Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2025eko urriaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4101

AGINDUA, 2025eko irailaren 17koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzen deialdirako oinarriak eta laguntza horien deialdia egiten baita 2025. urterako.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak bigarren lehendakariorde eta sail horretako buruak onartu zuen 2025eko otsailaren 14an eta Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontuaren memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroak mantendu dituzte. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzaren web-orrian, www.euskadi.eus-en, hain zuzen ere sailari eskainitako espazioaren barruan, «Plan estrategikoa» atalean.

Elkar-lankidetzak abantaila lehiakorrak eskaintzen ditu, berriki egindako azterlanek erakusten dutenez: lehiakortasuna/eskala-ekonomia hobetzea, salmentak handitzea edo merkatuak areagotzea, baliabideak trukatzea eta beste batzuk, hala nola marka zabaltzea, ideia berriak, proiektuak edo antolatzeko eta finantzaketa hobetzeko modu berriak.

Baina gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza hori ez da soilik estrategia bat, enpresa horien jarduera ekonomiko guztien hasiera eta helburua ere bada: gizartean eredu ekonomikoa aldatzen laguntzea, ekonomia demokratizatzea, gizarte-ekonomiaren idealak gizarte osora zabalduz.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea onartu ostean, egiaztatuta deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzunda, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Laguntzetarako oinarriak eta deialdia onartzea.

Gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzen oinarriak onartzea 2025erako, eta deialdia egitea. Agindu honetako eranskinean daude jasota oinarri horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka -administrazio-bidea bertan amaitzen baita- aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 17a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Hurrengo oinarrietan jasotakoaren arabera, gizarte-ekonomiako erakundeek enpresen arteko lankidetza-ekintzak egin ditzaten 2025eko ekitaldirako laguntzak deitzea da agindu honen xedea. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak emango ditu, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bidez.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:

a) Elkar-lankidetzako proiektu bat egitea eta ezartzea.

– Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, ingurumenaren arloan jasangarritasun-neurriak ezartzeko koordinatuta jardutea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea.

b) Bazkideen arteko estrategia bateratuak diseinatzea, jarduerak berritzeko edo dibertsifikatzeko; estrategia horiek sinergietatik, eskala-ekonomietatik eta lotutako eremuetako aukeretatik eratorritakoak izango dira.

c) Akordioak prestatzea eta formalizatzea, eta enpresak nahiz enpresak elkar-lankidetzan aritzeko egiturak sortzea.

d) Gizarte-ekonomiako enpresen bat-egitea prestatzea eta formalizatzea.

e) Gizarte-ekonomiako enpresen bat-egiteen kasuan, sozietate xurgatutik etorritako bazkideek sozietate bereganatzailearen kapital sozialari egindako ekarpenen harpidetza.

f) EAEko gizarte-ekonomia ordezkatzen duten entitate gorenek beren bazkideentzat egiten dituzten lankidetza-jarduerak, 2.1.a) oinarrian zehaztutako helburuetako bat betetzea ahalbidetzen edo errazten dutenak, bai eta bazkideen artean elkarlanean diseinatutako mekanismoak eta tresnak ezartzea ere.

g) Lankidetza-jarduerak, familia guztiek partekatzen dituzten erronkak identifikatzeko eta gizarte-ekonomiako familiek gizartean duten eragin positiboa ezagutzera emango duten mezuen zabalkundea programatzeko.

h) Neurriak aplikatzea, gizarte-ekonomiako enpresek edo entitateek kontratazio publikoaren eremu guztietan parte har dezaten errazteko.

2.– Aurten hasi behar dute agindu honen indarrez dirulaguntza izan dezaketen jarduerek, eta 2026ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu. Bat-egitearen ondoriozko ekarpenen harpidetzaren kasuan, 2025. urtean egin beharko da harpidetza.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira diruz laguntzen den jardueraren izaera argi eta garbi dutenak, beharrezkoak direnak eta ezarritako epean egiten direnak. Eskabidearekin batera aurkeztuko den aurrekontu-plangintza Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aztertuko du, erabakitzeko ea plangintza hori egokia den aurkeztutako jarduerak egiteko.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakora egokitzen diren gastuak lagunduko dira diruz. Gastu hauek ere lagundu ahal izango dira diruz:

a) 2.1.b) oinarriko kasuetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira integrazio-entitatearen koordinaziokoak, integrazio-entitatearen lanorduak, hau da, lan-bazkideen orduak, eta ez bazkideenak, diseinu grafikoko prozesuaren garapen-gastuak, hala nola materialagatiko gastuak, alokairuak eta antzeko beste batzuk, eta integrazio-entitateak emandako kanpo-aholkularitzako gastuak, hala behar izanez gero.

b) 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietako kasuetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minutaren gastuak eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; lehendik diruz lagundutako egiturak eta akordioak finkatzeari dagokionez (artikulu horretan jasotakoak), diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira finkatze hori egiteko behar direnak.

c) 2.1.e) oinarriko kasuetarako, diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko da sozietate xurgatzaileari emandako kapital harpidetu berria, bat egindako sozietatearen kapitaletik ez datorrena. Harpidetza 2025eko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.

d) 2.1.f) oinarriko kasuetarako, halako jarduerak egiteko beharrezkoak direnak, diruz lagundutako ekintza egiteko barne-kostuak barne.

e) 2.1.g) oinarriko kasuetarako, partekatutako erronkak identifikatzeko eta mezuen zabalkundea programatzeko beharrezkoak direnak.

f) 2.1.h) oinarriko kasuetarako, hartutako neurriak ezartzeko beharrezkoak diren gastuak.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleipen-prozedura eta laguntzak emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta hirurogeita zazpi mila (267.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun mila berrehun eta berrogeita hamar (200.250) euroko ordainketa-kreditua, 2025eko ekitaldirako; eta hirurogeita sei mila zazpiehun eta berrogeita hamar (66.750) euroko konpromiso-kreditua, 2026ko ekitaldirako.

2.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 9. oinarrian aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, sobera geratzen den zenbatekoarekin, murrizketa lineala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

5. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eta pertsonek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) 2.1.a), 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietan jasotako jardueretarako: Kooperatiba-sozietate edo lan-sozietate forma duten gizarte-ekonomiako enpresak.

b) 2.1.a), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarrietan jasotako jardueretarako: Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-entitateak eta Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak araututako elkarte-entitateetako kideak dituzten elkarte-egiturak.

c) 2.1.b) oinarrian jasotako jardueretarako: Gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetza-egiturak eta gizarte-ekonomiako enpresek (kooperatibak edo lan-sozietateak) osatutako entitateak, beren objektu sozialean bazkideentzako jarduera berriak sustatzea barne hartzen dutenak.

d) 2.1.e) oinarrian jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresen bat-egite prozesuan xurgatzen diren entitateetako bazkideak.

2.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte erakunde eskatzaileek:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte. Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek bete direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorrita.

b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.

c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

d) Jakinaraztea dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo, hala badagokio, jaso direla helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

e) Hala badagokio, Agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian eskuratu diren de minimis laguntzen berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

f) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

h) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen den ezein egoeratan.

i) Ez dagoela Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan adierazitako egoeretako batean ere.

j) Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

k) Ez dadila izan krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europako Erkidegoko zuzentarauen arabera (EBAO 2014/C 249/01).

3.– Aurreko ataleko eskakizunak bete behar dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

6. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1011712

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Pertsona eta entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten bezala. Orobat, prozedura burutzean, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak helbide elektroniko honetan ere ikusi ahalko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/1011712

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta, arrazoiak emanez, baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak.

7. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarriekin lotuta dauden jardueretarako:

– Proiektuaren edo lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita:

– Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.

– Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.

– Aurrekontu zenbatetsia.

– Kostuetako partaidetza-portzentajeak.

– Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

– Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiten lankidetzan aritzeko akordioa eta agindu honen 9.4 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) 2.1.e) oinarriarekin lotuta dauden jardueretarako:

– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den iraupen mugagabeko eta eskubide osoko bazkide-izaera.

– Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak. Era berean, harpidetutako kapital berritik xurgatutako sozietatetik datorren kapitala zehaztu beharko du.

c) Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– Entitate eskatzailea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari den administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.

– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penalik edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

– Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen du Agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaziorik ez izateko.

– Entitate eskatzaileak deklaratu du de minimis araubideari lotutako dirulaguntzarik eskuratu duela, agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian.

– Erakunde eskatzaileak indarrean dauka berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

– Indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak betetzen dituela.

– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

8. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi badu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

9. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

a) 2.1.a), 2.1.b), 2.1.f) eta 2.1.h) oinarrietako jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 12.000 euro jaso ahal izango ditu.

b) 2.1.c) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 2.1.d) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

d) 2.1.e) oinarriko jardueretarako: harpidetutako kapitalaren % 100, gehienez ere 3.000 euro sartutako bazkide bakoitzeko.

e) 2.1.g) oinarriko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 100; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 80.000 euro jaso ahal izango ditu.

2.– 2.1.f) oinarrian jasotako elkar-lankidetzako proiektuen kasuan, oinarri honetako lehenengo apartatuan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.

3.– 2.1.h) oinarrian jasotako elkar-lankidetzako proiektuen kasuan, oinarri honetako lehenengo apartatuan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 85eraino igoko da.

4.– 2.1.a) eta 2.1.d) oinarrietako jarduerak aurrera eramateko orduan aholkularitza-erakunderen batek parte hartzen badu, hark Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 31. artikuluan datozen baldintzak bete beharko ditu, baina baita hauek ere:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

10. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publikok xede eta helburu bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ere.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko edo pribatu batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

11. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du Agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bakarra igorri eta jakinaraziko du prozedura ebazteko eta emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta berorren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Ebazpenak, dirulaguntza zein pertsona edo erakunde eskatzaileari emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, erakunde interesdunek zilegi dute eskabideak ezetsi direla ulertzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

12. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, dirulaguntza guztiaren % 75erainokoa, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 25erainokoa, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria teknikoa.

b) Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, harekiko zer desbideratze izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntzen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.

3.– Dirulaguntza eman duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginak hartuz, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu; hain zuzen ere, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela frogatzeko arrazoizko zantzuak ematen dituztenak. Horretarako, hautatutako gastuaren frogagiriak bidal ditzatela eskatuko die erakunde onuradunei.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita.

5.– 2.1.e) oinarriko jarduerekin lotuta emandako dirulaguntzen kasuan, sozietate xurgatzailean harpidetutako kapital guztia benetan ordaindu dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako baldintzetan.

6.– Eskaria egin duen pertsona edo erakundeari laguntza-eskubidea aitortzen baldin bazaio, eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan. Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

7.– Ez da inolako ordainketarik egingo pertsona edo erakunde onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

13. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, onartu egin duela joko da.

b) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean justifikatzea eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, eta eman zaien horretarako egin dutela jarduera.

c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea, bai eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei ere.

e) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari jakinaraztea helburu bera betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla beste edozein administraziotatik edo ente publiko nahiz pribatutatik. Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzearekin lotutakoak egunean dituela egiaztatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzeari buruzkoa) zehazten den moduan.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko behar badira ere.

i) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

j) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

k) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.

l) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

m) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

n) 2.1.e) oinarriko jarduerekin lotuta emandako dirulaguntzen kasuan, bazkide egiten denetik 3 urte betetzen direnean, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du sartu zen erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela, salbu eta onuradunaren borondateaz beste arrazoirik egiaztatzen bada, edo justifikatzen bada sozietatearen kapitalerako ekarpena (diruz lagundutako zenbatekoa, gutxienez) egiten jarraitzen duela. Horretarako, bazkide egin eta hiru hilera, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

o) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

14. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero –haren helburua betetzat jotzen bada, betiere–, eta, hala dagokionean, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta –hori bai– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legeak ezartzen dituen baldintza betetzen badira (abenduaren 21eko 20/2023 Legea, 25. artikulua). Ondorio horietarako, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak kitapena egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta, hortaz, entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

15. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Pertsona edo entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta, halakorik bada, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako ekintzak. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.

2.– 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.d), 2.1.f), 2.1.g) eta 2.1.h) oinarriko jardueren kasuan, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36.3 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo faseen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduera berri bat. 2.1.e) oinarriko jardueren kasuan, 14.m) oinarrian ezarritako betebeharra partzialki betetzen ez bada, beti ere bazkideak 18 hilabetez iraun badu, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan. 18 hilabete baino gutxiago iraun badu, dirulaguntza osoa itzuli beharko du.

3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

16. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpen bidez jakinaraziko dio pertsona edo erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, hamabost (15) eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion xedatuko den; horretako epea bi hilabetekoa delarik, ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.

17. oinarria.– Datuen babesa.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

2.– Datuak babesteari buruzko informazio xehatua lortzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011712

18. oinarria.– Europar Batasuna.

1.– Agindu honen babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek, onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak badira soilik, erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).

2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako beste de minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga. Beste finantzaketa-iturri batzuk deklaratzeko eredua eta de minimis laguntzak deklaratzeko eredua Agindu honen 6.5 oinarrian adierazitako informazio-fitxan jasota daude.


Azterketa dokumentala