Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2025eko irailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3935

AGINDUA, 2025eko irailaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2025-2026 ikasturteko lanbide-heziketako itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko laguntzak emateko.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuak Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dizkio, besteak beste, eginkizun hauek:

– Lanbide-heziketako ikasleen artean espiritu ekintzailea eta enpresa-kultura sustatzeko beharrezkoak diren ekintzak ezartzea, ekintzailetza pertsonala sustatuz eta ikasleei enpresa-proiektu berriak hasteko gaitasuna emanez.

– Lanbide-heziketako zentroei laguntzea enpresa-proiektuak garatzen eta enpresak sortzen, barnean hartuko dituztenak digitalizazioa, jasangarritasuna, berrikuntza, konpromiso soziala eta pertsonetan oinarritutako antolaketa-egiturak, euskal produkzio-sarea berroneratzen, modernizatzen eta zabaltzen joateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 3. artikuluaren 2.c) apartatuan ezartzen denez, lanbide-heziketako euskal sistemaren helburu nagusietako bat izango da berrikuntza, sormena, ekintzailetza-gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera sustatzea, bai hasierako lanbide heziketan, bai enplegurako lanbide heziketan.

Era berean, aipatutako 4/2018 Legearen 8. artikulua ekintzailetzako ikaskuntzaren eremuari buruzkoa da. Artikulu horren 2. apartatuan ezartzen denez, ekintzailetzaren ikaskuntza-proiektuetan ikasleen artean konpetentzia berriak garatzen saiatu behar da, sormenezkoak zein kontzeptuzkoak, ekintzailetzaren kultura sustatzeko, zeinak jarduera erreal baten arabera finkatutako esperientzia praktikoetan oinarrituta antolatu behar baitira.

Alde horretatik, 4/2018 Legearen 9. artikuluaren 2. apartatuak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren arloan eskumena duen sailak berariaz bultzatuko du berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuko ikaskuntza- eta sustatze-ekintzak sartzea, arlo horiek garatzeko beharrezkoa den prestakuntza ematea, eta bi eremu horiei lotutako proiektuak martxan jartzea.

Bestalde, Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren helburu eta ekintza-ildoetako batzuetan, ekintzailetzaren kultura sustatzea dago jasota. Aipatu beharrekoa da planaren 5. ardatza: «Giza garapena. Pertsonak eraldaketako protagonista gisa», 10.1 jarduera-ildoa: «Ikaskuntza-eredua berroneratzea eta sendotzea.», besteak beste helburutzat duena «Ekintzailetzaren kultura sustatzea ikaskuntza-ereduan» eta 10.3 jarduera-ildoa: «Pertsonen talentua garatzea», zeinaren helburuen artean baitago «Gaitasun ekintzailearen bidez talentuaren garapena aberastea ikaskuntza-prozesu osoan».

Ildo beretik, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak adierazten du berrikuntzaren kultura, ikerketa aplikatua eta ekintzailetza aktiboa Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzen oinarrizko curriculumetan sartu beharko direla. Eskaintza horretan hauek jaso behar dira: ekintzailetzarako orientazioa eta laguntza, kultura ekintzailea, ekimenaren noranzkoa eta ekoizpen-sektoreari lotutako enpresa-proiektu berriak hasteko gaitasuna sustatzeko jarduerak, enpresak sortzen laguntzeko.

Testuinguru horretan, ekintzailetzaren kultura sustatzeko hainbat ekimen garatu dira. Funtsezko jardueretako bat ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitea da. Ikasketa-tresna horren bidez, ikasleek zenbait gaitasun garatzeko aukera izango dute, eta, horrela, profesional onak, enplegagarriak, pertsona aktibo eta ekintzaileak, edo intraekintzaileak izango dira, eta lan-merkatu aldakor eta ezegonkorrari egin ahal izango diote aurre. Era berean, autoenplegua ere beste aukera baten moduan ikusteko grina pitz dakieke.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2025. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren Aginduak onartu zuen eta Hezkuntza Sailaren https://www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dagoen.

Horrenbestez, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 DEKRETUA kontuan hartuta, eta bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruko dirulaguntzei dagokienez), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Dirulaguntzen deialdia egitea eta honi erantsita doazen oinarri arautzaileak onartzea, 2025-2026 ikasturtean prestakuntza-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan enpresa-arloko simulazio-proiektuak garatzeko, kultura ekintzailea sustatze aldera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 9a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Itunpeko ikastetxe pribatuei zuzendutako laguntzen deialdia egitea, 2025-2026 ikasturtean Oinarrizko, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-ziklo bateko azken mailan dauden ikasleen artean ekintzailetzaren kultura sustatzeko enpresa-simulazioko proiektuak garatzeko.

Parte hartzeko aukera emango zaie Enplegagarritasunerako Ibilbidea modulua egiten ari diren lehen mailako ikasleei.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Deialdi honetara, guztira, 166.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke 2025-2026 ikasturtean EAEn Oinarrizko, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak eskaintzeko baimen ofiziala duten itunpeko ikastetxe pribatu guztiak.

2.– Ikastetxe eskatzaileak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hala nola:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrik ez izatea. Baldintza hori betetzen dela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, dirulaguntza kudeatuko duen organoak, ikastetxe eskatzaileen baimenaren beharrik gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz.

– Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion zehapen penal edo administratiborik.

Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik inor sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea).

– Derrigorrezkoa bada, berdintasun-plana eduki beharko du indarrean, edo sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatu beharko du, emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dagoen legedian ezarritako terminoetan.

– Diruz lagunduko den jarduerak ezin izango du sexuan oinarritutako bereizkeriarik eragin.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakundeak honako hau egiaztatuko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Ez dagoela haren aurkako inolako itzultze- edo zehapen-prozedurarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari denik.

– Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutako ezein inguruabarren eraginpean.

– Eskabide honetan eta honi gehitutako dokumentuetan adierazitako datu guztiak egiazkoak direla.

– Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela. Erakundeak administrazioaren esku jarriko ditu aipatutako agiriak, hala eskatzen zaionean.

– Konpromisoa hartzen duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea duen bitartean betebehar horiek betetzeko.

– Ebazpenean jasotako inguruabarretan aldaketarik izanez gero, konpromisoa hartzen duela aldaketak jakinarazteko.

4.– Ezinbestekoa da baldintza horiek betetzea dirulaguntza ematen denetik dirulaguntza ordaintzen den arte.

Erakunde onuradunak artikulu honetan adierazitakoa betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa edukiko du, eta Administrazioaren esku jarriko du hura egiaztatzeko eskatzen zaionean.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:

1.a.– Diruz lagundu daitekeen jardueratzat hartzen da enpresa-arloko simulazio-proiektua, baldin eta gutxienez 17 puntu lortzen baditu.

1.b.– Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuak enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuak ere izango ditu, ikasleek banaka egindakoak edo zenbait ikasleren artean elkarlanean egindakoak.

Betiere, ikasleek ikastetxeko irakasleen laguntza eta aholkularitza izango dute enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuak garatzeko.

1.c.– Azpiproiektuez gain, ikastetxearen proiektuak curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere jaso ditzake, ikasleen ekintzailetza-gaitasunak areagotzeko: ekimena, sormena, inteligentzia emozionala, erresilientzia, lidergoa, lorpenetarako orientazioa eta komunikazioa. Jarduera horiek ikastetxetik kanpoko profesionalek emango dituzte, ikasleen eskola-ordutegitik kanpo, eta genero-ikuspegia aintzat hartu beharko du, genero-rolak eta -estereotipoak ez errepikatzeaz gainera.

1.d.– Era berean, kultura ekintzailea zabaltzen laguntzen duten eta deialdi honen babesean garatutako azpiproiektuak zabaltzeko helburua duten zabalkunde-jarduerak sartu ahal izango dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak:

2.a.– Argi eta garbi azpiproiektuak garatzen laguntzen duten gastuak. Gastuak ikasturtea hasi ondoren eta 2025eko abenduaren 23a baino lehen egin behar dira.

2.b.– Material suntsikorrak, tresna txikiak, tresnak edo software espezifikoak erostea, baldin eta zalantzarik gabe bat badatoz produktuaren prototipo baten garapenarekin edo zerbitzuaren diseinu baten garapenarekin. Ikastetxean egin behar da beti.

Finantza daitezkeen gastuek ez diote inbertsiorik eragin behar ikastetxeari; beraz, ez da diruz lagunduko produktu-unitate bat baino gehiago erostea, unitate bakoitzak 300 eurotik gorako gastua eragiten badu.

Ezin izango da ikastetxearentzako inbertsio-gasturik egin emandako laguntzaren kargura.

Ez da diruz lagunduko eskabidean sartu gabeko materialik eta softwarerik.

2.c.– Artikulu honen 1.c) puntuan jaso eta curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak kontratatzea, bai eta zabalkunde-ekitaldiei dagozkien gastuak ere (4. artikuluaren 1.d puntua): azpiegiturak alokatzea (espazioak, standak...), ekitaldiaren zabalkunderako eta komunikaziorako kanpaina, liburuxkak edo diptikoak, besteak beste.

3.– Diruz lagundu ezin diren gastuak:

Beharrezkoak ez diren edo enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuaren oinarrian dagoen produktuaren prototipo baten garapenarekin edo zerbitzuaren diseinuarekin zuzenean lotuta ez dauden tresna edo software espezifikoak eskuratzeko egindako gastuak; adibidez, enpresa-arloko simulaziorako softwareak.

Nolanahi ere, gastu horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua bete beharko dute.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Gehienez ere 10.000 euro emango dira ikastetxeko. Ikastetxeak eskatutako aurrekontua aurreko zenbatekoa baino handiagoa bada, ikastetxeak izango du zuzkidura ikastetxeko azpiproiektuen artean banatzeko ardura.

2.– Baldin eta 2. artikuluan adierazitako zuzkidura nahikoa ez bada onartutako eskaera guztiei erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatu egingo da, alegia, proportzionalki banatuko da onartutako eskaera guztien artean. Kasu horretan, ikastetxeak izango luke zuzkidura ikastetxeko azpiproiektuen artean banatzeko ardura.

3.– Zenbateko hauek bideratu ahal izango dira:

– Gehienez ere, emandako laguntzaren % 40, 4. artikuluaren 1.c) apartatuan jasotako prestakuntza-jardueretarako.

– Gehienez ere, emandako laguntzaren % 10, 4. artikuluaren 1.d) apartatuan jasotako zabalkunde-jardueretarako.

Beraz, emandako laguntzaren % 50, gutxienez, enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuak egitera bideratu beharko da.

4.– Prestakuntza-jardueren kasuan, gehienez ere 100 euro finantzatu ahal izango da emandako prestakuntza-ordu bakoitza.

6. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin edo laguntzekin.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA DIRULAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURA

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxeek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

Izapidetze elektronikoa ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan dago araututa (Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

2.– Eskabide-inprimakia eskuratzeko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak helbide honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/

3.– Eskaeraren osteko izapideak elektronikoki egingo dira helbide honetatik:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/

3.– Eskabidea ikastetxeko legezko ordezkariak egin beharko du. Eskabide hori Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari egin behar zaio.

4.– Eskabideak eta haiei erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Hala bada, ikastetxe eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran zehar.

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe bakoitzak eskabide bat egingo du, eta eranskin hauek aurkeztu beharko ditu, behar bezala beteta:

– I. eranskina. Eskaera-formularioa. Ez dira sartu behar kostu ekonomikorik ez duten edo baliabide propioekin egin daitezkeen azpiproiektuak.

– II. eranskina. Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuaren fitxa.

– III. eranskina. Prestakuntza- eta zabalkunde-jardueren fitxa.

Baztertu egingo dira aurreko deialdietako eranskinak edo eskaneatutako eranskinak.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu eskakizunak betetzen, eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio. Horretarako, hamar eguneko epea izango du. Hala egiten ez badu, eskabideari uko diola ulertuko da (hau da, aurkeztutako eskabidea indarrik gabe geratuko da), ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.

11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.

12. artikulua.– Hautaketa-irizpideak eta puntuazioa.

1.– Hauek dira hautaketa- eta puntuazio-irizpideak:

1.1.– Landutako ekintzailetza-gaitasunak (gehienez 5 puntu):

– Ekintzailearen ezaugarriak ezagutzea eta horiek ekintzailetzako gaitasun eta jarrera zehatzetan nola adierazten diren jakitea (puntu 1).

– Ekintzailetzaren arloko trebetasunekin bat datozen jarrerak eta portaerak garatzea: berrikuntza, sormena, autonomia, autokonfiantza, erantzukizun-sena, ekimena, erabakiak hartzeko gaitasuna, talde-lana eta lan-espiritua (puntu 1).

– Konturatzea nolako garrantzia duen ekintzailetzaren gaitasunak, erronkei aurre egiteko eta helburuak lortzeko (puntu 1).

– Modu kritikoan pentsatzen ikastea eta ikasleak prestatzea, ideiak garatzean arriskuak har ditzaten (puntu 1).

– Ikasleak egiten ari diren zikloarekin eta euren inguruarekin erlazionatutako enpresa-sarea ezagutzea, etorkizunean ekintzailetzarako aukera izan dezaten (puntu 1).

1.2.– Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuan landutako eremuak (gehienez 13 puntu):

– Erlazionatuta dago horretan ari diren edo esparru horretan aurretiazko esperientzia duten ikasleen heziketa-zikloarekin (puntu 1).

– Erlazionatuta dago teknologia aurreratuen erabilerarekin, hala nola: digitalizazioa (errealitate birtuala, errealitate areagotua, adimen artifiziala, etab.), konektagarritasuna, robotizazioa eta automatizazioa, zibersegurtasuna, datuen azterketa (2 puntu).

– Jasangarritasuna jorratzen du: energia-efizientzia, ekonomia jasangarria, ekonomia zirkularra, 4.0 osasuna, Biozientzia eta Bioteknologiak, etab (2 puntu).

– Proiektua industria-sektoreko enpresa bat sortzera bideratuta dago, edo zerbitzu aurreratuen arlokoa da (2 puntu).

– Erlazionatuta dago garapen Jasangarriko Helburuen garapenarekin, edo gizarte-ekonomiaren balioak jorratzen ditu (2 puntu).

– Dibertsitatea eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzen laguntzen du, edo pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko osagai soziala dauka (2 puntu).

– Ez du genero-rolik eta -estereotiporik errepikatzen, edo emakumezkoen ekintzailetza sustatzen du: (2 puntu).

1.3.– Euskararen erabilera sustatzen du proiektua garatzeko prozesuan (2 puntu).

1.4.– Ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzea (gehienez 4 puntu).

– Azpiproiektuen % 30 baino gutxiagok aukeratzen dute ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 2 puntu.

– Azpiproiektuen % 30etik % 60ra bitartek aukeratzen dute ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 3 puntu.

– Azpiproiektuen % 60k baino gehiagok ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzen dute (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 4 puntu.

1.5.– Ikastetxearen proiektuaren eragina (gehienez 5 puntu):

Ikastetxeak eman eta ikastetxearen proiektuak ukitzen dituen heziketa-zikloen kopurua:

– Zikloen % 100-76 ukitzen baditu: 5 puntu.

– Zikloen % 75-51 ukitzen baditu: 3 puntu.

– Zikloen % 50-25 ukitzen baditu: puntu 1.

2.– Guztira lortu daitezkeen 29tatik gutxienez 17 puntu lortzen dituzten enpresa-arloko simulazio-proiektuek bakarrik jaso dezakete laguntza.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea:

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Batzorde horrek kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta pertsona hauek osatuko dute:

a) lehendakaria: Inge Gorostiaga Luzarraga, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) batzordekideak:

– Ergiña Urzelai, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuko teknikaria (iTlent).

– Miriam Lasagabaster Herrarte, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria.

2.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak balorazio-txostena egin beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

3.– Balorazio-batzordea osatzen duten kideak ezin izango dira interes-gatazkan egon beren balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.

4.– Erakunde eskatzaileek ebaluazio-batzordeko kideak errekusa ditzakete edo abstenitzeko eskatu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

14. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio laguntza ematea ebaztea, balorazio-batzordeak eginiko txostenaren arabera (13.2 artikulua).

2.– Ebazpenean emandako dirulaguntzak, ukatutakoak eta prozeduratik baztertutakoak jasoko dira. Emandakoei dagokienez, diruz lagundutako ikastetxeetako proiektuen izenak eta emandako kopuruak zehaztuko dira. Ukatutakoen kasuan, hartarako arrazoiak adieraziko dira.

3.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta hor argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa

4.– Gainera, organo kudeatzaileak jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango ditu eskabide-formularioan sartutako telefono mugikorretara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari. Jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epea dago aurkezteko.

6.– Ebazpena argitaratzeko gehieneko epea sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea amaitu eta ikastetxeari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

– Lehenengoa, emandakoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da.

– Bigarrena, zenbatekoaren % 60, justifikatu ondoren (19. artikulua), IV. eranskineko (memoria ekonomikoa) eta V. eranskineko (amaierako memoria) dokumentazioa jaso ondoren.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta ezer aldatzen bada dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan, betiere xedea betetzat jotzen bada.

2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doituko da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru kopurua itzultzeko aginduko da.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa eta dagokion berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, hauetako bat gertatuz gero:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako amaierako memoriatik (V. eranskina) ondorioztatzen bada jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza betetzen ez bada.

c) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar betetzen ez bada. Betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasota daude.

d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jasotzen bada, helburu bererako.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluetan eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JARRAIPENA, EBALUAZIOA ETA ORDAINKETA

18. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako deialdiko laguntzen onuradun diren ikastetxeek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, esleipen-ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean ikastetxe onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten, hura onartu dutela ulertuko da.

2.– Diruz lagundutako jarduerak ikastetxearen urteko planean sartzea.

3.– Emandako dirulaguntza justifikatzea, 19. artikuluan jasotakoaren arabera.

4.– Dirulaguntza emakidan aurreikusitako helburu zehatzerako erabiltzea. Ez dira inola ere onartuko aurrez onartu ez diren desbideratzeen gastuak.

5.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

6.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko zabalkunde-neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko dute: «Eusko Jaurlaritzak finantzatutako jarduera».

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

9.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek beren funtzioak betetzeko eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izateko.

10.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, ikastetxe onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/

Izapide hori egin beharrekoa da ordainketa egin ahal izateko.

Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea erregistroan alta emanda dagoen.

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, egoitza elektronikoko zerbitzuaren bidez:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

19. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.

Ikastetxe onuradunek 2026ko urtarrilaren 8a baino lehen aurkeztuko dute egindako gastuen justifikazioa, helbide honen bidez:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Txosten ekonomikoa eta egindako gastuaren laburpena (IV. eranskina). Emandako dirulaguntzari edo diru-hornidurari eslei dakizkiokeen fakturak eta legez onartutako beste edozein egiaztagiri erantsi behar dira. Fakturek eta aipatutako egiaztagiriek jaulkipen-data adierazi behar dute, eta, hala badagokio, beste datu hauek: ordainketa-data, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, kontzeptua, fakturatzen ari diren produktu edo zerbitzu guztien zerrenda xehatua, eta zenbatekoa. Bestela, gastu horiek ez dira onartuko.

Faktura eta ordainagiri horien data ikasturtea hasi ondorengoak eta 2025eko abenduaren 23a baino lehenagokoak izango dira.

Dirulaguntza ematen duen organoak, ausazko laginketa sinplearen bidez, egokitzat jotako egiaztagiri oro aztertu ahal izango du, dirulaguntza modu egokian erabili dela ondorioztatzeko adinako ebidentzia bildu arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari. Halaber, salbuespen gisa, jatorrizko dokumentua aurkezteko eskatu ahal izango dio, edo aurkeztutako kopiak erkatzeko; horretarako, jatorrizko dokumentua erakutsi beharko da.

b) Amaierako ebaluazio-memoria. Bilakaera eta emaitzak adieraziko ditu, aurreikusitako helburuekin alderatuta (V. eranskina).

20. artikulua.– Jarraipena.

1.– Diruz lagundutako jardueren jarraipena egingo du Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak (II. eta V. eranskinak), EAEko Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuaren (iTlent) bidez egiten direla bermatzeko.

2.– Diruz lagundutako ikastetxe-proiektuaren garapenean gorabeheraren bat gertatuz gero, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuko langileek txosten bat egin dezake, eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari bidali. Txostenaren edukiaren arabera, zuzendaritza horrek agindu hau betetzeko neurri egokiak har ditzake.

21. artikulua.– Ebaluazioa.

Proiektuaren amaierako memoriak (V. eranskina) hauek jasoko ditu:

– erdietsitako lorpenak.

– ikastetxeko azpiproiektuen garapena.

– ikasleen parte-hartzea.

– egindako prestakuntza-jarduerak.

– egindako zabalkunde-jarduerak.

– proiektuak ikastetxean izandako inpaktuari buruzko balorazioa eta ondorioak.

– beharrezkoa bada, izandako gorabeherak eta egindako aldaketak.

22. artikulua.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Laguntza eta dirulaguntzak lanbide heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.

Arduraduna: Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: Laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak edo interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileetarako dirulaguntzak.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko.

Tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzean egindako misioa betetzeko edo interes publikoaren alde egindako misioa betetzeko beharrezkoa den tratamendua.

Hartzaileak:

Europar Batasuneko organoak.

Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Europako Batzordea.

Eskubideak:

Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio osagarria:

Gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza.

(www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml).

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.

www.boe.es/buscar/doc.php? ID = BOE-A-2018-16673


Azterketa dokumentala