
180. zk., 2025eko irailaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (108 KB - 3 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3978
EBAZPENA, 2025eko irailaren 3koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da Elgoibarko Toletxe kalea eta Urruzuno parkea lotzeko Bilbo-Donostira linearen gaineko pasabidearen eraikuntza-proiektua.
Elgoibarko Udalak 2023an hasi zituen eta 2024an amaitu ditu Bilbo-Donostia lineako trenbideen eta AP8 autobidearen artean, Urruzuno eremuko igarobidean, jolas eta olgetarako espazio bat sortzeko lanak. Espazio horri trenbide-linearekiko iragazkortasun handiagoa emateko asmoz, Toletxe kalea eta Urruzuno parkea konektatuko dituen oinezkoen pasabide bat proiektatzea eskatzen da, bizikletentzako egokia izango den igogailuaren soluzio irisgarri baten bidez. Soluzio horrek, gainera, ingurunean modu egokian integratu behar du, errespetuzko formak eta material jasangarriak erabilita eta, aldi berean, pasabidea mantentzeko jarduketak minimizatu behar ditu.
ETSk eremuan trenbidea zabaltzeko proposamenak zehaztu baditu ere, xede den eremuan trazadura bat dator oinplanoan eta altxaeran, eta proiektatutako pasabideak errespetatu eta aintzat hartu behar du beharrezko galiboa, bai behin betiko egoerarako, bai obra horiek etorkizunean egikaritzeko eta mantentzeko, pasabidearen diseinuan eragina izan dezaketen eta inpaktua murriztu dezaketen alderdiak txertatuta (ezpondari eusteko hormak, katenaria-euskarriak, etab.).
Jarduketa-eremua udalerriaren ipar-ekialdeko muturrean dago, San Pedro auzoan, Deba ibaiaren meandroan txertatzen den zerbitzu-poligonotik gertu. Meandroan zehar oinezkoen berdeguneak daude. Gune horiek, merkataritza-eremura sartzeko bideekin batera, berdeguneak zeharkatzen dituen ibilbide zirkular bat itxuratzen dute. Urruzuno parkea ibilbide horretan txertatzen da, eta proposatutako azpiegitura beharrezkoa da parkearen eta Toletxe kalearen arteko konexioa gauzatzeko.
Soluzioa honetan datza: igogailu eta eskaileradun pasabide bat Toletxe kalean eta igogailuratzeko eremu txiki bat Urruzuno parkean. Pasabidea eta eskailera altzairuzko alboko habe bakar batek eusten ditu. Habe hori Bilboranzko aldean dago pasabidean, eta ibairanzko aldean eskaileran. Metalezko habea bost puntutan bermatzen da: bi estribuak eta igogailu-nukleoaren pilareak.
Pasabideak zabalera aldakorra du: 3 metrokoa Urruzunon eta 6 metrokoa igogailuarekiko eta eskailerarekiko konexioan; biek ateburuan irteera erasoa izateko. Eskailerak 2,5 m-ko zabalera du.
Metalezko egitura estribu batean bermatzen da Urruzuno parkean, barruti angeluzuzen batean igogailuaren ondoan eta L formako estribu batean eskaileraren irteeran, Toletxe kalean. Elementu horiek guztiak hormigoi armatuzkoak dira eta mikropiloteen bidez harrian zimendatzen dira.
Eskailerak 7 atal ditu beste hainbeste eskailera-bururen bidez bereizita. Ataletako bost hegal-moduko zatian daude, eta azken biak metalezko egitura bermatzen den horma batean. Eskaileraren trazadura zuzena da, zokorik eta puntu itsurik gabea, eta Toletxe kalearen gaineko altuera minimoa 3,5 metrokoa da eta ez du azpiko pasabidea eteten.
Toletxe kalean dagoen terraza kendu eta kalearen kotan eremu berri bat sortuko da. Hori dela eta, «L» formako horma bat egin behar da, gutxi gorabehera 45 metroko luzerakoa eta 4 metroko ageriko altuerakoa, trenbidearekiko paralelo igaroko dena. Horma horretan igogailuaren zimenduak eta eskaileraren estribua txertatzen dira. Gainera, bigarren mailako bi horma egingo dira, elkarte gastronomikoaren terrazara sartzeko eskailerari eta ezarriko den komun autogarbitzaile bati dagozkienak. Trenbidearekiko horma paraleloa eraikitzeko, beharrezkoa da mikropilotezko pantaila bat egitea, mikropilote inklinatuekin egonkortua, ainguraketa pasibo gisa.
Urruzuno parkearekin konektatzeko, egungo bidezidorra desbideratuko da, kalistenia egitera zuzendutako eremua inguratuko duen bihurgune leun baten bitartez, bidearen eta eremu horren arteko 35 cm-ko desnibelarekin. Desnibel hori lorategidun malda baten bidez ebatziko da, hormarik gabe. Aldatutako bidea baratzeen sarrerako plazatxora iritsiko da, ekialdera pixka bat desbideratuta. Horri esker, pasabidetik parkera iristean, baratzeetara sartu nahi izanez gero, plazatxora barneratu ahal izango da bidearen desnibel aldakorrera egokitzen doazen 3 edo 4 harmailaren bidez. Irteera-eremuaren malda % 6 baino pixka bat txikiagoa da pasabidearekiko konexioan, eta % 2koa baratzeetako sarrerarekiko konexioan.
Urbanizazioaren barruan, igogailu-dorrearen eta elkarte gastronomikoaren terrazara sartzeko eskaileraren arteko espazioan komun autogarbitzaile bat integratuko da. Komun autogarbitzailea ezkutatzen duten plano inklinatuak (komun-edukiontzia hartzeko hormigoizko kaxa bat eraikiko da) lur-betegarrien bidez eratuko dira.
Pasabidea zeharka kokatzen da Bilbo-Donostia trenbidearen gainean, 31 metro inguruko argiarekin, eta Toletxe kalea Urruzuno parkearekin konektatzen du. Parkearen (48,90 kota) eta kalearen (37 kota) arteko desnibela dela eta, 6 metrotik gorako galiboa duen trenbidea gainditu behar denez, beharrezkoa da desnibela gaindituko duten igogailua eta eskailera jartzea.
Proiektuaren Lizitazio oinarriaren aurrekontuaren zenbatekoa bi milioi hirurehun eta hirurogeita hamasei mila zazpiehun eta laurogeita zortzi euro eta hogeita bost zentimo (2.376.788,25 euro) BEZ barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: milioi bat bederatziehun eta hirurogeita lau mila zazpiehun eta berrogeita bat euro eta hirurogeita hemeretzi zentimo (1.964.741,79 euro) BEZ kanpo.
Obrak egiteko hamabost (15) hilabeteko epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du euskal trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu 382/2024 Dekretuak, azaroaren 19koa, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenaren 11.2.b) artikuluan.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– «Elgoibarko Toletxe kalea eta Urruzuno parkea lotzeko Bilbao-Donostira linearen gaineko pasabidearen eraikuntza-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, bi milioi hirurehun eta hirurogeita hamasei mila zazpiehun eta laurogeita zortzi euro eta hogeita bost zentimo (2.376.788,25 euro), eta obrak egiteko epea hamabost (15) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.
Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 3a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS