Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2025eko irailaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4068

AGINDUA, 2025eko irailaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, itunpeko ikastetxeetan eskola-eremuan euskararen erabilera bultzatzeko Nolega dirulaguntza deialdia egiten duena 2025-2026 ikasturterako.

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoak, honela dio bere 17. artikuluan: «Jaurlaritzak ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskara-giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzabideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez». Honen haritik, Nolega izeneko ekimen sorta moldatu zuen Hezkuntza Sailak 1984tik aurrera. Atal horrek, urte hauetan guztietan eta gaur egun arte, etenik gabe hainbat ekimen bideratu, antolatu edota diruz lagundu du. Ahozko erabilera areagotzeari begira, deialdi sorta zabala eskaini izan du urtero. 2013-2014 ikasturtetik aurrera, ikastetxe gisa arlo honi modu bateratuan erantzungo dion ekimena proposatu zuen. Horregatik, Nolega Deialdi Bateratuan lehengo ildo berezituak bildu dira: Euskal kultura eta bere transmisioa (antzerkigintza, bertsogintza, kantagintza, bideogintza, podcastak, kontalaritza eta irratigintza); Euskararen erabilera edota atxikimendua sustatzeko ekintzak; eta Ikastetxeen arteko binakako loturak.

Haur Hezkuntzako 75/2023 Curriculum Dekretuak, Batxilergoko 76/2023 Dekretuak eta Oinarrizko Hezkuntzako 77/2023 Curriculum Dekretuak ezarri dute, aurrekoen bide beretik, ikasle guztiek hizkuntza arloko funtsezko konpetentzia guztiak eskuratzea dela xede nagusia. Zortzi funtsezko konpetentzia horien artean, hizkuntzari lotutakoak ditugu hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia eta konpetentzia eleaniztuna. Ikasleei bi konpetentzia hauek eskuratzen laguntzea funtsezkoa da, horrek ahalbidetuko dielako gainerako konpetentziak ere garatzea. Gainera, hiru dekretuetan ezartzen da ikastetxean bertan garatzen diren jardueretan eta kanpo-proiekzioko jardueretan adierazpidea euskara izatea sustatu eta ziurtatuko dela.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 Legean aitortzen da «euskara izan behar dela, jeneralean, ikastetxean bertan garatzen diren jardueretarako eta kanpo-proiekzioko jardueretako adierazpidea», baita hezkuntza-komunitate osoarena dela horretarako erantzukizuna ere. Bestalde, arau horretan jasotzen da Hezkuntza Sailak euskararen erabilera indartuko duela, «eskola-ekintzan hizkuntza horren ohiko erabilera normalizatzeko xedez» eta «arreta berezia eskainiko zaiola euskal kultura ezagutzeari» ere.

Horretarako, ez da nahikoa ohiko klase emankizunetan lantzen diren gaitasunak jorratzea. Gelako metodologia erabat paradigma komunikatiboetan kokatzeaz gain, eskola esparruko beste hainbat ekimen osagarri ere eskaini beharko dizkio ikasleari. Batez ere, ikasleengan hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasuna bermatu nahi da. Horretarako, eskola-giroan hizkuntza lantzeko saiakera biziak eta naturalak egiten dira; saiakerok babestea eta sustatzea du helburu deialdi honek, ikaslearen bizipenetan, adierazpenetan eta irudikapenetan euskara txertatuz.

Deialdi hau Hezkuntza sailburuaren 2025eko apirilaren 16ko Agindu bidez onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, Hezkuntza sailburuaren menpeko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak ezarritako 3. helburu estrategikoan eta 2. dirulaguntza-lerroan, 4715 aurrekontu-programan.

Beraz, orain artekoari jarraikiz, bidera daitezkeen gainerako ekintzei kalterik egin gabe eta beste aurrerapauso bat emanez, 2025-2026 deialdia egitea erabaki da.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko erregulazioa, azken horren erregelamendua onartzen duena.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da, 2025-2026 ikasturtean, itunpeko ikastetxeetan eskola-eremuan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz Nolega dirulaguntza-deialdia egitea eta eranskinean dauden oinarriak onartzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan ezarritako laguntzetan ez dira betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako betekizun guztiak; beraz, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen, eta, ondorioz, ez zaio Europar Batasunari jakinarazi behar. Hain zuzen, laguntza hauek ez diote Europar Batasunaren barneko merkataritzari eragiten, merkatu lokal batera xedatzen diren produktuak direnez. Horrenbestez, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunak 108.3 artikuluan xedatzen duen jakinarazpen prozeduratik salbuetsita daude laguntza hauek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera ekarriko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala