
182. zk., 2025eko irailaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (277 KB - 26 orri.)
- EPUB (141 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4009
EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana eguneratzeko proiekturako.
AURREKARIAK
2024ko abenduaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (247. zk.) argitaratutako iragarkiaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak jendaurrean jarri zuen Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana eguneratzeko eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa egiteko proiektua, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkezteko.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzak jakinarazi zuen 8 alegazio jaso zirela.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak kontsulta egin zien ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta espedientean jasota dago emaitza.
2025eko maiatzaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eskaera osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana eguneratzeko proiektuaren inguruan (aurrerantzean, Proiektua), aintzat hartuta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa.
Eskaerak dokumentazio hau dauka:
– «Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlanaren eguneratzea», CAF Turnkey & Engineering enpresak idatzia eta 2024ko abenduan datatua.
– «Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlanaren eguneratzea» dokumentuaren 15. eranskina: Ingurumen-inpaktuaren azterketa, Aialur SL eta CAF Turnkey & Engineering enpresek idatzia.
– Egindako jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.
– Ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, horien xedea da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa betez, II.E eranskinean zerrendatutako proiektu publiko edo pribatuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie. Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana eguneratzeko proiektua II.E eranskinaren barruan dago: E7 taldea.– Azpiegitura-proiektuak, 7.f «Tranbiak, zutabe gaineko edo lurpeko metroak, linea esekiak edo antzekoak, soili-soilik edo batez ere bidaiariak garraiatzeko baldin badira». Era berean, Proiektuko jarduketa batzuk Salburua KBE-HBBE (ES2110014) babes-eremu periferikoan kokatuta daudenez, Proiektua II.E eranskineko 3. kasuan sar daiteke: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».
Sustatzaileak, hala ere, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko eskatu du. Alde horretatik, hauxe adierazten du abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskinaren 4. epigrafeak: «Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharko dute ondoko proiektu hauek: 4.– II.E eranskinean jasotako beste proiektu batzuek, (...) sustatzaileak hala eskatzen badu.»
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazio-prozedura gauzatzeko behar dena xedatu du, espedienteari ingurumen-inpaktuaren azterketa bat erantsiz, jendaurreko informazioaren izapidea eginez, eta kontsultak egiteko prozeduran ukitutako Administrazio publikoek nahiz pertsona interesdunek parte hartuz.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna baita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera– ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-ondoreetarako soilik, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana eguneratzeko proiektuari dagokionez.
Proiektuak Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalgana auzoraino luzatzeko egin beharreko jarduketak definitzen ditu; horrela, hobetu egingo da auzo horrek –udalerrian biztanle gehien dituena– hiriaren erdigunearekin duen konexioa, bai eta Vitoria-Gasteizko tranbiaren egungo sarearekin eta aurreikusitakoarekin duena ere. Tranbiak hiriaren ekialde-mendebalde ardatza gainerako lineekiko konexio-puntu batekin egituratuko du Lovainako geltokian. Proiektuak, era berean, aurreikusten du Betoñoko udal-lurzati batean –kirol-instalazioen ondoan– kotxetegi berria egitea, luzapenerako beharko den ibilgailu-flotaren gehikuntzak gainditu egiten baitu egungo kotxetegiak duen ahalmena.
Trazadura berriak lotzen ditu hiriaren mendebaldeko Zabalgana auzoa eta erdialdean dagoen Lovainako geltokia. Hala, zerbitzua emango die Zabalgana, Ariznabarra, San Martin eta Lovaina auzoei. Trazaduran kale hauek sartzen dira: Lovaina plaza, Adriano VI.aren kalea, Buztinzuri kalea, Teodoro Dublang Margolariaren kalea, Balentin Berriotxoa kalea, Zabalgana hiribidea, Giza Eskubideen hiribidea, Iruña-Veleia hiribidea eta Sofia Erreginaren hiribidea.
Proiektatutako geltokiak 11 dira guztira; horietatik 5 tarte komunean daude, 2 Aldaiako adarrean eta 4 Mariturriko adarrean. Geltokien arteko batez besteko distantzia 556 metrokoa da. Kotxetegira sartzeko adarrak ere geltoki bat izango du.
Erabiliko den geldialdi motak jarraitzen dio gaur egun ustiatzen ari den zatian erabiltzen den ereduari. Bi geltoki mota erabiltzen dira: alboko nasa dutenak eta erdiko nasa dutenak, 7 moduluko ibilgailu berrietara egokituta, 42 metroko luzerarekin. Horrez gain, 5 m-ko bi arrapala jarriko dira mutur bakoitzean, ibilgailuaren geltoki guztiak izan daitezen irisgarriak.
Konfort-maila egokia eskaintzeko helburuarekin, erabiltzaileak geltokietan eguraldi txarretik babestearren, altzairu herdoilgaitzezko eta beirazko markesinak ipiniko dira, baita altzairu herdoilgaitzezko eta beirazko banku eta berme iskiatikoak ere.
Trenen ustiapen-maiztasuna 15 minutukoa da adarretan, eta 7,5 minutukoa tarte komunean.
Lurperatutako bi azpigeltoki elektriko proiektatu dira: bat Buztinzuri kalean –San Martin parkeko saskibaloi-pistaren ondoko eremu hormigoituan–, eta bestea Giza Eskubideen hiribidearen eta Sofia Erreginaren hiribidearen elkarguneko biribilgunean.
Trazadura egiteko, egungo kalearen maila mantenduko da; beraz, hondeaketak minimoak izango dira. Kotxetegi berriari dagokionez, lur-berdinketa 512 metroko kota konstantean planteatu da; hau da, tranbia-trazadura lurzatian sartzen den kotan.
Trazadurarako eta kotxetegi berrirako zoru-beharrek, banatzen diren tarteetan, azalera hauek hartzen dituzte barnean:
– Enbor komunaren trazadura (1.1-1.9 azpitartea): 64.888,3 m2.
– Mariturri adarraren trazadura (2.1-2.2 azpitartea): 30.252,24 m2.
– Aldaia adarraren trazadura (3.1-3.2 azpitartea): 22.647,11 m2.
– Kotxetegia adarraren trazadura (1.1-1.2 azpitartea): 9.637,92 m2.
– Kotxetegia lurzatiaren kanpoaldea: 1.958,3 m2.
– Kotxetegia lurzatiaren barrualdea: 21.435,65 m2.
Lau lurzati ezarri dira tranbia-trazaduraren obrako instalazio lagungarrietarako, eta bat kotxetegi berriaren obretarako.
– 1. zona: Lurzatiak 5.900 m2 inguruko azalera du, eta bere osotasunean okupatzea proposatzen da.
– 2. zona: Lurzatiak 12.900 m2 ditu, eta horietatik 4.700 m2 inguru okupatzea aurreikusten da, lurzatiaren hegoaldean.
– 3. zona: Lurzatiak 5.300 m2 inguruko azalera du, eta bere osotasunean okupatzea proposatzen da.
– 4. zona: Lurzatiak 3.400 m2 inguruko azalera du, eta bere osotasunean okupatzea proposatzen da.
Kotxetegiaren lurzatiko instalazio lagungarriak eraikinaren aparkalekuaren aldamenean egongo dira.
Proiektuak aurreikusitako lur-mugimenduak hauek dira:
– Enbor komuna (1.1-1.9 azpitartea): 22.123,47 m3.
– Mariturri adarra (2.1-2.2 azpitartea): 9.607,92 m3.
– Aldaia adarra (3.1-3.2 azpitartea): 7.306,27 m3.
– Kotxetegia adarra (1.1-1.2 azpitartea): 3.179,55 m3.
– Kotxetegia lurzatiaren kanpoaldea: 687,72 m3.
– Kotxetegia lurzatiaren barrualdea: 29.405,14 m3.
Kotxetegia kokatzeko lur-berdinketa 512 metroko kota konstantean planteatu da; hau da, tranbia-trazadura lurzatian sartzen den kotan. 2H:1V maldako ezpondak hartu dira kontuan, bai lur-erauzketan eta bai lubetan. Lur-erauzketaren bolumenetik ia osoa (8249,72 m3) lurzatian dagoen landare-geruza garbitzeko / belar-sastrakak garbitzeko 40 cm-ei dagokie. Lur-erauzketaren zatirik handiena landare-geruza hori denez, ondorioztatu da hondeatutako lurra zabortegira bidaliko dela zuzenean –kasu honetan, Gardelegiko Udal Zabortegira (Vitoria-Gasteiz), ibilbide modura Hezeguneen pasealekuaren kalea erabiliz, trafiko gutxiko etorbide bat baita–, eta lubetetarako behar diren lurrak hurbilen dagoen harrobiaren kanpo-ekarpenetik aterako direla. Obra-fasean berrerabili edo aprobetxatu egingo da hondeatutako lurraren portzentaje bat.
Kotxetegi berria eraikitzeko, ez da aurreikusten dagoen sestratik 1 metro baino gehiagoko sakonerako hondeaketarik. Hondeaketa bakarra izango da material gurpildunean urgentziazko konponketak egiteko hobiari dagokiona, eta ez da aurreikusten hondeaketa hori 3 metrora iritsiko denik, non maila freatikoa dagoen.
Soberakinei dagokienez, erretiratzen den landare-materiala Gardelegiko Udal Zabortegira (Vitoria-Gasteiz) eramango da, ibilbide gisa Hezeguneen pasealekuko kalea erabiliz, trafiko gutxiko etorbide handi bat baita.
Trazadurako ibilguak zeharkatzeko (Perretxin erreka eta Ehari erreka), Zabalgana auzoko kale urbanizatuetan dauden zubiak erabiliko dira.
Eraikuntza-fasean hondakin-bolumen hau sortuko dela kalkulatzen da, motaren arabera: 17 01 01 Hormigoia: 28.005,88 t; 17 01 03 Teilak eta material zeramikoak: 13.295,21 t; 17 02 02 Plastikoa: 23,70 t; 17 03 02 Nahasketa bituminosoak: 27.213,32 t; 17 04 07 Metal nahasiak 42,50 t; 17 05 04 Kutsatu gabeko lur eta arrokak: 69.734,01 t; 17 02 01 Zura: 13,61 t. Bestelako hondakin batzuk ere sortuko dira, hala nola beste eraikuntza- eta eraispen-hondakin batzuk, hiri-hondakinen nahasketa eta basogintza-hondakinak. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, datu horiek gutxi gorabeherakoak dira; beraz, eraikuntza-proiektua egitean, azterketa espezifiko bat egin beharko da tranbia eraikitzean sortutako hondakinen kudeaketari buruz.
Obretan sortutako hondakin solidoak (zurak, plastikoa, papera, etab.) kudeatzeko, garbiguneak instalatuko dira, makineria-parkean zehar banatuta. Garbigunetzat hartzen dira hondakinak, zaborrak, ur zikinak edo antzekoak aldi baterako biltegiratzeko eremuak. Garbiguneak diseinatuko dira soberako materialak eta hondakin-urak modu selektibo eta seguruan biltegiratzeko helburuarekin bat etorriz. Aldizka eta gaika biltzeko zerbitzu bat egongo da, hondakinen kudeatzaile baimendu gisa ziurtatutako enpresa baten eskutik.
Ez da aurreikusten soberakinen biltegi berririk proiektu honetarako.
Bestalde, obra-fasean zehar, aurreikusten da lur-mugimenduen eta zimenduen ondorioz zarata sortzea, baita ekipo eta instalazioak muntatzean ere. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hauek dira ingurumen-kalte handiena eragin dezaketen ezaugarriak edo potentzia dauzkaten ekipo teknikoak: gurpil-argiak 106,1 Law (dBA), mailu pneumatikoa 111,5 Law (dBA), konpresorea 100 Law (dBA), garabi-kamioia 104,5 Law (dBA), mailudun hondeamakina hidraulikoa 106,1 Law (dBA), iraulki-kamioia 110,1 Law (dBA) eta motoiraulkia 103,3 Law (dBA). Funtzionamendu-fasean, aurreikusten da zarata-iturriak tranbiaren igarotzeak eta kotxetegiko (tailerrak eta garbiketa-eremua) jarduerak izango direla.
Betoñoko lurzatiko kotxetegi berriak 45 metroko luzerako gutxienez 22 tranbiarako edukiera izango duela proiektatu da. Kotxetegi berriari lotutako eraikinak inguratzailerako izango dituen materialak bat etorriko dira EKT-HEren araudiak energia aurrezteari buruz xedatzen duenarekin. Proposatutako diseinuan, 2,20 m-ko altuerako hormigoizko bloke-horma batek mugatzen du eraikinaren fatxada beheko aldean, eraikina balizko inpaktuetatik babesteko. Hormigoizko horma horretan daude eraikinerako sarbideak. Hormigoizko blokeak dituen horma horren gainean, uhal horizontaleko altzairuzko azpiegitura bat jarriko da, eraikinaren egitura nagusiari ainguratuta. Azpiegitura horrek eraikinaren fatxada nagusia eusten du. Fatxada hori sandwich panelen sistema batek osatzen du, eta polikarbonatozko panelekin txandakatuta dago argi naturala behar den eremu espezifikoetan.
Sandwich panelek oreka ona eskaintzen dute kostuaren eta eskatzen den isolamendu termikoaren artean, baina ez dute eraikinean argi naturala sartzerik uzten. Hori konpontzeko, polikarbonato zeharrargiko panelak sartuko dira fatxadan, zeharkako argi natural konstantea eskaintzen baitute. Fatxada arineko sistema horrek, gainera, babes ona eskaintzen du aire zabalean, inpaktuarekiko erresistentzia handia du, eta antibandalikoa da. Polikarbonatozko panelek fatxadan duten posizioa aztertu da, eraikinaren fatxadaren azaleraren gutxienez % 40 lortzeko, eta, horrela, lanorduetan argi natural homogeneoa sartzen dela bermatzeko.
Azterketa geoteknikoan, eta bertan jasotako kanpaina geoteknikoko emaitzetatik abiatuta, gomendatzen da azaleko zapatekin edo lauzarekin zimendatzea buztin alubialen mailan. Aurrekoaren arabera, kotxetegia osatzen duten eraikinetarako proposatutako zimenduak zapata isolatuekin egingo dira (1,5x1,5 m-ko oinarria eta 0,4 m-ko altuera).
Kotxetegi berriko garbiketa-eraikina erabat itxita egongo da zerbitzua amaitzen denean. Beraz, gaueko aparkaleku-puntu gisa ere balio ahal izango du, eta, horrela, 23 tranbiara zabalduko da kotxetegiaren edukiera. Kotxetegi berrian hau guztia egongo da: ibilgailuak aparkatzeko eremua / kotxetegi-nabea, kanpoko garbiketarako eta harea kargatzeko eraikina, biltegiak (tranbiak garbitzeko produktu eta lanabesak, tranbiaren ordezko piezak, hondakinak biltegiratzeko gela, instalazio teknikoen gelak, aldagelak, komunak eta bulegoak) eta trenbide-zabaltza.
Kotxetegira sartzeko bideetako batean, harea kargatzeko sistema eta unitateen kanpoaldea garbitzeko makina barne hartzen dituen eraikina jarriko da. Hondar-banagailuaren eginkizuna da tranbiek dituzten hondarreztagailuak betetzea. Hondar-puntu bakoitzak 90 litroko edukiera izango du; gutxi gorabehera bi hondarreztagailu betetzeko erabiltzen den bolumena, alegia. Hondar-puntuek beso orientagarriak edukiko dituzte, puntu bakoitzak material ibiltariko bi hondarreztagailuri heldu ahal izateko. Hondar-banagailuaren osagaiak hauek izango dira: 1 harea-silo, 1 espedizio-depositu, banaketa-hoditeriak, 4 harea-puntu eta 1 presioko airearen kanalizazio, kotxetegiko aire konprimatuko zentraletik.
Unitateen kanpoaldea garbitzeko ura jasoko da ura biltzeko putzu batera konektatutako kutxatila batean, lohiak eta koipeak bereizteko sistema batekin. Instalazioak ura birziklatzeko sistema bat izango du, hurrengo garbiketetan ura berrerabili ahal izateko. Babes-pantaila sistema bati esker, makinak egiten duen zarata murriztu eta ur-zipriztinak eragotziko dira.
Ez da aurreikusten kotxetegi berrian material gurpilduna mantentzeko lanak egitea, baina konponketa edo pieza-aldaketa txikiren bat egin ahal izango da. Horretarako, sarrera bat aurreikusi da biltegia zeharkatuz kotxetegi-nabera zuzenean sartzeko, pasabideen eta hobiaren eremuarekin konexioa zuzena izango duena. Kotxetegiak ez dauka xurgatze-sistemarik, ez eta pintura-kabinarik ere.
Kotxetegi berrian hondakinak, hondakin-urak eta/edo emisioak sortu ditzaketen prozesuak hauek dira: hareaz betetzea, tranbiak garbitzea, material gurpildunean urgentziazko konponketak egitea, instalazioak garbitzea eta mantentzea, bulego-jarduerak egitea, instalazioak erabiltzea (aldagelak, komunak, bulegoak, etab.), salgaiek eragindako trafikoa, hondakinen garraioa eta enplegatuen ibilgailu pribatuek eragindako trafikoa.
Hondakinak bildu, biltegiratu eta kudeatzeko, hondakinak bereizi eta biltegiratzeko aukera emango duen eremu bat aurreikusten da. Eremu horrek sarbide zuzena izango du kaletik, hondakinak bertatik erraz eraman ahal izateko.
Kotxetegi berriaren instalazioetan sortutako hondakin-urak prozesu industrialetako urei, ur beltzei eta euri-urei dagozkie, eta ur horiek guztiak saneamendu-sarera isurtzen dira. Euri-ura berreskuratzeko sistema bat instalatzea proposatzen da, tranbiak garbitzeko erabili ahal izateko. Sistemak euri-ura iragazten du, eremu jakin batean jasoa –normalean, teilatuan edo teilatu lauan–, eta depositu batean biltegiratzen du. Ondoren, tratatutako ura banatu egiten da, edateko uraren sarearekiko independentea den zirkuitu hidrauliko baten bidez. Euri-urak berreskuratzeko, eraikinen estalkiak erabiliko dira kaptadore gisa. Horrela, ura teilatuko erreten edo hustubideen bidez biltzen da, zorrotenen bidez bideratzen da, eta, azkenik, lurperatutako depositu batean biltegiratzen da. Deposituaren sarreran iragazki bat jartzen da zikinkeriak eta nahi ez diren elementuak saihesteko, hala nola hostoak. Depositu hori adostutako erabileren, estalkiaren azaleraren eta eremuko plubiometriaren arabera dimentsionatzen da.
Kotxetegi berrian egin beharreko jarduera dela-eta, produktu kimikoak erabili beharko dira instalazioak eta tranbiak garbitzeko. Produktu kimikoak, bateriak eta beste hondakin arriskutsu batzuk gehienez ere 6 hilabetez biltegiratuko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta kudeatzaile baimendu baten bidez ezabatuko dira.
Bestalde, tranbiak garbitzeko prozesuak zarata sortuko du. Gainera, garbiketa-prozesua gauez egingo da, 23:00etatik 06:00etara gutxi gorabehera, eta, beraz, aurreikusten da denbora-tarte horretan argiztapena aktibatzea.
Kotxetegiko lurzatirako proiektatutako drainatze-sistemari dagokionez, errepide-ertzeko erretenak egingo dira, zolatatik ebakuatu beharreko ura biltzeko. Trenbide-zabaltzan, ura areka perimetral horretara isurtzen da kanpoaldeko ertzean, eta ertz-erreten moduko areka batera barrualdeko ertzean. Eraikinerako sarreran sareta-kanaleta bat dago, ura ez dadin sartu trenbide-zabaltzatik eraikinera.
Eraikinaren estalkia drainatzeko, zerra-hortzetan luzetara kokatutako erreten-sare bat dago. Erretenean zehar, hustubide batzuk daude, polietilenozko hodi-estalkiko sare eseki bati konektatuta. Nabean zorroten bat dago, 2 m3-ko edukiera duen kutxatila bati konektatuta; bertan, hoditik sekzio beteranzko eta partzialki betetako hodiaren arteko trantsizioa egiten da. Kutxatila horretan bildutako ura lurperatuta dagoen depositu batera bideratzen da, zeinak garbiketa-makina urez hornitzeko balioko duen. Drainatze-sistema horien emaria lurzatiko drainatze-saretik ebakuatzen da, zeinak, aldi berean, Elgoibar kalean dagoen euri-uren udal-sarera isurtzen dituen bere urak.
Zabalganarako tranbiaren luzapena eraikitzeko aurreikusitako iraupena 750 egunekoa da, eta kotxetegia eraikitzekoa 520koa.
Alternatibei dagokienez, aurkeztutako dokumentazioak 0. alternatibari edo «proiektua ez gauzatzea»ri heltzen dio, eta erreferentzia egiten dio kotxetegi berriaren trazadurari eta kokapenari buruzko aurretiazko alternatiben analisiari. Horrez gain, ingurumen-inpaktuaren azterketak hiru antolamendu-alternatiba jorratzen ditu kotxetegirako aukeratutako lurzatiaren barruan.
Garraioari eta jasangarritasunari dagokienez, baztertu egiten da 0. alternatiba, gobernu-politikak kontuan hartuta, hala lurraldekoak, autonomikoak eta estatukoak, nola Europar Batasunetik eratorritakoak.
Trazadura Zabalganara luzatzeko, aurretiazko faseetan zazpi alternatiba aztertu ziren, eta haien arteko alderaketak egin ziren, zenbait adierazle aintzat hartuta: inbertsio-kostua, bidaiari-eskaria, tranbia-eragiketa, hiri-integrazioa, ingurumen-inpaktua eta trafikoaren gaineko eragina. Ingurumen-inpaktuaren azterketak adierazten du alternatiben arteko aldeak oso txikiak direla, eta horiek guztiak erabat urbanizatuta dauden eremuetan kokatuta daudela. Ondoen posizionatutako alternatiba, eta proiektua garatzeko aukeratutakoa, «K alternatiba» izenekoa izan zen. 2023ko martxoaren 24ko Aldizkari Ofizialean aurkeztu zen, eta, bertan, 2022ko urriaren 18ko Ebazpenak, aurretiazko informazio-azterlanari buruzkoak, aurkeztutako alegazioei erantzuten zitzaien. Alternatiba horren abantaila nagusiak dira eragin txikiagoa duela trafikoan eta tranbia-eragiketan; dena den, aipatu da gatazkan sar litekeela etorkizuneko abiadura handiko trenbide-sarearekin.
Kotxetegi berria kokatzeko, hasiera batean 6 kokaleku aztertu ziren: A alternatiba: Mercedesen hegoaldeko lurzatia, B alternatiba: Mariturri lurzatiak, C alternatiba: URSSA eta inguruko lurzatia, D alternatiba: URSSAren hegoaldean dagoen lurzatia, E alternatiba: Aretxabaleta lurzatia, Barrundia kalearen hegoaldean, eta F alternatiba: Betoño lurzatia, Salburuaren mendebaldean.
Lehenengo baheketaren ondoren, alternatiba hauek mantendu ziren: F alternatiba (Betoño lurzatia, Salburuaren mendebaldean) eta E alternatiba (Aretxabaleta lurzatia). Hurrengo fase batean, Aretxabaleta lurzatia baztertu egin zen, Vitoria-Gasteizko Udalak interesa zuelako nekazaritza-lurzorua zaintzeko, hiriaren ertzetan nekazaritza-parke bat bultzatzeko, hiriko eguneroko joan-etorriak behar bezala kudeatzeko eta Vitoria-Gasteizen hegoaldean dentsitatea ez handitzeko. Horrela, Vitoria-Gasteizko Udalak aukera eman zuen kotxetegi-eraikina Betoño lurzatian (F alternatiba) kokatzeko. Erabaki horrek ez zuen kontuan hartu kotxetegi-eraikinak kokaleku horretan eragin lezakeen ingurumen-inpaktua.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren 1. eranskinak (Alternatiben azterketa) kotxetegia Betoñon ezartzeko hiru aukeraren analisi bat jasotzen du, aintzat hartuta Zabalganako trazaduraren alternatibak aztertzeko kontuan hartutako irizpideen antzekoak; hau da, inbertsio-kostua, tranbia-eragiketa, hiri-integrazioa, ingurumen-inpaktua eta kotxetegiaren irisgarritasuna. 1. alternatiba baztertu egin da, bere azken puntuazioa askoz txikiagoa delako 2. eta 3. alternatibena baino. Hala, dokumentazioak irizpide anitzeko ingurumen-analisia egiten du 2. eta 3. alternatibei dagokienez, irizpide hauek kontuan hartuta: okupatutako lurzatiaren azalera (m2), kontserbatutako lurzatiaren iparraldeko eremuan zanga duen landaredi zuhaiztuaren eremua (bai/ez), garbiketa-tuneletik Salburuko hezegunera dagoen distantzia (m) eta eragindako bide-zuhaitzen kopurua (ml). Irizpide anitzeko analisiaren emaitzen arabera, 2. alternatiba da onuragarriena; baina 3. alternatiba garatuko da, proiektuaren testuinguru globalean horrek duelako puntuaziorik handiena (espazioen aprobetxamendu handiagoa eta lurzatirako irisgarritasun hobea). Ingurumen-inpaktuaren azterketak hauxe adierazten du Salburua KBE/HBBEri eta irizpide anitzeko analisiko «Okupatutako lurzatiaren azalera» eta «Kontserbatutako lurzatiaren iparraldeko eremuan zanga duen landaredi zuhaiztuaren eremua» irizpideei dagokienez: bi alternatibetan (2. eta 3. alternatibak) proposatzen da landaredi autoktonoa ezabatzea, baina 2. alternatiban errespetatu egiten da iparraldeko balio ekologiko handieneko eremua, 3. alternatibarekin alderatuta. Gainera, «Garbiketa-tuneletik Salburuko hezegunera dagoen distantzia» irizpideari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak adierazten du bi alternatibetan sortuko dela soinu- eta argi-inpaktua, baina 2. alternatibaren kasuan distantzia handiagoa dagoela garbiketa-tuneletik hezegunera. Betoño lurzatiko proiektuak Vitoria-Gasteizko azpisistema hidrikoarekin eta akuifero kuaternarioarekin duen harremanari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak adierazten du ez dela aurreikusten lurzatian 1 metrotik gorako sakonerako hondeaketarik egitea. Horren ondorioz, ez da espero eraginik izatea Vitoria-Gasteizko akuiferoaren sistema hidrikoan, eta behar diren neurri guztiak hartuko dira akuiferoan kutsadurarik sor ez dadin.
Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko honako baldintza hauek ezartzea, zeinak lotesleak diren, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera:
A) Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak ere, bat etorriko dira indarreko araudiarekin, ebazpen honen hurrengo ataletan ezarritakoarekin, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.
Proiektu honen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran, kontuan hartu da, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren fase desberdinetan espedienteari erantsitako txostenen edukia.
B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.
Proiektuari dagokionez sortzen diren aldaketa puntualak, nahiz eta aurreko paragrafoan aipatutako mailara iritsi ez, justifikatu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik ere. Proiektuak honako hauei dagozkien aldaketak jaso beharko ditu: neurri babesle eta zuzentzaileak, ingurumena zaintzeko programa, aurrekontua eta baldintza-agiria.
C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.
Proiektuaren eraginpeko azalera bat dator Vitoria-Gasteizko hiri-lurzoruarekin. Alde batetik, tranbia-trazadura berriak 5,6 km inguru hartzen ditu hiri-bidean, eta 11 geltoki lotuko zaizkio. Geltoki horietatik 5 tarte komunean daude, 2 Aldaiako adarrean eta 4 Mariturriko adarrean, gehi beste bat kotxetegi berriaren ondoan. Bestetik, kotxetegi berria kokatuta dago 226 m x 108 m-ko dimentsioak dauzkan hiri-lurzati batean, Salburua KBE-HBBEaren (ES2110014) babes-eremu periferikoan.
Proiektuaren eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren barruan. Trazadurak, tarteka, bat egiten du Ehari eta Perretxin errekekin; jada urbanizatuta dauden kaleetako zubien bidez zeharkatuko ditu. Era berean, trazadurak Zaparadiel edo Zabalbide erreka gurutzatzen du, estalita, Vitoria-Gasteiz eta Adriano VI.a kaleen bat-egiteen parean. Bestalde, kotxetegia Betoñoko putzutik eta «12579 izenik gabe» errekatik 50 metro eskasera dago, azken hori zeharkatzen duela, eta Salburua hezeguneko zaintza-eremuan sartuta dago. Betoñoko putzua Salburuko hezegunean integratuta dago, zeina nazioarteko garrantzia duen RAMSAR hezegune gisa aitortua dagoen, eta Ebroko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan ere jasota dago. Salburuko geltokiaren eta kotxetegiaren arteko tranbia-trazadura bat dator Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko «nitratoek eragindako kutsadurarekiko gune kalteberekin».
Lovainako geltokiaren eta Adriano VI.aren artean, kotxetegira bideratutako lurzatia eta kotxetegiaren eta Salburuko geltokiaren arteko tranbia-konexioaren trazadura bat datoz «Gasteizko ibaia» lurpeko ur-masaren ekialdeko sektorearekin. Salburuko putzuek, kotxetegi-lurzatitik gertu daudela, Vitoria-Gasteizko akuifero kuaternarioari lotutako freatikoaren azaleratzea osatzen dute. Kotxetegiari lotutako jarduketek eta kotxetegia Salburuko egungo geltokiarekin lotzeko tranbia-trazadura berriak bat egiten dute interes hidrogeologikoko eremu batekin. Oro har, bai tranbia-trazadura berria, bai kotxetegia, kokatuta daude akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia duten lursailetan.
Proiektuak Lovaina plazatik Zabalgana auzoraino aurreikusten dituen jarduketak, batez ere, kareharri tupatsuen, tupa karetsuen eta kalkareniten txandakatzeaz osatutako litologia baten gainean egingo dira, pitzaduren bidezko iragazkortasun txikikoa; Salburua eremuko jarduketak, berriz, bat datoz porositatearen bidezko iragazkortasun ertaina duten gainazaleko deposituekin (alubioien eta alubioi-kolubioien deposituak). Ukitutako lursailek lurzoru urbanizatua okupatzen dute, eta, aurretik antropizatuta daudenez, ez dute interesik nekazaritza-aprobetxamendurako. Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak antolamendutik kanpo uzten ditu lurzoru horiek. Eremuan ez da interes geologia-interesdun punturik edo gunerik hauteman, baina aipatzekoa da kotxetegirako lurzatia hurbil dagoela interes hidrogeologikoa duen Salburuko hezeguneak eta kuaternarioa GILaren (GIL 79) azaleratzetik.
Proiektuaren eremuan, Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiak honako hauek identifikatzen ditu: batetik, hiri-azalerak eta alfer-lurrak, landaredi erruderal nitrofiloarekin lotuta; eta, bestetik, zereal, patata eta erremolatxaren laborantza-azalerak, Zabalgana auzoko zenbait tranbia-tartetan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proposatutako trazadura hiriguneetatik eta azpiegitura-eremuetatik igarotzen da, eta formazio naturalak hiri-testuinguruan tartekatutako zatietara mugatzen dira. «Zereal-, patata- eta erremolatxa-laboreekin» bat datozen azalerei dagokienez, adierazi da gaur egun urbanizatuta daudela. Bestalde, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, Olarizuko Lorategi Botanikoko kontserbatzaileak berretsi du, mehatxatutako eta babestutako florari buruzko eta intereseko edo lehentasunezko habitatei buruzko kartografian oinarrituta, Betoñoko kotxetegiaren lurzatian ez dagoela proiektuak uki dezakeen flora mehatxatu edo babestuaren populaziorik, ez eta habitat babesturik ere. 2024ko irailean Betoñoko lurzatiko zuhaitzei dagokienez egindako inbentario baten arabera, lurzatia landaredi erruderalek osatzen dute gehienbat, belarrez eta Rubus sp espezieaz erabat tapizatua dago, eta hainbat mulu-espezie daude han-hemenka, hala nola Rosa canina eta Pyracantha sp. Tamaina txikiko zuhaitzen presentzia puntuala ere badago; besteak beste, Pyrus sp eta Fraxinus excelsior espezieena, eta makal-espezieen (Populus sp) birsorkuntza-oinak ere badaude. Badira tamaina handiagoko zuhaitz-orbanak ere; beren heldutasunagatik eta biodibertsitatearen harrera potentzialagatik garrantzitsuenak direnak lurzatiaren iparraldeko eta hegoaldeko muturretan daude. Lurzatiaren iparraldea nabarmentzen da, non ekialdetik mendebaldera doan ibarbide bat dagoen. Bertan, ingurune urtarrari lotutako hainbat espezie daude: lezkak (Typha sp), ihiak (Juncus sp) eta zumeak (Salix atrocinerea eta Salix alba). Lurzatian detektatutako espezie exotiko inbaditzaile bakarra sasiakazia da (Robinia pseudoacacia); bost oin katalogatu dira, eta bostak hegoaldeko muturrean daude. Badira espezie exotiko ez-inbaditzaileak ere, hala nola Pyracantha sp eta Laburnum sp.
Azkenik, aurkeztutako dokumentazioan adierazten denez, lurzatiaren barruan Batasunaren intereseko habitatik ez badago ere, batzuk oso gertu daude Salburuko hezegunean, eta arriskua dago uretara isurketak eginez gero horiek degradazio handia jasateko, habitat urtarrak direlako edo horiekin lotura estua dutelako. Zehazki, 3140 BIH (Chara spp landaredi bentikoa duten ur oligomesotrofo karedunak), eta 7230 BIH (Lintzura alkalinoak) dira.
Kotxetegi berria kokatzeko eremua Salburuko hezegunearen ondoan dago. Hezegune hori Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 Sarearen parte da, eta, Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) ez ezik, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE) ere bada, ekainaren 30eko 121/2015 Dekretuari jarraituz. Dekretu horren bidez, Salburua Hegaztientzako Kontserbazio Bereziko Eremu eta Babes Bereziko Eremu izendatu zen eta kontserbazio-neurriak ezarri ziren. Zehazki, eremua bat dator aipatutako ES2110014 «Salburua» KBEaren «Babes-eremu periferikoa»rekin. Babes-eremu periferikoaren xedea da, alde batetik, hezegunetik hurbilen dagoen ingurunetik datozen eragin negatiboak prebenitzea; eta, bestetik, baliabide hidrikoaren kantitate- eta kalitate-alterazioak saihestea, hezegunearen mende dauden habitaten, espezieen eta prozesu ekologikoen kontserbazioa bermatzeko. Eremu horretan, indarrean daude Habitaten Zuzentarauaren 6.3 artikuluko prebentzio-araubidea eta eremuari dagozkion kudeaketa-dokumentuetako babes-arauak. KBE/HBBE gune babestu horretarako erregulazioak, helburuak, gidalerroak eta kontserbazio-neurriak martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuaren bidez eta Diputatuen Kontseiluaren urriaren 13ko 583/2015 Erabakiaren bidez onetsi dira.
Kotxetegia Salburuko hezegunearen ondoan kokatzea da proiektuaren baldintzatzaile esanguratsuena. Salburuko hezeguneak faunarentzat –bereziki abifaunarentzat– duen interesa nabarmentzen da. Hari lotutako abifauna urtarrak duen garrantzia dela-eta, hezegunea HBBE gisa hartu da, eta nazioarteko garrantziko hezeguneen RAMSAR zerrendan sartuta dago. Ullibarri-Gamboa urtegiaren ondoren, Salburua KBEa da Araban hegazti urtarren habiagile gehien dituen kokalekua. Nabarmentzekoa da espazio horrek sedimentazio-leku gisa betetzen duen eginkizuna, iberiar penintsularen mailan, ur-benarrizaren (Acrocephalus paludicola) udazkeneko migrazioan. Uretako abifaunaz eta ur-benarrizaz gain (Acrocephalus paludicola), KBE/HBBEko kontserbazio-elementuen artean honako hauek daude: kiropteroen populazioa, zeinak mehatxatutako hainbat espezie biltzen dituen; bisoi europarra (Mustela lutreola), galzorian katalogatua; uhalde-enara (Riparia riparia), kaltebera gisa katalogatua; apoarmatu korrontezalearen (Mauremys leprosa) populazioa, kaltebera gisa katalogatutako espeziea; baso-igel jauzkaria (Rana dalmantina), kaltebera gisa katalogatua, eta kontserbatzeko interesa duten intsektuen populazioak (koleopteroak, horien artean Rosalia alpina eta Lucanus cervus; odonatoak, hala nola Coenagrion mercuriale, eta lepidopteroak, esaterako Euphrydryas aurinia...). Habitaten Zuzentarauaren II. eta/edo IV. eranskinetan jasotako espezie mehatxatuak dira.
Bestalde, proiektuaren eremua puntualki bat dator uhalde-enararen (Riparia riparia) «interes bereziko eremua»rekin, tranbia-trazadurak Ehari erreka gurutzatzen duen lekuan. Era berean, kotxetegi berria gertu dago bisoi europarraren (Mustela lutreola) «interes bereziko eremu»tik, usapal europarraren (Streptopelia turtur) «lehentasunezko esku-hartze eremua – 2. maila»tik –bi espezieek beren kudeaketa-planak dauzkate–, eta uhalde-enararen (Riparia riparia) banaketa-eremu naturaletik. Gainera, bai kotxetegiaren ezarpen-eremua, bai kotxetegiaren eta Salburuko geltokiaren eta Debako arroaren geltokiaren arteko konexiorako tranbia-trazadura bat datoz Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez deklaratutako abifauna babesteko eremuarekin, non aplikatzekoak baitira abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan talkaren eta elektrokuzioaren aurka ezarritako neurriak –errege-dekretu horrek abifauna babesteko neurriak ezartzen ditu, goi-tentsioko aireko linea elektrikoekin talka egin ez dezan eta elektrokutatu ez dadin–; zehazki, bat dator Babes-eremuetako «Salburua sektorea»rekin. Bestalde, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, mokozabal zuriaren (Platalea leucorodia) lehen ugalketa-aipamena Betoñoko putzua da. Kontserbazio-interes handiko espeziea da hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoan espezie kaltebera gisa dago jasota Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan.
Kultura-ondareari dagokionez, proiektuak ez du bat egiten ondare historiko arkitektonikoko elementuekin. Aipagarria da Mariturriko adarretik hurbil ustezko zona arkeologiko (UZA) hauek daudela: Mendibiarte herria (6. zk.) eta Mariturriko aztarnategia (31. zk.). Hala izendatu ziren Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez, zeinak Vitoria-Gasteizko (Araba) Usteko Zona Arkeologikoaren Deklarazioa egiten duen (1997ko uztailaren 8ko EHAA, 129. zk.). Era berean, Jundiz alderantz doaz adarretik hurbil, deklaraziorako proposatutako ustezko zona arkeologikoa identifikatu da, Arkanolandako errota izenekoa (293. zk.).
Paisaiaren ikuspegitik, proiektuaren eremua Vitoria-Gasteizko ikuseremuan dago, eta oso paisaia arruntekoa da. Eremuan paisaia-balio inbentariatu edo katalogaturik ez badago ere, kotxetegia Salburuko Hezegunearen ondoan kokatuko da, zeina paisaia bikain gisa jasota baitago Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (2005).
Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioak adierazten du soinuen eta bibrazioen azterketa hauek egin direla proiektuaren esparruan: Zarata-azterketa – Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana. IDOM. 2019 (azterlan honek 2. eta 3. tarteetarako balio du), Bibrazioen azterketa – Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana. IDOM. 2019 (2. eta 3. tarteetarako balio du), Vitoria-Gasteizko tranbia luzatzeko kotxetegia ezartzearen inpaktu akustikoaren azterketa (Zarata eta bibrazioak). Acustican-Ecoingenia. 2022 (erreferentzia gisa erabilia), Tranbia Salburuko geltokitik kotxetegira (Hezeguneen pasealekua) luzatzearen ebaluazio akustikoaren azterketa. CECOR-Acustican. 2024, 1. zatirako azterketa akustikoa (tranbia Lovaina plazatik Zabalgana etorbidera luzatzea). CECOR-Acustican. 2024, Tranbia Lovaina plazatik Zabalgana etorbidera eta Salburuko geltokitik Betoñoko kotxetegira luzatzeko obrek eragindako zarataren azterketa akustikoa. 1. tartea eta Kotxetegia. CECOR-Acustican. 2024 eta Bibrazioen azterketa. CECOR-Acustican. 2024. 1. tartea eta Kotxetegia.
Aintzat hartuta Zarata-azterketa (Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana. IDOM. 2019), obra-fasean zantzu garrantzitsuak daude, erakusten dutenak tranbia-trazadura berriaren lanen ingurunean ez direla beteko Kalitate Akustikoko Helburuak, bai trazaduraren hiri-izaeragatik eta bai hura garatzeko beharko den makineriaren tipologiagatik. Tranbiaren funtzionamendu-faserako, ingurumen-inpaktuaren azterketak adierazten du, egindako azterketa akustikoetan oinarrituta, ez dela aurreikusten tranbiak eremu akustikoan sortutako zaratak zarata-immisioaren muga-balioak gainditzea, ez a motakoak (nagusiki bizitegi-erabilerako lurzorua duten lurraldeko sektoreak), ez eta c motakoak ere (nagusiki aisiarako eta ikuskizunetarako lurzorua duten lurraldeko sektoreak). Horrez gain, adierazten du iragarpen-ereduan oinarrituz lortutako zarata-mapetan badaudela gauez 50 dBA-tik gorakoak diren eremuak. Hala ere, Zarataren Mapa Estrategikoaren arabera, ikusten da gaueko aldian gaur egungo zarata-isofonak 55 dBA-tik gorakoak direla tranbiaren bidearen trazadura osoan zehar. Beraz, ondorioztatzen da zehazki iturri horretatik espero den zarata maila ezkutatuta geratuko dela errepideko zirkulazioaren zarata-iturriekin, eta ez duela areagotuko egungo egoeraren gaineko zarata maila; hala, ondorioztatzen da egunez eta arratsaldez 60 dB(A)-ko isofonak eta gauez 50 dB(A)-koak ez dutela gaindituko, oro har, bizitegitarako eraikinen linea.
Betoñoko putzuari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioak aipatzen du proiektuaren funtzionamendu-fasean gainditu egingo direla eremu babestuetarako Kalitate Akustikoaren Helburuak –50 eta 55 dBA artean, muga 50 dBA denean–. Hala, erreferentzia egiten dio Vitoria-Gasteizko Udalaren Zarataren Mapari, zeinak erakusten duen eremuan dagoeneko 50-55 dBA-ko ingurumen-zarata maila dagoela; beraz, uste da proiektuak ez lukeela nabarmen areagotuko eremuko zarata maila. Ildo horretan, aurreikusten da autoak garbitzeko tunelaren zarata ezkutatuta geratuko dela lehendik dagoen ingurune-zaratarekin, Hezeguneen pasealekuaren errepideko trafikoa dela-eta. Dena den, analisi akustikoen emaitzak eredu teorikoetatik datozenez, ezin da jakin zehatz-mehatz nolako eragina izango duen Betoñoko putzuan eta bertan bizi den faunarengan.
Azkenik, bibrazioei dagokienez, Iruña-Veleia kalean kokatutako bizitegi-eremu bat identifikatu da Mariturriko adarrean; litekeena da bertan eragozpenak sortzea obra-faseko bibrazioen ondorioz.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuaren eremuak bat egiten du akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko guneekin. Gainerakoan, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta ez du bat egiten lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatiekin; halaber, ez da hauteman sismizitatearekin edo baso-suteekin lotutako higadura-arrisku nabarmenik. Eremua ez dago sartuta salgai arriskutsuen garraioan istripuak izateko arrisku handia duten bideei lotutako afektazio-bandetan, eta ez da arriskurik identifikatzen SEVESO enpresak hurbil egotearen ondorioz.
Proiektuak obra-fasean izango dituen ondorio nagusiak hauekin lotuta egongo dira, batez ere: lur-mugimenduak; tranbia-plataforma, nasak eta lotutako azpiegiturak eraikitzea; urbanizazioa traza berrira egokitzea; kotxetegi-nabea eta lotutako instalazioak eraikitzea; obrako eremu osagarriak okupatzea, eta makineriaren joan-etorria. Horren ondorioz, inpaktu potentzialak sortuko dira egoera akustikoan, airearen kalitatean –obretan hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isuriko dira airera– eta paisaian. Eragin horiei erantsi behar zaizkie baliabideen kontsumoa, hondakinen sorrera, ustekabeko isurketen ondorioz gainazaleko eta lurpeko uren kalitatean eragiteko arriskua –tranbiaren trazadurak ibai-ibilguak gurutzatzea, obrak instalatzeko 3. eremua Perretxin errekatik oso gertu egotea, eta Betoñoko lurzatian kotxetegiak konpontzeko zulo bat egitea–, eta trazabideak Ehari erreka gurutzatzen duen lekuan uhalde-enararen (Riparia riparia) interes bereziko zonan eragina izateko arriskua.
Proiektua gauzatzean, lur-mugimenduak egingo dira Salburuko putzuen ondoan, eta Vitoria-Gasteizko akuifero kuaternarioari lotutako freatikoa azaleratu egingo da; beraz, arriskua dago hondeaketek –batez ere kotxetegiari lotutakoek– lurpeko ur-fluxuarekiko interakzioak sortzeko. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hondeaketen sakonera ez da metro batetik gorakoa izango; horrek mugatuko egingo du arriskua. Gainera, hondeaketa-soberakinak birkokatzeak ere izango du eraginik (halakoak Gardelegiko Udal Zabortegira eramatea dago aurreikusita). Beste alde batetik, lurrak iraultzeak –Betoñoko lurzatian bereziki– landare-espezie inbaditzaileak sartzea erraztuko du, eta espezie horiek ugaltzeko arrisku-faktorea izango da.
Obren eragin akustikoari dagokionez, aurreikusten da tranbia-trazadura berria egiteko lanetan ez direla beteko Kalitate Akustikoko Helburuak, bai trazaduraren hiri-izaeragatik eta bai hura garatzeko beharko den makineriaren tipologiagatik.
Kotxetegi berria eta tranbia-trazadura berria –Salburuan dagoen geltokitik kotxetegiraino– Natura 2000 Sareko ES2110014 «Salburua» KBEaren «Babes-eremu periferikoa»n egingo dira, eta kotxetegia oso gertu egongo da KBE/HBBEaren mugatik –50 m ingurura–. Beraz, proiektuak eragin zuzenak eta/edo zeharkakoak izan litzake gune babestu horretan kontserbatu beharrekoak diren habitat edo espezieen gainean. Obran aurreikus daitezkeen eraginei gehitu behar zaizkie instalazioak beren balio-bizitzan zehar erabiltzeak sortuko dituenak, batez ere kotxetegiaren funtzionamenduari lotutakoak (tranbiak garbitzea, hondakinak biltegiratzea, etab.), eta horiek akuiferoetan eta, horrenbestez, hezeguneari lotutako landare- eta fauna-komunitateetan izango duten eragina. Gainera, kontuan hartu behar dira jardueraren ondoriozko zarata-emisioak eta eremuaren argiztapena –batez ere gauez–, horiek ere eragozpenak eragingo baitizkiote hezegunean bizi den faunari, zeina sentikorra den soinu- eta argi-kutsadurarekiko. Kontuan izan behar da hiri-erabilerek presioak eragiten dituztela faunaren gainean, eta horrek zenbait fenomeno eragin ditzakeela, hala nola desertzioak, gaueko migratzaileen desorientazioa, gaueko harrapakaritza-tasen gorakada, etab. Aurkeztutako dokumentazioak adierazten duenez, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak hartuta ere, aurreikusten da handiak izatea soinu- eta argi-kutsadurak eragindako hondar-eragina, eremuko beste instalazio batzuekiko inpaktu sinergikoa, lurzoruaren okupazioa, landarediaren galera, urbanizazio-prozesua eta akuiferoa kutsatzeko arriskua.
Proiektuak Salburua KBE/HBBE Natura 2000 Sareko gunean izango duen eraginari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak proiektuak Natura 2000 Sarean izango dituen ondorioen ebaluazioa jasotzen du I. eranskinean. Inpaktu potentzialak aztertu ondoren, ondorioztatu da ezen, proposatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatuz gero, proiektuak ez duela sortuko Natura 2000 Sarea Salburua gunearen integritatean kalteak eragin ditzakeen inpakturik. Proposatutako neurriak hauek dira: alde batetik, obretan gaueko lanak ekiditea; pantaila mugikorrak erabiltzea zaratak moteltzeko; eta instalazio lagungarrien eremuko gainazala iragazgaiztea; eta, bestetik, funtzionamendu-fasean talkaren aurkako neurriak ezartzea (aireko kableetan talkak detektatuz gero); argi-pantaila eraikitzea zuhaitz altuak baliatuz; eta hesi akustikoak ipintzea. Hala ere, larritzat kalifikatutako zenbait inpaktu identifikatu dira: abifauna urtarraren eta ur-benarrizaren (Acrocephalus paludicola) gaineko inpaktu akustikoa obretan eta desmuntatzean; argi-eragina abifauna urtarrean eta ur-benarrizaren (Acrocephalus paludicola) gainean; eta akuiferoaren kutsadura obra-, funtzionamendu- eta desmuntatze-fasean–. Halako inpaktuek, nahiz eta hezegunearen integritatea arriskuan jarri ez, eragin negatiboak izango dituzte bertako babes-eremu periferikoan. Horrenbestez, ingurumen-inpaktuaren azterketak Salburuko hezegunearen aldeko konpentsazio-neurri batzuk proposatzen ditu, bat datozenak Arabako Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuaren gomendioekin –gomendio horiek orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2024ko uztailaren 25eko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentuan daude jasota–. Neurri horien artean, hauek daude: Salburua parkeko naturagune babestuan soinu- eta argi-kutsaduraren diagnostikoa egiteko azterketa, Salburuko KBEren barruan Arkautiko aintzira-ontzian uharteak egokitzeko proiektua, Betoñoko hezegunearen inguruneko hirigintza-presioari aurre egiteko azterketa, lurrak eskuratzea / lurraldea zaintzea Salburuko hezegunearen ondoko 2 hektarea baino gehiagoren eta babes-eremu periferikoaren zati baten galera konpentsatzeko, bai eta Salburua auzoko euri-uren kolektorearen eta efluentearen diagnostikoa eta hobetzeko proposamenak ere.
Adierazi behar da ingurumen-inpaktuaren azterketan Betoñoko lurzatirako proposatutako leheneratzeak barne hartzen duela nekosten (Cupressus sempervirens) lerro bat, Hezeguneen pasealekuan zehar perimetro-hormaren kontra lurraren arrasean landatua. Alde horretatik, proiektuak ez du jasotzen Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren gomendioa, irismen-dokumentuan adierazita dagoena eta lubeta landareztatu bat sortzean datzana, lurzatian espazio-mugak daudela alegatu baitu.
Kotxetegi berriaren funtzionamendu-fasean, eta Betoñoko putzuari dagokionez, gauez gainditu egiten da eremu babestuetarako Kalitate Akustikoko Helburua (50 eta 55 dBA artekoa, muga 50 dBA-koa denean). Aurkeztutako dokumentazioan adierazten denez, nahiz eta aurreikusi gainditze hori ezkutatuta geratuko dela eremuan dagoen ingurumen-zaratarekin, in situ neurketak egin beharko dira funtzionamendu-fasean, maila akustikoak gainditzen ez direla ziurtatzeko. Konpentsazio-neurritzat, proposatzen da Salburua parkeko naturagune babestuan kutsadura akustikoaren eta argi-kutsaduraren diagnostiko bat egitea.
Azkenik, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, tranbia-trazadurak lehendik dauden zubien bidez zeharkatuko ditu Perretxin eta Ehari errekak, Zabalgana auzoan jada urbanizatuta dauden kaleetan, eta, beraz, ez da aurreikusten ibai-morfologian eraginik izatea. Horrek, aldi berean, mugatu egingo du Ehari errekari lotutako uhalde-enararen habitatean izan dezakeen eragina.
D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira aintzat hartuta indarrean dagoen araudia, hurrengo apartatuetan ezarritakoa eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honen aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.
Neurri horien dimentsionamenduak eta kontrolerako izendatutako langileek bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritakoak.
Neurri horiek guztiak sartuko dira obrak kontratatzeko eraikuntza-proiektuen baldintza-agirietan eta planoetan, eta beteko direla bermatzeko adinako aurrekontua izango dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
D.1.– Natura-ondarearen gaineko eragina minimizatzeko neurriak:
D.1.1.– Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak adierazitakoaren arabera –Salburua KBE/HBBE naturagunea kudeatzen duen organoa baita–, honako neurri hauek ezarriko dira kotxetegi berriak Salburuko hezegunean duen soinu- eta argi-inpaktua minimizatzeko:
D.1.1.1.– Kotxetegi berriak Betoñoko lurzatian Salburua KBE/HBBEan izango duen eragina konpentsatzeko proposatutako hots- eta argi-kutsaduren diagnostikoa egiteko azterketak, bestalde, neurri zehatzak jaso beharko ditu bere ondorioetan hezegunearen gaineko soinu- eta argi-inpaktuak arintzera zuzenduta. Neurri horiek KBE/HBBEaren eremutik kanpo zein barruan hartu ahal izango dira, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin adostuta.
D.1.1.2.– Betoñoko kotxetegiko landare-pantailak ingurumen-inpaktuaren azterketak proposatutako 2. alternatibaren konponbidea hartuko du; hau da, 1 m-ko altuerako ezponda baten gainean landatutako zuhaitz-lerro bat, Hezeguneen pasealekuan zehar lurzatiaren perimetro-hormaren gainean bermatuta. Horma babes akustikoko pantaila bat izan beharko da; altuagoa izaten ahalko da 1,5 m baino, eta landaredi bertikalarekin osatu ahal izango da. Aurreikusita dagoenez Hezeguneen pasealekuan nekostak jartzea, pantaila horri lotutako landaredi bertikala kotxetegiaren barrualderantz kokatu ahal izango litzateke.
D.1.1.3.– Horrez gain, eraikuntza-proiektua definitzean, kontuan hartuko da LED PC-Anbar erabili beharko dela Salburua KBE/HBBEko babes-eremu periferikoaren barruan luminaria berriak instalatzean edo lehendik daudenak aldatzean.
Gainera, kotxetegi berria eraikitzeko Proiektuak zehaztuko du zein eremutan ipiniko diren habia-kaxak kiropteroentzat eta abifaunako beste espezie batzuentzat (uhalde-enarak eta/edo enarak, besteak beste).
D.1.2.– Ehari errekarekin gurutzatzeko puntuan, tranbia-trazadurak bat egiten du uhalde-enararen (Riparia riparia) «interes bereziko eremua»rekin. Espezie horrek Kudeaketa-plan bat du, Diputatuen Kontseiluaren martxoaren 7ko 22/2000 Foru Dekretuak onetsia, zeinaren bidez onesten baita «Uhalde-enara (Riparia riparia)» hegaztiaren Kudeaketa-plana, babes-neurri espezifikoak eskatzen dituen espezie mehatxatua. Aurreikusitako jarduketak bateragarriak izango dira espezie hori kudeatzeko tresnarekin.
D.2.– JPHaren eta hari lotutako babes-eremuen babesarekin lotutako neurriak:
D.2.1.– Uraren Euskal Agentziak kotxetegi berrian aurreikusitako konponketa-zuloari buruz egindako txostenak ezartzen duen bezala:
D.2.1.1.– Aintzat hartuta Betoñoko putzuarekiko hurbiltasuna eta maila freatikora iristeko aukera, Eraikuntza-proiektuan kontuan hartuko dira konponketa-zuloak Betoñoko putzuan izan ditzakeen eraginak, bai ur-geruzaren mailaren alterazioari dagokionez, bai solido esekiak eta kutsatzaileak iristeari dagokionez. Bermatuko da aurreikusitako jarduketak ez duela maila freatikoan alteraziorik eragingo eta ez dela kutsatzaileen infiltraziorik gertatuko. Balorazio horren arabera, beharrezkoa izan liteke prebentzio-neurri gehigarriak ezartzea, ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutakoez gain.
Planteatzen diren neurri gehigarriak alde batera utzi gabe, ezinbestekoa izango da aurreikustea zuloa behar bezala iragazten dela, bai eta bertan sortu daitezkeen hondakinak eta isurketak biltzeko sistema bat ezartzen dela ere.
Era berean, zuloa egongo den eremuaren inguruan lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko xedez, bi piezometro instalatuko dira, zuloaren alde bakoitzean bat, itxitura estankoekin eta kota altukoekin –piezometroaren kareletik eta goiko aldetik kutsatzaileak sartzeko aukeraren aurrean isolatuta egongo dela bermatzeko–, eta lurpeko uren fluxuaren norabidean jarrita.
Piezometro horien sakonera eta ekipamendua maila freatikoaren gorabeheren araberakoa izango da, eta, ahal izanez gero, ur gutxiko garaietan erregistratutako mailatik behera 1 metrora iritsiko da. Ingurumena zaintzeko dagokion programan ezarriko dira uren laginketa eta kontrol analitikoa, bai haien aldizkakotasuna eta identifikatu beharreko substantzia kutsatzaileak, zuloaren eremurako aurreikusten diren jarduketen eta erabileren arabera.
D.2.2.– Euri-urak tranbiak garbitzeko erabiltzeari dagokionez, euri-urak deposituan bilduz aprobetxatzearen erabilera pribatiborako, nahitaezkoa izango da Uren Erregistroan inskribatzea, Uren Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 84., 85. eta 86. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
D.2.3.– Bi aldeetan libre eta erabilgarri utzi beharko da 5 m-ko zortasun-eremua, ubide publikoaren mugatik neurtuta, eta soilik baimendu ahal izango dira uholdeen aurrean kalteberak ez diren jarduerak eta bide horren hustubide-ahalmena nabarmen murrizten ez dutenak.
D.2.4.– JPHan edo JPHaren babes-eremuen barruan (zortasuna eta zaintza) egiten diren jarduketa guztiek Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik, zeina Uraren Euskal Agentzian izapidetuko den.
D.3.– Urak eta lurzoruak babestera zuzendutako neurriak:
D.3.1.– Ezertan eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak aplikatzekoak diren prozeduren esparruan ezartzen dituen baldintzak, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira:
D.3.1.1.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta fin gutxien bota beharko dira drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.
Instalazio lagungarrien, obrako makineria-parkearen eta mantentze-lanen eremu izatera zuzendutako azalerak isolatu egingo dira drainatze naturaleko saretik, eta zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, olioen eta erregaien eraginez lurzorua eta urak kutsa ez daitezen. Eremu horietan, dekantazio-putzuak jarriko dira, edota solidoak atxikitzeko eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak, hidrokarburoak bereizteko sistemez hornituta. Gailu horien dimentsioak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, bermatzeko solidoak ezin hobeto atxikitzen direla eta ziurtatzeko isurketa lokalizatua izango dela, bai eta indarreko araudiaren araberakoa ere, uraren parametro fisiko-kimikoei dagokienez. Alde horretatik, oso kontuan izango da obrak instalatzeko 3. eremua, Perretxin errekatik oso gertu baitago. Ez da onartuko erregaiaren zamalanak egitea, olioa aldatzea eta tailerreko berezko jarduerak egitea adierazitako eremuez bestelakoetan. Sistema horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta dimentsionamendua ebazpen honen D.14 atalean aipatutako lan-programetan jaso beharko dira.
Aurreko paragrafoetan aurreikusitako hondakin-urak tratatzeko sistemak aldian-aldian mantendu beharko dira, une oro ahalmen erabilgarri nahikoa izan dezaten eta tratamendu-sistemaren errendimendu optimoa berma dadin.
Sedimentu dekantatuak aldian-aldian jasoko dira, eta ebazpen honen D.7 atalean xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
D.3.1.2.– Ez da lurrik pilatuko ibilguen ertzetan, ez eta ur-geruzatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua duten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, gutxienez 30 metroko tartea utziko da ur-geruzara, eta aurreko apartatuan adierazitako urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak ezarriko dira.
D.3.1.3.– Obra-fasean nahiz ustiapen-fasean (tailerrak, kotxetegia) sortzen diren efluenteen isurketek bete beharko dituzte isurketa baimentzeko eskumena duen organoak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak.
D.4.– Zaratek eta bibrazioek eragindako ondorioak murriztera zuzendutako neurriak:
D.4.1.– Eraikuntza-fasean, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako babes-neurri guztiak aplikatu beharko dira obrari dagokionez: obra-makineria oro har mantentzea, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea, zarata sortzeko ordutegia egunera mugatzea, pantaila akustiko mugikorrak instalatzea, gomak edo antzekoak erabiltzea kolpeak hartzeko joera handiena duten makineriaren zatietan (atoiak, iraulkiak, etab.), soinu maila txikiko konpresoreak eta zulagailuak erabiltzea, etab.
Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obra-fasean erabilitako makineriak bete behar ditu aire zabalean erabiltzeko makineriaren soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, eta, bereziki, aplikagarria denean, aire zabalean erabiltzeko makina jakin batzuen inguruko soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoa.
Bestalde, proiektuak eragiten duen eremuan, obrek eragindako zaratari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak gainditu gabe garatu beharko da proiektua; hori guztia, aipatutako Dekretuaren 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe. Sei hilabetetik gorako epea aurreikusten denez obrak gauzatzeko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera soinu-inpaktuari buruzko azterketa bat egin beharko da dagozkion neurri zuzentzaileak definitzeko.
D.4.2.– Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan ezarritako immisioko muga-balioak gainditzen dituzten zarata-mailak ez transmititzeko dagozkien eremu akustikoen kanpoko eta barruko ingurumenera.
Era berean, beharrezko neurriak hartu beharko dira, tranbiaren funtzionamendutik zuzenean edo zeharka eratorritako efektu gehigarrien ondorioz ez daitezen gainditu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan zaratari dagokionez ezarritako kalitate akustikoko helburuak. Neurri horiek kalitate akustikoko helburuak mantentzeko beharrezkoak diren moteltze-mailak bermatu beharko dituzte.
Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, eremu bakoitzeko erabilera bereizgarrirako egokiak diren emisioaren, hedapenaren edo soinu-immisioaren sistema zuzentzaileak ezarri beharko dira, inpaktu horiek minimizatzeko.
Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartuko ditu etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko kalitate akustikoko helburuak gainditzea eragiten duen bibraziorik, betiere urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera. Horiek ebaluatzeko prozedura jasota dago aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2 B) zatian. Beste neurri batzuen artean, makinek moteltze-sistema zehatzak izan beharko dituzte, eragina minimizatzeko.
D.4.3.– Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 29.4 artikuluaren arabera, eraikuntza-proiektuak mugatuta eduki beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatutako arauaren 28. artikuluan ezarritako moduan.
D.5.– Kultura-ondarea babestera zuzendutako neurriak:
D.5.1.– Alde batera utzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa, obrak egiten diren bitartean izaera arkeologikoa duen aztarnarik aurkitzen bada, eremuko lanak eten egingo dira prebentzioz, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari, zer neurri hartu adieraz dezan.
D.6.– Airearen kutsadura prebenitzera zuzendutako neurriak:
D.6.1.– Obrak irauten duen bitartean, zorrozki kontrolatuko dira ibilgailuak igarotzean egin beharreko garbiketa-lanak, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara iristeko eremuetan. Aldi baterako hutsik dauden edo ibilgailuak igarotzean material partikulatua isur dezaketen gainazalak ureztatzeko eta garbitzeko sistema bat egongo da.
D.6.2.– Obra-eremuen irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistemez hornituta.
D.6.3.– Hondeaketa-materialak hezetasun-baldintzarik egokienetan garraiatuko dira, zama estaltzeko gailuak dauzkaten ibilgailuetan, lohiak edo partikulak barreia ez daitezen.
D.7.– Hondakinak kudeatzera zuzendutako neurriak:
D.7.1.– Proiektua gauzatzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakinak kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta araudi espezifikoetan aurreikusitakoaren arabera.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne. Hondakinak ezabatzera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
D.7.2.– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatuko dira Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
Aipaturiko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen eta -materialen kudeaketari buruzko azterketa bat jaso beharko du eraikuntza-proiektuan, eta azterketa horrek I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Amiantoa duten hondakinak eta/edo elementuak baldin badaude, bete beharko da otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan xedatutakoa (Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa), eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan zehaztutakoa (Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).
Era berean, eta alde batera utzi gabe otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrak, kontratistak plan bat prestatu beharko du, non azalduko duen nola beteko dituen obran sortuko diren eraikuntza- eta eraispen-hondakinei eta -materialei dagokienez dauzkan betebeharrak. Ebazpen honen D.14 atalean aipatzen den lan-programan txertatu beharko da plan hori.
D.7.3.– Zabortegira eramatekoak diren hondakinak kudeatuko dira arau hauetan ezarritako moduan: Hondakinak zabortegian utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.
Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, hondeaketa-soberakinak egongo direla aurreikusten da, eta Gardelegiko Udal Zabortegira eramango dira. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkia-printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetan erabiliz: material horien premia duten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan; horrela, betelan-instalazioetan ezabatzea ekidingo da. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).
Edozein inguruabar dela-eta hondeaketako soberakinak pilatzeko biltegiak eraiki behar izanez gero, betelan-proiektu bat idatzi beharko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokituko zaio. Horretaz gain, beste alderdi hauek ere jasoko dira proiektuan: kontuan hartutako kokaleku bakoitzerako ingurumen-eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.
Bestalde, obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze xehatua eta hondeaketaren soberakinen jarraipena helarazi beharko dizkio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, eta espresuki adierazi beharko ditu erauzi ziren lekuez bestelako leku edo obretan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Gainera, erabilera horretarako gaitzen dituzten baimenak aurkeztu beharko dira, dela hondakinen araudiaren esparruan, dela meatzeei buruzko araudiaren esparruan.
D.7.4.– Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologiak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta, nahasketa horiek saihesteko, bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak ipiniko dira.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izan beharko dira, baldin eta, hondakin horien tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero areagotu egiten bada haien arriskugarritasuna edo zaildu egiten bada haien kudeaketa. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
D.7.5.– Sortutako olio erabilia arau hauetan xedatutakoaren arabera kudeatuko da: apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.
Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati entregatu arte, estalpean biltegiratuko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikien edo balizko ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Aurrekoarekin bat etorriz, obrak instalatzeko eremuetan eremu espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak, etab.; gainera, hondakin geldoetarako edukiontzi espezifikoak gaituko dira, haietatik bereizita.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makineria mantentzearen eta hondakinak erretzearen ondorioz.
D.7.6.– Obra-fasean, kontratisten instalazio-eremuetan, gune espezifikoak egokituko dira, instalazio estaliak dauzkatela hondakin arriskutsuak (hala nola olio-latak, iragazkiak, bateriak, etab.) behin-behinean biltegiratzeko; gainera, hondakin geldoetarako edukiontzi espezifikoak egokituko dira, haietatik bereizita. Halaber, obran zehar, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira (bidoiak, etab.). Hondakin horiek beren izaeraren arabera bereiziko dira, aipatutako garbiguneetan aldi baterako biltegiratu baino lehen.
D.7.7.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen dokumentuak erantsi beharko zaizkio txosten horri.
D.7.8.– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
D.8.– Lurzoruaren kalitatea eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak direla bermatzera zuzendutako neurriak.
D.8.1.– Proiektuan aldaketarik egiten bada, eta aldaketa horiek eragina badute kutsatzaileak eduki ditzaketen lurzoruetan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Era berean, obrak gauzatzean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak detektatzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
D.9.– Ukitutako azalerak leheneratzeko neurriak:
D.9.1.– Obrak eragindako eremu guztietarako egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz alteratu egin badira. Leheneratze horrek landare-estalkia izan dezaketen espazio guztiak landareztatzea ekarriko du, eta, halaber, hiriguneetako lorezaintza-elementuak birjartzea.
D.9.2.– Lur-mugimenduak egiten diren bitartean, batez ere Betoñoko lurzatian, landare-lurra modu bereizian kendu, bildu eta zabalduko da, eragindako eremuak leheneratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren. Gerora landareztatze-lanetan erabiltzeko kendutako landare-lurra modu egokian biltegiratuko da, eta saihestu egingo da hura trinkotzea, era desegokian pilatzea eta euria egiten duen egunetan manipulatzea. Gainera, pilatutako lurrak modu egokian mantendu beharko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa egingo da.
D.9.3.– Kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea detektatzeko eta saihesteko. Ildo horretan, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan kokatu daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko. Era berean, kontrolatu egin beharko da landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, eta saihestu egingo da flora inbaditzaileko espezieekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea, hala nola Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana edo beste batzuk (lurzatiaren hegoaldeko muturrean Robinia pseudoacaciaren bost oin daude erreferentziatuta). Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
D.9.4.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei emango zaie lehentasuna.
D.10.– Hiri-landaredia hobetzera zuzendutako neurriak:
D.10.1.– Espaloietan lerrokadura-zuhaitzak hobetzeari buruz Vitoria-Gasteizko Udalak egindako txostenean ezartzen den bezala, zuhaitz-txorkoak berritu egin beharko dira, eta haietan landatutako aleen ordez espezie berriak ipini, adaburu ertain edo zabalekoak; bestalde, horien inausketak behar bezala kudeatuko dira, fatxadetatik gertuko eremuan alboranzko pantailak lortzeko eta zuhaitzen adaburuak galtzadarantz eta aparkalekuetara behar bezala garatzeko, horrela areagotu egingo baita tranbiak zeharkatuko dituen kaleei itzala emateko ahalmena.
D.11.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea:
D.11.1.– Obrek irauten duten bitartean, langileek jardunbide egokien sistema bati jarraitu beharko diote, besteak beste helburu hauek ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.
– Ongi kontserbatutako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.
– Hondakinik ez isurtzea eta lurzorua eta ura ez kutsatzea olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Proiektuaren eraginpeko eremuaren inguruko biztanleei zaratak eta hautsak eragindako eragozpenak saihestea.
D.12.– Garbitzea eta obra bukatzea:
D.12.1.– Obrak amaitutakoan, garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da, eta Proiektuaren eraginpeko eremuak inolako obra-hondarrik gabe geratu beharko du. Sortzen diren hondakinak atera egingo dira eremutik, eta ebazpen honen aurreko ataletan hondakinen kudeaketari buruz xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
D.13.– Konpentsazio-neurriak:
D.13.1.– Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, honako neurri hauek gauzatuko dira proiektuak Salburuko hezegunean sortutako eragina konpentsatzeko –neurri horiek Konpentsazio-plan batean jaso beharko dira, eta, bertan, neurriei hasiera emateko egutegi bat ezarriko da–:
– Salburua parkeko naturagune babestuan soinu- eta argi-kutsaduren diagnostikoa egiteko azterketa (Euskal Trenbide Sareak hartutako konpromisoa), hezegunearen gaineko soinu- eta argi-inpaktuak arintzeko neurri zehatzak jasoz, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenak ezartzen duen bezala.
– Arkautiko aintzira-ontzian uharteak egokitzeko proiektua, Salburua KBEaren barruan (Vitoria-Gasteizko Udalak hartutako konpromisoa).
– Betoñoko hezegunearen inguruneko hirigintza-presioari aurre egiteko azterketa (Vitoria-Gasteizko Udalak hartutako konpromisoa).
– Lurrak eskuratzea / lurraldea zaintzea Salburuko hezegunearen eta bere babes-eremu periferikoaren zati baten alboko 2 hektarea baino gehiagoren galera konpentsatzeko (Vitoria-Gasteizko Udalak hartutako konpromisoa). Elorriagako eta Arkautiko Administrazio Batzordearen titulartasuneko bi lurzatien jabari-emakida Vitoria-Gasteizko Udalari: 20. poligonoko 261. lurzatia, 27.637,79 m2-koa, eta 20. poligonoko 262. lurzatia, 29.344,19 m2-koa. Biak lehorreko laborerako erabiltzen dira gaur egun, eta naturalki berroneratuko dira, Salburuko hezegunearen eta bertako biotaren kontserbazio-egoera orokorra hobetzen laguntzeko.
– Salburua auzoko euri-uren kolektorearen eta efluentearen diagnostikoa eta hobetzeko proposamenak (Vitoria-Gasteizko Udalak hartutako konpromisoa).
D.13.2.– Aurreko atalean aipatutako azterketen eta diagnostikoen ondoriozko neurriak hirugarrenek gauzatu ahal izateko behar besteko xehetasunekin garatu beharko dira, eta proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira.
D.14.– Ingurumen-aholkularitza:
D.14.1.– Obra amaitu arte eta obraren bermealdian zehar, obra-zuzendaritzak aholkularitza bat eduki beharko du, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan kualifikatua. Obra-zuzendaritzak, baldintza-agirian esleitzen zaizkion gaien inguruan ebazpenak formulatu baino lehen, aholkularitza hori ematen duten espezialisten txostena jasoko du.
D.14.2.– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokiak kontrolatuko ditu obra gauzatzen den bitartean; hortaz, besteak beste, egiaztatuko du Proiektuko ekintzek izan duten eragina, arreta berezia jarriz makineriaren mugimenduei, hautsaren eta zarataren sorrerari, hondakinen kudeaketari eta natura-ondarearen kontserbazioari.
D.15.– Jarduera uztea:
D.15.1.– Alde batera utzi gabe jarduera uztean aplikatzekoa den araudi espezifikoa, desmuntatze-lanak egingo dira obra-faserako ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileen antzekoak aplikatuz, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu egin beharko dira.
D.16.– Lan-programa diseinatzea:
D.16.1.– Obrak hasi baino lehen, kontratistak proposamen zehatz batzuk egin beharko ditu, ondorengo azpiataletan aipatzen diren alderdiak jasotzen dituztenak gutxienez.
Proposamen horiek lanak gauzatzeko programan sartuta geratuko dira, eta obra-zuzendariak espresuki onetsi beharko ditu, ebazpen honen D.14 atalean aipatzen den ingurumen-aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Programa horrek dokumentu hauek jaso behar ditu:
– Kontratistaren instalazio-eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak; hala badagokio, pilaketen aldi baterako kokapena, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta bestelako edozein egitura barne hartzen dituena.
– Ebazpen honen D.3 atalean aurreikusitako urak bideratzeko sareen eta efluenteak tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
– Obran sortuko diren eraikuntza- eta eraispen-hondakinei dagokienez dauzkan betebeharrak nola gauzatuko dituen azaltzen duen plana, bat etorriz Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoarekin.
E) Ingurumena Zaintzeko Programa:
Ingurumena Zaintzeko Programa gauzatu beharko da Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeari buruzko informazio-azterlana eguneratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eta ondoren zehazten diren kontrolak erantsi beharko dira.
Programa hori obrak kontratatzeko baldintza-agirian txertatu beharko da, eta hura beteko dela bermatzeko aurrekontua izango du.
E.1.– Gorabeheren erregistroa:
E.1.1.– Obrak gauzatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa eraman beharko da, baita neurri babesleen eta zuzentzaileen betetze-mailarena ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egongo da erregistroa, eta obrak amaitutakoan hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean egin diren aldaketa puntualak –halakorik egin bada– xehetasunez dokumentatu beharko dira. Aldaketa horiek justifikatu egin beharko dira ingurumenean duten eraginaren ikuspuntutik.
Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipena jasotzen duen txosten bat aurkeztu beharko da, indarrean dagoen legerian aurreikusitako hondakinen kontrol-, jarraipen- eta onarpen-dokumentuak jasotzen dituena.
E.2.– Obraren okupazio-mugak kontrolatzea:
E.2.1.– Egiaztatuko da egindako okupazioa bat datorrela proiektuaren aurreikuspenekin, obrek ez diotela aurreikusitakoa baino azalera handiagoari eragiten, eta babes-markak egoera onean mantentzen direla. Era berean, makineria-parkearen, instalazio lagungarrien eremuen eta soberakinen biltegien kokapen egokia eta egoera kontrolatuko dira; gainera, bermatuko da horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dauzkatela (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, etab.).
E.3.– Obretan zehar uren kalitatea kontrolatzea:
E.3.1.– Obra-fasean, astero kontrolatuko dira dekantazio-sistemetako efluenteak, parametro hauek analizatuz:
– pH-a.
– Tenperatura.
– Koipeak eta hidrokarburoak.
– Konektagarritasuna.
– Solido esekiak.
E.3.2.– Oro har, ingurune urtarrera isurketak egin daitezkeen obra-atazak irekita dauden lekuetan, ebazpen honen D.14 atalean aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak astero egiaztatuko du ur horiek isuri aurretik kanalizazio-, drainatze- eta atxikipen-gailuek behar bezala funtzionatzen dutela, eta aztertuko du ibilgura isuritako finik badagoen.
E.3.3.– Halaber, ebazpen honen D.3 atalean ezarritako solidoak atxikitzeko gailuetatik etorritako isurketa-urak, bai eta ibilgailuak garbitzeko sistemetakoak ere, isuri aurretik aztertuko dira, eta, kasu guztietan, organo eskudunak isurketa-baimenean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Hilero aztertuko dira gutxienez parametro hauek: emaria, pH-a, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.
E.3.4.– Detektatzen baldin bada sistema horien funtzionamendua ez dela eraginkorra, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, lanak eragina sortzen duten atazetan aldi baterako geldiaraztea barne, esekitako materialez kargatutako urak gainazaleko uretara iristea saihesteko.
E.4.– Zaratak eta bibrazioak kontrolatzea:
E.4.1.– Obra- eta funtzionamendu-faseetan, zarataren eta bibrazioen kontrola egingo da. Kontrol horiek EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako prozeduren arabera diseinatu eta egingo dira.
E.5.– Airearen kalitatea kontrolatzea:
E.5.1.– Obra-fasean kontrolak egingo dira, ikusteko nolakoa den airearen kalitatea lur-mugimenduen, materialen zamalanen eta makineria astunaren trafikoaren ondorioz hauts esekia sortzeagatik, legez ezarritako kalitate-helburuak gainditzen ez direla egiaztatzeko.
E.6.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea:
E.6.1.– Obra amaitu eta hurrengo hiru urteetan zehar, proiektuak ukitutako azaleren leheneratzeak izandako arrakastaren jarraipena egingo da aldian-aldian.
E.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak bidaltzea:
E.7.1.– Ingurumena Zaintzeko Programa osatzen duten analisien eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuta geratuko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Emaitza horiek urtean behin bidaliko dira.
E.7.2.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena aurkeztu beharko da. Txosten horrek emaitzen analisia jasoko du –aipamen berezia egingo die aldi horretan izandako gorabehera garrantzitsuenei, haien balizko kausei eta konponbideei–, bai eta laginak hartzearen xehetasunak ere, aurrez zehaztu ez diren kasuetan.
E.7.3.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzen edo neurri prebentibo eta zuzentzaileen betetze-mailari buruzko jarraipen-txostenak Ingurumena Zaintzeko Programan aurreikusitako neurrien egiaztapen-zerrenda bat jasoko du. Bai Ingurumena Zaintzeko Programa eta bai egiaztapen-zerrenda publiko egingo ditu organo substantiboak bere egoitza elektronikoan, eta ingurumen-organoari argitalpen horren berri emango zaio.
E.7.4.– Kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudia alde batera utzi gabe, proiektuaren sustatzaileak gutxienez bi urtez gordeko ditu datuak euskarri egoki batean, eta Administrazio publikoetako ikuskapen-zerbitzuen eskura egongo dira.
E.8.– Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina:
E.8.1.– Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategin bat prestatu beharko du, zeinak jasoko baititu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebehar guztiak eta Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnak.
Programa horrek kontrolatu beharreko parametroak zehaztu beharko ditu, eta adierazi beharko ditu parametro bakoitzerako erreferentzia-balioak, laginketa- eta analisi-metodologia, kontrol-puntuen xehetasunezko kokapena kartografian, horien aldizkakotasuna eta haiek gauzatzeko aurrekontu xehatua.
Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta geratu beharko du programak.
E.9.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Sustatzaileak jarraian aipatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:
E.9.1.– Eraikuntza-proiektua onetsi baino lehen, Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.
E.9.2.– Obrak hasi baino lehen, Konpentsazio-plana. Bertan, ekintzak zehaztuko dira eta haiei hasiera emateko egutegi bat ezarriko da, ebazpen honen D.13.1 atalean aurreikusitakoaren arabera.
E.9.3.– Obrak hasi aurretik, ingurumen-leheneratzea, ebazpen honen D.1.1.2 atalean kotxetegi-lurzatiaren landare-pantailari buruz jasotako xehetasunak barne.
E.9.4.– Obrak amaitutakoan, obrak garatzean sortutako gorabeheren erregistroa, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-mailarena ere, ebazpen honen E.1 atalean aurreikusitakoaren arabera.
E.9.5.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, lur-mugimenduen balantze xehatua eta hondeaketa-soberakinen jarraipena, espresuki adieraziz erauzitako toki edo obrez bestelakoetan eraikuntza-erabileretara bideratutako materialen kantitateak eta ezaugarriak. Gainera, erabilera horretarako gaitzen dituzten baimenak aurkeztu beharko dira, dela hondakinen araudiaren esparruan, dela meatzeei buruzko araudiaren esparruan.
E.9.6.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, obra-faseko hondakinen ingurumen-jarraipena jasotzen duen txostena, ebazpen honen D.7 atalean adierazitakoa.
F) Neurri babesle eta zuzentzaileak, bai eta ingurumena zaintzeko programa ere, aldatzeko egin ahal izango dira, eta halaber neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak, hala komeni bada araudi berria indarrean jartzeagatik edota inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, erabaki ahal izango du neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edota ofizioz. Hori guztia ingurumena zaintzeko programak lortutako emaitzetan oinarrituta egingo du, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle eta zuzentzaileak edo konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek galdu egingo du indarra, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, salbu eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea erabakitzen bada. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.
Laugarrena.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondoreetarako, proiektuaren sustatzaileak behar besteko aurrerapenarekin jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari jakinaraztea.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abuztuaren 26a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS