
186. zk., 2025eko urriaren 1a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 3 orri.)
- EPUB (136 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4104
EBAZPENA, 2025eko irailaren 5ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Atxuri-Bolueta tranbia-linean Los Caños geralekuaren eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
2025eko uztailaren 12ko Ebazpenaren bidez, «Atxuri-Bolueta tranbia-linean Los Caños geralekuaren eraikuntza-proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2025eko uztailaren 29an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (142. zk.).
Larreagaburu Mina del Morroko eta Abusu La Peñako bizilagunei zerbitzua emateko, ETSk Atxuri eta Abusu artean «Los Caños geralekua» izeneko tranbia-geraleku berria eraikitzeko proiektua kontratatu zion Saitec enpresari.
Los Caños geralekua eraikitzeko proiektu honek honako elementu hauek biltzen ditu:
– Tranbia-geraleku berria, egiturazko elementu guztiak, elementu arkitektonikoak, eragindako zerbitzuak, pasealekua birjartzeko lanak, etab. barne hartuta.
– Igogailua eta pasabidea, nasako solairua Los Caños pasealekuarekin eta Miraflores etorbidearekin lotzen dutenak. Igogailurako hartuneak, ukitutako zerbitzuak, egiturazko elementuak, arkitektonikoak eta abar barne.
– Itsasadarraren aldeko nasa eta Los Caños pasealekua lotzeko bidea.
– Zamakola kalearen eta Los Caños pasealekuaren artean dagoen oinezkoentzako pasabidea estaltzea.
– Tranbia-desbideratzeen behin-behineko faseei dagokien elektrifikazioaren definizioa.
– Behin-behineko faseei dagozkien seinaleen eta komunikazioen definizioa, baina ez behin betiko egoerari dagokiona.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak egin eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Atxuri-Bolueta tranbia-linean Los Caños geralekuaren eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara zuzendu beharko dira, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Bilboko udaletxeko iragarki-oholetan ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 5a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS