Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2025eko irailaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4010

EBAZPENA, 2025eko irailaren 8koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiarena, 2025erako «Erronka 2030» laguntza-programa arautzeko oinarriak eta deialdia onesten eta argitaratzen dituena.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko entitate publiko bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mende dago. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan hainbat jarduera sustatzeko jarduketak adjudikatu zaizkio, hala nola industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, industria-dibertsifikazioa eta -lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, informazioaren eta jakintzaren gizartearen garapena eta enpresa-ekintzailetzaren sustapena.

Ildo horretatik, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hainbat jarduketa egin ditu Euskadiko industria-sarea sustatzeko. Jarduketa horien artean, azpimarratzekoak dira ekintzailetza eta ekintzailetzaren kultura sustatzea xede duten laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau ekintzailetzaren euskal ekosistema hobetzeko eta sustatzeko diseinatu da nagusiki.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta emakida publikotasunaren printzipioaren arabera egin behar dira, besteak beste. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza-mota bakoitzaren edo dirulaguntza-programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, programari zegokion gastua baimendu zen.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2025erako «Erronka 2030» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– «2025erako Erronka 2030» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2025eko irailaren 8a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

JON ANSOLEAGA UGARTE.

ERANSKINA
2025ERAKO «ERRONKA 2030» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko entitate publiko bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzeko jarduketen ardura du, baita lehiakortasuneko bektore gisa honako trantsizio hauek Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko jarduketena ere: trantsizio teknologiko-digitala, energia-ingurumenekoa eta demografiko-soziala. Horretan, inbertsioen, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen bidez eta enpresen jarduera ekintzailea sustatuz laguntzen du.

«Erronka 2030» programa egun indarrean dagoen Ekintzailetzaren Erakundearteko Planarekin lerrokatutako tresna bat da. 2030eko erronkak identifikatzean, euskal ekosisteman hobetu beharreko 35 arloren eta erronkaren zerrenda egin zen 2021-2024ko aldirako, ekosistemaren erresilientzia areagotzeko, babesa emateko prozesuak eta dinamikak modu eraginkorragoan artikulatzeko, eta ekintzailetzaren ahalmena ahalik eta gehien aprobetxatzeko, hurrengo urteetan berreskuratzeko palanka da eta.

Zerrenda hori plana sortzeko prozesuan sortu da, eragile publiko eta pribatuek egindako ekarpenei esker, baita ekintzailetzaren euskal ekosistemari buruz aldez aurretik egindako txostenetan adierazitako hobetzeko arloen bilketari esker, hala nola euskal ekintzailetzaren etorkizunari buruzko 2030 txostena, aurreko 2020 EEP Ekintzailetzako Erakundearteko Plana eta horren balantzea egiteko urteko txostenak (2017., 2018. eta 2019. urtekoak).

Hori dela eta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta emakida publikotasunaren printzipioaren arabera egin behar dira, besteak beste. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza-mota bakoitzaren edo dirulaguntza-programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

Era berean, adierazi behar da programa erakundeak 2025-2028ko aldirako onetsitako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak 2025eko urtarrilaren 24an eginiko agindu baten bidez onetsitako planean; plana erakundearen gardentasunaren atarian dago argitaratuta. Hala, planaren helburu hau betetzen laguntzen du: «proposamenak eta proiektu pilotuak babestea, ekintzailetzaren euskal ekosistema sustatzeko eta hobetzeko proiektu pilotuak diseinatzeko, planifikatzeko eta abian jartzeko gastuak ordainduz, arlo hauetan: kultura eta balio ekintzaileak, giza kapitala, ekintzailetzako iturriak eta ideiak, merkaturako sarbidea, azpiegitura adimendunak, ekosistema, eta abar».

1. artikulua.– Xedea.

Programa honen xedea da ekintzailetzaren euskal sistema sustatzeko eta hobetzeko proiektuak babestea, ekimenak dinamizatzeko eta bateratzeko. Horrela, ekosistema horren eragileak elkartu eta inplikatuko dira, haien artean hobeto sinkronizatu eta koordinatzeko.

Oinarri hauen ondoreetarako, diruz lagundu daitezkeen proiektutzat hartuko dira ekintzailetzaren euskal ekosistema garatzen eta indartzen laguntzen duten jarduketak, ekintzak, ekitaldiak eta beste edozein dinamika, ingurune egokia sortzeko xedez, ekintzaileek nahiz startup-ek hainbat mailatan ekosistemako eragileekin konektatu dezaten.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskaerak ondoz ondo emateko prozeduraren arabera emango dira. Banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unearen arabera.

2.– Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta, beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduak («13 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude.

4.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzak ez daude zuzen lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo jarduera esportatzailearekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 150.000 eurorenak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funts hauek mugatuak direnez, laguntzak eskatu eta ematea ahalik eta lasterren egitea nahi du programak; beraz, espedientea osorik dagoen unearen arabera adjudikatuko dira laguntzak, modu ordenatuan, eta ebazpen bidez ukatuko dira laguntzak, programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.

3.– Programara bideratutako funtsak ahituz gero, programa amaitu egingo da eta horren berri emango da SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez eta webgunean (www.spri.eus), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Aurrekontu-kreditua ahitutakoan, ezingo da laguntza berririk eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai baina ebazteko dauden eskariak.

4. artikulua.– Entitate onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.

1.– Programa honen dirulaguntzen onuradunak izango dira 5. artikuluan adierazi diren eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiteko proiektuak aurkeztu dituzten hauek: Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten pertsona fisikoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten eta/edo gutxienez jarduera-zentro bat duten pertsona juridikoak.

2.– Honako hauek ezingo dira izan deialdiaren laguntzen onuradun:

a) DAELen 13. artikuluko 1etik 5era bitarteko apartatuetan aurreikusita dauden egoera eragozgarrietako batean daudenak.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela pentsatuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela iritziko zaio zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.

b) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain egotea.

c) Krisian dagoen enpresatzat hartzea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).

d) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

e) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunak egiteagatik zehapena jaso dutenak administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez; betiere, neurri zuzentzaile egokiak hartu eta zehapena bete arte.

f) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

g) 2024ko deialdian Erronka 2030 programaren onuradunak izan direnak eta laguntzaren xede diren jarduketak likidatu ez dituztenak.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntzaren azken ordainketa egin arte bete beharko dira aurreko apartatuetan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak (salbuespen bakarra DAELen 13.1.b) artikuluan aurrez ikusitako konkurtso-egoerei buruzko debekurik eza da).

4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:

– Pertsona juridikoek jarduera-zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

– Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Hala ere, eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari, eta, horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Eskatutako gainerako baldintzak 10. artikuluan adierazitako dokumentuen bidez egiaztatuko dira, edo, bestela, oinarri hauei I. eranskin gisa erantsitako eredu normalizatuaren bidez; bigarren kasu horretan, eskatzaileak, SPRIk eskatzen dionean, erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DAELen 13.9 artikuluan ezarritako betekizunei jarraikiz. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango da, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentu-eskaeran.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira ezaugarri hauek dituzten proiektuak:

i) Eskatzailearen ohiko funtzioak ez diren jarduerak izatea, hau da, ohiko jardueraz guztiz bestelakoak diren jarduketak, eta eskaera aurkeztu aurretik zeuden ekimenak errepikatzea saihestea.

ii) Ekintzailetzaren euskal ekosistema orokorrean sustatzeko eta hobetzeko izatea, eskaera aurkezteko ekitaldi berean tartean zeuden eragile publiko eta pribatuak biltzen dituztenak, honako arlo hauetan:

A) Balio ekintzaileak eta kultura.

a) Inkonformismo, proaktibitate eta sormen-balioak sustatzea, ehun ekonomiko eta soziala berreskuratzeko eta jasangarri bihurtzeko mekanismoak baitira.

b) Jarrera eta balio desiragarrien adierazle diren ekintzailetza-ereduei ikusgarritasuna ematea, eta adibide positiboak hedatu, porrotak normalizatu eta desinformazioaren aurkako borroka hedatzen laguntzea.

B) Giza kapitala.

a) Enpresek, startup-ek, TBZ Teknologia eta Berrikuntza Zentroetako eragileek eta eragile publikoek ekosisteman eskatutako profil profesional berrien eskari eta eskaintzaren arteko lotura egitea eta profesionalak erakartzea, batez ere RIS3 – Regional Innovation Strategy for Smart Specialization arloetan.

b) Belaunaldi-txandarekin lotutako ekimen ekintzaileak sustatzea, ekintzailetza bultzatzeko eta ehun ekonomikoa gaztetzeko palanka diren heinean.

C) Ekintzailetza-iturriak eta -ideiak.

a) OTEBB Oinarri Teknologikoko Enpresa Berritzaile Berriei laguntzearen aldeko apustuari jarraipena ematea, batez ere RIS3 – Regional Innovation Strategy for Smart Specialization sektoreetan, eta EAEn egin beharreko trantsizio hirukoitza sustatzea: teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala; izan ere, enpresa, produktu eta zerbitzu berriak sortzeko iturriak dira.

b) Ekintzailetza berdinzale eta homogeneoaren aldeko apustua egitea, eta, batez ere, emakumeen ekintzailetzaren aldekoa.

D) Merkatura sartzea.

a) Lankidetza-ekintzailetza sustatzea (ekintzaileen, enpresa berrien eta enpresa egonkortuen artean), merkatura errazago sartzeko eta horien jasangarritasuna hobetzeko.

b) Merkatuan sartzeko ekintzaileek eta erretiratutako edo aurretik erretiratutako enpresari/zuzendariek batera parte hartzea proiektu ekintzailean.

E) Ekosistema.

a) Euskadik ekiteko toki erakargarri gisa duen posizionamendua indartzea, «ekiteko ekosistema industrial-teknologiko erakargarri» gisa.

b) Euskal ekosistema nazioartekotzea eta atzerrian ikusgarritasuna ematea (eragileei, jarduerari).

2.– Nolanahi ere, ez da diruz laguntzeko moduko ekintza izango Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea, eta, ondorioz, programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezingo dute lotura zuzenik izan esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat sortu eta ustiatzearekin edota esportazio-jarduerarekin lotutako bestelako gastu arruntekin.

3.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezin dute baldintza gisa jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta eskakizun aplikagarriak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak aurreko artikuluan adierazitako gaiei lotutako edozein izango dira, baldin eta hirugarrenek proiektua gauzatzeko egindako lanekin bat badatoz (izaera mugatzailerik gabe, proiektua diseinatzeko eta planifikatzeko gastuak; espazioen alokairua; aholkularitza; tresna edo plataforma digitalak diseinatzea eta sortzea).

Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko onuradunaren bitarteko propioei dagozkienak (mugatzeko asmorik gabe, onuradunaren berezko langileei lotutako gastuak, hala nola langileen soldatak ordaintzea edo mantenua, lekualdatzeak eta ostatuak), taldeko enpresenak barne.

Horretaz gain, ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko eskaeraren xede den proiektuan deskribatutako jarduketetako batekin zuzenean lotuta ez dauden edo zuzenean lotu ezin diren gastuak.

Edozein kasutan, DAELen 30. artikuluarekin bat datozenak oinarri hauetako esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak baloratzeko, irizpide hauek kontuan hartuko dira:

– Proiektua egikaritzeko beharrezkoak izango dira.

– Laguntza-eskaera SPRIn aurkeztu ondoren eta proiektua gauzatzeko epean zehar (gehienez ere 12 hilabete) sortuak edo fakturatuak izan behar dute.

Orobat onartuko dira 2025eko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak, baldin eta eskaera horiek aurkeztu badira araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean.

– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

– Gastu hautagarriaren balorazioa kutxa-irizpidearen araberakoa izango da.

– Onuraduna enpresa bat denean, ez dira kontuan hartuko merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.

3.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.

a) Hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea. Hirugarrenekin % 100era arte azpikontratatzea edo kontratatzea onartzen da; edozein kasutan, DAELen 31.1 artikuluan adierazitakoa bete beharko da. Onuradunak azpikontratatu edo kontratatu duela iritziko zaio baldin eta hirugarrenekin adosten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egikaritzea. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Hirugarrenekin adostutako jarduera horrek dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiago bada, kontratazioak DAELen 31.3 artikuluko baldintzak bete beharko ditu.

b) Diruz lagundu daitezkeen gastuak. DAELen 30.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino eta hirugarrenekin kontratatzea dakarren guztietan, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak. Obra bat egiteko, zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko edo hornitzeko behar beste entitate, edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.

Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.

7. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza modura emango dira, diruz lagundu daitezkeen gastuen ehuneko hauen arabera, onuradun-tipologiaren arabera. Onuradun bakoitzeko 10.000 euro emango dira gehienez:

– Pertsona fisikoa, elkartea, fundazioa eta unibertsitatea: % 80.

– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak) (Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE gomendioaren arabera, zeina mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzkoa baita): % 60.

– Enpresa handia: % 50.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, baldin eta diruz lagundu daitezkeen gastu berberetarako gehieneko laguntzaren muga gainditzen ez bada.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.

4.– Entitate onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da izan 300.000 eurotik gorakoa, hiru urteko edozein alditan kontabilizatuta.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagundu daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gainditzen badu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Muga horietako bat edo programak ezarritakoren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru kopurua kenduko zaio.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.

9. artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRIren webgunearen bidez.

2.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek laguntza-eskaera egiteko inprimakiak bete beharko dituzte SPRIren webgunean; horren bidez, eskatzaileek, pantaila jarraituen bidez, oinarri hauekin bat eskatzen zaien informazioa ikusi ahalko dute.

3.– Eskaera hori entitatea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez).

4.– Laguntzaren eskaera eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntzan aurkez daitezke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.

5.– Laguntzaren eskaerak eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren edo bere izenean jarduten duen pertsona fisikoaren identifikazio-datuak eduki beharko ditu.

10. artikulua.– Laguntzaren eskaera egiteko dokumentazioa.

Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1.– Administrazio-informazioa eta dokumentazioa:

– Onuraduna pertsona fisikoa bada:

a) Nortasun-agiri nazionala.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko errolda-ziurtagiria.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarri arautzaile hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren edukiaren arabera.

d) Gai hauei buruzko informazioa:

– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda; emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda; eskaeraren eta (hala badagokio) emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

e) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

– Onuraduna pertsona juridikoa bada:

a) Entitatearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ).

b) Eratze-eskritura.

c) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu, pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du eta agintaritza ziurtagiri-emaile batek emandakoa izango da.

d) Entitatearen Identifikazio Fiskaleko Txartela, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu pertsona juridikoaren ordezkaritza ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtagiri-emaile batek emandakoa izango da, eta aukera eman beharko du IFZ zenbakiari eta eskatzailearen izen sozialari buruzko datua egiaztatu ahal izateko. Langile autonomoa bada, nahikoa izango da laguntza-eskaera sinatzea pertsona fisikoaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtagiri-emaile aitortu batek emandakoa izango da, eta aukera emango du eskatzailearen NANaren zenbakiari buruzko datua eta eskatzailearen izen-abizenak egiaztatu ahal izateko.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarri arautzaile hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren edukiaren arabera.

f) Gai hauei buruzko informazioa:

– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda; emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta (hala badagokio) emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskema, parte-hartzeak, enplegu-datuak, esportazio-zifra eta balantzea dituztela, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoak.

g) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

2.– Eskatzailea pertsona fisikoa edo juridikoa bada, dokumentazio tekniko hau:

a) Proiektuaren memoria, honako hauek adierazita: proiektuaren jatorria, xedeak, eragile sustatzaileak eta parte-hartzaileak, egin beharreko jarduera eta faseak, egiteko epeak, xede-publikoa eta espero den inpaktua. Horrez gain, alderdi sozioekonomikotik ekosisteman neurtu daitezkeen inpaktuak ere adieraziko dira.

b) Proiektuaren aurrekontua, horren dokumentu deskribatzaileak eta egiaztagiriak erantsita. Diruz lagunduko diren partiden banakapena eta justifikazioa.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2025eko azaroaren 10ean amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2025eko azaroaren 10eko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordu penintsularra).

Laguntza-eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira. Halaber, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera abiarazitako proiektuak laguntza-eskaeran izapidetzea onartuko da.

12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak organo kudeatzaileak kudeatuko ditu, espedientea osorik dagoen unearen arabera.

2.– Proiektuak aztertzean, eskakizun hauek betetzen direla egiaztatuko da:

a) Proiektua egokia, argia eta sormenezkoa izatea, eta programaren xede eta gaiekin bat etortzea, oinarri hauen 1. eta 5. artikuluek xedatutakoarekin bat.

Era berean, proposatutako jardueren kalitatea baloratuko da, aintzat hartuta ezarritako helburuen definizioa eta horiei egiten zaien ekarpena.

b) Parte-hartzaileak, lehentasuna emanez eragile sustatzaileen aniztasunari eta ekintzailetzaren euskal ekosisteman parte hartzen ez duten eragileen presentziari, izaera publikokoak nahiz pribatukoak izan.

c) Proiektuaren eta garatu beharreko jardueren egingarritasun tekniko, ekonomiko eta legala.

d) Esperotako inpaktua, xede-publikoa kontuan hartuta, ekonomiari, enpleguari eta gizarteari dagokienez ekosisteman neur daitezkeen inpaktuak nabarmenduz.

e) Bazterketa-arriskuan dauden kolektiboetan eragina izateko eta emakumeen eta gazteen enplegua hobetzeko gaitasuna.

Aurreko eskakizunak betetzen ez dituzten jarduketak dituzten eskaerak baztertu egingo dira.

3.– Prozeduraren ebazpena SPRIren Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, behar den aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio Zuzendaritza Nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako epean eta moduan.

4.– Ebazpen-epea. Eskaeren berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, egindako eskaera formulatu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro eta jakinarazpenik jaso ez bada, interesdunek eskaera ezetsi egin dela iritzi beharko diote.

5.– Emakida-ebazpenean onuradunari jakinaraziko zaio minimis laguntza bat dela.

6.– Ebazpen hori bitarteko elektronikoen bitartez eman eta jakinaraziko zaio entitate eskatzaileari, ematen denetik 10 egun balioduneko epean gehienez.

7.– Esleitutako laguntzen berri denek jakiteko, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak amaitu ondoren, onuradunek proiektua gauzatu dela justifikatu beharko dute, SPRIren webgunean gaitutako likidazio-eskabidearen inprimakiak erabiliz.

2.– Likidazio-eskabideak entitatea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsonak sinatu beharko ditu, sinadura elektroniko bidez, edo norbere izenean jarduten duen pertsona fisikoak.

SPRIk ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, bai eta enpresa EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) alta emanda dagoen epigrafea ere. Hala ere, eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari, eta, horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

3.– Likidazio-eskaerak eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak edo norbere izenean jarduten duen pertsona fisikoarenak ere.

4.– Likidazio-eskaera proiektua amaitzen denetik bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da gehienez, eta, nolanahi ere, 2026ko urriaren 30a baino lehen. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira zehazki:

a) Egindako gastuak justifikatzeko memoria eta diruz lagundu daitezkeen gastuen fakturak, kostuak xehatuta.

b) Proiektuaren diruz lagundu daitezkeen gastuen finantza-entitatearen bankuko ordainagiriak.

c) Jarduera horiek dirulaguntzarekin batera funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu bada, diruz lagundutako jardueretarako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko da.

d) Finantza-entitatearen egiaztagiria, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN), lehen aipatutakoari dagokionez aldatzen bada.

e) Proiektuaren testuinguruan egindako lanen memoria teknikoa. Txostenak informazio hau jasoko du:

– Proiektuaren abiapuntuaren diagnostikoa.

– Proiektua gauzatzean egindako ekintzak.

– Proiektuaren azken balantzea, ekintzailetzaren euskal sisteman lortutako hobekuntzak azpimarratuz eta ekonomiari, enpleguari eta gizarteari dagokienez, proiektua egiteak ekosisteman izan duen inpaktu neurgarria identifikatuz.

f) Hornitzaileen eskaintzak, DAELen 30.3 artikuluan ezarritako eran.

5.– Eskaeraren ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio SPRIko zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan.

14. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan, edo ez bada aurkezten eskatutako dokumentazio osoa, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta entitate onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du laguntza-eskaeraren espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak SPRIk ordainduko ditu, laguntzaren entitate onuradunari ordainketa bakarra eginez, betiere onuradunak likidazio-eskaera eta 13. artikuluan adierazi diren egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

Ez da ordainketarik egingo, baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen ondorioz zorduna bada.

2.– Baldin eta diruz lagundu daitekeen gastua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, eta, nolanahi ere, 7. artikuluan ezarritako mugak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen babesean emandako dirulaguntzen entitate onuradunek obligazioak dira DAELen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako obligazioak dituzte, eta, bereziki eta mugatu nahi izan gabe, hauek:

a) Diruz lagundutako jarduketa egitea.

b) SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean entitate onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, hura onartuta gelditu dela pentsatuko da.

d) Emandako laguntza laguntzaren xede den jarduketa-plana garatzeko baliatzea eta laguntzaren xede diren gastuak finantzatzeko erabiltzea.

e) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

f) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren esku jartzea lau urteko epean, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

g) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta beste kontrol-organo eskudun batzuen (nazio- zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.

h) SPRIri dirulaguntza edo laguntzak jaso izana jakinaraztea, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen antzeko xedea badute, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak.

Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

i) SPRIri dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu dela jakinaraztea.

Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

j) Dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, ogasun-gaietan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren aginduz erregelamendu bidez zehazten den moduan.

k) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

l) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueretan beharbada beharko direla eta.

m) Konfidentzialtasun-mugak, datu pertsonalen babesa eta enpresa-sekretuak errespetatuz, SPRIrekin lankidetzan aritzea proiektuaren emaitzak eta dirulaguntzaren xedea hedatzen, SPRIk dituen komunikazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-mekanismoen bitartez.

n) Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo ekimenaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DAELen xedatutakoarekin bat:

– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagunduta» esaldia agertu beharko dira, esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

ñ) DAELen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.

o) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokien alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

p) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

q) DAELen 30.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatu behar zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

r) Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizaziorik ez egitea.

s) Dirulaguntzaren xede diren programen, jardueren, inbertsioen edo edozein motatako jarduketen finantzaketaren izaera publikoa behar bezala iragartzea, gardentasunari buruzko legedian ezarritako baldintzei jarraikiz.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Aurreikusita dago emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezakeela dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, dagokion egoeraren aurretiazko balioespena egin ondoren, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri arautzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

3.– Halaber, programaren kudeaketaren arduradunak egin beharreko jarduerak gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, baldin eta entitate eskatzaileek hala eskatzen eta behar bezala justifikatzen badute eta, betiere, proiektuak egiteko ezarritako gehieneko 12 hilabeteko epea 12 hilabetean gainditzen ez bada.

18. artikulua.– Arau-hausteak eta itzulketak.

1.– Entitate onuradunek, oinarri hauetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira. Halaber, enpresa aholkulariari debekatu ahalko zaio programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez dagoela halakorik.

2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, baldin eta SPRIri eskatzen bazaizkio eta entitate onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, eta, betiere, ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopoak jartzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) DAELen aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, DAELen 51. artikulua aplikatuz enpresen deslokalizazioari buruzko adierazpena barnean dela, indargabetuko da emakidaren ebazpena, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRIri laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, zeinek zuzenbide publikoko sarrerako izaera izango duten, horri buruz DAELen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenen kalterik gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da, kalkulatzeko egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliz. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubide duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta erakunde emaileak onartu duenean.

6.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntza batzuen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (9. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

2.– Aplikatu behar diren kasuetan, 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

4.– Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, artikuluak aplikatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Entitate onuradunek jakinarazi beharko dute diruz lagundutako jarduketaren finantzaketa publikoa dela. Horretarako, jasotako laguntza aipatu beharko dute, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren logotipoa jarri beharko dute, ikusteko moduan, diruz lagundutako jarduketak jendaurrean hedatzeko material, argitalpen edo ekitaldi guztietan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, «DBEDBLO»), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, «DBEO») eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak bera sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko duen interes publikoa.

Informazio hori gai honetan eskumena duen Administrazio publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du dagokion kontrol-agintaritzan edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea, eta, SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.apvd.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ webgunera.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[izen-abizenak] jaunak/andreak, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK duen eta egoitza soziala [helbidea; entitate eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ekonomia-jardueraren zentro bat adierazi behar da gutxienez] helbidean duen [entitate eskatzailearen izena](r)en izenean,

BERE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DU:

I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:

– Aurreko hiru urtean ez dituela jaso 300.000 eurotik gora minimis laguntzetan.

– Eskari honetan dagokion atalean honako hauei buruzko informazioa aurkezten dela:

a) Aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zerrenda; emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

b) Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda; eskaeraren eta (hala badagokio) emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Ez dagoela oinarri hauetako 5.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere, hau da:

a) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

b) DAELen 13 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere ez dagoela, hau da:

(i) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazioagatik, eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, eragimen-trafikoagatik, iruzurragatik eta legez kontrako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik zigorra jaso dutenak.

(ii) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak; edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak; konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan hitzarmenaren eraginkortasuna eskuratu badu; esku-hartze judizialaren mende daudenak; edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearekin bat ezgaituak daudenak, konkurtsoaren kalifikazio-epaian zehaztutako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

(iii) Errudun deklaratuak izateagatik Administrazioarekiko edozein kontratu ebazpen irmo bidez indargabetzea ekarri dutenak.

(iv) Honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean dauden pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: 53/1984 Legea (abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa) eta 1/2014 Legea (ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituena). Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako eran.

(v) Indarreko xedapenen arabera, erregelamenduz ezarritako moduan, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

(vi) Egoitza fiskalak erregelamenduaren arabera zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

(vii) Dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko beharrak ordaindu gabe dituztenak erregelamenduak zehaztutako eran.

(viii) Ebazpen irmo bidez zehapena jasota dirulaguntzetarako aukera galdu dutenak lege honi edo hala adierazten duten beste batzuei jarraikiz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradunak edo entitate laguntzaileak izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako araudia urratzeagatik administrazio-zehapena edo zigorra jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian zehar. Horretaz gain, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat izan behar duten arren halakorik ez duten enpresek, ezta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitu eta saihesteko neurriak ezarri dituztela egiaztatu ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Estatuko legedian ezarritakoarekin bat.

(ix) 7/2022 Legean (apirilaren 8koa, Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuena) edo 10/2021 Legean (abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena) aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

(x) Desgaitasuna duten pertsonen aldeko lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko ordezko neurriak abian jarri direla egiaztatu gabe.

c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain egotea.

d) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

e) Adierazpen honek eskatzailearen konpromisoak jasotzen ditu, hau da, DAELen 49. artikuluaren arabera enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa eta DAELen 9.4.h) artikuluaren arabera gainfinantzaketarik ez egitekoa.

II.– Indarreko araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

III.– Eskaera honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak direla, baita aurkeztu duen dokumentazio guztia ere, eta dagokion erantzukizuna hartzen duela (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

IV.– Erantzukizunpeko adierazpen honetan jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalari jarraikiz.

[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzen dut.


Azterketa dokumentala