
180. zk., 2025eko irailaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (155 KB - 5 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
3969
AGINDUA, 2025eko irailaren 8koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez merezimendu-baremo erkide eta bateratua onesten baita merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko kategoria hauetako lanpostu hutsak: oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategoriak eta ikuskapen-eskalako ofizialorde eta ofizial kategoriak, Ertzaintzan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 95. artikuluan xedatutakoaren arabera, lehiaketa da lanpostuak betetzeko ohiko sistema. Sistema horretan, dagokion deialdian ezarritako merezimenduak balioetsiko dira, eta, edonola ere, deialdiak jaso beharko du aipatutako manuak ezartzen duen gutxieneko edukia.
Ildo berean, aurrekoa garatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako langile funtzionarioen lanpostuak betetzeari buruzko erregelamenduak, apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren bidez onetsitakoak, 12. artikuluan ezartzen du ezen lehiaketetan balioetsi beharko direla, deialdi bakoitzak ezarritako eran, eskaintzen diren lanpostuen ezaugarrietarako egokiak diren merezimenduak, eta, zehazki, berariaz aipatutakoak, bat etorrita manu horretan adierazitako irizpideekin.
Ondorioz, eta lehiaketa bidez lanpostu hutsak betetzeko etorkizuneko deialdiaren aurreko fase gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 125. artikuluan aurreikusitako Mahaiaren 2025eko uztailaren 24ko bilkuran aztertu eta negoziatu ondoren, Ertzaintzaren Kontseilua entzunda, Egun berean egindako bileran, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako langile funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak emandako gaikuntzarekin, bai eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuak emandako eskumenekin, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Merezimendu-baremoa onestea.
Onetsi egiten da agindu honetan jasota dagoen merezimendu-baremo erkide eta bateratua. Baremo hori aplikatuko da merezimendu-lehiaketaren bidez kategoria hauetako lanpostu hutsak betetzeko: oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategoriak, eta ikuskapen-eskalako ofizialorde eta ofizial kategoriak, Ertzaintzan. Hori guztia Euskal Autonomoa Erkidegoko kidegoetako langile funtzionarioen lanpostuak betetzeko indarrean dagoen erregelamenduan ezarritako baldintzetan.
2. artikulua.– Baremoaren kontzeptu ezberdinen balio globala.
1.– Merezimendu-baremoaren kontzeptu ezberdinen balio globala 100 puntuk osatuko dute. Puntu horiek proportzio honetan banatuko dira, adierazten den gehieneko puntuazioarekin:
a) Antzinatasuna: 40 puntu.
b) Garapen profesionalaren maila: 8 puntu.
c) Egindako lana: 50 puntu.
d) Kondekorazio eta aintzatespen profesionalak: 2 puntu.
2.– Euskararen ezagutza-maila balioestea. Euskararen ezagutza-maila merezimendu gisa balioetsiko da lanpostuaren betekizuntzat eskatzen ez denean. Balioespen hori honako hau izango da:
a) 1. hizkuntza eskakizuna (B2B2) duten lanpostuetarako:
1.– hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izateagatik: 7 puntu.
2.– hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izateagatik: 10 puntu.
b) 2. hizkuntza eskakizuna (C1C1) duten lanpostuetarako:
1.– 1. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izateagatik: 11 puntu.
2.– 2. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izateagatik: 20 puntu.
3. artikulua.– Antzinatasuna.
1.– Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, kontuan hartzen da zenbat denbora eman den zerbitzu aktiboko egoeran eta bigarren jarduerako egoeran, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatzen da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian; ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzeko borondatezko eszedentzian; genero-indarkeriagatiko eszedentzian; nahitaezko eszedentzian; zerbitzu berezietan, eta beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuen administrazio-egoeran. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute antzinatasunaren zenbaketa eteten.
Hau izango da Ertzaintzako antzinatasun kontzeptua zenbatzen hasteko data: izangaia Ertzaintzako karrerako funtzionario izatera iritsi den prozedura barruan, praktikaldiko funtzionarioaren izendapenaren ondore-datari dagokiona.
Hutsegite arinen ondoriozko eginkizun-gabetzeak ez du eteten antzinatasunaren zenbaketa.
Hutsegite astunen kasuan ere ez da antzinatasun-denbora murriztuko, baldin eta eginkizun-gabetzearen ondoriozko zehapena bete bada Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 146. artikuluko bosgarren paragrafoan ezarritako modalitatearen bidez.
2.– Ertzaintzako antzinatasuna 40 punturekin balioetsiko da gehienez; honela: 0,095 puntu hilabete osoko.
4. artikulua.– Garapen profesionalaren maila.
1.– Garapen profesionaleko maila bat edukitzeagatik 8 puntu emango dira gehienez.
2.– Kontuan hartuko da garapen profesionaleko zer maila aitortu den indarrean dagoen azken mailaketa-prozeduran, betiere lanpostuak betetzeko prozeduraren eskabideak aurkezteko epearen barnean.
3.– Aitortutako lanbide-garapeneko maila bakoitzeko 2 puntu emango dira:
1. maila: 2 puntu.
2. maila: 4 puntu.
3. maila: 6 puntu.
4. maila: 8 puntu.
5. artikulua.– Egindako lana.
1.– Eginiko lana balioesteko, erreferentziatzat hartuko da zer egunetan izendatu zen dagokion kategorian karrerako funtzionario, hurrengo arauen arabera. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoeran eginiko lana balioetsiko da, bai eta seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia eta genero-indarkeriagatiko eszedentzia, eta, ondorioz, ez dira zenbatuko bestelako administrazio-egoeretan eginiko aldiak.
2.– Ez dira eginiko lantzat joko norberaren gauzetarako baimen gisa hartutako aldiak, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeretan.
Hilabete osoa –hau da, 30 egun natural– baino gutxiago irauten duten goragoko kategoriako eta/edo beste espezialitate bateko lan-aldiak, bestalde, dagokion kategoriako eta/edo espezialitateko jardunari gehituko zaizkio.
Kategoria baterako gordetako lanpostuetarako aukera egiten denean, Eskalarako gordetako lanpostuetan egindako lana lehiatzen den kategorian egindako lan gisa baloratuko da.
3.– Balioetsiko da zer lan egin den Ertzaintzan lanpostuak betetzeko prozesuko deialdiaren aurre-aurreko 25 urteetan, gehienez ere 50 punturekin, baremo partzial honen arabera:
a) Espezialitate-eskakizunik gabeko lanpostuak eskatzen direnean:
1.– Espezialitate-eskakizunik gabeko lanpostuetan egindako lanagatik, haiek egungo lanpostuaren kategoria berekoak edo goragokoak direnean, kategoria horrekin parte hartzen baita prozeduran: 0,167 puntu hilabete oso bakoitzeko.
2.– Espezialitate-eskakizunik gabeko lanpostuetan egindako lanagatik, haien kategoria egungo lanpostuarena baino beheragokoa denean, kategoria horrekin parte hartzen baita prozeduran: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
3.– Espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan egindako lanagatik, haiek egungo lanpostuaren kategoria berekoak edo goragokoak direnean, kategoria horrekin parte hartzen baita prozeduran: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
4.– Espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan egindako lanagatik, haien kategoria egungo lanpostuarena baino beheragokoa denean, kategoria horrekin parte hartzen baita prozeduran: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
b) Espezialitate-betekizuna duten lanpostuak eskatzen direnean:
1.– Lortu nahi den lanpostu horren espezialitate-betekizun bera duten lanpostuetan egindako lanagatik, espezialitate hori egiaztatu zenetik, lanpostu horiek egungo lanpostuaren kategoria berekoak edo goragokoak direnean, kategoria horrekin parte hartzen baita prozeduran: 0,167 puntu hilabete oso bakoitzeko.
2.– Lortu nahi den lanpostu horren espezialitate-betekizun bera duten lanpostuetan egindako lanagatik, espezialitate hori egiaztatu zenetik, haien kategoria egungo lanpostuarena baino beheragokoa denean, kategoria horrekin parte hartzen baita prozeduran: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
3.– Espezialitate-betekizunik gabeko edo lortu nahi den lanpostuak ez bezalako espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan egindako lanagatik, lanpostu horiek egungo lanpostuaren kategoria berekoak edo goragokoak direnean, kategoria horrekin parte hartzen baita prozeduran: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
4.– Espezialitate-betekizunik gabeko edo lortu nahi denak ez bezalako espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan egindako lanagatik, horien kategoria egungo lanpostuarena baino beheragokoa denean, kategoria horrekin parte hartzen baitu prozeduran: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
c) Espezialitate-betekizunik gabeko eskalako lanpostuak eskatzen direnean:
1.– Espezialitate-betekizunik gabeko eskala bereko edo goragoko edozein kategoriatako lanpostuetan egindako lanagatik, baldin eta gaur egun eskala horretako kategoria batekoa bada: 0,167 puntu hilabete oso bakoitzeko.
2.– Espezialitate-betekizunik gabeko lanpostuetan egindako lanagatik, haiek egungo lanpostua baino beheragoko eskalako edozein kategoriatakoak direnean: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
3.– Espezialitate-betekizuna duten eskala bereko edo goragoko edozein kategoriatako lanpostuetan egindako lanagatik, baldin eta gaur egun eskala horretako kategoria batekoa bada: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
4.– Espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan egindako lanagatik, haiek egungo lanpostua baino beheragoko eskalako edozein kategoriatakoak direnean: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
d) Espezialitate-betekizuna duten eskalako lanpostuak eskatzen direnean:
1.– Lortu nahi den lanpostu horren espezialitate-betekizun bera duten lanpostuetan egindako lanagatik, espezialitate hori egiaztatu zenetik, lanpostu horiek eskala bereko edozein kategoriatarakoak direnean, baldin eta egun eskala horretako kategoria batekoa bada: 0,167 puntu hilabete oso bakoitzeko.
2.– Lortu nahi den lanpostu horren espezialitate-betekizun bera duten lanpostuetan egindako lanagatik, espezialitate hori egiaztatu zenetik, haiek egungo lanpostua baino beheragoko eskalako edozein kategoriatakoak direnean: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
3.– Espezialitate-betekizunik gabeko edo lortu nahi den lanpostuak ez bezalako espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan egindako lanagatik, lanpostu horiek eskala bereko edozein kategoriatakoak direnean, baldin eta egun eskala horretako kategoria batekoa bada: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
4.– Espezialitate-betekizunik gabeko edo lortu nahi denak ez bezalako espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan egindako lanagatik, haiek egungo lanpostua baino beheragoko eskalako edozein kategoriatakoak direnean: 0,127 puntu hilabete oso bakoitzeko.
6. artikulua.– Ertzaintzaren kondekorazio eta ohorezko sariak.
1.– 146/2022 Dekretuak, abenduaren 7koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzkoak, kondekorazioak eta aintzatespen profesionalak arautzen ditu. Bada, gehienez 2 punturekin baloratuko dira, ondoren azaltzen denaren arabera:
a) 146/2022 Dekretuko bereizgarri gorridun polizia-merezimenduagatiko domina, 202/2012 Dekretuko bereizgarri gorridun domina eta 71/2004 Dekretuaren arabera emandako polizia-lanarengatiko domina: 2 puntu.
b) 146/2022 Dekretuko bereizgarri berdedun polizia-merezimenduagatiko domina, 202/2012 Dekretuko bereizgarri berdedun domina eta 71/2004 Dekretuaren arabera emandako zorion-adierazpena: 1,5 puntu.
c) 146/2022 Dekretuko bereizgarri zuridun polizia-merezimenduagatiko domina eta 202/2012 Dekretuko bereizgarri zuridun domina: puntu 1.
7. artikulua.– Epeak zenbatzeko irizpidea.
Formula hau erabiliko da agindu honen bidez onesten diren baremoek nahitaez ezartzen dituzten hilabeteak zenbatzeko:
(egun-kopurua x 12) / 365, dezimalak kenduta
8. artikulua.– Berdinketa hausteko irizpideak.
Puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, emakumezkoari lehentasuna emango zaio baldin eta dagokion lanpostu-kodean emakumezkoak % 40 baino gutxiago badira. Berdinketak irauten badu, lehentasuna emango zaio kategorian izandako antzinatasunari, eta, nahikoa ez bada, kategoria horretan sartzeko hautaketa-prozesuan izandako lehentasun-hurrenkerari erreparatuko zaio.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 8a.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS