Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2025eko irailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3956

EBAZPENA, 2025eko irailaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Mutrikuko (Gipuzkoa) Galdona Kanpineko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Mutrikuko Udalak, 2025eko maiatzaren 7an, eskabidea aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari «Mutrikuko (Gipuzkoa) Galdona Kanpineko Plan Berezia»ren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, 2025eko ekainaren 2an Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen, eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Mutrikuko Udalari jakinarazi zion prozedurari hasiera eman zitzaiola.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak irizpen-elementu nahikoak dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-eragin adierazgarririk –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuei baimena emateko. Ez die eragiten Natura 2000 Sareko guneei, ez eta nazioarteko hitzarmenetatik edo natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura kontserbatzeari buruzko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorretatik eratorritako ingurumena babesteko araubideren bat duten guneei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Mutrikuko (Gipuzkoa) Galdona Kanpineko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Galdona kanpina –1969az geroztik du irekitzeko lizentzia– Mutrikuko udal-mugartean dago, Galdonamendi auzoan. Lurzoru urbanizaezineko eremu bat da, Trantsizioko landa-paisaiaren nekazaritza nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko kategorian sartuta dagoena. Kanpinak Galdona baserria inguratzen du hein batean, zeina ez dagoen kanpinari lotuta.

Gaur egun, Galdona kanpinak 27.968,49 m2-ko azalera hartzen du guztira (3 ha baino azalera txikiagoa), eta bost eremu dauzka: kanpinaren esparrua (20.878 m2), autokarabanentzako kanpina eta aparkalekua (karabanentzako kanpina 1.855,94 m2-koa eta aparkalekua 603,72 m2-koa), aparkaleku- eta kanpaleku-eremua (2.657,67 m2), berdegunea eta kanpinzaleen olde puntualetan noizbehinka erabiltzeko eremua (1.562,01 m2) eta kanpineko langileen zerbitzu-eremu propioa (410,87 m2).

Kanpinaren eremu zentralak hainbat barne-bide dauzka, karabana iraunkorretarako, karabanetarako eta kanpadendetarako lurzatiak, bai eta 33 plaza dituen aparkaleku bat ere eraikin zentralaren aurrealdean, zerbitzu-eraikina, eta jatetxea nahiz harreragunea dituen eraikin nagusia. Kanpineko azpiegiturek honako hauek dauzkate: hondakin-urak biltzeko sare bat, bi putzu septikorekin –bata zerbitzu-eraikinarentzat eta bestea autokarabanen kutxatilentzat, eraikin nagusiarentzat, langileen eraikinarentzat eta Galdona baserriarentzat–; euri-uren sare bat, urak gertuko ur-ibilgura isurtzen dituena; eta, gainera, korronte elektrikoa, telefonia/zuntza eta edateko ura dauzkate, zeina kanpinaren sarrerako hargunetik abiatzen den.

Adierazi behar da kanpinak, instalazioen erabiltzaileak ez ezik, ibiltariak ere jasotzen dituela; zehazki, paisaia-intereseko PR-GI-22 ibilbidea eta GR 121 Talaia ibilbidea Deba-Saturraran egiten ari direnak, bere 8. etapan (Mutriku-Saturraran), ibilbide horren trazadurak kokalekua zeharkatzen baitu.

Azken urteotan areagotzen joan da jarduera, autokarabanen, karabanen eta ibilgailuentzako aparkalekuaren eremu berriak sortzeko premiaren eraginez.

Plan Bereziaren irismenean honako hauek sartzen dira:

– Eremuak berrantolatzea, jasangarritasun ekonomikoa lortzeari begira kanpineko espazioak optimizatzeko.

– Bezeroari arreta hobea eta langileari ingurune hobea eskaintzea.

– Instalazioak hobetzea, jasangarritasuna lortzeko.

Plana jarduketa hauetan zehazten da:

– Berrantolatzearen helburua da autokarabanen turismoaren gorakadari erantzuna ematea. Horretarako, berrantolatu egingo dira gaur egun sarreran dauden «aparkaleku- eta kanpaleku-eremua (2.657,67 m2) eta berdegunea (1.562,01 m2)», aparkaleku-eremu bat (869,24 m2) mantentzeko eta autokarabanentzat eremu berri bat egokitzeko, gaur egun eskuinaldean dagoenaren antzekoa (2.132,43 m2); hala, eremu horren behealdea berdegune gisa geratuko litzateke (1.218,01 m2), eta noizbehinkako erabilera izango luke kanpinzale-eremu gisa, jende gehien joaten den une puntualetan.

– Bezeroari eskaintzen zaion arreta hobetzeak plantilla handitzeko eskatzen du, eta, beraz, «babesleku» izenez ezagutzen den erdisotoa errematatzea. Jarduketa horren bidez, solairu bakarreko eraikin bat egin nahi da, bi isurkiko estalkia duena, kanpineko langileek egoitza-atsedenleku modura erabil dezaten.

– Instalazioak hobetzean, hainbat jasangarritasun-irizpide aplikatuko dira instalazioak erabili eta eraikitzeko. Horretarako, agindu hauek hartuko dira kontuan:

a) Eraikuntza jasangarriko teknikak erabiltzea, material ekologikoak baliatuz eta inguruneko paisaiarekin konbinatuz.

b) Energia berriztagarriak erabiltzea, energia aurrezteko eta zarata-iturri tradizionalen soinu-kutsadura murrizteko.

– Eguzki-plakak.

– Eguzki-farolak.

c) Hondakinak gaika biltzeko sistema sustatzea.

d) Mugikortasun jasangarria. Bike sharing zerbitzuak ezartzea hala bizikleta elektrikoan nola patinete elektrikoan.

Kanpinaren berrantolamendu berriarekin, hondakin-uren araztegi (HUA) bat instalatuko da, prefabrikatua, trinkoa eta erd ilurperatua, biodiskoen teknologian oinarritua eta bi arazketa-etapa izango dituena, URAk eta Hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzko Zuzentarauak (91/171/EEE) markatutako parametroak eta isurketa betetzeko. HUA diseinatuta egongo da 400 biztanle baliokidek sortutako efluentea (60 m3/egun) tratatzeko –kanpinaren edukiera baino handiagoa–.

Plan Berezia onetsi ondoren, Urbanizazio- eta/edo Eraikuntza-proiektua idatzi beharko da, eta bertan zehaztuko dira gauzatu beharreko jarduketak.

Aurreikusitako alternatibak:

Alternatiba hauek azaltzen dira:

– 0. alternatiba: egungo Galdona kanpinaren baldintzak mantentzea.

– 1. alternatiba: kanpina berrantolatzea egungo mugak mantenduz, kanpineko espazioak optimizatuta jasangarritasun ekonomikoa hobetzeko.

– 2. alternatiba: kanpina zabaltzea sarrerako errepidearen eskuinaldean, autokarabanen eremua zabaltzeko, 3.100 m2-ko eremu berri bat okupatuz.

Hautatutako alternatiba 1. alternatiba da, jada okupatuta dagoen espazioa berrantolatzean datzalako eta kanpinaren egungo premiei ondoen erantzuten diena delako.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez du jasotzen baldintzarik, besteak beste, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietakoren bateko proiektuak etorkizunean baimentzeko kokalekuari, ezaugarriei, dimentsioei edo funtzionamenduari dagokienez.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak lurzati bat antolatzen du lurzoru urbanizaezinean, Galdona kanpinaren eremuaren antolamendua egokitzeko, lehendik dauden erabilerak finkatzearren eta planaren xede den eremuan erabilera berriak ezartzearren, Mutrikuko Arau Subsidiarioen zehaztapenen arabera. Planak, dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia den ingurumenaren arloan kontuan hartu beharreko alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeari begira: uste da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzera bideratutako neurriak sartzeko. Planak jasangarritasun-irizpideak jasotzen ditu etorkizuneko eraikinetan eta instalazio osoan, hala nola eraikuntza-teknika jasangarriak erabiltzea, energia berriztagarriak eta energia-efizientzia baliatzea (eguzki-plakak eta -farolak), hondakinak gaika biltzea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da detektatu Plana gauzatzeak ingurumenean arazo esanguratsurik sortuko duenik, betiere eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez egiten badira –besteak beste arlo hauetan: lurzoruak, urak, zarata, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena–. Ildo horretan, bermatu beharko da ahalik eta gutxien eragingo zaiela autokarabanen eremu berriaren ondoko berdegunearen lurzatian dauden zuhaitz-masa autoktonoei.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak lurzoru urbanizaezineko 3 hektarea baino azalera txikiagoko eremu bat antolatzen du Mutrikuko Galdonamendi auzoaren goialdean. Kanpinaren jarduera Galdona baserriaren inguruan garatzen da, eta bertara iristen da instalazioa GI-638 eta GI-3561 errepideekin lotzen duten landa-bideetatik. Lurzorua neurri batean eraldatua dagoen arren, oraindik ere, hein handi batean, berezko ezaugarri naturalak mantentzen ditu.

Eremua kokatuta dago «Debaren Unitate Hidrologikoa (UH)» unitatean, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017), eta bertan ez dago ur-ibilgurik. Hurbilen dauden ibilguak Idurre errekarena –85 m inguruan eremuaren iparraldera– eta Kurpita errekarena –65 m-ra– dira, eta biak Mijoa ibaira isurtzen dira. Era berean, eremua Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan sartuta dago (Euskal Kostaldeko Geoparkea. PE07 kodea). Gainera, gune sentikorrak hartzeko eremuaren barruan dago, aipatutako Erregistroko Artibai estuarioari lotuta (ESCA 1033 kodea). Bestalde, itsasertzetik hurbil badago ere, ez dago ILJPan sartuta.

Eremua bat dator Euskal Kostaldeko Geoparkearekin –Unescok hala izendatua–, zeina ‘Gune babestua nazioarteko tresnak aplikatzearen ondorioz’ gisa sailkatuta dagoen Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean. Hala ere, eremuak ez du bat egiten Natura 2000 Sarearekin, naturagune babestuekin edo hezeguneen inbentarioan zein naturaguneen katalogo irekian dauden beste gune batzuekin. Eremuak ez dio eragiten Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) azpiegitura berdeari. Dena den, kanpinaren ekialdeko zati bat kokatuta dago Gipuzkoako azpiegitura berdean (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2019) GAB-DB-02 kodea duen Funtzionaltasun Ekologikorako Intereseko Eremuan (FEIE). FEIE horrek iparraldetik hegoaldera lotzen ditu Mutriku-Saturrarango itsaslabarrak Arnoko KBEarekin, Mutrikuko herria ekialdean utzita.

Litologikoki, Planaren eremua kokatuta dago porositatearen bidezko iragazkortasun txikiko lutiten eta hareharrien txandakatze batean. Eremuaren iparraldean, lurzoruak kanbisol distriko motakoak dira, eta mugak dituzte maldagatik, bai eta erabilera-ahalmen txikia eta nekazaritza-aprobetxamendurako muga zorrotzak ere (VII. klase agrologikoa). Hegoaldean, berriz, kanbisol eutriko motakoak dira, eta mugak dauzkate ezaugarri fisiko eta kimikoengatik, bai eta erabilera-ahalmen handia ere.

Azterketaren eremuan ez dago Geologia-interesdun lekurik (GIL). Hurbilen dagoena –ipar-ekialderantz 300 metrora– Zazpi Hondartzetako flysch beltzaren GILa da (GIL 023. Kardal-Saturraran), zeina EAEko Geodibertsitatearen Estrategian jasota dagoen.

Landaredi-kartografiak, EUNIS 2019 (geoEuskadi) habitaten geruzatik aztertuta, «Parke txikiak eta lorategi apaingarriak» gisa identifikatzen du ia kanpin osoa. Nolanahi ere, karabanentzako kanpin- eta aparkaleku-eremua, bai eta aparkaleku- eta kanpaleku-eremua eta berdegunea ere, «Sega-belardi atlantikoak, artzaintzarik gabekoak» eremuan sartuta daude. Gaur egungo kanpinaren berdegunea, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, zuhaitz-masa sakabanatu batek osatzen du, non hostozabal autoktonoen hainbat espezie dauden (lizarrak, haritzak eta hostozabalen beste espezie batzuk) Plan honetako jarduketa batzuk egin nahi diren tokian. Kanpinaren inguruetan konifero gazteen landaketak daude, Pinus radiata, Chamaecyparis lawsoniana eta sega-belardi atlantikoak. Eremuan ez da identifikatu flora-espezie mehatxaturik. Hala ere, karabanen kanpin- eta aparkaleku-eremua, bai eta aparkaleku- eta kanpaleku-eremua eta berdegunea ere, neurri batean bat datoz Batasunaren intereseko habitat honekin: Sega-belardi atlantikoak, artzaintzarik gabekoak (BIH1 6510).

Ez da identifikatu fauna mehatxatua kudeatzeko planen xede den gunerik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planen xede denik ere, ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean. Planaren eremuak abifauna babesteko eremua (Urola Kosta-Garate sektorea) du mugakide iparraldean. Hala izendatu zen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan, zeinaren bidez arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen diren eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen (2016ko maiatzaren 23ko EHAA, 96. zk.). Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eremuan dagoen fauna nekazaritza- eta basogintza-inguruneetara egokitutako espezie komunei dagokie, bai eta kostaldeko inguruneei lotutako espezieei ere. Dena den, aipatu da presente egon litezkeela Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) eta kaprikornio handia (Cerambyx cerdo), biak ala biak interes bereziko espezieak, EMEKen arabera.

Eremua «Nekazaritza-mosaikoa, ibai-jabarian baso-landaketak dituena» paisaia-unitateari dagokio, eta Galdonamendiren ikuseremuan bilduta dago, oso paisaia-balio handiarekin. Era berean, EAEko paisaia berezien eta apartekoen inbentarioan sartuta dago (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Planaren xede diren lurzatiek ez dute bat egiten kultura-ondare eraikiaren edo arkeologikoaren elementuekin; dena den, 100 m baino gutxiagora, Idurreko Andra Mariaren baseliza eta Idurre dorrea daude, eta ondare arkeologikoan sartuta daude biak.

Mutrikuko Arau Subsidiarioek, beren ordenantzen 127. artikuluan, paisaia-intereseko ibilbide gisa jasotzen dute Mutrikuko udal-mugartea inguratzen duen PR-GI 22 bidea, eta kanpinaren inguruetan bat dator GR-121 ibilbidearen trazadurarekin.

Zaratari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) 2023an berritu zituen Gipuzkoako udalerrietako errepideen zarata-mapak. Mapa horien arabera, GI-638 errepidearen soinu mailek ez diote eragiten eremuaren kalitate akustikoari.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak oso higadura-arrisku txikia du; bestalde, eremua ez dago inolako baso-sute arriskurekin lotuta.

Beste arrisku batzuei dagokienez, eremuak ez du bat egiten Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko kokalekuekin. Kartografiaren arabera, hurbilena ipar-mendebaldeko mugaren ondoan dago, zabortegi gisa sailkatuta dago, eta 1,7 ha inguruko azalera du. Era berean, Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, uholde-eremuetatik kanpo geratzen da; gainera, ez da ikusten akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasunik, eta ez dago bat-etortzerik interes hidrogeologikoko eremuekin. Horrez gain, ez dira identifikatu sismikotasunak edo salgai arriskutsuen garraioak eragindako arrisku handiak.

Inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, eraikinaren oinplano berria eraikitzeko egin beharreko lanetan erabilitako makineriarengatik eta autokarabanen eta aparkalekuaren eremu berria birmoldatzeagatik. Horrela, jarduketen ondorioz, lurzorua okupatuko da, makineriaren joan-etorriak egongo dira, zuhaitzak moztuko dira, isuri atmosferikoak, hondakinak eta zaratak sortuko dira, eta abar.

Funtzionamendu-faseari dagokionez, proposatutako antolamenduarekin handitu egingo denez kanpinaren edukiera, inpaktuak espero dira uraren eta energiaren kontsumoa eta emisioak (isurketak eta hondakinak) areagotzearen ondorioz.

Planak funtzionamendu-fase honetan dituen ondorio onuragarrien artean, hauek leudeke: enpleguak gora egitea; hondakin-uren kudeaketa hobetzea; jasangarritasun- eta efizientzia-irizpideak hartzea eraikinaren diseinuan eta instalazioen erabileran (material jasangarriak, energia berriztagarria, energia-aurrezpena...); eremuko aisialdia eta olgeta ugaritzea; eta kanpinean lo edo lan egiten dutenen bizigarritasun-kalitatea hobetzea.

Ingurumen-dokumentuak garrantzi txikikotzat jotzen du BIH 6510 eremuaren gaineko inpaktua. Izan ere, autokarabanen eremu berria kokatuko den lurzatia kanpinaren zati da gaur egun: aparkaleku gisa erabiltzen da, bai eta kanpinzaleek noizbehinka erabiltzeko eremu gisa ere, jende-olde puntualetan. Ingurumen-dokumentuaren arabera, autokarabanentzako eremu berrian dauden eta Planarekin bateraezinak diren zuhaitz-oinak birlandatu ahal izango dira.

Kontuan hartuta proposatzen diren jarduketen izaera eta horietatik eratortzen diren eraginak, ez da espero jarduera horiek ingurumenean inpaktu adierazgarririk eragingo dutenik, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, obrak mota honetako jarduketetarako jardunbide egokien arabera egiten badira eta dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzen badira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ez dezan ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan, eta ez dadin beharrezkoa izan «Mutrikuko (Gipuzkoa) Galdona Kanpineko Plan Berezia»ri dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak bertan txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzeko, aintzat hartuko dira indarrean dagoen araudia, ebazpen honetan ezarritakoa eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoak eta Planak berak zehaztutakoa.

Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

Zuhaitz-masen gaineko eraginarekin lotutako neurriak:

Babestu egingo da berdegunearen eremuan dagoen zuhaitz-masa autoktonoa; horretarako, eremu horretan mantendu beharreko zuhaitzak babesteko zuin bat jarriko da. Zuhaitz-alerik kendu behar izanez gero, ale horiek behar bezala seinaleztatu beharko dira, eta horiek birlandatzeko aukera aztertuko da.

Mozketak egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren baimena beharko da. Mozketak egin baino lehen, Basozaintzari jakinaraziko zaio.

Zuhaitz-eremuaren ondoan lur-mugimenduak eginez gero, behar bezala babestuko dira makineriak kaltetu ditzakeen zuhaitzak, eta saihestu egingo da makineria zuhaitz horien sustrai-sistemaren gainetik igarotzea.

Inausketak egin behar izanez gero, langile espezializatuek egingo dituzte, erasandako adarrean ebaki garbi bat eginez eta ondoren orbaintzailea aplikatuz eremuaren gainean, zuhaitz-aleak ez dezan gaixotasunik edo infekziorik hartu.

Paisaia-intereseko ibilbideetan eragina minimizatzeko neurriak:

Obrak egiten diren bitartean, kanpinaren eremua zeharkatzen duten GR-121 eta PR-GI-22 ibilbideen iragazkortasuna eta jarraitutasuna bermatuko da. Paisaia-interesa duen azken ibilbide hori Mutrikuko udalerriko Arau Subsidiarioetako ordenantzek arautzen dute, 127. eta 15. artikuluetan (E.1.5 apartatua).

HUA berriaren ingurunearen gaineko eragina minimizatzeko neurriak:

Behar bezala justifikatu beharko da proiektatutako HUA berriaren dimentsionamendua.

HUA berria ingurunearen morfologiara egokituko da paisaiaren aldetik, eta jasangarritasuneko eta energia-efizientziako irizpideak erabiliko dira haren eraikuntzan.

Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:

Aurreko neurriak alde batera utzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek zerikusia izango dute jardunbide egokien eskuliburuarekin, obrak egitean, lurrak eta soberakinak kudeatzean, hondakinak sortu eta kudeatzean, hondeatutako lurzoruak kontrolatzean, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera.

Hondakinen kudeaketari buruzko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, hondakinak kudeatu behar dira aipatutako apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzera bideratu ahal izango dira soilik aldez aurretik behar bezala justifikatzen bada ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikaren, ekonomiaren edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Olio erabiliak kudeatzeko, industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatuko dira Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Lur-soberakinak sortzen badira, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-beharra duen gertuko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden alternatibak ingurumen-irizpideekin aztertuko dira, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu bat izango da beti, eta arau hauetan xedatutakoa betez egingo da haien kudeaketa: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzea eta abar). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ekidin egingo da makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea. Nolanahi ere, hondakinak (bereziki olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.

– Hala badagokio, espazio libreak landareztatzean, aintzat hartuko da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua.

Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.

– Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko den makineria egokitu egin beharko da kanpoan erabiltzeko makineriaren emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko da, hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua– eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek irauten duten bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorrak egitean eta zaratak eta bibrazioak sorburuan murriztean ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, prebentzioz aldi baterako eten egingo dira lanak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari berehala emango zaio aurkikuntzaren berri, zer neurri hartu adieraz dezan.

– Kamioiek obrara sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliz.

– Obrek eragindako espazioak leheneratzea: proiektua gauzatzeak eragindako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

– Jasangarritasuna eraikingintzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

i) Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

ii) Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.

iii) Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

iv) Ur grisak. Ur grisen sorrera murriztea.

v) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

vi) Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

vii) Paisaia. Instalazioak paisaian integratzea.

viii) Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Mutrikuko (Gipuzkoa) Galdona Kanpineko Plan Bereziak» ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarriak eragingo dituenik, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Mutrikuko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du, eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, ez bada «Mutrikuko (Gipuzkoa) Galdona Kanpineko Plan Berezia» onetsi, gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 1a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala