaztatuko dira: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1011712

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentuak euskaraz ala gaztelaniaz aurkeztea aukera dezakete. Orobat, prozedura burutzean, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak helbide elektroniko honetan ere ikusi ahalko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/1011712

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak (jakinarazpenak barne) bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartutako sinadura elektronikoa eta ziurtagiria eduki beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide honetan eskuratu daitezke onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, EAEko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8.– Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko betekizunak, salbu eta baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak. Elkarreragingarritasunaren edozein egiaztapen zuzenen aurka egiteak berekin dakar eskatzaileak informazioa aurkezteko betebeharra.

9. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da nahitaez:

a) Aurreikusitako jarduerak zergatik eta zertarako egin nahi diren zehatz-mehatz azaltzen duen memoria. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.

– Programaren entitate laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden aurrekontu banakatu eta xehatua. Honako kontzeptu hauek jaso beharko ditu nahitaez:

● Barneko/kanpoko langileen gastuak.

● Materialetan gastuak.

● Koordinazio-gastuak.

● Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plana.

b) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiaztatzekoa:

– Aitortu dituela administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede edo helburu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzak.

– Ez duela ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

– Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.

– Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen du Agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaziorik ez izateko.

– Agindu honen xede den laguntza eman baino hiru urte lehenago minimis araubidearen pean, eskatu edota jaso dituen laguntzak aitortu ditu.

– Indarrean duela berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak dituztela eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzen dituztela adierazi beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

Indarrean dagoen legerian ezarritako betebeharrak betetzen dituela.

– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdien justifikazioa eskaera-formularioan jasotako baldintzetan egingo da https://www.euskadi.eus/servicios/0055222

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuko b) letran aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

10. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio errorea konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar (10) eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela. Administrazioa behartuta egongo da eskabide horri buruzko ebazpen espresua ematen eta jakinarazten, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide elektronikoa erabiliz aurkeztu den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

11. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez diruz lagunduko diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publiko nahiz pribatuk xede eta helburu bererako ematen dituenekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

12. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du Agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bakarra igorri eta jakinaraziko du prozedura ebazteko eta emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Ebazpenean, erakunde eskatzailea edo dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, hala badagokio, berariaz adieraziko dira xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, dirulaguntzaren oinarri hauetan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideen ezespena ere.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak sortzen dituenetik. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo behar dute eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. apartatuan adierazi den gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da egoitza elektronikoaren iragarki-taulan Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da. https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

13. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira: 582.000 euro ordainduko dira, 2025eko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, baldin eta 14.a) oinarrian adierazitako epea igaro ondoren dirulaguntzari uko egin ez bazaio; gainerako 328.000 euroak 2026ko ekitaldiaren kargura ordainduko dira, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak egiaztatu ondoren diruz lagundutako jarduerek eragindako gastu guztiak justifikatu direla.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria teknikoa. Emandako zerbitzuaren onuradunen edo azken erabiltzaileen, erakundearen titularren eta plantillaren eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xede den zerbitzua emateko kontratatu den erakundearen plantillaren informazioa, sexuaren arabera banakatuta. Egindako jardueren aitorpena eta haien kostua, egindako gastu bakoitza banakatuta.

b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek diruz lagundutako jardueren gastu eta diru-sarrera guztiak justifikatzen dituen memoria ekonomikoa, kontuan hartuta diruz lagundu daitezkeen gastuek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituztela. Guztizko gastuak eta diru-sarrerak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak erabiliko dira, merkataritza-trafikoan baliozkoak -direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.

c) Hala badagokio, proiektua gauzatu den hilabeteei dagozkien Gizarte Segurantzako LZI eta KLO ereduen kopia, jardueran parte hartu duten langileak KLO ereduan identifikatuz. Enpresaren edo erakundearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat erantsiko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.

e) Diruz lagundutako jardueren publizitatean Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren finantzaketa jaso dela egiaztatzen duten agiriak.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera; epea, betiere, 2026ko urtarrilaren 15a baino lehen amaituko da.

4.– Eskabideko proiektuan zehaztutako gastuak dira justifikatu beharko direnak. Justifikazio-memoria teknikoan, dirulaguntza-eskabideetan aurkeztutako aurrekontuarekiko izan diren desbideratzeak adierazi eta justifikatuko dira.

5.– Programaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko dokumentuen bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Pertsona ez badago erregistratuta edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

7.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen baten bidez erabakitzen bada zorduna dela.

14. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, onartu egin duela joko da.

b) Dirulaguntza zer xedetarako eman den, horretarakoxe erabiltzea.

c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

e) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

f) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari jakinaraztea helburu bera betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu badira, beste edozein administraziotatik edo ente publiko nahiz pribatutatik.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzearekin lotutakoak egunean dituela egiaztatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeari buruzkoa) zehazten den moduan.

i) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan daitezkeen heinean.

j) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

k) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.

l) Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

m) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

n) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagunduko diren edozein motatako jardueren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

o) Entitate onuradunak gainfinantzaketarik ez egoteko konpromisoa hartzen du, eta organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen dituela; halaber, berehala jakinarazi beharko dio gainfinantzaketa gerta daitekeela hautematen badu.

p) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

15. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena ere alda daiteke; nolanahi ere, bete egin beharko dira jarraian adierazten diren eskakizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin lotuta baitaude:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, onuradunak, 14.g) oinarrian adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster jakinaraztea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa handitu beharrik ez izatea.

c) Oinarri hauen xedearen barruan aurreikusita egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuliko dituzte.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

16. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak Agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak horretarako irekitako espedientea izapidetu eta erakunde interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, eta jasotako zenbatekoak (osorik edo partzialki) eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio bi hilabeteko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Administrazioko arau-hausteen kasuetan, dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboen araubidea aplikatuko da, zeina Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan arautzen baita.

17. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpen bidez jakinaraziko dio pertsona edo erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta oinarri dituen kausak; horretaz gainera, hamabost (15) eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, zeinetan, horrela badagokio, dagozkion zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola adieraziko du, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.

18. oinarria.– Datuak babestea.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo dezakezu: https://www.euskadi.eus/rgpd/0055221

19. oinarria.– Europar Batasuna.

1.– Agindu honetan jasotako eta 2.1.a), 2.2.a), 2.2.b) eta 2.2.c) oinarrien babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).

2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jasotako beste minimis laguntzak deklaratu beharko ditu, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.


Azterketa dokumentala