
179. zk., 2025eko irailaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 9 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3957
EBAZPENA, 2025eko irailaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bilboko (Bizkaia) Presentación de María ikastetxearen lurzatirako Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
Bilboko Udalak, 2025eko ekainaren 3an, eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Bilboko (Bizkaia) Presentación de María ikastetxearen lurzatirako Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketa (aurrerantzean, Plana). Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko ekainaren 6an, eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Bilboko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak irizpen-elementu nahikoak dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-eragin adierazgarririk –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden txostenak aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna baita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bilboko (Bizkaia) Presentación de María ikastetxearen lurzatirako Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Bilboko (Bizkaia) Presentación de María ikastetxearen lurzatirako Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketak, antzina Hijas de la Cruz ikastetxeak hartzen zuen lurzatian, honako hau proposatzen du:
1.– Lurzatiaren ekipamendu-erabilera mantentzea, baina egoera aldatuz: irakaskuntzako ekipamendutik ekipamendu orokorrera (zehaztu gabe) pasatzea.
2.– Lurzatia segregatzea, egungo lurzatia 2 partzela independentetan banatuz: Solokoetxe 15 eta Erronda 26.
3.– Segregazioaren ondoriozko ekipamenduaren bolumetria berrantolatzea Solokoetxe 15en, haren eraikigarritasun osoa mantenduz.
4.– Larrialdi-zerbitzuei sarbidea bermatzea Solokoetxe 15eko lurzatiaren barrualdeko espazio irekira, behar izanez gero bertatik Errondako zenbaki bikoitietan esku hartu ahal izateko.
5.– Larrialdietarako irteera bat sortzea 47 etxe-uhartearen barrualdeko EL15 espazio libretik Solokoetxe 15eko lurzatiaren barrualdera.
Azterketa-eremuak hiri-lurzoru finkatuaren kategoria du; bertan ez da zuzkidura-jarduketarik ezta sistema lokalik ere sortu nahi. Eraikigarritasuna hau da:
– Erronda 26: egungo eraikigarritasuna finkatzen da plangintzak ezarritako baldintzetan, eta ez da aldaketarik sartzen lerrokadurei eta bolumetriari dagokienez.
– Solokoetxe 15: sestra gaineko eraikigarritasuna 4.400 m2-koa da. Gaur egungo eraikinaren eraikuntza-sakonera handitu egiten da, mugakideekin berdindu arte. Eraikinak duen profil mailakatu bortitzari, berriz, modu progresiboagoan mailakatzeko aukera ematen zaio. Plan Bereziaren aldaketak eraikigarritasun osoa baino bolumen maximo handiagoa ezartzen du, etorkizuneko proiektuek edukiera-arazorik ez izatea bermatzeko. Horregatik, P4, P5 eta P6 solairuetako buruhormen Zazpikaleetaranzko lerrokadurak gehieneko lerrokadurak dira.
Aztertutako alternatibak:
– «0» alternatiba. Egungo egoera.
Azterketa-eremua Zazpikaleetako 47. etxe-uharteko 4. sektorean dago, garai batean Hijas de la Cruz ikastetxea kokatuta zegoen lurzati batean. Gaur egun, 3 eraikin daude bertan: 4. eraikina (Erronda 26); 29. eraikina (Solokoetxe 15); eta 31. eraikina (eraikin zentrala).
Lurzatia bat dator «Presentación de María ikastetxea» izeneko 12. irakaskuntzako ekipamendu lokalarekin, zeina hiri-lurzoru finkatu gisa katalogatutako lurzoruan dagoen kokatuta. Hala ere, jaiotza-tasa pixkanaka eta etengabe jaisteak ikastetxeen eskaria edo premia murriztea eragin du.
Azkenik, 2021ean baja eman zitzaion Ikastetxeen Erregistroan Hijas de la Cruz Ikastetxearen inskripzioari; horren ondorioz, indargabetuta geratu ziren ikastetxe horri Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza emateko baimena eman zioten aginduak.
– 1. alternatiba (hartutako alternatiba). Plan Bereziaren aldaketa proposatzea.
Bilboko Presentación de María ikastetxearen lurzatirako Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketan hartutako alternatibaren helburua da lurzatia segregatzea, ekipamendu-erabilera aldatzea eta eraikinen bolumetria berrantolatzea, larrialdi-zerbitzuei sarbidea emanez eta larrialdiko irteera bat gaituz. Helburu horrekin, «Presentación de María ikastetxea» izeneko 12. irakaskuntzako ekipamendu lokalari dagokion lurzatia ekipamendu indibidualen 2 lurzatitan banatzen da: Erronda 26 (12. ekipamendua) eta Solokoetxe 15 (13. ekipamendua).
Plan Bereziaren Aldaketak proposatzen du lurzatiak edozein ekipamendu mota hartzeko aukera izatea, irakaskuntzako ekipamendua izatera behartu gabe.
Bolumetriari dagokionez, lurzatia segregatzearen ondoriozko bi ekipamenduetatik, aldaketak Solokoetxeko 15eko ekipamenduan (13. ekipamendua) bakarrik egiten dira. Planaren aldaketarekin, eraikin zentrala (31. eraikina) kentzea proposatzen da, eta eraikin horren eraikigarritasuna erabiliz Solokoetxe 15eko eraikina (29. eraikina) handitzea. Horretarako, eraikinaren hormartea handitu nahi da, Solokoetxe kaleko ondoko eraikinen hormartearekin berdinduz, eta Solokoetxeko eraikinaren profila eskalatu, gaur egungo hiru solairuko altuerako jauzi bortitz handia leuntzeko. Udalak hala eskatuta, eta larrialdi-zerbitzuek –batez ere suhiltzaileek– hiriko eremu horretan esku hartzeko dituzten aukerak hobetzeko eta areagotzeko xedez, suhiltzaileentzako sarbide bat gaitu nahi da Solokoetxe 15eko eraikinaren barruan, ibilgailu-bide batetik gertuen dagoen eremuan, Solokoetxe kalearen amaieran.
Gainera, 15. espazio libre horretako segurtasuna areagotzeko, larrialdietarako irteera bat jarriko da Solokoetxe 15eko ekipamendu-lurzatiaren barruko espazio irekian. Sarbide hori modu irisgarrian egingo dela bermatu beharko da.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez du jasotzen baldintzarik –besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez– ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko. Nolanahi ere, Plan horrek udalerri mailan eremu txiki baten erabilera baino ez du ezartzen.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: ez da bateraezintasunik edo kontraesanik ikusi Bilboko (Bizkaia) Presentación de María ikastetxearen lurzatirako Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketaren eta ebaluatu diren plan eta programen artean.
c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan ingurumen-alderdiak integratzeari begira. Planak aukera ematen du klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko xedea duten neurriak txertatzeko, eraikingintzan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatuz.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da detektatu Plana gauzatzeak ingurumenean arazo adierazgarririk sortuko duenik, baldin eta eragin-eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak egiten badira indarrean dagoen araudia betez –besteak beste, arlo hauetan: airearen kutsadura, soinu- eta argi-kutsadura; lurzoruak; hondakinak; eta isurketak–.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Eremua kokatuta dago Nerbioi itsasadarraren eskuinaldean, Bilboko (Bizkaia) udal-mugarteko Zazpikaleetan, hiri-lurzoru finkatuaren kategoria duen lurzoruan, zeina bizitegi-, industria-, ekipamendu- eta azpiegitura-lurzoru gisa katalogatuta dagoen.
Ez dago elementu naturalistiko aipagarririk, salbu eta 200-250 metrora dagoen Nerbioi itsasadarra, zeinak onetsia duen bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-plan bat.
Nahiz eta eremua kokatuta egon «Bilboko Hirigune Historikoa» arkitektura-ondasuntzat mugatutako gunean, kultura-ondasun gisa aitortua Monumentu Multzoaren kategoriarekin, ez Erronda 26ko eta ez Solokoetxe 15eko eraikinak ez daude sartuta babes bereziko, ertaineko zein oinarrizko zerrendetan –543/1995 Dekretua, abenduaren 29koa, Bilboko hirigune historikoa sailkatutako kultura ondasun gisa izendatzeko adierazpenari Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legean jasotako babes-araubidea eta gainerako gorabeherak eranstekoa–.
Ingurumen-arriskuak kokalekurako Erronda kaleko sarbidearen 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuetara mugatzen dira, ES017-BIZ-IBA-01 kodea duen UAHE eremua barnean hartzen duena.
Klima-aldaketari dagokionez, «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa» dokumentuan oinarrituta (Ihobe, EJ, 2019ko urtarrila), eta kontuan hartuta Bilbok EAEko udalerri guztiekiko duen posizio erlatiboa, nabarmentzen da ibaietako uholdeek eta itsas mailaren igoerak hirigunean duten eragina, bai eta bero-boladek giza osasunean duten inpaktuari lotutako arriskua ere.
Ingurunearen ezaugarri eta baldintza nagusiak eta aurreikusitako jarduketak kontuan hartuta, Plana garatzeagatik sortu daitezkeen ondorioak gehienbat obra-fasean erregistratuko dira. Hori dela-eta, hondakinak sortuko dira (geldoak; obrako langileen jardueraren ondoriozkoak, hiri-hondakinekin pareka daitezkeenak; eta hondakin arriskutsuak), lurzorua okupatuko da, eta okertu egingo dira kalitate akustiko eta atmosferikoa, lurzoruaren kalitatea eta lurpeko uren kalitatea.
3.– Ebazpen honek Planean jaso beharreko neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen ditu, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharra egon ez dadin.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera, ezertan eragotzi gabe Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste organismo batzuek ezartzen dituztenak.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
Erronda 26ko eta Solokoetxe 15eko eraikinak monumentu-multzoaren mugen barruan kokatzeak eta babes bereziko, ertaineko edo oinarrizko zerrendetan sartuta ez egoteak aukera ematen du edozein motatako jarduketak egiteko –haiek ordeztea barne–, bermatuz, betiere, eraikin berria ondo integratzen edo harmonizatzen dela lehendik dagoen multzoarekin –543/1995 Dekretua, abenduaren 29koa, Bilboko hirigune historikoa sailkatutako kultura ondasun gisa izendatzeko adierazpenari Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legean jasotako babes-araubidea eta gainerako gorabeherak eranstekoa–.
Horrela, Planak bermatuko du eraikin berria ingurunean ondo integratuko dela eta lehendik dauden inguruko eraikinekin harmonian egongo dela. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean adierazitakoarekin bat etorriz, proposamenak horri buruzko gidalerro batzuk ezarri beharko lituzke, Bilboko Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketaren 118. artikuluan ezarritakoaren arabera (2022ko ekainaren 30ekoa).
Erabilera-aldaketari dagokionez, txostenean adierazten da, guztiz definitu gabe utzi arren, horrek ez duela arriskurik ekarriko parte den multzoaren balio historiko eta arkitektonikoetarako. Era berean, Solokoetxe 15eko lurzatiaren barrualderako sarbideak ezin izango du inpaktu bisual negatiborik sortu, ez eta inguruneari inolako afekziorik eragin ere.
Uholde-arriskuari buruzko neurriak:
Nahiz eta eremua itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasuneko eremutik kanpo egon, gaur egungo sarbidea bat dator 500 urteko errepikatze-denborako eragin-eremuarekin.
Uholde-arrisku potentzial nabarmena duen eremua da, ES017-GIP-14-1 kodea duen Bilbao-Erandio UHAE gisa identifikatua. Horregatik, Ura-Uraren Euskal Agentziak gogorarazten du ezen, proposatutako erabilera-aldaketak kalteberatasun-maila areagotzea badakar, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 40.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, bakarrik baimendu ahal izango dela egiaztatzen denean neurri egokiak eta nahikoak hartu direla kalteberatasuna murrizteko.
Nolanahi ere, gogora ekarri nahi da, halaber, lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duten Administrazioek zaindu behar dutela uholde-arriskuaren arloko mugak betetzen direla itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasuneko eremutik kanpoko uholde-eremuetan, Plan Hidrologiko horren 37.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, etorkizuneko ekipamenduaren erabiltzaileen balizko kalteberatasun-gehikuntza konpentsatzeko.
Obra-faseko neurriak:
Besteak beste, neurri prebentibo eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera.
Hondakinen kudeaketari buruzko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edota, hala badagokio, hondakinak kudeatu behar dira aipatutako apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzera bideratu ahal izango dira soilik aldez aurretik behar bezala justifikatzen bada teknikaren, ekonomiaren edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntza-lanetan baliabideak modu efizienteagoan erabiltzeko beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, bizi-zikloaren amaieran hondakinak modu efizienteagoan aprobetxatzeko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.
Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera –Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena– eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.
– Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Bilboko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehaztu ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Lurzoruak eta urak babestea:
Neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan.
Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, eta gainazal iragazgaiztuak izango dituzte, lurpera ez iragazteko. Eremu horietako drainadura inguruneko drainatze naturaletik hidraulikoki isolatuta egongo da, efluenteak behar bezala tratatu ahal izateko.
Makineriaren eta ekipoen mantentze-lanak obra-barrutian bertan egingo dira, horretarako gaitutako lekuetan, behar bezala kontrolatuta eta egokituta balizko isuriei eusteko. Nolanahi ere, hondakinak (bereziki olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, lurpera ez iragazteko eta urak ez kutsatzeko.
Material xurgatzaile espezifikoa (sepiolita edo baliokideak) eduki beharko da, berehala jarduteko olioen, erregaien edo bestelako substantzia arriskutsuen istripuzko edozein isuriren aurrean.
– Airearen kalitatea babestea: ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
– Obretako zarata: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko den makineria egokitu egin beharko da kanpoan erabiltzeko makineriaren emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko da, hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du– eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek irauten duten bitartean, zarataren jatorria murrizteko jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira, bereziki hondeaketa, eraispen, karga, deskarga eta garraioko lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean eta zarataren eta bibrazioen jatorria murriztean.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluak. Azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin kalteberetan zarata murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Euskal Kultura Ondarearen 2019 maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
– Jasangarritasuna eraikuntzan:
Kontuan hartuko dira eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoarekin. I. eranskina. Aplikatzekoa den araudia. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
i) Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.
ii) Energia. Energia gutxiago kontsumitzea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.
iii) Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
iv) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
v) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.
vi) Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
vii) Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.
viii) Energia. Energia gutxiago kontsumitzea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.
ix) Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
x) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
xi) Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
xii) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.
xiii) Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
xiv) Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea eta/edo hondakin gutxiago sortzea.
xv) Lurzoruaren erabilera. Lurzoru gutxiago okupatzea.
xvi) Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
xvii) Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta/edo biodibertsitatea handitzea eta/edo kontserbatzea.
xviii) Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
xix) Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
xx) Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Bilboko (Bizkaia) Presentación de María ikastetxearen lurzatirako Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketak» ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarriak eragingo dituenik, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Bilboko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, ez bada Plana onetsi, gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS