
186. zk., 2025eko urriaren 1a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (199 KB - 14 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4100
AGINDUA, 2025eko irailaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko laguntzen deialdia iragartzen baita 2025eko ekitaldirako.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak (Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez onartua) eta Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontuaren Memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete. Dirulaguntzen plan estrategiko hori Eusko Jaurlaritzako www.euskadi.eus web-orrian argitaratua dago, sailari eskainitako espazioaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean. Enpresa-arloan duen garrantziagatik, kudeaketa aurreratuko tresnen ezarpena errazten jarraitzen da, Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emanez.
Gizarte-ekonomiako enpresen gobernantzak eta administrazioak, oro har, ez dute gainerako enpresetan aplikatutakoaz bestelakoa den berezitasunik behar. Ondorioz, kudeaketa eraginkortasunez eginez gero, dagozkion emaitzak izango ditu, eta bazkideei onurak eragingo dizkie –gizarte-ekonomiaren kasuan, bazkideak langile ere badira–. Agindu honen bidez, gobernantza ekonomiko-finantzariorako dauden balio onenen erabilera sustatu nahi da.
Era berean, ingurumen-jasangarritasuna sustatzea eta enpresen digitalizazioa bultzatzea lehentasunezko erreferentzia dira Europar Batasunak exijitutako politika publikoetan. Hori dela eta, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak urteak daramatza laguntzak eskaintzen gizarte-ekonomiako euskal enpresetan ezartzeko, eta aurreko ekitaldietako emaitzak oso arrakastatsuak izan dira.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Laguntzen deialdia egitea eta oinarriak onartzea.
Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko 2025eko laguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea; agindu honen eranskinean daude jasota oinarri horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzak hauen mende egongo dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 10a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
ERANSKINA
1.– Oinarria.– Xedea.
Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, sozietate kooperatiboen eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikorako emango dituen laguntzen deialdia egitea 2025eko ekitaldirako, oinarri hauetan jasota dauden baldintzen arabera.
2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:
a) Urteko kudeaketa-plana edo aginte-taula integrala egitea eta ezartzea, enpresen egitura ekonomiko-finantzarioa barne.
b) Kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketako aholkularitza espezifikoa jasotzea.
c) Kudeatzailetzari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, kudeatzaileen edo zuzendarien egitekoetan laguntzeko, edo kooperatiba eta lan-sozietateetako jardun-arloekin zerikusia duten zerbitzuak kontratatzea, horien profesionalizazioa areagotzen laguntzeko xedez, merkatuan lehiakortasunari eusteko eta lehiakorragoak izateko giltzarrietako bat delako.
d) Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko gomendio zehatzak barne hartzen dituena.
e) Antolakundeak eraldatzeko tresna berriak ezartzea, gizarte-ekonomiako entitateek antolaketa-eredu malguagoak izan ditzaten, bai eta kontziliazio-sistemak eta pertsonak garatzeko sistemak ere.
f) Enpresak digitalizatzeko tresnak ezartzea. Honelako ekintzak lagundu ahal izango dira diruz: antolakundearen prozesuak eta eragiketak eraldatzeko teknologia digitalak erabiltzea ahalbidetzen dutenak, zenbait zeregin automatizatzeko prozesua errazten duten aplikazioen eta programen bidez; zeregin horietako batzuk izan daitezke informazioa bilatzea eta datuak formatu digitalean antolatzea, modu elektronikoan biltegiratu, partekatu edo manipulatu ahal izateko.
g) Ingurumena hobetzeko ekintzak ezartzea, enpresen jarduerak ingurumenean duen eragin negatiboa murrizteko.
h) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako entitateek aldez aurretik azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, euren entitate elkartuei bermeak emateko beharrezkoa den aldetik.
i) Gizarte-ekonomiako enpresa gehiago sortzeko eta eraldatzeko pizgarriak kentzen dituzten oztopo juridikoak aztertzea.
2.– Ekintzak 2025. urtean hasi beharko dira. Aurreko apartatuko h) letrako ekintzei dagokienez, hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako entitateek euren entitate elkartuei bermeen prestazioa egingo dien entitatearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.
3.– Ekintzak, gehien jota, 2026ko lehen hiruhilekoan amaitu behar dira.
4.– Dirulaguntza bakarra eman ahal izango zaio entitate eskatzaile bakoitzari, eta diruz lagundu daitekeen jarduera bakarra egiteko, 5.2 oinarrian jasotako salbuespenarekin.
5.– 2.1.e) oinarrian jasotakoaren ondorioetarako, antolakundea eraldatzeko tresna berritzat joko dira pertsonak enpresen funtsezko ardatz egituratzaile gisa hartuta eredu hauetakoren bat ezartzen dutenak:
a) Antolamendu-eredu malguak eta sarekoak: enpresa-eredu tradizionala (piramidala, taylorista) erakunde malguago bilakatzea, inguruneko aldaketetara egokitzeko.
b) Kontziliazioa kudeatzeko sistemak: interes sozialak, enpresarialak eta pertsonalak uztartzen dituzten tresnak.
c) Pertsonen garapen-eredua: pertsonen gaitasunak ezagutzea, haien hobekuntza-arloak hautematea eta hazkunde-aukerak identifikatzea ahalbidetzen duten tresnak, gaur egun eta etorkizunean enpresan duten eginkizunaren barruan.
d) Gatazkak kudeatzeko tresna aurreratuak.
3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2.1 oinarriaren a), b), d), e), f), g) eta i) letretako kasuetan, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundu daitekeen proiektua egiteko behar den aholkularitzaren gastuak edo aholkularitza-entitateen gastuak izango dira. 2.1 oinarriko h) eta i) kasuei dagokienez, bermeak eratu aurretiko azterlan ekonomiko eta finantzarioa egiteko edo araudiari buruzko azterlanak egiteko behar diren gastuak izango dira diruz lagundu daitezkeenak. 2.1 oinarriko c) apartatuari dagokionez, aipatutako zerbitzuak kontratatzeko gastuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.
4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzen mugak.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, laurehun eta berrogei mila (440.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun eta hirurogeita lau mila (264.000) euroko ordainketa-kreditua 2025eko ekitaldirako, eta ehun eta hirurogeita hamasei mila (176.000) euroko konpromiso-kreditua 2026ko ekitaldirako.
2.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 11. oinarrian aurreikusten diren gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak.
3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko.
4.– Zuzkidura ekonomikoa ez bada aski hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak ordaintzeko, eta 5.1 oinarrian zehaztutako kolektiboetakoren batean entitate onuradunen kolektiboa artatzeko saldoa sobratzen bada eta bestean ebazpen positibo guztiak estaltzeko baliabideak falta badira, sobera dagoen saldoa beste taldearen beharrizanak estaltzeko erabiliko da.
5.– Aurreko aukeretako bat ere gertatzen ez bada, murrizketa proportzionala aplikatuko da kalkulatutako zenbatekoetan, bereizita, talde bakoitzerako.
5. oinarria.– Entitate onuradunak.
1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:
a) Kooperatibak eta lan-sozietateak: 2.1 oinarriko a) letratik g) letrara bitartean sartutako jardueretarako.
b) Gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-entitateak.
2.– Gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten elkarte-entitateek eskaera bat aurkeztu ahalko dute, elkartutako enpresak batzen dituena, diruz lagundutako kudeaketa-tresnaren bat egiteko. Kasu horretan, diruz lagundutako jarduera egiteak doakoa izan beharko du entitate elkartu edo federatuentzat, eta elkarte-entitateak berak ordainduko du Administrazioak bere gain hartu ez duen kostua. Eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, baldintza orokor edo berezi guztiak betetzen dituzten enpresak edo entitateak soilik hartuko dira kontuan, laguntza-eskabidearekin lotutako lerro partikularraren arabera.
3.– 2.1 oinarriko a), f) eta g) letren kasuetan, kooperatiba edo lan-sozietate onuradunak azken bost urteen barruan eratuta edo eraldatuta egon beharko dira; epe hori 15 urtekoa izango da 2.1.d) oinarriko kasuetan.
4.– 2.1 oinarriko a), c) eta e) letren kasuetan, enpresan 100 langile baino gutxiago egon beharko dira. 2.1 oinarriko f) eta g) letren kasuetan, enpresan 10 langile baino gutxiago egon beharko dira.
5.– 2.1 oinarriko a), b), c), d), e), f) eta g) letren kasuetan, kanpoko aholkularitza-entitate baten edo gizarte-ekonomia ordezkatzen duen entitate baten aholkularitza eduki beharko da.
6.– 2.1 oinarriko a), b), c), d), e), f) eta g) letren kasuetan, ezin izango dute aurretik laguntza publikorik jaso antzeko kudeaketa-tresnak ezartzeko.
7.– 2.1.d) oinarrian jasotakoaren ondorioetarako, egoera hauetako batean daudela egiaztatzen duten enpresak hartuko dira zailtasunak dituzten enpresatzat: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna izatea, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahuldu edo desagertzea.
6. artikulua.– Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hori guztia, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.
c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
d) Jakinaraztea dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, jaso direla helburu bererako, beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuetatik.
e) Hala badagokio, hiru urteko edozein epealditan jasotako minimis laguntzen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.
f) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
g) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.
h) Hitzematea ez duela enpresa deslokalizatuko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
i) Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
j) Ez izatea krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).
k) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.
2.– Aurreko apartatuko baldintzak bete behar dira, bai entitate onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizunak bi unetan egiaztatuko dira: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.
7. oinarria.– Aholkularitza-entitateak.
Baldintza hauek bete behar dituzte 3. eta 5. oinarrietan adierazi diren kaudimen aitortuko aholkularitza-entitateek –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke–:
a) Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea beren jarduera.
b) Jardueraren ardatza enpresa-aholkularitza izatea.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan goi-mailako tituludunak izatea, batez ere gizarte-ekonomiako enpresetan egiaztatutako esperientzia dutenak (kasu guztietarako, 2.1.b) oinarrian jasotakoa salbu). 2.1.d) oinarriaren ondorioetarako, zailtasunak dituzten eta desagertzeko arriskuan dauden gizarte-ekonomiako enpresak aztertzen daukaten esperientzia egiaztatu beharko dute.
d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia daukala egiaztatu beharko du.
e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten entitateekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez. Betekizun hau ezin izango zaie ezarri 5.1.b) oinarriko entitateei.
8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztuko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0036523
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, aukeran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak helbide elektroniko honetan ere ikusi ahalko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/0036523
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektrikoan onartutako sinadura elektronikoa eta ziurtagiria eduki beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide honetan eskuratu daitezke onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
7.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, EAEko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
8.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan ea betetzen dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, salbu eta baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak.
9. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak gauzatzeko aurreikusitako justifikazio-memoria eta lan-plana. Bertan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.
b) Horretaz gain, 2.1 oinarriko jarduera guztiei dagozkien eskabideen kasuan –salbu eta 2.1.h) eta 2.1.i) oinarrietako jarduerei dagozkienak–, honako hauek ere bidali beharko dira:
– Agindu honen 7. oinarrian adierazitako entitate baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskabide irmoaren agiria, entitate horrek aipatu oinarriko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.
– 2024ko ekitaldiaren balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.
– Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.
c) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiaztatzekoa:
– Ez duela aholkularitza-enpresarekiko edo pertsona fisiko aholkulariarekiko inolako loturarik, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez, 5.1.b) oinarriko entitateen kasuan salbu.
– Aitortu dituela administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede edo helburu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzak.
– Ez duela ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.
– Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.
– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Konpromisoa hartzen duela agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.
– Aitortu duela hiru urteko edozein epealditan minimis araubideko dirulaguntzarik jaso duen.
– Indarrean duela berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak dituztela eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzen dituztela adierazi beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
– Bete egiten dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.
– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.
d) 2.1.h) eta 2.1.i) oinarrien kasuetarako, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan zerbitzu-kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoa, aurkeztutako eskaintzen arteko hautua efizientzia eta ekonomiako irizpideen arabera egingo da, memoria batean berariaz justifikatuz hautua, proposamen ekonomiko abantailatsuenaren aldekoa ez bada.
2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere hamabost (15) eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela 9.1.c) oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.
10. oinarria.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar (10) eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela. Administrazioa behartuta egongo da eskabide horri buruzko ebazpen espresua ematen eta jakinarazten, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
11. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Hauek izango dira dirulaguntzen zenbatekoak:
a) Agindu honen 2.1 oinarriko a), b), d), e), f) eta g) letretan arautzen diren ekintzetarako: aholkularitza-jardueraren % 75; baina gehienez sei mila (6.000) euro eman dakioke zuzeneko entitate onuradun bakoitzari, baldin eta hamar bazkide baino gehiago baditu, agindu honen 5.4 oinarrian ezarritako baldintzen arabera, eta hiru mila (3.000) euro eman dakioke gehienez, entitate onuradun horrek hamar bazkide edo gutxiago baldin baditu.
– Ekintza horietarako entitate onuraduna 5.1.b) oinarrian jasotakoren bat bada, zenbatekoa zehazteko kalkulua banan-banan egingo da baterako eskabidean jasotako entitate bakoitzeko, apartatu honetako baldintza berberetan. Kontzeptu honengatik, entitate onuradunak ezin izango du 30.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso.
b) Agindu honen 2.1 oinarriko c) letran adierazten diren ekintzetarako: kontratatutako entitate edo pertsonaren jardueraren kostuaren % 50, eta, gehienez ere, hamar mila (10.000) euro zuzeneko entitate onuradunarentzat.
c) 2.1.h) eta 2.1.i) oinarrietako jardueren kasuan, aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 75 emango da, baina diruz lagundutako jarduera bakoitzeko, gehienez ere hogei mila (20.000) euro emango dira.
12. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publikok xede eta helburu bererako ematen dituen laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 11. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.
2.– Entitate onuradunak administrazio honetatik edo beste administrazio edo ente publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostu osoa edo agindu honen 11. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.
3.– Bateraezinak izango dira agindu honetako laguntzak eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak gizarte-ekonomian ekiteko 2025eko deialdiari buruzko Aginduaren barruan kudeatzen dituen laguntzak.
13. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bakarra egin eta jakinaraziko du prozedura ebazteko eta emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta berorren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
Ebazpenak jaso beharko du dirulaguntza zein entitatek jasoko duten; horrez gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo behar dute eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. apartatuan adierazi den gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen baten bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.
14. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira: % 60 ordainduko da, 2025eko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, baldin eta 15.a) oinarrian adierazitako epea igaro ondoren dirulaguntzari uko egin ez bazaio; gainerako % 40a 2026ko ekitaldiaren kargura ordainduko da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak egiaztatu ondoren diruz lagundutako jarduerek eragindako gastu guztiak justifikatu direla.
2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:
a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria teknikoa. Egindako jardueren aitorpena eta haien kostua, egindako gastu bakoitza banakatuta.
b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek diruz lagundutako jardueren gastu eta diru-sarrera guztiak justifikatzen dituen memoria ekonomikoa, kontuan hartuta diruz lagundu daitezkeen gastuek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituztela. Guztizko gastuak eta diru-sarrerak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak erabiliko dira, merkataritza-trafikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.
c) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.
d) Diruz lagundutako jardueren publizitaterik eginez gero, publizitate horretan Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren finantzaketa agerian adierazi dela justifikatzen duten agiriak.
3.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera, eta 2026ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da beti dokumentazio hori.
4.– Eskabideko proiektuan zehaztutako gastuak dira justifikatu beharko direnak. Justifikazio-memoria teknikoan, dirulaguntza-eskabideetan aurkeztutako aurrekontuarekiko izan diren desbideratzeak adierazi eta justifikatuko dira.
5.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa ez badator bat dirulaguntza kalkulatzeko aintzat hartu zen kostuarekin, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak eta abar) justifikatu den zenbatekoa emandako laguntzarena baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki murriztuko da.
6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Pertsona hori ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
7.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen baten bidez erabakitzen bada zorduna dela.
15. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Entitate onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, dirulaguntza onartu duela joko da.
b) Dirulaguntzaren xede zehatza betetzeko egitea jarduera.
c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.
e) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.
f) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso badituzte xede bererako, horren berri ematea Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Aldaketa gertatu bezain laster bidali beharko da horri buruzko jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
h) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
i) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko behar badira ere.
j) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.
k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
m) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
n) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.
o) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
16. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena ere alda daiteke; nolanahi ere, bete egin beharko dira jarraian adierazten diren eskakizunak, zeinak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin lotuta baitaude:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, onuradunak, 15.g) oinarrian adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster jakinaraztea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri hauen xedearen barruan aurreikusita egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzak likidazio-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
17. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezar daitezkeen baldintzak, dirulaguntza galduko du, eta jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bi hilabeteko epean. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.
3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.
18. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpen baten bidez jakinaraziko dio entitate onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, hamabost (15) eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, eta horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
c) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoak diren legezko arauek xedatutakoari jarraikiz.
19. oinarria.– Datuen babesa.
1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
2.– Datuak babesteari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo behar da: https://www.euskadi.eus/rgpd/0036523
20. oinarria.– Europar Batasuna.
1.– Agindu honen 2.1 eta 5.1.a) oinarrien babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).
2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jaso dituen minimis laguntzak deklaratu beharko ditu, ziurtatzeko minimis laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.
RSS