
185. zk., 2025eko irailaren 30a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (236 KB - 9 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4067
EBAZPENA, 2025eko irailaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ordiziako AIU 30 Oiangualde Plan Partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2025eko maiatzaren 27an, Ordiziako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko gai honi buruz: «Ordiziako AIU 30 Oiangualde Plan Partzialaren aldaketa puntuala» (aurrerantzean, Plana). Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko ekainaren 18an, eta espedientean jasota dago emaitza.
Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok izan zezan aukera ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak irizpen-elementu nahikoak dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana sartzen da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan –bertan, ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira; zehazki, a) letran: «Aurreko apartatuan aipatutako plan eta programen aldaketa txikiak»–, eta, halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskineko 2. apartatuan. II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ordiziako AIU 30 Oiangualde Plan Partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Oiangualde eremua, gutxi gorabehera 150.087 m2-ko azalera duena, hirigunearen hiri-bilbetik deskonektatuta dago, Ordiziako udalerriaren hego-mendebaldean, Lazkaorekin mugan.
Ordiziako Udalak 2008ko irailaren 18an onetsi zuen behin betiko AIU 30 «Oiangualde» sektorearen antolamendu xehatuaren dokumentua (2008ko urriaren 17ko GAO), udalerriko Arau Subsidiarioak garatuz, 1999ko ekainaren 26an onetsiak (1999ko uztailaren 30eko GAO).
AIU 30 sektorearen Plan Partzialaren antolamendu xehatuak definitzen ditu a.30 bizitegi-lurzati eta hirugarren sektoreko lurzati eraikigarriak nahiz b.20 lurzati industrial eraikigarriak, horien eraikuntza-baldintzak eta eraikigarritasuna zehaztuz, bai eta espazio libreak, ekipamenduak eta aparkalekuak ere. 27 bizitegi-lurzatietan, bi bizitzako 27 eraikin definitzen dira orotara, guztira II+BS+2 eraikuntza-profila duten 54 etxebizitzarekin eta 10.260 m2-ko sabai-azalerarekin.
Gaur egun, AIU 30 Oiangualde sektorea partzialki urbanizatuta dago –2014ko ekainaren 13an sinatu zen Harrera-akta–, eta partzialki eraikita, erabilera industriala duelarik b.20.1 sektoreko P1 eta P2 azpilurzatietan.
Plan Partzialaren aldaketa puntualak errespetatu egiten ditu indarrean dagoen Planaren zehaztapen, irizpide eta helburuak, eta mantendu egiten ditu trazaduraren oinarrizko baldintzak eta ezarritako erabilerak, baina berrantolatu egiten du hiri-antolamendua, bizitoki-espazioak eta hirugarren sektoreko espazioak optimizatzeko. Eremuaren antolamendua sarbide-bideak arautzen du; bide horrek, udalerriko hirigunetik abiatuta, egituratu egiten du eremua, eta bi kalifikazio-gune bereizitan banatzen du. Gune horietara biribilgune handi bat eraikiz jotzen da. Mendebaldean, b.20/30 sektorea dago («Industria berezia»); ekialdean, berriz, a.30/30 sektorea dago («Garapen txikiko bizitegia»), zeina aldaketaren xedea den.
AIU 30 Oiangualderen aldaketa puntualaren helburu nagusia da aldaketa bat egitea bizitegi-erabilerarako proposatutako a.30 lurzatiaren eraikingintza-ereduan eta -tipologian, 10.260 m2-ko sabai-azalera mantenduz, eremuari esleitutako eraikigarritasunari eragin gabe. Horretarako, bizitegi-lurzatien kopurua 27tik 15era murriztea planteatzen du, lurzati bakoitzean gehienez 6 etxebizitza ezarriz, haien merkataritza-garapena ahalbidetzeko, lurzoruaren erabilera arrazionalagoa egiteko, eta lurraren orografiarekin hobeto integratu ahal izateko. Horrek ekarriko du 28 etxebizitza gehiago gehitzea, eta, horrela, gaur egungo 54 etxebizitzetatik aldaketaren ondorengo 82 etxebizitzetara igarotzea.
Aldaketaren bidez, bi bizitzako etxebizitza isolatuen ordez, familia bakarreko etxebizitza atxikiak ezarri nahi dira (linean edo mailakatuta), solairuan okupazio zabalagoa lortzeko, eta irisgarritasunari egokituta. Gainera, proposatzen du eraikin-profila I+BS+1era egokitzea, eraikinen altuera murriztuz, eraikinen barne-konforta eta irisgarritasuna hobetzeko eta lurraren orografiara egokitzeko. Azkenik, bizitegi-zonako aparkaleku publikoen kopurua areagotu egin da, beste 7 erantsita, eta berdin mantendu da etxebizitza bakoitzeko garaje-plaza pribatuen kopurua (etxebizitza bakoitzeko, 3 plaza).
Bestalde, aldaketak planteatzen du hirugarren sektoreko eraikigarritasuna birbanatzea Plan Partzialeko 28. eta 29. lurzatietan –Planaren aldaketan 16. eta 17. lurzatiak deiturikoetan–. Zehazki, 17. lurzatiaren eraikigarritasuna 16. lurzatiari lagatzen zaio; horrela, 17. lurzatia hirugarren sektoreko erabilerako lurzati pribatu bihurtzen da, eraikigarritasunik gabea.
Aldaketak proposatzen duenez aparkaleku publikoko plaza kopurua handitzea eta etxebizitza kopurua handitzea, zuzkidura-sarea aldatu egiten da landarediaren atalean. Dena den, memoriak adierazten du bete egingo dela etxebizitza bakoitzeko zuhaitz bat ipintzeko zehaztapena, 2/2006 Legearen 79.2.c) artikuluan jasotakoa. Horrela, handitu egingo da landatutako zuhaitzen kopurua, gutxienez 28 unitate gehiago izango baitira, eta lurzatiaren bide-eremuan edo espazio libreetan kokatuko dira.
Aldaketak ez du eraginik izango gainerako lurzatietan, ez eta bideetara eta espazio libreetara zuzendutako azaleretan ere.
Plana garatzeari begira, aurreikusten da idaztea eta izapidetzea Birpartzelazio-proiektuaren aldaketa, urbanizazio-obrak, eta etxebizitzak eraikitzeko nahiz obrak gauzatzeko lizentzien eskaera.
Aztertutako alternatibak:
Ingurumen-dokumentu estrategikoak alternatiba bat jasotzen du, 0. edo «esku-hartzerik ez» alternatibaz gain. Baztertu egin da 0. alternatiba, zeina oinarritzen baita Plan Partziala indarrean dagoen moduan garatzean, ez baita eremu horretarako egokiena: eraikinen forma eta antolaketa direla-eta, ez du lurzoruaren aprobetxamendua optimizatzen, eta ez dator bat ingurunearen orografiarekin.
1. alternatiba Plan Partzialaren aldaketa puntuala egitean datza, eremuko eraikingintza-tipologia eta eraikigarritasun-banaketa doitzeko helburuarekin, arestian azaldu den bezala.
1. alternatiba hautatu da, hirigintza-efizientziari, jasangarritasunari eta ingurunera egokitzeari buruzko irizpideei erantzuten dielako.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: kontuan hartuta proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, ez baitu berezitasunik.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak errespetatu egiten ditu indarrean dagoen AIU 30 Oiangualde Plan Partzialaren zehaztapen, irizpide eta helburuak, eta mantendu egiten ditu trazaduraren oinarrizko baldintzak eta ezarritako erabilerak, baina aldatu egiten du hiri-antolamendua, bizitegi-espazioak eta hirugarren sektoreko espazioak optimizatzeko. Planak, dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.
c) Plana egokia den ingurumenaren arloan kontuan hartu beharreko alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeari begira: uste da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzera bideratutako neurriak sartzeko.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da detektatu Plana gauzatzeak ingurumenean arazo adierazgarririk sortuko duenik, betiere eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez egiten badira –besteak beste, arlo hauetan: zarata, lurzoruak, urak, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena–.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Plana garatuz etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, uste da Planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Plan Partzialaren aldaketa zentratzen da Udalplan-en arabera AIU 30 Oiangualde eremuko bizitegi-lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatutako zonan. Litologiaren ikuspegitik, batez ere porositatearen bidezko iragazkortasun txikiko detritikoen txandakatzeez osatua dago; ekialdean, berriz, porositatearen bidezko iragazkortasun handiko gainazaleko deposituez. Planaren xede diren lurzoruak ez daude Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak antolatuta, salbu eta eremuaren ekialdean dagoen eremu estu bat, honela sailkatuta dagoena: «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Trantsizioko landa-paisaia».
Eremua «Oriaren Unitate Hidrologikoa (UH)»n sartuta dago, zeina Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari (ES017) dagokion; zehazkiago, Oria IIIren (ES020MAR002510) eta Agauntza IIren (ES020MAR002540) ur-masaren isurialdeko arroetan, erkidegoen arteko arroen eremuan. Eremutik kanpo, baina eremuaren hegoaldeko mugatik oso gertu, Senpere ibaia dago. Eremua ez dator bat Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko ezein elementurekin.
Ikuspegi hidrogeologikotik, eremuaren zatirik handiena kokatuta dago hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean (ES017MSBT017-006); iparraldeko muturra, berriz, Bizkaiko sinklinorioko lurpeko ur-masaren gainean (ES017MSBT017-005). Eremuak ez du bat-etortzerik EAEko interes hidrogeologikoko ezein eremurekin; eta, oro har, ez du kalteberatasun nabarmenik akuiferoen kutsadurarekiko, salbu eta bere ekialdeko muturrean, bertan kalteberatasun ertaina baitu.
Eremuan ez da ingurumen-balio garrantzitsurik detektatu. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez du bat-etortzerik EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako geologia-intereseko puntu edo tokiekin. Eremuaren ekialdean, Murumendi-Aralar igarobide ekologikoa dago. Igarobide hori Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako (LAG) Azpiegitura Berdearen parte da, eta Oiangualderen ekialdeko muga haren perimetroan sartzen da.
Eunis (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, eremua osatzen dute Batasunaren intereseko habitat (aurrerantzean, BIH) gisa katalogatutako sega-belardi atlantikoek, artzaintzarik gabekoek –6510 BIH Altitude baxuko sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis)–, dentsitate baxuko eraikuntzek eta Pinus radiata espeziearen eta beste fruta-arbola batzuen landaketek. Geoeuskadiren kartografiaren arabera, bertan ez dago flora-espezie babesturik.
Oiangualde eremua Abifauna Babesteko Aralar Eremuan sartuta dago nagusiki. Eremu hori Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez onetsi zen, zeinaren bidez arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen diren eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan dagoen fauna bat dator hiri- eta nekazaritza-inguruneetara egokitutako espezieekin.
Eremuak ez du bat egiten ondare kulturalaren arloko intereseko elementuekin. Hala ere, eremuaren mendebaldean, Panificadora del Goierri SA (105) dago, ondare kulturalaren arloko interesekoa.
Eremua Ordiziako ikuseremuari dagokio, zeinaren ezaugarriak hauek baitira: paisaia industriala jabari antropogenikoan; nekazaritza-mosaikoa, ibai-jabariko belardiak eta labore atlantikoak dituena nagusiki; eta baso-nekazaritzako mosaikoa. Eremua ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005). Plan Partzialaren aldaketaren xede den eremuaren egungo agertokian dauden zarata-mailek KAHak betetzen dituzte.
Ingurumen-dokumentu estrategikoak Ordiziako Udalerriko Zarataren Mapa (2025eko otsaila) erabiliz aztertzen du eremuaren egoera akustikoa. Plan Partzialaren aldaketa puntualaren xede den eremua etorkizuneko bizitegi-erabilerako eremuaren barruan dago; beraz, hauek dira bete beharreko Kalitate Akustikoko Helburuak (KEBak): egunez eta arratsaldez, KAHen maila 60 dB(A)-koa da, eta gauez 50 dB(A)-koa.
Eremuak ez du bat egiten lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruei dagokienez Ihobek egindako inbentarioko kokalekuekin.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du arrisku handirik honako hauekin lotuta: sismikotasuna, uholdeak, baso-suteak eta Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresen hurbiltasuna. Eremua 0 eta 600 m bitarteko arrisku-banden barruan dago, arrisku ertainekotzat jotzen den tarte batean salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeagatik (N-1), bai eta 200-600 m-ko arrisku-bandan ere, salgai arriskutsuak trenbidez garraiatzeagatik (Madril-Irun linea). Nagusiki higadura-maila oso baxuak eta lurzoru-galera onargarriak dituen eremua da, baina eremuaren erdialdeko zatiak muturreko higadura-prozesuak ditu RUSLE (Revised Universal Soil Loss Equation) ereduaren arabera. GeoEuskadin eskuragarri dagoen informazioak ez du eremuko uholde-arriskuari buruzko daturik.
Hori guztia ikusita, aldaketaren garapenak izan ditzakeen ondorioek hauekin dute zerikusia: lurzorua okupatzea eragingo duten bi bizitzako etxebizitza atxikiak urbanizatzeko eta eraikitzeko obrak gauzatzea, larreak eta landaredia ezabatzea, 6510 BIHri eragitea, hondakinak sortzea, lur-mugimenduak egitea, soberakinak sortzea, makineria joan-etorrian ibiltzea, istripuzko isurketen ondorioz urak eta lurrak kaltetzeko arriskua, emisio atmosferiko eta akustikoen ondorioz biztanleriari eragozpenak sortzea, etab.
Ustiapen-fasean, eragin adierazgarrienak lotuta egongo dira inguruko mugikortasuna, ibilgailuen trafikoa, eta uraren eta energiaren kontsumoa areagotzearekin.
Zaratari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, bizitegi-eremuak bete egingo ditu etorkizuneko egoerarako ezarritako KAHak.
Uste da ezen, indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, a priori ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
C) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan «Ordiziako AIU 30 Oiangualde Plan Partzialaren aldaketa puntuala»ri dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak bertan txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpenaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek daude:
– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
– Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:
Planak esplizituki jasoko du oinarrizko proiektuak edo gauzatze-proiektuak «leheneratze-proiektua» ere jaso behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen eta jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango duen, aurrekontua barne.
Espazio libreak landareztatzean, aintzat hartuko da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.
– Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:
Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori posible ez bada, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden alternatibak ingurumen-irizpideekin aztertuko dira, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu bat izango da beti, eta arau hauetan xedatutakoa betez egingo da haien kudeaketa: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:
Aurreko neurriak alde batera utzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek zerikusia izango dute jardunbide egokien eskuliburuarekin, obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:
A) Jardunbide egokien eskuliburua edukiko da, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
B) Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.
C) Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak –hondeaketetatik eratorritakoak barne– kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera.
Hondakinen kudeaketari buruzko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edota, hala badagokio, hondakinak kudeatu behar dira aipatutako apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, hondakin horien tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero areagotu egiten bada haien arriskugarritasuna edo zaildu egiten bada haien kudeaketa. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati entregatu arte, estalpean biltegiratuko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikien edo balizko ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatuko dira Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
D) Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.). Istripuzko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ekidin egingo da makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea. Nolanahi ere, hondakinak (bereziki olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.
E) Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko den makineria egokitu egin beharko da kanpoan erabiltzeko makineriaren emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko da, hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du– eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek irauten duten bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorrak egitean eta zaratak eta bibrazioak sorburuan murriztean ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluak.
F) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, prebentzioz aldi baterako eten egingo dira lanak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari berehala emango zaio aurkikuntzaren berri, zer neurri hartu adieraz dezan.
G) Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
H) Obrek kaltetutako espazioak leheneratzea: proiektua egikaritzean kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
I) Jasangarritasuna eraikingintzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikingintza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira –https://www.ihobe.eus/eu/argitalpenak helbidean daude eskuragarri–, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten «Ordiziako AIU 30 Oiangualde Plan Partzialaren aldaketa puntuala»k ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarriak eragingo dituenik, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Ordiziako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, ez bada onetsi «Ordiziako AIU 30 Oiangualde Plan Partzialaren aldaketa puntuala», gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS