
181. zk., 2025eko irailaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (361 KB - 22 orri.)
- EPUB (141 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3990
AGINDUA, 2025eko irailaren 16koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena, 2025. urtean (Euskalgintza deialdia).
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 6. artikuluak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, hizkuntza politika eta euskararen sustapenaren inguruko egitekoak izendatu zizkion.
Bestalde, azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak (abenduaren 3ko EHAA, 235. zk) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari bere 15.2 artikuluan:
c) Hizkuntza-bizikidetzan oinarritzen den gizarte-aktibazioa indartzeko ekimenak bultzatzea eta, bereziki, Euskaraldia sustatzeko eta koordinatzeko lanak egitea.
d) Euskarak ingurune digitalean duen presentzia sustatzeko ekimenak eta programak bultzatzea.
f) Haurrak eta gazteak eremu informaletan euskara erabiltzera sustatzeko ekimenak eta programak proposatu eta kudeatzea, bereziki ahozkotasunari lehentasuna emanez.
g) Gazteen beharrak asetzeko euskarazko ingurunea sortzeko ekimenak bultzatzea.
h) Euskal-kulturaren arloan dabiltzan organismo eta elkarteekin batera, euskararen erabilerarako interes globaleko proiektuak garatzea.
j) Bere kabuz edo beste entitate edo organo batzuekin elkarlanean, dagokion egiteko nagusia betetzera bideratutako beste edozein jarduni ekitea.
l) Euskarazko kultura-produktuen kontsumoa sustatzea.
Aurrekoari helduz, eta jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Oraingo agindu honen bitartez, gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko, 2025eko dirulaguntza deialdia egitea erabaki du.
Halaber, 2025eko otsailaren 27an, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2025-2028 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (PES) onartu zuen (https://www.euskadi.eus/sail-plana/pes-2025-2028-dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhk/eu/). Plan Estrategikoa oinarrizko betebeharra da, eta edozein dirulaguntza ezarri baino lehen izan behar da indarrean. Plan hau (Estrategikoa) eta urtez urte onartzen den Urteko Dirulaguntzen Plana (PAS), sailaren politika antolatzeko tresna dira. Izan ere, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako edo gizarteak erabiltzeko den jarduera bat sustatzea edo helburu publikoren bat lortzea jomuga duten jardun-arloetan laguntzeko tresnak dira. Aipaturiko PES horretan eta 2025eko PAS horretan, dirulaguntza deialdi hau argitaratzea jasota dago.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2025ean burutuko dituzten egitasmoei zuzenduriko dirulaguntzak arautu eta dei egitea (Euskalgintza deialdia).
2. artikulua.– Epea.
Laguntza-deialdi honek 2025ean burutuko diren egitasmoak baino ez ditu aintzat hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edo gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2025. urtean eskaini, eman edo gizarteratuko dira.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Hauek dira dirulaguntza deialdiaren hartzaileak: Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna edo sozietatearen helbidea duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legez eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera.
2.– Ezingo dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan:
a) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
b) Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak edo erakundeak.
c) Krisialdian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera.
3.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du. Hala ere, elkarlanean arituko diren guztiek bete beharko dituzte onuradun izateko baldintzak.
4.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzko 2023ko otsailaren 13ko Aginduak xedatutakoa aplikatuz.
Pertsona fisikoek zein juridikoek berariaz uka dezakete baimen hori, eta, hala egiten badute, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Horren bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu.
5.– Dirulaguntza deialdi hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, dirulaguntzarik esleituz gero, onuradunak Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko du.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egitasmoak.
1.– Honako hauek dira, multzoka emanda, diruz lagun daitezkeen egitasmoak; betiere, egitasmoa Euskal Autonomia Erkidegoko jasotzaileei zuzenduta badago.
A multzoa: Euskararen erabilera eremu ez-formaletan.
A1.– Euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko esparru ez formaleko egitasmoak, bereziki nerabe eta gazteen aisialdiko gune monitorizatuetan (kirolean, kulturan eta aisialdi taldeetan) antolatzen direnak.
A2.– Aisialdiko hezitzaile, dinamizatzaile edo begiraleei begira, euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza (batik bat, haur eta gazte taldeetan euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategiak edo gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko esku-hartzeak).
A3.– Kiroletako begirale edo entrenatzaileentzako euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza.
A4.– Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak. Lehenetsiko dira mintzapraktika lantzeko egitasmoak eskola eremuan, betiere, curriculum esparrutik eta gelatik kanpo.
B multzoa: Euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programak (telp, eusle, ulerrizketak, euskaraldia...), ekintzak eta jarduerak.
C multzoa: Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.
D multzoa: Euskararen presentzia ingurune digitalean.
D1.– Teknologia berrietan oinarrituta, nerabe eta gazteen aisialdirako euskarazko edukiak sortu eta hedatzea helburu duten egitasmoak: bideo-tutorialak, irudi biziak, youtuberrak, influenzerrak, erronkak, lehiaketak, blogak, podcastak... biltzen dituzten ekimenak.
D2.– Euskarazko atari digitalak. Interneten zerbitzuak euskaraz soilik eskaintzen dituzten webgune ez komertzialak.
D3.– Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten webgune tematiko ez komertzialak.
D4.– Teknologia berrietan oinarrituta eta euskara hutsean jarduten duten hedabideen artean sortutako ikus-entzunezko egitasmoak (gehienez ere, 2 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
E multzoa: Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
F multzoa: Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak.
G multzoa: Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak.
2.– Nolanahi ere, honako egitasmo hauek ez dute laguntza-mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:
a) Hiztunen artean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin lotura zuzena ez duten ekintzak (hala nola, musika-emanaldiak, kantaldiak, dantzaldiak, bestelako ikuskizunak, herri kirolak, era guztietako jaialdiak, otorduak eta abar).
b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa/Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalizaziorako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2025eko dirulaguntzen deialdian onuradun diren egitasmoak.
c) Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Foru Aldundiak, Nafarroako edozein udalek) 2025ean diruz lagundu dituen edo lagundu ahalko dituen Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei zuzendutako egitasmoak.
d) Liburu-azoketan parte-hartzearekin eta estrategiekin zuzeneko lotura daukaten egitasmoak.
e) Enpresa edo elkarteen ohiko jardunaren edo produktuen berri ematen duten argitalpenak, eta zuzenean euskararen erabileratik ez datozen gastuak.
f) Hedabideen sustapenerako egitasmoak.
g) Araubide orokorretan zein berezikoetan erabiltzekoak izanik, ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatu, ikus-entzunezko edo elektronikoak gauzatzeko asmoz aurreikusitako egitasmoak.
h) Literatura-lanen zabalkundea egite aldera liburuen edizioa helburu duten egitasmoak, bai paperezko edizioak zein bestelako formatuetarako egiten diren bertsioak.
i) Euskara ikasteko metodoak eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen eremuko jarduerak.
j) Lan munduan euskararen sustapena edo garapena helburu duten egitasmoak.
k) Ikerketak, itzulpenak eta urtekariak.
l) Dantza, ikus-entzunezkoak, antzerkigintza... sustatzea helburu duten egitasmoak edo euskalgintzarekin lotura zuzena ez dutenak.
m) Bi hizkuntza ofizialetan egindako argitalpenak.
n) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen dituen dirulaguntza deialdien bitartez lehendik diruz lagundutako produktuen edizio berriak edo bertsio gaurkotuak.
o) Eremu akademikoan euskararen sustapena edo garapena helburu duten egitasmoak. Kanpoan geratuko dira era guztietako erakundeek antolatutako ikastaroak eta euskara ikasteko ikastaroak.
p) Teknologia berrietan oinarrituta eta euskara hutsean jarduten duten hedabideen artean sortutako ikus-entzunezko egitasmoen kasuan, kanpoan geldituko dira kapitalean partaidetza duten entitateak edo entitatearen organoetan partaidetza dutenak.
5. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Agindu honen babespean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko 1.704.000,00 euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.
2.– Kopuru hori honela banatuko da:
(Ikus .PDF)
3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, baldintzak betetzen ez direlako edo aurkeztutako eskabideen kalitaterik ezagatik modalitateetako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, balorazio-batzordeak beste modalitate batean ezarritako kopurua gehitzea proposatuko du, eta zuzendaritza kudeatzaileak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari proposamena luzatuko dio, agindu honen 14.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Hauek joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura badute. Nolanahi ere, honako hauek kanpoan utziko dira:
a) Egitasmoa erdaraz egiteari dagozkion gastuak.
b) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.
c) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.
d) Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion eskatzailearen jardun orokorreko gastuak (langileria, gastu arrunta, e.a.).
2.– Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusia ez dutelako) agertzen badira, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, zuzendaritza kudeatzaileak eskatzaileari esango dio ezabatzeko edo arazteko, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
3.– Egitasmo orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, ezinbestean, hau da, diru sarrerek eta diru irteerek bat egin behar dute. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari egindako diru-eskabidea aintzat hartuta. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpoan utziko da.
4.– Egitasmo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den egitasmoa kanpoan utziko da. Finantzaketa-maila hori gastu-aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.
5.– Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauek osatuko dute:
a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.
b) Zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak.
c) Produktu-salmentatik eskuratutakoak.
d) Publizitatetik eskuratutakoak.
e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.
Finantzaketa propioa kalkulatzeko orduan, ez da kontuan hartuko talde bereko kideen artean egindako elkarren arteko fakturazioa.
6.– Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie dirulaguntza, hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako dirulaguntza publikoekin berdindu ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak kanpoan utziko dira.
7.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edo dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.
7. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.
1.– Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da onuradun batek azpikontratazioa egiten duela diruz lagundutako xedea den jarduera osorik nahiz zati batean burutzea beste inorekin hitzartzen duenean. Atal horretatik kanpo gelditzen dira diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko onuradunak nahitaez kontratatu behar izango dituen gastuak.
2.– Onuradunak ezin du diruz lagundutako jardueraren % 50 baino gehiago azpikontratatu besterekin. Ezin dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua handiagotu eta, aldi berean, haren edukiari balio erantsirik gehitzen ez dioten ekintzak.
3.– Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiagokoa bada, kontratazioak betekizun hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Kontratua egin baino lehen, kontratua egiteko baimena ematea, oinarri erregulatzaileetan ezarritako moduan, dirulaguntzaren entitate emaileak.
4.– Halaber, onuradunak ezin izango du azpikontratatu diruz lagundutako jarduerak guztiz edo zati batean burutzea honako hauekin:
a) Dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretako batean dauden pertsona edo erakundeak, 3.2 oinarrian xedatutakoaren arabera.
b) Kontratatu nahi den jarduera horretarako beste dirulaguntzak jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.
8. artikulua.– Dirulaguntzaren mugak.
Egitasmo bakoitzari esleitutako dirulaguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da. Edozein kasutan, gehienez ere, 30.000 eurokoa izango da, eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko, hau da, egoera horretan aurkitzen den egitasmoa ez da diruz lagunduko. Nolanahi ere, aurreko muga horiei honako salbuespen hauek aplikatuko zaizkie:
a) 75 puntutik gora lortzen dituzten egitasmoek dagokien dirulaguntza jasoko dute, nahiz eta hori 2.000 euro baino txikiagoa izan.
b) Agindu honen 16.1 artikuluaren multzo guztietako a) apartatuan zehaztutako irizpidean 28 puntu lortzen ez dituen egitasmoak ezin izango du, inondik inora, 20.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso.
c) D4 azpimultzoan, asko jota, 75.000 eurokoa izango da dirulaguntza-muga, eta gehienez ere 2 egitasmo diruz lagunduko dira, hau da, puntuazio altuena lortzen dutenak.
9. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, betiere gainfinantzaketarik ez bada, eta gutxieneko finantzaketa-maila propioa errespetatuz. Agindu honen indarraldia amaitu eta 23. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero, gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 21. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.
Salbuespen moduan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak deitutako bestelako dirulaguntzekin ez da bateragarria izango.
10. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.
1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, dirulaguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak –presentziala nahiz elektronikoa– ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera. Hala ere, , Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1 artikulua kontuan izan behar da. Horren arabera, enpresaburu indibidualak edo autonomoak –lanbide-jarduera egiten dituzten izapide eta jarduketetarako– bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte administrazio-prozeduraren izapideak egiteko.
– Aurrez aurre: eskabideak aurkeztea eta ondorengo izapideak egin ahal izango dira agindu honen 11.2 artikuluan adierazitako tokietan.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahal izango dira, euskadi.eus gunean, artikulu honetako 3. apartatuan adierazitako helbidean.
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, euskadi.eus gunean, hurrengo apartatuan adierazitako helbidean. Era berean, bide horri jarraituko diote prozeduraren gainerako pausoetan ere.
3.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein elektronikoaren bidez, euskadi.eus-eko gune elektroniko hauetan daude eskuragarri:
A multzoa: eremu ez-formalak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000042
B multzoa: euskal hiztunen aktibazioa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000043
C multzoa: erdaldunak eta etorkinak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000044
D multzoa: edukiak Interneten: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000045
E multzoa: familia bidezko transmisioa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000046
F multzoa: jardunaldiak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000047
G multzoa: irakurketa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1000048
4.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz gero, gune honen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta dokumentazioa.
1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.
2.– Pertsona fisikoen kasuan, izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke:
– Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria gutun-azal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.
3.– Bestalde, izapidetze elektronikoaren kasuan, agindu honen 10. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
5.– Eskabide-orriarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
5.1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.
a) Pertsona juridiko pribatuak:
Kasu guztietan entitatea legez eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:
– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.
– Ordezkariaren nortasuna (ofizioz egiaztatuko da).
– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).
– Eskatzailearen IFZ (ofizioz egiaztatuko da).
Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba baldin bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango da eskatzaileak hori adieraztea agindu honen eskabide-orrian, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.
b) Pertsona fisikoak:
– Nortasunaren egiaztapena (ofizioz egiaztatuko da).
– Autonomoen Erregimenean edo dagokion lan-mutualitatean alta emanda dagoela egiaztatzea.
c) Eskatzaileak a) edo b) apartatuetan aipatutako agiriak aldez aurretik Administrazioan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz egiaztatuko du. Horretarako nahikoa izango da eskabide-orrian adieraztea zein sailetan edo zuzendaritzatan aurkeztu ziren.
d) Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, erantsi beharreko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat, egitasmoei dagokien dokumentazioa izan ezik.
5.2.– Egitasmoari buruzko dokumentazioa.
Eskabide-orriarekin batera, diruz lagun daitekeen egitasmoari buruzko informazioa jasotzen duen formularioa ere aurkeztu behar da.
D3: Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten webgune telematiko ez komertzialak multzoko eskaeretan eskatzaileak eskabidearekin batera urtearen hasieratik (2025eko urtarrilaren 1etik) Agindua argitaratu bitartean argitara emandako albisteen zerrenda aurkeztu beharko du, eta zerrenda horrek albiste bakoitzaren Interneterako esteka jasoko du.
5.3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9. artikuluari jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bitartez egiaztatuko da onuraduna ez dagoela egoera hauetako batean:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
k) Kapital gehiena publikoa eta gainera fundazio-ondarea edo gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza nagusiki publikoa duten entitateak.
l) Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabe ez direnak.
m) Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako kasuren batean daudenak.
n) Nolanahi ere, ez dute laguntza mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa/Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2025eko dirulaguntzen deialdian onuradun direnak.
ń) Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Foru Aldundiak, Nafarroako edozein udalek) 2025ean diruz lagundu dituen edo lagundu ahalko dituen Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei zuzendutako egitasmoentzako deialdian onuradunak direnak ere ez dute sarbiderik izango.
o) Dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan aurreikusitako eran.
Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren heinean edo gehiagoan betetzen direnean (hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik aurreko ekitaldian fakturen % 90 ordainduta edukitzea abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean baino epe laburrago batean).
6.– Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon ezean, edo bertan dauden bankuaren datuak aldatu nahi izanez gero, nahiz bide presentziala, nahiz elektronikoa erabili, honako gune honetan aurkitu daiteke informazioa: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Pertsona juridikoren batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren kudeaketa.
Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.
14. artikulua.– Esleipen-prozedura.
1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak lehiaketa prozeduraren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkaturiko irizpideak erabiliz. Zeregin horretarako balorazio-batzordeak txostena landuko du; honako urrats hauek egingo ditu, hurrenez hurren:
1.1.– Egitasmoek eta eskatzaileek aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten aztertu.
1.2.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari dagokienez:
a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.
b) 6. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari bakarrik egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion eskatzailearen jardun orokorreko gastuak (langileria, gastu arrunta, e.a.).
c) Aurreko apartatuan aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horrelakoetan, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua eta laguntza-eskabidea hartuko dira erreferentzia-oinarritzat, baita eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa ere.
1.3.– Puntuei dagokienez:
a) Aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten egitasmoak, agindu honen 15. artikuluan finkatutako irizpideen arabera baloratuko dira.
b) Egitasmoek, aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik 65 edo gehiago lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherakoa lortzen duten egitasmoek ez dute dirulaguntzaren banaketan sartzerik izango, eta, ondorioz, ez dute dirulaguntzarik hartuko.
c) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estaldura-indizea zehaztuko dute. Estaldura-indize hori honako hau izango da:
(Ikus .PDF)
2.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 8. artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.
3.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako dirulaguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan-kasuan esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.
4.– Ebazpen-proposamena lantzerakoan, zuzendaritza kudeatzaileak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean diru soberakina izan eta besteren batean diru-falta balego, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du, eta horrela jasoko da zuzendaritza kudeatzaileak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan. Birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Nolanahi ere, A, B, C eta D multzoen beharrak lehenetsiko dira, hurrenkerak finkatzen dituen lehentasunak gogoan izanik.
15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Laguntza-eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:
A multzoa:
a) Egitasmoaren ezaugarriak: eragina, originaltasuna, berritasuna eta kalitatea: 45 puntu.
Irizpide hau aplikatuko da proiektuen balorazio global bat eginda, ezin baita datu objektibo soiletan oinarrituta kalkulatu, baizik eta ikuspegi kualitatibo baten bidez. Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak», «Gu Gazteok» eta «Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024» argitalpenetan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus)
– Eragina (10 puntu).
– Originaltasuna, berritasuna eta balio erantsia (15 puntu).
– Kalitatea (20 puntu).
b) Egitasmoaren intentsitatea: 10 puntu.
– Intentsitate handikoa, sarri egiten dena, jarraitua, puntuala, ordu gutxikoa.
c) Eragin eremua: 30 puntu.
– Eremu soziolinguistikoa (15 puntu).
– Parte hartzaile kopurua (15 puntu).
d) Egitasmoak entitatearen helburuarekin duen lotura: 10 puntu.
– Lotura zuzena, agerikoa, zeharkakoa, loturarik eza.
e) Genero berdintasuna: 5 puntu.
– Neurri egokiak, orokorra, aipamenik eza.
B multzoa, C multzoa, E multzoa eta G multzoa:
a) Hizkuntza normalkuntzan izan dezakeen eragina: originaltasuna, berritasuna eta kalitatea: 45 puntu.
Irizpide hau aplikatuko da proiektuen balorazio global bat eginda, ezin baita datu objektibo soiletan oinarrituta kalkulatu, baizik eta ikuspegi kualitatibo baten bidez. Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak», «Gu Gazteok» eta «Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024» argitalpenetan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus).
– Eragina (10 puntu).
– Originaltasuna, berritasuna eta balio erantsia (15 puntu).
– Kalitatea (20 puntu).
b) Egitasmoaren intentsitatea: 10 puntu.
– Intentsitate handikoa, sarri egiten dena, jarraitua, puntuala, ordu gutxikoa.
c) Eragin eremua: 30 puntu.
– Eremu soziolinguistikoa (15 puntu).
– Parte hartzaile kopurua (15 puntu).
d) Proposatutako ekintzaren bidez eragileen arteko sare-lana, lankidetza eta koordinazioa: 10 puntu.
– Handia, talde edo elkarte ugari zehaztuta, lankidetza publiko pribatua, talde edo elkarte gutxi batzuk, denak pribatuak, elkarte solteren bat.
e) Genero berdintasuna: 5 puntu.
– Neurri egokiak, orokorra, aipamenik eza.
D multzoa: (D4 azpimultzoan, gehienez ere, 2 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
a) Egitasmoaren kalitatea eta egokitasuna: 50 puntu.
– Berrikuntza (10 puntu).
– Erabilgarritasuna (10 puntu).
– Eduki mota (15 puntu).
– Jarraikortasuna (15 puntu).
Irizpide hau aplikatuko da proiektuen balorazio global bat eginda, ezin baita datu objektibo soiletan oinarrituta kalkulatu, baizik eta ikuspegi kualitatibo baten bidez. Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak», «Gu Gazteok» eta «Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024» argitalpenetan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus).
b) Egitasmoaren diseinua: 30 puntu.
– Erakargarritasuna (10 puntu).
– Eguneraketa: maiztasuna (10 puntu).
– Euskararen kalitatea: bermea (10 puntu).
c) Egitasmoaren gaiaren interesa: 10 puntu.
– Gaia. 5 puntu.
– Publikoa: 5 puntu.
d) Genero berdintasuna: 5 puntu.
– Neurri egokiak, orokorra, aipamenik eza.
e) Elkarrekintza: 5 puntu.
F multzoa:
a) Hizkuntza normalkuntzan izan dezakeen eragina: originaltasuna, berritasuna eta kalitatea: 45 puntu.
Irizpide hau aplikatuko da proiektuen balorazio global bat eginda, ezin baita datu objektibo soiletan oinarrituta kalkulatu, baizik eta ikuspegi kualitatibo baten bidez. Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak», «Gu Gazteok» eta «Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024» argitalpenetan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus).
– Eragina (10 puntu).
– Originaltasuna, berritasuna eta balio erantsia (15 puntu).
– Kalitatea (20 puntu).
b) Egitasmoaren intentsitatea: 10 puntu.
– Intentsitate handikoa, sarri egiten dena, jarraitua, puntuala, ordu gutxikoa.
c) Eragin eremua: 30 puntu.
– Eremu soziolinguistikoa (15 puntu).
– Parte hartzaile kopurua (15 puntu).
d) Proposatutako ekintzaren bidez eragileen arteko sare-lana, lankidetza eta koordinazioa: 10 puntu.
– Handia, talde edo elkarte ugari zehaztuta, lankidetza publiko-pribatua, talde edo elkarte gutxi batzuk, denak pribatuak, elkarte solteren bat.
e) Genero berdintasuna: 5 puntu.
– Neurri egokiak, orokorra, aipamenik eza.
2.– Aurreko puntuan finkatutako irizpideetako bakoitzari dagokion puntuazioaren zehaztapena, balorazio-batzordeak berariaz prestatutako zerrenda batean jasoko da. Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio zerrenda hori.
16. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, berariazko balorazio-batzorde bat osatuko da.
2.– Balorazio-batzordea honako kide hauek osatuko dute:
a) Miren Josune Irabien Marigorta, Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
b) Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, batzordearen buruordea izango dena. Ordezkoa, Sonia Rodriguez Rodriguez, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
c) Ane Crespo Calvo, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio Zuzendaritzako koordinazio zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Elene Etxezarreta Etxeberria, zerbitzu horretako teknikaria.
d) Pablo Mendizabal Arnáez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Yolanda Viadero Villanueva, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria.
3.– Balorazio-batzordeak idazkaria izango du, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria den Arantxa Orbegozo Garate. Haren ordezkoa, Alazne Intza Araiztegi, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkariak balorazio-batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du. Idazkariak ziurtatu beharko du balorazio-batzordeak hartutako erabakiak eta burututako ekintzak legezkoak direla. Hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Egitasmoak baloratzeko, balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.
5.– Balorazio-batzordeak deialdi honetan finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, txosten bat egingo du, eta, txosten horretan oinarrituta, Zuzendaritza kudeatzaileak ebazpen-proposamena landuko du, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, hark, zuzen eta bidezko joz gero, behin betiko ebazpena eman dezan. Aipaturiko proposamenak honako atal hauek izango ditu gutxienez:
a) Deialdian finkaturiko baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.
b) Diruz lagundutako egitasmoak; onartutako gastu-aurrekontua, baldin eta adierazitako gastu-aurrekontua aldatu bada; lortutako puntuak, osotara eta atalka, eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
c) Gutxieneko puntuak ez lortzeagatik dirulaguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuak, osotara eta atalka.
17. artikulua.– Ebazpena.
1.– Zuzendaritza kudeatzailearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 6 hilabeteko epean jakinaraziko die interesdunei.
2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, dirulaguntzak esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar orok jakin dezan eta ebazpenak jakinarazpen ondorioak izan ditzan. Hala ere, argitalpena ez da oztopoa izango beste mota bateko jakinarazpena egiteko. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.
18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
b) Eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute dirulaguntza.
c) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute horretarako dagoen epean, hau da, 2025ean. Horrela egin ezean, jasotako dirua bere osotasunean itzuli beharko dute.
d) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
e) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-gaitasuna ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.
f) Indarrean dauden lege-eskakizunak bete beharko dituzte jabetza intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
g) Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ezaugarri edo elementurik, ezta beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ezaugarri edo elementurik ere.
h) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu, eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
i) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, xedatutakoaren arabera, hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta emakumeen eta gizonen rolen erabilera estereotipaturik ez egitea bermatuko du.
j) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 24. artikuluan esandakoaren arabera.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Lehenengo ordainketan dirulaguntza osoaren % 65 ordainduko da, onartutzat ematen den egunean hasi eta 2 hilabeteko epean.
b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako % 35a ordainduko da, dirulaguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean.
2.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, ordainketa jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu behar izango du, eskabidearekin batera edo prozeduraren beste fase batean, egoitza elektronikoan eskuragarri den zerbitzuaren bidez. Honako helbide hauek ditu, gaztelaniaz eta euskaraz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
20. artikulua.– Ebazpena aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, betiere onuradunei eta egitasmoei ezarritako baldintzak betetzen direla eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokituko da. Horiek horrela, dagokion onuradunari horren berri eman eta 15 eguneko epea eskainiko zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.
Betiere, balizko aldaketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan aipatzen diren betekizunak bete beharko lituzke.
21. artikulua.– Dirua berreskuratzeko arrazoiak eta itzultzeko ebazpena.
1.– Dirua berreskuratzeko arrazoiak izango dira:
a) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzen bada.
b) Agindu honen 18. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira.
c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua itzultzen ez bada horretarako emandako epean.
d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoak.
2.– Aurreko puntuan aipatutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak. Horretarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluetan xedatutakoaren arabera jokatuko da. 38/2003 Legean eta 887/2006 Errege Dekretuan dirua itzultzeko arrazoien eta prozeduraren inguruan aplikagarriak diren xedapenak ere kontuan hartuko dira.
3.– Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatzen ez baldin bada, dirulaguntza itzultzeko prozedurak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluak ezarritakoari jarraituko dio, eta interesdunak 15 egun balioduneko epea izango du alegazioak egiteko.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
2.– Justifikazioa aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31n bukatuko da. Nolanahi ere, onuradunak behar bezala justifikatzen badu justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak daudela, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, epea amaitu aurretik eta, betiere, hirugarren baten eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epe hori luzatzea justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da izango, eta inola ere ez du balioko gastua egiteko epea luzatzeko.
3.– Pertsona fisikoen kasuan, izapidetze presentziala aukeratuz gero, dirulaguntzaren justifikazioa agindu honen 11. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez daiteke.
4.– Era berean, justifikazioak aurkezterakoan bide elektronikoa erabiliz gero: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
23. artikulua.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Aipaturiko justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da, antolamendu juridikoak horretarako aukera ematen duenean; hau da, dirulaguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen ez duenean. Justifikazio-kontu erraztuak aitorpen-izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan arautzen den moduan, eta honako hauek osatuko dute:
a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena. Hala dagokionean, sortutako materialaren ale bat.
b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion aurrekontu likidatua.
c) Beste dirulaguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.
d) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua, finkaturiko kontzeptuen arabera.
2.– Agindu honen 19. artikuluan aipatzen den dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, hala badagokio, dirulaguntzaren onuradunak, indarrean dauden xedapenei jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar ditu, baita itzultzeko betebeharrak ere.
3.– Dirulaguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri egiaztatuko du, dirulaguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, unitate monetaren laginketa teknikak erabiliz. Horretarako, berak hautatutako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak bidaltzeko eskatuko zaio onuradunari. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.
4.– BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, agindu honen 6.1.c) artikuluak dioenari jarraituz, dagokion foru aldundiko ogasun sailaren ziurtagiria aurkeztuko dute.
5.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko, jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edo likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute Jarraipen-batzordea:
– Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
– Sustapen Zerbitzuaren arduraduna.
– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Azken honek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango du.
24. artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena.
Laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerrarazi behar dute.
Nolanahi ere, dirulaguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.
25. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio:
Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzak eta dirulaguntzak.
– Arduraduna: Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
– Xedea: Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
– Hartzaileak: arloan eskumena duten administrazioak.
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024000-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra.
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Datu pertsonalen tratamenduek baldintza hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinarekin (Segurtasun Neurriak).
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Laguntza-programa hau Europako Batzordeak zenbait dirulaguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia), eta erregelamendu horren 53. artikuluak ezarritakora egokitzen da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 16a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS