
180. zk., 2025eko irailaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (151 KB - 4 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3967
171/2025 DEKRETUA, irailaren 2koa, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko estatistikarako Organo Berezia sortu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez, besteak beste, Justizia eta Giza Eskubideen Saila sortu zen. Sail hori, 18/2024 Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, iraungitako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitateek osatzen dute, Gizarte Politiketako Sailburuordetzak izan ezik. Eta sail berriaren egitura Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuan zehaztu da.
Bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egituraketa organiko eta funtzional berri horrek Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Berezia (EOB) sortzea eskatzen du, bai eta haren antolaketa eta funtzionamendua arautzea ere, ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak, Jaurlaritzako sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituenak, ezarritakoaren arabera.
Xede horrekin artikulatzen da dekretu hau, eta indarrean sartzearekin batera indargabetuko da 139/2021 Dekretua, maiatzaren 18koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistikarako Organo Berezia sortzen eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen duena; baita dekretu horretan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo txikiagoko beste edozein xedapen ere. Eta hori guztia, egiten ari diren estatistika-jarduketen jarraipena bermatuz.
Euskadiko Autonomia-Elkartearen Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean ezarritako esparruaren barruan dago Sailaren estatistikarako organo berezi berri horren erregulazioa. Aipatu legearen 26. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari buruzko jarduera, besteak beste, estatistikarako organo berezi bat eratuta duten Jaurlaritzako sailek egingo dute.
Era berean, eta lege-aurreikuspen horiek errespetatuz, BEO berriaren antolaketak eta funtzionamenduak ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak (Jaurlaritzako sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituena) organo horien sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez xedatutakoa betetzen dute; izan ere, estatistikarako organo berezitzat hartuko dira soilik dekretu horretan bertan agindutakoaren arabera eratzen direnak.
Betekizun formalei dagokienez, Jaurlaritzako sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak ezartzen duenez, estatistikarako organo bereziak dekretu bidez sortuko dira, eta pertsona bakarreko organo gisa eratuko dira, goi-kargudun baten edo sailean koordinazio-funtzioak betetzen dituen edozein organoren mende. Kasu honetan, Estatistikarako Organo Berezia Zerbitzuen zuzendariaren menpe geratuko da, kargu horrek betetzen baititu aipatutako koordinazio-eskakizunak.
Azkenik, prozedurari dagokionez, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoa bete da, eta, gainera, Euskal Estatistika Batzordearen nahitaezko txostena ere eskatu da, Jaurlaritzako sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan aurreikusi moduan.
Ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren proposamenez, Euskal Estatistika Batzordeari kontsulta egin ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko irailaren 2an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Estatistikarako Organo Berezia sortzea, eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzea; beti ere, Jaurlaritzako sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren aginduekin bat etorriz.
2. artikulua.– Egitura organikoa.
Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Estatistikarako Organo Berezia kide bakarreko organoa da, eta Zerbitzu Zuzendaritzako titularraren mende dago zuzenean.
3. artikulua.– Eskumenak.
1.– Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Berezia, eskumenei dagokienez, I. motakoa da. Hori dela eta, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak mota horretako Estatistikarako Organo Bereziei esleitzen dizkien eskumenak eta ahalak baliatuko ditu, eta betiere honako hauek:
a) Sailaren estatistika-jarduera planifikatu, koordinatu eta bultzatzea, bai eta beste organismo batzuekiko harreman instituzionala ere, sailari dagozkion estatistika-eginkizunen ondorioz, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.1.c) eta 29.1.d) artikuluetan ezarritakoa betez.
b) Sailaren Estatistika Plana egitea, Euskal Estatistika Planaren Proiektuaren oinarri izateko, sailaren estatistikei dagokienez.
c) Eustat-Euskal Estadistika Erakundearekin lankidetzan aritzea, Euskal Estatistika Plana eta urteko estatistika-programak egiteko.
d) Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan dauden estatistikak edo haien fase batzuk egitea, haietan zehazten den eran.
e) Estatistika propioak egitea, Euskal Estatistika Planean eta urteko estatistika-programetan ez daudenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako moduan.
f) Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 9.etik 16.era bitarteko artikuluetan adierazitakoaren arabera.
g) Artikulu honen d) apartatuan aipatutako estatistiken emaitzak zabaldu eta argitaratzea, eta beste horrenbeste egitea Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan zehazten diren estatistikekin, betiere aldez aurretik haien edukia Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazita.
h) Bere eremu sektorialeko fitxategi-direktorio estatistikoak prestatzen eta eguneratzen parte hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.1.i) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
i) Justizia eta Giza Eskubideen Sailak interesgarritzat jotzen dituen bestelako proiektu estatistikoak egitea, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluak ezarritako esparruan.
2.– Aurreko apartatuan adierazitakoaren esparruan, hauek dira Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziaren jardun-arloak:
a) Giza eskubideak, biktimak, memoria eta bizikidetza.
b) Justizia.
3.– Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Estatistikarako Organo Bereziak bere eskumenak erabili ahal izango ditu, sail horren nahiz sail horrek atxikita dituen ente instituzionalen behar estatistikoei dagokienez, kontuan hartu gabe estatistikak datu estatistikoetatik edo datu administratiboetatik abiatuta egin behar diren.
Gainera, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Estatistikarako Organo Bereziak laguntza teknikoa emango dio saileko edozein organori, saileko estatistikekin zerikusia duten gaietan.
4. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziak Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-arloan jardungo du, Estatistikarako Organo Berezien Erregistroan inskribatutakoan (Erregistro hori Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusita dago); betiere, estatistikari buruzko legeria eta, batez ere, sekretu estatistikoari buruzkoa bete beharko ditu, bai beste organo eta ente batzuekin dituen harremanetan, bai sail horri atxikita dauden edo sail horretakoak diren organo eta enteekin dituenetan.
2.– Bere jardunean, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziak barne-antolaketa zehaztu beharko du, dekretu honen 3. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako jardun-arloei modu funtzionalean erantzun ahal izateko.
3.– Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziak errespetatu egingo ditu saileko organo eta ente instituzionalek legez eta berariaz esleituta dituzten estatistikaren arloko eskumenak.
4.– Aurreko hori hala izanda ere, organo eta ente instituzional horiek Estatistikarako Organo Bereziari emango diote hark bere eskumenak betetzeko eskatzen duen informazioa. Gainera, organo horrekin lankidetzan arituko dira, agintzen zaizkion azterketak, estatistikak, txostenak eta ikerketa-lanak diseinatzen eta egiten, beren eskumenekin zerikusirik badute.
5.– Eskumenak egikaritzean, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziak organo horretara atxikita ez dauden langileen laguntza izan ahalko du, saileko langileak izan, zein sailaren ente instituzionaletakoak izan. Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, langile horiek estatistika-langiletzat hartuko dira, estatistika-eragiketekin lotuta egiten duten lanaren zatiari dagokionez, eta behartuta daude sailaren Estatistikarako Organo Bereziaren jarraibide teknikoak betetzera; batez ere, jardunean eskuratzen duten informazio guztiari buruzko sekretu estatistikoa gorde beharko dute.
6.– Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziak, bere jarduera garatzeko, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoa betez jardungo du.
5. artikulua.– Administrazio-errekurtsoak.
1.– Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren eskumena izango da Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziak emandako egintzen aurka jartzen diren administrazio-errekurtsoez arduratzea, eta haien gaineko ebazpenak ematea.
2.– Errekurtso horiek ebazteko, Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen nahitaezko txostena izan beharko da lehendabizi.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Jardueraren jarraipena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeak edo haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeak eragina badu Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziaren jardueran, ukitutako sailek, ados jarrita, neurri iragankorrak ezarri ahal izango dituzte, bermatzeko organo horrek estatistika-jarduerarekin jarraitu ahal izango duela, Euskal Estatistika Planaren edo urteko estatistika-programen barruan.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Sailaren Estatistika Plana.
Sailaren berariazko estatistika-plana onartu bitartean, plan horren pareko izango dira unean-unean indarrean dagoen Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan jasotako estatistika-eragiketak, baldin eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Bereziak haietan parte hartzen badu.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Atxikitzearen ondorioak.
1.– Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren Estatistikarako Organo Berezia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Estatistikarako Organo Berezien Erregistroan inskribatzen denean, hari atxikita geratuko dira, etenik gabe, orain arte Justizia eta Giza Eskubideen Sailean egin izan diren estatistika-lan guztiak.
2.– Horrekin batera, une horretan estatistika horri atxikita egon diren baliabideak eta bitartekoak ere atxikiko zaizkio.
3.– Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan xedatutakoaren arabera egingo da atxikipena.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da 139/2021 Dekretua, maiatzaren 18koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistikarako Organo Berezia sortu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dituena; baita Dekretu horretan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo txikiagoko beste edozein xedapen ere.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko irailaren 2an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS