Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2025eko irailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
3966

174/2025 DEKRETUA, irailaren 9koa, zeinaren bidez sortzen baita Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa eta ezartzen baitira haren antolaketa eta funtzionamendua.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila sortu zen, besteak beste. Bada, 18/2024 Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, honako hauek osatzen dute sail hori: lehengo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila zeneko Gizarte Politiketako Sailburuordetzako organo eta unitateek, eta Lehendakaritzako lehengo egitura barruko Gazteria Zuzendaritzak.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sail berriaren egitura urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren bidez zehaztu da, han ezarri baitzen zer egitura organiko eta funtzional izango duen.

Ondorioz, eta ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (han baitaude arauturik Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak), Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sortu dugu eta haren antolamendua eta funtzionamendua arautu.

Sailaren Estatistika Organo Espezifiko berriaren arauketa Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean xedatutakoaren barruan txertatzen da, lege horren 26. artikuluak xedatzen baitu berariazko estatistika-organoa eratuta daukaten Jaurlaritzako sailek egingo dituztela, besteak beste, autonomia-erkidegoaren estatistika-arloko lanak.

Orobat, Estatistika Organo Espezifiko berriaren antolaketa eta funtzionamendua ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan ezarritakoa betez ezartzen dira. Izan ere, dekretu horretan arautu ziren Jaurlaritzako sailen berariazko estatistika-organoak, zehazki organo horien sorrera, antolaketa eta funtzionamendua, eta ezarri zen berariazko estatistika-organotzat joko direla, bakar-bakarrik, dekretuaren arauen arabera eratu direnak.

Betekizun formalei dagokienez, 180/1993 Dekretu horrek ezartzen du estatistikara-organo espezifikoak dekretu baten bidez sortuko direla, eta pertsona bakarreko organo gisa eratuko direla, hain zuzen ere goi-kargudun batekiko edo sailean koordinazio-funtzioak dituen beste organo batekiko menpekotasun zuzena izango duen organo gisa. Kasu honetan, Berariazko Estatistika Organoa Zerbitzuen zuzendariaren mende egongo da, kargudun horrek betetzen baititu aipatutako koordinazio-arloko eskakizunak.

Azkenik, prozedurari dagokionez, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean zehaztutakoa bete da, eta, gainera, eskuratu da Euskal Estatistika Batzordearen nahitaezko txostena, hala egin behar baita 180/1993 Dekretuaren arabera.

Horrenbestez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, Euskal Estatistika Batzordeari kontsulta egin ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko irailaren 9an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzea eta organoaren antolaketa eta funtzionamendua ezartzea; betiere, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren aginduekin bat etorriz.

2. artikulua.– Konfigurazio organikoa.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Estatistika Organo Espezifikoak indibidualizazio organiko propioa du, kide bakarreko organoa da, eta Zerbitzuen zuzendariaren mende dago zuzenean.

3. artikulua.– Eskumenak.

1.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa, eskumenei dagokienez, I. motakoa da. Hori dela-eta, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak mota horretako berariazko estatistika-organoei esleitzen dizkien eskumenak eta ahalak baliatuko ditu, eta betiere honako hauek:

a) Sailaren estatistika-jarduera planifikatu, koordinatu eta bultzatzea, eta gauza bera egitea sailari dagozkion estatistika-eginkizunen ondorioz beste organismo batzuekin izan behar dituen harreman instituzionalekin, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.1 c) eta d) artikuluetan ezarritakoa betez.

b) Sailaren Estatistika Plana egitea, Euskal Estatistika Planaren Proiektuaren oinarri izateko, sailaren estatistikei dagokienez.

c) Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan aritzea, Euskal Estatistika Plana eta urteko estatistika-programak egiteko.

d) Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan dauden estatistikak edo haien fase batzuk egitea, haietan zehazten den eran.

e) Estatistika propioak egitea, Euskal Estatistika Planean eta urteko estatistika-programetan ez daudenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako moduan.

f) Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 9.etik 16.era bitarteko artikuluetan adierazitakoaren arabera.

g) Artikulu honen d) apartatuan aipatutako estatistiken emaitzak zabaldu eta argitaratzea, eta beste horrenbeste egitea Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan zehazten diren estatistikekin, betiere aldez aurretik haien edukia Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazita.

h) Bere eremu sektorialeko fitxategi-direktorio estatistikoak prestatzen eta eguneratzen parte hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.i) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

i) Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak interesgarritzat jotzen dituen bestelako proiektu estatistikoak egitea, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluak ezarritako esparruan.

2.– Arlo hauetan jarduten du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak:

a) Gazteria.

b) Zahartzea eta erronka demografikoa.

c) Gizarte-zerbitzuak, barnean hartuta gizarte-bazterketa eta pobrezia modu guztien azterketa eta jarraipena, baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoena ere.

d) Familia, haurtzaroa, garapen komunitarioa eta boluntariotza.

e) Migrazioa.

3.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak bere eskumenak erabili ahal izango ditu sail horren nahiz sail horrek atxikita dituen ente instituzionalen behar estatistikoei dagokienez, kontuan hartu gabe estatistikak datu estatistikoetatik edo datu administratiboetatik abiatuta egin behar diren.

4. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-arloan jardungo du, berariazko estatistika-organoen erregistroan inskribatutakoan (erregistro hori Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusita dago); betiere, estatistikari buruzko legeria eta, batez ere, sekretu estatistikoari buruzkoa bete beharko ditu, bai beste organo eta ente batzuekin dituen harremanetan, bai sail horri atxikita dauden edo sail horretakoak diren organo eta enteekin dituenetan.

2.– Bere jardunean, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak barne-antolaketa zehaztu beharko du, dekretu honen 3. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako jardun-arloei modu funtzionalean erantzun ahal izateko.

3.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak errespetatu egingo ditu saileko organo eta ente instituzionalek legez eta berariaz esleituta dituzten estatistikaren arloko eskumenak.

4.– Aurreko hori hala izanda ere, organo eta ente instituzional horiek Berariazko Estatistika Organoari emango diote hark bere eskumenak betetzeko eskatzen duen informazioa. Gainera, organo horrekin lankidetzan arituko dira, agintzen zaizkion azterketak, estatistikak, txostenak eta ikerketa-lanak diseinatzen eta egiten, beren eskumenekin zerikusirik badute.

5.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak, bere eskumenak garatzeko lanean, bereak ez diren beste langile batzuk ere erabil ditzake: beste organo batzuetara edo erakunde instituzionaletara atxikita dauden langileak. Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeko 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, atxikita ez dauden langileak, estatistika-lanak egin behar dituztenean, estatistika-langiletzat hartuko dira, estatistika-eragiketekin lotuta egiten duten lanaren zatiari dagokionez, eta behartuta daude sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jarraibide teknikoak betetzera; batez ere, jardunean eskuratzen duten informazio guztiari buruzko sekretu estatistikoa gorde beharko dute.

6.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, bere lanean, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 17. artikuluan xedatutakoa bete beharko du.

5. artikulua.– Administrazio-baliabideak.

1.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eskumena izango du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren saileko estatistika-organo espezifikoaren egintzen aurka ezartzen diren errekurtsoez arduratzeko eta horiek ebazteko.

2.– Errekurtso horiek ebazteko, Eustat/Euskal Estatistika Erakundearen nahitaezko txostena izan beharko da lehendabizi.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Atxiki gabeko langileen parte-hartzearekin egin beharreko estatistikak.

Dekretu honen 4. artikuluan adierazitako xedapenek saileko eta haren ente instituzionaletako langile guztiei eragingo diete, gai hauekin zerikusia duten estatistikak prestatzen parte hartzen badute:

a) Euskal gazteria.

b) Gazteriaren egoera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jardueraren jarraitutasuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeak edo haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeak eragina badu Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Estatistika Organo Espezifikoaren jardueran, ukitutako sailek, ados jarrita, neurri iragankorrak ezarri ahal izango dituzte, bermatzeko organo horrek estatistika-jarduerarekin jarraitu ahal izango duela, Euskal Estatistika Planaren edo urteko estatistika-programen barruan.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Sailaren Estatistika Plana.

Sailaren berariazko estatistika-plana onartu bitartean, plan horren pareko izango dira unean-unean indarrean dagoen Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan jasotako estatistika-eragiketak, baldin eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak haietan parte hartzen badu.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Atxikipenaren ondorioak.

1.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko berariazko estatistika-organoen erregistroan inskribatzen denean, hari atxikita geratuko dira, etenik gabe, orain arte Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailean egin izan diren estatistika-lan guztiak.

2.– Horrekin batera, une horretan estatistika horri atxikita egon diren baliabideak eta bitartekoak ere atxikiko zaizkio.

3.– Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan xedatutakoaren arabera egingo da atxikipena.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko irailaren 9an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala