Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2025eko irailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3979

EBAZPENA, 2025eko irailaren 5ekoa, Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren zuzendariarena, dei egiten duena salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-aholkularien lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko probetarako Euskal Autonomia Erkidegoan.

Salgai arriskutsuak nazioarteko errepidez garraiatzeko Akordio europearrarekin (ADR) lotuta otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren ezarritakoaren arabera, salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresek arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-aholkulari bat edo gehiago izan beharra daukate. Gainera, Dekretu horrek segurtasun-aholkulariek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere Kontseiluaren eta Europar Parlamentuaren 2008ko irailaren 24ko 2008/68/EE Zuzentarauari jarraiki.

Helburu hori gauzatu ahal izateko, Salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraiorako segurtasun-aholkularien lanbide-gaitasunari buruzko otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduak aurreikusten du azterketak autonomia erkidego bakoitzeko organo eskudunak deitu beharko dituela, gutxienez urtean behin.

Gainera, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduaren bidez ezarri denez, segurtasun-aholkularien gaitasun-agiriak 5 urteko balio-aldia izango du, eta ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-proba bat gaindituz gero, beste hainbeste urtetarako berritu ahal izango da; kontrol-proba hori Agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo froga izango da, eta baldintzak aholkulari berrientzako jarritako berberak izango dira.

Ondorioz, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakoaren arabera, eta azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 10.2.j) artikuluak Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-aholkulari titulua lortzeko lanbide-gaitasuna egiaztatzeko azterketetarako deialdia egiten da izangai berrientzat, eta titulua berritzeko probetarako deialdia, berriz, behin betiko titulu horien iraungipena Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunaren aurreko urtearen barruan badago.

DEIALDIAREN ONARRIAK

Lehenengoa.– Azterketen eremua.

1.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-aholkulari titulua lortzeko lanbide-gaitasuna egiaztatzeko azterketetarako deialdia egiten da izangai berrientzat, eta titulua berritzeko probetarako deialdia, berriz, behin betiko titulu horien iraungipena Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunaren aurreko urtearen barruan badago.

2.– Errepideko garraioaren barruan, izangai berriek, nahi izanez gero, espezialitate guztiei buruzko azterketa globala egin ahal izango dute, edo soilik aukeratutako espezialitateei buruzkoa. Hona hemen salgai motari jarraiki bereizitako espezialitate horiek:

– 1. salgai mota: materia edo objektu lehergarriak.

– 2. salgai mota: gasak.

– 7. salgai mota: erradioaktiboak.

– 3, 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8 eta 9. salgai motak: salgai arriskutsuen nazioarteko garraiorako Europako Akordioaren arabera, salgai mota bakoitzean jasotako materia solido eta likidoak.

– Nazio Batuen Erakundeak 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa) zenbakiekin identifikaturiko likido sukoiak.

3.– Titulua berritzeko aurkezten direnek, lehen egiaztatua zuten mota horretarako bakarrik egin ahalko dute azterketa.

Bigarrena.– Azterketak.

Izangai berrien zein titulua berritu behar dutenen azterketak osatuko dituzten probak, eta azterketon egitura eta kalifikatzeko modua, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakora egokituko dira.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak horretarako jarri duen web-orriaren bidez aurkeztu beharko da:

https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/transportes/titulos-profesionales/

2.– Eskabidea aurkezteko, hamabost egun balioduneko epea utziko da, behin deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

3.– Eskabide-orria web-orriaren bidez betetakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena sortuko dute eskatzaileek. Espezialitate bakoitzeko 21,79 euroko tasa ordaindu beharko da (kontuan izandako arauak: abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikulua, Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetatik lehenengoaren 5. apartatua eta 2025. urterako luzatu den 2024ko Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 4/2023 Legea).

Tasak, zuzenean, interneteko web-orri horren bidez (on line) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (off line) ordaindu ahal izango dira.

Banketxe bidez ordaindu nahi izanez gero, kitapen horiek barra-kode bat izango dutenez, finantza-entitate laguntzaileetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Sabadell Guipuzcoano, Bankoa, «La Caixa» eta Bankian) barra-kodea irakurtzekoa duten kutxazain automatikoetara jo beharko da, edozein ordutan, baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da derrigor, ez baita onartuko, okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.

Eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez bada, izangaia ez da onartuko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak interneten argitaratuko ditu Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrera ateratzen den egunaren biharamunetik aurrera 10 egun balioduneko epea izango dute okerrak zuzentzeko.

Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta interneten argitaratuko ditu.

Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

1.– Epaimahaia:

Lehendakaria: Aritz Virumbrales Vinagret.

Batzordekideak:

Elena Barrenengoa Palazuelos.

Jose Ignacio Arriba Chavarri.

Iñaki Arias Gomez.

Idazkaria: Jose Manuel Anabitarte Fernández.

2.– Azterketak egiteko egunak eta lekuak web-orrian jarriko dira.

Bosgarrena.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Azterketa-egunean identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

Prozesu osoaren jarraipena interneteko webgunearen bidez egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrendak interneten argitaratuko dira:

https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/transportes/titulos-profesionales/

Azterketa egiteko, izangaiek arkatza edo boligrafoa eta ezabagoma eraman beharko dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 5a.

Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren zuzendaria,

SARA BARREAL JIMENEZ.


Azterketa dokumentala