Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2025eko irailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3955

EBAZPENA, 2025eko abuztuaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Piaspe 33 MW Parke Eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena Azpeitia, Errezil eta Zestoako udal-mugarteetan (Gipuzkoa), Desarrollos Renovables Iberia PI, SLUk sustatuta.

AURREKARIAK

2024ko urtarrilaren 24an, 2024ko otsailaren 20an eta 2024ko apirilaren 9an, organo substantiboak, Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak, jendaurreko informazioaren izapidearen mende jarri zituen «Piaspe 33 MW Parke Eolikoa eta bere ebakuazio-azpiegiturak, Azpeitia, Errezil eta Zestoako udal-mugarteetan (Gipuzkoa)» proiektua eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan xedatutakoarekin, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

Jendaurreko informazioaren izapideetako azkenari dagokion iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (2024ko apirilaren 9ko EHAA, 70. zk.) eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (2024ko apirilaren 9ko GAO, 68. zk.) argitaratu zen. Era berean, dokumentazioa ikusgai egon zen Energia eta Meategi Proiektuen Informazio Publikoaren webgunean (https://www.euskadi.eus/01-ge-y-2022-14-fv-beitia-eu/web01-a2energi/eu/). Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, organo substantiboak adierazi du alegazioak jaso direla.

Horrez gain, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak kontsulta egin zien ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta espedientean jasota dago emaitza.

2024ko uztailaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren eskaera jaso zuen, «Piaspe 33 MW Parke Eolikoa eta bere ebakuazio-azpiegiturak Azpeitia, Errezil eta Zestoako udal-mugarteetan (Gipuzkoa)» proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko, Desarrollos Renovables Iberia PI SLUk sustatuta.

2024ko irailaren 10ean, Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak dokumentazio osagarria txertatu zuen.

Espedienteko dokumentazioaren azterketa formal eta teknikoa egin ondoren, 2024ko azaroaren 11n ingurumen-organoak errekerimendua bidali zion organo substantiboari aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea eten egin zela jakinarazi zitzaion.

2024ko azaroaren 26an eta 2025eko otsailaren 13an, Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak dokumentazio osagarria txertatu zuen.

Espedienteko dokumentazioa aztertu ondoren, ingurumen-organoak errekerimendua bidali zion organo substantiboari 2025eko otsailaren 13an, espedientea osatzeko, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea eten egin zela jakinarazi zitzaion. Zehazki, eskatzen zen txosten berri bat jasotzeko Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren eskutik, sustatzaileak emandako informazio gehigarriari zegokionez, ukitutako Administrazio publikoei egindako kontsulta-fasean bi organismoek egindako txostenei erantzuteko.

2025eko maiatzaren 30ean, organo substantiboak osatu egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean Piaspe 33 MW parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera, Azpeitia, Errezil eta Zestoako udal-mugarteetan (Gipuzkoa). Zehazki, organo horien txosten berriak gehitu ziren.

Eskaerak, osatu ondoren, honako agiri hauek jasotzen ditu:

– Piaspe Parke Eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren oinarrizko proiektua (Sisener Ingenieros, 2023ko azaroa).

– 33 MW-eko parke eolikoaren eta 30 kV-eko ebakuazio-linearen ingurumen-inpaktuaren azterketaren bategina, Lasaoko azpiestazioan (Basoinsa, 2025eko urtarrila).

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza (jendaurreko informazioaren epea, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna).

– Ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza (kontsultatu diren Administrazio publikoetako organismoen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari dagokionez egindako oharrak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, horien xedea da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatutako proiektu publiko zein pribatuei. Aztertu beharreko proiektua eranskin horretako D3 taldean jasota dago zehazki (Energiaren industria), 3.j epigrafean: «5 aerosorgailu edo gehiago, guztira 10 MW-eko potentzia edo handiagoa dutenak, dauzkaten parke eolikoak. Beste parke eoliko batetik 2 km baino gutxiagora dauden parke eolikoak, baldin eta dituzten baterako magnitudeak aurreko atalaseetara iristen badira edo atalase horiek gainditzen badituzte. Arau honen ondoreetarako, parke eolikotzat hartuko dira energia eolikotik elektrizitatea sortzera bideratutako instalazioak, sare propioen bidez elektrikoki konektatutako hainbat aerosorgailu baliatuz, sarbide- eta kontrol-egitura bera partekatuta, energia propioa neurtuta eta sare orokorrera konektatuta».

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuz, Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura gauzatzeko zer behar den xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta ukitutako Administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketak indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio-Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Piaspe 33 MW Parke Eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektuaren aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, Azpeitia, Errezil eta Zestoako udal-mugarteetan (Gipuzkoa), Desarrollos Renovables Iberia PI SLUk sustatuta, ondoren egindako analisiaren arabera eta azaltzen diren alderdi nahiz arrazoiak direla kausa:

Ingurumen-ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean eginda dago, eta jarduketa hauek biltzen ditu:

– 33 MW-eko Piaspe Parke Eolikoa, 6,6 MW-eko bost aerosorgailu instalatzean datzana, Azpeitia, Errezil eta Zestoako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) kokatua.

– Piaspe 30 kV SZ sekzionamendu-zentroa, Azpeitiko udal-mugartean (Gipuzkoa) kokatua.

– Aireko/lurpeko linea, Piaspe 30 kV SZtik SET Lasao 30 kV-era, Azpeitiko eta Zestoako udal-mugarteetako (Gipuzkoa) lursailetatik igarotzen dena.

1.– Proiektuaren kokapena eta deskribapena.

1.1.– Sustatzailea eta organo substantiboa.

Proiektuaren sustatzailea Desarrollos Renovables Iberia PI SLU da.

Organo substantiboa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza da.

1.2.– Kokapena.

Piaspe parke eolikoa eta bere ebakuazio-azpiegitura Azpeitia, Errezil eta Zestoako udal-mugarteetan planteatzen da, Gipuzkoako probintzian.

Parke eolikoak 6,6 MW-eko 5 aerosorgailu izango ditu, Arauntza, Sañogaña, Mugarriluzea, Irumugarrieta eta Munomendi gailurrek osatutako gailur-lerroan kokatuta, 600 m inguruko kotetan, inguruko haize nagusiekiko lerrokadura perpendikularretan.

Piaspe Parke Eolikora GI-631 errepidetik sartzen da, Zestoa udalerrian zehar, PK 6+400 kilometro-puntutik hurbil, eta udalerri horretatik igarotzen da landa-bideetatik eta GI-3730 errepidetik, parke eolikoarekin lotzen den arte.

33 MW-eko Piaspe parke eolikotik datorren energia elektrikoa ebakuatzeko, Azpeitiko udal-mugartean «Piaspe 30 Kv SZ» sekzionamendu-zentroa eraikitzea proiektatu da; zehazki, 05. poligonoko 135. lurzatian. Aireko eta lurpeko tarteak dituen ebakuazio-linea Azpeitiko udalerritik igarotzen da oso-osorik, azken zatian izan ezik, zeina Zestoako udalerrian sartzen den, Lasaoko azpiestazio elektrikoan sarera konektatzeko.

Azpeitiko udalerrian daude PI-01, PI-02 eta PI-03 aerosorgailuak, horietara sartzeko bideak, sekzionamendu-zentroaren zabalgunea eta ebakuazio-linearen trazatuaren zati handi bat.

Errezilgo udalerrian daude PI-04 eta PI-05 aerosorgailuen plataformen zati bat, neurketa-dorrea, sartzeko bide-tarte txiki bat eta ebakuazio-linearako zangaren zati bat.

Zestoako udalerrian daude PI-04 eta PI-05 aerosorgailuak, bi zelaiak eta sarbideen, parkeko barne-bideen eta ebakuazio-linearen aireko eta lurpeko trazaduraren zatirik handiena.

1.3.– Aztertutako alternatibak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak (aurrerantzean, IIA), zero alternatibaz edo «jarduketarik ez» alternatibaz gain, zenbait alternatiba proposatzen ditu aerosorgailuak kokatzeko, parke eolikora sartzeko biderako, sekzionamendu-zentroa (SZ) kokatzeko eta sortutako energia ebakuatzeko.

Zero alternatiba baztertu egin da, ez liratekeelako lortuko Europar Batasunak 2030erako ezarritako helburuak; hots, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteari, energia berriztagarrien kontsumoari eta energia-efizientziari buruzkoak.

Ukitutako hiru udalek, SEO/BirdLife erakundeak, Arkamurka elkarteak eta zenbait partikularrek alegazioak aurkeztu dituzte sustatzaileak baloratutako alternatibei dagokienez. SEO/BirdLife erakundea ez dago ados alternatiben gainean egindako balorazioarekin, argudiatzen baitu ez dutela betetzen ingurumen-ebaluazioaren araudian ezarritakoa, oso alternatiba antzekoak direlako eta ez direlako proiekturako beste kokaleku batzuk baloratu. Horri dagokionez, Galiziako Auzitegi Gorenaren epai bati egiten dio erreferentzia (586/2022 Epaia). Arkamurka elkarteak ere adierazten du ez dagoela ados alternatiben balorazioarekin; bereziki, 0 alternatibaren kasuan.

Sustatzaileak aipatzen du alternatibak behar bezala baloratu direla, 0 alternatiba barne, helburu estrategikoak betetzeko testuinguruan, baita txostenetan eta alegazioetan proposatzen den linea elektrikoa lurperatzeko alternatiba ere. Irizpide anitzeko metodologia aplikatu da (paisaia, ingurune fisikoa, biologikoa, sozioekonomikoa), eta, azkenik, airetiko alternatiba hautatu da, zeina IIAn agertzen zen jada.

1.3.1.– Parke eolikorako alternatibak.

Hiru lerrokadura-konfigurazio desberdin aztertu dira orotara 33 MW-eko potentzia duten aerosorgailuen posizioetarako:

1. alternatiba.– Bi aerosorgailu hartzen ditu Azpeitiko udal-mugartean; bi Zestoan eta bat Errezilen.

2. alternatiba.– Lau aerosorgailu hartzen ditu Errezilgo udal-mugartean, eta bat Zestoan.

3. alternatiba.– Hiru aerosorgailu hartzen ditu Azpeitiko udal-mugartean, eta bi Errezilen eta Zestoaren artean.

Alternatiba bakoitzaren hainbat alderdi aztertu ondoren (ingurune fisikoa, ingurune biologikoa, naturagune babestuak, ingurune sozioekonomikoa, ondarea, paisaia eta ingurumen-zonakatzea), IIAk baloratu du 3. alternatiba dela onuragarriena.

1.3.2.– Parkera kanpotik sartzeko bidearen alternatibak:

1. alternatiba.– Autobidetik 23,5 km-ko ibilbidea du eta bi biztanlegune gurutzatzen ditu.

2. alternatiba.– 26,9 km egiten ditu eta bi biztanlegune gurutzatzen ditu.

3. alternatiba.– 11,4 km-ko ibilbidea du eta Zestoako gunea zeharkatzen du.

IIAren arabera, 3. alternatiba da guztien artean onuragarriena, ibilbide laburrena duelako eta afekziorik txikiena duelako biztanleguneetan, paisaian eta ingurune fisikoan.

1.3.3.– Sekzionamendu-zentrorako (SZ) alternatibak.

Hiru alternatiba planteatu dira SZ kokatzeko:

1. alternatiba.– SET Lasaotik 2.865 m-ra dago. 45 m3 landare-lur mugitzea dakar, 65 m3 lur erauztea eta 286 m3-ko lubetak egitea.

2. alternatiba.– SET Lasaotik 3.100 m-ra dago. 45 m3 landare-lur mugitzea dakar, 150 m3 lur erauztea eta 260 m3-ko lubetak egitea.

3. alternatiba.– SET Lasaotik 3.060 m-ra dago. 45 m3 landare-lur mugitzea dakar, 180 m3 lur erauztea eta 315 m3-ko lubetak egitea.

Hautatutako alternatiba 2.a da, lur-mugimendu gutxien eskatzen duena duelako.

1.3.4.– Ebakuazio-linearako alternatibak.

Hasiera batean, parkearen sekzionamendu-zentroaren kokapenetik eta lehen aipatutako baldintza tekniko-ekonomikoetatik eta ingurumenekoetatik abiatuta, sustatzaileak hiru trazadura-alternatiba planteatu zituen ebakuazio-linearako:

1. alternatiba.– Airetiko eta lurpeko trazadura, guztira 3.704 m-ko luzerakoa, horietatik 2.936 m airetikoak izanik eta 768 m lurpekoak. Bere ibilbidean zehar, Arauntza mendiaren mazelatik jaisten da, eta Urola ibaia, GI-631 errepidea, baso-plantazioak eta belardi atlantikoak gurutzatzen ditu.

2. alternatiba.– Airetiko eta lurpeko trazadura, guztira 4.259 m-ko luzerakoa, horietatik 2.769 m airetikoak izanik eta 1.491 m lurpekoak. Arauntza mendiaren mazelatik jaisten da hau ere, eta baso-plantazioak gurutzatzen ditu, baina ez du Urola ibaia zeharkatzen.

3. alternatiba.– Airetiko eta lurpeko trazadura, guztira 4.004 m-ko luzerakoa, horietatik 2.513 m airetikoak izanik eta 1.491 m lurpekoak. 2. alternatibaren oso antzeko trazadura du, baina malda handiagoko eta irisgarritasun txikiagoko eremuetatik igarotzen da.

IIAren balorazioaren arabera, 1. alternatiba da egokiena, laburrena izateaz gain onuragarriena ere badelako ingurune fisiko eta biologikoan.

Nolanahi ere, kontsulten izapidean eta jasotako txostenetan oinarrituta, sustatzaileak gehigarri bat erantsi du, non beste alternatiba batzuk aztertzen diren, ebakuazio-linea lurperatuz energiaren ebakuazioa egiteko.

Gehigarri horretan, IIAn hautatutako alternatibaz gain –non linea elektrikoaren trazadura airetikoa eta lurpekoa den–, beste bi alternatiba ere planteatzen ditu, non linea lurpekoa den.

– IIAren alternatiba: airetiko eta lurpeko trazadura, guztira 3.704 m-ko luzerakoa, horietatik 2.936 m airetikoak izanik eta 768 m lurpekoak. Aldi baterako afekzioaren azalera 1,48 ha-koa izango da, eta afekzio iraunkorrarena 0,51 ha-koa. Airetiko lineak bitan gurutzatzen du Urola ibaia, baita garrantzi txikiagoko beste bi ibaiadar ere.

– 1. alternatiba lurperatua.– 11.529 m-ko luzera duen lurpeko trazadura. Aldi baterako eraginaren azalera 11,53 ha-koa izango da, eta afekzio iraunkorrarena 4,61 ha-koa. Lurpean zeharkatzen du Otaola erreka.

– 2. alternatiba lurperatua.– 5.243 m-ko luzera duen lurpeko trazadura. Aldi baterako afekzioaren azalera 5,24 ha-koa izango da, eta afekzio iraunkorrarena 2,1 ha-koa. Lurpean zeharkatzen ditu Ugalditza eta Otaola errekak.

Sustatzaileak hasierako IIAren airetiko eta lurpeko alternatibari eusten dio, argudiatuz diseinu-eskakizunak betetzen dituela eta, gainera, laburrena dela, bai eta onuragarriena ere aztertutako faktore gehienetarako, faunarako eta paisaiarako izan ezik.

1.4.– Hautatutako alternatibaren deskribapena.

Lehen deskribatu den bezala, proiektuak parke eoliko bat aurreikusten du, 6,6 MW-eko potentzia unitarioko bost aerosorgailurekin. Aerosorgailu bakoitzak 170 m-ko diametroa duen errotore bat eta 83,5 m-ko luzera duten hiru pala izango ditu. Turbinak seinaleztatzeko eta argiztatzeko, aerosorgailu bakoitzean Dual Media A/ Media C sistema duen argi bat instalatuko da goialdean, eta E motako intentsitate txikiko bi argi dorrearen erdialdean, palak bertikalean duen posiziotik behera betiere.

Aerosorgailuentzat aurreikusitako zimenduak hormigoi armatuzko kono-enbor formako zapata baten bidez egingo dira, behe-oinarrian 23,40 m-ko diametroa, goi-oinarrian 6 m-ko diametroa eta 4,20 m-ko altuera izanik.

Aerosorgailu bakoitzarekin batera, muntaketa-plataforma bat eraikitzea aurreikusten da, beharrezkoa baita aerosorgailua altxatzeko eta muntatzeko erabili beharreko garabi eta kamioiak kokatu ahal izateko. PI-02, PI-03, PI-04 eta PI-05 muntatzeko plataformak dimentsio eta banaketa hauekin aurreikusi dira:

– Garabi nagusiaren plataforma: garabi nagusiaren maniobra-eremua. 29 x 18 m-ko dimentsioetako eta 4 kg/cm2-ko karga sostengatzaileko laukizuzen bati dagokio.

– Palen eremua: palak pilatzeko eremua. Palak altxatu baino lehen prestatzeko laukizuzen bati dagokio, 88 x 23 m-ko dimentsioetakoa.

– Muntaketa-lanetarako eta garabi osagarrirako maniobra-gunea: garabi nagusiaren inguruan kokatutako eremua, 5.965,22 m2-koa.

PI-01 aerosorgailuaren plataformari dagokionez, ingurunearen orografia konplexua orekatzeko asmoz, «Just InTime» muntaketa-exekuzio bat planteatu da, haren dimentsioak murriztuz.

Piaspe Parke Eolikora GI-631 errepidetik sartuko da, Zestoako udalerrian, PK 6+400 kilometro-puntutik hurbil. Ondoren, lurrezko bide batetik jarraituko da, berriro GI-3730 errepidearekin bat egin arte. Errepide horretan 3 km inguru egingo dira, eta bertan sortuko dira parke eolikoko barne-bideak. Sustatzaileak aurreikusten du eremuan lehendik dauden bideak ahalik eta gehien erabiltzea, eta trazadura berriak ezinbesteko kasuetan soilik definitzea, lur naturalaren sestra errespetatuz.

AP-8 autobidearen irteeraren ondoan, Zestoako udalerrian, plataforma bat egokitzea aurreikusten da, garraio-aldaketa egiteko kamioi konbentzionaletik Blade Lifter-era, horrekin egingo baita garraioa puntu horretatik aurrera, Zestoako herria zeharkatuz.

Aurreikusten da 10.000 m2 inguruko zelai bat jartzea palak biltegiratzeko eta aerosorgailuak hornitzeko, GI-3730 errepidetik dagoen sarbidearen inguruetan, Zestoako udal-mugartean. Halaber, 5.000 m2 inguruko beste zelai bat diseinatu da, bertan obra-txabolak jartzeko, bai eta parke eolikoko hondakinak kudeatzeko eremua ere, PI-05 aerosorgailuaren ekialdeko lerrokaduran.

Aerosorgailuen arteko konexioa bi zirkuitutan egingo da, honela taldekatuta: 1. zirkuituak PI-01 eta PI-02 aerosorgailuak konektatuko ditu, eta 2. zirkuituak PI-03, PI-04 eta PI-05 aerosorgailuak konektatuko ditu. Parke eolikoko erdi-tentsioko zirkuitu elektrikoak 30 kV-etan kokatuko dira, eta zuzenean konektatuko dituzte turbina bakoitzaren transformadoreak parkeko sekzionamendu-zentroarekin (Piaspe SZ). Zirkuitu horiek, oro har, parkeko bideekiko paraleloan egindako zangetan lurperatuko dira, instalazioa egiteko orduan inpaktua minimizatzeko.

Zangak barne-bideen azpian igaroko dira nagusiki, 3 km-ko luzerarekin, eta lurzoru naturalari eragingo diote 700 m-ko luzeran. Zanga horiek zabalera aldakorra izango dute, gutxienez 0,60 m-koa eta gehienez 1,40 m-koa, eta gutxienez 1,20 m-ko sakonera. Zanga estaliko da hondeaketatik eratorritako lurrarekin betez.

33 MW-eko Piaspe parke eolikotik datorren energia elektrikoa ebakuatzeko, Azpeitiko udal-mugartean «Piaspe 30 Kv SZ» sekzionamendu-zentroa eraikitzea proiektatu da; zehazki, 05. poligonoko 135. lurzatian. SZk 41 m x 28 m inguruko hedadura izango du. Sekzionamendu-zentroan kolore argiak eta teilazko estalki inklinatua dituen eraikin prefabrikatu bat egongo da, 30 kV-eko sistemarekin, eta kanpo-eremua izango du, gainerako elementuak itxituraren barruan kokatzeko.

Sekzionamendu-zentrotik, 30 kV-eko linea bat abiatuko da Lasao 30 kV SETera. Hiru tarte izango ditu:

1. tartea.– Lurpeko tartea, 0,699 km-ko luzerakoa.

2. tartea.– Airetiko tartea, 2,926 km-ko luzerakoa, sareta-egituradun LA-280 duplex zirkuitu batek osatua, 12 euskarriren bidez (T-01etik T-12ra).

3. tartea.– Lurpeko tartea, 0,291 km-ko luzerakoa.

Honako jarduketa hauek egin beharko dira ebakuazio-linea eraikitzeko: sarbideak eta lan-eremuak ireki eta egokitu, sastrakak kenduz eta mozketak eginez; lurrak mugitu; hondeatu eta euskarrien zimenduak hormigoitu; lur azpiko zatirako zangak hondeatu; linearen segurtasun-kalea ireki, mozketak eta inausketak eginez; lurreko eroaleen eta kableen linea ezarri; kableak jarri; materiala zabaldu eta zanga itxi.

IIAren arabera, aurreikusten da aldi baterako okupazioaren azalera 203.500 m2-koa izango dela obrak gauzatzean; proiektuaren okupazio iraunkorraren azalera, berriz, 170.600 m2-koa.

Parke eolikoko obrak gauzatzeko epea guztira 10 hilabetekoa izango dela aurreikusten da. Balio-bizitza 30 urte ingurukoa izango dela kalkulatzen da.

2.– Proiektuaren eremuan garrantzitsuak diren ingurumen-alderdiak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» azterketaren arabera, eta aintzat hartuta GeoEuskadi atarian eskuragarri dagoen kartografia, bost aerosorgailuak kokatuta daude mota horretako azpiegiturak instalatzeari begira sentikortasun handia duten eremuetan. Sarbideek eta ebakuazio-lineak ere sentikortasun handiko eta maximoko eremuak zeharkatzen dituzte, linea horrek Urola ibaiarekin duen bidegurutzean eta baso natural autoktonoen masak zeharkatzen dituen tarteetan.

Bestalde, behin-behinean onetsitako Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren arabera, parke eolikoa kokatuta dago aprobetxamendu eolikorako gaitasun txikiko eremu batean, zeinak baliabide eolikoaren presentzia txikia duen ingurumen-sentikortasun handiko eremuetan. Inguruabar hori espedienteari erantsitako hainbat alegaziotan adierazi da.

2.1.– Flora, landaredia eta habitatak.

EUNIS (2019) kartografiaren arabera, proiektuaren inguruneko landaredia, nagusiki, baso naturalek, baso-plantazioek, belardiek eta belar-habitatek osatzen dute. Zehazkiago, PI-01 aerosorgailua eta bere lan-plataforma kokatuta daude, nagusiki, txilardi kaltzikola genistadunetan, eta halakoak Batasunaren intereseko habitat (BIH) gisa daude katalogatuta (4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak elorri-triskarekin). PI-02 aerosorgailua, bere lan-plataforma eta Piaspe SZ kokatuta daude iratzedi atlantiko eta subatlantiko menditarretan. PI-03 eta PI-04 aerosorgailuak, dorre meteorologikoa eta lan-plataforma bazkarako larreetan eta manipulatu gabeko larreetan daude. PI-03 eta PI-04 aerosorgailuen lan-plataformek, belardi eta larreez gain, Chamaecyparis lawsonianaren plantazioak ere hartzen dituzte. PI-05 aerosorgailuak eta bere lan-zelaiak Chamaecyparis lawsonianaren plantazio-eremu bat hartzen dute.

Parke eolikorako sarbidea, bidexkak zein bideak eta aerosorgailuen ebakuaziorako eta interkonexiorako linea elektrikoa belardietatik, baso naturaletatik eta plantazioetatik igarotzen dira batez ere. Tarteka, beste hauek okupatzen dituzte: BIH 6510 Mendiko sega-belardiak (Arrhenatherion), BIH 4030 Txilardi lehor europarrak, BIH 6210* Belardi lehor erdinaturalak eta sastrakadi-faziesak substratu karetsuen gainean (Festuco-Brometalia) (*orkidea nabarmenak dituzten parajeak) eta lehentasunezko BIH 9180* Tilio-Acerionen mendi-hegaletako basoak, luiziak edo amildegiak (*).

Ebakuazio-lineak honako hauek zeharkatzen ditu nagusiki: Quercus robur espeziea nagusi den baso azidofiloak; zuhaitz hostozabalen baso gazteak; BIH 9120 gisa katalogatutako pagadi azidofilo atlantikoak Ilex oihanpearekin eta batzuetan Taxus oihanpearekin (Quercion robori-petraeae edo Ilici-Fagenion); koniferoen eta Pinus radiataren plantazioak; BIH 6510 gisa katalogatutako sega-belardi atlantikoak, artzaintzarik gabekoak; iratzedi atlantiko eta subatlantiko muinotarrak; BIH 4090 gisa katalogatutako txilardi oromediterraneo endemikoak elorri-triskarekin; eta BIH 4030 gisa katalogatutako txilardi lehor europarrak.

Geoeuskadiren eta sustatzaileak egindako landa-prospekzioaren arabera, proiektuaren afekzio-eremuan ez da detektatu mehatxatutako flora-espezierik.

2.2.– Fauna.

GeoEuskadiren arabera, proiektuak ez du hartzen EAEko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean mugatutako Interes Bereziko Eremurik. Hala ere, inguruetan eta kokalekua inguratuz, EAEko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean sartutako eremu hauek daude:

– Izarraitz Hegazti Nekrofagoak Elikatzeko Babes-eremua, airetiko ebakuazio-linearen mendebaldean 800 m-ra.

– Pagoeta Elikadurarako Babes-eremua, PI-05 aerosorgailuaren ipar-ekialdean 2,5 km ingurura, eta ebakuazio-linearen ipar-ekialdean 5 km baino gutxiagora.

– Hernio-Gazume interes bereziko eremua eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremua, PI-05en ekialdean 3 km baino gutxiagora eta airetiko linearen hego-ekialdean 5 km baino gutxiagora.

– Altzolarats (Amalda) Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremua, PI-05 aerosorgailuaren ipar-ekialdean 3 km ingurura eta airetiko linearen ipar-ekialdean 4,5 km ingurura.

Era berean, aipatutako Kudeaketa Planaren 16.2 artikuluaren arabera, Gipuzkoan, Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoen Elikadurarako Babes Eremuak dira 500 m-ko kotatik gora dauden eta, oro har, biztanleguneetatik kilometro batera baino gehiagora dauden lursailak. Sañuko gailur-lerroak ezaugarri horiek dauzka.

Ez du hartzen abifaunarentzako babes-eremurik (ABBE), 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritakorik. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016ko maiatzaren 23ko EHAA). Hala ere, aerosorgailuetatik eta airetiko ebakuazio-lineatik hurbil, aipatutako aginduan sartutako gune hauek daude:

– Izarraitz Azpeitia Abifaunarentzako Babes-eremua, PI-01 aerosorgailuaren hegoaldean 500 m baino gutxiagora eta airetiko linearen mendebaldean 800 m-ra.

– Hernio-Gazume ABBE, PI-05 aerosorgailuaren hego-ekialdean 1,5 km-ra eta airetiko linearen ekialdean 3 km-ra. Parke eolikora iristeko bidearen zati bat inguru horretan dago.

– Pagoeta-Urteta ABBE, PI-05 aerosorgailuaren ipar-mendebaldean 2,8 km ingurura, eta ebakuazio-linearen ipar-ekialdean 5 km baino gutxiagora.

Faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren testu bateginak 5. eranskinean jaso ditu kiropteroen txostena eta abifaunaren urteko zikloaren azken txostena, 2025eko otsailean osatua, aintzat hartuta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren txostenetako oharrak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko (aurrerantzean, GFA) Lurralde Oreka Berdearen Departamentuko Basafaunaren eta Basafloraren Zerbitzuarenak.

Abifaunaren azterketa 2022ko maiatzetik 2023ko apirilera bitartean egin zen. Azterketa garatzeko erabilitako metodologiak barnean hartzen ditu berrikuspen bibliografiko bat, azterketaren diseinua, behaketa-puntuen eta laginketa-eremuen ezarpena eta emaitzen analisia.

Guztira bost behaketa-puntu ezarri ziren, 2 km-tik behin. Aerosorgailuak ezartzeko gailur-lerroan, hiru behaketa-puntu finko ezarri ziren; ebakuazio-linearen bailaran, berriz, beste bi puntu. Laginketaren maiztasuna hamabostean behingoa izan da, eta behaketa-puntu bakoitzean 30 minutuko iraupena izan du. Gainera, oinez bi laginketa egin ziren, 4 km/h inguruko abiaduran: bat 2,90 kilometrokoa, aerosorgailuak ezarri nahi diren gailur-lerroan (Sañu laginketa-eremua); eta beste bat 2 kilometrokoa, Urola ibaiaren paraleloan, Lasaotik gora, Zestoan (Lasao laginketa-eremua).

Era berean, gaueko harraparien errolda bat egiteko, 2023ko urtarrilean eta 2023ko otsailean laginketak egin ziren bi berrikuspen-txandetan, bai aire-linearako eta bai parke eolikorako. Laginketetan, 10 minutuko entzute-puntuak egin ziren, elkarren artean 5 km inguruko tartearekin, sei kokalekuren inguruan.

Bestalde, garrantzitsuenak diren eta talka egiteko arriskua duten espezieen –esaterako, miru gorria eta sai zuria– ugalketa-garaietan, areagotu egin zen prospekzio-lana, modu fidagarrian zehazteko azterketa-eremuan duen ugaltze-populazioa edo, gutxienez, hazkuntza-lurraldeak identifikatzeko.

Jarraipen-hilabeteetan, 93 espezie desberdinetako 8.000 banako begiztatu dira guztira, laginketa-eremuen eta behaketa-puntuen artean. % 77k (6.192 banakok) uso baten tamaina baino txikiagoa zuten. Banakoen bolumen handiena negualdiko migrazio-garaian (urria) begiztatu zen, garai horretan ehunka banakoren bandoak identifikatu baitziren; alegia, behaketa-puntuetatik begiztatuko banakoen ia % 50.

Detektatutako 93 hegazti-espezieetatik, 25 jasota daude espezie Babes Bereziko Araubidean dauden Espezieen Zerrendan (LESRPE), eta 3 espezie sartuta daude Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan (EMESPK). Era berean, 15 espezie Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan (EMEK) sartuta daude. Behatutako espezieak hauek dira: zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), arrano txikia (Hieraaetus pennatus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), zingira-mirotza (Circus aeruginosus), zuhaitz-belatza (Falco subbuteo), sai zuria (Neophron percnopterus), eskinosoa (Garrulus glandarius), sai arrea (Gyps fulvus), belatz gorria (Falco tinnunculus), ubarroi handia (Phalacrocorax carbo), belabeltza (Corvus corone), kukua (Cuculus canorus), erroia (Corvus corax), koartza hauskara (Ardea cinerea), gabiraia (Accipiter nisus), kaio hankahoria (Larus michahellis), Eleonor belatza (Falco eleonorae), belatz handia (Falco peregrinus), miru beltza (Milvus migrans), miru gorria (Milvus milvus), pagausoa (Columba palumbus), okil handia (Dendrocopos major), okil berde iberiarra (Picus sharpei), zapelatza (Buteo buteo) eta mika arrunta (Pica pica). Estatuan eta autonomia-erkidegoan babes-maila handiena duten espezieak nabarmentzen dira: galzorian dagoen miru gorria (Milvus milvus) eta kalteberen kategorian dauden bi espezie; hots, sai zuria (Nophron percnopterus) eta buztangorri argia (Phoenicurus phoenicurus).

Behaketa-puntuetan, ugariena pagausoa (Columba palumbus) izan da, batez ere aldra migratzaileen pasean. Bigarrenik, sai arrea (Gyps fulvus) nabarmentzen da, zeinak presentzia konstante eta egonkor samarra duen urtean zehar; hirugarrenik, berriz, miru gorria (Milvus milvus). Egindako laginketei dagokienez, harraparien artean ale gehien dituen espeziea sai arrea da, hala Sañun nola Lasaon. Gaueko harraparien erroldarako egindako gaueko ibilbideetan, espezie bakarra detektatu da: urubia (Strix aluco); zehazki, Sañun egindako ibilbidean.

Abifaunaren azterketak erreferentzia egiten dio Europako Batzordeak energia eolikoaren garapenari eta Natura 2000 Sareari buruz egindako gidari. Gida horretan jasotzen denez, miru gorriak, sai arreak, arrano sugezaleak eta arrano beltzak 3 arrisku potentziala dute aerosorgailuen aurka talka egiteko (gehieneko arriskua, 1etik 3ra bitarteko eskalan). Beste hauek 2 arrisku-mailarekin daude sartuta: sai zuria, zikoina, mirotz urdina, zapelatz arrunta eta belatz gorria. Beraz, kategoriak eta kontaktu kopurua aintzat hartuta, azterketak xehetasun handiagoarekin analizatzen du zer-nolako afekzioa izan dezakeen sai zuriarengan eta sai arrearengan –biak Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean sartuta daude–, bai eta miru gorriarengan ere.

Azterketak adierazten du joera argia ikusten dela hegaldien ibilbide nagusiei dagokienez, parke eolikoa proiektatu den gailur-lerroaren paraleloan; beraz, lerrokadura gurutzatu duten hegaldiak salbuespenezkoak izan direla eta lotuta egon direla haizearen indar txikiagoko egoerekin.

Sai zuriari dagokionez –EMEKen eta EMESPKen «kaltebera» gisa dago jasota–, abifaunaren urteko azterketak adierazten du azterketa-eremuan, Arauntza mendiaren gailurretik 6 km-ra, sai zuriaren ugalketa-bikote seguru bat dagoela, eta toki horretatik bertatik 7 km-ra beste bikote bat dagoela, Izarraitzen ekialdeko aurpegian. Nabarmentzen du azterketa-eremua ohiko bazkaleku-eremua dela, abeltzaintza-proiektu ugari daudelako bertan. Zazpi begiztatze erregistratu dira: bost aldiz P-2 behaketa-puntuan, bi aldiz P-3 puntuan eta behin Sañu laginketa-eremuan.

Sai arreari dagokionez –LESRPEn jasota dago eta EMEKen arabera interes berezikoa da–, azterketak adierazi du ez dela haren habiarik begiztatu azterketa-eremuan. Saia 487 aldiz begiztatu da; gehienetan, P-1 (101 aldiz), P-2 (157 aldiz) eta P-3 (133 aldiz) behaketa-puntuen inguruan. Bestalde, 23 banako detektatu dira Lasao laginketa-eremuan, eta 98 banako Sañu laginketa-eremuan.

Faunaren azterketak adierazten duenez, miru gorria, zeina galzorian dagoen EMESPKen eta EMEKen, ugaltze-espezie bat da azterketa-eremuaren barruan, eta bizpahiru ugalketa-bikote kokatzen dira bertan. Espeziea 142 aldiz begiztatu da guztira, lerrokadura osoan zehar, eta baliorik altuenak P-1, P-3 eta P-5 behaketa-puntuetan izan ditu. Horrez gain, 34 banako detektatu dira Sañu laginketa-eremuan. Jasotako oharrak urritik (maximoak) apirilera bitartean kontzentratzen dira. Adierazi da azterketa-eremua ohiko bazkalekua dela, abeltzaintzaren arloko hainbat proiektu daudelako bertan. Azterketak ez du espezie honen etzalekurik detektatu.

Talka-arrisku handiena duten gainerako espezieei dagokienez, arrano sugezalea behin begiztatu da, zapelatz arrunta 49 aldiz lerrokadura osoan zehar, eta belatz gorria behin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Basafaunaren eta Basafloraren Zerbitzuak habia egiteko lurraldeei eta etzalekuei buruzko hainbat datu eman ditu 2024ko ekainaren 11ko txostenean, zerbitzu horrek urteak baitaramatza abifaunaren jarraipen-programak egiten proiektuaren ingurumen-ebaluazioan funtsezkotzat jotzen diren hiru espezieen banaketari eta mugimenduei dagokienez: sai arrea (Gyps fulvus), sai zuria (Neophron percnopterus) eta miru gorria (Milvus milvus).

Sai zuriaren lurraldeei dagokienez, aipatutako zerbitzuak hiru lurralde aktibo ditu erroldatuta Arauntza Sañu mendiaren 7 km-ko perimetroan –hau da, azterketan detektatutakoak baino lurralde bat gehiago–, eta horietako bat Zestoa udalerrian dago, Altzolarasen. Beste bi lurraldeak hego-ekialdean eta hegoaldean daude, Izarraitz eta Ekain ingurunean. Badira beste bi lurralde ere, Sañuren ipar-mendebaldean eta mendebaldean, azken urteotan aktibo egon ez direnak; alabaina, habiak egiteko ohiko puntuak dira.

Bestalde, nahiz eta azterketak ez duen sai arrearen lurralderik detektatu, GFAko Flora eta Fauna Zerbitzuak jakinarazi du zenbait kolonia daudela Zestoako udalerriko ekialdeko mugaren eta inguruko udalerrien artean, eta mapa bat aurkeztu du, proiektuaren eremutik gertu dauden hiru kolonien kokapenarekin.

Miru gorriari dagokionez, GFAk mapa bat aurkeztu du, espezieak 7 km-ko erradioan habia egiteko dituen hamabi lurralde lokalizatuta. Horrez gain, 2023-24ko neguan erroldatutako etzalekuen mapa bat ere aurkeztu du, zeinak erakusten duen espezie horren etzaleku-dentsitate handia dagoela proiektuaren inguruko 7 km-ko erradioan.

Kiropteroen azterketa, IIAren 5. eranskin gisa ageri dena, 2022an egin zen, bost prospekzioren bidez (maiatzaren 27tik ekainaren 5era, uztailaren 3tik 12ra, abuztuaren 6tik 14ra, irailaren 10etik 20ra eta urriaren 2tik 16ra). Kiropteroak aztertzeko lanak Sañoa (Sañu) gailur-lerroan eta goi-eremuan egin dira, Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udal-mugarteetan. Ingurunean, hostozabalen baso-formazioak, konifero exotikoen plantazioak eta belardiak nabarmentzen dira, baita Urola ibaia ere, zeina parkearen mendebaldeko muturretik 1 km-ra igarotzen den eta saguzarrentzat erakargarria izan daitekeen.

Prospekziorako, hiru laginketa-estazio prestatu dira (AM1, AM2 eta AM3), eta ultrasoinuen grabagailu autonomoak erabili dira. Laginketa-estazio horien kokapenari dagokionez, AM1 txilardi kaltzikola batean dago kokatuta, AM2 bazkarako larreetan eta manipulatu gabeko larreetan eta AM3 Pseudotsuga menziesii espeziearen plantazioetan. Laginketa-estazio bakoitzean, grabagailu bat ipini zen leku garaietan. Horrela, erabilitako grabagailuen multzoak 1.176 orduko grabazioa eman zuen. Gainera, proiektua gauzatuko den gailur-lerroan ibilbideak oinez ere egin dira, 6 km-ko luzerakoak, eta horietan grabazioak egin dira detektagailu eramangarria erabiliz.

Horren ondorioz, 8.878 hegaldi erregistratu dira, hamabi taxoni dagozkienak (espezie mailan hamar identifikatu dira, eta genero mailan bi): Rhinolophus ferrumequinum, Rhinolophus hipposideros, Pipistrellus pipistrellus, Pipistrellus pygmaeus, Pipistrellus kuhlii, Eptesicus serotinus, Nyctalus leisleri, Nyctalus lasiopterus, Barbastella barbastellus, Miniopterus schreibersii, Myotis sp. eta Plecotus sp.

Detektatutako espezieei dagokienez, guztiak daude sartuta Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Zerrendan (LESRPE); hiru mehatxatutako espezietzat jotzen dira Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan (EMESPK); eta lau kategoria parekagarrietan daude Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan (EMEK). Zehazki, Rhinolophus ferrumequinum (ferra-saguzar handia), Nyctalus lasiopterus (gau-saguzar handia) eta Miniopterus schreibersii (Schreibers saguzarra) «kaltebera» gisa sailkatuta daude EMESPKn eta EMEKen. Barbastella barbastellus (baso-saguzarra), aldiz, «galzorian» dago sailkatuta EMEKen.

Gehien detektatu diren espezieak Pipistrellus generoko hiru espezieak eta Eptesicus serotinus (baratze-saguzarra) dira. Pipistrellus generoko kideak erruz nabarmentzen dira, guztira behatutakoen % 75 baitira. Baso-espezieei dagokienez, lau taxon bereizi dira: Barbastella barbastellus (baso-saguzarra), Nyctalus leisleri (gau-saguzar txikia), Nyctalus lasiopterus (gau-saguzar handia) eta Plecotus sp.

Horri dagokionez, GFAko Basafaunaren eta Basafloraren Zerbitzuak, 2024ko ekainaren 11ko txostenean, adierazi du ezen, Naturtzaindiak 2019an egindako Gipuzkoako Kiropteroen Atlasaren arabera, parke eolikoaren ezarpen-eremua dela Gipuzkoan espezie-aniztasun handiena dutenetako bat, eta hala egiaztatu duela IIAko kiropteroen azterketak ere.

Babeslekuak bilatzeari dagokionez, azterketan zehar ez da detektatu inguru hurbilean (2 km) babesleku berezirik, taldearentzat duten garrantziagatik azpimarratzea merezi duenik.

Hala eta guztiz ere, proiektua garatzeko aurreikusi den gailur-lerroa hurbil dago Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako planeko dokumentu teknikoan lehentasunezkotzat adierazitako babesleku batzuetatik. Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek izenpetu zuten (Eusko Jaurlaritza, 2018). Zehazki, kokalekuaren inguruan, 7 km-ko erradioan, lau babesleku daude: horietako bi Izarraitz KBEan daude, bat Hernio-Gazume KBEan eta bat Zestoan. 10 km inguruko erradioan, lehentasunezko beste hiru babesleku daude: horietako bi Azpeitiko udalerrian daude, eta bat Albizturren.

2.3.– Gune babestuak eta igarobide ekologikoak.

Piaspe parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak ez daude EAEko ezein gune babesturen barruan. Hala ere, posizio zentrala hartzen du hautatutako kokalekutik gertu dauden Natura 2000 Sareko hiru gune babestuekiko.

Zehazki, Natura 2000 Sareko elementu hauek daude proiektua inguratuz:

– Izarraitz Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) (ES2120003), PI-01en mendebaldean 1,5 km ingurura eta aire-lineatik 800 metrora.

– Pagoeta KBEa (ES2120006), PI-05 aerosorgailuaren ipar-ekialdean 2,5 km ingurura eta aire-lineatik 5 km-ra.

– Hernio-Gazume KBEa (ES2120008), PI-05 aerosorgailuaren hego-ekialdean 3 km ingurura eta aire-lineatik 5 km baino gutxiagora.

(Ikus .PDF)

1. irudia. Proiektuaren kokapena hurbilen dauden Natura 2000 Sareko lekuekiko (arrosaz). Zirkulu berdeak aerosorgailuak dira, eta lerro berdea ebakuazio-linea da. Iturria: Ingurumen-inpaktuaren azterketa (Basoinsa, 2023ko urtarrila).

Espazio horietan kontserbatu beharrekoak diren eta proiektuak kaltetu ditzakeen elementuen artean, hegazti harkaiztarrak eta kiropteroak daude, besteak beste.

Zehazki, Pagoeta KBEko kudeaketa-elementu giltzarriak dira sai zuria, miru gorria eta hainbat kiroptero-espezie. Hernio-Gazume KBEan, funtsezko elementuak dira sai zuria, sai arrea eta zenbait kiroptero-espezie. Izarraitz KBEaren kasuan, kontserbazioaren xede diren elementuak hegazti harkaiztarrak dira, eta hainbat kiroptero-espezie gako-elementutzat jotzen dira.

Bestalde, IIAk adierazten duen bezala, hauek dira aipatutako Natura Sareko guneak elkarrekin konektatzen dituzten azpiegitura berdea eta igarobide ekologikoak: Hernio-Murumendi 3, Hernio-Pagoeta, Hernio-Izarraitz, Murumendi-Izarraitz, Pagoeta-Izarraitz, Pagoeta-Izarraitz 2, Pagoeta-Izarraitz 3, Pagoeta-Pagoeta, Pagoeta-Arno 2 eta Pagoeta-Arno 4.

Abifauna-txostenean adierazitakoaren arabera, azterketa-eremua hegazti harraparien igarobidea da, Natura 2000 Sarean sartutako bi guneren artean: Izarraitz eta Hernio-Gazume.

2.4.– Mendiak, nekazaritza eta abeltzaintza.

EAEko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurralde Plan Sektorialaren arabera, PI-01 aerosorgailua eta bere lan-plataforma kokatuta daude «Basoa – Mendi mehatza» gisa kategorizatutako lurzoruetan; Piaspe SZ, PI-02, PI-03, PI-04, beren lan-plataformak eta dorre meteorologikoa, berriz, «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Trantsizioko landa-paisaia» gisa kategorizatutako lurzoruetan; eta PI-05 aerosorgailua «Basoa» lurzoruan.

Parke eolikorako sarbide nagusia «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Trantsizioko landa-paisaia» eta «Basoa» lurretatik igarotzen da. Ebakuazio-lineari dagokionez, «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Trantsizioko landa-paisaia» eta «Basoa» gisa katalogatutako lurzoruetatik igarotzen da; Urola ibaiaren gurutzaketetan, berriz, «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Balio estrategiko handia» lurzoruetatik igarotzen da. Kontuan hartuz aerosorgailuak B motako zerbitzu-instalazio tekniko gisa hartzen direla, eta Piaspe SZ A motako zerbitzuen instalazio tekniko gisa, erabileren matrizearekin bat etorriz, «2a Onargarria» erabileratzat hartzen dira aerosorgailuen, Piaspe SZren eta lurpeko eta airetiko lineen ezarpena. Nekazaritzan eragindako afekzioa aztertzeko eta zuzenketa-neurriak ezartzeko eskatzen dute, nolanahi ere. IIAk azterketa bat jaso du 8. eranskinean proiektuak nekazaritzan eragindako afekzioari buruz. Bestalde, proiektua ez dago Onura Publikoko Mendietan (OPM).

Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren gaineko afekzioari dagokionez, Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren txostenaz gain, alegazioak jaso dira ukitutako hiru udalen aldetik, bai eta Errezil Bizirik, Mutriku Natur Taldea eta partikularren aldetik. Alegatzen dute larreak eta laboreak galtzeak arriskuan jar dezakeela ustiategien bideragarritasuna. Sustatzaileak, bestalde, adierazi du IIAren 8. eranskinak azterketa bat jasotzen duela nekazaritzan eragindako afekzioari buruz, haren irismena Nekazaritza eta Basogintzako LPSan jasotakoa dela, eta, beraz, egokitzat jotzen dela inpaktuen azterketarako. Ondorioztatu du nekazaritzan eta basogintzan eragindako afekzio hori ez dela garrantzitsua.

IIAk abeltzaintza-jardueraren intentsitatearen analisia sartu du aerosorgailuen ezarpen-eremuan, eta abeltzaintza-ustiategien kopurua eta kokapena 2 km-ko erradioan erregistratu ditu. 52 ustiategi identifikatu dira, eta horietan orotara 1.001 ardi, 604 behi, 115 ahuntz eta 108 zaldi daude.

Kontuan izanik proiektua gauzatzeak larreei eragingo diela gehienbat (70.6632,03 m2 larre eta 60.683,85 m2 baso), Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenaren eta Lurralde Orekaren Zerbitzuak eskatu du azterketa bat egiteko erabiltzaileei kalte-ordaina emateko, lurren jabeek eta/edo erabiltzaileek larreak eta baso-plantazioak ezin erabili izatearen ondoriozko galeren konpentsazio-neurri gisa, eta, horrez gain, belardien eta larreen eta gainerako laboreen arteko bateragarritasuna bermatzeko. Dokumentazioan ez dago jasota kalte-ordainen azterketa hori.

2.5.– Hidrologia, hidrogeologia, geomorfologia eta paisaia.

Jarduketa guztiak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Oriaren unitate hidrologikoan daude sartuta, «Urola-E» (ES111R034010) eta «Ibaieder-B» (ES111R032020) ur-masen isurialde-arroetan. Aerosorgailuak ez datoz bat ur-ibilguekin; hala ere, ebakuazio-lineak honako hauek gurutzatzen ditu: Urola ibaia (bi puntutan), Badiolegitxo erreka eta izenik gabeko 2691 erreka. Parke eolikora sartzeko erabiliko den bidea Errekalde errekaren ondotik doa.

Ebakuazio-linea eta PI-01, PI-02, PI-03 eta P-04 aerosorgailuak Izarraitz lurpeko ur-masaren gainean daude (ES017MSBTES111S000007); PI-05 aerosorgailua eta parkera sartzeko bidea, berriz, Gazume-Tolosa lurpeko ur-masaren gainean daude (ES017MSBT017-003 eta ES017MS017-008). Era berean, PI-01 aerosorgailua eta T-01 euskarria Ipar Antiklinorioko «Izarraitz» sektorean daude, eta sarbidearen zati bat Ipar Antiklinorioko «Zestoa» sektorean dago. Bi sektoreak bat datoz Interes Hidrogeologikoko Eremuekin.

Plan Hidrologikoak Babestutako Eremuen Erregistroko elementuei dagokienez, proiektuak ez ditu ukitzen.

Jarduketa-eremuan ez dago Geologia-interesdun lekurik (GIL), nahiz eta jarduketak egon Iraetako Meandroa GILaren (73. zk.) eragin-eremuaren barruan.

Jarduketa-multzoa kokatuta dago Itzondegi, Lasao eta Zestoako arro bisualetan. Azken hori EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005) dago sartuta, eta, bestalde, ebakuazio-linearen ekialdera, 800 m-ra, Izarraitz natura-intereseko gune katalogatua dago. Parke eolikoa kokatuta dago Urola Kostako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialeko AEIP20 paisaia-interes bereziko eremuan.

2.6.– Kultura-ondarea.

Kultura-ondareari dagokionez, aerosorgailuak eta ebakuazio-linea ez datoz bat katalogatutako ezein elementurekin. Dena den, parke eolikora iristeko bidea Akuako Santutxo arkeologia-elementutik oso hurbil igarotzen da, baita trenbide-trazaketaren eta burdinolaren azpiegitura hidraulikotik eta Lasao errotatik oso gertu ere. IIAk azterketa bat jasotzen du 6. eranskinean Arquetipo SCL enpresaren ondare kultural, arkeologiko, etnologiko eta historikoaren gaineko afekzioari buruz. Azterketa honetan egindako prospekzioetan, anomalia batzuk identifikatu ziren, ondare etnologiko/historiko gisa sailkatuta daudenak: 1. anomalia babesleku edo etxola txiki garaikide bati dagokio; 2. anomalia oinplano angeluzuzeneko egitura bat da, lurrez eta harri irregularrez egina; eta 3. eta 4. anomaliak luzetarako lubaki batzuei dagozkie.

2.7.– Ingurumen-arriskuak.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, airetiko ebakuazio-linea uholde-eremuen gainetik joaten da Urola ibaiarekiko bidegurutzeetan, eta bere T-12 euskarria 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuan kokatuta dago.

Sute-arriskuari dagokionez, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostenak adierazten duenez, aerosorgailuetako bi sute-arrisku handiko eremu baten ondoan daude, baita ebakuazio-linearen 6. euskarria ere. Hori guztia kontuan hartu beharko da proiektua gauzatzeko fasean.

Akuiferoen kalteberatasunari dagokionez, PI-01 aerosorgailua eta ebakuazio-linearen trazatuaren zati bat akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun oso handiko eremu batean daude; gainerako aerosorgailuak eta linearen trazadura, berriz, oso kalteberatasun txikiko eremuetan daude, eta parkerako sarbide-bidea kalteberatasun txikiko, ertaineko eta oso handiko eremuetatik doa.

Aerosorgailuen eta ebakuazio-linearen ezarpen-eremuan ez da identifikatzen sismikotasunetik eratorritako arrisku handirik, ez eta muturreko higadura-prozesuetarako potentziala duen eremurik ere.

Era berean, handik hurbil ez dago Seveso enpresarik, ez salgai arriskutsuen garraioarekin lotuta istripu-arrisku handia duen errepide nahiz trenbiderik.

3.– Espedientearen azterketa teknikoa.

Aintzat hartuta espedientean dagoen informazioa, bai eta ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotakoa (2025eko otsailean datatutako testu bategina), ukitutako Administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egindako txostenetan agertzen dena, eta jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioak, ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarratu daitezke, laburbilduz.

3.1.– Inpaktuak obra-fasean.

Obra-fasean, proiektua gauzatzeak eragindako inpaktu nagusiak hauek dira: landaredia eta Batasunaren intereseko habitatak ezabatzea eta degradatzea; lur-mugimenduak; makineriaren joan-etorriak; hondeaketak eta zabalguneak; lan-eremuak eta pilaketa-eremuak prestatzea; bide eta sarbideak irekitzea eta egokitzea; aerosorgailuak zimendatzea; azpiegiturak altxatzea, hala nola sekzionamendu-zentroa; dorre meteorologikoa instalatzea; palak muntatzea; sarbideak irekitzea linea elektrikoaren euskarriak ezartzeko eta ibaiak gurutzatzeko; eta lurpeko linearako zangak irekitzea.

Piaspe parke eolikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura gauzatzeak 72.708 m3 landare-lur hondeatzea eskatuko du, bai eta lur-mugimenduak ere, 338.615 m3 lubeta eta 236.011 m3 lur-erauzketa.

Jarduera horiek galarazi egingo dituzte baso naturalak, plantazioak, larreak eta Batasunaren intereseko habitatak, eta, era berean, eragingo dute jabari publiko hidraulikoan, mendiaren morfologian, paisaian, igarobide ekologikoetan eta faunarentzako eta fauna-populazioentzako habitataren kalitatean.

IIAk aurreikusten du hostozabal-basoen 2,3 ha-ri eragingo diela orotara: 16.153 m2-ko afekzio-azalera (8.098 m2-ko afekzio iraunkorra eta 8.056 m2 aldi baterako afekzioa) harizti azidofiloetan eta harizti/baso misto atlantikoan; 1.644 m2-ko afekzio-azalera harizti azidofiloen edo harizti mistoen gazte-fasearen edo fase narriatuaren gainean; eta, airetiko ebakuazio-linearen kalea irekitzearen ondorioz, 5.022 m2-ko afekzio-azalera pagadi azidofiloaren gainean, honela katalogatua: 9120 BIH Pagadi azidofilo atlantikoak Ilex oihanpearekin eta batzuetan Taxus oihanpearekin (Quercion robori-petraeae edo Ilici-Fagenion).

Palak errepide-ertzetan garraiatzeko, sustatzaileak honako mozketa-azalera hauek aurreikusten ditu errepideen ertzetan, parkearen kanpoko sarbidera iritsi arte: lizarrak (2.455 m2), astigarrak (2.883 m2), haritzak (5.101 m2) eta sahatsak (549 m2).

Batasunaren intereseko habitatei (BIH) dagokienez, aurreikusten da ezen, pagadien gaineko (BIH 9120) afekzio horrez gain, honako hauei ere eragingo diela: BIH 9180* Tilio-Acerion espeziea duten malda, lur-jausi edo amildegietako basoak (495 m2); BIH 4030 Txilardi lehor europarrak (7.031 m2); eta BIH 4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak elorri-triskarekin (70.521 m2). IIAk aurreikusten duenaren arabera, Batasunaren intereseko habitaten 3,4 ha-ko azalerari eragingo dio aldi baterako, eta 4,6 ha-ri modu iraunkorrean.

Sustatzaileak, prebentzio-neurrien artean, proposatzen du landaredia balizatzea eta aldez aurreko prospekzioak egitea, intereseko flora detektatzeko.

IIAk, 17. eranskinean, Ingurumena Leheneratzeko Plan bat jasotzen du, obretan zehar aldatzen diren formazio naturalak proiektua egin aurreko egoera ekologikoan mantentzeko, itzultzeko edo berreskuratzeko, gutxienez. Horretarako, hainbat tratamendu konbinatzen dira, hala nola landare-lurra erauztea eta pilatzea, lurra prestatzea, landare-lurra ekartzea eta zabaltzea, eta ereintzak, hidroereintzak eta landaketak egitea. Era berean, neurriak proposatzen ditu landarediaren galera iraunkorra konpentsatzeko.

Eragindako zuhaitz-formazio autoktonoen azalerak ikusita, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak uste du landarediaren gaineko inpaktua moderatu gisa kalifikatu behar dela gutxienez.

Hidrologiari dagokionez, ebakuazio-linea bi aldiz igarotzen da Urola ibaiaren gainetik (T05-T06 eta T11-T12 euskarrien baoetan), Badiolegitxo errekaren gainetik T6-T7 baoan eta izenik gabeko 2691 ibilguan T9-T10 baoan. Hala ere, euskarriak ibilgutik nahikoa distantziara daude, eta, beraz, ez da aurreikusten eraginak jasateko aukerarik.

Alde horretatik, Uraren Euskal Agentziaren iritziz, eraikuntza-faseetan aurreikusitako jarduketak, hasiera batean, bateragarriak dira eremuko eta inguruneko azaleko zein lurpeko uren egoera ona mantentzearekin. Nolanahi ere, adierazi du arreta handiz jokatu beharko dela ur-puntuen ingurunean egiten diren pista eta zangak egokitzeko eta irekitzeko jarduketetan.

Azaleko uren kalitateari eragiteko arriskua dago lur-mugimenduetan erabilitako makineriaren istripuzko isuriengatik edo solido esekiengatik; horrez gain, baliabideak kontsumituko dira, airearen kalitateari eragingo zaio (obrak egin bitartean hautsa eta beste kutsatzaile batzuk igorriko dira atmosferara), eta giza habitataren kalitateari ere eragingo zaio (zarata).

Beste alde batetik, ebakuazio-linea, lurperatutako tartean, bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauzkaten lurzoruen Inbentarioko 20027-00049 kodeko kokalekuarekin, SET Lasao 30 kV azpiestazioan sartzean. IIAk adierazten du beteko dela Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa.

Obra-fasean, eragozpenak sortuko zaizkio faunari; besteak beste, makineriaren eta kamioien joan-etorriengatik eta lur-mugimenduengatik. Sastrakak kentzeko eta landaredia ezabatzeko lanen ondorioz, areagotu egingo da istripu-arriskua (ibilgailuek harrapatzeagatik, pozoitzeagatik, harrapatuta geratzeagatik, etab.).

Sustatzailearen iritzian, fase honetan faunaren gaineko afekzioa moderatutzat jotzen da parkerako eta bateragarritzat linearako, lanak aldi baterako direlako; hortaz, eragindako fauna-komunitatea itzuli egingo dela aurreikusten da. Prebentzio-neurrien artean, habien okupazioa kontrolatzea eta ugaltze-garaiak saihestea proposatzen du.

Era berean, obrak egiten diren bitartean kultura-ondareari eragiteko arriskua dago. Sustatzaileak egindako azterketa arkeologikoaren arabera, ez zaie eragingo ez Balizko Arkeologia Guneei, ez kultura-ondasunei. Elementu etnologikoei dagokienez, aurreikusten du inpaktu bateragarria izango dutela 1. anomalian (Etxola), 3. anomalian eta 4. anomalian zuzenketa-neurriak ezartzearekin. Dena den, inpaktu larria aurreikusten du 2. anomalian, barne-bidearen trazaduran kokatuta baitago, sekzionamendu-zentrora sartzeko adarraren hasierarekin bat etorriz. Horrenbestez, azterketak proposatzen du balorazio eta peritazio arkeologikoko zundaketa bat hondeatzea, elementuaren jatorria, tipologia edo kronologia identifikatzeko eta zehazteko, bai eta kontserbatutako hondakinak zehatz-mehatz dokumentatzeko ere. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza bat dator proiektuak eragin ditzakeen elementuen identifikazioarekin, eta ados agertu da proposatutako neurriekin.

3.2.– Inpaktuak ustiapen-fasean.

Ustiapen-faseari dagokionez, inpaktua sortu dezaketen proiektuko ekintza nagusiak hauek dira: parke eolikoaren eta haren instalazio erantsien presentzia, aerosorgailuen palen mugimendua, airetiko linea elektrikoa, makineriaren noizbehinkako mugimendua, instalazioak mantentzeko lanak eta hondakinen sorrera.

3.2.1.– Habitatak eta fauna.

Proiektuko instalazioen okupazio iraunkorraren azalera 17,01 ha-koa da. Instalazio eolikoek eragina izango dute lurreko eta aireko faunaren habitatetan, haien erabilgarritasuna gutxituz bazkaleku-, ugalketa- eta elikadura-eremutzat. Ingurumen-inpaktu nagusiak, bereziki abifaunari eta kiropteroei dagozkienak, talka, elektrokuzio, barotrauma eta portaera-aldaketekin lotutako arriskuak dira, aerosorgailuen funtzionamenduaren eta argiztapenaren eta linea elektrikoaren ondorioz sortuak.

Adierazi den bezala, kalkulatu da landarediaren gaineko afekzio iraunkorraren azalera 8.098 m2-koa dela; horrek Batasunaren intereseko habitaten 4,6 ha-ko afekzio iraunkorra sortzen du.

Proposatutako jarduketen artean, eragindako baso-ekosistemen afekzio-azalera konpentsatzeko, IIAk aurreikusten du 1:4 kendua:leheneratua inguruko konpentsazio-ratioa, 108.604 m2-ko leheneratze-superabitarekin. Hala ere, ez du zehazten nola eta non gauzatuko den neurri hori.

IIAren ustez, azterketa-eremua ohiko bazkalekua da sai zuriarentzat eta miru gorriarentzat, inguruan dauden abeltzaintza-ustiategiek elikadurarako erakargarri bihurtzen dutelako. Hala, ondorioztatu du azterketa-eremuaren ezaugarri nagusiak direla, alde batetik, hegazti harraparien ugalketa-populazioa izatea; eta, bestetik, eztei-osteko migrazio-ibilbide batean kokatuta egotea. Hegazti migratzaileen espezieei dagokienez, ustez kaltetuen gerta litezkeenak hauek dira IIAren azterketaren arabera: miru gorria, pagausoa eta birigarro-espezieen taldea.

Abifaunaren urteko azterketak espazio-kalteberatasun globalaren indizea ematen du proiektuak zuzenean eragindako eremuan espezie sentikorrenei dagokienez; alde horretatik, nabarmentzekoak dira PI-01, PI-01, PI-02 eta PI-04 aerosorgailuak kokatzen diren laukiak.

2025eko otsailean, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren txostenari erantzunez, sustatzaileak datu batzuk aurkeztu zituen espezie eta lauki bakoitzeko kalteberatasun-indizeari buruz –ISR espezie bakoitzaren sentikortasun-indizearen formula aplikatuz–, bai eta espezie sentikorrenen kalteberatasun-mapa ere. Gehigarri horren arabera, PI-02 aerosorgailuaren laukia da kalteberatasun-indizerik handiena duena sai zuriarentzat, sai arrearentzat eta erroiarentzat; PI-01 aerosorgailuak kalteberatasun-pertzentilik handiena du miru gorriarentzat, eta gainerako laukiek batez besteko kalteberatasun-indizea dute miru gorriarentzat.

Talka-arriskuari dagokionez, jada aipatu den bezala, sustatzaileak adierazi du hegaldien ehuneko handi bat paraleloa dela parke eolikoa proiektatzen den gailur-lerroarekiko, seguruenik haren ekialde-mendebalde orientazioaren ondorioz sortzen diren korronte dinamikoak aprobetxatuz, ipar-mendebaldeko haize nagusiei aurka egiten baitie; beraz, azterketa-aldiko hegaldi perpendikularren kopurua –hau da, aurreikusitako aerosorgailuen lerrokadura gurutzatuz– ezohikoa izan dela eta normalean haizearen indar txikiagoko egoerei lotuta egon dela.

Alabaina, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basafaunaren eta Basafloraren Zerbitzuak, egin dituen bi txostenetan, zalantzan jarri du gailur-lerroarekiko paraleloan –proiektatutako parke eolikoa zeharkatu gabe– egindako hegaldi-ibilbideen nagusitasunari buruzko baieztapena. Miru gorri baten eta hamabi sai arreren mugimenduen GPS bidezko jarraipenetik lortutako ebidentziek erakusten dutenez, bi espezieak maiz ibiltzen dira hegan proiektuaren eremuan gainean, eta, beren ibilbideetan, gurutzatu egiten dute aerosorgailuak ezartzea planteatzen den gailur-lerroa; beraz, proiektuak talka-arriskua sortzen die hegaztiei.

Era berean, Zerbitzu horrek adierazi du Piaspe parke eolikoak potentzial handia duela ustiapen-fasean inpaktu negatiboa sortzeko, babes-maila desberdinetako hegazti- eta saguzar-espezieen populazioetan eragiten duen zuzeneko heriotza-tasagatik. Gainera, aipatu du inpaktu potentzial horren magnitudea handiagoa izan litekeela IIAn aurreikusitakoa baino; izan ere, GPS bidezko lokalizazioaren bidez sai arreen eta miru gorrien inguruan jasotako informazioaren arabera, bi espezieak maiz ibiltzen dira aerosorgailuak ezarri nahi diren gailur-lerroan, IIAn adierazitakoa baino askoz maiztasun handiagoarekin.

GFAko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak 2025eko maiatzaren 28an egindako txostenean, irudi bat dago, parke eolikoaren kokalekuaren inguruan dentsitate handia duten hiru espezieen habia egiteko lurraldeen kokapena erakusten duena:

(Ikus .PDF)

2. irudia. Sai zuriaren (berdez), miru gorriaren (horiz) eta sai arrearen (gorriz) habia egiteko lurraldeak, Sañu-Arauntza gailur-lerroaren inguruan 7 km-ko erradioan. Beltzez, parke eolikoaren poligonala (Iturria: GFAko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren txostena, 2025eko maiatzaren 28koa).

SEO/BirdLife erakundeak emandako datuak Gipuzkoako Foru Aldundiak emandakoen antzekoak dira. Sai zuriari dagokionez, alegatzen du 10 km-tik beherako distantzian habia egiteko bost lurralde egotea bateraezina dela EAEko Batasunaren intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean ezarritako helburu eta neurriekin. Kontuan hartuta aztertu beharreko eremua hainbat espezie babestu eta mehatxaturen bazkaleku-, elikadura- eta sakabanatze-eremua dela, SEO/BirdLife erakundeak uste du proiektuak arrisku handia duela aipatutako espezieen heriotza eragiteko linea elektrikoekin eta/edo aerosorgailuekin talka egitearen ondorioz, eta horrek bertako habitaten alterazio eta degradazio atzeraezina ekarriko lukeela. Hori bateraezina izango litzateke espezie babestu horien populazioak eremuan kontserbatzearekin, guztiak Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean sartuta egonik. Beraz, alegazioak kritiko eta onartezin gisa kalifikatzen du proiektuak aipatutako bi espezieetan izango duen inpaktua.

Hegaztien istripuak saihesteko prebentzio-neurrien artean, sustatzaileak proposatzen du, alde batetik, lehenengo urtean arrisku-egoeretan gelditzeko abisua eman dezaketen behatzaileak egotea, eta «lehenengo urtean arrisku handikotzat identifikatzen diren aerosorgailuetan automatikoki gelditzeko sistema bat edo une horretan eraginkortasun handienekotzat jotzen den sistema instalatuko da». Alabaina, hurrengo paragrafoan honako hau proposatzen du: «Proiektua izapidetzen ari den bitartean etengabeko aurrerapenak gertatzen ari direnez geldialdi automatikoen eraginkortasunean, Parke Eolikoa funtzionatzen hasten denetik gelditze-sistema automatikoak instalatzea proposatzen da, faunan aditua den batek gainbegiratutako gelditze-sistemaren ordez. Funtzionatzen hastean zientifikoki frogatutako emaitzarik onenak ematen ari den sistema hautatuko da».

Neurri horri dagokionez, GFAko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren txostenak adierazten du «une horretan efikaziarik handiena duela frogatu duen sistemari buruzko erreferentziatik harago», IIAk ez duela informazio espezifikorik ematen proiektuan erabili nahi diren gelditze-sistema automatikoen motei buruz, eta alderdi garrantzitsuak jorratu gabe uzten dituela. Ez da zehazten zein teknologia erabiliko den, ezta sistema horien ezaugarri teknikoak ere, eta horrek zaildu egiten du faunaren gaineko inpaktua minimizatzeko izango duen benetako eraginkortasuna. Halaber, ez da adierazten zehazki zenbat gelditze-gailu automatiko instalatuko diren, ezta parke eolikoaren barruan zehazki non kokatuko diren ere, eta horrek zalantza handiak pizten ditu haien irismenari eta estaldura-gaitasunari buruz.

Sustatzaileak Cádizeko parke eolikoetako geldialdi selektiboen eraginkortasunari buruz ematen dituen datuei dagokienez, txostenak adierazten du ezin direla parekatu behatzaileetan oinarritutako sistema eta sistema automatikoen neurria. Adibidez, pentsatzekoa da lainoa dela-eta ikuspen murriztua duten egunen kopurua handiagoa izatea Kantauriko isurialdetik 500 metrora dagoen gailur-lerro batean, azterketa egin zen Cádizko badiaren inguruan baino, eta horrek talka-arriskua handitzea ekarriko luke. Halaber, garrantzitsua da ebaluatzea –behar adina bermatuta ez baitago– ea prebentzio-sistemekin lortutako ezbehar-tasaren murrizketa, esanguratsua izanik, benetan nahikoa den ala ez ugalketa-tasa mugatua duten espezieen populazioen narriadura eragozteko.

Beraz, nahiz eta ez den baztertzen detekzio eta gelditze automatikoko sistemak gaur egun edo etorkizun hurbilean eraginkorrak izatea hegaztien heriotza-tasa saihesteko edo ahalik eta gehien murrizteko –eta, beraz, haien populazioetan inpaktu nabarmenak prebenitzeko–, une honetan, proiektatutako Piaspe Parke Eolikoari dagokionez, ez dago berme nahikorik baieztatu ahal izateko haren ezarpenak ez lukeela ondorio adierazgarririk izango aztertutako hegazti-populazioetan.

Linea elektrikori dagokionez, bere inpaktu nagusiak lotuta daude abifaunarekin, paisaiarekin eta azterketa-eremua gurutzatzen duten beste lau linearekin. 2025eko otsailaren 13an aurkeztutako IIA bateginak aurreikusten du Piaspe SZ eta SET Lasao 30 kV konektatzen dituen 30 kV-eko ebakuazio-linea osoa lurperatzeko aukera, jatorrizko proiektuan jasotako lurperatze partziala ordeztuz. Hala ere, sustatzaileak gehienbat airetiko linea batek osatzen duen alternatibari eusten dio, lehen azaldu den bezala.

Proiektuaren elementu horri dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basafaunaren eta Basafloraren Zerbitzuak adierazi du Gipuzkoan abifaunaren istripuen % 70 gertatzen direla abifaunaren babes-eremuetatik kanpo dauden lineetan; beraz, proiektua onartuko balitz, beharrezkoa izango litzateke linea elektrokuzioaren eta talken aurkako gailuekin hornitzea, aintzat hartuta Urola bailara zeharkatzen duela, non hegaztiak maiz ibiltzen diren joan-etorrian.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak adierazi du landutako alternatiben analisian ez direla behar bezala haztatu aldagai guztiak eta haien inpaktuak, eta, horrenbestez, gutxietsi egin direla airetiko ebakuazio-lineari lotutako afekzio batzuk, lurperatutako alternatiben kaltetan.

Linea lurperatzeko alternatibak aztertu ondoren, sustatzaileak airetiko linearen aukerari eusten dio, eta, neurri zuzentzaile gisa, proposatzen du airetiko linea elektrikoa elektrokuzioaren aurkako gailuekin hornitzea; ingurumen-organoak hala erabakitzen badu, talken aurkako gailuak ere gehituko lirateke.

Sustatzaileak kiropteroei buruz aurkeztutako azterketak adierazten du bereziki garrantzitsua dela eremuan dagoen gune irekien eta baso-eremuen mosaikoa, kiropteroentzako elikatze-iturri eta babesleku gisa. Alde horretatik, nabarmentzen du parke eolikoetan kiropteroen heriotza-tasa ebaluatzeko eta zuzentzeko gidalerro-proposamenak (MITECO, 2020) gomendatzen duela aerosorgailuak kokatzea kiropteroentzat bereziki egokiak diren habitaten ertzetatik 200 metro baino gehiagoko distantziara (baso-ertzak, formazio linealak, ibaiertzeko basoak, etab.) (UNEP/Eurobats, 2019). Hasiera batean, arriskutsutzat hartuko da elementu horietatik hurbilago dagoen kokapen oro, eta, kokapen hori saihetsezina izanez gero, neurri zuzentzaile gehigarriak ezarri beharko dira. Arrisku-inguruabar hori aerosorgailuetarako aurreikusitako kokapenetan dago, horiek guztiak gertu baitaude belardien eta baso-masen arteko trantsizio-eremuetatik; kiropteroek usu erabiltzen dituzte egitura horiek beren joan-etorrietan.

Behatutako kiroptero-espezieen gaineko balizko afekzioari dagokionez, Rodrigues et al.– en (2015) irizpideari jarraituz –zeinak saguzarrek aerosorgailuekin talka egiteko arriskua ebaluatzen duen eta hiru maila ezartzen dituen–, sustatzaileak adierazten du azterketa-eremuan detektatutako taxonetatik sei bereziki sentikorrak direla parke eolikoetako gorabeheren aurrean: Pipistrellus pipistrellus, P. kuhlii, P. pygmaeus, Nyctalus leisleri, Nyctalus lasiopterus eta Miniopterus schreibersii. Bi espeziek arrisku ertaina dute: Barbastella barbastellus eta Eptesicus serotinus; behatutako gainerako taxonek (Rhinolophus ferrumequinum, Rhinolophus hipposideros, Myotis sp. eta Plecotus sp.), berriz, arrisku txikia dute. Gainera, adierazten du Pipistrellus generoko hiru espezieen kalteberatasunak eta ugaritasunak aukera ematen duela afekzio adierazgarri bat jasateko, eta detektatutako Nyctalus generoko bi espezieak bereziki sentikorrak direla parke eolikoetako gorabeherekiko.

Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren iritzian, sustatzaileak ez du behar besteko ahaleginik egin kiropteroen babeslekuak identifikatzeko. Izan ere, azterketa bat gehitu behar zuen, lurzoruaren gainean prospekzioak jasoz, parke eolikorako aurreikusitako kokalekuaren inguruko gutxienez 5 km-ko erradioan kiropteroen babeslekuak identifikatzeko. Horrez gain, ez du sakoneko analisirik egin, parke eolikoan eta haren ingurunean saguzarrentzako habitat onuragarriei dagokienez.

Hala eta guztiz ere, aipatu den bezala, proiektua garatzeko aurreikusi den gailur-lerroa hurbil dago Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako planeko dokumentu teknikoan lehentasunezkotzat adierazitako babesleku batzuetatik. Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek izenpetu zuten (Eusko Jaurlaritza, 2018). Zehazki, lau babesleku daude kokalekuaren inguruan 7 km-ko erradioan: horietako bi Izarraitz KBEan daude, bat Hernio-Gazume KBEan eta beste bat Zestoan. 10 km inguruko erradioan, lehentasunezko beste hiru babesleku daude: horietako bi Azpeitiko udalerrian daude, eta bat Albizturren.

Bestalde, GFAko Basafaunaren eta Basafloraren Zerbitzuak, 2024ko ekainaren 11ko txostenean, adierazten du ezen, Naturtzaindia entitateak 2019an egindako Gipuzkoako Kiropteroen Atlasaren arabera, agerian geratu dela proiektua kokatzen den eremua aniztasun handieneko lekuetako bat dela, azterketa horretan Gipuzkoan gehienez erregistratutako 16 espezieetatik 15 espezie daudelako erroldatuta. IIAk berretsi egiten du alderdi hori, oso erregistro-kopuru handia duten 12 espezie desberdin detektatu baititu, eta argi islatzen du proiektuak espezie mehatxatu horietan izan dezakeen afekzio potentziala.

Kiropteroak babesteko neurritzat, sustatzaileak honako hau proposatzen du: irailaren 1etik urriaren 30era bitarteko gauetan gutxienez, aerosorgailuen abiatze-abiadura 5 m/s-ra handitzea. Gainera, parkearen funtzionamendu-fasean Ingurumena Zaintzeko Plan xehatu bat garatu beharko da kiroptero-espezieen balizko heriotza-tasa ezagutzeko, gidalerro espezifikoetan adierazitako protokoloei jarraituz (González et al., 2013; Rodrigues et al., 2015; MITECO, 2020).

Horri dagokionez, hau adierazten du GFAko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren txostenak: proiektuak kiropteroen heriotza saihesteko hartutako neurri espezifikoak ez dira berme nahikoa proiektua «ingurumenaren aldetik gomendagarria» dela zehazteko, aipatutako dokumentuak jasotzen duen bezala. Neurri horien artean daude, besteak beste, ekainaren 1etik urriaren 30era bitarteko gauetan aerosorgailuak modu prebentiboan gelditzea, aerosorgailuen abiatze-abiadura 6 m/s-ra handituz, eta kiroptero-espezieen balizko heriotza-tasa ezagutzeko zaintza egitea, jarraibide espezifikoetan adierazitako protokoloei jarraituz. Hala ere, ezin da baztertu proiektua martxan jartzeak espezie jakin batzuen populazio-gainbehera eragingo duten heriotza-tasak sortzea, eta espezie horietako batzuek babes-maila handia dute, haien kontserbazio-egoera dela-eta.

Natura-ondarearen gaineko afekzioari dagokionez, alegazioak aurkeztu dituzte Azpeitia, Errezil eta Zestoako udalek, SEO/BirdLife, Errezil Bizirik eta Mutriku Natur Taldea erakundeek, bai eta hainbat partikularrek ere. Zehazki, agerian jarri dira faunak (hegaztiek eta kiropteroek) jasango lituzkeen talka- eta elektrokuzio-arriskuak. SEO/BirdLife erakundeak erreferentziak aurkezten ditu instalazio horiek eragiten duten heriotza-tasari buruzko txostenen inguruan, eta proiektuaren inguruan babestutako espezieen habia-puntuei buruzko datuak ere bai. Alegaziogileek adierazten dute proiektuak afekzioa eragingo duela Arauntza-Sañu mendiko habitatetan, zeina ohiko bazkalekua den, bai eta habia egiteko guneetan ere. Berariaz aipatzen dituzte sai zuria, sai arrea eta miru gorria espezie babestuak, eta eremuak kiroptero-espezieetan duen aberastasuna. Horrez gain, alegaziogileek zalantzan jartzen dute kiropteroentzako talken aurkako sistemen eraginkortasuna. Nekrofagoei dagokienez, uste dute proiektuak ez dituela betetzen talde horren EAEko Kudeaketa Planaren zehaztapenak.

Bestalde, sustatzaileak adierazten duenez, abifaunaren eta kiropteroen urteko azterketak protokoloen arabera egin dira, eta espezieen araberako kalteberatasuna aztertu da (RSI, Kernel, IVE). Faunarentzako arriskuari dagokionez, nabarmentzen du espezieen hegaldi-altuerak eta portaera kontuan hartu direla inpaktua ebaluatzeari begira, eta arriskua minimizatzeko neurriak proposatu direla, hala nola lehenengo urtean turbinak hegaztientzat modu selektiboan gelditzea, abiatze-abiadura kiropteroentzat mugatzea eta aerosorgailuen inguruko landaredia kudeatzea. Konpentsazio-neurriak ere proposatzen ditu. Era berean, adierazten du ez dela hesi-efektu nabarmenik sortuko.

Beste proiektu batzuekiko inpaktu metagarri eta sinergikoei dagokienez, Mutriku Natur Taldeak alegazioak aurkeztu ditu. Talde horren iritziz, egindako azterketa ez da behar bezala gauzatu, eta alegatzen du IIAren 9. kapituluko inpaktu sinergikoen gaineko balorazioa egiteko oinarritzat hartu dela efektu sinergikoa sortzen duten parke eolikoak izapidetzen ari direla oraindik, eta, hain zuzen ere, horregatik txikiagoa dela inpaktuaren balorazioa. Horrez gain, aipatzen dute proiektuaren inguruneko azpiestazioak eta linea elektrikoak gehitu behar zaizkiola azterketa sinergikoari, eragiten duen inpaktuaren zati gisa.

Sustatzaileak erantzun du azterketa espezifiko bat egin dela (15. eranskina), agertokirik murriztaileena kontuan hartuta (izapidetzen ari diren parke guztiak), eta ondorioztatu dela ez dagoela ondorio metagarri edo sinergiko esanguratsurik.

3.2.2.– Natura 2000 Sarean eta konektagarritasun ekologikoan duen afekzioa.

Inguruneko naturagune babestuen gaineko balizko afekzioari dagokionez, kokalekuaren posizioak garrantzi berezia hartzen du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, aintzat hartuta inguruan dauzkan Natura 2000 Sareko hiru guneak eta bertan kontserbazioaren xede diren elementuak, hala nola hegazti harkaiztarrak eta kiropteroak.

Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak, 2024ko azaroaren 15eko txostenean, adierazten du proiektuak Natura 2000 Sarean izan ditzakeen ondorioak zentratu behar direla gune horietan kontserbazioaren xede diren elementuetan eta oinarrizko elementu hauetan: alternatibak, hegazti sarraskijaleak, kiropteroak, babes bereziko araubidean dauden espezieak eta igarobide ekologikoak; arreta berezia eskainiz baso, larre, heskai eta erreka-bazterrei.

Sustatzaileak, natura-ondarean eskumena duten organoen kontsulta-faseko txostenei erantzuteko, gehigarri bat txertatu du 2025eko otsailean, proiektuak Natura 2000 Sareko guneetan izan dezakeen eraginari buruzko informazio osagarriarekin. Bertan, alderdi hauek jaso ditu: alternatiben analisia, proiektuen ezaugarriak, abifaunaren eta kiropteroen gaineko eraginari buruzko informazioa, igarobide ekologikoen gaineko eraginari buruzkoa, eta afekzio-eremuko beste proiektu batzuekiko balizko eragin metagarri eta sinergikoak. Gehigarriak ondorioztatzen duenez, dokumentu horretan jasotako diseinu-baldintzak eta prebentzio- nahiz zuzentze-neurriak hartuta, ez da eragin nabarmenik gertatuko Natura 2000 Sarearen koherentzia globalean, ez eta deklaratutako espezieetan ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak kontsultei erantzuteko txostenean adierazi zuenez, hegazti nekrofagoak gako-elementuak dira Pagoeta KBEa (sai zuria eta miru gorria) eta Hernio-Gazume KBEa (sai zuria eta sai arrea) kudeatzeko; eta, bestalde, identifikatutako kiroptero-espezie batzuk Izarraitz, Hernio-Gazume eta Pagoeta KBEak kudeatzeko elementu nagusien parte dira.

Konektagarritasunean izan daitezkeen inpaktuei dagokienez, sustatzaileak adierazten du ez dela inpaktu nabarmenik egongo, parke eolikoaren tamaina txikia delako eta aerosorgailuak kokatuta egongo direlako Natura 2000 Sareko gune potentzialen arteko konexio-igarobide potentzialetatik urrun dagoen eremu «zentral» batean. Dena den, hauxe adierazten da IIAn: «Faktore askoren mende dago aerosorgailuek hegaztien mugimenduari jartzen dioten hesi fisikotik eratorritako afekzioa. Faktore horiek azterketaren eremuan zehaztean, agerian geratzen da proiektatutako aerosorgailuen lerrokadurak irekidura zabalak dauzkala hegaztiek eta kiropteroek zirkulatzeko, baina baita oso ekortze-eremu handiak ere. Beraz, handia da konektagarritasun ekologikorako hesi gisa izango duen afekzioa, batez ere harraparien taldearentzat».

Sustatzaileak 2025eko otsailean aurkeztutako informazio berria kontuan hartuta, GFAko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren 2025eko maiatzaren 28ko txostenak honako hau adierazten du: «Nahiz eta Piaspe PEren proiektua azalera txikia hartzen duten elementuek osatua izan energia ekoizteko beste azpiegitura batzuekin alderatuta, proiektuak espazio garrantzitsu bat eraldatzea dakar (Arauntza, Sañoa eta Mugarriluze mendien gailurreria, eta Akua bailararen hondoaren ingurua), eta eragina du lotura-igarobide horietan, zeren martxan dauden aerosorgailuek sortutako hesiak ondorio nabarmenak izan baititzake igarobide horiei lotutako kiropteroetan eta tamaina txikiagoko hegaztietan».

Azaldutakoa kontuan hartuta, eta proiektuak Natura 2000 Sarean eragin dezakeen afekzioa balioesteari begira, berriro adierazi behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldutakoa proiektuak abifaunarengan eta kiropteroengan izango duen afekzioari buruz, baita sustatzaileak proposatutako neurrien definizio-mailari eta eraginkortasunari buruz egindako balioespena ere, zeina ebazpen honen aurreko apartatuan jaso den.

Naturagune babestuen gaineko inpaktuari dagokionez, eta, zehazki, Natura 2000 Sareko guneetan (Izarraitz KBE, Hernio-Gazume KBE eta Pagoeta KBE), txostenak eta alegazioak aurkeztu dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Zuzendaritzak ez ezik, ukitutako hiru udalek eta SEO/BirdLife erakundeak ere. Horietan nabarmentzen da hiru gune horiek kokalekutik gertu daudela, eta ebaluazio egokia egiteko eskatzen dute, Habitaten Zuzentarauarekin eta natura-ondarearen Estatuko araudiarekin bat. Haien iritzian, abifaunaren arloan egindako azterketa, 5. eranskinean jasoa, aerosorgailuen ingurune hurbilean zentratuta dago. Hori dela-eta, alegatzen dute agian ez direla behar bezala ebaluatu proiektuaren ingurunean dauden Natura 2000 Sareko eremuen gaineko inpaktuak, eta arriskuan jartzen dela Pagoeta, Hernio-Gazume eta Izarraitz Kontserbazio Bereziko Eremuetako kiroptero-espezieen eta hegazti nekrofagoen kudeaketa. Alegazioetako batzuek, halaber, adierazten dute instalazioak hesi-efektua eragiten duela, horrek inguruko hiru gune babestuen arteko konektagarritasun ekologikoari eragiten diola, eta metatze-efektua ere baduela, ingurunean beste proiektu batzuk ari direlako izapidetzen.

Sustatzaileak adierazten du proiektua ez dela gainjartzen gune babestu horietako bakar batekin ere, eta IIAn jasotako Natura 2000 Sareari buruzko azterketaren deskribapena egiten du. Azterketa horretan, ondorioztatzen da bete egiten dela Habitaten Zuzentarauaren aipatutako 6.3 artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.4 artikuluan (Natura 2000 Sarea kontserbatzeko neurriei buruzkoa) eskatutako ebaluazioa. Horrenbestez, ondorioztatzen du inpaktua onargarria izango dela egindako neurri babesle eta zuzentzaileen proposamenarekin.

3.2.3.– Paisaia-inpaktua.

IIAren 14. eranskinak paisaia-integrazioari buruzko azterketa bat jasotzen du. Hala, Piaspe parke eolikoaren, Piaspe 30 kV SZren eta Piaspe 30 kV SZtik SET Lasao 30 kV-era bitarteko linearen paisaia-inpaktuak aztertu ondoren, moderatu/larritzat balioesten du proiektuak paisaian izango duen inpaktu globala.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren iritziz, aukeratutako alternatibak eragin bisualeko azalera garrantzitsua eragiten du, eta 1. eta 2. alternatibek eragin bisualeko azalera txikiagoa hartzen dute hautatu den 3.ak baino (% 31,6 eta % 28,4, hurrenez hurren, 1. eta 2. alternatiban; % 33,5 3. alternatiban). Txostenak aipatzen du zein lekutatik ikusi ahal izango den parke eolikoa: gailu ugaritatik, biztanleguneetatik eta Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako ondare-mugarri askotatik, baita herritarrek maiz erabiltzen dituzten eta asko baloratzen dituzten gune babestuetako hainbat eremutatik ere. Txostenak, era berean, adierazten du ebakuazio-lineak metatze-efektu eta efektu sinergiko handia eragingo duela, Urola bailarako eremu horretatik bertatik igarotzen diren bi garraio- eta banaketa-linea elektrikoekin batera. Inguruabar horiek guztiek hauxe erakusten dute: «parke eolikoak ezarpen-eremuko paisaia intrintsekoan dituen eraginak handiagoak dira ingurumen-inpaktuaren azterketan aurrez zehaztutakoak baino (eragiketa-fasean, moderatu/larritzat kalifikatu dira parke eolikorako, eta bateragarria ebakuazio-linearako), eragina nabarmena izan daiteke edo atalase onargarria gainditu dezake, aintzat hartuta haien garrantzia, esanahia, berezitasuna eta araudian horri buruz xedatutakoa (Urola Kostako Lurralde Plan Partzialeko paisaia-zehaztapenen arabera)».

Sustatzaileak alegatzen du alternatibak hautatzeko orduan paisaiaz gain beste aldagai batzuk ere hartu dituela kontuan, eta oraindik ere linearen airetiko alternatiba iruditzen zaiola onuragarriena landarediaren, ingurune fisikoaren, ingurune sozioekonomikoaren eta kultura-ondarearen ikuspegitik.

Paisaia-inpaktuari dagokionez, natura-ondarean eta ingurumenean eskumena duten Administrazioek egindako txostenez gain, alegazioak aurkeztu dituzte ukitutako hiru udalek, partikular batzuek, eta Errezil Bizirik elkarteak, Mutriku Natur Taldeak eta Gipuzkoako Mendizaleen Federazioak. Nekazaritza- eta basogintza-paisaia eta bere kultura-balioa modu itzulezinean eraldatuko direla uste dute. Haien iritzian, IIAk gutxietsi egiten du paisaia-inpaktua, eta simulazioak ez dira errealistak. Hautatutako alternatiba da paisaian inpaktu handiena sortzen duena, asko ikusten delako biztanleguneetatik, mendi-bideetatik, errepideetatik, eta abar. Zehazki, udalek, Errezil Bizirik elkarteak eta Mutriku Natura Taldeak adierazten dute bateraezintasuna dagoela Urola Kostako Lurralde Plan Partzialarekin, bertako 19. eta 20. paisaia-interes bereziko eremuei eragiteari dagokienez.

Sustatzaileak moderatua/larria kalifikazioa ematen dio inpaktu horri. Zuzenak iruditzen zaizkio eguneroko eta behaketa-puntuetatik egindako simulazioak. Alegaziogileek Lurralde Plan Partzialari eta haren «Gune Babestuei lotu gabeko Paisaia-interes bereziko eremuei» buruz egiten dituzten erreferentziei dagokienez, kontuan hartu eta baloratu egin dira IIAn, eta inpaktuaren balorazio horretan oinarrituta planteatu dira paisaia babesteko neurri zuzentzaileak (eragindako eremuak leheneratzea) eta eragindako landaredia konpentsatzeko neurriak.

3.2.4.– Herritarren gaineko eraginak.

Zaratari dagokionez, IIAk inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat jasotzen du 4. eranskinean. Azterketa horretan ondorioztatzen denez, Piaspe parke eolikoak bete egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan jasotako balioak zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.

Aerosorgailuetatik hurbilen dagoen eraikina birgaitzen ari diren borda zahar bat da (Odria auzoa 448 bis, Azpeitia), PI-03 aerosorgailutik gertu. Nolanahi ere, birgaitzearen sustatzaileak aipatzen du eraikinak ez duela bizitegi-erabilerarik izango. Aurrekoa kontuan hartuta, adierazten da Piaspe parke eolikoak bete egingo dituela muga-balioak, betiere eta PI-3 aerosorgailuaren ondoan dagoen eraikinak (Odria auzoa 448 bis) bizitegi-erabilerarik ez badu.

Osasun publikoaren eta bizi-kalitatearen gaineko afekzioari dagokionez, alegazioak aurkeztu dituzte ukitutako hiru udalek, Errezil Bizirik elkarteak eta partikularrek. Alegazioetan adierazten dute 25 baserri daudela parke eolikotik 1 km baino gutxiagora, eta biztanlegune batzuk 2 km baino gutxiagora, eta haiengan eragina izango dutela aerosorgailuen zaratak, itzal-efektuak eta argi-emisioek, bai eta ebakuazio-linearen emisio elektromagnetikoek ere; horrek guztiak ondorioak eragin ditzake osasunean, hala nola estresa, insomnioa, zefaleak eta antsietatea.

Sustatzaileak uste du jada ebaluatu direla osasunaren gaineko inpaktuak, bateragarriak direla eta bete egingo direla araudiak ezarritako helburu-balioak. Halaber, neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzekoak proposatzen ditu.

3.2.5.– Arriskuak.

Adierazi den bezala, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostenak ohartarazten du sute-arrisku handiko eremu batetik hurbil daudela bi aerosorgailu eta ebakuazio-linearen 6. euskarria, proiektua gauzatzeko fasean neurri egokiak hartu daitezen.

Era berean, jakinarazten du baloratu egin behar dela baldintza meteorologikoak zaintzeko eta alerta emateko sareko funtsezko instalazioetan izan dezaketen afekzioa.

3.3.– Jendaurreko informazioaren izapideen eta kontsulten emaitza.

Ebazpen honen eranskinean, zerrendatu egiten dira jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioak, eta organo substantiboak kontsultatu dituen Administrazio publikoen eta pertsona interesdunen txostenak.

Ebazpenean, laburtu egin dira Administrazio publikoek beren eskumeneko gaiei buruzko atalean egindako txostenen edukia, bai eta gainerako organismo, entitate eta partikularren alegazioen edukia ere.

3.4.– Ingurumen-organoaren balorazioa.

Ebazpen honetan zehar agerian geratu den bezala, Piaspe parke eolikoa proiektatzen den kokapenak posizio zentrala du Natura 2000 Sareko hiru gunerekiko, eta haietatik hurbil dago. Hiru gune horietan kontserbatu beharreko elementuen artean, hegazti harkaiztarren espezie batzuk eta kiroptero-espezie ugari daude, mehatxatuta eta haize-parkeen jarduerarekiko kalteberak, aerosorgailuekin eta airetiko linea elektrikoarekin istripuak izateko arriskuagatik, hesi modukoak baitira elikagai bila joan-etorrietan dabiltzanean.

Gipuzkoako Foru Aldundian basafauna eta basaflora kudeatzeko eskumena duen organoak emandako informazioak eta datuek agerian utzi dute proiektuaren eragin-erradioan sai zuriaren, sai arrearen eta miru gorriaren lurralde-dentsitate handia dagoela, eta azken espezie horren populazio negutarraren etzalekuak ere badaudela. Kontuan hartu behar da, halaber, proiektuaren inguruan abeltzaintza-ustiategien dentsitate handia dagoela eta halakoak hegaztien erakarpen-foku direla, eta, beraz, horrek areagotu egiten duela istripu-arriskua. Bestalde, abifauna-azterketaren datuek erakusten dute kokalekua migrazio-bide batean dagoela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako mapek erakusten dutenez –mapa horiek GPSarekin markatutako miru gorriaren eta sai arrearen desplazamenduak islatzen dituzte–, Sañuko gailur-lerroan oso maiz ibiltzen dira, eta hegaztiek, beren ibilbidean, proiektatutako lerrokadura zeharkatu ohi dute; ez dira, beraz, gailur-lerroaren paraleloan soilik mugitzen, IIAk adierazten duen bezala.

Ingurumen-inpaktuaren azterketari erantsitako kiropteroen urteko azterketak ere talde horren aberastasun eta jarduera handia detektatu du kokalekuan. Proiektuaren eragin-erradioan oso espezie mehatxatuak dauzkaten lehentasunezko lau babesleku daude gutxienez. Foru-organoak emandako informazioak datuekin berretsi du informazio hori.

Basafaunaren kudeaketan eskumena duen organoak agerian utzi du sustatzaileak talken aurka proposatutako neurriak ez daudela behar bezala definituta, eta ez duela informazio kontrastaturik erantsi haien efikazia bermatzeko. Beraz, proiektatutako Piaspe Parke Eolikoari dagokionez, ondorioztatu du uneotan ez dagoela berme nahikorik baieztatu ahal izateko haren ezarpenak ez duela ondorio adierazgarririk izango aztertutako hegazti-populazioetan. Kiropteroen heriotza-tasa handiak saihestearren aerosorgailuak martxan jartzean murrizketak egitean datzan neurriari dagokionez, aipatutako organoak adierazi du, halaber, ezin dela baztertu parkea martxan jartzeak heriotza-tasak sortzea haien kontserbazio-egoera dela-eta oso mehatxatuta dauden espezie jakin batzuetan, eta haien populazioaren gainbehera eragitea.

Azaldutakoa kontuan hartuta, proiektuaren analisi teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egin ondoren, aurreikusten da proiektua bideraezina dela ingurumenaren aldetik, hainbat kausa direla bide (ingurunearen ingurumen-sentikortasun handia, mehatxatutako fauna hegalariaren habia egiteko lurraldeen, kolonien, etzalekuen eta babeslekuen dentsitate handia, fauna horrek talka egiteko arrisku handia, Natura 2000 Sareko hiru guneak kontserbatzeko helburuetan ondorio kaltegarriak eragiteko aukera, hesi-efektua, habitaten eraldaketa eta paisaia-inpaktu handia), baita ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak aplikatuta ere.

Beraz, ingurumen-ebaluazioaren prozeduran ezarri beharreko ingurumenaren gaineko inpaktuen zuhurtasun-, kautela- eta prebentzio-printzipioak aplikatuz, ingurumen-organo honek aurkakotzat jotzen du Piaspe 33 MW Parke Eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektua, Azpeitia, Errezil eta Zestoako udal-mugarteetan (Gipuzkoa), Desarrollos Renovables Iberia PI SLUk sustatutakoa.

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Industria Administrazioaren Gipuzkoako Ordezkaritzari eta Desarrollos Renovables Iberia PI SLU sustatzaileari.

Hirugarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.– Adieraztea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 41. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ezingo dela errekurtsorik jarri, proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio-bidean eta bide judizialean jar daitezkeen errekurtsoei kalterik egin gabe.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abuztuaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala