Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2025eko irailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3939

AGINDUA, 2025eko irailaren 2koa, Elikadura, Landa-garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta, arrantza-enpresei zuzendutako eta de minimis araubidean jasotako 2025. urterako laguntzen deialdia egiten baita, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten. Itsasoratu programa.

Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea da, besteak beste, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren helburuetariko bat. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da itsas langileen prestakuntza praktikoa sustatzea, eta, oro har, merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiena, betiere Europaren eskaerari egokituta eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen, Elikadura, Landa-garapen eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 438/2024 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta 13.1.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko Sailburuordetzari dagozkio: «Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea. Kirol-nabigazioko irakaskuntza». Bestalde, 14.1.p) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio egiteko hau: «itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea».

Eskumen-esparru horretan, eta lehenengo paragrafoan aipatutako helburuari dagokionez, laguntza-deialdi hau egiten da, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraipena ematen diona, eta, bertan, beken deialdia egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan itsas-arrantzako irakaskuntza-ikasketak egiteko. Halere, deialdi honek beste hartzaile batzuk eta beste helburu bat ditu; izan ere, arrantza-enpresei zuzentzen zaie, horiek benetako lanpostuetan, hau da, arrantza-ontzietan, prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera eman dezaten. Ondorioz, laguntza hauek, itsas arrantzako sektorean prestakuntza arautua sustatzeko ikasleei ematen zaizkienekin bateragarriak ez ezik, haien osagarriak ere badira. Horri lotuta, 2024ko ekitaldian, argitara eman zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko apirilaren 30eko Agindua, zeinaren bidez ezarri baitziren Itsasoratu Programako oinarri arautzaileak eta egiten baita, arrantza-enpresei zuzenduta, de minimis araubidean jasotako laguntzen 2024ko deialdia, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten (2024ko ekainaren 7ko EHAA, 111. zk.).

Deialdi honen helburuak dira arrantza-sektorearen errealitatera hurbiltzea, prestakuntza-zikloetako ikasleek beren prestakuntza profesionala, «itsasoko egunak» izenekoak, osatzeko behar duten ontziratzea erraztea, gazteen enplegua sustatzea arrantza-sektorean, flotako langileria gaztetzea, eta, azkenik, belaunaldi-erreleboa bermatzen laguntzea.

2023Ko abenduaren 28an onetsitako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025, eta 2026. urteetarako Dirulaguntza Plan Estrategikoan jasota daude laguntza hauek, eta horien bitartez Arrantza-sektorean enplegua eta ekonomiaren susperraldia sustatu nahi da, nautika eta arrantza arloetako prestakuntza-zikloetako ikasleak anima daitezen arrantza-ontzietara ontziratzen proba egitera eta etorkizunean arlo ekonomiko honetara biltzera, belaunaldiarteko erreleboaren beharra baitago. Helbide honetan dago ikusgai Plana:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/diru-laguntzen-plan-estrategikoa-ekonomiaren-garapen-jasangarritasun-eta-ingurumen-sailarena-2024-2025-eta-2026-urteetarako/

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako arrantza- eta akuikultura-sektoreko de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz, zeinaren 26.4 artikuluaren arabera, sailburuek, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia baitute), hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Arrantza-enpresentzako laguntzen 2025. urterako deialdiaren oinarriak, de minimis araubideari atxikiak, onartzea, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egin ahal izan ditzaten (Itsasoratu Programa). Agindu honen I. eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Helegiteak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 2a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da arrantza-enpresentzako laguntzen (de minimis erregimenaren pekoak) 2025erako deialdia egitea, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egin ahal izan ditzaten (Itsasoratu Programa).

2.– Agindu honetan araututako laguntzen helburua da prestakuntza praktikoa sustatzea arrantza-sektorearen errealitatean; hori dela eta, erraztu egingo da arrantzako ontzi-konpainiek itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleak ontziratzea, ontziratze-aldi bakoitzean sortuko dituzten gastuetarako laguntza ekonomikoa emanez.

2. oinarria.– Araubide juridikoa.

1.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak, aginduan bertan xedatutako alderdiez gain, xedapen hauen pean kudeatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako oinarrizko manuak eta hura garatzeko erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua), eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudiak.

2.– Halaber da aplikagarria Europako Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamendua, ekainaren 27koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

3. artikulua.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Hurrengo apartatu hauetako betekizunak biltzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izan ahalko dira Agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunak.

2.– Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluarekin, ezingo dira onuradun izan kasu hauetakoren batean dauden entitateak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso izana.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.

d) Lege hauetan jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa eta 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargurik, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako zehaztapenen arabera.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.

f) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

g) Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigorren bat izatea. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsonak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian.

h) Zigortuta egotea Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.

i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

j) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Berreskuratze-agindu baten mende egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Bereziki, onuradun izateko, betekizun hauetako bat behintzat, a) edo b), bete beharko da:

a) Oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen arrantza-ontzi baten armadorea izatea, betiere baldintza hauek ere betetzen baditu:

– Ontziak Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroko hirugarren zerrendan egotea.

– Ontziak alta-egoeran egon beharko du Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian. Ontzia aktibo dagoela jotzen da, baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira, edo, aurreko urtea bisurtea bada, aurreko 366 egunak).

– Arrantza-ontziak arrantza-lizentzia eta behar diren baimenak izatea balizko modalitate eta kaletarako.

b) Lan-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

4.– 1. paragrafoaren a), b), d), g), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

5.– 1. apartatuaren e), eta f) letretan jasotako debekuak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko dira (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Agindua).

6.– Artikulu honetako 1.c) apartatuan jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

7.– Entitate eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak, horren aurka azalduz gero, bere kabuz bilatu eta aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

8.– Onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 1. paragrafoan adierazten dira debekuak–, bide hauek dituzte entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, betiere Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

9.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza erabat justifikatu eta likidatzen den arte bete beharko dira eskakizun horiek.

4. oinarria.– Ikasleen betekizunak eta hautaketa.

1.– Prestakuntza-egonaldiak egingo dituzten itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleei betekizun hauek eskatuko zaizkie:

a) Ikasleek erdi-mailako eta goi-mailako ziklo hauetako bateko 1. mailan aritu behar dute ikasten, zentro hauetako batean: «Blas de Lezo» Pasaiako LHII, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola non ikasketa hauek eskaintzen baitira:

– Goi-mailako teknikaria itsasontzi eta ontzietako makineriaren antolamenduan eta mantentze-lanetan.

– Itsas Garraioko eta Alturako Arrantzako goi-mailako teknikaria.

– Ontzi eta Itsasontzien Makineria Zaintzeko eta Kontrolatzeko teknikaria.

– Nabigazioko eta Itsasertzeko Arrantzako teknikaria.

Halaber egin ahalko dituzte agindu honetan aurreikusitako prestakuntza-egonaldiak Kostako Patroi Balioaniztun lanbide-titulazioa lortzeko ikastaroa egiten duten pertsona guztiek, bai eta adierazitako zentroetan oinarrizko Prestakuntza-zikloa egiten ari diren pertsonek ere.

b) Ikasturteko ikasgai guztiak gaindituta izatea, eta justifikatu gabeko bertaratze-faltek ez hartzea ikaslearen eskola-ordutegiaren % 15 baino gehiago.

2.– Prestakuntza-zentroek zerrenda bat egingo dute, non jasoko baitira betekizunak betetzen dituzten eta arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldiak egin nahi dituztela idatziz adierazi duten ikasleen izen-abizenak. Zerrenda horiek arrantza-enpresen eskura jarriko dira bina ikasle hauta ditzaten, gehienez, egonaldia egiteko. Egonaldia egiteko hautatu den ikaslea emakumea bada, laguntza handitu egingo da 6. oinarrian ezarritakoaren arabera, emakumeek arrantza-sektorean duten presentzia sustatzeko.

5. oinarria.– Prestakuntza-egonaldien ezaugarriak.

1.– Egonaldia arrantza-ontzietan egingo da, bai oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantza-ontzietan, bai lan-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten armadoreen jabetzako arrantza-ontzietan.

2.– Ontziratzearen iraupena marea baten adinakoa izango da, 20 edo 30 egun ingurukoa gutxi gorabehera, hainbat faktore aldakorren arabera.

3.– Onuradun bakoitzak gehienez ere bi ikasle hartu ahal izango ditu prestakuntza-egonaldi bakoitzean.

4.– Prestakuntza-zikloaren irakastaldiaren amaieratik hurrengo ikastaldiaren hasierara bitartean egin beharko da prestakuntza-egonaldia.

5.– Praktiketako ikaslearen jarraipena eta tutoretza egin beharko dira. Horrek esan nahi du egingo diren eginkizunen hasierako memoria bat egin behar dela, bai eta amaierako txosten bat ere, praktiketako aldia eta ikasleak jarduera hauen arabera ikasitakoa baloratzeko:

a) Enpresa-egitura eta -antolamendua identifikatzea: lan-prozedura enpresa-arloan, prestakuntza-baliabideak eta gaitasun profesionalenak –pertsonalak eta sozialak–, lantokian ezarritako kalitate-sistema eta segurtasun-sistemak.

b) Ohitura etikoak eta lan-ohiturak aplikatzea: jarrera pertsonalak (enpatia, puntualtasuna), jarrera profesionalak (ordena, garbitasuna, segurtasuna...), jarrera lan-arriskuen eta ingurumenaren prebentzioan, enpresako hierarkia, jarduera profesionalen agiriak, barne-arauen ezagutza eta aplikazioa, lan-jarraibideak eta lan-prozedurak.

c) Arrantza-ontzia prestatu eta mantentzea abiatzeko eta nabigazioan zehar: arrantza-ontzia abian jartzeko tramitazioa, itsasontziaren egonkortasuna egiaztatzea, kalak kontrolatzea eta hornidura zehaztea lasta-tankeetan, erregaian eta ur gezan, guneak, bitartekoak, ekipamenduak, etab. berrikustea, nabigazio-ibilbidea trazatzea, abiatzeko komunikazioak, makinen mantentze-kudeaketa, etab.

d) Nabigazio-kontrola: atrakatzeko, irteteko eta ainguratzeko maniobrak, brankako, txopako, aginte-zubiko eta makina-gelako zereginak, zubiko guardia egitea, abordatzeak prebenitzeko maniobrak, zubiko eta itsasbideko tresnetan jardutea, ISSMS aparatuak erabiltzeko protokoloak, segurtasun-arauak betetzea, kalitatea eta prestakuntza-erregistroa betetzea.

e) Arrantza-jarduerak: arrantzako instalazioak eta bertako ekipamenduak prestatu, mantendu eta konpontzea, arrantza-bankuak detektatu eta lokalizatzea, maniobrak arrantza-aparailuekin, kalatua, biratzea, desberdintasuna horien arteko aplikazioan arrantza-parkean eta zubian, harrapaketa-eragiketak, harrapaketen merkataritza-interesa eta kalitatea baloratzea, bisitatutako kalen errendimendu jasangarria baloratzea, harrapaketen prozesamendua eta karga gainbegiratzea, arrantza-araudia aplikatzea zereginetan, segurtasun-arauak aplikatzea, etab.

6. oinarria.– Finantzaketa, diruz lagun daitezkeen jarduera eta gastuak; laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontu orokorrean horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira soilik. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 105.000 eurokoak dira.

2.– Diruz lagundu ahal izango da nautika eta arrantzako prestakuntza-zikloetako lehen mailako ikasleek arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldia, marea batek irauten duen bitartean, hau da, 20 eta 30 egun bitartean.

3.– Hauek dira diruz lagun daitezkeen gastuak eta zenbatekoak:

a) Enpresak ikasle bakoitzari eman beharreko haborokina estaltzetik eratorritako gastuak. Haborokin horren zenbatekoa finkoa da ikasle eta ontziratze-aldi bakoitzeko: 1.184 euro.

b) Gizarte Segurantzan alta ematetik eratorritako gastuak; izan ere, arrantza-enpresak bermatu beharko du ikaslea estalita egongo dela egonaldi osoan gertakari arruntengatik eta lan-istripuengatik.

c) Prestakuntza-egonaldia arrantza-ontzian egiten duen ikasleen tutoretza eta monitorizaziotik eratorritako gastuak, baita haien mantenutik eta aldi horretan itsasontzian egin ditzaketen eginkizunak kontrolatu zein gainbegiratzetik eratorritakoak ere. Zenbatekoa honenbesteko 3.600 eurokoa da, ikasle bat nahiz gehiago hartuta ere. Ontziratzen den ikaslea emakumea bada, zenbateko horri 1.000 euro gehituko zaizkio.

d) Ekipamendu eta lan-arroparen gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzaren zenbatekoa 250 euro izango da, prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzeko.

7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa esteka honetan dago (hor daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-inprimakira):

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1051108

3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetako «Nire kudeaketak» atalean egin eta jakinaraziko dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluaren arabera, pertsona fisikoen aukera da Administrazioarekin elektronikoak ez diren bitartekoen bidez jartzea harremanetan; horrela, dagokion eskabide-inprimakiaren bidez eskatu ahal izango dute laguntza, eta inprimaki hori Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskura dezakete, ondoren zehazten diren helbideetan eta https://www.euskadi.eus helbidean; gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara bidali behar dira, zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatzen duen edozein bidetatik. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:

– Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Donostia- San Sebastián kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea, 23-2 – 48010 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantzaren Antolamendurako Zerbitzua. Easo kalea 10 – 20006 Donostia.

Halaber aurkez daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16,4. artikuluan aurreikusten dituen tokietan.

6.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, dirulaguntza-eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena ematen du Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, eskatzailearen NAN/IFZ nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

8. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Agindu honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeko, eskabide-inprimakia behar bezala beteta aurkeztu beharko da, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera eta entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuta. Horrez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANaren kopia kautoa. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren kopia kautoa, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia kauto bana, dagokion erregistroak zigilatuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean bertan txertatua, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:

i) Beste edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribaturi helburu bererako eskatutako eta, hala bada, haiek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabide ororen berri ematea.

ii) Betetzen dituela agindu honen 3. oinarrian jasotzen diren baina agiri bidez egiaztatu ez dituen betekizunak.

c) Hauek biltzen dituen memoria:

– Prestakuntza-egonaldiak egingo diren ontziaren datuak.

– Prestakuntza-egonaldietarako hautatutako ikasleen datuak, gehienez bi egonaldi bakoitzeko. Ikasle bakoitzak ontziratzeko eta egonaldia egiteko eman duen adostasun-agiria aurkeztu beharko da, bai eta ikastetxeak 4. oinarriko betekizunak betetzen direla ziurtatzeko egin duen agiria ere.

– Prestakuntza-egonaldia egingo den ontzirako aurreikusitako ontziratze-aldian egingo den itsasaldiaren datuak.

d) Eskatzaileak aurkeztu nahi duen dokumentu osagarri oro.

2.– Dirulaguntza-eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari zuzenean eskuratu ditzan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan.

3.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa), eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu dituzten adierazi beharko dute. Prozeduran eskatzen diren datu eta agiriak kontsultatu edo bildu eta egiaztatuko ditu Administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.

Hala ere, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Horrelakoetan, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurka egitea eragin duten arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu. Interesdunak tratamenduari aurka egiten diola adierazten badu, dokumentuak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe eskabidearen hartzaile den organoaren egiaztatze-ahalak.

4.– Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai eta NAN/IFK bidezko identifikazioa ere, horretarako haien baimena behar izan gabe. Hala ere, entitate eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du, arrazoiak emanez, eta, hala eginez gero, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak eta identifikazioa aurkeztu beharko ditu. Dirulaguntza honi Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuko zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak bai Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa.

6.– Eskatzaileak adierazi behar du eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela. Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak gertatzea ere (penala, zibila edo administratiboa).

7.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta eskatutako agiriak nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

8.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarrenen altaren kasuan izan ezik, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena eman ondoren Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

9. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Txosten hori ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.

2.– Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hala dela.

3.– Baldintzak betetzen dituzten arrantza-enpresen arteko lehiarik gabeko konkurrentziaren bidez esleituko dira laguntzak. Baldin eta deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko diru-kopuru globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, dirulaguntza hainbanatu egingo da onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.

4.– Eskabideen balorazioan edo prozeduraren ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko, ez dute prozeduran parte hartuko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluan adierazitako egoeraren batean daudenek, eta horren berri emango diote beren nagusi hurrenari.

10. oinarria.– Behin-behineko ebazpen-proposamena.

1.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, espedientea eta zuzendaritzako zerbitzu teknikoen txostena ikusita, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinaraziko zaie soilik prozeduran agertzen direnean edo interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak ez diren beste batzuk kontuan hartzen direnean. Jakinarazpenean, hala badagokio, hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako kasuaz kanpo, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluari jarraikiz.

11. oinarria.– Behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– Alegazioak aztertuta, halakorik egonez gero, eta hurrengo paragrafoetan xedatutako alderdiak egiaztatuta, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du. Bertan, laguntzen hartzaile izateko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta hura egiteko jarraitu diren balorazio irizpideak zehaztu beharko ditu.

2.– Eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, laguntzaren behin betiko ebazpenaren proposamena eman aurretik. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek, halaber, automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren IFK identifikazioa. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko egiaztatze horri; hala eginez gero, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Laguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta bertan adieraziko da, haren esku dagoen informazioaren arabera, eskatzaileek bekak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

4.– Onuradun gisa proposatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuz.

5.– Behin betiko ebazpenaren proposamena ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.

6.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen proposatutako onuradunaren alde, administrazioaren aurrean.

12. oinarria.– Prozedura ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitatea.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeari dagokio ebazpena ematea, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak proposatuta eta hark txostena egin ondoren. Txosten horretan jasota geratu beharko da ezen, bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen denez, onuradun izateko proposatutako entitateek dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

2.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta 4. apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, pertsona eta entitate interesdunek ulertu behar dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 4. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin. Dena den, interesdun guztiei banaka jakinaraziko zaie ebazpena osorik; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin.

5.– Ebazpenean informazio hau adierazi beharko da, gutxienez:

a) Hautatutako eskabideei dagokienez:

1) Enpresa onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Emandako dirulaguntza.

b) Ezetsitako eskabideei dagokienez, berriz:

1) Eskatzaileen izena edo sozietate-izena, eta IFK edo NANa.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

c) Administrazio-bidea amaitzen duen ala ez, zein errekurtso jar daitezkeen –administrazio-bidean zein bide judizialean–, zein organori aurkeztu behar zaizkion, eta zein epetan aurkeztu behar diren adieraztea. Interesdunek, hala ere, egoki iritzitako beste edozein ekintza egin ahalko dute.

6.– Onuraduna dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean badago, laguntza eman duen organoak ordainketak atxikitzea erabaki lezake, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

13. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunek oinarri honetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, besteak beste, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 20/2023 Lege Orokorraren 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak. Alegia, hauek bete beharko dituzte:

1) Prestakuntza-egonaldia izatea eskabidean adierazitako eran eta ontziratze-aldietan.

2) Prestakuntza-egonaldia egin behar duen pertsonari laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitarteko, tresna edo ekipamenduak erabiltzeko aukera ematea.

3) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; ikasleari ezin zaio eskatu bere prestakuntzarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.

4) Prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzari 1.184 euroko haborokina ordaintzea ontziratze-aldi bakoitzarengatik, prestakuntza-aldia amaitu eta astebetera, beranduenez.

5) Ikaslearen jarraipena eta tutoretza egitea eta 5. oinarrian aipatutako amaierako txostena aurkeztea.

6) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hamabost eguneko epean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

7) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

8) Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost eguneko epean.

9) Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektiboren edo subjektiboren aldaketa jakinaraztea, idatziz, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu aurretik edo justifikatzeko unean.

10) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne; izan ere, agiri horiek egiaztatze- eta kontrol-jarduketetan erabil daitezke.

11) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betetzea.

2.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko dute onuradunek, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan; halaber adierazi beharko dute gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatutakoaren arabera.

14. oinarria.– Laguntzak ordaintzea eta gastua justifikatzea.

1.– Laguntzak ordaintzeko, gehienez, hiru hileko epea izango da, frogagiri hauek behar bezala aurkezten direnetik aurrera:

– Prestakuntza-egonaldia egin duen pertsonak egindako zereginen eta jardueren txosten zehatza.

– Ikasleek egindako banku-transferentzien kopia, 13.4 oinarrian jasotako betebeharra egiaztatzen dutenak.

– Gizarte Segurantzan altan egotearen ziurtagiria.

– Dirulaguntzak itzultzegatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela eta tramitatzen ari den ezein zigor-prozeduratan ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, onuradunak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eta eskaera hori arrazoitu beharko du.

4.– Laguntzak egoki kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 15ean amaituko da beranduenez.

5.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunek Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean erroldaturik egon beharko dute. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikoa egitera behartuta daudenek horrela egin beharko dute) dagokion zerbitzuaren bidez, baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

6.– Onuraduna dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean badago, laguntza eman duen organoak ordainketak atxikitzea erabaki lezake, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

15. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin ahal izango du bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria izango da, ebazpen bidez, atzera egite hori erabat onartu eta prozedura bukatutzat joko duena entitate horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio entitate onuradunak. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, hala egin dela jasota uzteko moduko edozein bitarteko erabil daiteke. Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du entitate horri dagokionez.

3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura bat edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura bat hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.

16. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea eta ez-betetzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dira. Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, zeinean birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoak.

2.– Nolanahi ere, baldin eta onuradunak ez badu betetzen agindu honetako eskakizun edo betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak finkatzen duen baldintzaren bat, edota Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako dirulaguntzak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude, Arrantza eta Itsasertzaren Garapenerako sailburuordeak, baldintzak ez betetzeagatiko espedientea izapidetu eta interesduna entzun eta gero, ebazpen baten bidez, onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdua duela erabakiko du, osorik nahiz partez, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, osorik nahiz partez, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera, haatik eragotzi gabe dagozkion gainerako neurriak hartzea.

Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.

17. oinarria.– Bateraezintasunak.

Agindu honetako dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein entitate publiko zein pribatuk xede berberaz emandakoekin. Orobat, Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidearen arabera, estatu kide batek arrantzaren eta akuikulturaren sektoreko enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 40.000 eurotik gorakoa izango hiru ekitaldi fiskaleko ezein epetan.

18. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak hitzematen du datuak tratatuko dituela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako babes-mailaren arabera.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Arrantza-sektorerako laguntzak.

– Arduraduna: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza; Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

– Helburua: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren laguntzen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS).

– Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa:

https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673

II. ERANSKINA
ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntza eskatzeko inprimakia webgune honetan dago eskuragai:

https://www.euskadi.eus

Oinarrizko eduki hau du:

– Arrantza-enpresentzako laguntzak, Itsasoratu programa, 2024-2025 ikasturtea.

– Kodea.

– Organo instrukzio-egileari zuzendua.

– Nortasun-datuak.

– Titularra.

– Ordezkaria.

– Eskatzailearen datu fiskalak zer lurralde historikotan dauden.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Abisuak jasotzeko datuak.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.

– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Egoitza fiskala.

– Balorazio-irizpideak, aginduaren arabera.

– Informazio osagarria.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 3. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela adieraztekoa. Era berean, eskaera-ereduko erantzukizunpeko adierazpenak komunikazio hauek izango ditu:

• Jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

• Jakinarazi beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dauden ala ez.

• Eskatzaileak de minimis araubidearen barruan jaso dituen laguntzak, deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, kontzeptua edozein delarik ere.

• Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduak dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

Halaber agertu beharko da onuradunaren baimen inplizitua Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak bete dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak egunean dituela; aukera izango du baimen hori espresuki ukatzeko, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.


Azterketa dokumentala