
178. zk., 2025eko irailaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (594 KB - 37 orri.)
- EPUB (552 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
3938
AGINDUA, 2025eko irailaren 2koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak 2026-2029 aldian bultzatzeko.
Deialdi hau bat dator Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren arloan indarrean dauden arauekin, eta kalitatezko ikerketa sustatzea du helburu; izan ere, jarduera horiek nazioartean egiten dira, emaitzak argitaratzen dira inpaktu zientifiko eta teknologiko handiko foroetan, eta, bestalde, lagungarri dira Euskadiko eta Europako gizarteek XXI. mendean dituzten arazo sozial, ekonomiko, zientifiko eta teknologikoak konpontzeko. Horrela, ikerketa-taldeek zatikatzeko duten joerarekin amaitu nahi da; hau da, asmoa da talde horiek euskal ikerkuntzak Europako ikerketa-eremuan dituen erronkei aurre egiteko behar besteko tamaina eta masa kritikoa lortzea, eta goi-mailako kualifikazioa duten eta ikerketa-proiektuetan, ezagutzaren transferentzian eta graduondoko prestakuntza-programetan buru-belarri diharduten arlo desberdinetako adituen arteko batasuna sustatzea.
Programa honen bidez, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeei lagundu nahi zaie. Horretarako, finantzaketa osagarria eskaintzea aurreikusten da, beste deialdi espezifiko batzuetako finantzaketaz gainera, baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikerketa-taldeak aintzatestea ere. 2007an hasitako jarduera-ildoarekin jarraitzen du; unibertsitateko ikerketa-taldeak sendotzera eta, laburbilduz, Europako ikerketa-eremuan guztiz integratzea lortzea ahalbidetuko diguten ezagutzaren sorrera, garapen teknologikoa, berrikuntza eta ikerketa-emaitzen transferentzia sendotzera zuzenduta dago, baita talde horien ikerketako prestakuntza-gaitasuna sustatzera ere. Halaber, agindu honetan kontuan hartu dira RIS3 Espezializazio Adimentsuko Estrategian jasotako jarraibideak, gure herriko sektore publikoaren eta sektore pribatuaren lankidetza sustatzeko, nazioarteko sare eta partzuergoetan integratzeko, atzerriko ikertzaileak erakartzeko eta ezagutza gizarteari transferitu eta ezagutarazteko jarduerak gauzatzeko. Orobat, kontuan hartu dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean diseinatutako estrategiak, Europa mailan –Europa 2030 Estrategia– zehaztutako helburuekin bat etortzea bilatzen dutenak, ekonomia lehiakor eta dinamikoak garatzeko, ezagutzan oinarrituta; alegia, modu jasangarrian hazteko gai diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibo zein kualitatibotik hobetzeko gai diren ekonomiak.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila gure ekosistema zientifikoa eta teknologikoa indartzeko xedearekin sortu da, Euskadin ezagutza aurreratua eta berrikuntza bultzatzeko. Horri esker, jauzi kualitatibo ekonomiko-teknologiko-industriala egin ahal izango dugu. Horretarako, funtsezkoa da euskal unibertsitate-sistemaren ikerketa-gaitasunak sustatzea. Horrela, ikerketa-taldeei lagunduz hain zuzen ere, teknologia eta soluzio berriak garatzea ahalbidetzen da, gizarteari, oro har, eta Euskadiri bereziki, mesede egin baitiezaiokete.
Deialdi honek 4 urterako finantzaketa emango die ikerketa-taldeei, 2026tik 2029ra bitartean; hartara, euskal unibertsitate-sisteman dauden ikerketa-talde guztiek har dezakete parte, finantzaketa egonkorra eta homogeneoa lortzeko.
Deialdi honetan, administrazio-prozeduraren sinplifikazioan sakontzeko, berritasun gisa ebaluazio-prozedura sinplifikatu bat sartzen da ikerketa-taldeek aurkeztutako eskaeren kasuan, baldin eta denboran zehar ibilbide bikaina izan badute. Prozedura hori aurreko deialdietan talde gisa akreditatu izanak zehaztuko du. Era berean, sinplifikatu egin da taldearen merezimendu zientifikoen bilketa, funtsezkotzat harturik fokua taldeak garatutako eta laguntzen deialdi honi esker egingo den ikerketaren kalitatean ipintzea.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak betetzeko efikazia, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia, gardentasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza–, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen legea) eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin; orobat, eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Halaber, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasoko duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan.
Beraz, oinarri hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko 2026-2029 aldian. Horien edukia eranskin moduan erantsi zaio ebazpen honi.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Zientzia Politikako zuzendariari ahalmena eman zaio agindu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 2a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
I. ERANSKINA
EUSKAL UNIBERTSITATE-SISTEMAKO IKERKETA-TALDEEN JARDUERAK BULTZATZEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK, 2026-2029 URTEETARAKO
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da ikerketa-proiektuak egiten dituzten euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, baldin eta ikerketa-programak Artean eta Humanitateetan, Zientzia Esperimentaletan, Osasun Zientzietan, Gizarte eta Lege Zientzietan, Ingeniaritzan eta Arkitekturan egiten badituzte.
Hori guztia, ikerketa-jarduerak ahalbidetuko eta sustatuko dituen oinarrizko finantzaketa bermatze aldera, eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateetako sail eta unibertsitate-institutuetako taldeek egindako ikerketaren kalitate zientifikoa, inpaktu soziala eta nazioarteko oihartzuna areagotze aldera.
2.– Ebaluazio positiboa gainditu ondoren, ikerketa-taldeak Eusko Jaurlaritzaren aintzatespena lortu edo mantendu ahal izango du. Aintzatespen hori mantendu egingo da, hori aldatzen duen berariazko xedapena badago izan ezik, harik eta 5. artikuluan adierazten diren laguntza egikaritzeko epeak amaitzen direnera arte.
3.– Dirulaguntzak aurrekontuen eskuragarritasunaren arabera emango dira, eta lau urterako izango dira (2026-2029), 5. artikuluan xedatuta dagoen bezala.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetako dirulaguntza-programaren guztizko zenbatekoa, 2026. urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2027, 2028, 2029 eta 2030erako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, 50.000.000 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura ordainduko da.
Aurrekontu hori 1.1 artikuluan jasotako arloetan banatuko da, modu honetan:
(Ikus .PDF)
Artikulu honetan jasotako dirulaguntza-arlo guztiak lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko dira, agindu honen 12. eta 13. artikuluetan ezarritakoaren arabera; lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan dago jasota.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateak dira laguntza hauen onuradunak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari Unibertsitateen Ikerketa Egituren kategorian kide direnak eta ikerketa-taldeetako ikertzaile nagusiak atxikita daudenak, betiere.
2.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan adierazitako inguruabarretan dauden unibertsitateak; hau da, besteak beste, egoera hauetako batean daudenak:
– Ordaindu gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.
– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.
Entitate eskatzaileek dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Gainera, betebehar horiek bete beharko dituzte, harik eta laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte.
Adierazitako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira, hurrenez hurren.
Zientzia Politikako Zuzendaritzak zuzenean eskuratuko ditu dokumentu horiek organo eskudunetatik, eskura dituen elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez. Entitate interesduna horren aurka agertuz gero, entitateak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion egiaztagiriak.
Eskabidea aurkezteko formulario elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez (III. eranskina) akreditatuko dira gainerako betekizunak.
4. artikulua.– Ikerketa-taldeak.
Ikerketa-taldearen osaerak eta egiturak bermatu egin beharko dute posible izango dela taldea mantentzea eta taldeak dirulaguntzaren xede den aldian eta epe ertainean dituen bikaintasun zientifikoko helburuak betetzea. Laguntza horiek jaso ahal izateko, entitate eskatzaileetako ikerketa-taldeek eta horietako kideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Taldeek honako kide hauek izango dituzte:
a) Doktoreak:
1) 3.1 artikuluan adierazitako unibertsitateei kontratu bidez lotutako irakasle eta ikertzaileak.
2) Zientziarako Euskal Fundazioaren / Ikerbasque bitartez kontratatutako ikertzaileak (Research Professor, Research Associate zein Research Fellow moduan), destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako batean dutenean.
3) EHU-CSIC unitate misto bateko ikertzaileak, BERC kategoriako ziurtapena dutenak eta entitate horiek kontratatu dituztenak.
b) Ez-doktoreak:
1) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei kontratu bidez lotutako irakasle eta ikertzaileak.
2) Prestakuntzan dauden ikertzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei kontratu bidez lotutakoak.
Ikerketa-taldeko kide ez-iraunkorrek gutxienez laguntza egikaritzeko aldiaren erdia iraungo duen kontratu bat izan behar dute indarrean. Irakasle atxiki, laguntzaile doktore edo Ikerbasque Research Fellow plaza bat betetzen duten ikertzaileen kasuan, baldin eta plaza hori 2026ko abendua baino lehen amaitzen bada, ikerketa-taldeko kide gisa sartu ahal izango dira, betiere ebaluazio positiboren bat edo Ikerbasquek (Ikerbasque Research Associate Professor), Unibasqek (Irakasle Osoak, Irakasle Agregatuak, Ikertzaile Irakasleak, Ikertzaile Doktoreak) edo ANECAk (Unibertsitateko Katedraduna, Irakasle Titularrak, Irakasle Kontratatu Doktoreak) emandako egiaztagiriren bat badute.
2.– Ikertzaile nagusia.
a) Artikulu honetako 1.a atalean aipatutako doktoreen kolektiboko kide batek izan behar du ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia, eta kontratu iraunkorra eta lanaldi osoa edo parekatua izan behar du.
b) Ikerketa-taldeak ikertzaile nagusi bakarra izango du, behean adierazitako kasuetan izan ezik. Ikerkide nagusiak taldearen lidergoan duen parte-hartze aktiboa baloratuko da. Kasu hauetan justifikatu beharko da ikerkide nagusia taldean sartu izana:
1.– 1.a.3 puntuan aipatutako ikertzaile nagusiak ez badu kontratu-loturarik unibertsitate eskatzailearekin, kontratu-lotura baduen eta 2.a atalean jasotako baldintzak betetzen dituen ikerkide nagusi bat sartu beharko da.
2.– Baldin eta ikertzaile nagusia irakasle atxikien, laguntzaile doktoreen edo bitarteko langile lan-kontratudunen kategoriako dedikazio osoko edo pareko doktorea bada (aldez aurretik irakasle atxiki edo laguntzaile doktore izana) eta unibertsitateko irakasle titularren edo irakasle agregatuen kidegoetan sartzeko akreditazioa lortu badu eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik, hori duen eta 2.a atalean jasotako baldintzak betetzen dituen ikerkide nagusi bat sartu beharko da.
3.– Ikerketa-taldearen iraunkortasuna eta belaunaldi-erreleboa ziurtatzeko, aukeran, ikerketa-taldeek ikerkide nagusi bat gehitu ahal izango dute, 2.a paragrafoan jasotako baldintzak betetzen dituena, baldin eta ikertzaile nagusia 2026-2031 aldian erretiratzea aurreikusten bada, betiere ikertzaile nagusiaren jaiotza 1966 baino lehenagokoa bada.
4.– Ikerketa-taldeak iraun egingo duela eta belaunaldi-erreleboa egongo dela bermatzeko, nahitaezkoa izango da 2.a ataleko betekizunak betetzen dituen ikerkide nagusi bat egotea 1960 baino lehen jaiotako ikertzaile nagusi bat buru duten taldeetan.
5.– Halaber, ikerkide nagusi bat sartu ahal izango dute 2022-2025 deialdian ikerkide nagusi figura sartu duten talde eskatzaileek, aurreko bi talderen bat-egitearen ondorioz, eta 2022an egiaztatutako taldeko ikertzaile doktoreen % 75ek, gutxienez, oraingo eskaeran jarraitu beharko dute. Era berean, ikerkide nagusi bat sartu ahal izango dute 2026-2029 deialdi honetan bat egiten duten Eusko Jaurlaritzaren 2022-2025eko ikerketa-taldeen laguntzen deialdian egiaztatutako taldeek. Kasu horretan, ikerkide nagusiaren figura onartuko da eskabideetan, baldin eta jatorrizko talde bakoitzeko ikertzaile doktoreen % 75ek gutxienez egungo talde bateratuaren eskaeran jarraitzen badu. Kasu horretan, ikertzaile nagusi bat egongo da jatorrizko ikerketa-talde bakoitzeko.
6.– 15 kide doktore baino gehiago dituzten taldeek ikerkide nagusi bat ere izan dezakete.
Atal honetan adierazitako egoeretan egon gabe ere ikerkide nagusiaren figura duten eskaeretan, ofizioz ezabatuko da figura hori.
3.– Ikerketa-taldeko kide gehienek lan-ibilbide bateratua egiaztatu beharko dute, 2020. urtetik eskaera egin den egunera arte, eta ikerketa-ildoen kohesioa eta bateratasuna erakutsi beharko dituzte.
Horretarako, taldeak egiaztatu beharko du argitalpen zientifikoen % 10, gutxienez, batera egindakoak direla, eta halakotzat hartuko dira gutxienez taldeko bi kidek parte hartu duten argitalpen zientifikoak, artikuluak, liburuak edo liburu-kapituluak. Liburuetan kideetako bat editore gisa ageri bada eta beste kide batek kapitulu batean parte hartzen badu, baterako argitalpentzat hartuko dira. Onespena 12. artikuluan ezarritako irizpideak betetzen dituzten argitalpen zientifikoei soilik emango zaie.
4.– Taldeetan, gutxienez, doktoreak diren 6 kide egongo dira.
5.– Taldeak gutxieneko ekoizpen hau izan behar du:
a) 2 argitalpen zientifiko doktore bakoitzeko, 2020. urtetik laguntza-eskaera egiten den egunera arte.
Baterako argitalpen zientifikoak behin baino ez dira zenbatuko. Ondorio horietarako, argitalpen zientifikotzat hartuko dira liburuak, liburu-kapituluak eta zientzia-aldizkarietako artikuluak, arlo bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta. Informatikaren eta konputazio-zientzien arloetan, azpieremu horretan oro har onartzen diren prestigiozko nazioarteko kongresuetako aktak hartu ahal izango dira kontuan (ikus 12. artikulua), eta Arte Ederren arloetan erakusketen katalogoak oro har onartutako jardunbidearen arabera hartuko dira kontuan.
Matematikaren, Fisikaren, Kimikaren, Biologiaren, Zientzia Biomedikoen, Zientzia Naturalen eta Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloetan, gutxieneko ekoizpen hori ziurtatzeko, Journal Citation Reports (JCR) Science Edition argitalpenean, edo bestela Scopusen Scimago Journal Rank delakoan, dagokion kategoria zientifikoko zerrendan jasotako aldizkarietan argitaratutako artikuluak bakarrik hartuko dira kontuan.
Gizarte eta Lege Zientzien eta Artearen eta Humanitateen arloetan, gutxieneko ekoizpena artikulu, liburu eta liburu-kapituluen bidez ziurtatu ahalko da. Arte Ederretan ez beste arlo guztietan, artikulu bidezko ziurtapena Web of Science (Arts and Humanities Citation Index, Social Science Citation Index, Science Citation Index, Journal Citation Reports eta Emerging Sources Citation Index) edo Scimago Journal Rank guneetan jasotako aldizkarietan argitaratutakoekin edo FECYT kalitate-zigilua duten aldizkarietan argitaratutakoekin egingo da soilik. Liburuen edo kapituluen bidezko egiaztapena ospe handiko argitaletxeetan argitaratutako ekarpenekin egingo da. Liburuek eta liburu-kapituluek izen handiko editorialetan, estatuan edo nazioartean, argitaratuta egon behar dute, eta ISBN zenbakia izan.
b) 2020. urtearen eta dirulaguntzaren eskaera-dataren artean jada amaitutako eta defendatutako doktore-tesien kopuru bat, taldearen tamainaren arabera, doktoreak diren kideen kopuru gisa neurtuta, honako arau hau aplikatuz zehazten dena:
(Ikus .PDF)
Salbuespen gisa, 2025eko abenduaren 31n ikertzaile nagusiak 41 urte baino gutxiago dituen taldeen kasuan, eskatutako tesietako bat defendatu gabeko doktore-tesi bat izan ahalko da, tesi-proiektua 2020. urtea baino geroago inskribatuta badago.
c) Ikerketa-proiektu lehiakor bat aktibo izatea 2023-2025 aldian. Proiektu horrek autonomia-erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko norgehiagoka-deialdi publikoetan lortutakoa izan beharko du; zehazki, Europar Batasuneko, nazioarteko beste organismo edo erakunde batzuetako, estatu-planetako edo autonomia-erkidegoetako programetan. Ikerketa ebaluatzeko agentzia ofizial eta independente batek kanpo-ebaluazioa egin behar izan dio deialdiari. Ez dira aintzat hartuko unibertsitate- edo probintzia-esparruko deialdiak, irismen mugatua baitute, ezta, besteak beste, prestakuntza- edo hezkuntza-programei, hezkuntza-berrikuntzako proiektuei eta antzekoei, mugikortasun-programei eta kongresu zientifikoak antolatzeko helburua duten proiektuei lotutako deialdiak ere, hala nola Erasmus+ programak finantzatutakoei lotutakoak. Norgehiagoka-prozedura zera da: dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaera guztiak alderatzen dituen prozedura, eskaerak hurrenkera jakin batean jartzeko, aldez aurretik oinarri arautzaileetan eta deialdian balorazioa egiteko ezarritako irizpideei jarraikiz. Horrela, irizpide horien arabera balorazio handiena lortu duten eskaerei bakarrik emango zaie laguntza, deialdian eskuragarri dagoen kredituaren barruan ezarritako mugarekin.
6.– Gutxieneko ekoizpena ziurtatzea. Honela ziurtatuko dira gutxieneko ekoizpenaren betekizunak:
a) Argitalpenak. Eskatzaileek, beren ekoizpen zientifikoa Ikerketa-taldeak aplikazioan txertatzen dutenean, adierazi behar dute zer ekarpen hartu behar diren kontuan argitalpenen atalean eskatzen diren gutxieneko betekizunak ziurtatzeko. Artikulu zientifikoak egiaztatzeko, argitalpenaren DOIa adierazi beharko da nahitaez. Liburu eta liburu-kapituluen kasuan, azala eta izenburua, egileak (edo editoreak), liburuaren kredituak (editoriala, ISBN zenbakia eta abar), aurkibidea eta argitalpen-urtea agertzen dituen dokumentua. Liburu-kapituluen kasuan, honako hau ere erantsi behar da: kapituluaren lehen eta azken orria, eta eskatzailearen ekarpena agertzen duen kapitulu-aurkibidea.
Aplikazioak adierazitako argitalpenen zerrenda bat sortuko du (pdf), gutxieneko ekoizpenaren betekizuna ziurtatzeko. Dokumentu hori inprimatu egin behar da eta, ikertzaile nagusiak sinatu ostean, aplikaziora igo behar da.
b) Doktore-tesiak. Tesiak ziurtatzeko, unibertsitate eskatzaileek emandako dokumentua erabiliko da. Hauek agertu behar dute, gutxienez: izenburua, egilea, unibertsitatea, saila, data, tesiaren zuzendaritza eta kalifikazioa, nazioarteko aipamena duen tesia al den adieraziz. Dokumentua Ikerketa-taldeak aplikaziora igo behar da.
c) Ikerketa-proiektuak: Unibertsitate eskatzailearen kudeaketa-unitateak emandako dokumentuaren bidez ziurtatuko dira. Hauek agertu behar dute, gutxienez: proiektuaren izenburua, ikertzaile nagusia, emandako dirulaguntza, entitate finantzatzailea, erreferentzia eta indarraldia. Dokumentua Ikerketa-taldeak aplikaziora igo behar da.
7.– Taldeak kanpo-laguntzaileak izan ahalko ditu, betiere, ikerketa-taldeak proposatutako helburuekin koherenteak diren baterako ibilbideak egiaztatzen badituzte. Kanpo-laguntzaileak irakasle bisitariak edota eskaera egin duen entitateaz bestelako ikertzaileak izan daitezke. Laguntzaile horiek ez dira taldekidetzat hartuko, eta horien ekoizpen zientifikoa ez da zenbatuko aurreko 4. atalean aipatutako ekoizpen-mailan, ezta agindu honen 12. artikuluan xedatzen den taldearen merezimenduen ebaluazioan ere. Kanpo-laguntzaileek ikerketa-taldeari egiten dioten ekarpena ikerketa-taldearen egituran eta lan-planean justifikatu beharko da.
8.– Administrazio-laguntzarako langileak eta ikertzaile ez diren ikerketa-laguntzarako teknikariak ez dira taldekide moduan zenbatuko.
9.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskaera batean baino ezingo du parte hartu.
10.– Eskaera egiten duen taldeko kideak hainbat unibertsitatetakoak izan daitezke, baina taldea, administrazio-ondorioetarako, ikertzaile nagusia atxikita dagoen unibertsitateari lotuta egongo da.
11.– Hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira deialdi honetan jasotako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta dagokion moduan frogatzen ez duten ikerketa-taldeak.
12.– Ikerketa-taldean sartzeko eskaera berri orok, bai kide gisa, bai kanpoko laguntzaile gisa, atal honetan jasotako baldintzak bete beharko ditu, eta, era berean, sarrera hori justifikatu beharko da, 18.3 artikuluan jasota dagoen bezala.
5. artikulua.– Dirulaguntza egikaritzeko aldia.
Egikaritzeko aldia lau urtekoa izango da. 2026ko urtarrilaren 1ean hasi eta 2029ko abenduaren 31n amaituko da.
6. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.
1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.
Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.
2.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da 19.1 artikuluan zehazten den justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.
3.– Gastu hauek dira diruz laguntzeko modukoak:
a) Ikertzaileak kontratatzea, doktore-titulua duten ikertzaileak nahiz prestakuntzan dauden ikertzaileak. Ikerketan laguntzeko langileen kontratazioa ere jasotzen da, eta horiek goi-mailako titulazioa, lanbide-heziketa edo beste titulazioren bat izan dezakete. Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastuak izango ikerketan laguntzeko langileen kontratazio-gastuak, baldin eta administrazio-lanak egingo badituzte.
b) Ekipamendu txikia erostea, zientifikoa nahiz bibliografikoa. Ekipamendu horren unitate bakoitzak 20.000 eurotik behera balio behar du, BEZik gabe. Laguntza honen kargura erositako material inbentariagarriak entitate onuradunaren Inbentario Nagusian agertu behar du, bi urtez, gutxienez, erosketa-datatik aurrera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.4 artikuluarekin bat. Informatika- eta bulego-ekipamendua erostea ez da diruz laguntzeko moduko gastua izango. Diruz lagundu daitekeen gastua 15.000 eurokoa edo handiagoa bada (BEZik gabe), edo kontratazioaren arloko araudia eguneratzearen ondorioz ezartzen den zenbatekoaren adinakoa edo handiagoa bada, entitateak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak, ekipamendua eskuratzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago halakoak egiten, ematen edo hornitzen dituen behar beste entitate, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada. Halaber, aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko –justifikazio-unean edo, hala badagokio, dirulaguntza-eskabidean aurkeztu beharko dira–, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie, eta ez bada aukeratzen eskaintza ekonomiko onuragarriena, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.
c) Jarduera-programa egikaritzeko egin beharreko bestelako gastu batzuk. Atal honek barne hartzen ditu material suntsikorra, ikerketa-taldea nazioartekotzeko sustapen-jarduerak, prestakuntzako eta ikerketa ezagutarazteko jarduerak, espedizioak edo landa-lanak, azpikontratazioak, ikerketa-zerbitzu orokorrak eta taldearen ikerketa-helburuekin zerikusia duen beste edozein gastu, baldin eta lan-planean sartu badira eta baliozkoa izateko artikulu honetan bertan xedatutakoari erantzuten badiote.
Organo kudeatzaileak ezetsi egingo ditu diruz lagundu ez daitezkeen gastu guztiak. Diruz lagundu ezin den gastu bat jarduera-planean edo eskatutako aurrekontuan sartze hutsak ez du hura onartzea ekarriko.
4.– Ez dira diruz lagunduko entitate onuradunarekin kontratu-lotura duten langile finkoen ordainsariak.
5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazitakoa beteko da.
7. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa formalizatzea.
1.– Ikerketa-talde bakoitzak telematikoki bete beharko du eskaeraren formularioa, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioa erabiliz. Horretarako, ikertzaile nagusiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideen arabera jardun beharko du.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sartu ahal izango da eskaeraren formularioan. Helbide honetan dago fitxa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0174403
Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak Halaber, eskaera ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
2.– Eskaeraren datuak (I. eranskinaren arabera). Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) egin behar duen ebaluazioaren oinarria dira atal honetan deskribatutako datuak. Taldekide guztien ekarpen zientifiko nagusiak jasoko dira. Zientzia Politikako Zuzendaritzak dokumentazio gehigarria aurkez dezala eskatu ahal izango dio eskatzaileari. Hauek dira datuak:
2.1.– Taldearen datuak: ikerketa-arloa, ERC panelaren identifikazio-kodea (https://erc.europa.eu/sites/default/files/2023-03/ERC_panel_structure_2024_calls.pdf), ikerketa-ildoak, gako-hitzak, gaiak, RIS3 lehentasunak, helburu sozioekonomikoak. Taldearen egitura eta lidergoa, diziplinartekotasuna, operatibitatea, iraunkortasuna eta talde barruko belaunaldi-erreleboa. Taldearen lehiakortasun-potentziala eta nazioartekotze-maila.
Zientzia Politikako Zuzendaritzak eskumena izango du ikerketa-taldeak aukeratutako ikerketa-arloa aldatzeko, betiere hori egiteko gomendatu badu Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) eskaeran adierazitako gaia eta ikerketa-ildoak aztertu eta gero.
2.2.– Ikertzaile nagusiaren eta taldeko gainerako kideen datuak. Ikerkide nagusi bat izateko beharraren justifikazioa, hala badagokio. Identifikazioa, prestakuntza akademikoa, egoera profesionala eta ibilbidea.
2.3.– Taldearen merezimendu zientifikoak, 2020. urtetik dirulaguntzaren eskaera-datara artekoak. Merezimenduen atal bakoitzerako, autotxosten bat sartu beharko da, merezimendu zientifikoen, oro har, eta, bereziki, hautatutakoen garrantzia eta eragin zientifiko, ekonomiko eta soziala nabarmentzeko. Merezimenduek 4.5 eta 12. artikuluetan ezarritako kalitate-irizpideak bete beharko dituzte. Irizpide horiek betetzen ez dituzten merezimenduak zuzendu egin beharko dira.
Hauek bilduko ditu:
a) Ekoizpen zientifikoa, artikulu indexatuak, liburuak eta liburu-kapituluak barne.
Arte Ederren arloan, arloaren kalitate-estandarrei erantzuten dieten «beste argitalpen batzuk» atalean ekarpenak sartu ahal izango dira.
Gehienez argitalpen-kopuru hau sartu ahal izango da talde bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
Kongresu zientifikoen kasuan, ekarpen garrantzitsuenak hautatuko dira, hala nola hitzaldi plenarioak, ahozko komunikazioak; horrela, ekarpen kopuru hau sartu ahal izango da aplikaziora gehienez talde bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
b) Prestakuntza-gaitasuna. Azpiatal hauek biltzen dira bertan:
– Taldekideek zuzendutako doktore-tesiak.
Tesi zuzendu kopuru hau sartu ahal izango da gehienez talde bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
Taldearen prestakuntza-gaitasuna (inskribatutako doktore-tesiei dagokienez) atal honetako autotxostenean laburbildutako merezimenduen bidez baloratuko da.
– Ikerketa-langileak laneratzea, aintzat hartzen den epean indarrean zeuden kontratuen bidez, prestakuntzan edo hobekuntzan.
Gehienez ekarpen-kopuru hau sartu ahal izango da talde bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
– Taldeko kideek parte hartzen duten master ofizialak eta doktoretza-programak.
Gehienez ekarpen-kopuru hau sartu ahal izango da talde bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
c) Norgehiagoka-deialdietan lortutako ikerketa-proiektuen bidez eta ezagutza transferitzeko kontratuen edo hitzarmenen bidez eskuratutako finantzaketa-iturriak.
Gehienez ekarpen-kopuru hau sartu ahal izango da talde bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
Eskabidean jasotako ekarpen guztien % 70, gutxienez, norgehiagoka-deialdietako ikerketa-proiektuen bidezko finantzaketa izango da.
d) Patenteak eta erabilgarritasun-ereduak.
Gehienez ekarpen-kopuru hau sartu ahal izango da talde bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
e) Ikerketa-taldearen jakintza zientifikoa gizartean zabaltzeko jarduerak.
Gehienez ekarpen-kopuru hau sartu ahal izango da talde bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
f) Taldearen beste ekarpen eta jarduera zientifiko batzuk, hala nola nazioarteko sareetan parte hartzea, garrantzi zientifiko berezia duten aldizkarietako argitalpen-kontseiluan kide gisa parte hartzea, nazioarteko kongresuak antolatzea, edo nazioartean garrantzia duten beste merezimendu baliokide batzuk.
2.4.– Jarduera-programa, helburuak, lan-plana –laguntza egikaritzeko gehieneko epea (2026-2029) nahitaez hartu behar duena–, horren kronograma eta mugarri nagusiak. Ekoizpen zientifikoa, prestakuntza, transferentzia, zientzia gizarteari zabaltzeko eta dibulgatzeko jarduerak eta finantzaketa-iturriak direla-eta taldeak dituen helburuak 2026-2029 laurtekorako lortu beharreko adierazleen bidez kuantifikatu beharko dira, aurreko puntuan ezarritako ekarpen-mugen ildotik, taldearen tamainaren arabera.
2.5.– 2026-2029 aldirako eskatutako aurrekontua. Diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzean eskatzen diren kantitateak adierazi beharko dira. Gainera, kantitate horiek jomuga zehatzaren deskribapen xehearen bidez justifikatu behar dira, eta 6. artikuluan deskribatzen diren kontzeptuetara doitu.
3.– Ikertzaile nagusiaren curriculuma. Unibertsitate- edo ikerketa-gaietan eskumenak dituen edozein administrazioren formatu normalizatuan aurkeztu beharko da curriculuma. Dokumentazio hori pdf formatuan aurkeztu behar da http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan. Eskaeran ikerkide nagusi bat badago, haren curriculuma ere aurkeztu beharko da, deialdi honetarako formatu normalizatuan.
4.– 4.4 artikuluan aipatzen diren gutxieneko ekoizpenari buruzko baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen dokumentazioa.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
9. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Zientzia Politikako zuzendaria da deialdi honen organo kudeatzailea.
10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntza jasotzeko eskaera guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak zuzen ditzala edo arauzko agiriak aurkez ditzala eskatuko dio Zientzia Politikako Zuzendaritzak unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariari; orobat ohartaraziko dio, hala egin ezean, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.
2.– Atzera-egitea deklaratzeko ebazpena entitate interesdunari jakinaraziko zaio.
11. artikulua.– Hautatze-prozesura onartzeko prozedura.
1.– Eskaerak zuzentzeko epea igaro eta eskaerok ebatzi ostean, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak hautatze-prozesuan onartutako eta baztertutako taldeei buruzko behin-behineko ebazpena emango du.
2.– Ebazpena entitate onuradunei jakinaraziko zaie.
3.– Behin jakinarazita, behin-behineko ebazpenaren aurka alegazioak aurkeztu ahalko dira 10 eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
4.– Alegazioetarako epea igaro eta horiek aztertu ostean, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak hautatze-prozesura onartutako eta handik baztertutako taldeen inguruko behin betiko ebazpena emango du.
5.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Kautelaz, aipatutako ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkezten duten taldeak, agindu honen 12. artikuluan adierazitakoaren arabera ebaluatuko dira. Ebaluazioa ez da baliozkoa izango, aipatutako errekurtsoa ezesten bada.
12. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Ebaluazioak I+G+b lanak, taldearen produktibitatea (bereziki, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen aurreko deialdietan) eta 2020. urtetik eskaera-egunera bitartean egindako jarduerak aztertuko ditu, baita hurrengo lau urteko (2026-2029) helburuen berritasuna eta jardueren bikaintasuna eta bideragarritasuna ere.
Ebaluazioan, bereziki hartuko da kontuan, irizpide guztietan, ikerketa-lanen nazioartekotze-maila. Hala, atal bakoitzeko merezimenduak lehenetsi egingo dira tokiko, eskualdeko, Estatuko eta nazioarteko dimentsioarekiko; taldearen tamaina eta kide kopuruarekiko; eta taldearen kohesio-mailarekiko, azken hori taldekideek ziurtatzen diren ekarpen zientifikoetan eta ikerketa-jardueretan duten partaidetza-intentsitate erlatibo gisa neurtuta.
Ebaluazio-irizpideak aplikatzerakoan, kontuan hartuko dira zientzia-eremu bakoitzaren berezitasunak.
2.– Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak egingo du eskaeren ebaluazioa, Euskadiko RIS3 espezializazio adimentsuaren lehentasunekiko lerrokatze-mailari dagokiona izan ezik. Agentzia horrek kudeatuko du ikerketa-eremu bakoitzeko espezialistek egindako ebaluazioa, 12.3 artikuluan ezarritako irizpideen arabera eta parekoen ebaluazio mota horretarako oro har onartzen diren kalitate tekniko-zientifikoko estandarrak (peer review) aintzat hartzen dituen ebaluazio-prozedura baten arabera. Era berean, Leiden-en Manifestuan (The Leiden Manifesto for research metrics, Nature 2015) ezarritako printzipioak eta ekoizpen zientifiko-teknikoaren ebaluazio-jardunbideen hobekuntza sustatzen duten antzeko beste printzipio batzuk ere hartuko dira kontuan. Horrenbestez, ebaluazio horretan, arduraz erabiliko dira erreferentziazko iturriak eta ebaluazio-metrikak, bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak.
Artikulu honetako 3.3.c) atala, RIS3 lehentasunei eta berrikuntza-itsasargiei buruzkoa, Hautaketa Batzordeak puntuatuko du. Gainera, horretarako, txostena eskatu ahalko die gai horretan ebaluazio-esperientzia eta ospe handia duten pertsonei.
3.– Zehazki, honako irizpide-bloke hauek balioztatuko dira:
3.1.– Oinarrizko irizpideen blokea.
3.1.1.– Ekoizpen zientifikoaren bikaintasun-maila eta produktibitatea baloratuko dira, taldearen tamainarekiko eta lortutako baliabideekiko. Batez ere, aldizkari zientifiko indexatuetako artikulu, liburu eta liburu-kapitulu gisa egindako argitalpenak hartuko dira kontuan.
Argitalpenetan, jakintzaren aurrerapenari laguntzen badiote eta eragin zientifikoa edo soziala badute baizik ez dira baloratuko ekarpenak. Azken hori jakintzak esparru akademikotik harago ekartzen dituen onura nabaritzat hartuko da. Ez dira baloratuko lan deskribagarri hutsak edo aurretiazko lanen errepikapenak. Ebaluazio-prozesuan ebaluazio-irizpide eta -metodologia kualitatiboak eta kuantitatiboak aplikatuko dira; horretarako, besteak beste, eskatzaileak emandako eta egiaztatutako kalitate-adierazgarriak hartuko dira erreferentziatzat, ohiko praktika orokorraren eta eremu bakoitzeko praktikaren arabera, eta, beraz, kontuan hartuko dira eremu bakoitzak darabiltzan argitalpen- eta zitazio-praktikak; garrantzi zientifikoa eta gizarte-eragina duten adierazleen sorta zabala hartuko da kontuan. Ekarpenen ebaluazioan, arduraz erabiliko dira erreferentziazko iturriak eta ebaluazio-metrikak, bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak. Hori guztia ezagutza-arlo bakoitzari bere denbora-testuinguruan aplika dakizkiokeen erreferentzia-estandarren arabera egingo da, eta ekarpen zientifikoen kalitatearen balorazio orokorra lehenetsiko da balorazio kuantitatibo hutsaren gainetik.
Arlo bakoitzeko berezitasunen arabera baloratuko dira bai lanak, bai horiek sinatzen dituzten egileen kopurua; hortaz, argitalpenetan egile kopuru handia izateak (aintzat hartuta arlo guztien berezitasunak) argitalpen horiei murrizketa-faktore bat aplikatzea eragin lezake. Praktika harrapariak erabiltzen dituzten komunikabideetan behin eta berriz argitaratzea negatiboki baloratuko da.
Ekarpen guztiek 2020tik eskaera-egunera bitartean argitaratuak izan beharko dute, dela behin betiko, dela, aldizkari zientifikoen kasuan, etengabeko argitalpen gisa ezagutzen diren sistema berrietan onartu eta argitaratu ondoren (forthcoming, online first, in press, etab.), argitalpen horren identifikatzaile iraunkorra (DOI: Digital Object Identifier) aurkezteko derrigortasunarekin.
Taldea A kategorian sailkatzeko, 13. artikuluan adierazitakoaz gain, aintzat hartuko da, batez ere, argitalpen zientifikoetan buru izatea eta argitalpenaren inpaktuan zeresan esanguratsua eduki izana.
Arlo orokor bakoitzeko argitalpen zientifikoen kasuan, onartzeko eta lehenesteko irizpide hauek hartuko dira kontuan:
ZIENTZIA ESPERIMENTALAK ETA OSASUN-ZIENTZIAK
Zientzia Esperimentalen eta Osasun Zientzien arloetan, kalitate kontrastatuko aldizkarietan argitaratutako artikulu zientifikoak zein ospe handiko datu-base bibliografikoetan indexatutakoak baloratuko dira lehentasunez, hala nola Science Citation Index edo arlo horretan oro har onartutako beste datu-base batzuetan indexatutakoak. Kontuan hartuko da ikerketak ezagutza zientifikoaren aurrerapenean duen benetako eragina, aldizkariaren kalitatea eta ikerketaren eragina kontuan hartuta. Liburuak eta liburuetako kapituluak argitaratzeari dagokionez, bereziki balioetsiko dira nazioartean ospea duten argitaletxe espezializatuek argitaratutako jatorrizko ikerkuntza-liburuak. Ebaluazioan, arduraz erabiliko dira erreferentziazko iturriak eta ebaluazio-metrikak, bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak.
INGENIARITZA ETA ARKITEKTURA
Ingeniaritza eta Arkitektura arloetan, kalitate kontrastatuko aldizkarietan argitaratutako artikulu zientifikoak zein ospe handiko datu-base bibliografikoetan indexatutakoak baloratuko dira lehentasunez, hala nola Science Citation Index edo arlo horretan oro har onartutako beste datu-base batzuetan indexatutakoak. Kontuan hartuko da ikerketak ezagutza zientifikoaren aurrerapenean duen benetako eragina, aldizkariaren kalitatea eta ikerketaren eragina kontuan hartuta. Salbuespen gisa, atal honetan balioetsi daitezke ospe handiko nazioarteko kongresuen aktetan jasotako lanak, kongresu horiek ospe handieneko Journal Citation Report aldizkarien pareko hedapen-bide diren zientzia-arloetan, baldin eta hautaketa-irizpideek aldizkari horien antzeko zorroztasun-maila badute. Adibidez, informazioaren eta komunikazioaren teknologien jakintzaren azpieremurako, «GGS» (GII-GRIN-SCIE) edo «ICORE» rankingeko posizio garrantzitsuetan edo azpieremu honetan oro har onartzen diren beste sailkapen batzuetan erreferentziatutako lanak har daitezke kontuan. Ebaluazioan, arduraz erabiliko dira erreferentziazko iturriak eta ebaluazio-metrikak, bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak.
GIZARTE- ETA LEGE-ZIENTZIAK
Gizarte- eta Lege-zientzien arloetan, kalitate kontrastatuko aldizkarietan argitaratutako artikulu zientifikoak zein ospe handiko datu-base bibliografikoetan indexatutakoak baloratuko dira lehentasunez, hala nola Science Citation Index, Social Sciences Citation Index, SJR edo arlo horretan oro har onartutako beste datu-base batzuetan indexatutakoak. Kontuan hartuko da ikerketak ezagutza zientifikoaren aurrerapenean duen benetako eragina, aldizkariaren kalitatea eta ikerketaren eragina kontuan hartuta. Zuzenbide-arloetan ere, kalitate-adierazgarriak egiaztatzen diren liburuak eta liburuko kapituluak hartuko dira kontuan (argitaletxearen kanpo-ebaluazioa, argitalpen-inpaktua). Ebaluazioan, arduraz erabiliko dira erreferentziazko iturriak eta ebaluazio-metrikak, bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak.
ARTEA ETA HUMANITATEAK
Artearen eta Humanitateen arloan, kalitate kontrastatuko aldizkarietan argitaratutako artikulu zientifikoak zein ospe handiko datu-base bibliografikoetan indexatutakoak, liburuak eta liburu-kapituluak baloratuko dira lehentasunez, baldin eta bertan arlo horretan oro har onartutako kalitate-adierazgarriak hautematen badira. Datu-base bibliografikoei dagokienez, kontuan hartuko dira, adibidez, Arts and Humanities Citation Index eta Social Science Citation Index edota eremu horretan oro har onartzen diren beste datu-base batzuk. Arte Ederren arloan, halaber balioetsiko dira erakusketak antolatu izana eta katalogoak prestatzea, betiere oro har onartuta dagoen jardunbidearekin bat. Ebaluazioan, arduraz erabiliko dira erreferentziazko iturriak eta ebaluazio-metrikak, bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak.
3.1.2.– Ikerketa-taldeak ikertzaileak prestatzeko duen gaitasuna. Alderdi hauek ebaluatuko dira:
a) Ebaluatutako aldian defendatutako doktore-tesien kopurua, horien nazioarteko izaera eta kalifikazioa. Ez dira kontuan hartuko taldearen espezialitate-arloarekin bat ez datozen gaia duten doktore-tesiak.
b) Taldera atxikitako doktoratu aurreko eta doktoratu osteko kontratuen kopurua eta iraupena (doktore-tesia egiten egoteagatik edota taldeko proiektuekin finantzatuta egoteagatik).
c) Taldeko ikertzaileek zuzendutako master ofizialak eta taldearen ikerketa-ildoetan sustatutako eta horiei loturiko doktorego-programak. Master ofizialetako eta doktorego-programetako parte-hartzea eta lidergoa besterik ez dira baloratuko.
Taldea A kategorian sailkatzeko, 13. artikuluan adierazitakoaz gain, aintzat hartuko da, batez ere, talentua bikaintasun zientifikorako deialdien bidez (Ikerbasque edo antzekoak) erakarri izana.
Hori guztia 2020. urtetik laguntza eskatzen den egunera arte.
3.2.– Finantzaketari eta ezagutzaren transferentziari buruzko irizpideen blokea. Bloke honetan, honako alderdi hauek baloratuko dira:
a) Finantzaketa lortzea eta lortutako zenbatekoa, ikerketa-proiektuetarako norgehiagoka-deialdien bidez; horretan, batez ere, erakunde finantzatzailearen jarduera-esparrua –nazioartekoa, Estatukoa edo eskualde mailakoa–, proiektuen lidergoa eta taldekideek horietan duten partaidetza hartuko da kontuan. 4.5.c artikuluan ezarritako irizpideak betetzen dituzten proiektuez gain, jarraian ezarritakoa betetzen duten proiektuak ere sartu ahal izango dira.
Atal honetan, soil-soilik ikerketa zientifiko-akademikokoak diren lehia-deialdietako proiektuak bakarrik hartuko dira kontuan. Proiektu horiek Europar Batasuneko, garrantzi zientifikoa duten nazioarteko beste organismo edo erakunde batzuetako (NSF, Fullbright, etab.), estatu-planetako, EAEko planetako eta antzeko beste ente edo organismo publiko batzuetako ikerketa-programa lehiakorretan sartu beharko dira, eta horiek guztiek kanpo-ebaluazioko agentzia akreditatu baten kanpo-ebaluazioa izan beharko dute. Oso kasu berezietan, eremu espezifikoan duten garrantzia eta prestigioa dela eta, aipatutako baldintzak betetzen dituzten eta jakintza-arloan aparteko garrantzia duten organismo pribatuek deitzen dituzten proiektuak edo taldeak ere sartu ahal izango dira, baina ikerketa-proiektu lehiakorrak izan beharko dira beti, soil-soilik ikerketakoak (adibidez, La Caixa Fundazioak edo BBVA Fundazioak finantzatutakoak).
Atal honetan sar daitezke, halaber, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko deialdietako ikerketa-proiektuak edo ikerketa estrategikoari laguntzekoak, ekonomia sustatzeko eta zientzia, teknologia eta berrikuntza bultzatzeko helburuarekin (ez dira jarduera kolektibo mota honetan kontuan hartuko, ezagutzaren transferentzian baizik).
Ez dira aintzat hartuko unibertsitate- edo probintzia-esparruko deialdiak, irismen mugatua baitute, ezta, besteak beste, prestakuntza- edo hezkuntza-programei, hezkuntza-berrikuntzako proiektuei eta antzekoei, mugikortasun-programei eta kongresu zientifikoak antolatzeko helburua duten proiektuei lotutako deialdiak ere, hala nola Erasmus+ programak nahiz antzekoek finantzatutako proiektuei lotutakoak.
b) Taldearen ikerketaren emaitzak, merkatura transferitutako aktibo zientifiko-teknologikoekin (know-how), patente-eskaerekin eta erabilgarritasun-ereduekin neurtuta, orobat ikerketen emaitzekin zerikusia duten enpresen sorrera. Irizpide honen barruan sartzen dira patenteen ustiaketa-maila eta transferitutako aktibo zientifiko-teknologikoak (know-how), lizentzia-kontratu bidez egiaztatuta. Ustiaketan egon gabe emandako patenteei dagokienez, kontzesioa aurretiazko azterketarekin egin bada baloratuko dira soilik (B2 motakoak, 2020. urteaz aurretikoetarako). Kontuan hartuko da patentearen babes-hedapena (Estatukoa, Europakoa, nazioartekoa) eta balorazio hobea jasoko dute babes handiagoa duten kasuek.
Halako jarduerak ohikoak ez diren arloetan, halakorik ez egoteak ez du kalifikazio negatiborik eragingo.
c) Administrazio publikoekin edo enpresekin, ikerketarako edo ezagutzaren transferentziarako, kontratu edo hitzarmen bidez gauzatutako ezagutza transferitzeko ekintzak, betiere unibertsitateetako, institutuetako, ikerketa-zentroetako eta ikerketa kudeatzeko bestelako bulegoen edo kidekoen bitartez bideraturik badaude. Balio ekonomikoa edo soziala jakintza tekniko-zientifikoa sortzeko ikerketa-jarduerarekin zerikusia duen jakintza transferituz eta trukatuz sortzen duten jarduera zientifikoak, teknikoak edo artistikoak soilik sartu ahal izango dira. Puntu honetan ez dira kontuan hartuko txostenak, aholkularitzak, arkitekturako edo ingeniaritzako oinarrizko proiektuak, etab., baldin eta ez badute beren eremuari buruzko jakintza nabarmen hobetzen. Ekintza horien kopurua eta zenbateko ekonomikoa baloratuko da, orobat horien irismena erkidego mailakoa, Estatukoa edo nazioartekoa den. Berariaz adierazi beharko da aldi horretako ikerketaren emaitzek zein inpaktu sozial, ekonomiko eta teknologiko izango duten.
d) Ezagutza gizartera zabaltzeko eta dibulgazio zientifikoa egiteko jarduerak. Ikerketa-taldearen ikerketa-jarduerarekin lotutako jakintza zientifikoaren komunikazio eta zabalkunde soziala gauzatzeko egindako jarduerak eta ezarritako neurriak sartuko dira, hala nola publiko orokorrari irekitako mintegietan, zientzia-asteetan eta antzekoetan parte hartzea.
Taldea A kategorian sailkatzeko, 13. artikuluan adierazitakoaz gain, aintzat hartuko da, batez ere, taldeak nazioarteko proiektu lehiakorretan parte hartu izana, Estatuko norgehiagoka-deialdietako proiektuetan lidergoa hartu izana eta ikerketaren emaitzak gizartera zabaldu izana.
Hori guztia 2020. urtetik laguntza eskatzen den egunera arte.
3.3.– Helburuei eta lan-planari buruzko irizpideen blokea.
Bloke honetan, alderdi hauek baloratuko dira:
a) Taldearen lau urtera begirako helburuak: helburu horien definizioaren zehaztasuna, kalitate zientifikoa, originaltasuna, berritasun- eta arrisku-maila eta jakintza zientifiko-teknologikoaren aurrerabidean egiten duten ekarpena baloratuko dira, baita lan-planarekiko koherentzia ere.
Argitalpen, tesi zein funts- eta langile-erakarpenerako 2026-2029 laurtekorako helburuen kuantifikazio numerikoa baloratzeko, horien izaera errealista eta aurreko aldian taldeak lortutako helburuekiko koherentzia hartuko dira kontuan.
b) Lan-plana: lan-planaren definizioa eta logika. Kronograma, arduradunak eta jomugak. Mugarri nagusiak. Laguntza kudeatzeko planak ezusteko emaitzen eta aurreikusitako eta aurreikusi gabeko beste egoera batzuen aurrean dituen alternatiben proposamena.
c) Lortu nahi diren emaitzen garrantzi eta inpaktu sozial, ekonomiko eta teknologikoa. Emaitzak epe labur eta ertainean transferitzeko aukera, ikasteko eta berritzeko gaitasunaren gaineko inpaktua eta ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren garapenerako duten garrantzia.
d) Taldeak garatzen dituen ikerketa-ildoak Euskadiko espezializazio adimentsuko (RIS3) lehentasunetara egokituta egotea.
e) Ikerketa-taldearen jakintza zientifikoaren dibulgazio soziala, ikerketaren emaitzak jendearentzat eskuragarri eginez, taldearen ikerketa-jardueraren komunikazio-, difusio- edo didaktika-programa edo -ekintzen bitartez.
f) Eskatutako aurrekontua: jarritako helburuekiko egokitasuna, haren errealismoa eta gastuaren eraginkortasun-irizpideak.
Hori guztia 2026tik 2029ra bitartean.
3.4.– Irizpide osagarrien blokea.
Alderdi hauek baloratuko dira:
a) Taldearen osaera; ikertzaile nagusiaren eta, hala badagokio, ikerkide nagusiaren lidergoa; egitura; diziplinartekotasuna eta taldearen osaeraren koherentzia jarritako helburuekiko, eta emakumeen lidergoa eta ikerketa-taldearen barruko genero-berdintasuna.
Talde bakoitzaren genero-oreka baloratzeko, honako arau hau erabiliko da: bi puntu emango zaizkie sexu bakoitzeko kideen % 40 edo gehiago ziurtatzen duten taldeei; puntu bat emango zaie sexuetako bateko kideak % 30 edo gehiago eta % 40 baino gutxiago direnean; eta ez da puntuaziorik lortuko atal honetan sexuetako batek % 30etik behera hartzen duenean. Halaber, bi puntu emango dira ikertzaile nagusia emakumea bada, eta, bestela, puntu bat, ikerkide nagusia emakumea bada.
b) Taldearen iraunkortasuna eta ikertzaile nagusiaren belaunaldi-erreleboa. Ikerketa-taldearen iraunkortasuna –hau da, laguntza egikaritzeko aldian eta epe ertainera lanean jarraitzeko gaitasuna– nola bermatuko den adierazi beharko da. 4.2 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, ikerkide nagusi bat eskatu eta justifikatzen bada, zehaztu egin beharko da, batetik, nola egingo den taldeko ikertzaile nagusiaren erreleboa, eta, bestetik, aldaketa horrek nola eragingo dion ikerketa-taldearen iraunkortasunari.
c) Taldearen lehiakortasun-potentziala eta nazioartekotze-maila, eskualdeaz gaindiko esparruan koordinatutako ikerketa- eta ekintza-sareetan dituzten lankidetza- eta partaidetza-jardueren bidez neurtuta.
4.– Puntuazioak.
4.1.– Jarraian, irizpide horiei dagozkien puntuazioak zehazten dira:
(Ikus .PDF)
5.– 2022-2025 deialdiko taldeek a) eta b) ataletan lortutako puntuazioari eutsi ahal izango diote: oinarrizko irizpideak (ekoizpen zientifikoa eta prestakuntza-gaitasuna) eta finantzaketa. Horretarako, aplikazioan horretarako gaitutako atalean adierazi beharko dute, eta ez da beharrezkoa izango 2020-2025 aldirako merezimendu zientifikoei buruzko informazioa ematea, 4.5 artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko beharrezkoa dena izan ezik.
Kasu horretan, beharrezkoa izango da taldean ikertzaile nagusia edo ikerkide nagusia bera izatea buru, taldearen osaeran ikertzaile doktoreen % 75 mantentzea eta 2022-2025 laguntza-deialdi horretako 2022-2023 aldiko betetze-koefiziente zientifikoa 25 puntura iristea.
6.– Ebaluazio-prozesuak hala eskatzen badu, itzultzaile espezializatuek ikerketa-proiektua autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizial bien artean itzul dezatela eskatu ahal izango da. Halaber onartuko dira ingelesez idatzitako proposamenak.
13. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
1.– Ebaluazioaren emaitzak hautaketa-batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Zientzia Politikako zuzendari Amaia Esquisabel Alegría, batzordeburu ere izango dena; Berrikuntzako zuzendari Maialen Agirre Pinedo, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzako arduradun Ainhoa Goienetxea Murgiondo, idazkari-lanak egingo dituena.
2.– Hautaketa-batzordearen zeregina izango da deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla aztertzea eta baliabideak esleitzea. Organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena emango du; horretan, A motako edo B motakotzat ziurtatzen diren taldeak zehaztuko dira, baita horietako bakoitzari dagokion dirulaguntza ere, eta, hala dagokionean, eskaera ezetsi zaien taldeak eta ezesteko arrazoia.
3.– Hautaketa-batzordeak taldeak garatzen dituen ikerketa-ildoak Euskadiko espezializazio adimentsuko (RIS3) eta Euskadiko Berrikuntza Itsasargien lehentasunekin bat datozela ebaluatuko du. Puntuazioa ikerketa-ildo horien eta RIS3 eta Itsasargien lehentasunen arteko gainjartze-mailaren arabera emango da, arau hau aplikatuta:
(Ikus .PDF)
4.– Ezin izango dira aukeratu eta, hortaz, ez dute talde-ziurtapenik jasoko, deialdi honetan guztira 50 puntutik beherako puntuazioa jasotzen duten taldeen eskaerak, edota oinarrizko irizpideen atalean puntuazio posible maximoaren % 60 edo gutxiago jasotzen duten taldeen eskaerak.
5.– A motako talde-kategorian sartuko dira 75 puntu edo gehiago lortu dituzten ikerketa-taldeak. B motako talde-kategorian sartuko dira 50 puntu edo gehiago eta 75 puntu baino gutxiago lortu dituzten ikerketa-taldeak. A talde gisa sailkatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan bereziki, eta 12.3 artikuluan jasotzen den bezala: taldeak nazioarteko proiektu lehiakorretan parte hartzea, Estatuko norgehiagoka-deialdietako proiektuetan lidergoa izatea, argitalpen zientifikoetan lidergoa izatea, argitalpen horien inpaktuari garrantzi berezia emanez, ikerketaren emaitzak gizarteari transferitzea, eta bikaintasun zientifikoko deialdien bidez talentua erakartzea (Ikerbasque edo baliokideak).
6.– A eta B motako talde gisa aitortutako ikerketa-taldeek lau urteko aldi baterako lortu ahalko dute dirulaguntza.
7.– Talde bakoitzari emango zaion kantitatea lortzeko, honako modulu hauek aplikatuko dira:
a) Langile ikertzaileak kontratatzeko gastuei aurre egiteko zuzkidurak. Aldi osorako zenbatekoa, puntuazioaren eta taldearen tamainaren arabera (doktore kopurua).
(Ikus .PDF)
Ekipamendu zientifiko edo bibliografiko txikia erosteko zuzkidurak. Aldi osorako zenbatekoa, puntuazioaren eta taldearen tamainaren arabera (doktore kopurua).
Ingeniaritza eta Arkitektura, Zientzia Esperimental eta Osasun Zientzien arloetarako:
(Ikus .PDF)
Gizarte eta Lege Zientzien eta Artearen eta Humanitateen arloetan:
(Ikus .PDF)
Bestelako gastu arrunt batzuetarako zuzkidurak. Zenbatekoa, doktore eta urteko:
(Ikus .PDF)
8.– Emango den kantitateak ezin izango du ikerketa-taldeak eskatutako aurrekontua baino handiagoa izan.
9.– Talde bakoitzari dagokion dirulaguntza lehiaketa-prozeduraz zehaztuko da. Xede horretarako, 2. artikuluan jasotzen diren arloetako bakoitzean, eskaera hautagarrien hurrenkera ezarriko da; hala, balorazio onena jaso dutenei egingo zaie esleipena, harik eta agindu honen 2. artikuluan ezarritako aurrekontuaren kreditua agortu arte, ezarritako arlo bakoitzerako.
10.– Aurreko puntuetan ezarritakoaren arabera zenbatekoak eman ondoren, arloren batean soberakinik geratzen bada, lehentasun-ordena bat ezarriko da dirulaguntzarik gabe geratu diren eskabide guztien artean. Horrela, gainerako zenbatekoa balorazio onena lortu duten eskabideen artean esleituko da, aurrekontu-kreditua agortu arte.
11.– Aurreko puntuen arabera kantitateak esleitu ostean, aurrekonturik geratuko balitz soberan, 90 eta 100 puntu bitarteko puntuazioa jaso duten A taldeei esleitutako kantitatea beste % 5 areagotu daiteke. Horretarako, balorazio onena jaso dutenen esleipenekin hasiko da. Sobera dauden baliabide ekonomikoen banaketa 2. artikuluan xedatuta dagoen arlokako banaketa proportzionalaren arabera egingo da, aurrekontu-kreditua agortu arte.
12.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, 12.4 atalean adierazitako irizpide-bloke bakoitzean lortutako puntuazio altuena hartuko da kontuan, ordena honetan: a), b), c) eta d). Berdinketak iraunez gero, eskaerak betetzeko aplikazioak ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazteko, goranzko ordenan. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.
14. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira ikerketa-ekintza berbera finantzatzea xede duen beste edozeinekin, salbu eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateek ikerketa-taldeei ematen dizkieten dirulaguntza orokorrekin.
2.– Jaso beharreko laguntzaren kopuruak ezin izango du gainditu dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuek, banaka hartuta, sortutako gastuaren guztizkoa. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak emandako dirulaguntzak kopuru hori gainditzen badu, gastu hori ez gainditzeko behar den kopurua murriztuko da.
15. artikulua.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Agindu honen 2. artikuluan ezarritako ikerketa-arlo bakoitzean, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeari dagokio prozedura ebaztea, Zientzia Politikako zuzendariak proposatuta eta hark txostena egin ondoren. Txosten horretan jasota geratu beharko da eskuragarri dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatutako pertsonek edo entitateek laguntza jasotzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
2.– Dagokion ebazpenean, entitate onuradunak zein diren eta eskatutako laguntza ukatu zaien entitateak zein diren jasoko da gutxienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitako edukia errespetatuz.
Emandako laguntzen kasuan, gainera, entitate eskatzailearen nortasuna adieraziko du, eta, haren mendeko ikerketa-talde bakoitzarentzat:
a) Taldearen identifikazioa.
b) Ebaluazioaren emaitza, adierazita A motako edo B motako talde aitorpena egin zaion.
c) Emandako zenbateko osoa eta zenbateko horren banaketa, kontzeptuka eta urteka.
d) Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.
Ukatutako eskabideei dagokienez, entitate eskatzailearen nortasuna eta ukatzeko arrazoiak adieraziko ditu.
3.– Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Argitalpenak jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Argitalpen hori egiten den egun berean, horren berri emango zaie eskabidean gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat zehaztu zuten entitate interesdunei.
4.– Prozeduraren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
5.– Artikulu honen 3. apartatuan ezarritako epea ebazpenik argitaratu gabe igarotzeak zilegitasuna ematen die entitate interesdunei eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honen 4. apartatuan adierazitako errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.
6.– Jende guztiak jakin dezan, laguntzei buruz ebazten dena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, 2026. urtean.
16. artikulua.– Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.
Hautaketa-batzordeak kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa ezarriko ditu, laguntza egikaritzeko dagozkion epeetan. Honako hauen adierazleak zehaztuko dira: ekoizpen zientifikoa, prestakuntza-gaitasuna, langileak erakartzea eta funtsak eskuratzea. Adierazle bakoitza zenbakiz zehazteko, taldearen tamainaren arabera ezarritako gehieneko kopurua eta merezimendu zientifiko bakoitzerako ezarritako ezaugarriak hartuko dira kontuan, 7. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz, taldeak 2020-2025 aldian egiaztatutako merezimenduei dagokienez. Justifikazioan aurkeztutako merezimenduak 4.5 eta 12. artikuluetan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
Hala dagokionean, batzordeak txostenak eskatu ahalko dizkie talde bakoitzaren espezializazio-arloan entzute handia eta ebaluazioak egiten esperientzia duten ikertzaileei.
Laguntza onartzeko dokumentuan –zeina 17.1 artikuluan aipatzen baita– jasoko dira aipatu adierazleak, eta jarraipenari eta kontrolari dagokienez 19. artikuluan ezarritako txosten teknikoak ebaluatzeko erabiliko dira.
17. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Laguntzaren onarpena formalizatzeko, eredu normalizatu bat erabiliko da, ziurtatutako ikerketa-talde bakoitzerako honako hauek jasoko dituena:
– Talde eskatzailearen identifikazioa.
– Taldekideak.
– Ebaluazioaren emaitza: A motako edo B motako talde aitorpena.
– Esleitutako guztizko kopurua, kontzeptuka eta urteka zehaztuta.
– Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.
2.– Talde bakoitzaren onarpen-inprimakia ikertzaile nagusiak eta entitate onuraduneko Ikerketako errektoreordeak edo horren baliokideak izenpetuta aurkeztu beharko da, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzara bidaliko da, hilabeteko epean, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ikerketa-taldeek ez badute onarpen-agiria epe horretan aurkezten, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.
3.– Laguntza onartzeko epean zehar uko egiterik gertatzen bada, askatutako kantitateak puntuazio handiena jaso duen eskaerari esleituko zaizkio, finantzaketarik jaso ez dutenen artean, 13. artikuluan jasota dagoen moduan.
4.– Onarpen-agiriak ofizio bati erantsita bidaliko dira, eta taldeen zerrenda, zenbakia ipinita, eta taldearen ikertzaile nagusiaren izena jaso beharko ditu. Ofizio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak izenpetuta eta data jarrita aurkeztu beharko da. Hori aurkezteko, 7. artikuluko 5. atalean adierazitakoari jarraituko zaio.
18. artikulua.– Entitate onuradunen eta horiei atxikitako ikerketa-taldeen betebeharrak.
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:
1.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea.
2.– Deialdi honi esker sortzen diren argitalpen eta bestelako emaitzetan, ikerketa-taldeak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntza jaso duela aipatu beharko da, haren erreferentzia adierazita.
3.– Zientzia Politikako Zuzendaritzari baimena eskatu beharko zaio, aurreikusitako jarduera-planaren betearazpenean eragina izango duen edozein aldaketa egiteko.
Ikerketa-taldearen osaeran edo taldearen jarduera-planaren edozein ataletan aldaketarik egin nahi izanez gero, ikertzaile nagusiak (eta, halakorik denean, ikerkide nagusiak ere) baimena eskatu beharko dio Zientzia Politikako Zuzendaritzari. Eskaera hori sinatu eta Zientzia Politikako Zuzendaritzari bidali behar dio entitate onuradunen Ikerketako errektoreordeak. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziak (Unibasq) eta hautaketa-batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Zientzia Politikako Zuzendaritzak zehaztuko du baimendutako aldaketek eragindako dirulaguntzak aldarazten edo indargabetzen al dituzten, aurretik dagokion espedientea egin ostean.
Ikerketa-taldeetan kide berriak sartzeko eskaerekin batera, hautagaiaren curriculuma eta kontratuaren kopia aurkeztu behar dira. Halaber, eskaeran bertan zehaztu beharko da pertsona hori taldean sartzeak zer ekarpen egingo dien ikerketa-taldearen lan-planari eta ikerketa-ildoei. Gainera, ikertzaile doktoreak eta kanpo-laguntzaileak sartuko badira, azaldu egin beharko da non egiten duten bat sartuko den pertsonaren ikerketa-ildo eta -ibilbideak eta ikerketa-taldearen ikerketa-ildoek.
Hasierako jarduera-planean aurreikusita ez zeuden gastu-eskaerak behar bezala justifikatuta egon behar dira, eta dagokion aurrekontuarekin aurkeztu. Partida-aldaketak unean uneko urtean bakarrik eskatu daitezke, betiere xede-partida handitzeko eta jatorri-partida txikitzeko arrazoiak azalduta.
Organo kudeatzaileak baztertu egingo du diruz lagundu ezin daitekeen gastu oro sartzea, lan-planean edo aurrekontu-proposamenean jasota egon arren.
4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.
19. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Jarraipen ekonomikoko txostenak.
– Entitate onuradunak urtero aurkeztuko ditu laguntzaren egikaritzearen jarraipen ekonomikoko txostenak. Laugarren urteari dagokion txosten ekonomikoak 2026-2029 aldi osoa hartuko du.
– Txostenean, entitate onuradunaren kontabilitate-zerbitzuko kudeatzailearen edo buruaren ziurtagiria jaso behar da, ikerketa-talde bakoitzak esleitutako dirulaguntzarekin egikaritutako gastuarekin, kontzeptuka (langileak kontratatzea, bestelako gastu arruntak, gai inbentariagarriak), eta dagozkien zenbatekoak adierazita. Gainera, fitxategi bat erantsiko da euskarri informatikoan, dirulaguntzari egotzitako eta II. eranskinean adierazitako kodeen arabera kontabilizatuko diren gastuei buruzko informazio hau jasoko duena:
– Taldearen identifikazioa.
– Gastua. Kontabilitate-sailkapena.
– Faktura: erreferentzia.
– Faktura: deskribapena.
– Faktura: hirugarrena (IFK/NAN).
– Faktura: hirugarrena (Izena/Sozietatearen izena).
– Faktura: zenbatekoa, guztira.
– Faktura: zerga-oinarria.
– Faktura: BEZa.
– Dirulaguntzari egotzitako zenbatekoa.
– Txosten horiek Zientzia Politikako Zuzendaritzari bidali behar zaizkio. Bidalketa ofizioan egingo da eta horretan datak eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurak agertu behar dute, 7. artikuluko 5. atalean deskribatzen den moduan. Urteko txostenak aurkezteko epemuga hurrengo urteko martxoaren 31 izango da.
– Jatorrizko fakturak entitate onuradunean artxibatu behar dira lehenago esan den justifikazio-epearen amaieratik bost urtez, gutxienez, eta eskura egongo dira Zientzia Politikako Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duten edozein egiaztapenerako.
2.– Ekoizpen zientifikoaren jarraipen-txostena.
– 2028. eta 2030. urteetako lehen hiruhilekoa amaitu aurretik, entitate onuradunek talde bakoitzaren ekoizpen zientifikoari dagozkion datuak eguneratu beharko dituzte, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan. 2028ko ekoizpen zientifikoaren tarteko txostenerako, konprometitutako adierazleen % 40 sartuko da gehienez, merezimendu zientifiko bakoitzerako.
– Aplikazioak laurteko horretarako txosten tekniko bat sortuko du. Txostena ikertzaile nagusiak sinatu behar du, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzari bidali behar zaio 2030eko martxoaren 31 baino lehen. Bidalketa ofizioan egingo da eta horretan datak eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurak agertu behar dute, 7. artikuluko 5. atalean deskribatzen den moduan.
– Laurteko txosten teknikotik abiatuta, egiaztatuko da taldeek beren gain hartutako konpromisoak betetzen direla, ekoizpen zientifikoari, prestakuntza-gaitasunari, ikertzaileak laneratzeari eta funtsak biltzeari dagokienez. Egiaztapen horretan ikusten bada konpromisoak ez direla bete, xedapen honetako 21. artikuluaren arabera jokatuko da.
20. artikulua.– Ordainketa.
1.– Agindu honetako 17.1 artikuluan zehaztutako onarpen-prozedura betetakoan, laguntzak ordainduko dira, honela:
– Lehen urteko ordainketa, libramendu bitan egingo da: lehena, aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, gainerako % 50ekoa, hurrengo urtean, behin 19. artikuluko 1. eta 2. ataletan zehaztutako txosten ekonomikoak aurkeztu izana egiaztatutakoan.
– Bigarren urteko ordainketa, libramendu bitan egingo da: lehena, aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, gainerako % 50ekoa, hurrengo urtean, behin 19. artikuluko 1. eta 2. ataletan zehaztutako txosten ekonomikoak aurkeztu izana egiaztatutakoan. Bigarren libramendua osorik ordainduko da, betiere entitate onuradunak 2026. eta 2027. urteetarako guztira emandako zenbatekoaren % 70 egikaritu dela egiaztatu eta gero. Ez bada hala, justifikatutako zenbatekoaren ordainketa egingo da; ondoren, esleitutako kantitatea aldatuko da, eta dagozkion kantitate aurreratuak itzuliko dira.
– Hirugarren urtean ere berdin jokatuko da; lehenengo ordainketa aurreratuko da, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, gainerako % 50ekoa, hurrengo urtean, behin 19. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan zehaztu txosten ekonomikoak eta zientifikoak aurkeztu izana egiaztatuta. Bigarren libramendua osorik ordaintzeko, beharrezkoa izango da lehen hiru urteetarako esleitutako laguntzaren % 80 egikarituta izatea, gutxienez. Ez bada hala, justifikatutako zenbatekoaren ordainketa egingo da; ondoren, esleitutako kantitatea aldatuko da, eta dagozkion kantitate aurreratuak itzuliko dira.
– Laugarren urtean lehen libramendua egingo da, aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, aldiz, hurrengo urtean egingo da, behin 19. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan zehaztutako txosten ekonomikoak eta zientifikoak aurkeztu izana egiaztatuta. 2026-2029 laurtekoko likidazioaren emaitzaren arabera doituko da.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartuko duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak aipatzen dira, baita horien erregimena eta obligazioak ere.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
21 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.
1.– Entitate onuradunak honako egoera hauetakoren batean badaude, ezin izango da laguntza ordaintzeko eskatu, eta, hala badagokio, bidezkoa izango da jasotako zenbatekoak itzultzea eta laguntza ordaintzen den unetik aplikatzekoak diren legezko interesak eskatzea (dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak):
a) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute dirulaguntza.
b) Dirulaguntzaren esleipenaren oinarrian dagoen jarduera ez bada bete, artikulu honetako bigarren atalean deskribatzen den moduan.
c) Justifikazio-betebeharra ez bada bete edo ez bada behar bezala justifikatu, agindu honetako 19. artikuluan ezarri bezala.
2.– Laguntza egikaritzeko epearen amaieran, 19.2 artikuluan adierazten diren ekoizpen zientifikoko txostenetatik abiatuta, laguntzaren kalitate-adierazleen eta jarraipenaren guztizko betetze-koefiziente bat lortuko da.
Koefiziente hori adierazle-bloke bakoitzerako kalkulatuko da lehendabizi, honela:
– Betetze-tasa. Taldeak bloke bakoitzean ezarritako helburuaren betetze-maila neurtzen du. Ziurtatutako eta konprometitutako adierazlearen arteko kozientea da; ziurtatutako adierazlea taldeak, hain zuzen ere, egikaritu duenari dagokio eta konprometitutako adierazlea, berriz, taldeak egikaritzeko konpromisoa hartu zuenari.
– Betetze-koefizientea: (Betetze-tasa * Adierazleari loturiko pisua).
Adierazle-bloke bakoitzaren pisu haztatuak honako hauek dira:
(Ikus .PDF)
Guztizko betetze-koefizientea bloke bakoitzerako lortutako koefizienteen batura izango da.
Argitalpen zientifikoen blokean, taldekideei dagokien unibertsitatea behar bezala aipatzen duen ekoizpena bakarrik hartuko da baliozkotzat.
Guztizko betetze-koefizientea ez denean 50 puntuetara heltzen, joko da ebazpenean adostutako baldintzak ez direla bete. Behin taldeei egoera hori jakinarazi ostean, entitate onuradunek hilabeteko epea izango dute beharrezkotzat jotzen dituzten alegazioak egiteko. Horretarako, txosten bat aurkeztu behar dute, emaitza horiek zer baldintzatan lortu diren adieraziz eta, hala dagokionean, ziurtatutako ekoizpen zientifikoaren kalitate-adierazgarriak nabarmenduz, zenbakizko emaitza negatiboa orekatzeko, hala nola argitalpenen inpaktua, argitalpen mota bakoitzerako eta espezialitate-arlo bakoitzerako erabiltzen diren rankingen arabera neurtuta; defendatutako tesien kalifikazioa, nazioarteko izaera eta taldearen ikerketa-ildoekiko duten moldatze-maila; laneratutako ikertzaileen prestakuntza- eta hobekuntza-kontratuen kalitatea eta iraupena; eta taldekideek esleitutako proiektuetan agertutako lidergoa eta horien nazioarteko, Estatuko edo erkidego-mailako izaera.
Agindu honen 2. artikuluan adierazten direnen artean, taldeari dagokion arloko aditu-batzorde batek ebaluatuko ditu 19.2 artikuluan adierazten diren txosten teknikoak eta alegazioak.
Batzorde horien osaera EHAAn argitaratuko da ebaluazioa egingo den eguna baino lehen. Ez-betetzea berretsiz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela xedatuko da, eta jada ordaindutako kantitateak itzuli egin beharko dira.
3.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan ezarritakoa bete beharko da.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatzen bada, edo beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere arauan dirulaguntzen onuradun izateko jarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.
5.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bitartez (1992ko otsailaren 7ko EHAA) arautzen da dirulaguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien legezko interesak itzuli beharra (dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak); bada, dekretu horretako bigarren tituluan ezarritakoaren arabera, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez egingo da goiko horretarako guztirako deklarazioa, dagozkion prozedura-izapideak hezurmamitu ondoren, hargatik eragotzi gabe egokiak diren bestelako akzioak egikaritzea.
22. artikulua.– Datuak babestea.
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrari (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Legeari (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673 jarraikiz, deialdi hau izapidetzeko bildutako datu pertsonalak «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira. Fitxategi horren helburua dirulaguntza-deialdi hau kudeatzea da. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren Zientzia Politikako Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Parte-hartzaileek eskubidea dute informazio gehigarri eta xehakatuan jasota dauden datuetara irispidea izateko eta datu horiek zuzentzeko eta ezerezteko. Informazio hori web-orri honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/)
RSS