Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2025eko urriaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4102

EBAZPENA, 2025eko irailaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Aguraingo (Araba) Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2025eko maiatzaren 9an, Aguraingo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko, gai honi buruz: «Aguraingo (Araba) Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren aldaketa puntuala» (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko ekainaren 10ean, eta espedientean jasota dago emaitza.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak irizpen-elementu nahikoak dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan sartzen da, non ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen diren; zehazki, a) letran: «Aurreko apartatuan aipatutako plan eta programen aldaketa txikiak». Era berean, Plana sartzen da Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61.1 artikuluko b) letran («Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere. Horren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen zehaztea. Kasu horretan, ebaluazio estrategiko arrunta egin beharko zaie»), eta, halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskineko 2. apartatuan. II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aguraingo (Araba) Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazitako moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da indarrean dagoen Aguraingo (Araba) Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren (aurrerantzean, BIPB) aldaketa puntuala egitea.

Aldaketaren xede den eremua Aguraingo hirigune historikoa da, zeinaren mugak definituta dauden haren Birgaitze Integraturako Plan Berezian. Eremua Zadorra ibaiaren hegoaldean dago, A-1 errepidearen eta trenbidearen iparraldean, eta Lezago errekaren ekialdean.

Hauek dira BIPBari dagokionez egin nahi den aldaketak aurreikusten dituen aldaketak: lerrokadurak aldatzea, etxebizitza kopurua handitzea, erabilerak aldatzea eta eremuaren kalifikazio xehatua aldatzea. Egin nahi diren aldaketek hainbat eremu eta lurzatiri eragiten diete:

– 1. aldaketa: xedea da BIPBaren jarduketa publikoen antolamendu-proposamenetan antolamenduz kanpo dauden eraikinak desjabetzeko nahitaezkotasuna eta epeak ezabatzea; hau da, Ekipamenduen eta Espazio Libreen Exekuzio-unitateak deiturikoak (aurrerantzean, EEU). Zehazki, EEU hauek:

i) 1. EEU (III. etxe-uhartea): Aparkalekuen jarduketa publikoa, R3 berrantolamendu-gunean. 7. aldaketan xehatua.

ii) 2. EEU (12. etxe-uhartea): Hotel-jarduketa publikoa. 6. aldaketan xehatua.

iii) 3. EEU (17. etxe-uhartea): 17. etxe-uhartea antolatzeko jarduketa publikoa. 5. aldaketan xehatua.

iv) Egoitza-jarduketa publikoa (II. eta V. etxe-uharteak): 2. aldaketan xehatua.

– 2. aldaketa: Aguraingo hirigune historikoko BIPBak lau bizitegi-jarduketa publiko proposatzen ditu, Bizitegi-exekuzio Publikoen Unitate izenekoak (aurrerantzean, BPU): bi II. etxe-uhartean eta beste bi V. etxe-uhartean, non mantenduko litzatekeen desjabetzea. Hala ere, BIPBaren aldaketak handitu egiten ditu eraiki beharreko etxebizitza kopurua eta haien ezaugarriak, ahalik eta etxebizitza gehien eraikitzeko, 80/2022 Dekretuari egokituz (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena), eta aldatu egiten dira desjabetze- eta kudeaketa-epeak. BPUek ezaugarri hauek izango lituzkete aldaketaren ondoren:

i) 1. BPU (II. etxe-uhartea): Kale Nagusiko 59. eta 57. eraikinak. Biak 6. kategorian daude katalogatuta (Fatxadaren oinarrizko babesa). Bi eraikinak birgaitzea aurreikusten da, eta ahalik eta etxebizitza gehien egin ahal izatea 80/2022 Dekretuari egokituta, baita merkataritza-lokalak ere. Aparkalekuak Aparkaleku publikoan egongo dira (6).

ii) 2. BPU (II. etxe-uhartea): Kale Nagusiko 65. eta 63. eraikinak. 65. eraikina 6. kategorian dago katalogatuta (Fatxadaren oinarrizko babesa); 63.a, berriz, 8.ean (Interes tipologikokoa). Bi eraikinak birgaitzea aurreikusten da, eta ahalik eta etxebizitza gehien egin ahal izatea 80/2022 Dekretuari egokituta, baita merkataritza-lokalak ere. Aparkalekuak Aparkaleku publikoan egongo dira (6).

iii) 3. BPU (V. etxe-uhartea): Kale Nagusiko 44. eta 46. eraikinak. 46.a 3. kategorian dago katalogatuta (Fatxadaren babes ertaina eta gainerakoaren oinarrizkoa); 44.a, berriz, 8. kategorian (Interes tipologikoa). Bi eraikinak birgaitzea aurreikusten da, eta ahalik eta etxebizitza gehien egin ahal izatea 80/2022 Dekretuari egokituta, baita merkataritza-lokalak ere. Aparkalekuak Aparkaleku publikoan egongo dira (6).

iv) 4. BPU (V. etxe-uhartea): Kale Nagusiko 56., 58. eta 60. eraikinak. 6. kategorian daude katalogatuta (Fatxadaren oinarrizko babesa). Hiru eraikinak birgaitzea aurreikusten da, eta ahalik eta etxebizitza gehien egin ahal izatea 80/2022 Dekretuari egokituta, baita merkataritza-lokalak ere. Aparkalekuak Aparkaleku publikoan egongo dira (6).

Gainera, Planaren aldaketak beste bi Bizitegi-exekuzio Publikoen Unitate proposatzen ditu:

v) 5. BPU (12. etxe-uhartea): Harategi kalearen 16.eko 3/121 lurzatia. Trasteleku-erabilera duen eraikina du 3/120 lurzatiari lotuta. Eraikuntza txikia, katalogatu gabea. Oin berriko eraikuntza aurreikusten da etxebizitza kolektiborako, eta ahalik eta etxebizitza gehien egin ahal izatea 80/2022 Dekretuari egokituta, baita merkataritza-lokalak ere. Aparkalekuak Aparkaleku publikoan egongo dira (6). 6. aldaketarekin lotuta.

vi) 6. BPU (III. etxe-uhartea): 3/175 eta 176 lurzatiak eta Zapatari kaleko 180.aren zati bat. Lurzatietan eraikinik gabe. Katalogaziorik gabe. Oin berriko eraikuntza aurreikusten da etxebizitza kolektiborako, eta ahalik eta etxebizitza gehien egin ahal izatea 80/2022 Dekretuari egokituta, baita merkataritza-lokalak eta sestra azpiko aparkalekuak ere. 7. aldaketarekin lotuta.

– 3. aldaketa: zuzkidura-bizitokiak eraiki nahi dira Bustamante jauregian (Zapatari kalea 30), zeina gaur egun Ekipamendu Generiko gisa kalifikatuta dagoen; beraz, proposatzen da zuzkidura-bizitokia ekipamenduen erabileren barruan sartzea.

– 4. aldaketa: oro har, bizitegi-erabilera duten eraikin guztietarako –ekimen publiko nahiz pribatukoetarako–, proposatzen da lotu beharreko loteen gehieneko kopurua aldatzea, bai oinplanoko etxebizitzetarako (26. artikuluaren aldaketa), bai etxabeetarako (27.1 artikuluaren aldaketa); betiere, nahitaez bete beharko dira bizigarritasun- eta irisgarritasun-araudi orokorrak. Horri esker, komunikazio bertikalak (eskailera eta igogailua) sinplifikatu ahal izango dira –horrek espazioaren eta kostuen aurrezpena ekarriko luke–, eta etxebizitza-programa hobeto egokituko zaio 80/2022 Dekretuari.

Zehazki, katalogatutako eraikinak birgaitzeko, Planaren aldaketak zera proposatzen du: fatxada-aurpegian ere 16 metroko batez besteko zabalera gainditzen ez duten azken hiru lurzati osoen gehieneko elkarketatik –hala dago jasota indarrean dagoen BIPBan– pasatzea fatxada-aurpegi osoan etxebizitza bakoitzeko 6 metroko batez besteko zabalera gainditzen ez duten hiru lurzati osoen gehieneko elkarketetara.

Aldiz, eraikin katalogatuen eraispenetik eratorritako lurzatietarako eta Exekuzio-unitateen birpartzelaziotik eratorritako orubeetarako, indarrean dagoen BIPBak aukera ematen du fatxada-aurpegian ere oro har 16 metroko batez besteko zabalera gainditzen ez duten azken bi lurzati osoen gehieneko elkarketak ezartzeko, eta BIPBaren aldaketak proposatzen du baimentzea ateratzen den fatxada-aurpegi osoan etxebizitza bakoitzeko 6 metroko batez besteko zabalera gainditzen ez duten azken hiru lurzati osoen gehieneko elkarketak.

– 5. aldaketa: 17. etxe-uhartean Jarduketa Publikoa aldatzea proposatzen da, eta espazio libre publiko bat garatu beharrean hiru eraikinak mantentzea, onartuz 18. eta 19. lurzatietan kokatutako eraikinak erabilera pribatuko bizitegi-erabilerako beste eraikin batzuekin ordeztea (3. EEU); beraz, desagertu egiten da desjabetzea.

– 6. aldaketa: Proposatzen da Sustapen Publikoko Hotelaren (2. EEU) erabilera aldatzea, katastroko 120. eta 121. lurzati mugakideetan aurreikusita dagoena (Harategi kaleko 16. eta 18. zenbakiak), eta 3/120 lurzatian Bizitegi pribatua ezartzea –bertan desjabetzea desagertuko litzateke–; eta 3/121 lurzatian (5. BPUri dagokiona) Bizitegi publikoa ezartzea –bertan desjabetzea mantenduko litzateke, aurreikusitako epeak doituta–.

– 7. aldaketa: proposatzen da III. etxe-uhartean Jarduketa Publikoa aldatzea, Aparkalekua izatetik (1. EEU) Bizitegi publiko izatera igaroz 3/175 eta 176 lurzatietan, eta 180 lurzatiaren hein batean (6. BPUri dagokio). Bertan, mantendu egingo litzateke desjabetzearen bidezko Jarduketa Publikoa, aurreikusitako epeak doituz.

– 8. aldaketa: BIPBaren hainbat akats zuzentzea proposatzen da:

a) Bilbe-errorea zuzentzea (bizitegi-erabilera), 3/2, 3, 5 eta 182 lurzatietan.

b) Zapatari kalearen 39.eko 3/12 lurzatian, pilotalekuaren frontiseko hormarekin bat datorren «Antolamenduz kanpo» kategoria kentzea.

c) Zapatari kaleko 3/182 lurzatian, patio gisa jasotzen den 3/59 zenbakiarekin mugakide den zatian, beste lote bat gehitzea proposatutako biei, R1-Bren barruan.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: kontuan hartuta eragindako eremuaren kokapena, ingurumen-ezaugarriak, proposatutako aldaketen garrantzia eta Planaren esparruan etorkizunean gauzatuko diren proiektuen izaera, uste da Planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak aldatu egiten du Aguraingo hirigune historikoaren BIPBa, lerrokadurak aldatuz, etxebizitza kopurua handituz, erabilerak aldatuz eta kalifikazio xehatua aldatuz. Planak, dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.

c) Plana egokia den ingurumenaren arloan kontuan hartu beharreko alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeari begira: uste da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzera bideratutako neurriak sartzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da detektatu Plana gauzatzeak ingurumenean arazo adierazgarririk sortuko duenik, betiere eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez egiten badira –besteak beste, arlo hauetan: kultura-ondarea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, zarata, lurzoruak, urak, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena–.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskal Kultura Ondarearen Zentroak ez du onartzen planteatutako 4. aldaketa, lurzati-elkarketen zabalera 16 m-tik 18 m-ra aldatzen duelako, eta adierazten du Planaren aldaketak errespetatu egin beharko duela partzelazio tradizionala, urtarrilaren 14ko 3/1997 Dekretuaren 16.1 artikuluan ezarritakoa, zeinaren bidez Kultura Ondasun Kalifikatuaren Adierazpenean txertatzen baita Aguraingo hirigune historikoa, Monumentu-multzo kategoriarekin; eta errespetatu egin beharko direla, halaber, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1 artikuluan aipatzen diren babes-araubidea eta gainerako puntuak.

Beraz, berrikusi egin beharko da proposatutako 4. aldaketa, legedi hori bete dezan.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Plana garatuz etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, uste da Planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak Aguraingo udal-mugartearen hirigune historikoa antolatzen du, zeina bizitegi-izaerako hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta dagoen Udalplan-en arabera. Litologiaren ikuspegitik, tuparriak, kareharri tupatsuak, kareharriak eta hareharriak daude eremuan, pitzaduren bidezko iragazkortasun txikikoak. Planaren xede diren lurzoruak ez daude antolatuta Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan.

Eremua sartuta dago «Zadorraren Unitate Hidrologikoa (UH)»n, zeina Ebroko Demarkazio Hidrografikoari (ES091) dagokion; zehazkiago, Zadorraren isurialdeko arroan, erkidegoen arteko arroen eremuko Ullibarri urtegiraino (ES091241). Eremuan ez dago ibilgurik; gertuen daudenak dira Zadorra ibaia (iparraldean, 25 m ingurura) eta Lezago ibaia (mendebaldean, 60 m ingurura). Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, eremua kokatuta dago Ullibarri urtegiaren mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuak hartzeko gunean.

Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren gainean dago (ES091MSBT013). Azterketaren eremuak ez du bat egiten interes hidrogeologikoko eremuekin, baina haietako batek inguratzen du. Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da eremuan.

Eremuan ez da ingurumen-balio garrantzitsurik detektatu. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka EAEko geologia-interesguneen inbentarioan sartutako geologia-interesgunerik edo EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik.

Eunis (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, dentsitate handiko herri eta hirietako eraikinek osatzen dute eremua. Ildo horretan, ingurumen-dokumentu estrategikoak zehazten du eremua erabat antropizatuta dagoela; dena den, adierazten du hiri-bilbean landaredia dagoela, hala nola parkeak eta lorategiak, baratzeak eta zuhaizti integratu ugari. Ez dago katalogatutako Batasunaren intereseko habitatik (aurrerantzean, BIH). Geoeuskadiren kartografiaren arabera, bertan ez dago flora-espezie babesturik.

Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu fauna mehatxatua edo Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planen xede den espaziorik. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan dagoen fauna bat dator gune urbanizatuei lotutako espezieekin.

Aldaketa puntualaren xede den eremuak Aguraingo Hirigune Historikoko Monumentu Multzoa eta Aguraingo Eremu Arkeologikoa hartzen ditu, non kultura-ondare eraikiko 62 elementu katalogatu detektatu diren. Horien artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Bustamante jauregia (32. fitxa) eta Harategi etxea (34. fitxa), BIPBaren aldaketak eragina baitu haiengan. Gainera, Donejakue bidearen barne-bideak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du eremua.

Eremua Aguraingo ikuseremuaren barruan dago, zeinak jabari antropogenikoko hiri-pasaia duen ezaugarri azterketaren gunean. Eremua ez dago katalogatuta Paisaia-interes bereziko eremuen artean Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialean (LPP). Hala ere, Araba Erdialdeko LPPak kultura-paisaiako aparteko gune kultural gisa katalogatzen du eremua, paisaia-kontserbaziorako helburu honekin: «hiri eta hirigune historikoen babesa eta kontserbazioa sustatzea». Donejakue bidea ere sartzen du, ondare-, kultura-, sinbolo- eta identitate-baliabide gisa.

Eremuak 5 lurzati ditu Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta; haien kodeak hauek dira: 01051-00011, 01051-00012, 01051-00024, 01051-00039 eta 01051-00043.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egiten dira honako hauetatik eratorritako arriskuak: uholdeak, sismikotasuna, baso-suteak, higadura, SEVESO enpresen presentzia hurbila eta salgai arriskutsuen errepideko garraioa. Eremua 600 m-ko arrisku-bandan dago, salgai arriskutsuak trenbidez garraiatzeagatik arrisku ertainekotzat jotzen den bide-tarte batean (Madril-Irun).

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Aguraingo hirigune historikoaren eremua bat dator A motako eremu akustiko batekin (nagusiki bizitegi-erabilera izatera bideratutako lurraldeko eremua/sektoreak), eta horren kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH) kanpoaldeko tokirako honako hauek dira: 65 dB(A) egun eta arratsaldetan, eta 55 dB(A) gauean. Horri dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak justifikatzen du ez dela beharrezkoa Planaren aldaketaren inpaktu akustikoaren azterketa bat egitea, zeren proposatutako aldaketak ez baitu egungo egoera aldatzen, mantendu egiten baita hiriko bizitegi-erabilera.

Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak gertatuko dira Planaren aldaketa garatzearen ondoriozko eraikuntza-fasean, eta gaur egungo eraikinak eraisteko eta eraikitzeko obrek sortuak izango dira. Horrek guztiak eragingo ditu hondakinak, makineriaren joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar, eta eraginak sortuko ditu bai gainazaleko uretan –kasu honetan, zeharkako eraginak gerta daitezke euri-urak biltzeko sistemen bidez–, bai lurpeko uretan, bai eta lurzoruetan ere, isurketen ondorioz; eta eragozpenak eragingo dizkie eremuan eta ingurunean bizi diren biztanleei, emisio atmosferikoen, akustikoen eta antzekoen ondorioz.

Jarduketek eragina izan dezakete kultura-ondareko elementuetan eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan; beraz, garapenek bete egin beharko dute gaiari buruzko araudia.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskal Kultura Ondarearen Zentroak ez du onartzen planteatutako 4. aldaketa, lurzati-elkarketen zabalera 16 m-tik 18 m-ra aldatzen duelako, eta adierazten du BIPBaren aldaketak errespetatu egin beharko duela partzelazio tradizionala, urtarrilaren 14ko 3/1997 Dekretuaren 16.1 artikuluan ezarritakoa, zeinaren bidez Kultura Ondasun Kalifikatuaren Adierazpenean txertatzen baita Aguraingo hirigune historikoa, Monumentu-multzo kategoriarekin; eta, halaber, errespetatu egin beharko direla Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1 artikuluan aipatzen diren babes-araubidea eta gainerako puntuak. Era berean, gogorarazten du eraikin babestuetan eta elementu katalogatuetan egin beharreko jarduera orok haien ondare-balioak errespetatu beharko dituela.

Ingurumen-eraginen balorazioa egiteko, indarrean dagoen BIPBan aurreikusitako egoera hartu behar da kontuan; beraz, proposatzen diren jarduketak eta horietatik eratortzen diren eraginak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Hori guztia kontuan hartuta (eremuaren egungo egoera, BIPBaren proposatutako aldaketen ondoriozko jarduketak, eta neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen balizko aplikazioa), ez da espero jarduketa horiek ingurumenean eragin nabarmena izango dutenik, betiere indarrean dagoen legedia betetzen bada; besteak beste, arlo hauetan: kultura-ondarea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, zarata, airearen kutsadura, urak, lurzoruak, hondakinak eta isurketak, etab.

C) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea «Aguraingo (Araba) Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren aldaketa puntuala»ri dagokionez, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak bertan txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpenaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek daude:

– Kultura-ondarea babesteko neurriak:

Aintzat hartuta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostena, Aguraingo Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren aldaketak errespetatu egin beharko du partzelazio tradizionala, urtarrilaren 14ko 3/1997 Dekretuaren 16.1 artikuluan ezarritakoa, zeinaren bidez Kultura Ondasun Kalifikatuaren Adierazpenean txertatzen baita Aguraingo hirigune historikoa, Monumentu-multzo kategoriarekin; eta errespetatu egin beharko ditu, halaber, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1 artikuluan aipatzen diren babes-araubidea eta gainerako puntuak. Horrenbestez, ez da onartzen planteatutako 4. aldaketa, zeina berrikusi egin beharko den, legedi horretan adierazitakoa bete dezan.

Eraikin babestuetan eta elementu katalogatuetan egin beharreko jarduera orok haien ondare-balioak errespetatu beharko ditu.

– Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori posible ez bada, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden alternatibak ingurumen-irizpideekin aztertuko dira, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:

Aurreko neurriak alde batera utzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek zerikusia izango dute jardunbide egokien eskuliburuarekin, obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

i) Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

ii) Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

iii) Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak –hondeaketetatik eratorritakoak barne– kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera.

Hondakinen kudeaketari buruzko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edota, hala badagokio, hondakinak kudeatu behar dira aipatutako apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzera bideratu ahal izango dira soilik aldez aurretik behar bezala justifikatzen bada ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikaren, ekonomiaren edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati entregatu arte, estalpean biltegiratuko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikien edo balizko ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

iv) Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.).

Istripuzko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ekidin egingo da makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira, obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.

v) Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko den makineria egokitu egin beharko da kanpoan erabiltzeko makineriaren emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko da, hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du– eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek irauten duten bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorrak egitean eta zaratak eta bibrazioak sorburuan murriztean ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluak.

vi) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, prebentzioz aldi baterako eten egingo dira lanak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari berehala emango zaio aurkikuntzaren berri, zer neurri hartu adieraz dezan.

vii) Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

viii) Obrek kaltetutako espazioak leheneratzea: proiektua egikaritzean kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Landareztatze-lanetan erabiltzen diren espezieek bat etorri beharko dute inguru horretako landaredi potentzialarekin.

ix) Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzean, aintzat hartuko da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Bermatuko da leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez izatea.

x) Jasangarritasuna eraikingintzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikingintza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira –https://www.ihobe.eus/eu/argitalpenak helbidean daude eskuragarri–, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten «Aguraingo (Araba) Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren aldaketa puntuala»k ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarriak eragingo dituenik, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Aguraingo Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, ez bada onetsi «Aguraingo (Araba) Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren aldaketa puntuala», gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala